Edukira joan

Behe Paleolitoa Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Irikaitzeko indusketa

Behe Paleolitoa Euskal Herrian, Europako leku gehienetan bezala, ez da beste garaietan izango den bezain aberatsa. Euskal Herrian gizakiaren aztarnarik zaharrenak oso sotilak dira, gehiegi bere presentzia baino zerbait gehiago baieztatzeko. Material litikoaren hondar isolatuak dira, testuinguru sedimentologikorik gabeak eta askoz gutxiago estratigrafikoak. Aldi horri esleitzea tipologikoa baino ez da, eta hortik dator jatorrizko gizakiaren informazioari dagokionez duen zehaztasun eta eduki urria. Behe Paleolitoa mundu mailan, 350.000 B. P.-an hasi eta 100.000 B. P.-an amaitzen da.[1]

Behe Paleolitoan Neandertal aurreko gizakiak bizi izan ziren gure inguruan. Denboran zehar, aldakuntza historiografikoak izan direla medio, hainbat izen eman zaizkie gizakiei: Homo erectus, H. anteneanderthalensis, H. ergaster, H. heidelbergensis eta H. antecessor . Azken deitura hori Atapuercako Hezurren Leizean agertutako gizakiarentzat proposatu den deitura da. Gurekin alderatuta, ez zen oso desberdina; agian, altuagoa eta indar handiagokoa. Lezetxikiko besahezur ospetsua garai honetakoa izan daiteke, eta oso antz handia du Atapuercako Hezurren Leizean agertzen den batekin (hangoa duela 325.000-340.000 urtekoa izan daiteke).

Oinarrizko lehengaia larrua zen (harrapatutako animaliena), baina landare zuntzak ere (belarrak, lastoak, zuhaitz azala, hostoak) erabiltzen zituzten. Jantziak josi gabekoak ziren, eta botoirik ere ez zegoen oraindik; ondorioz, zatiak korapiloen bidez elkartzen zituzten. Ez dago oinetakoen aztarnarik, agian erabili ere ez zituztelako egingo.

Giza kokaguneak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har, atari zabalean eraikitako behin-behineko kanpalekuak izaten ziren. Asentamendu horiek erreketatik gertu egoten ziren; batzuetan, bertako terrazen gainean. Etxola apalek osatzen zuten kanpalekua: egitura adarrez eraikitzen zen, eta gainean larruzko estaldura ipini. Erdiko suaren inguruan ez zen hiruzpalau etxola baino gehiago egoten, taldeek batez beste 5-7 lagun izaten zituztelako oraindik. Kobazulo batzuk erabiltzen ziren, baina Euskal Herrian Lezetxikiko adibidea bakarrik ezagutzen dugu (eta berori zalantzazkoa da).[2]

Sakontzeko, irakurri: «Paleolitoa Gipuzkoan»
Lezetxikiko besahezurra, Euskal Herrian datatutako zaharrena, orain dela 164.000 urte ingurukoa[3]. Jesus Altunak aurkitu zuen 1964ko abuztuaren 20an, eta Joxe Migel Barandiaranek horrela jaso zuen bere egunerokoan: "20n eguna. Arratsaldean Donosti’ra Intxausti’tar Jokinen alaba batayatzera. Bitartean Lezetxiki’n nere lagunak gizaezur bat arkittu die, Moustier arokoa edo lenagokoa"[4].

Gipuzkoako populazio aurkitzea Behe eta Erdi Paleolitoan ez da erraza, baina susma daiteke Atapuercan aurkitu badira orain dela milioi bat urteko giza aztarnak, Gipuzkoako lurraldean ere egon zitezkeela hain arbaso urrunak, Homo heidelbergensis espeziekoak, adibidez[5]. Garai horretako Homo generoko arbasoak ehiztari-biltzaileak ziren, eta pentsatzekoa da eremu zabaletan mugitzen zirela. Europa eta Iberiar Penintsularen arteko pasabide naturala Gipuzkoa da, eta horrek jada mugimendu posibleen ideia bat ematen digu[6], garai horretako arrastorik aurkitu ez bada ere.

