Belgika

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Belgikako Erresuma
Koninkrijk België
Royaume de Belgique
Königreich Belgien
Bandera Armarria
Goiburua: nl: Eendracht maakt macht
fr: L'union fait la force
de: Einigkeit gibt Stärke

(“Batasuna da indarra”)
Ereserkia: La Brabançonne
Hiriburua
eta hiri handiena
Brusela
Hizkuntza ofiziala(k) nederlandera, frantsesa, alemana
Herritarra belgikar[1]
Gobernua Monarkia konstituzionala
 -  Erregea Filipe I.a
 -  Lehen ministroa Charles Michel (jardunean)
Independentzia Herbehereetatik
 -  Adierazia 1830eko urriak 4 
 -  Onartua 1839ko apirilak 19 
Azalera
 -  Guztira 30,528 km2 (136.)
 -  Ura (%) 6,4
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2018[2]) 11.358.357 (79.)
 -  Dentsitatea 370 bizt./km2 (36.)
Dirua Euroa (€) (EUR)
Ordu-eremua CET (UTC+1)
 -  Udan (DST)  (UTC+2)
Aurrezenbakia +32
ISO 3166 kodea BE
Internet domeinua .be

Belgika[1] (nederlanderaz: België, frantsesez: Belgique, alemanez: Belgien), izen ofiziala Belgikako Erresuma, mendebaldeko Europako estatu burujabea da. Iparraldean Herbehereak ditu, Alemania ekialdean, Luxenburgo hego-ekialdean, Frantzia hego-mendebaldean, eta Ipar itsasoa ipar-mendebaldean. 30.528 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 11,4 milioi biztanle zituen 2018an.[2] Brusela da hiriburua eta hiri nagusia.

Monarkia konstituzional federala da. Bi eskualde nagusik osatzen dute: Valonia frantsesduna hegoaldean, eta Flandria nederlanderaduna iparraldean, tartean Bruselako eskualdea dagoela. Hizkuntza ofizialak nederlandera, frantsesa eta alemana dira, eta katolizismoa da erlijio nagusia.

1830. urtean lortu zuen burujabetasuna, Herbehereetatik bereizita erlijioa aitzakia harturik. Lehen Mundu Gerran eta Bigarren Mundu Gerran alemanen mendean egon zen. Harrezkero, eta bere txikitasunean, herrialde moderno eta teknologian aurreratua bilakatu da, Europar Batasunaren barruan. Azkeneko urteotan, krisi ekonomikoak, flandriarren eta waloniarren arteko tirabirak, eta eskuin muturraren gorakadak kinka larrian jarri dute herrialdearen barne egoera eta izatea bera.

Belgikako ekonomian, garrantzi handikoak dira industria (elikagaiak, siderurgia, ehungintza) eta, batez ere, zerbitzuak. Hartara, zerbitzuek ematen dute Belgikako barne produktu gordinaren % 77,2, industriak % 22,1 eta nekazaritzak % 0,7 (2017).[3]

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belgika Europako ipar-mendebaldean dago, ipar latitudeko 49°30 eta 51°30 artean, eta ekialde longitudeko 2°33 eta 6°24 artean. Iparraldean 478 kilometroko muga du Herbehereekin; ekialdean 133 kilometrokoa Alemaniarekin; hego-ekialdean 130 kilometrokoa Luxenburgorekin; eta hegoaldean eta hego-mendebaldean 556 kilometrokoa Frantziarekin. Ipar-mendebaldean Ipar itsasoa du (66,5 kilometroko itsasertza).[3]

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru alde nagusi bereizten dira: itsasaldeko lautada, erdialdeko goi-ordokia eta, hegoaldean, Ardenetako mendigunea. Itsasaldeko lautada duna eta polderrez osaturik dago. Azken hauek, dike eta ubideen bidez Ipar Itsasoari irabazitako eremuak dira. Erdialdeko goi-ordokiak 100 eta 200 metro arteko garaiera du; haran emankorrak dira, ibai ugarik zeharkatutakoak. Ipar-ekialdean Campineko zabaldi hareatsua dago. Ardenetako muinoak eta goi-ordokiak malkartsuagoak dira, eta baso trinkoz estalirik daude; haitzulo eta arroila txikiak ere daude. Mendebaldean Frantzian ere sartzen da mendigune hori, eta ekialdean Alemaniako Eifel mendiekin loturik dago, Hautes Fagnes goi-ordokiaren bitartez. Bertan dago herrialdeko mendirik garaiena: Signal de Botrange (694 metro)

