Belatxiki arrunt
| Belatxiki arrunt | |
|---|---|
| Sailkapen zientifikoa | |
| Klasea | Aves |
| Ordena | Passeriformes |
| Familia | Corvidae |
| Generoa | Coloeus |
| Espeziea | Coloeus monedula (Linnaeus, 1758)[1]
|
| Banaketa mapa | |
| Datu orokorrak | |
| Zabalera | 0,65 m |
| Kumaldiaren tamaina | 4 |
| Errute denbora | 20 egun |

Belatxiki arrunta[2] (Coloeus monedula, lehenago Corvus monedula) corvidae familiako eta passeriformes ordenako hegaztia da. Europako korbido beltz txikiena da (34-39 cm luze). Lumadi beltz edo gris iluna du, eta garondoa, lepoa eta masailak gris argiak. Helduek iris gris-urdinxka dute. Hots ohikoena txiak-txiak edo kak-kak metaliko eta karrankaria da[3].
Belatxikiak oso banaketa zabala du: Afrikako ipar-mendebaldea, ia Europa osoa, Iran, Indiako ipar-mendebaldea eta Siberia. Populazio gehienak sedentarioak badira ere, ipar eta ekialdekoak migratzaileagoak dira. Oso bizileku desberdinetan ikus daiteke: zuhaiztun estepa, nekazaritza-eremu, larre, itsaslabar eta herrietan. Euskal Herrian, isurialde mediterraneoan bizi da.
Elikadura: ornogabeak (intsektu heldu eta larbak, barraskiloak, armiarmak), karraskari txikiak, arrautzak, txitak, haziak, zerealak, fruituak eta haratustela (errepideetan hildako animaliak batez ere)[4].
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lumaje beltza duen korbidoa da, lepoa eta garondoa izan ezik, grisak baitira. Begien irisa gris-urdinxka da, oso deigarria. Uso baten tamainakoa gutxi gorabehera, 32 cm luze dituela.
Bi sexuak kolorez berdinak dira, eta beste edozein espezietatik erraz bereiz daitezke haien lepoari erreparatuz gero. Beste korbido beltz ezagunetatik (belabeltza edo erroi handia, adibidez) erraz bereizten da txikiagoa izateagatik. Urrutitik, belatxingen antza du, baina ahotsa eta silueta desberdinak dira.[5]
Biologia eta ohiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Belabeltzak eta belatxingak baino askoz gutxiago planeatzen du, hau da, sarriago astintzen ditu hegoak, planeatze batzuekin tartekatuta. Batzuetan, goranzko korronte termikoak aprobetxatuta hegaldatzen da.
Ahots bereizgarria du, belatxinga mokogorriaren soinu batzuk gogora ekar ditzakeena. Asaldatuta dagoenean, dei ozen bat igortzen du etengabe.
Orojalea da; ia denetarik jaten du, nahiz eta funtsean alez eta haziz elikatzen den urte osoan. Basoko fruituak eta landatutako fruituak, intsektuak, larbak eta beste ornogabe batzuk jaten ditu, hala nola anelidoak eta miriapodoak. Batzuetan, ugaztun txikiak eta beste hegazti batzuen arrautzak ere bai. Eta zabortegietara ere joaten da hondakinen bila.
Mota guztietako zuloetan egiten du habia, labarretako kobazulotxoetan, zubietako erlaitzetan, dorreetan edo elizetan, zuhaitz-enborretako zuloetan etab. Kolonietan ugaltzen da. Habia adartxoz eraikitzen dute arrak eta emeak batera, eta barrualdea artilez edo ilez estaltzen dute. Errunaldia 4 eta 6 arrautza artean osatuta egoten da; apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran hasten da. Arrautzak emeak bakarrik inkubatzen ditu, 18 egunez; horren ostean, txitak jaiotzen dira eta, habian beste 30 egun igaro ondoren, hegan egiten dute. Beste hamabost egunez koloniaren inguruan geratzen dira.
Belatxikia, korbido gehienak bezala, soziala da eta kolonietan biltzen da, bai ugaltzeko, bai lo egiteko, jateko eta gainerako jarduerak egiteko; askotan beste korbido batzuekin biltzen dira, belabeltzekin eta ipar-beleekin, bai lotokietan, bai elikatzen diren soro edo lurretan. Orokorrean, portaera sozial oso landua dute, eta horixe da haien biologiaren alderdirik interesgarriena. Taldekideen arteko harreman korapilotsuak, gazteen ikasketa-prozesu luzeak, arriskuarekiko duten erreakzioak eta komunitateko bizitzan dagoen hierarkia oso korapilotsuak dira eta korbidoen “adimenaz” berriro pentsatzera garamatza.
Banaketa, habitata eta egoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mota guztietako biotopo ireki edo erdi-irekietara egokitzen da. Kareharrizko labarretan, ibaien gaineko hareazko maldetan, parkeetan, lorategietan, ibar-basoetan eta zumardietan, baso mehaztuetan, dorreetan eta hondakinetan eta herri eta hirietako eraikinetan.
Moldagarritasun handi horrek, elikadura-aukera zabal eta askotarikoak eta etsai naturalen eskasiak (harrapariak adibidez), hedadura handia duen hegaztia bihurtu dute, eta azken urteotan hiri askotan zabaldu da. Gaur egun Asia osoa, Afrika iparraldea eta Europaren zati handiena okupatzen du, mendilerro garai batzuk eta Eskandinavia iparraldea izan ezik. Iberiar penintsulan ere ugaria da, Kantauriko zerrendan salbu, eta sedentarioa da[6].
Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskualde mediterraneoko espeziea da. Gipuzkoan eta Bizkaian ez dago. Araban, kolonia bakarra geratzen da, Gasteiz hirian (30 bikote inguru)[7]. Populazio horren geroa kolokan dago, isolamenduak endogamia-arazoak sortu ohi dituelako.
Nafarroan, bi eratako populazioak daude: hiritarrak (Iruñea hiriburuan), eta nekazaritza-eremukoak, hegoaldeko eskualdean..
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) IOC Master List
- ↑ Euskal Batzorde Ornitologikoa. (2025). «Belatxiki arrunt» Munduko hegaztien izen arruntak euskaraz (Txoriak.eus).
- ↑ Mullarney, Killian; Svensson, Lars; Zetterstrom, Dan; Grant, Peter (1999). Collins Bird Guide. Collins. p. 335. ISBN 0002197286
- ↑ J. D. Lockie "The Food and Feeding Behaviour of the Jackdaw, Rook and Carrion Crow." The Journal of Animal Ecology. 25:2 (Nov., 1956), pp. 421-428
- ↑ (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi,. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 294 or. ISBN 84-7542-639-5..
- ↑ (Gaztelaniaz) Grajilla occidental (SEO BirdLife). .
- ↑ (Gaztelaniaz) La grajilla occidental (Coloeus monedula) en el área urbana de Vitoria-Gasteiz durante la época de reproducción. Gasteiz.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- World Bird Names
- Euskadiko hegazti habiagileen atlasa
- https://www.researchgate.net/publication/374536250_Tamano_poblacional_invernal_de_la_grajilla_occidental_en_el_Alto_Ebro_Euskadi_Navarra_y_La_Rioja
- https://alea.eus/araba/1452258076308-dena-ez-da-zozo-edo-mika
- https://alea.eus/komunitatea/martin-rezola/1470825180032-tirorik-ez-belatxikiari
- https://alea.eus/gasteiz/1689936269772-belatxikia-babeslekua-hegaztiak-gasteiz