Edukira joan

Beasaingo elizako horma-pintura errenazentistak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Andre Mariaren Jasokundearen elizako pintura errenazentistak
pintura errenazentistak Irudi gehiago
Jatorria
Sorrera-urtea1555
MugimenduaPizkundeko artea
Ezaugarriak
Kokapena
LekuaBeasain

Andre Mariaren Jasokundearen elizako pintura errenazentistak XVI. mendeko margolan batzuk dira, Errenazimentuko arte estilokoak, Gipuzkoako hegoaldeko Beasain udalerriko parrokia elizan kokatuak. Juan Perez de Landa margolariak eta haren laguntzaileek 1555 inguruan egindako horma-pinturak dira.[1][2][3][4]

2022. urteko udan, eliza horretako erretaula nagusia xilofagoek irentsita zegoela eta, erretaularen atikoa desmuntatzen hasi ziren, eta hantxe aurkitu zituzten pintura errenazentista hauek. Erretaularen atikoaren atzeko aldean zeuden. Hormaren zikinkeriaren azpian, horma-pinturak zeudela antzeman zitekeen. 2022ko uztailaren 15ean, Kalbarioko mihisea desmuntatu zenean, margolan horien zati handi bat ikusi ahal izan zen.[5][6][7]

2026ko apirilean erretaula berrituaren eta horma-irudien aurkezpen insituzionala egin zen.[8][9][10]

Beasainen aurkitutako horma-pinturak oso ohikoak ziren garai hartan. Eliza eraikitzeak gastu handia eragiten zuenez, ohikoa zen behin tenplua amaituta, haren hormei eta gangei osagarri piktoriko bat ematea. Elizburua erretaula baten itxurak egiten zituzten horma-pinturekin apaintzen zen, itxurazko erretaula deritzana, eta gaineratiko hormak eta ganga ere pinturekin dotoretzen ziren. Normalean, parrokia, absideko erdialdea estaltzeko altzari edo erretaula liturgiko bat ordaintzeko moduan zegoenean, pintura horiek erretaularen atzean ezkutatuta geratzen ziren, eta agerian geratzen ziren zatiak zuritu egiten ziren edota bestela “pikatu” egiten ziren ondoren gainean geruza berria jarri eta horma-pinturak erabat estaltzeko.[5]

Prozesu horren ondorioz, gure elizetan horma-pintura gehienak desagertu egin dira. Beasainen ere antzeko zerbait gertatuko zen. Juan Pérez de Landa margolariak eta bere laguntzaileek 1555 inguruan egindako horma-pintura ikusgarriei esker, Andre Maria Zeruratuaren elizako fabrika gotiko errenazentista eliza errenazentista koloretsu bat bihurtuko zen. 115 urte geroago, absidearen erdiko horman erretaula nagusia jarri eta margotutako itxurazko erretaula atzean ezkutatuta geratuko zen, eta gainerako pinturak berriz, karez edo morteroz estaliko ziren.[5]

Beasaingo elizaren burualdean aurkitutako horma-pinturak oso baliotsuak dira, portzentaje handian kontserbatu direlako eta kalitatezkoak direlako; eta horri esker, XVI. mendearen bigarren herenean Euskadi eta Nafarroako elizak jatorriz nolakoak ziren jakin dezakegu.[5]

Pinturei buruzko dokumentazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andre Maria Zeruratuaren elizako pinturek, gainera, bigarren balio erantsi bat dute. Pinturei buruz idatzitako dokumentazio ugari dago, eta hori ez da oso ohikoa.[5]

Alde batetik, 1555eko azaroaren 9an, Hiriberriko Juan Perez de Landa margolari nafarrak Beasaingo parrokiarekin sinatu zuen kontratua jasota dago. Bertan, Pasioaren zuri-beltzeko pintzel istorio batzuk egiteko konpromisoa hartu zuen (Jerusalemgo sarrera, Baratzeko otoitza, Atxiloketa, Bosgarren Larritasuna eta Gurutziltzaketa), erretaula bat landuko balitz bezala . Behealdean, erromatar erara landutako friso bat zegoen, gorriz.[5]

