Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da

Begi

Wikipedia, Entziklopedia askea

Begia edo begi-globoa ikusmen-organoa da. Ikusteko gaitasuna eskaintzen die animaliei, hau da, inguruan duten ingurunearen ikusizko informazioa jaso eta prozesatzeko trebetasuna. Begiek argia detektatzen dute eta nerbio optikoan zehar, neuronen bidez, garunera arte bidaiatzen duten bulkada elektrokimiko bihurtzen dute. Gainera, ikusmenarekiko independenteak diren zenbait funtzio eramaten ditu aurrera, eta haien artean garrantzitsuena ziklo zirkadianoaren erregulazioa da.

Begiak buruaren aurrekaldean aurkitzen dira, aurpegiaren goiko erdialdean. Oso esposiziopean daudenez, nolabaiteko babesa behar dute haizearen eta haietara irits daitezkeen partikulen aurrean. Babes hori betazalek, bekainek eta betileek ematen diete, inguratzen baitituzte.

Begi mota asko daude. Begi sinpleenei pit eyes deritze eta mugimendua hautemateko funtzioa baino ez dute betetzen, eta hori lortzen dute begi-orbanetan sartzen den argiaren angelu-aldaketak detektatuz. Begi konplexuagoak sistema optiko oso bat garatu dute, inguruneko argia jasotzen duena eta kristalino izeneko diafragma baten bidez argi-intentsitatea erregulatzeko gai dena. Hori dela eta, irudi bat osa dezake lente multzo doigarri baten bidez fokuratzen baitu, eta gero, irudi hori seinale elektriko bihurtzen du nerbio optikoaren bidez garunera transmititzeko.

Bereizmen handiko ahalmena duten begiak hamar forma desberdinetan azaltzen dira, eta animalia-espezieen % 96k sistema optiko konplexua dute. Horien artean moluskuak eta artropodoak daude, esate baterako.

Giza-begiaren anatomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Begi
201405 eye.png
Xehetasunak
Konponenteak posterior chamber of eyeball (en) Itzuli
Identifikadoreak
Latinez oculus
MeSH eta A09.371 A01.456.505.420 eta A09.371
TA A15.2.00.001 eta A01.1.00.007
FMA 54448
Terminologia anatomikoa
Giza-begiaren eskema

Aurreko segmentua

  • Kornea (7): argia erretinara transmititzen duen ehun garden bat da. Malkoek eta humore urtsuak etengabe elikatzen dute.[1]
  • Iris (3): begiari kolorea ematen dion mintza da, disko formakoa, eta honen erdian dagoen zuloari begi-nini deritzo.[1]
  • Kristalino (8): begiko organo gardena da, argia fokuratzeko gai dena[2].
  • Humore urtsu (4): likido gardena da, kornea eta kristalinoa elikatzen dituena. Bere funtzioa da begi barneko presioa eta begi-globoaren forma mantentzea.[1]

Atzeko segmentua

  • Humore beirakara (14): likido gardena da, kristalinoaren eta erretinaren artean kokatuta.[3]
  • Erretina edo betsare (13): mintz mehe bat da, begi-globoa barnetik estaltzen duena. [1]
  • Koroide (9): begiaren erdiko geruza da, erretina estaltzen duena eta odol-hodiak eta ehun konektiboa dituena, begiaren barnealdeari mantenugaiak ematen dizkiona.[4]
  • Konjuntiba : mintz mehe bat da, betazalaren barne-azalera eta begi-globoaren zati zuria estaltzen dituena.[5]
  • Nerbio optiko (10): Begiaren atzekaldean hasten da eta informazio bisuala erretinatik garunera bidaltzeko erabiltzen da.[1]
  • Esklerotika edo esklera (1): mintz zuri bat da, erresistentzia handikoa. Eskerotikari esker, begiak zuriak dira.[1]

Begien kanpokoak

  • Bekain : begien gainean dagoen ile-multzoa da. Babes-hesi gisa jokatzen du, eta izerdia, hautsa edo begiarentzat arriskua gerta daitekeen edozein agente desbideratzen du.[6]
  • Betile : betazalaren ertzetik hazten den ile-multzoa da, eta bekainen funtzio bera du, baina begiarekiko distantzia txikiagoan kokatuta dago.[6]
  • Betazal : begi-globoa kanpotik estaltzen duen azal-mintza da, eta lesioak saihesten ditu edozein objektu begietara gehiegi hurbiltzen denean.[7]

Begi motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Begiari dagokionez, hamar begi-diseinu desberdin daude. Begi motak begi sinpleetan eta begi konposatuetan sailka daitezke. Sinpleak, gainazal fotohartzaile ahurra du eta, konposatuak, aldiz, gainazal ganbila. Azken honetan, banatutako hainbat lentek osatzen dute begia. Kontuan izan behar da begi sinplea izatea ez duela konplexutasun edo zorroztasun maila murriztea suposatzen. Izan ere, izaki bizidunek geroz eta ingurune gehiagoetan bizi dira, begien espezializazioa eta aniztasuna handituz.

