Behi montxina

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Wikipedia:Taxotaula bat irakurtzeko eraTaxotaula bat irakurtzeko era
Montxina
Status iucn3.1 CR eu.svg

Kontserbazio egoera: Arrisku larrian
Idisko bat Mena Haranean
Idisko bat Mena Haranean


Jatorrizko herrialdea(k):
 Euskal Herria  Espainia
( Kantabria  Gaztela eta Leon)

Sailkapen zientifikoa
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Mammalia
Ordena: Artiodactyla
Familia: Bovidae
Azpifamilia: Bobinae
Generoa: Bos
Espeziea: Bos taurus
Izen binomiala
Bos taurus
Linnaeus, 1758
Arraza

Montxina

Sinonimoak

Montesina

Montxina Euskal Herriko eta Kantabriako mendietan aspalditik bizi den bos taurus espeziearen basa-behiaren arraza da[1]. Burgosko iparraldean ere ikus daiteke zenbait ale.

Arraza hau Ason-Aguera eskualdea, Enkarterri[2], Mena Harana[3] eta Aiaraldeko[4] mugen lotunean du jatorria. 250 kiloko pisua eta ilaje gorrixka eta gaztaina-kolorekoa izatea ez ezik bere bihurrikeria ere (mendian basati hezten dituztelako) bere ezaugarri nabarmenak dira.

Behi hauen izaera dela eta, montxinak bertako zezenketetan eta zezen-joko ezberdinetan erabiliak izan dira.

Kanpotik erakarritako arrazez gain, bertoko haragi-behi arraza bik bere garapena zanpatu dute, ekialdetik Piriniar behiak eta Kantabria aldetik Tudanka behiak. Montxina arrazakoak behi landatar eta basotarrak dira, eta gorputzez ez oso handiak. Itxura orokorra bizkorra, bizia eta harmonikoa dute.

Behi montxinak gobernatzeko ohikoa izan da billano arrazako zakurrak erabiltzea, horregatik bertako bi arraza hauek oso lotuta agertzen dira.

Izaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abelzaintza estentsiboaren bidez hezitako animaliak, basati edo sasibasati bizi dira zuhaiztiak eta bazkalekuak dituzten mendi malkartsuetan. Hortaz bere izaera mendirakoi eta izuti da. Izaera hori hain da nabaria ezen Enkarterriko hizkeran pertsona bat zakarra dela adierazteko monchina adjetiboa erabiltzen duten[5].

Neguan toki ireki, zabal eta eguzkitsuak nahiago dituzte, eta udan inguru ospelak bilatzen dituzte (basoak eta trokak).

Hezigabeko aberea izanik, eraso eta oldartzen da[6]. Hori dela eta, bere eremuan betidanik erabili dituzte herriko jaietako zezenketetan[7]. Enkarterriko hainbat herritako, tartean Turtziozen edo Karrantzan, zezen plazetan zezenak baino montxinak erabili dituzte.

Izaera honek abeltzaineen gobernatze eta harrapaketa zaildu dituenez, hauek Enkarterriko billano txakur arraza erabili dute.

Ezaugarri morfologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1999ko uztailaren 21ean, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza sailak montxina behi-arrazari buruzko arau bereziak onartzen zituen agindua argitaratu zuen. Hona hemen aginduak ezarri zituen ezaugarri morfologikoak[8]:

Burua eta lepoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

a) Burua: arren burua taxu eta neurrikoa da, sendoa, itxura dotorekoa; lepagaina garai samarra da, eta kalpatsak are nabarmenago egiten du berezitasun hori. Emeen burua, berriz, luzeago eta estuagoa da (dolikozefaloa); lepagaina markatuxea da, eta kalpatsa dute, arrena baino urriagoa.

