Belize

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Belize
Bandera Armarria
Goiburua: Sub Umbra Floreo
(“Itzalpean loratzen naiz”)
Ereserkia: 
Hiriburua Belmopan
Hiri handiena Belize Hiria
Hizkuntza ofiziala(k) Ingelesa
Herritarra belizetar[1]
Gobernua Monarkia konstituzionala
 -  Erregina Elisabet II.a Erresuma Batukoa
 -  Gobernadorea Colville Young
 -  Lehen ministroa Dean Barrow
Independentzia
 -  Erresuma Batutik 1821eko irailak 15 
Azalera
 -  Guztira 22.966 km2 (150.)
 -  Ura (%) 0,7
Biztanleria
 -  2017[2] zenbatespena 387879
 -  2010[3] errolda 324528
 -  Dentsitatea 14,1 bizt./km2 (213.)
Dirua Dolar belizetar (BZD)
Ordu-eremua UTC (UTC-6)
Aurrezenbakia 501
Internet domeinua bz

Belize[1] (ingelesez bəˈliːz ahoskatua) Erdialdeko Amerikako estatua da, Karibe itsasoaren bazterrean dagoena. Mendebaldean Mexikorekin du muga, eta hegoaldean Guatemalarekin. 1973ra arte Britainia Handiko kolonia izan zen, Britainiar Honduras izenarekin, eta independentzia 1981ean lortu zuen. 22.966 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2017an 387.879 biztanle zituen.[2] Hiriburua Belmopan da.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatuaren izena Belize ibaitik dator. Hitz horren jatorria ez dago argi, baina badirudi Belix maia hitzetik datorrela, hau da, “ur lohia” edo “lokaztua”.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belizeko erliebea

Belize Guatemalaren eta Mexikoko Yucatán penintsularen artean dago, penintsula horretako hego-ekialdean. Erdialdeko Amerikako estatu bakarra da Ozeano Bareko kostalderik ez duena. Karibe itsasora bai, ordea, Hondurasko golkoaren sartaldea hartzen baitu. Herrialdeak laukizuzen itxura du, 280 kilometro inguru ipar-hego eta 100 kilometro inguru ekialde-mendebalde. Estatuaren luze-zabalera 22.966 kilometro koadro da, eta itsasertza 386 kilometro luze. Lehorreko mugak Mexikorekin (250 kilometro) eta Guatemalarekin (266 kilometro) ditu.

Kostaldea padura eta ordokiz osatua dago, eta hegoaldean mendi txikiak daude: Maia mendiak. Tontorrik garaiena Victoria mendilerroa da (1.160 metro). Hondo eta Sarstoon ibaiek mugatzen dute kerrialdea, eta erdialdetik Belize ibaia igarotzen da. Kostaldetik gertu, luzera osoan, koralezko uharri lerroa dago, Belizeko Koral Hesia osatuz. Bertako uretan daude mendebaldeko hemisferioko lau atoloietatik hiru.

Klima tropikala du, hau da, oso beroa eta hezea. Urtaro euritsua maiatzetik azarora da, eta urtaro lehorra otsailetik maiatzera. Ekainetik azarora zikloi ugari izaten dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1984ko abenduko hauteskundeak, estatu burujabe gisa egin ziren lehenengoak, oposizio kontserbadoreak irabazi zituen. Ia hogeita hamar urtez Belizeko politikako jaun eta jabe izan ondoren, PUP alderdiak (Herri Batuaren Alderdia), PDUri (Alderdi Demokratiko Batua) utzi behar izan zion agintea; azken alderdi honetako liderra, Manuel Esquivel, atera zen lehen ministro. 1989ko hauteskundeetan, ordea, PUPk irabazi zuen berriro eta George Price hautatu zuten lehen ministro. 1993ko urtarrilean, PDUko bi kidek National Alliance for Belizean Rights (NABR) alderdia sortu zuten, gobernuan zegoen PUPren esanetara PDU gehiegi makurtu zela salatzeko. Hala, 1993an, PDUk bertan behera utzi zuen PUPrekin zeraman elkar ulertze politika eta, NABRen laguntzaz baliaturik, Manuel Esquivel berriro agintera eramango zuten hauteskundeak irabazi zituen. Esquivelek, inguruko herrialdeekiko harremanak normaltzeko eta hobetzeko erabakia harturik, eskualdeko integrazio proiektua sinatu zuen, Managuan, 1997an, eta Guatemalarekiko harreman diplomatikoak ezarri zituen berriro. 2008ko legebiltzarrerako hauteskundeak UDPk irabazi zituen, eta geroztik Dean Barrow da Belizeko lehen ministro.

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belize monarkia parlamentario burujabea da, Commonwealthen barruan. Ingalaterrako erregina da estatuburua eta Belizeko gobernadore nagusi batek ordezkatzen du. 1981ean, burujabetasuna eskuratu ondoren, konstituzioa erreferendumean onartu zuten, eta geroztik nazioarteko hainbat erakundetako kide da (Nazio Batuen Erakundea, Amerikako Estatuen Erakundea…). Gobernua ministro kabinete batek osatzen du, lehen ministroa buru dutela. Biltzar Nazionala bi ganberaz dago osatua: Ordezkarien Biltzarra, sufragio unibertsalez hautatutako 28 kidez osatua (5 urtez behin), eta Senatua, gobernadore nagusiak izendatutako 11 kide dituena. Belizek ez du gudarosterik.