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru dira ibai nagusiak: Eskalda (350 km luze, horietako 200 km Belgikan), Mosa (925 km luze, 183 km Belgikan) eta Yser (78 km luze, 50 km Belgikan). Hiruek Frantzian dute iturburua, eta Ipar Itsasora isurtzen dira. Ubide nabigagarri garrantzitsuak dira Brusela-Eskalda, Brusela-Charleroi, Erdialdeko kanala (Mosa-Eskalda) eta Albert kanala (Anberes-Lieja).

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima ozeanikoa da oro har, Cfb Köppen klima sailkapenaren arabera, gogorragoa mendialdean. Herrialdearen erdialdean, Bruselaren ondoan, dagoen Uccleko estazioan 10,4 gradukoa da urteko batez besteko tenperatura; urtarrila da hilerik hotzena (3,3 °C) eta uztaila beroena (18,4 °C). Urteko prezipitazioak 852 mm ingurukoak dira, ongi banatuak urte osoan: handienak abuztuan (79,3 mm), txikienak apirilean (51,3 mm).[4]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Independentzia aurreko Belgika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K. a. 57an, Julio Zesarrek Galiaren ipar-mendebaldea konkistatu zuen; bertan belgae izeneko herri zelta bizi zen. K. a. 22an, Zesar Augustok Galia Belgika erromatar probintzia sortu zuen, Sena eta Rhin ibaien artean; Durocortorum Remorum (egun Reims, Frantzia) zen hiriburua.[5] Erromatarrek galtzada garrantzitsuak eraiki zituzten probintzian zehar, hala nola Boulogne-Kolonia eta Reims-Treveris artekoak, eta latina bilakatu zen administrazioaren hizkuntza. Kristautasuna IV. mendearen hasieratik aurrera hedatu zen; Tongres izan zen lehenbiziko apezpikutegia.[6] IV. eta V. mendeetako migrazioetan, frankoak kokatu ziren eskualde hartan, eta bertan eratu zuten lehenbiziko erresuma frankoa. Txilderikok Tournain ezarri zuen hiriburua; haren seme Klovis I.ak bataioa hartu zuen 496 aldean, eta Parisera lekualdatu zuen gortea.[7]

843an sinatutako, Verdungo Hitzarmenaren arabera, Luis Errukitsuaren hiru semeen artean banatu zen Karolingiar Inperioa. Egungo Belgikaren lurraldeei dagokienez, Lotario I.ak jaso zituen Eskalda eta Rhinen arteko lurrak (Lotaringia), eta Karlos Burusoilak Flandria. 923ean, Lotaringia Ekialdeko Frantziari lotu zitzaion. XI. eta XII. mendeetan, lurraldea zenbait konderri eta jaurerri feudaletan banaturik zegoen: Flandriako, Namurko, Hainauteko, Luxenburgoko eta Loongo konderriak, Brabanteko eta Linburgoko dukerriak eta Liejako Printzerria. Flandria Frantziako Erresumaren parte zen, eta gainerako lurraldeak Germaniako Erromatar Inperio Santuaren mende zeuden.[8]

X. mendetik aurrera, merkataritza bideak sendotuz joan ziren. Haien ondoan hiri berriak sortu eta zaharrak suspertu ziren. Urteko feriek garrantzi handia hartu zuten. XII. mendetik hara, produktu batzuk kanpora saltzen hasi ziren, hala nola Flandesko ehunak eta Valoniako metalurgia-lanak. Hiri batzuek, Gantek, Brujasek eta Ypresek adibidez, hiri gutuna eskuratu zuten. Zistertar abadia ugari eraiki ziren urte horietan: Orval (1132), Ten Duinen (1139), Villers (1146), Aulne (1147), Ter Doest (1174), Val-Saint-Lambert (1191). XIV. mendea izan zen Flandesko hirien garairik oparoena. Bertan ekoitzitako oihalak ontziz eramaten ziren Baltikorantz, Hansaren portuen bitartez. Leku estrategikoan kokatua, finatza gune garrantzitsu bihurtu zen Brujas, eta bertako portuak berealdiko ontzi-trafikoa zeukan.[8]

