Edukira joan

Donemiliaga Kukulako behi-larruzko kodex galikanoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Becerro galicano» orritik birbideratua)
Donemiliaga Kukulako Becerro Galicano kodexaren argazkia. Kodex honek Donemiliaga Kukularen monasterioko liburutegian dago. 400 x 260 mm-ko pergaminozko berrehun eta hirurogei orri ditu, eta hogeita hamabi kuaternioz eta binioi bakar batez egina dago.[1]
Donemiliaga Kukulako behi-larruzko kodexa Arabako Artxiboan erakusgai 2025ko urrian. Kodexa zabalik dago Donemiliagako golde-muturra deritzon testuan, (-fol. 189v- zk.- eta (-fol. 190r- zk.-).
Donemiliaga Kukulako Becerro Galikanoaren argazkia.
Donemiliaga Kukulako Becerro Galicano -fol. IIIv- (agiriaren arabera 934. urtekoa, baina adituen ustez beranduagokoa), (17. lerroan Ipuzcua eta Alaua irakur daiteke).
Donemiliaga Kukulako Becerro Galicano. -fol. IIIv- (14-18. lerroak). 16. lerroan bizcahia irakur daiteke, 17. lerroan ipuzcua eta alaua'.
Donemiliaga Kukulako Yusoko monasterioko liburutegia (c. 1910).
Donemiliaga Kukulako Susoko Monasterioa

Donemiliaga Kukulako Becerro Galicano edo Donemiliaga Kukulako behi-larruzko kodex galikanoa delakoa 1195 inguruan Errioxako Donemiliaga Kukulako monasterioan osatu zen zen behi-larruzko kodex bat da, kartulario monastiko bat da. Idazkera karolingioan idatzita, 759 eta 1194 urteen arteko 750 agiri inguru ditu, eta horrez gain XIII. mendean kodexaren azken folioak baliatuz kopiatu ziren beste hogei bat.

Becerro hitzak, zekorra, agiritegiaren izaera materialari egiten dio erreferentzia. Erdi Aroko kodex hau behi-larru onduzko pergaminozko folioez osaturik dago. 10 + 246 folio gorde dira, eta bi aldeetan irakur daitezke. Folioak zenbakiekin izendatzen dira, lehenengo hamarrak zenbaki erromatarrez, besteak arabiar zifrez, aurkia eta ifrentzua zenbaki berberarekin, eta ifrentzuari zenbakia-v ezartzen zaio. Agiritegian datak agertzen dira baina data batzuk gaur egungo adituen arabera ez dira sinesgarriak.[2] Horregatik erromatar zenbakera.

Galicano hitzak Galiari egiten dio erreferentzia. Galicano latinezko Gallicanus adjektibotik dator, hau da 'Galiakoa'. Frantziako Eliza katolikoari egiten dio erreferentzia, batez ere absolutismo monarkikoaren garaian aita santuak eta Kuria erromatarrak Frantziako kleroaren gainean zuten agintearen independentziarako asmoak zuen eliza katoliko frantziarrari. Galicano hitzak kodexean erabili zen letra tipoari ere egiten dio erreferentzia, letra tipo galiarra edo karolingioa, (eta ez beste kodex askotan erabili zen letra tipo gotikoa).

Donemiliaga Kukulako Becerro Galicanoa VIII.-XII. mendeetako Espainia kristaua ezagutzeko ditugun iturri nagusietako bat da. Donemiliaga Kukularen kokapenak eta monasterioaren eraginaren esparru handiak ezinbesteko iturri bihurtzen dute Iruñeko Erresumaren eta Gaztelako Konderriaren lehen historiarako, bai eta lau mendetan zehar Errioxako, Nafarroako, Gaztelako, Arabako zein Bizkaiko jendeen ezagutzarako ere.

Azken aldian erantsitako agiri gutxi batzuk alde batera utzita, kartularioaren hizkuntza latin bilakatua da, eskriben praktikaren aldetik Mendebaldeko gainerako lurraldeetan ohikoa dena baino askoz gutxiago arautua.

