Bella Abzug
Bella Abzug, jaiotzez Bella Savitzky (New York, 1920ko uztailaren 24a - New York, 1998ko martxoaren 31), estatubatuar abokatu, politikari, gizarte-ekintzaile eta emakumeen mugimenduko buruzagia izan zen.
1971n beste feminista garrantzitsu batzuekin elkartu zen, hala nola, Gloria Steinem, Shirley Chisholm eta Betty Friedanekin, eta National Women's Political Caucus sortu zuten. Ekofeminismoan erreferentea izan zen.[1]
1977ko Emakumeen Konferentzia Nazionalaren buru izan zen eta Jimmy Carter presidentearen Emakumeentzako Aholku Batzorde Nazionala zuzendu zuen. AEBko Juduen Kongresuko Emakumeen Berdintasunerako Batzordearen sortzailea ere izan zen.[2][3]
Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bella Savitzky 1920ko uztailaren 24an jaio zen, New York hirian. Bere bi gurasoak Txernihiveko (Errusiar Inperioa, gaur egun Ukraina) etorkin judu yiddish hiztunak ziren. Bere ama, Esther Tanklevski, 1902an Kozeletsetik immigratu zuen etxekoandrea izan zen. Bere aita, Emanuel Savitzky, 1906an emigratu zuen harakina izan zen.[4][5]
Bere heziketa erlijiosoak eragin handia izan zuen bere garapen feministan. Bella Abzugen arabera, "uste dut sinagogara egindako bisita horietan izan nituela nire lehen pentsamenduak feminista gisa. Ez zitzaidan gustatzen emakumeak balkoiko atzeko ilaretan egotea". Bella Abzugek 13 urte zituela aita hil zitzaion, eta bere sinagogan ez zioten utzi Kaddishak esaten, erritu hori hildakoaren semeentzat gordeta baitzegoen. Hala ere, aitak semerik ez zuenez, Bella Abzug goizero joaten zen sinagogara otoitza errezitatzera, bere kongregazioari desafio eginez.[3]
Walton High Schoolen graduatu zen, Bronxen. Batxilergoan biolin klaseak hartu zituen eta Florence Marshall Hebrew High Schoolera joan zen. New York Hiriko Unibertsitateko Hunter College-n zientzia politikoetan lizentziatu zen eta, aldi berean, Ameriketako Seminario Teologiko Juduan egon zen. Hunter Collegen ikasleen kontseiluko presidentea izan zen eta American Student Unionen parte hartu zuen. Geroago, Columbiako Unibertsitatean Zuzenbideko lizentziatura lortu zuen 1944an.[5]
Ibilbide juridikoa eta politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1945ean, zuzenbidea oso emakume gutxik praktikatzen zuten garaian, Pressman, Witt & Cammer enpresan lanean hasi zen, lan-zuzenbideko gaietan.
Abokatu gisa, lan eskubideetan, maizterren eskubideetan eta askatasun zibilen kasuetan espezializatu zen. Hasieran, Estatu Batuetako hegoaldeko eskubide zibilen aldeko auziak bere gain hartu zituen. Helegitea jarri zion Willie McGeeren kasuari. Gizon beltz hau zigortu egin zuten 1945ean Laurelen (Mississippi) emakume zuri bat bortxatzeagatik. Zigortua hiltzera kondenatu zuen pertsona zuriz osatutako epaimahai batek, bi minutu eta erdiz bakarrik deliberatu ondoren. Bella Abzuek apelazioa galdu eta gizona exekutatu egin zuten.