Belize, administrative divisions - en - monochrome.svg

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialdea 6 barrutitan (ingelesez: district) banaturik dago. Barrutiak 31 zirkunskripziotan (ingelesez: constituencies) azpibanaturik daude.

Barrutia Hiriburua Eremua[3] Biztanleria
(2015)[4]
Biztanleriaren dentsitatea
(2015)
1 Belize Belize City 4.310 km² 110.644 25,7 biztanle/km²
2 Cayo San Ignacio 5.200 km² 87.876 16,9 biztanle/km²
3 Corozal Corozal Town 1.860 km² 45.530 24,5 biztanle/km²
4 Orange Walk Orange Walk Town 4.600 km² 49.466 10,7 biztanle/km²
4 Stann Creek Dangriga 2.550 km² 39.865 15,6 biztanle/km²
5 Toledo Punta Gorda 4.410 km² 34.928 7,9 biztanle/km²

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haur maiak

2017an, Belizek 387.879 biztanle zituen[2], 14,1 biztanle kilometro koadroko dentsitatearekin. Jende gehiena kostaldean bizi da, biztanleriaren herena, gutxi gorabehera, Belize Cityn eta haren inguruan. Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %34 dira, 15-24 urte bitartekoak %20,5, 25-54 urte bitartekoak %36,6, 55-64 urte bitartekoak %5 eta 65 urtetik gorakoak %3,9[5]. Bizi itxaropena 68,9 urtekoa da, 67,3 urtekoa gizonezkoena eta 70,6 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak).[5] 45.000 belizetar inguru atzerrian bizi dira, Estatu Batuetan batez ere.

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat jatorritako taldez dago osatua Belizeko biztanleria, arraza nahasketak nagusi direla: afrikar jatorriko taldea da ugariena (beltzak eta mulatoak), baina asko dira europar-indiar mestizoak ere. Indigena maiak ere badira, %11 inguru, eta azkenik, askoz gutxiago, zuriak eta asiarrak.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako britainiar kolonia honetako hizkuntza ofiziala ingelesa bada ere, gaztelania gero eta gehiago entzuten da, iheslari asko iritsi baitziren 1980ko hamarkadan, hala Guatemalatik nola El Salvadortik.

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010eko zenbatespenaren arabera, %40,1 katolikoak dira, %31,5 protestanteak, %1,7 Jehovaren lekukoak, %10,5 beste erlijio bateko jarraitzaileak, eta %15,5 erlijiorik gabeak.[5]

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zulo Urdin Handia turismo erakargune garrantzitsua da.

Nekazaritzan oinarritutako ekonomia du Belizek, nahiz eta landu daitezkeen lurretatik %15 baizik ez diren ustiatzen. 2007an, biztanleria aktiboaren %10 enplegatzen zen nekazaritzan,[5] eta sektore horrek ekoizten ditu atzerrira (Estatu Batuak, Britainia Handia, Kanada, Karibeko herrialdeak) esportatzen diren produktuen %70: azukre kanabera, garrazkiak eta bananak, batik bat. Estatuak, nekazaritzarako lur gehiago erabiltzea bultzatzearren, pizgarri sistema bat jarri du abian landu gabeko lurrentzat, eta orain arte ohikoak izan ez diren produktuak ekoiztea sustatu nahi du, luzokerra eta papaia, adibidez. Oraingo esportazioak, izan ere, nazioarteko finantza gorabeheren mendeegi daudela irizten diote. Basoetako zura (kalitate handikoa) eta arrantza dira garrantzizko beste baliabide batzuk.

Nekazaritza ez ezik, turismoaren garapena ere bultzatzen ari da estatua, batetik, errepide eta ostatu azpiegiturak zertxobait hobetu direlako, eta bestetik, 1996ko otsailean Mound Maya izeneko hitzarmenak sinatu zituztelako, Mexiko, Guatemala, El Salvador eta Hondurasekin batera, maien antzinako kokalekuak eta aztarnategiak babesteko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Belize Aldatu lotura Wikidatan



Amerikako herrialde eta lurraldeak
Ipar Amerika eta Karibea
LocationNorthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu BatuakAntigua eta BarbudaBahamakBarbadosBelizeCosta RicaKubaDominikaDominikar ErrepublikaEl SalvadorGrenadaGuatemalaHaitiHondurasJamaikaKanadaMexikoNikaraguaPanamaSaint Kitts eta NevisSanta LuziaSaint Vincent eta GrenadinakTrinidad eta Tobago


Dependentziak: Groenlandia (Danimarka) • GuadalupeMartinikaSaint BarthelemySaint MartinSaint Pierre eta Mikelune (Frantzia) • Aruba · Holandarren Antillak (Herbehereak) • Aingira · Bermuda · Birjina uharte britainiarrak · Kaiman uharteak · Montserrat · Turkak eta Caicoak (Erresuma Batua) • Puerto Rico · Birjina Uharte Estatubatuarrak (Ameriketako Estatu Batuak)

Hego Amerika
LocationSouthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: ArgentinaBoliviaBrasilTxileKolonbiaEkuadorGuyanaParaguaiPeruSurinamUruguaiVenezuela


Dependentziak: Guyana Frantsesa (Frantzia) • Falklandak (Erresuma Batua)