Belar gurdia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Belar gurdia
John Constable The Hay Wain.jpg
Egilea John Constable
Sorrera 1821
Kokalekua National Gallery
Materiala olioa oihal gainean
Neurriak 130 × 185 cm

Belar gurdia (ingelesez, The Hay Wain) John Constablek 1821ean egindako margolana da.

Egun ospe handiko margolana izan arren, Ingalaterrako Errege Akademian 1821ean estreinako aldiz erakutsi zenean, ezin izan zuen eroslerik topatu. Frantzian harrera beroagoa izan zuen, Théodore Géricaultek goraipatu baitzuen.

Nolakoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Stour ibaiaren ondoan dagoen errota bat atzean duela, gurdi bat ageri da konposizioaren erdian. Izena gorabehera, gurdi zahar hori hutsik dago. Bi pertsonak daramate, ibaiaren erdian. Atzean, belar soroak daude, argi epelaren azpian.

Nola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikusi bezalakoak irudikatzen zituen paisaiak Constablek, xume eta xalo, idealizaziorik egin gabe. Natura haietan, gizakiak, animaliak eta paisaiak harmoniatsu bizi dira. Constableren beste lanetan bezala, zeruaren eta argiaren akabera da goraipatzekoa. Hemengo honetan, Ingalaterrako zeru tipikoa dugu, hodeiez estalia baina atertu berria.

Koadroa hobeki egitearren, Constablek aire zabalean hainbat estudio egin zituen lehenago, margolan hau osatzen duten elementuak banan-banan aztertzeko. Estudio horietan pintzelkada arin-arina da, geroago inpresionistek eginen zuten bezalakoa. Edonola ere, azken bertsiorako, Constablek pintzelkada klasikoa erabili zuen, Arte Ederretako Akademiak agindutako printzipioei jarraituta.