Hori dela eta, inguruko erromantzearen eragina oso bizia da, eta horri gehitu behar zaio euskal toponomastikaren ugaritasuna. Aberastasun linguistiko honek, ordea, arazoak sortu ditu edizio digitala prestatzerakoan.[3] Horregatik, hitzen, toponimoen eta antroponimoen aurkibide arruntak ezeze, lematizatutako aurkibide bat ere sortu dute EHUko editoreek.[4]

Kodexean bertan jatorrizko dokumentuak noiz idatzi ziren aipatzen da batzuetan. Gorago esan bezala kodexa 1195. urtean idatzi zen, dokumentu zaharragoen kopiak eginez. Baina kodexean agertzen diren datak ez dira beti fidagarriak. Edizio kritikoa prestatu zutenak konturatu ziren inkoherentzia batzuk bazeudela ondo ezagutzen ziren gertaera historiko batzuk aipatzen zirenean edo aipatzen ez zirenean, esate baterako.

Datazio arazoak aurkezten dituzten testuak berrehun inguru dira.[5]

Becerro Galicano agirietan euskal toponimoen aldaera zahar asko topa daitezke. Euskal toponomastika ikerketarako iturri oso baliotsua da.

Horra adibide bat; 934. urtean datatutako dokumentu baten pasartea:

« {A}lava, cum suis villis ad suas alfoces pertinentibus, id est, de Losa et de Buradon usque Eznate: ferrum. Per omnes villas, inter domus decem, una reia.

De rivo de Galharraga usque in flumen de Deba, id est, tota Bizcahia, et de ipsa Deba usque Sanctum Sebastianum d'Ernanni, id est, tota Ipuzcua, a finibus Alava usque ad ora maris. Quicqu<i>d infra est de unaqu<a>que alfoce: singulos boves.

»


Baina 934. urteko datazio hori faltsutzat jotzen da.

« Faltsifikazio nabarmena, 934ko data argi eta garbi bateraezina baita Tarazonako kristau jabetzarekin (1119ra arte hartu gabea). Romerok 939ko data jarri zion, kontatzen ari zen kristau garaipena Simancas-Alhandigako gudu historikoarekin lotzeko ahaleginean. Asko eztabaidatu da idazkiaren datari buruz. Duttonek eta Serranok kodexari berandu gehitzetzat eta XIII. mende hasierako produktutzat hartzen zuten, baina behi-larruaren egituran, Becerroren egituran, erabat integratuta eta letra berarekin kopiatuta egoteak 1195eko data ante quem ematera behartzen gaitu, hau da, Behi-larrua idazteko unea. Ubietok 1143-4 urteetan kokatu zuen bere jatorria, Tarazonaren Nafarroako jabetzari egindako erreferentziagatik, baina data horrek post quem muga gisa balio behar du. Gaur egun, bai Cortazarrek bai guk XII. mendearen amaierako idazketa-data posible bat erabiltzen dugu, ik. Peterson, "Iragana berridazten", 662. or. eta hurrengoak. »

—EHU - Donemiliaga Kukulako Becerro Galicano - Edizio kritrikoa.[6][7]


Izan ere, Donemiliagako kartularioan, dokumentuen artean, diploma apokrifoak ere badaudela ikusi egin da.[8]

Euskal toponimaren ikerketan Becerro Galicanoko pasarterik aipatuena Donemiliagako goldea da.

Letra molde galikanoa, erromatarra edo karolingiarra. Becerro Galicano kodexa eskuz idazteko erabili zen letra tipoa. Letra hau modan jarri zen XII. mendean eta lehenago ohikoa zen letra gotikoa ordezkatu zuen.

Donemiliaga Kukulako behi-larruzko kodex gotikoa, Becerro Gotico delakoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Letra gotikoz idatzitako testu bat. (Ez da Erdi Aroko benetako testua, garai hartako estiloaren kopia baizik).