XIV-XV. mendeetan, Borgoinako dukeen esku gelditu ziren egungo Belgikako lurralde guztiak, Liejako eta Stavelot-Malmedyko printzerriak eta Tournai izan ezik. Frantzia eta Inperio Santuaren artean estatu indartsu bat eratzea zen haien asmoa. Urte horietan, 1400-1450 bitartean batez ere, ekonomia, kultura eta arte loraldia gertatu zen Borgoinar Herbehereetan. Filipe Onberak gauzatu zuen lurralde horien guztien bateratze administratiboa. Hiri handiek, ordea, beren autonomia gorde nahi izan zuten, politika zentralista horren aurka. XV. mendearen amaieran, Brujasen gainbehera hasi zen, eta Anberes bilakatu zen Flandesko merkataritza-hiri nagusi.[8]

1477an amaitu zen Borgoinar Herbehereen independentzia, Maria Borgoinakoa Maximiliano I.a Habsburgokoarekin ezkondu zenean. Maria eta Maximilianoren iloba Karlos Habsburgokoak oinordetu zituen lurralde horiek, Espainiako Koroa eta Inperio Santuarekin batera. 1521ean Tournai eta egungo Herbehereetako probintzia batzuk ere bereganatu zituen. Eskuratu berriko eskualde horiek eta Borgoinar Herbehereek osatutako estatu multzoari Espainiar Herbehereak (edo Hamazazpi probintziak) izena ematen zaio. Hura zen Europan kapitalismoak indar gehien zuen herrialdeetako bat, eta Pizkundearekin eta Humanismoarekin loturiko arteak eta ideiek zabalkunde gehien izan zutenetakoa. Hura zen, beraz, Erreforma Protestantea errotzeko gune egokienetako bat.[9] Karlos Habsburgokoak aurre egin bazion ere, kalbinismoa azkar hedatu zuen Espainiar Herbehereetako iparraldean.[8]

Filipe II.a Espainiakoa izan zen Karlos Habsburgokoaren oinordekoa. Hamazazpi probintzietako nobleziak ez zuen gogo onez hartu haren jatorri atzerritarra, ezta haren nagusikeria ere. Protestanteen aurka Filipek abiarazi zuen politika bortitzak haserrea areagotu zuen. 1568an espainiarren aurkako matxinada piztu zen, Gilen Isila buru zela. Hasieran espainiarrak nagusitu baziren ere, iparraldeko probintziek borrokari eutsi zioten, eta Zazpi Herbehere Batuen Errepublika independentea (Probintzia Batuak ere deitua) eratu zuten 1581ean. Hegoaldeko hamar probintziak (ipar-mendebaldeko Frantzia, egungo Belgika, Liejako probintzia izan ezik, eta Luxenburgo) Espainiako Koroaren mendean geratu ziren. Horiek horrela, hegoaldeko probintzietako herritar ugari erbesteratu egin zen Zazpi Probintzietara edo beste herrialde batzuetara.[8]

XVII. mendean Espainiak etengabeko gerrak izan zituen, bai Frantziaren aurka, bai Probintzia Batuen aurka. Horren ondorioz, Hegoaldeko Herbehereak guduzelai bilakatu ziren, eta herrialdea suntsiturik geratu zen. Miseria garaia izan zen, artean Inperio Santuaren mende zegoen Liejako Printzerrian izan ezik. Gudu horietan Zeelandako Flandria, Ipar Brabante eta Maastricht aldea konkistatu zituzten Probintzia Batuek, eta Artois, Frantziar Flandria eta Hainauteko hegoaldea bereganatu zituen Frantziak.[8] 1714an, Espainiako Ondorengotza Gerraren ostean, Habsburgotar monarkiak eskuratu zituen Hegoaldeko Herbehereak; handik aurrera, Austriar Herbehereak izena eman zitzaien. 1794an, Frantziako Iraultzako Gerretan, Frantziako Errepublikak beretu zituen; frantsesen nagusitasuna 1815ean amaitu zen, Napoleon erabat azpiratua izan zenean.[10]

Independentzia ondoko Belgika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1815ean, Herbehereetako Erresuma Batua sortu zuten Napoleonen aurkako aliatuek, egungo Herbehereak, Belgika eta Luxenburgo hartzen zituena, eta Gilen Orangekoa ezarri zuten errege. Belgikako 1830: Brusela Gilermo I.aren aurka matxinatu egin zen eta Herbehereetako erresumako probintzia belgikarrek independentzia aldarrikatu zuten. 1830ean, hegoaldeko valoniar eta flandriar katolikoak matxinatu (Belgikako Iraultza) eta Gilen I.ak Belgikaren independentzia onartu behar izan zuen. Monarkia konstituzionala ezarri zen, Leopoldo I.a errege zela.

