Benjamin Netanyahu
Benjamin "Bibi" Netanyahu (hebreeraz: בִּנְיָמִין נְתַנְיָהוּ, arabieraz: بنيامين نتنياهو, Binyyameen Netanyahu; Tel Aviv, 1949ko urriaren 21a) israeldar politikaria da. 2009ko martxoaren 31tik Israelgo lehen ministroa da. 1996 eta 1999 bitartean kargu bera izan zuen. Knesset-eko kide eta Likud alderdiaren buru ere bada. Israelgo estatua fundatu ondoren jaiotako aurreneko lehen ministroa da (eta orain arte, bakarra).
Nazioarteko Zigor Auzitegiak emana du Netanyahu atxilotzeko agindua, gizadiaren aurkako krimenak eta gerra krimenak leporatuta. Nazio Batuen Erakundearen batzorde batek adierazi du Netanyahu Israel Gazan egiten ari den genozidioaren erantzule dela.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haren familiak Polonia eta Bielorrusian dauka jatorria, eta haien berezko abizena Mileikowsky zen, 1920ko hamarraldian Netanyahu hartu zuten arte.
Guraso judu sekularretatik[1][2] jaioa, Israelgo Estatua sortu ondoren jaio zen lehen ministro israeldarra izan zen. 1967an, Sei Eguneko gerran, Israelgo defentsa-indarrekin bat egin zuen, eta Sayeret Matkal indar berezietako unitate bateko buru bihurtu zen. Misio askotan parte hartu zuen, besteak beste, Infernua operazioan (1968), Opari operazioan (1968) eta Sabenako 571 hegaldiaren bahiketa erreskate-operazioan (1972). Operazio horretan, tiro bat jaso zuen sorbaldan. Higadura-gerran eta Yom Kippurreko gerran borrokatu zen 1973an, indar bereziek Suezko Kanalean egindako erasoetan parte hartuz, eta, gero, komando-eraso bat zuzenduz Siriako lurraldean[3][4]. Kapitain maila lortu zuen baja eman aurretik. Massachusetts Institute of Technology-n graduatu ondoren, BS. eta MS. graduekin, Boston Consulting Group-ek kontratatu zuen aholkulari ekonomiko gisa. Israelera itzuli zen 1978an, terrorismoaren aurkako Yonatan Netanyahu Institutua sortzeko, anaiaren izenarekin, Entebbe operazioaren buru zela hil zena. 1984tik 1988ra Israelgo enbaxadore izan zen Nazio Batuen aurrean.
1993an, Likud alderdiaren buru egin zen, eta 1996ko hauteskundeak irabazi zituen. Israelgo historiako lehen ministro gazteena izan zen. 1996ko ekainetik 1999ko uztailera bitartean bere lehen aldia izan zen lehen ministro gisa. 1999an, Ehud Barakek garaitu ondoren lehen ministroa aukeraketan, sektore pribatuengatik aldatu zuen politika. 2002an, politikara itzuli zen Kanpo Harremanetarako ministro (2002-2003) eta Finantza ministro (2003-2005) gisa Ariel Sharonen gobernuetan, baina gobernutik alde egin zuen Gazako zerrenda deskonektatzeko planari buruzko desadostasunengatik. 2005eko abenduan, berriz hartu zuen Likuden buruzagitza, Sharonek alderdia utzi eta Kadima alderdi berria osatu ondoren[5]. 2006ko abenduan, oposizio-buru ofizial bihurtu zen Knésseten. 2009ko parlamentu-hauteskundearen ondoren, non Likud bigarren postuan gelditu eta eskuineko alderdiek gehiengoa lortu baitzuten[6], koalizio-gobernua osatu zuen[7][8]. Netanyahu hautatu zuten hirugarren aldiz 2013ko urtarrilean, eta, laugarren aldiz, 2015eko martxoan. 2019ko apirileko hauteskundeen ondoren, lehen ministro izaten jarraitu zuen, hautagai bakar batek ere ez baitzuen gobernua osatu, eta gauza bera gertatu zen urte bereko iraileko hauteskundeetan ere. Ondoz ondoko hirugarren hautaketa baten ondoren, Netanyahuk bosgarren agintaldia hartu zuen 2020ko maiatzean, Benny Gantz txandakako lehen ministro gisa, koalizioko gobernu batean, baina koalizioak erori[9], eta, berriro ere, hauteskundeak izan ziren 2021eko martxoan. 2021eko ekainean, lehen ministro kargua utzi, eta Naftalí Bennettek ordezkatu zuen. 2022ko abenduaz geroztik, berriz ere lehen ministroa da.
