Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Belle Époque

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Easter parade Fifth Avenue 1890

Belle Époque (Garai polita, euskaraz) 1870etik 1914ra Mendebaldeak ezagututako oparotasun garaiari deritzo. Esamoldea Lehen Mundu Gerraren aurretik asmatu zen, XIX. mendeko azkenengo hiru hamarkadetatik gerraren hastapenetara doan aldia izendatzeko. Hasiera 1871ko gerra franko-prusiarrak markatzen du, eta geroztik bakeak 1914ra arte iraun zuen; alegia, Lehen Mundu Gerra hasi zen arte.

Izendapen honek Europako gizarteak ezagutu zuen errealitate berria eta aldakorra aurkezten du. Giza jardunaren alderdi guztietan aldaketa sakon anitz jazo ziren, erritmo biziz: aurrerapen teknologikoa, kapitalismoaren sustapena, inperialismoaren hedapena, balore berrien onarpena, berritasun kulturalak eta aurrerapen eta zientziarenganako fede itsua nabarmendu ziren.

Oro har, Belle Époque oreka- eta egonkortasun-garaia izan zen Mendebaldean. XIX. mendeko gatazka odoltsuak behin-behinean baztertu egin ziren, eta Europak ia 45 urteko bake garaia ezagutu zuen. Intentsitate apaleko gatazka armatuak egon ziren arren –esaterako, 1904ko Errusia-Japonia Gerra eta gatazka inperialak (Boxerren matxinada)–, joera nagusia bakeari eustea izan zen. Hala ere, ez zen benetako bakealdia izan, europar potentziek euren industria militarrak abian jarri baitzituzten, gerra noiz hasiko zain. Berez, bake armatuko fase honetan estatuek bideratutako ahaleginek Lehen Mundu Gerra eragingo zuten.


Testuinguru politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1871an amaiera eman zitzaion gerra franko-prusiarrari; hots, Alemaniako II. Reicharen eta Frantziako II. Inperioaren arteko gatazka armatuari. Prusia garaile izan zen eta lurralde frantziar aberatsak jaso zituen, Alsazia eta Lorrena. Hala ere, alemaniarren garaipenaren ostean, mendekua hartu nahiak frantziarren gogoan iraungo zuen. Baina Bismarckek diplomazia-sistema bat garatu zuen Frantzia isolatzeko eta balizko mendekua saihesteko. Era honetan, Bismarckek aurreikusitako aliantza-sareak ia mende erdi batez bakea ziurtatzea lortu zuen Europako oholtzan. Hark diseinatutako diplomaziak indarrean iraun zuen Europan Belle Époque osoan zehar. 1893an Errusiak eta Frantziak elkar hartu zuten, bietako bat erasotua izanez gero laguntza militarra bermatzeko konpromisoa berretsiz.

1900. urtea aldera mundu-mailan eragin handiko estatua Britainia Handia zen, zalantza izpirik gabe. Britainiak kokaleku ugari zituen mundu osoan sakabanaturik: Ipar Amerikan, Erdialdeko Amerikan, Hego Amerikan (boterea zuen Argentinaren gainean), kolonia ugari Afrika eta Ekialde Ertainean, eta oraindik ere jabetza ugari mantentzen zituen Australasian. Bigarren maila batean, europar potentziak ageri ziren: Frantzia, Belgika, Herbehereak, Portugal, Italia eta Danimarka. Alemania, kolonien banaketara berandu iritsi zen arren, bere boterea handitzeko irrikitan zegoen, bere industrian oinarrituz.

Bien bitartean, Estatu Batuak bere boterea bikoiztu zuen. Espainiar Inperioaren gainbeheraz baliatuz, Kuba, Puerto Rico, Filipinak eta Guam eskuratu zituen. Lurralde-atxikipenez gain, Estatu Batuak politika arloan gero eta pisu handiagoa eskuratu zuen, itsas armada hobetuz amerikar kontinentean bere nagusitasuna bermatzearren.

Austria-Hungaria inperioa ahultzen zihoan, bere barne-antolaketan zeharo zaharkituta baitzegoen.