Begien bereizmena aztertzean begi sinpleek begi konposatuek baino bereizmen hobea lortzean dute. Gainera, superposizio eta aposizio begiak desberdintzen dira begi konposatuen barruan; superposizio begiek aposizio begiek baino sentsibilitate handiagoa lor dezakete, beraz, hobeto egokitzen dira bizileku ilunetan bizi diren izakietara. Begiak bi taldetan banatzen dira fotohartzaileen eraikuntza zelularra oinarritzat hartuta, zelula fotohartzaileak ziliodunak badira, ornodunen kasuan bezala, edo rabdomerikoak badira.

Zenbait organismok begi garatuen ordez zelula fotosentikorrak dituzte, ingurua argiatsua edo iluna den detektatu ahal izateko. Zelula hauek ezin dira begitzat jo, organo garatu bezala kontsideratzeko egitura egokia ez dutelako eta ezin dutelako irudirik sortu.

Begi sinplea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Begi sinpleak animalia askotan dauden egitura fotorrezeptore txikiak dira, eta ikusmen organo gisa funtzionatzen dute. Ozelo terminoa latinez oculus (begia) dator eta literalki "begi txikia" esan nahi du.

Intsektuetan bi ozelo mota daude: intsektu mota askoren forma helduetan aurkitzen diren bizkarraldeko begia eta zenbait ordenetako larbetan bakarrik dauden albo-begiak. Bi motak oso desberdinak dira egituraren aldetik eta garatzen duten funtzioari dagokionez.

Beste animalien begi sinpleak, esate baterako, knidarioenak (polipoak eta marmokak), baina haien egitura eta anatomia erabat desberdina da intsektuen dortsal-ozeloarekin alderatuta.

Begi konposatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Begi konposatua zenbait artropodoetan, hala nola, intsektuetan eta krustazeoetan aurkitzen den organoa da. Begi mota hauek ez dute lente zentralik eta horrek bereizmen txikia izatea eragiten du. Hala ere, begi konposatuek mugimendu azkarrak antzemateko gai dira, ikus-eremu zabala dute eta zenbait kasutan argiaren polarizazioa hauteman dezakete.

Begi konposatuak intsektuetan aurkitzen dira batez ere, eta mosaiko irudi bat ematen duten omatidio izeneko alderdi sinple askoz osatuta daude. Omatidio bakoitza lentilla eta rabdom bat osatzen dute. Ikusmen zelula-hartzaileen taldeek, errabdomeroak, paraleloan edo apur bat biratuta jarritako taldeak osatzen dituzte.

Intsektu eta krustazeo helduen begi konposatua ez da garatzen larben erdiko begiaren leku berean. Omatidio berriak begi atzealdeko ilara erdizirkularretan gehitzen dira, begiaren garapenaren lehenengo urratsan. Horrek omatidioak karratu itxura edukitzea eragiten du, baina, geroago garapenean hexagonala bihurtzen da.

  • Oinarrizko bi begi konposatu mota daude:
  1. Aposizio begia: bi taldeetan bana daiteke. Alde batetik, aposizio begi tipikoak norabide batetik argia errabdomerora bideratzen duen lentea du, beste norabide batzuetako argia omatidioko horma ilunetara xurgatzen den bitartean. Bestetik, aposizio begi mota Strepsiptera ordenan dago, lente bakoitzak irudi bat osatzen du eta irudiak garunean konbinatzen dira. Begi horri begi gainjarri neuronala edo begi eskizokroal konposatua deritzo.
  2. Estalitako begia: hiru motatan banatuta dago. Lehenengoa, estalitako begi errefraktorea da. Hau, lentila eta errabdomeroen arteko irekidura du eta ez dauka hormarik. Lente bakoitzak argia jasotzen duen angeluaren adinako angeluan islatzen du eta begiaren erradioaren erdian irudia sortzen du. Begi mota hau gaueko intsektuetan izaten da normalean. Bigarrena, gainazal diren begi konposatu parabolikoak dira, arrain-uhinak bezalako artropodoetan, begiaren azaleraren alderdi bakoitzak islatzaile batetik argia jasotzen duen eta sentsore multzo batera bideratzen duen azalera parabolikoa dauka mota honek. Azkenik, gorputz luzeko krustazeoak, hala nola, ganbak eta otarrainak dira begi islatzaileak dituzten bakarrak, irekiera ere badute baina lentillen ordez ispiluko diedroak erabiltzen dituzte.

