Orain arte, judu familia batean jaiotako britaniar lehen ministro bakarra izan da. Hala ere, 13 urteko adina zuenean bere aita Isaacek, italiar jatorriko familia batekoak, anglikanismoan bataiatu zuen semea. Joxe Azurmendik dio (Xabier Gereño aipatuz) aitak lilura handia sentitzen zuela Voltairerekin eta aristokraziarekin. Bada, semeak areagotu egin zuen haren miresmen hori, eta goranahia, aristokrazia horren aitortza bilatuz.[1]
Viktoria I.a Erresuma Batukoa erreginarekin harreman oso ona izan zuen, Disraelik erreginarekiko losintzen bidezko zurikerietarako joera baitzuen.
Joxe Azurmendik pertsonaia honen kritika landu du. Disraelik bertute bihurtu zuen bere judu izaeraren gutxiespena, hura Europako "arraza zahar puru batetik" zetorrela ingelesen aurrean defendatuz eta, izaera exotiko horretaz baliatuz, ingelesek tituluak erosten zituzten bezala, bere aristokrata nahia elikatuz. Horren bitartez, baina, ez bide zituen bere judu ezaugarriak nabarmendu nahi, kontrakoa baizik. Berezitasun exotiko bat landu zuen, Hannah Arendten arabera, jatorrian oinarritutako harrokeria, baina bere judutasuna leinura murriztuz, eta gainerakoan ingeles ordena sozialean eta politikoan guztiz txertatuz, asimilatuz.[1]
Egile berdinak maniobra psikologiko batez hitz egiten du, inbertsioa, norberaren ukazioa jatorriarekin konpentsatuz. Nolabait ere, judutasun nominal bat da, ez edukikoa. Joxe Azurmendik katamalo batekin parekatu du jokaera psikologiko hori.[1] Beraz, arrazan jarri zuen indar osoa, odolean, eta nahasketa gaitzetsi (beltzekin, adibidez), eta horrek aristokrazia adierazten zuen, antolamendu ezin hobe bat: "errepublika anglosaxoi handia". Era berean, hizkuntza eta erlijioa baztertzen ditu identitatearen adierazle gisa.[2]