Netanyahuk, 1980ko hamarkadaz geroztik, lagun pertsonala duen Donald Trumpekin hurbiltasuna lortu du, eta Israelen 2016. urteaz geroztik duen erakargarritasun politikoaren elementu nagusi bihurtu du[10]. Donald Trumpen lehendakaritzan, Estatu Batuek Jerusalem Israelgo hiriburutzat aitortu zuten, Golanen gaineko israeldar subiranotasuna onartu, eta Abraham Akordioak negoziatu zituen, Israelen eta zenbait estatu arabiarren arteko normalizazio-akordioak. Netanyahuk nazioarteko kritikak jasan ditu Israelgo kokalekuak Zisjordaniako lurralde okupatuetan zabaltzeko lehen ministro gisa izandako hamarkadetako politikarengatik, nazioarteko zuzenbidearen arabera legez kanpokotzat jotzen baita[11].
Netanyahu 16 urtez baino gehiagoz izan da lehen ministro, eta, hala, Israelen historian denbora gehien eman duena da, David Ben-Gurion[12] estatuaren sortzailea ere gaindituz. Gehien hautatutako lehen ministroa ere bada; sei bider izan da gobernuburu (1996, 2009, 2013, 2015, 2020, 2022), eta hiru aldiz jarraian eratu du gobernua (2009, 2013 eta 2015)[13]. Karguan zegoela, Israelgo historiako lehen ministro bakarra ere bada ustelkeriagatik salatua[14].
2023ko urriaren 7an, israeldar okupatzaileen aurkako Gazako palestinar erresistentziako kideek, Hamas buru zela, eraso handi bat egin zuten Israelen, eta horrek gerra piztu zuen Israel eta Hamasen artean. Israelgo gobernuak ez zuenez erasoa aurreikusi, gogor kritikatu dute Netanyahu, azken 50 urteotan[15][16][17] Israelgo inteligentzia-porrotik handienaren buru baita, eta protesta jendetsuak egin dituzte kargua uzteko eskatuz[18][19]. Netanyahuren gobernuak genozidio eta gerra-krimenen[20][21][22] akusazioak ere jasan ditu, eta, azkenean, 2023ko abenduan Nazioarteko Justizia Auzitegian Hegoafrikak Israelen aurka aurkeztutako auzian amaitu du gaiak[23][24].
2024ko azaroaren 21ean, gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak ikertu ondoren, Nazioarteko Zigor Auzitegiak atxilotze aginduak eman zituen Netanyahurentzat.[25]
2025eko irailaren 15ean, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) batzorde batek berretsi zuen Israel genozidio bat egiten ari dela Gazan. Aurrez hori bera esana zuten Human Rights Watch, Amnistia Internazionala eta Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeek, bai eta NBEren Palestinarako kontalari berezi Francesca Albanesek ere, besteak beste. Batzordeko buru Navi Pillayk Israelgo Gobernuko hiru kide aipatu zituen, genozidioaren erantzule gisa: Benjamin Netanyahu lehen ministroa, Isaac Herzog presidentea eta Yoav Gallant Defentsa ministroa. Txosten hori argitaratu zuten egun berean, Israelgo Armadak jakinarazi zuen ekin ziola Gaza hiria lurrez hartzeari, abuztu erdialdean Netanyahuk onartutako planari jarraituz. Bestalde, Hamasen bahituen senideek iragarri zuten egunero, elkarretaratze bat egingo zutela Netanyahuren etxebizitzaren kanpoaldean, Jerusalemen. Egozten diote gatibuen auziari ez ikusiarena egitea.[26]
| Aurrekoa Yitzhak Shamir |
Israelgo oposizioburu 1993-1996 |
Ondorengoa Shimon Peres |
| Aurrekoa Yitzhak Shamir |
Likudeko buru 1996–1999 |
Ondorengoa Ariel Sharon |
| Aurrekoa Shimon Peres |
Israelgo Lehen ministro 1996–1999 |
Ondorengoa Ehud Barak |
| Aurrekoa Shimon Peres |
Israelgo Atzerri ministro 2002–2003 |
Ondorengoa Silvan Shalom |
| Aurrekoa Silvan Shalom |
Israelgo Finantza ministro 2003–2005 |
Ondorengoa Ehud Olmert |
| Aurrekoa Ariel Sharon |
Likudeko buru 2005–gaur egun |
Ondorengoa agintean |
| Aurrekoa Amir Peretz |
Israelgo oposizioburu 2006-2009 |
Ondorengoa Tzipi Livni |
| Aurrekoa Ehud Olmert |
Israelgo Lehen ministro 2009–2021 |
Ondorengoa Naftali Bennett |
| Aurrekoa Yair Lapid |
Israelgo oposizioburu 2021-2022 |
Ondorengoa Yair Lapid |
| Aurrekoa Yair Lapid |
Israelgo Lehen ministro 2022-gaur egun |
Ondorengoa Agintean |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ The Enduring Influence of Benjamin Netanyahu's Father Judy Dempsey, 3 de mayo de 2012, Carnegie Endowment for International Peace
- ↑ (Ingelesez) Remnick, David. (2013-01-22). «Bibi’s Blues» The New Yorker ISSN 0028-792X. (kontsulta data: 2024-05-20).