Bella Abzug kausa aurrerakoien defendatzaile nabarmena izan zen, besteak beste, Eskubide Berdintasunaren Zuzenketaren alde. Vietnamgo Gerraren kontra ere agertu zen. American Civil Liberties Union (ACLU) eta Civil Rights Congress (ACLU) sindikatuetan egin zuen lan.[6][3]
Ordezkarien Ganberako kide hautatu baino urte batzuk lehenago, Bakearen Aldeko Emakumeen Grebaren parte hartzaile goiztiarra izan zen. Bere jarrera politikoak Nixonen aurkari politikoen zerrenda nagusian kokatu zuen.[6][7]
McCarthyren garaian, Ordezkarien Ganberako Jarduera Antiamerikarren Batzordeari modu irekian aurre egiteko prest zeuden abokatu gutxietako bat izan zen.[8][3]
Kongresuko ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hauteskundeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1970an primaria demokratak irabazi zituen eta, ondoren, Kongresurako hauteskundeak ere irabazi zituen. 1972an, West Sideko hautagai demokrata hil ondoren, honen lekua hartu zuen Bella Abzugek, primaria berriak irabazi ondoren.
1974an berriro hautatu zuten.[9]
Lan politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Homosexualen eskubideak babestu zituen Kongresuko lehen kideetako bat izan zen. Homosexualen eskubideei buruzko lehen lege federala ere aurkeztu zuen, 1974ko Berdintasun Legea bezala ezagutzen dena.[10]
Kreditu Aukeraren Berdintasun Legearen (ECOA) babeslea izan zen, zeinaren arabera legez kontrakoa baitzen edozein kreditu eskatzaile diskriminatzea arraza, kolorea, erlijioa, jatorri nazionala, sexua, egoera zibila edo adina zela eta.[11][12]
Bella Abzug sionismoaren aldekoa zen. Gaztetan Hashomer Hatzair gazte mugimendu sozialista-sionistako kide izan zen. 1975ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 3379 Ebazpenaren kontra egin zuen. Ebazpenaren arabera sionismoa arrazakeria eta arraza-bereizkeria mota bat zen. Bella Abzugek gaiari buruz esan zuen: "sionismoa askapen mugimendu bat da"[13][3]
AEBetako Senaturako kanpaina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1976an Estatu Batuetako Senaturako demokraten hautagai izateko aurkeztu zen, baina ez zuen izendapenik lortu.[14]
Ondorengo bizitza eta heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ganbera utzi ondoren, Bella Abzug ez zuten berriro hautatu kargu publikoak betetzeko, nahiz eta berriz ere hautagai izan zen hainbat alditan. Hala ere, profil publiko handiko pertsona izaten jarraitu zuen.[15][16][17]
Bi liburu idatzi zituen: Bella: Ms. Abzug Goes to Washington eta The Gender Gap, azken hau Mim Kelber lagun eta lankidearekin batera.
1977 hasieran Jimmy Carter presidenteak Emakumearen Nazioarteko Urteari buruzko Batzorde Nazional berria aukeratu zuen, eta Bella Abzug izendatu zuen horren buru. Emakumeentzako Aholku Batzorde Nazionalerako bi lehendakarikideetako bat ere izan zen, 1979ko urtarrilean kargutik kendu zuten arte. Horrek Carterren administrazioaren eta Estatu Batuetako erakunde feministen arteko tentsioa sortu zuen.[18][19]
Bella Abzugek emakume abokatuen zenbait elkarte ere sortu zituen.[6][20]
1990eko hamarkadaren hasieran Ingurumen eta Garapenerako Emakumeen Erakundea (WEDO) sortu zuen, beren hitzetan "emakumeen defentsarako erakunde globala, giza eskubideak, genero-berdintasuna eta ingurumenaren osotasuna sustatzen eta babesten dituen mundu justu baten alde lan egiten duena".[21][22]
Emakumeen Caucus-a ere bultzatu zuen NBEn. Honek, dokumentuak aztertzen zituen, eta genero ikuspegia kontuan hartzen zuten politikak proposatzen zituen.