Bi Mundu gerretan neutral izateko ahalegina egin zuen baina Alemaniak eraso zion bietan. 1951n Leopoldo III.ak nazien aldeko jarrera erakutsi zuela eta, Balduino semearen alde abdikatu zuen. 1945ean NBEn, 1948an Benelux elkartean eta 1949an NATOn sartu zen. `

1960an burujabetasuna onartu behar izan zion Belgikar Kongo edo Zaireri (1908an eskuratutako lurraldea; gaur egun Kongoko Errepublika Demokratikoa).

1991ko hauteskundeetan, Vlaams Blok alderdiak (Flandriar Blokea, atzerritarrak kanporatzea aldarrikatzen zuen talde xenofobo bat) sei aldiz halakotu zuen legebiltzarkideen kopurua Parlamentuan. Eskuin muturraren gorakada zela, batetik, eta ekologistena, bestetik, lehen ministroak kargua utzi zuen. Lau hilabete geroago, 1992an, Jean-Luc Dehaenek hartu zuen kargua, demokratakristauen eta sozialisten koalizo gobernu baten buru.

1990. urteaz gero Belgikak garrantzi handiko papera bete zuen Europako erakundeetan, eta Europar Batasunaren lehendakaritza lortu zuen 1993ko bigarren erdian. Urte hartan bertan garrantzi handiko bi gertaera izan ziren: Belgika estatu federal bilakatu zen, hiru eskualde edo estaturekin, eta Balduin I.a erregea hil zen. Haren anaia Alberto II.ak hartu zuen erregetza. Bestalde, langabezia tasa inoiz baino handiagoa zen (% 14,1). Dehaenek langabeziari aurre egiteko plana prestatu zuen sindikatuekin; 1994ko maiatzean langabezia tasa % 9,8 zen. Alderdi sozialistako hiru ministrok kargua utzi zuten ustelkeriaz akusaturik.

1994an agerian geratu zen jendearen mesfidantza gobernu koalizioarekiko: ekaineko Europarako hauteskundeetan eta urriko udal hauteskundeetan sozialistek botoak galdu zituzten, eta bien bitartean Vlaams Blok Anberesko bigarren alderdia izatera iritsi zen.

1995eko maiatzaren 21ean egin ziren Belgikako estatu federaleko legebiltzarrerako lehenengo hauteskundeak. Boto emaileek, diputatuez gainera, Brusela, Flandria eta Valoniako hiru biltzar berrietako 75 kideak hautatu zituzten. Dehaenek aise irabazi zuen hauteskunde nazionaletan, eta gobernuburu izendatu zuten ostera.

1996an Vlaams Bloken presioak eta eskandalu larri batzuek zalantzan jarri zuten Belgikako estatuaren izatea bera. Marc Dutroux kasuaren ikerketak, pedofiliako akusazioaren pean, kinka larrian jarri zituen sistema politikoa, poliziala eta judiziala, frogatuta geratu baitzen haien gaitasunik eza, elkarren lehia eta bezerokeria. Urte hartan bertan, Guy Coeme, lehendakariorde ohia eta Defentsako ministroa, espetxean sartu zuten alderdi sozialistako beste zazpi agintarirekin batera iruzur, engainu eta ustelkeriaz akusatuta.

1996ko ekainean, Vlaams Blok alderdiko kide eta Europako parlamentuko diputatu Fran Van Heckek, Belgikaren zatitzea Bruselan gauzatzeko asmoa azaldu zuen. Vlaams Blokek Flandria Herbehereekin lotzea proposatzen du. Giza eskubideen aldeko elkarteek xenofobiaren gorakada salatu zuten 1997an, poliziak Said Charmi droga trafikatzailea balaz josita hil zuelako. Lekuko batzuen arabera poliziak hilarazi zuen. Hil horretan bertan egindako inkesta baten arabera, belgikar frankofonoen % 74 ez dator bat Belgikako gizartearen helburuekin. Azken urteetan, liskar handiak izan dira bi belgikar komunitateen artean: hainbat gobernuk behin eta berriz eman behar izan du dimisioa, batzuen eta besteen interesak adostu ezinez, eta estatuaren beraren batasuna kolokan jarri izan da sektore askotatik.