Bestetik, Azpeitiko Andres de Olaverrieta eta Gasteizko Pedro de Gamiz perituek 11 urte geroago (1566-09-17an) egindako pinturen tasazioa ere jasota dago. Juan Pérez de Landaren lagapen-hartzailea zen Pedro de Sasturain amezketarrak Juan Perez de Landak elizaren buruan egindako pintura-obraren ordainketari inguruan Beasaingo parrokiako errektore eta maiordomoen aurka jarritako auziaren ondoren egindakoa da. Perituek 128 dukatetan tasatu zuten pintzelkada. Elizan, berez, bi pintzelkada edo polikromia aurkitu dira:[5]

  • Lehen pintzelkada, Juan Perez de Landak 1555ean egina. Juan Perez de Landa XVI. mendearen erdialdean elizetako horma-pinturan espezializatu zen; besteak beste, Zaldibia, Amezketa eta Beasaingoak dokumentatuta daude.
  • Bigarren pintzelkada, egile ezezagunarena da.

Pinturen deskribapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elizburuko gangako pinturak benetan ikusgarriak dira. Nerbioek edo arkuek 16 plementutan banatzen dute ganga. Guztiak, hondo grisa, marra beltza eta sakontasuna ematen dion argi zuria duen adreiluzko piezakatze baten itxura eman nahi duen horma-pinturaz dotoretuta daude. Nerbioak luzetara 20 zm inguruko “dekorazio-zenefak” dituzte alde banatan. Zenefan, hondo gorri baten gainean, groteskoen ordenantzak modu seriatuan txertatzen dira. Giltzarri inguruan zirkulu edo gurpil apaingarri handiak daude, 60 zm inguruko erradioa dutenak giltzarri txikienetan eta 100 zm-ko erradioa dutenak erdiko giltzarrian. Gurpil horietan irudi antropomorfo profanoak, animalia hibridoak eta landareak ageri dira grisailan pintatuta hondo urdin (azurita) baten gainean.[5] Ilargixkak (lunetoak): elizaren burualdean Kristoren Pasioaren eszenak irudikatzen diren bost ilargixka daude (L1, L2, L3, L4 eta L5 deritzanak). Eszenak grisailaz eginak daude, kolorezko zenbait ukituekin: okrea Kristoren gurutzean eta urdina erdiko ilargixkaren zeruan. Ilargixken deskribapena ezkerretik eskuinera (iparretik hegoaldera) honakoa da:

1. ilargixka (L1): “Bosgarren larritasuna” edo “Aieneak hildako Kristorekin”. Ilargixka honetan kontserbatutako pintura arrasto bakanen artean Kristoren aurpegia dago, begiak itxita. Gurutzetik jaitsi berri den Jesus hila Ama Birjinaren altzoan jartzen den uneari dagokio eszena da.[5]

2. ilargixka (L2): “Jerusalemgo irteera”. Eszenan aurpegi batzuk agertzen dira (ilargixkaren erdi-goiko aldean): Jerusalemgo irteera irudikatzen duen arku bat, arkuaren eskuinaldean Jesusen gurutze okertua (okre kolorekoa) eta soka bati dagozkion hondarrak ikus daitezke. Eszenak Kristo zigortzen duten unetik gurutziltzatu eta hiltzen den arte Golgota mendian (arameeraz) edo Kalbarioan (latinez) egin zuen “bide samingarria” gogorarazten du. Toki hau Jerusalemgo harresien kanpoaldetik gertu zegoen Burezurraren leku bezala ere ezagutzen da.[5]