Gipuzkoan aurkitutako hezurrik zaharrena Lezetxikiko besahezurra da (Arrasate). 1964an aurkitu zuten, baina garaian egondako arazoak direla eta, zein bere testuinguruak dituen arazoengatik, oso zaila izan zen datatzen denbora luzez[7], eta oraindik eztabaida iturri da[5]. 1990ko hamarkadaren amaieran egindako indusketa berriek zein metodo berriekin egindako ikerketek lagundu dute sekuentzia osatzen eta orain dela 164.000 (±9.000) urteko datazioa eskaini dute[3]. Ezaugarri morfologikoak direla eta, neandertalena baino, Homo heidelbergensisen amaierako fosila dela proposatu dute[8][9].

Behe Paleolitoko aztarnategi asko ez dira aurkitu Gipuzkoan, baina XXI. mendean ugaritu dira garai horretako aztarnak. Hiru dira aurkitutako fokuak: Deba ibaian gora Lezetxiki (I eta II) eta Artazu (indusketa egin ostean harrobiak suntsitu zuena); Urola ibaian Loiola, Arnaileta[10], Astigarragako koba[11] eta, nabarmen Irikaitz; eta, azkenik, Jaizkibel inguruan J1 izeneko aztarnategia, kostan bertan zegoena[12]. Oria, Urumea eta Bidasoan gora ez dira aurkitu garai horretako aztarnategirik. Irikaitzekoa aztarnategi berezia da, leku ireki batean dagoelako, ibaitik gertu, eta industria litikoko milaka ale eman dituelako[13]. Industria litikoa acheuliarrarekin lotu dira bertako aurkikuntzak. Garai epelago batekoa da, ingurua batez ere haritzez inguratuta zegoen[14], eta tresnak egiteko erabilitako arroka gehienak ibaiak berak garraiatutakoak dira[15], nahiz eta badauden bitxiak diren batzuk, bulkanitakoak, adibidez[16]. Arrizabalagak eta Iriartek proposatu dute, ditugun elementuak kontuan hartuta, H. heidelbergensis ez zela Gipuzkoan modu egonkorrean bizi, baizik eta Europa eta Iberiar Penintsulako pasabidearen baitan erabiltzen zuela, eta Urola eta Debako bailaretako korridoreak erabili zituztela bide horretan[17].

Map
Gipuzkoako Behe Paleolitoko aztarnategiak. Egin klik zooma handitzeko.

Aztarnategiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrasateko Lezetxiki kobazuloan dagoen aztarnategia oso garrantzitsua da, batez ere, bertan aurkitu zirelako (VIII. mailan) Euskal Herrian ezagutzen ditugun giza hezurrik zaharrenak. Jose Migel Barandiaranek (1956-1968) eta A. Arrizabalagak (1996->) indusi zuten. Zestoako Irikaitz atari zabaleko kanpalekua da, estratigrafiaduna, eta ezaugarri horretatik datorkio bere garrantziaren zatirik handiena. A. Arrizabalagaren zuzendaritzapean indusi zen (1998->). Legutioko Urrunagako urtegia inguratzen duten terrazetan[18] harrizko tresnak berreskuratzen ari dira; horiek, seguru asko, Azken Acheul aldikoak izango dira. A. Saenz de Buruaga, J. Fernandez Eraso eta T. Urigoitiak eman dute aztarna horien berri, idatziz. Iruñaldean, Arga ibaiaren terrazetan, Nafarroako hiriburuaren inguruetan, hainbat harrizko tresna jaso eta ezagutzera eman zituen J. Garcia Gazolazek, 1991tik aurrera. Kronologikoki, seguru asko Erdi Acheul aldian kokatu behar ditugu aztarna horiek.

