Bengalako Sultanerria
| Bengalako Sultanerria پادشاهی دهلی শাহী বাংলা | |||||||||||
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 1352 – 1576 | |||||||||||
| Sultanerria | |||||||||||
|
| |||||||||||
![]() Kokapena | |||||||||||
| Geografia | |||||||||||
| Hiriburua | Lakhnauti eta Sonargaon | ||||||||||
| Kultura | |||||||||||
| Hizkuntza(k) | Persiera eta bengalera (ofizialak) Arabiera (erlijiosoa) | ||||||||||
| Erlijioa | Sunismo (ofiziala) Hinduismo Budismo Kristautasun | ||||||||||
| Historia | |||||||||||
| Bengalaren bateratzea | 1352 | ||||||||||
| Mogol inbasioa | 1576 | ||||||||||
| |||||||||||
Bengalako Sultanerria (Erdi Aroko bengaleraz: শাহী বাঙ্গালাহ্, persiera klasikoz: سلطنت بنگاله[1]) XIV. mendean Bengalan ezarritako islamiar erresuma izan zen, Indiar azpikontinentearen konkista musulmanaren garaikoa.[2][3][4] Musulmanen mendeko lehen erresuma bengaliar bateratu independentea izan zen. Eskualdea oso ezaguna egin zen «Bangalah» eta «Bengala» bezala erresuma honen garaian. Bi terminoak «Bangla» eta «Bengala» termino modernoen aitzindariak dira.
Erresuma, eskualdeko gobernadoreek Delhiko Sultanerritik independentzia aldarrikatu ondoren eratu zen. Shamsuddin Ilyas Shahk bertoko estatuak bateratu zituen gobernu bakar batean, sultan inperial bat buru zela. Bost dinastiek gobernatu zuten sultanerria. Bere boterearen gorenean, hego-ekialdeko Asiako eta hego-mendebaldeko Asiako eskualdeak gobernatzen zituen. Txinaren eta Indiako azpikontinentearen arteko harreman diplomatikoak berrezarri zituen. Chittagongen portugaldar kokaleku bat sortzea ahalbidetu zuen, Bengala osoko lehen europar enklabea izan zena. Erresumak mendebaldera begiratu zuen inspirazio kulturalaren bila, bereziki persiar kulturarena.[5] Haren agintariek Mekan eta Medinan madrasak eraikitzea babestu zuten, Islameko leku sakratuenak hartzen dituztenak. Persierazko eta bengalerazko literatura sustatu zuten, eskualdean eragin handia izan zuena. Bengalar arkitekturak bilakaera esanguratsua izan zuen aldi horretan, kanpoko hainbat eraginei esker. Sultanerriak gutxiengo hindu eragingarria zuen, aristokratak, ofizial militarrak eta burokratak barne. Arakango errege budistari bere herrialdearen kontrola berreskuratzen lagundu zion birmaniarren aurrean.
Erresuma XVI. mendean hasi zen desintegratzen, Sher Shah Suriren konkisten ondorioz. Babur lehen enperadorearen agintaldian, Mogol Inperioa Bengala beregatzen hasi zen. Humayun bigarren mogol enperadoreak Bengalako Gaur hiriburua okupatu zuen. 1576an, Akbar Handia enperadorearen indar armatuek azken sultana, Daud Khan Karrani, garaitu zuten. Geroago, eskualdea Bengalako Subah (edo Bengala mogol) bihurtu zen.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Delhiko Sultanerriak 1338an galdu zuen bere nagusitasuna Bengalan, gobernadoreek estatu separatistak ezarri zituztenean, horien artean Fakhruddin Mubarak Shah, Sonargaonen, Alauddin Ali Shah, Lakhnautin, eta Shamsuddin Ilyas Shah, Satgaonen. 1352an, Ilyas Sahk, Sonargaon eta Lakhnautiko gobernariak menderatu zituen, eta Bengala osoa erresuma independente batean bateratu zuen. Ilyas Shahi dinastia sortu zuen, turkiar jatorrikoa, Bengala 1490 arte gobernatu zuena. Denbora horretan, nekazaritza-lurraren zati handi bat zamindar hinduek kontrolatu zuten, eta horrek taluqdar musulmanekin tentsioak eragin zituen. Ilyas Shahiren gobernua Raja Ganeshak desafiatu zuen, lurjabe hindu boteretsu bat, XV. mendearen hasieran Jalaluddin Muhammad Shah bere semea tronuan jartzea lortu zuena, dinastia 1432an berrezarri aurretik. 1480ko hamarkadan mertzenarioek lau sultan usurpatzaile ezarri zituzten. Komunitate musulmanen arteko tentsioek eragina ere izan zuten sultanerriko bizitzan.[6]
Ezegonkortasun garai baten ondoren, Alauddin Hussain Sahk Bengalaren kontrola lortu zuen 1494an, bisir zenean. Sultan bilakaturik, Hussain Sahk 1519 arte gobernatu zuen. Berak sortutako dinastiak 1538 arte gobernatu zuen. Musulmanak eta hinduak batera aritu ziren errege administrazioan Hussain Shahi dinastian. Hau Bengalako sultanerriaren urrezko arotzat hartzen da askotan, non Bengalako lurraldeak Arakan, Orissa, Tripura edo Assamgo eremuak barnean hartu zituen.[6] Sultanerriak portugaldar kokalekua ezartzeko baimena eman zuen Chittagongen. Sher Shah Surik Bengala konkistatu zuen XVI. mendean, eta Grand Trunk Road edo Enbor Errepide Handia berritu zuen.[7] Bengala konkistatu ondoren, Sher Shah Surik Agrara jo zuen.