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belgika monarkia konstituzionala, ordezkaritzazkoa eta hereditarioa da. Belgikako konstituzioa 1831n onartu zen, eta zazpi aldiz berrikusi da harrezkero, 1993an azkenekoz. Nederlandera hiztunen eta frantses hiztunen arteko tirabiren ondorioz-edo, konstituzioaren azken aldaketa horretan estatu federal bilakatu zen Belgika, hiru eskualde autonomotan banatuta: Flandria, Valonia eta Brusela; bederatzi probintzietan: Brabante (elebiduna), Anberes, Ekialdeko eta Mendebaldeko Flandria, eta Linburgo (flandriarrak); Hainaut, Lieja, Luxenburgo eta Namur (valoniarrak); eta 660 bat udalerritan.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belgikaren banaketa administratiboa
Sakontzeko, irakurri: «Belgikaren banaketa administratiboa»

Belgika, 10 lurralde edo probintziak osatzen dute: Alde batetik, Valoniako eskualdean Hainaut, Lieja, Luxenburgo, Namur eta Valoniako Brabante.

Beste aldetik, Flandriako eskualdean Anberes, Ekialdeko Flandria, Flandriako Brabante, Linburgo eta Mendebaldeko Flandria ditugu.

Azkenik, Bruselako eskualdea-Hiriburua dago.

Probintzia Nederlanderaz Frantsesez Alemanez Hiriburua Hiri handiena Azalera
(km²)
Biztanleria
(2013/1/1)
Anberes Antwerpen Anvers Antwerpen Anberes
(nl: Antwerpen)
(fr: Anvers)
Anberes
(nl: Antwerpen)
(fr: Anvers)
2.860 1.793.377
Ekialdeko Flandria Oost-Vlaanderen Flandre-Orientale Ostflandern Gante
(nl: Gent)
(fr: Gand)
Gante
(nl: Gent)
(fr: Gand)
2.982 1.460.944
Flandriako Brabante Vlaams-Brabant Brabant flamand Flämisch Brabant Lovaina
(nl: Leuven)
(fr: Louvain)
Lovaina
(nl: Leuven)
(fr: Louvain)
2.106 1.101.280
Hainaut Henegouwen Hainaut Hennegau Mons
(nl: Bergen)
Charleroi 3.800 1.328.760
Lieja Luik Liège Lüttich Lieja
(fr: Liège)
(nl: Luik)
(de: Lüttich)
Lieja
(fr: Liège)
(nl: Luik)
(de: Lüttich)
3.844 1.087.729
Linburgo Limburg Limbourg Limburg Hasselt Hasselt 2.414 853.239
Luxenburgo Luxemburg Luxembourg Luxemburg Arlon
(nl: Aarlen)
(de: Arel)
Arlon
(nl: Aarlen)
(de: Arel)
4.443 275.594
Namur Namen Namur Namur Namur
(nl: Namen)
Namur
(nl: Namen)
3.664 482.451
Valoniako Brabante Waals-Brabant Brabant wallon Wallonisch Brabant Wavre
(nl: Waver)
Braine-l'Alleud
(nl: Eigenbrakel)
1.093 388.526
Mendebaldeko Flandria West-Vlaanderen Flandre-Occidentale Westflandern Brujas
(nl: Brugge)
(fr: Bruges)
(de: Brügge)
Brujas
(nl: Brugge)
(fr: Bruges)
(de: Brügge)
3.151 1.173.019

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belgikako biztanle kopuruaren bilakaera, 1948az geroztik

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belgikak Europako biztanle dentsitate handienetako bat du: 340 biztanle/km2. Biztanle banaketa hori, hala ere, ez da berdina alde guztietan. Iparraldeko probintziek askoz dentsitate handiagoa dute Ardenetakoek baino. Biztanle gehienak, % 97, hirietan bizi dira.