Beste hauek ere aztarnak eman dituzte: Higer 2, Manzanos, Aitzabal (Gasteiz hegoaldean dagoen muino bat da. Bertan aurpegibiko bat aurkitu zen, baina gaur egun ez dakigu non dagoen tresna hori) Murua, Gazolatz, Urbasa, Zuñiga, Irunberri, Lizarra, Aturri eta Errobi ibaiak, Donibane Lohizune, Baiona, Bidaxune. 1994an, Higer 2 edo Auspomendi izena eman zion aztarnategi berri bat deskribatu zuen Alvaro Arrizabalagak, eta bertan aurkitutako industria litikoa, aurpegibiko bat barne, Goi Acheulk aldiaren, Acheul aldi amaieraren (biak Behe Paleolitokoak) edo Mousteriar aldiaren (Erdi paleolitokoa) barruan sailkatu zuen.[19]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Baldeón Iñigo, Amelia. (1990). «El Paleolítico Inferior y Medio en el País Vasco: una aproximación en 1990» Munibe Antropologia - Arkeologia (42): 11–22. ISSN 1132-2217. (kontsulta data: 2025-02-15).
  2. «Historiaurrea Euskal Herrian - hiru» www.hiru.eus (kontsulta data: 2025-02-15).
  3. a b de-la-Rúa, Concepción; Altuna, Jesús; Hervella, Monserrat; Kinsley, Leslie; Grün, Rainer. (2016-04-01). «Direct U-series analysis of the Lezetxiki humerus reveals a Middle Pleistocene age for human remains in the Basque Country (northern Iberia)» Journal of Human Evolution 93: 109–119.  doi:10.1016/j.jhevol.2016.02.001. ISSN 0047-2484. (kontsulta data: 2025-03-20).
  4. Irekia. «Irekia - Lezetxikiko besahezurra, Euskadin aurkitu den giza hezurrik zaharrena» www.irekia.euskadi.eus (kontsulta data: 2025-03-20).
  5. a b Torregaray Pagola, Elena; Aragón Ruano, Álvaro. (2017). Gipuzkoako historiaren sintesia. Diputación Foral de Guipúzcoa = Gipuzkoako Foru Aldundia ISBN 978-84-7907-777-8. (kontsulta data: 2025-03-20).
  6. Arrizabalaga & Iriarte 2011, 74 orr. .
  7. Arrizabalaga & Iriarte 2011, 76-80 orr. .
  8. Arrizabalaga, Iriarte & 2011 p104.
  9. Aranzadi. «Lezetxiki, 150.000 urtetik gorako altxorra» Aranzadi (kontsulta data: 2025-03-20).
  10. (Ingelesez) Arrizabalaga, Alvaro; Rios-Garaizar, Joseba. (2012-12-01). «The First Human Occupation of the Basque Crossroads» Journal of World Prehistory 25 (3): 157–181.  doi:10.1007/s10963-012-9058-x. ISSN 1573-7802. (kontsulta data: 2025-03-20).
  11. Villaluenga Martínez, Aritza. (2013). La evaluación de los úrsidos en medios karsticos de la Cornisa Cantábrica. Universidad del País Vasco - Euskal Herriko Unibertsitatea (kontsulta data: 2025-03-20).
  12. Arrizabalaga & Iriarte 2011, 82-84 orr. .
  13. (Gaztelaniaz) Arrizabalaga, A.; Iriarte, M. J.. (2011). «Ocupaciones del Paleolítico inferior y superior en Irikaitz (Zestoa, País Vasco, España). Deconstrucción de un yacimiento arqueológico del Pleistoceno en el extremo oriental de la Región Cantábrica» Cuaternario y Geomorfología: 105–119. ISSN 2695-8589. (kontsulta data: 2025-03-20).
  14. (Ingelesez) A. Arrizabalaga; M. J. Iriarte; M. Ruiz Alonso. (2003). EL YACIMIENTO ARQUEOLÓGICO DE IRIKAITZ (ZESTOA, PAÍS VASCO). CONTEXTUALIZACIÓN ARQUEOBOTÁNICA Y EN EL MARCO DEL PALEOLÍTICO INFERIOR VASCO The archaeological site of Irikaitz (Zestoa, Basque Country). Archaeobotanical contextualization and in the Basque Lower Palaeolithic framework.  doi:10.13140/2.1.3506.0003. (kontsulta data: 2025-03-20).
  15. Arrizabalaga & Iriarte 2011, 98-100 orr. .
  16. Arrizabalaga, Alvaro; Tarriño, Andoni. (2010). Caracterización de los recursos líticos utilizados en el yacimiento paleolítico de Irikaitz (Zestoa, Gipuzkoa). Un nuevo recurso mineral: La vulcanita. , 91-97 or..
  17. Arrizabalaga & Iriarte 2011, 102 orr. .
  18. «‘Jatorria’, Bibatek hamar urte» Campusa (kontsulta data: 2025-02-15).
  19. (Gaztelaniaz) Arrizabalaga, Alvaro. (1994). «Hallazgo de un bifaz y otros restos líticos en el monte Jaizkibel (Hondarribia, Gipuzkoa)» Munibe Antropologia-Arkeologia 46: 023-031..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]