3. ilargixka (L3): “Kalbarioa” edo “Gurutziltzaketa”. Gurutziltzatzearen eszena, kristautasunaren gai nagusia, erdiko ilargitxoan dago. Eszenan, Ama Birjinaren (eskuinean) eta San Juanen (ezkerrean) irudiak irudikatuta agertzen dira, eta Kristoren irudia erdian, “lotsa-oihalarekin” edo “garbitasun-oihalarekin”; “hegaldi bikoitzeko Gurpil apaingarria gakoetako baten inguruan xahuketa” duen oihala da. Bere oinean, Maria Magdalenaren gorputz belaunikatua ageri da bizkarra emanda (irudi hau erretaulari eusten zion burdinazko habeak mozturik dago). Bere eskuinean, “olioen poto akailonatua” ageri da. Gurutzeak “INRI” idatzita daraman kartela du.[5]

4. ilargixka (L4): “Atxiloketa”. Eszena hau Jesus agintari erromatarrek eta judutarrek olibondoen baratzean (Getsemaní) atxilotzen duten uneari dagokio; Baratzeko Otoitzaren ondoren gertatutako unea da. Eszena honetan zortzi pertsonaia irudikatzen dira. Erdian, hiru soldaduk eusten duten Jesusen irudia ageri da. Bere eskuinean, Judas, Jesusi musu bat ematen dio bere maisua seinalatzeko eta identifikatzeko. Era berean, Petri apostolua, Jesusen dizipuluetako bat, ezpata bat zorrotik ateratzen ari da. Ezpata horrek, zaldi buru baten forma duen helduleku eder bat du. Pertsonaia honen oinetan Malcoren burua ikusten dugu, Kaifas apaiz gorenaren zerbitzaria, Simon Pedrok belarria moztuko diona.[5]

5. ilargixka (L5): “Otoitza baratzean”. Kontserbatu diren pintzelkada-hondarrak ilargixkaren behealdeko ezkerraldean dauden hiru apostolu lokartuei dagozkie. Bere gainean, belaunikatuta dagoen pertsonaia bat ageri da, seguraski Jesus. Bere gorputzeko behealdea bakarrik kontserbatzen da, izan ere ilargixka honetako eszena lehioak eteten du. Eszena honek, Jesusek, Azken Afariaren ondoren, Getsemaniren baratzera (edo olibondoen baratzera) otoitz egitera Petri, Santiago eta Joan bere ikasleekin itzultzen deneko unea jasotzen du (beti ere Mateoren Ebanjelioaren arabera).[5]

Erlaitza: harrizko erlaitza, ilargixken eta hormen artean dago. Konbexua da eta bola erdiekin apainduta dago. Bola horiek erretaularen atzean ezkutatuta zegoen zatian agertu dira bakarrik. Erlaitzaren gainerakoan ez dago bolazko dekoraziorik, noizbait pikatuak izango baitziren. Erlaitzaren hondoko kolorea gorri-laranja eta beltza da, eta bolak, berriz, beix kolorekoak.[5]

Hormak: elizaren burualdeko bost hormetan, bi une piktoriko desberdinetako bi hormapintura daude.

Lehen polikromia: errenazentista estiloko pintura da eta honako elementu hauek ditu: erlaitza, frisoa eta taulamendua, itxurazko erretaula (erdiko horman bakarrik) eta harlanduzko piezakatze sinplea.[5]

Bigarren polikromia: bigarren une piktorikoa erlaitzetik 45 zm beherago hasten da, zoruraino iristen da eta lehen pintzelkadako “itxurazko erretaula” agerian uzten du. Grisailan egindako lehorreko horma-pintura duen morteroa da, kolore gorriko ukitu batzukin. Goiko aldean, lehen polikromiaren taulamendua amaitzean, inskripzio baten zati bat irakur dezakegu, honako hau dioena:[5]

« CREATOR GENERIS HUMANI, ANIMATUM CORPUS SUMENS DE VIRGINE NASCI DIGNATUS EST... «giza generoaren gorputz bizidunaren sortzailea, gorputz bizidun bat hartuz, birjina batengandik jaio zinen, eta hazirik gabeko gizon gisa jokatu zenuen» »

Gaur egun, absideko bost hormetatik hirutan (2., 3. eta 4. hormak) ageri dira inskripzioaren aztarnak, baina margotu zenean absidearen hedadura osoa hartzen zuela uste da. 26 letra kontserbatzen dira bakarrik:

« ...I ANIMATUM CORPUS SUM_NS_ DE_V_R___E_N... »

Zaharberritze lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2023ko ekaina eta abendua bitartean, pintura errenazentistak zaharberritzeko lanen lehen fasea egiten da. Elizaren burualdeko horma, ilargixka eta gangetako estaldura piktoriko guztiak mekanikoki kentzen dira, azpian egon zitezkeen pintura guztiak azaleratzeko. Gainera, polikromiak garbitzeko, morteroak finkatzeko eta morteroak birjartzeko probak egiten dira.[5][11]

Lan hau Bergaran egoitza duen Aida Payá Montesinos eta Maite Fernández Azcona buru dituen Artez Restauración kooperatibak egin zuen. Lanetan, zazpi zaharberritzailez osatutako talde batek parte hartu zuen: Sonia Sanz Díez, June Ruiz Santos, Maialen Lorence Gordoa, Aiora Elkoro Igarza, Nere Etxezarraga Ortuondo, Ana Martín Sevilla eta Berta Moreno Giménez.[5][11]

Erretaulari jatorrizko irakurketa itzuliko dion oihala jartzea, horma-pinturak finkatzea, gangaren berrintegrazio kromatikoa egitea, ilargixka batzuetan dauden “pikatuak” berriro integratzea eta gangaren integrazio kromatikoa egin zen.[5][11]

Bigarren fase batean honako lanak egingo dira: erreposiziozko igeltsu hondarrak kendu, karbonatazioak kendu, horma-azala garbitu, beharrezkoak ez diren elementuak kendu, jatorrizko morteroa galdu den lekuetan morteroa jarri, XIX. mendearen amaieran erdiko horman egindako horma-hobi urdin ez-originalaren zuloa bisualki estaliko duen eta itxurazko erretaulari jatorrizko irakurketa itzuliko dion oihala jarri, horma-pinturak finkatu, gangaren berrintegrazio kromatikoa egin, ilargixka batzuetan dauden “pikatuak” berriro integratu, gangaren integrazio kromatikoa egin etab.[5][11][12]

Musika eta dantza pintzelkadak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erretaula elizan berriro kokatzearekin batera eta agertutako errenazimenduko pinturak agerian utzita, Musika eta dantza pintzelkadak ikuskizuna eskaini zen Andre Mariaren Jasokundearen elizan 2025eko abenduaren 14an. Carles Mas i Garcia[13] musikagile eta historialariak zuzendutako ikuskizuna Xabier Sarasola musikariak eta Mikel Sarriegi dantzariak koordinatu lana izan zen. Ikuskizunean Xabier Zeberiok zuzenduriko Beasaingo Musika Eskolako orkestrak, Aitor Garitanok[14] zuzenduriko Loinatz abesbatzak, Mikel Sarriegik zuzenduriko Aurtzaka dantza taldeak eta honako musikariek parte hartu zuten: Aitor Alvarez (txistua), Carles Mas (flabiola), Guillermo Pérez [15](organettoa edo organo eramangarria), Arantxa Gastesi (pianoa), Arantzazu Saiz [16] (pianoa), Martin Kortaberria [17] (biolina), Xabier Sarasola (biola), Xabier Zeberio (nyckelharpa) eta Markel Zeberio (biolontxeloa). [18][19][20][21][22]