Begiaren eboluzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikusmen-organoak ehun bigunez osatuta daudenez, arazo ugari sortzen dira haien eboluzioaren azterketa egiteko orduan. Izan ere, erregistro fosilean ehun bigunen aztarnak gutxitan kontserbatzen dira. XX. mendean zehar pentsatzen zen filum desberdineko begiak modu independentean garatu zirela. Hala ere, gaur egungo genetikari eta anatomia konparatuari esker lortutako ebidentzien arabera, badirudi animalien begien jatorria arbaso komun baten existentziari lotuta dagoela.

Ornogabeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ornogabeek bi begi mota eduki ohi dituzte: begi sinpleak, ozelo deritzonak, eta begi konposatuak. Zefalopodoek, adibidez, ornodunen begien pareko ikusmen-organo garatuak dituzte.

  • Begi sinpleak: barrunbe txikiak dira, erretina eta kornea garden batez estaliak. Begi mota hauek errendimendu optiko txikia daukate. Ozelo izenez ezagutzen dira ere.
  • Begi konposatuak: omatidio deritzen elementuen multzoaz osatuta daude. Omatidio bakoitzak begi sinple baten modura funtzionatzen du eta haien artean multzokatzen dira ikusmen-angelu handia bereganatzeko.

Omatidio bakoitzak argiarekiko sentikorrak diren zelulak ditu, ornodunen kornearen eta kristalinoaren pareko funtzioa betetzen duten elementu optiko gardenen atzealdean kokaturik daudenak. Omatidio guztiek jasotako informazioa nerbio-sisteman bildu, eta irudi bakarra sortzen du.

Lentea tamaina txikikoa dela eta, begi mota honek bereizmen optiko murriztua dauka. Dena den, begi konposatuak oso sentikorrak dira argiztapen eta mugimendu aldaketen aurrean. Gainera, zenbait kasutan koloreak eta argiaren polarizazioa antzemateko gai dira.

Moluskuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Zefalopodoak

Zefalopodoen begia oso garatuta dago eta ornodunen begiaren analogoa da. Horrez gain, eboluzio konbergentearen eredu bikaina da. Espezie batzuetan begi hauek sekulako tamaina lortu ditzakete, adibidez, Architeuthis txibiaren kasuan, non 25 cm-ko diametroa duten begiek topatu dira.

Animalia hauen begia korneaz, kristalinoaz, irisaz eta erretinaz osatuta dago. Kristalinoak fokuratzea errazten du, atzera-aurrera mugimendu bati esker. Izan ere, mekanismo horrek arrainen begiaren parekoa da. Gainera, erretinak, ugaztunena ez bezala, ez dauka puntu itsurik. Bestalde, zefalopodoetan organo hau tinkoa da eta, beraz, ez dauka mugimendua sor dezakeen begiko muskulu estrintsekorik.

Artropodoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Organo fotorrezeptoreei erreparatuz, artropodoak dira dibertsitate gehien aurkezten duten animaliak, adibidez, krustazeo espezieen artean begi sinple eta konposatu mota desberdin asko daude. Araknidoetan berriz, gutxi garatutako ikusmen organoak ez ezik, konplexuagoak diren begi sinpleak aurki ditzakegu. Intsektuetan begi konposatuak dira ohikoenak, baina talde batzuek ozeloak ere izan al dituzte. Azkenik, aipatzekoa da miriapodoen begiak, kasu guztietan, sinpleak direla.

Artropodoen taldean begiak antzinako ezaugarritzat hartzen diren arren, kide batzuk ez dute begirik, agian beraien arbasoek eboluzioan zehar galdu zituztelako. Diplopoda (milazango) subfilumaren kideen artean bigarren mailako albo-begiak ager daitezke. Begi horiek buruaren barrualdean kokatuta daude, hori dela eta, ez dute kontakturik azaleko kutikularekin. Bigarren mailako begiak beste artropodo taldeetan azaltzen dira, eta haien funtzioa ezezaguna da[8].