  • Bekokia: zuzena eta laburra.
  • Aurpegia: luzanga da, gero eta estuagoa muturrera jaitsi ahala. Muturra zabaldu egiten da, eta, horri esker, sudur-zuloak nahiko handiak dira. Ezpainak lodiak dira, eta begiak biziak, almendra-itxurakoak eta lapranak.
  • Belarriak: ertainak eta mugikorrak dira.
  • Adarrak: txiki samarrak dira, parentesi-itxurakoak eta sekzio zirkularrekoak. Hasieran alboetara egiten dute, eta gero aurrera eta gora.

b) Lepoa: arrena laburra, mardula eta sendoa da, enborrari ondo lotua. Emeena luzeagoa eta meheagoa da.

  • Lepapea: txikia da, eta lerro etena osatzen du.

Gorputza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Soinkurutzea: arrena ez da oso nabarmena; emeena, berriz, meheagoa eta nabarmenagoa da.
  • Bizkarra: labur samarra da, eta bizkar eta gerriko lerroa zuzena da. Gora egiten du apur bat, soinkurutzerantz. Giharrak ondo garatuta daude.
  • Gerruntzea: estua baina gihartsua.
  • Bularra: arrek zabala eta sakona dute, atzeko herena baino handiagoa; emeengan, berriz, proportzioa kontrakoa da. Bularrezurreko gila ez da oso zabala; edonola ere, nahiko nabarmena da emeengan, eta gutxixeago arrengan.
  • Enborra: estu samarra da, eta saihetsaldeak luzera ertainekoak dira, lapranak arrengan eta gakotuxeak, batez ere emeengan. Mehakak oso zabalak dira, eta oso markatuak. Sabelaldea bildu samarra da arrengan, eta irtenagoa emeengan.
  • Zerra: labur samarra eta estua dute, eta errainezurra nabarmena, angelutsua; zabala da ilionen artean, eta estua iskionen artean. Nahiko zuzena da.
  • Errapeak: nahiko txikiak dira, eta sorburua ere txikia dute, baina sabelari ondo lotuta daude. Eite onekoak dira. Erroak simetrikoak dira, ondo garatuak.
  • Barrabilak eta eskrotoa: ondo garatuak eta simetrikoak.
  • Buztana: goitik sortzen da, eta gakotu samarra da maslo aldean.

Gorputz-adarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

a) Aurreko gorputz-adarrak:

  • Sorbalda: gihartsua eta triangelu itxurakoa. Luzera ertainekoa da, eta nahiko zuzena.
  • Besoa eta besaurrea: gihartsuak dira, eta sorbaldarekin angelu zuzena egiten du lehenak eta perpendikularra bigarrenak.
  • Belauna: eite onekoa eta sendoa.
  • Kanaberak: zapalak dira alboetan, eta tendoiak markatuta daude.
  • Hazkoskorra eta trabatokia: eite onekoak eta ondo jarriak.
  • Apatxak: txikiak baina gogorrak, sendoak, uniformeak eta leunak.

b) Atzeko gorputz-adarrak:

  • Izterra: ertaina, lerrozuzena, estua eta ez oso gihartsua.
  • Ipurmasaila: zuzena eta tamaina ertainekoa
  • Belaunburu edo eseki-lekuak: handiak, zimelak eta sendoak.
  • Hanka-jarrera: egokiak. Horrek ibilera arina eta airosa ematen dio.

Kolorea, larrua, ilea eta mukosak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Kolorea: gaztain-gorria ("itsas gorria" ere izan daiteke), ilungune zentrifugoekin (zabalagoak arrengan), aurpegi ilunkarak osatuz. Eraztun beltza daukate begien inguruan, eta ilunguneak dituzte belaunean eta belaunaren aurreko aldean. Adar-muturrak, apatxak eta buztanaren mototsa beltzak dira beti. Bestetik, aho argia dute, eta zurigune edo dekolorazio txiki batzuk eduki ditzakete bekokiaren goiko aldean. Kalpatsaren kolorea eta aurpegiarena ezberdinak izaten dira. Eskrotoa kolore argikoa da, eta orban bat dauka beheko muturrean (kupula). Errapeak kolorgeak dira. Beste kolore-mota bat onartzen da: marraduna edo tigre-itxurakoa.
  • Mukosak: beltzak.
  • Larrua: lodia eta sendoa, denbora gehiena aire zabalean ematen duten animalia basotarrei dagokien legez.
  • Ilea: lakar eta luzea, meheagoa istape, axila eta perineoan. Alde handiagoa dago urte-sasoi batetik bestera; udan laburragoa, finagoa eta distiratsuagoa da. Hirtsutismo handia dute, hotzetik babesteko. Belarrien ertzetan ile luze argiak dituzte, ilunago batzuekin tartekaturik, sarrera estaltzen dutelarik.