Argazki galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Goiberri. (2025-03-10). «Beasaingo elizako erretaula atzeko horma-margoak» Goiberri (kontsulta data: 2025-12-12).
  2. Agirre, Loinaz. (2025-02-15). «Beasaingo Andra Mari Jasokundearen elizako sekretuak agerian» Goierriko Hitza (kontsulta data: 2025-12-12).
  3. SA, Baigorri Argitaletxea. (2023-11-22). «Beasaingo parrokiako pintura errenazentistak, agerian» GARA (kontsulta data: 2025-12-12).
  4. (Gaztelaniaz) «Descubren unas magníficas pinturas murales renacentistas en una parroquia de Gipuzkoa» Historia National Geographic 2023-11-29 (kontsulta data: 2025-12-12).
  5. 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 Erauskin, Iñaki. (2024). «Erretaula nagusiaren desmuntaketak altxor errenazentista agerian utzi du Andre Maria Zeruratuaren elizan» Beasain Jaietan (Beasain: Beti Bizi KE): 46-51..
  6. (Gaztelaniaz) Vidondo, Carlos Rodríguez. (2023-11-21). «Beasain desvela su mural renacentista, oculto tras doce capas de pinturas y cal primitiva» El Diario Vasco (kontsulta data: 2025-12-12).
  7. (Gaztelaniaz) Ayestaran, E. Cáceres. (2023-11-03). «Un tesoro renacentista en Beasain» Noticias de Gipuzkoa (kontsulta data: 2025-12-12).
  8. Mendia, L.; Carbone, P.; d'Antonio, G.; Mendia, M.. (1986-09-01). «Treatment of Olive Oil Waste Waters» Water Science and Technology 18 (9): 125–136.  doi:10.2166/wst.1986.0085. ISSN 0273-1223. (kontsulta data: 2026-05-04).
  9. Laida, Goiburu(e)ko. (2026-04-30). «Errenazimentuko pinturen aurkezpen instituzionala egin dute Andre Maria Zeruratuaren elizan» Goierriko Hitza (kontsulta data: 2026-05-04).
  10. (Gaztelaniaz) «Beasain devuelve a la luz tras siglos ocultas sus pinturas del Renacimiento» Onda Vasca 2026-04-30 (kontsulta data: 2026-05-04).
  11. 1 2 3 4 «Andre Mari Jasokundearen parrokiko horma-irudi errenazentistak Gipuzkoan bakarrak» Beasaingo Udala 2023-11-21 (kontsulta data: 2025-12-12).
  12. (Gaztelaniaz) Ayestaran, Eider Cáceres. (2023-11-21). «La meticulosa restauración de las pinturas renacentistas de Beasain» Noticias de Gipuzkoa (kontsulta data: 2025-12-12).
  13. txistulari. (2018-12-21). «Masterclass bat eskainiko du Carles Mas i Garciak Iruñeako kontserbatorioan» Euskal Herriko Txistulari Elkartea (kontsulta data: 2025-12-15).
  14. (Gaztelaniaz) «ZUZENDARIA» Loinatz abesbatza | Beasain (kontsulta data: 2025-12-15).
  15. (Gaztelaniaz) «Guillermo Pérez | Fundación Juan March» www.march.es (kontsulta data: 2025-12-15).
  16. r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01etpd158aa64558419b9ec5ed77644af02263cda. (2019-07-24). «'Bidean'» www.kulturklik.euskadi.eus (kontsulta data: 2025-12-15).
  17. (Gaztelaniaz) Ayestaran, E. Cáceres. (2021-07-22). «Martin Kortaberria, música y sensibilidad» Noticias de Gipuzkoa (kontsulta data: 2025-12-15).
  18. «Beasaingo elizako XVI. mendeko muralen aurkikuntzari gorazarre: “Musika eta Dantza Pintzelkadak” kontzertua aurkeztu da» Beasaingo Udala 2025-12-12 (kontsulta data: 2025-12-15).
  19. Goierriko Hitza. (2025-12-14). ‘Musika eta dantza pintzelkadaka’ ekitaldia. (kontsulta data: 2025-12-15).
  20. Lide, Egizala(e)ko. (2025-12-14). «Errenazimendura itzulera, musika eta dantzaren bitartez» Goierriko Hitza (kontsulta data: 2025-12-15).
  21. (Gaztelaniaz) Barandiaran, Josu Zabala. (2025-12-14). «Música y danza dialogan con los murales renacentistas de Beasain» El Diario Vasco (kontsulta data: 2025-12-15).
  22. (Gaztelaniaz) Mujika, Mikel. (2025-12-14). «Beasain celebra el "patrimonio recuperado" en su parroquia con un concierto especial» Noticias de Gipuzkoa (kontsulta data: 2025-12-15).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]