Mogol Inperioaren Bengalaren konkista, pixkanakako prozesu bat izan zen, 1529ko Ghaghrako guduan Nasiruddin Nasrat Shah sultanaren agindupeko bengaliar indarren porrotarekin hasi eta 1576an paxtun jatorriko Karrani dinastiaren aurkako Raj Mahaleko guduarekin amaitu zena, noiz, Bengalako azken sultana garaitua izan zen.
Arkitektura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bengalako Sultanerrian eraikitako meskita kopuru handiak adierazten du bertako biztanleria oso azkar bihurtu zela islamera. 1450 eta 1550 arteko aldia meskitak eraikitzeko urrezko aroa izan zen. Meskita horiek eskualde osoan zehar zabaldu ziren eta tamaina txikietatik ertainetara joaten ziren eta eguneroko gurtzarako erabiltzen ziren. Meskita gehienek oinplano angeluzuzena edo karratua zuten. Eraikin angeluzuzena, patio itxirik gabea, meskita handi eta ertainentzako ohiko tipoa bihurtu zen. Bengalar meskitak kupula batzuekin estaltzen ziren. Bengalako meskiten beste ezaugarri batzuk hauek izan ziren: izkinetako dorreak, sabai kurbatuak, mihrab anitzak, arku zorrotzak eta, kasu batzuetan, txabola baten sabaiaren forma zuen kupula bat. Bengalako meskita horietan minareteen gabezia nabarmena nabarmentzen da. Sarritan aurkitzen ziren urmaelak meskita baten ondoan. Meskitetako arabierazko inskripzioek askotan patroiaren edo eraikitzailearen izena izaten zuten. Koranaren bertsorik arruntena, inskripzioetan, 72. 72 zen, Al-Jinn izenekoa. Bengalako Sultanerrian etxeak nolakoak ziren jakin daiteke, Nasiruddin Nasrat Shah sultanak argitaratutako Iskandar Nama («Alexandroren ipuina») lanari esker.[8]
Eraikinak adreiluz eginak zeuden. Terrakotaz apaindutako adreiluzko meskitak eraikin handi bat suposatzen zuen Bengalako Sultanerrian. Askotan patroi aberats baten oparia izaten ziren, eta aparteko ahalegin baten fruitua, estatu musulman guztietan aurkitzen ez zena.[8]
Eraikinik nabarmenena Adina meskita izan zen, Bengalako meskita inperiala eta Indiako azpikontinentean inoiz eraiki den meskitarik handiena.[9] Eraikin monumentala Islamaren hasierako hipostiloan diseinatu zen, Damaskoko Omeiatarren meskitaren antzeko oinplano batekin. Estiloa Islama eremu berrietan sartzearekin lotuta dago.[8]
- Bengalako Sultanerriaren arkitektura
-
Dhani Chowk meskita
-
Sona meskita
-
Khania Dighi meskita
-
Lakhnautiko atea
-
Bagha meskitako mihraba
-
Pathrail meskita
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «History» Banglapedia.
- ↑ (Ingelesez) Wink, André. (2003). Indo-Islamic society: 14th - 15th centuries. BRILL ISBN 978-9004135611..
- ↑ Uhlig, Siegbert. (2003). Encyclopaedia Aethiopica. , 151 or..
- ↑ Embree, Ainslie. (1988). Encyclopedia of Asian history. Asia Society, 149 or..
- ↑ Eaton, Richard M.. (1996-7-31). The Rise of Islam and the Bengal Frontier, 1204-1760. University of California Press, 40–50 or. ISBN 978-0-520-20507-9..
- ↑ a b Lewis, David. (2011-10-31). Bangladesh: Politics, Economy and Civil Society. Cambridge University Press, 44–45 or. ISBN 978-1-139-50257-3..
- ↑ Elisseeff, Vadime. (1998). The Silk Roads: Highways of Culture and Commerce. Berghahn Books, 161 or. ISBN 978-1-57181-221-6..
- ↑ a b c Grabar, Oleg. (1989). Muqarnas: An Annual on Islamic Art and Architecture. Brill Archive, 58–72 or. ISBN 978-90-04-09050-7..
- ↑ Eaton, Richard M.. (1996-7-31). The Rise of Islam and the Bengal Frontier, 1204-1760. University of California Press, 40–50 or. ISBN 978-0-520-20507-9..