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi gizatalde nagusi daude Belgikan: flandriarrak (jatorriz germaniarrak, % 55) eta valoniarrak (jatorriz latinoak, % 44); eta askoz txikiagoa den beste bat, alemanak (% 0,7). Biztanle aktiboen % 7 (250.000 pertsona inguru) etorkinak edo etorkinen ondorengoak dira: italiarrak, espainiarrak, marokoarrak eta, gutxiago, turkiarrak eta Afrikako beste herrialde batzuetakoak.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horren antzeko sailkapen bat egin daiteke hizkuntzan: flandriarrek nederlandera) hitz egiten dute, eta valoniarrek frantsesa. Nederlandera Belgikako iparraldeko erdian erabiltzen da (Flandria), eta frantsesa, berriz, hegoaldeko erdian (Valonia). Aleman hiztunak (% 0,7) ekialdean bizi dira. Biztanleen % 9 elebidunak dira. Hiriburua, Brusela, gizatalde guztien elkargunea da, eta beraz nederlandera eta frantsesa, biak dira ofizialak han.

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Independentzia aldarrikatu zutenetik, katolizismoak, librepentsamenduak eta frankmazoneriak ahuldua izanda ere, Belgikako gizarte eta politikan eragin handia izan du. Belgikako konstituzio laikoak kontzientzia-askatasuna babesten du eta, gobernuek horren alde egin dute. 2001ean egindako inkesta baten arabera,[11] belgikarren %47a katolikoa eta %3,5a musulmana da. Valonia baino erlijiosoagoa den Flandrian egindako ikerketa batean, flandriarren %55a erlijiosoa zirela eta %36ak jainko bat Lurra sortu zuela uste zuten.[12]

Osasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2012an, belgikarren bizi itxaropena 79,65 urtekoa zen.[13] 1960ko hamarkadatik aurrera, urtero bi hilabetetan hazi da bizi itxaropena, europar bataz-bestekoaren antzera. Belgikako heriotza-kausa nagusiak gaitz kardiobaskularrak, neoplasiak, arnas aparatuaren gaitzak eta naturalak ez diren kausak (istripu eta suizidioak) dira. Naturalak ez diren kausak eta minbizia nagusiak dira 24 urte baino gehiegoko emakumeen eta 44 urte baino gehiagoko gizonen artean.[14]

Osasun-sistema gizarte-segurantzak eta zergek ordaintzen dute. Osasun-aseguruak derrigorrezkoak dira. Mediku eta ospitale gehienak sektore pribatuan aritzen dira eta gaixoak bere lana ordaindu behar izaten du. Gero aseguru-etxeek diru-itzultzea egiten dute.[14] Gobernu federalak, hiru eskualdeek eta hiru komunitateek osasun-sistema ikuskatu eta finantzatu egiten dute. Hau da, sei osasun-ministerio daude, Flandriako eskualdekoa eta komunitatekoa bat egin zutelako.[14]

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belgika munduko herrialde industrializatu aurrenetako bat da. Gaur egun industrian eta merkataritzan ditu ekonomiaren bi oinarri nagusiak. Hala, biztanleen % 66 hirugarren sektorean aritzen da, eta ia % 30 bigarrenean. Nekazaritza-abeltzainek ez dute % 3 baizik hartzen, baina oso etekin handiak ematen dituzte, Belgikako elikagai beharren % 80 asetzen baitituzte gutxi gorabehera.

Nekazaritza eta abeltzaintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurraren laurden bat lantzeko erabiltzen da, % 21 bat belardi eta larreetarako, eta % 21 basoa da. Azkeneko urteotan erremolatxa, patata, garia eta garagarra landu dira batez ere, fruituez, tomatez eta lihoaz gainera. Dena dela, nekazari gehienak ez dira baserriko lanetik bakarrik bizi. Nekazaritzarako lur hoberenak Flandriako zelaiak, Brabante eta Hainaut dira.

Abeltzaintzan zerri, behi, ardi eta zaldi hazkuntza da aipagarriena. Belgikak kontsumitzen duen haragiaren % 95 ekoizten du, eta behar beste gurin, arrautza eta esne.

Meatzaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belgikak garrantzi handiko ikatz hobiak izan ditu, baina gaur egun agortuta daude: 5,6 milioi tona ikatz atera ziren 1986an, 634.000 tona 1991n, eta 278.000 baino ez 1992an. Ikatza izan zen Belgikako ekonomiaren suspertzaile nagusia XIX. mendean. Meatze nagusiak Mosa-Sambre eskualdean zeuden, eta besteak beste Charleroi eta Lieja hirien hazkundea eragin zuten. Etorkin gehienak meatzetan aritzen ziren lanean. Azkenik, hobi sakonenak ustiatzeak zituen gastu ikaragarriak eta hidrokarburoen lehiak behartuta, bertan behera utzi ziren.

Industria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Labe garaiak, Ougréen, Mosa ibaiaren ertzean, Liejatik hurbil.

Belgika Europako herrialde industrializatuenetako bat da, duen kokaleku egokiari eta garraio azpiegiturari esker. Europako kontinentean Industria Iraultzari ekin zion lehenengo herrialdea izan zen: kokalekuaz gainera, ikatza eta ehungintza (Erdi Aroan Flandriako hirien aberastasun-iturri nagusia) izan ziren iraultza hartako oinarri nagusiak. Industriak bultzada handia izan zuen Bigarren Mundu Gerraren ondoren, eta beheraldi bat gero, 1950 ondoko urteetan, baina Europako Ekonomia Erkidegoan (Europar Batasuna, gaur egun) sartzeak (1957) eta inbertsioa sustatzeko gobernuak bultzatu zituen ekimenek berriro suspertu zuten.

Ikatz ekoizpenak sustatuta, Belgikak garrantzi handiko siderurgia izan du oraintsu arte. Burdina eta altzairu asko ekoizten du, erdia baino gehiago kanpora saltzeko.

Ehungintzak —garrantzi handiko jarduera, Erdi Aroaz geroztik— kotoia, artilea, lihoa eta ehun sintetikoak ekoizten ditu, batez ere hiri hauetan: Brujas, Brusela, Linburgo, Gante, Lieja, Kortrijk eta Malinas. XX. mendearen bukaeran 46.000 tona kotoizko ehun, 32.000 tona artilezko ehun eta 38.000 tona raion eta zetazko oihal ekoizten ziren urtero.

Belgikako industria kimikoa kobalto eta erradio gatzen munduko ekoizle handiena da, eta munduko handienetako bat egur-mundruna, ongarriak eta plastikoak ekoizten.

Garrantzizko beste industria batzuk: ontziolak (Anberes) eta trenak; diamanteak lantzeko industria (Anberes), munduko inportanteena; farmazia industria; argazki hornigaiak; beirazko gauzak; altzariak; alfonbrak (Sint-Niklaas); papera eta kartoia; zementua. Burdinarik gabeko metalen industriak, Kongoko Errepublika Demokratikoko (Belgikar Kongo ohia) lehengaiez horniturik, era askotako metalez —kobrea, zinka, beruna, platinoa, germanioa eta uranioa— hornitzen ditu industria metalurgikoak, kimikoak eta bestelakoak.

Belgikak kontsumitzen duen energiaren % 60 zentral nuklearretan sortzen da, eta gainerakoa ikatzaren eta petrolio inportazioen mendean dago. Lurralde zelaia izanik, ezin da uraren indarra erabili.

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aireportuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

See source Wikidata query.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza ofizialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belgikako hizkuntz erkidegoak: berdez, flandiarrak; gorriz, waloniarrak; urdinez, alemanak.

Bestalde, Belgikan bi hizkuntza multzo nagusiren arteko edo, are gehiago, bi nazio desberdinen arteko tirabirak dira nagusi Bigarren Mundu Gerraz gero: Valoniako lurraldea, hegoaldean, frantsesezkoa; eta Flandriakoa, iparraldean, flandrierazkoa. Ekialdeko eremu txiki batean, bestalde, alemanez hitz egiten dute, eta legeen aldetik hizkuntzaren onarpena dute.

1989ko konstituzioak hiru lurralde autonomo aitortu zituen: Valonia, Flandria eta Brusela (elebiduna). 1993an estatu federal bihurtu zen, eta istiluak izan dira batasunaren aldekoen eta flandriar nazionalisten artean. Halaber, Valoniak Frantziarekin bat egitea aldarrikatzen duen waloniar mugimendu txikia ere badago.

Aurrekoez gain, ondoko hizkuntza gutxituak ere Belgikako lurralde batzuetan mintzatzen dira: pikardiera, Valoniako Tournai eta Mons barrutietan; linburgera, Lieja iparraldean; eta luxenburgera, Luxenburgoko probintzian.

Komikiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belgika osoa, baina batez ere Brusela hiriburua, Europa osoko komikigintzaren egoitza nagusietako bat da.[15] Comanche, Lucky Luke, Pottokiak, Tintin (nederlanderaz: Kuifje) edo Spirou et Fantasio bezalako komikiak bertan jaio ziren.

Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belgikan zale gehien duen kirola futbola da eta talde nagusia RSC Anderlecht da; aipagarri dira, orobat, Club Brugge KV, Standard Liège eta KV Mechelen, besteak beste. Zale ugari dituzte txirrindularitzak, tenisak, igeriketak eta judoak ere.[16]

Txirrindularitzan, munduko lasterketarik garrantzitsuenetakoak Lieja-Bastogne-Lieja eta Flandriako Tourra dira, Valonian eta Flandrian antolatuak, hurrenez hurren. Halaber, inoizko txirrindularirik handienen artean Eddy Merckx belgikarra dago.

Gastronomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Belgikako gastronomia»

Frantziako sukaldaritzaren eragina nabarmena da Belgikan. Sarritan, belgikarrek gourmetak baino gehiago tripontziak (frantsesez: gourmands; nederlanderaz: bourgondiërs) direla esaten dute, hau da fine cuisine baino nahiago dutela grand cuisine edo sukaldaritza zabala. Topikoetatik aldenduz, egia esan, Belgikako sukaldaritza zabala izateaz gain kalitatezkoa ere bada. Izan ere, Belgikan Alemanian ematen duten kantitatea eta Frantzian ematen duten kalitatea ematen dute.[17][18]

Edonola ere, herrialdetik at Bruselako gaufreak, txokolateak eta garagardoak ospetsuak dira. Belgikako sukaldaritza bertoko sasoiko produktuak lantzen ditu batez ere, adibidez Flandriako carbonade flamande izeneko erregosia edo Dinanteko couque izeneko galletak.

Belgikarrek egunean hiru otordu egiten dituzte: gosari arina, bazkari arina edo ertaina eta afari handia.

Belgikar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak .
  2. a b Chiffres de population au 1er janvier 2018, ibz.rrn.fgov.be
  3. a b   Belgium The World Factbook, cia.gov . Noiz kontsultatua: 2019-01-13 .
  4.   Les normales mensuelles à Uccle Institut Royal Météorologique, meteo.be . Noiz kontsultatua: 2019-01-14 .
  5.   Gallia Belgica Encyclopædia Britannica, inc., britannica.com . Noiz kontsultatua: 2019-01-15 .
  6.   La principauté de Liège: Les premiers évêques perso.infonie.be . Noiz kontsultatua: 2019-01-15 .
  7.   Pfister, Christian Clovis 1911 Encyclopædia Britannica, en.wikisource.org . Noiz kontsultatua: 2019-01-15 .
  8. a b c d e f   Histoire avant l'indépendance vivreenbelgique.be . Noiz kontsultatua: 2019-01-15 .
  9.   Erlijio gerrak Historia Unibertsala, Lur Entziklopedia Tematikoa, CC-BY 3.0, euskara.euskadi.eus . Noiz kontsultatua: 2019-01-18 .
  10.   War of the Spanish Succession historyworld.net . Noiz kontsultatua: 2019-01-20 .
  11. International Religious Freedom Report 2004 at the US Department of State
  12.   Vereniging voor Promotie en Communicatie (2005-11-22) Knack: 14 .
  13.   CIA (2013) «Belgium» The World Factbook .
  14. a b c   Corens, Dirk (2007) «Belgium, health system review» Health Systems in Transition (European Observatory on Health Systems and Policies) 9 (2) .
  15.   Dierick, Charles (2000) Het Belgisch Centrum van het Beeldverhaal Brusela: Dexia Bank / La Renaissance du Livre 11. orrialdea ISBN 2-8046-0449-7 .
  16. George Wingfield (2008). Charles F. Gritzner argitaldaria. Belgium. Infobase Publishing. 94–95. orr. ISBN 978-0-7910-9670-3.
  17.   www.belgium.alloexpat.com Belgian cuisine - General .
  18.   Jackson, Michael Michael Jackson's Great Beers of Belgium ISBN 0-7624-0403-5 .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Belgika Aldatu lotura Wikidatan