  • Armiarmak

Armiarmak 8 begi sinple izan ohi dute, eta horietako bakoitzak badauzka kristalinoa eta erretina. Armiarmek ikusmen urria daukate, itxurak antzemateko gai ez baitira. Beraz, mugimendua soilik nabari dezakete. Salticidae (armiarma jauzilari) familiako armiarmak salbuespen bat dira, badauzkate lau begi frontalki kokaturik eta, haien artean, erdialdekoak handiagoak dira[9].

Armiarma jauzilarien begiak, araknido guztien moduan, sinpleak dira, baina oso espezializatuak. Beraien begi bakoitza sei muskuluz osatutako sistema baten bidez fokuratzeko eta mugitzeko gai da. Hortaz, gizakien begien modura,  alboko, bertikal eta birakari mugimenduak egiteko gai dira.

Kokapeko begiek  ikusmen estereoskopikoa gauzatzen dute eta, aldamenekoekin batera, 360 graduko ikuseremu lortzen dute. Ezaugarri honi esker, animalia hauek beraien ingurune osoa kontrolatu dezakete. Ikusmen mota horrek armiarmen artean apartekoa da, baita beste artropodoen artean ere[9].

Ornodunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Begiaren egitura eta funtzionamendua oso antzekoa da ornodun gehienetan. Begi-globoa, funtsean, humore urtsua izeneko likido gardenez betetako esfera bat da, % 99an urez osatuta dagoena. Paretak 3 geruza ditu: barnekoa edo erretina, erdikoa edo koroidea, eta kanpokoa, esklerotika deritzona.

Kristalino izeneko lente bat du, distantziaren arabera doigarria dena; diafragma bat, begi-ninia esaten zaiona, honen diametroa irisak erregulatzen du, eta argiarekiko sentikor den ehun bat, erretina dena.

Arrainak, anfibioak eta sugeak izan ezik, ornodunek fokuratzea lortzen dute kristalinoaren muskulu ziliarrean emandako forma-aldaketari esker.

Argia begi-ninitik sartzen da, kristalinoa zeharkatzen du eta erretinaren gainean proiektatzen da, non, argi-hartzaileak izeneko zelula batzuei esker, nerbio optikoan zehar garunera eramaten diren nerbio-bulkada bihurtzen da.

Arrainak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrainen begiek ezaugarri berezi batzuk dituzte: ez dute betazalik, kristalinoa esferikoa da ganbilbikoa izan beharrean eta korneatik oso gertu dago. Gainera, fokuratzea kristalinoa aurrera edo atzera mugitzen duten muskulu erretraktore batzuei esker gertatzen da, objektuaren distantziaren arabera.

Anfibioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikusmena da anfibioen zentzumen nagusia. Anfibioen begiek hiru betazal dituzte: goikoa; behekoa, mugikorra dena; eta mintz ñirñirkari gardena, animalia urpean dagoenean begi-globoa estaltzen duena. Malko-guruinak ere badituzte, uretatik kanpo daudenean kornea heze mantentzeko beharrezkoak direnak. Akomodazioa arrainen mekanismo bera erabiliz egiten dute, kristalinoa aurrera edo atzera mugituz.[10]

Narrastiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Narrastiek, anfibioek bezala, goiko eta beheko betazalak eta mintz ñirñirkaria dituzte. Sugeetan, betazalak elkartzen dira, begia estaltzen duen lentilla garden bat sortzeko.

Hegaztiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegaztien begian egokitzapen ezberdinak daude, adibidez, ugaztunekin konparatuz, organoaren tamaina proportzionalki handiagoa da gorputzarekiko, eta akomodazioa kornearen eta kristalinoaren kurbadura aldatzea ahalbidetzen duen mekanismo bikoitz baten bidez gertatzen da.

Erretina oso aberatsa da zelula argi-hartzaileetan, eta horrek ikusmena bikaina dela pentsarazten du. Espezie batzuetan bi fobea daude, bata zentrala eta bestea periferikoagoa, belatzetan, arranoetan eta sorbeltzetan gertatzen den bezala.[11]

Hegaztien begietan pekten izeneko egitura bereizgarri bat agertzen da, ugaztunetan existitzen ez dena, orrazi itxurako odol-hodien sare zabal bat duen ehuna da, begiaren horma osatzen duten geruzetako bat, koroidea, oinarri hartuta, humore beirakarean sartzen dena.

Hegazti gehienak tetrakromatikoak dira, argi ultramorearekiko, gorriarekiko, berdearekiko eta urdinarekiko sentikorrak diren konoak dituzte.[12]

Ugaztunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikusmena zentzu garrantzitsua da ugaztun gehienetan. Begiaren egitura beste ornodun batzuetan deskribatutakoaren antzekoa da. Akomodazioa kristalinoaren formaren aldaketengatik bakarrik gertatzen da.