Iraute egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian azken urteotan arraza honen zentsua era kezkagarrian gutxitzen ari da, Bizkaian animalien kopurua hutsaren hurrengoa izanik. Bere bizirik irautea egoera kritikoan dago, batzuek 90 eme baino ez daudelako esaten dute[9], besteek berriz, guztira, 308 direla[7]. Hala ere, arraza mantentzeko zenbait ekimen garatu dituzte, adibidez Markinan urriaren bigarren larunbatean burutzen den Euskal Herriko Arrazen Erakusketa.

Kantabrian ere plangintza berezi bat abiatu dute arraza babesteko.

Arraza bereziki Burgosko probintzian hedatuta dago. Uste da, danera, 450 abelburu baino ez direla geratzen, eta gainera denak ez dira arraza garbikoak[10]. Hainbat ekimen garatu dute arraza sustatzeko, esate baterako Villasana de Menako txapelketa morfologikoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Gonzalez Angulo, Patxi (1991), Contribución al estudio de poblaciones vacunas marginales en las provincias de Álava y Vizcaya: Agrupaciones bovinas Monchina y Terreña .
  2.   «Pottokak eta montxina behiak azokan», Berria, 2009-04-30, http://paperekoa.berria.info/tartea/2009-04-30/052/904/asteburuko_proposamenak_pottokak_eta_montxina_behiak_azokan.htm .
  3.   CENSYRA, Razas autóctonas bovinas, Gaztela eta Leongo Junta, http://www.censyraleon.com/paginas/inseminacion/autocBovino.pdf .
  4.   Arabako Foru Aldundia, 50/2005 Foru Dekretua, abuztuaren 2ko Diputatuen Kontseiluak emana. Honen bidez, laguntza lerroak onartzen dira ingurumenaren eskakizunekin eta Arabako baliabide naturalak kontserbatzearekin bateragarriak diren nekazaritzako ekoizpen metodoak sustatzearren, http://web.alava.net/botha/Boletines/2005/098/2005_098_05477.pdf .
  5.   Glaria García, Carlos (2003), Muskiz: Historia y Toponimia de un Concejo del Valle de Somorrostro, Muskizko Udala, Muskiz, ISBN 811.361.373.21 .
  6.   «Ardi mutur beltz eta zuriak», Argia, 2002-05-19, http://www.argia.com/argia-astekaria/1854/ardi-mutur-beltz-eta-zuriak .
  7. a b   Llamas, Sergio (2007-05-02), «Investigan el ADN de la vaca monchina para garantizar la pureza de la raza», El Correo, http://www.elcorreo.com/vizcaya/prensa/20070502/vizcaya/investigan-vaca-monchina-para_20070502.html .
  8.   Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Saila (1999-07-21), Agindua, zeinaren bitartez montxina behi-arrazari buruzko arau bereziak onartzen baitira, EHAA, http://www.euskadi.net/cgi-bin_k54/bopv_20?C&F=19990810&A=199903491 .
  9.   Gómez, Mariano, Behi azienda arrazak: Montxina behi azienda, www.nekanet.net, http://www.nekanet.net/razas/monchina_e.htm .
  10. http://www.censyraleon.com/paginas/inseminacion/autocBovino.pdf

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Behigorri, behiak euskal mitologian sakontzeko.

Kanpoko loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]