1992an presio egin zuen XXI. menderako Emakumeen Agendan aurrera egiteko, Rio de Janeiron egin zen Ingurumenari eta Garapenari buruzko NBEren Konferentzian.[22]
Bere azken urteetan bidaia eta lan agenda biziari eutsi zion, nahiz eta gurpildun aulkian bidaiatu. WEDO zuzendu zuen hil zen arte, 1998ko martxoan azken hitzaldi publikoa emanez NBEren aurrean.[23]
1998ko martxoaren 31an hil zen, minbiziaren ondorioz. 77 urte zituen.[24]
Bizitza pertsonala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1944an Martin Abzug nobelagile eta burtsako agentearekin ezkondu zen. Autobus batean ezagutu zuten elkar, Miamin (Florida), Yehudi Menuhinen kontzertu batera zihoazela, eta ezkonduta egon ziren gizona 1986an hil zen arte. Bi alaba izan zituzten.[25]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Bella Abzug» HISTORY (A&E Television Networks).
- ↑ «ABZUG, Bella Savitzky» History, Art, & Archives: US House of Representatives (Office of the Historian and the Clerk of the House's Office of Art and Archives).
- ↑ a b c d e (Ingelesez) «New York Jewish Week» Jewish Telegraphic Agency (kontsulta data: 2025-11-20).
- ↑ (Ingelesez) «PERSONALITY: Bellacose Abzug» Time 1971-08-16 ISSN 0040-781X. (kontsulta data: 2025-11-20).
- ↑ a b (Ingelesez) «Bella Abzug» Jewish Women's Archive (kontsulta data: 2025-11-20).
- ↑ a b c (Ingelesez) «Bella Abzug» Jewish Women's Archive (kontsulta data: 2025-11-20).
- ↑ Colson, Charles W.. (September 9, 1971). «Memorandum From Charles Colson to John Dean, With Attached Original "Master List" of the "First Enemies List," September 9, 1971» University of North Carolina at Chapel Hill Libraries (University of North Carolina at Chapel Hill).
- ↑ (Ingelesez) «Bella Abzug» Jewish Women's Archive.
- ↑ «Bella Abzug, 77, Congresswoman And a Founding Feminist, Is Dead» The New York Times.
- ↑ Narrative: The Task Force's commitment to ending discrimination against lesbian, gay, bisexual and transgender Americans has a long history. National Gay and Lesbian Task Force.
- ↑ Abzug, Bella S.. (1973-05-29). «H.R.8163 - 93rd Congress (1973-1974): Equal Credit Opportunity Act» www.congress.gov.
- ↑ «Biography: Clara Barton» National Women's History Museum.
- ↑ Lewis, Paul. (December 17, 1991). «U.N. Repeals Its '75 Resolution Equating Zionism With Racism» The New York Times.
- ↑ Morris, Stephen J.. (April 29, 2005). «Lessons From the Fall of Saigon» Wall Street Journal.
- ↑ «ABZUG, Bella Savitzky» History Art & Archives: US House of Representatives (Office of the Historian and the Clerk of the House's Office of Art and Archives).
- ↑ Fowler, Glenn. (February 18, 1978). «Green's Victory Is Official, but Mrs. Abzug is Silent» New York Times.
- ↑ «Bella Abzug Biography» BIOGRAPHY (A&E Television Network).
- ↑ The National Women's Conference in Houston, 1977. Uic.edu January 9, 1974.
- ↑ Halloran, Richard. (January 14, 1979). «23 Leave Committee Over Abzug Dismissal; 23 on Carter's Committee Resign Over His Ouster of Mrs. Abzug; Questions His 'Rationality'; In Support of Carter; No Endorsement Now» The New York Times.
- ↑ PunʞLawyer. .
- ↑ Velez, Denise. (March 14, 2016). «They Call me 'Battling Bella'» SandiegoFreePress.org (San Diego Free Press).
- ↑ a b (Ingelesez) «Bella Abzug | Learning for Justice» www.learningforjustice.org 2017-08-07 (kontsulta data: 2025-11-20).
- ↑ Bella Abzug at the 42nd Session of the UN Commission on the Status of Women. March 16, 1998.
- ↑ Mansnerus, Laura. (April 1, 1998). «Bella Abzug, 77, Congresswoman And a Founding Feminist, Is Dead» The New York Times.
- ↑ «Women in Congress 1917–2006» GovInfo (US Government Publishing Office): 447..