Kolorearen ikusmena narrastietan eta hegaztietan baino gutxiago garatzen da. Makilak, argitasun gutxiko baldintzetan ikusmena ahalbidetzen duten zelulak direnak, nagusi dira talde honetako animalia gehienen erretinan, lehen ugaztunak gautarrak izan zirela dioen hipotesia babesten duena. Primateek, katagorriek eta beste espezie batzuek koloreen pertzepzioa taldeko gainerakoek baino hobeto garatuta dute.

Lotutako gaixotasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Astigmatismoa : begiaren errefrakzio akats bat da. Horrek ikusmen lausoa eragiten du.
  • Begi-lauso edo kataratak: Kristalinoa lausatzen denean kataratak agertzen dira eta, beraz, ikusmena oztopatzen da. Zahartze prozesuarekin erlazionatuta dago.
  • Glaukoma : nerbio-optikoa kaltetu ahal duten gaixotasun multzoei glaukoma deritze .
  • Hipermetropia : hurbileko objetuak ikusteko zailtasuna da.
  • Keratitis : kornearen ultzeren agerpenari erreferentzia egiten dio. Ultzera horiek begiko zauriak dira.
  • Konjuntibitis : gaixotasun honek kojuntibaren azkura, hantura, negar-jarioa eta gorritasuna eragiten ditu. Konjuntibitisa kausa desberdinez, adibidez, bakterio-infekzioez eta alergiez, ager daiteke.
  • Presbizia edo "ikusmen nekatua": kristalinoak bere fokuratze gaitasuna galtzen du. Ikusmen nekatuarekin zailagoa da hurbileko objetuak ikustea.
  • Miopia : begien errefrakzio akats hau daukaten pertsonek ondo ikusten dituzte hurbileko objetuak, baina zailtasunak izaten dituzte urrunekoekin (lauso ikusten dituzte).

Oftalmologia da begiekin lotutako gaixotasunetaz arduratzen den espezialitate medikoa.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f «Descubre todo sobre el ojo, su anatomía, su funcionamiento.» www.provisu.ch . Noiz kontsultatua: 2020-11-21.
  2. (Gaztelaniaz) «El cristalino: función, enfermedades y tratamientos» Clínica Clofan 2018-09-25 . Noiz kontsultatua: 2020-11-21.
  3. «Anatomía del Ojo - 1º Cátedra Oftalmología» www.oftalmouba.com . Noiz kontsultatua: 2020-11-21.
  4. (Gaztelaniaz) «Coroide del ojo: MedlinePlus enciclopedia médica illustración» medlineplus.gov . Noiz kontsultatua: 2020-11-21.
  5. (Gaztelaniaz) «Conjuntiva: MedlinePlus enciclopedia médica» medlineplus.gov . Noiz kontsultatua: 2020-11-21.
  6. a b (Gaztelaniaz) manager. «Utilidad de cejas y pestañas» Clínica Rahhal . Noiz kontsultatua: 2020-11-21.
  7. (Gaztelaniaz) «Párpados y vías lagrimales | Patologías y tratamientos» Clínica Rahhal 2020-04-07 . Noiz kontsultatua: 2020-11-21.
  8. (Ingelesez) Spies, Thomas. (1981-11). «Structure and phylogenetic interpretation of diplopod eyes (Diplopoda)» Zoomorphology (3): 241–260 doi:10.1007/BF00312053 ISSN 0720-213X . Noiz kontsultatua: 2020-11-22.
  9. a b «Wayback Machine» web.archive.org 2009-03-18 . Noiz kontsultatua: 2020-11-22.
  10. Hickman, Cleveland P., Jr.. (2001). Integrated principles of zoology. (11th ed. argitaraldia) McGraw-Hill ISBN 0-07-290961-7 PMC 43757635 . Noiz kontsultatua: 2020-11-21.
  11. «Biol» web.archive.org 2010-03-15 . Noiz kontsultatua: 2020-11-21.
  12. Wilkie, S. E.; Vissers, P. M.; Das, D.; Degrip, W. J.; Bowmaker, J. K.; Hunt, D. M.. (1998-02-15). «The molecular basis for UV vision in birds: spectral characteristics, cDNA sequence and retinal localization of the UV-sensitive visual pigment of the budgerigar (Melopsittacus undulatus)» The Biochemical Journal (330 ( Pt 1)): 541–547 doi:10.1042/bj3300541 ISSN 0264-6021 PMID 9461554 PMC 1219171 . Noiz kontsultatua: 2020-11-21.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]