Erdi Aroko dokumentazio kristauaren funts nagusietako bat den Donemiliaga Kukulako Becerro Galicano izenekoa, letra karolingioarekin idatzia. Hala ere, Placido Romero artxibozainak XVIII. mendearen amaieran egindako lanari esker, badakigu Donemiliaga Kukulan bazegoela beste kartulario bat, beste behi-larruzko kodex goizagokoa, letra gotikoz idatzia, Donemiliaga Kukulako behi-larruzko kodex gotikoa, baina gaur egun galduta.[9] Fidel Fitak eskura izan zituen bi kartularioak eta konparazioak egin zituen, bi kartularioak alderatu ahal izan zituen, baina, adibidez, bere Donemiliagako goldearen edizioan, gaur egungo ikuspuntutik ez oso edizio zorrotz hartan, bi aleak konparatzeko aukerak ez zion ia inolako argirik erantsi Becerro Galicano bakarrik aztertuz egin daitekeen edizio kritiko bati.[10]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) DAVID PETERSON, (2009), "REESCRIBIENDO EL PASADO. EL BECERRO GALICANO COMO RECONSTRUCCIÓN DE LA HISTORIA INSTITUCIONAL DE SAN MILLÁN DE LA COGOLLA" HISPANIA. Revista Española de Historia, 2009, vol. LXIX, núm. 233, septiembre-diciembre, págs. 653-682, ISSN: 0018-2141
  2. «Donemiliaga Kukula monasterioaren Becerro Galicano-ren edizio digitala. (Ikus 934 dataren ondoko oharra).» www.ehu.eus (kontsulta data: 2025-03-30).
  3. «Donemiliaga Kukula monasterioaren Becerro Galicano-ren edizio digitala» www.ehu.eus (kontsulta data: 2025-03-29).
  4. «Edizio kritikoa. Becerro Galicanoaren edizio kritikoa» www.ehu.eus (kontsulta data: 2025-03-29).
  5. «Donemiliaga Kukula monasterioaren Becerro Galicano-ren edizio digitala» www.ehu.eus (kontsulta data: 2025-07-01).
  6. «Donemiliaga Kukulako Becerro Galicano. (edizio digitala eta kritikoa)» www.ehu.eus (kontsulta data: 2025-03-29).
  7. «Donemiliaga Kukula monasterioaren Becerro Galicano-ren edizio digitala. (Ikus 934 dataren ondoko oharra).» www.ehu.eus (kontsulta data: 2025-03-30).
  8. (Gaztelaniaz) Martínez Diez, Gonzalo. (1997). «El monasterio de San Millán y sus monasterios filiales: documentación Emilianense y diplomas apócrifos» Brocar: Cuadernos de investigación histórica (21): 7–54. ISSN 1885-8309. (kontsulta data: 2025-07-29).
  9. (Gaztelaniaz) Peterson, David. (2011). «El Becerro Gótico de San Millán. Reconstrucción de un cartulario perdido.» Studia Historica. Historia Medieval (Nanteseko Unibertsitatea).
  10. Ernesto Pastor Díaz de Garayo, & Juan José Larrea Conde. (2015). «La "Reja de San Millán": transmisión textual y estructura interna» Estudios en homenaje al profesor César González Mínguez, 2015, ISBN 978-84-9082-169-5, págs. 257-298 (Servicio Editorial = Argitalpen Zerbitzua): 257–298. ISBN 978-84-9082-169-5. (kontsulta data: 2025-07-28).
  • David Peterson, (Gaztelaniaz) "El "Becerro gótico" de San Millán, reconstrucción de un cartulario perdido". Studia historica. Historia medieval, 0213-2060, Nº 29, 2011 (Ejemplar dedicado a: Poder e ideología en la Edad Media peninsular), págs. 147-173
  • David Peterson, (Gaztelaniaz) "Los Cartularios de la Calzada, códices facticios y memoria manipulada". Poder y poderes en la Edad Media: Monografía de la Sociedad Española de Estudios Medievales 16 / coord. por Raquel Martínez Peñín, Gregoria Cavero Domínguez, 2021, 978-84-17865-93-1, págs. 183-198
  • David Peterson, (Ingelesez) "Order and disorder in the cartularies of San Millán de la Cogolla". From charters to codex: studies on cartularies and archival memory in the middle ages / coord. by Rodrigo Furtado, Marcello Moscone, 2019, 978-2-503-58556-7, págs. 119-134
  • David Peterson, (Ingelesez) "Basque in the Becerro. Basque names and language in the "Becerro Galicano" of San Millán". Koldo Mitxelena Katedraren III. Biltzarra: Vitoria-Gasteiz, 2012/X/8-11 Letren Fakultateko Aula Magnan / coord. by Ricardo Gómez López, Joakin Gorrotxategi Txurruka, Joseba Andoni Lakarra Andrinua, Céline Mounole Hiriart-Urruty, 2013, 978-84-9860-911-0, págs. 405-430
  • David Peterson, (Gaztelaniaz) "Toponimia vasca en la documentación conservada en San Millán de la Cogolla, dos estratos diferenciales" Koldo Mitxelena Katedraren II. Biltzarra: Gasteiz, 2007ko urriaren 8tik 11ra, Filologi eta Geografi-Historia Faultateko Aula Magnan / coord. por Joseba Andoni Lakarra Andrinua, Joakin Gorrotxategi Txurruka, Blanca Urgell Lázaro, 2011, 978-84-9860-601-0, págs. 115-125

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]