- ↑ Amir Buhbut, "Sauerer Matkal is 50 years old"
- ↑ Saving Sergeant Netanyahu por Mitch Ginsburg, 25 de octubre de 2012, Times of Israel.
- ↑ «Netanyahu elected as Likud party chairman». Xinhua News Agency. 20 de diciembre de 2005. Archivado desde el original el 27 de febrero de 2006. Consultado el 24 de mayo de 2005.
- ↑ (Ingelesez) «Arab League supports Abbas's decision to halt talks» The Jerusalem Post | JPost.com 2010-10-08 (kontsulta data: 2024-05-20).
- ↑ (Ingelesez) Service, Haaretz. (2009-03-31). «Netanyahu sworn in as Israel's prime minister» Haaretz (kontsulta data: 2024-05-20).
- ↑ «Netanyahu sworn in as Israeli prime minister | Reuters» web.archive.org 2015-09-24 (kontsulta data: 2024-05-20).
- ↑ https://www.efe.com/efe/america/mundo/netanyahu-asume-acusado-de-corrupcion-su-quinto-mandato-como-primer-ministro/20000012-4248402
- ↑ «Biden’s Win Means a Demotion for Netanyahu and Less Focus on Israel - The New York Times» web.archive.org 2020-11-09 (kontsulta data: 2024-05-20).
- ↑ «Netanyahu and the Settlements - The New York Times» web.archive.org 2022-12-13 (kontsulta data: 2024-05-20).
- ↑ (Ingelesez) «Netanyahu makes history as Israel's longest-serving leader» AP News 2019-07-17 (kontsulta data: 2024-05-20).
- ↑ (Ingelesez) Tibon, Amir; Birnbaum, Ben. (2015-03-20). «“Is This Ship Sinking?” Inside the Collapse of the Campaign Against Netanyahu» The New Yorker ISSN 0028-792X. (kontsulta data: 2024-05-20).
- ↑ (Ingelesez) Halbfinger, David M.. (2019-02-28). «The Cases Against Netanyahu and a Decision to Indict» The New York Times ISSN 0362-4331. (kontsulta data: 2024-05-20).
- ↑ «Israel-Gaza conflict: Unthinkable security lapse on Netanyahu’s watch» web.archive.org 2023-10-28 (kontsulta data: 2024-05-20).
- ↑ «Benjamin Netanyahu | Israelis question Prime Minister Benjamin Netanyahu on ‘colossal failure’ on security establishment - Telegraph India» web.archive.org 2023-10-28 (kontsulta data: 2024-05-20).
- ↑ «Israel Palestine conflict exposes a shocking failure of security on Netanyahu’s watch | The Australian» web.archive.org 2023-10-26 (kontsulta data: 2024-05-20).
- ↑ «Thousands Protest Across Israel Against Netanyahu's Government». Haaretz (en inglés). Archivado desde el original el 29 de enero de 2024. Consultado el 29 de enero de 2024.
- ↑ «Protesters call for change to Netanyahu government». Reuters. 20 de enero de 2024.
- ↑ «The “Harvard Law Review” Refused to Run This Piece About Genocide in Gaza | The Nation» web.archive.org 2023-12-06 (kontsulta data: 2024-05-20).
- ↑ «Gaza: UN experts call on international community to prevent genocide against the Palestinian people | OHCHR» web.archive.org 2023-12-24 (kontsulta data: 2024-05-20).
- ↑ «Is What's Happening in Gaza a Genocide? Experts Weigh In | TIME» web.archive.org 2023-11-25 (kontsulta data: 2024-05-20).
- ↑ «South Africa to Take Israel to Top UN Court on Genocide Claim in Gaza» web.archive.org 2024-01-06 (kontsulta data: 2024-05-20).
- ↑ «Application instituting proceedings and request for the indication of provisional measures | INTERNATIONAL COURT OF JUSTICE» web.archive.org 2024-01-05 (kontsulta data: 2024-05-20).
- ↑ (Ingelesez) «ICC issues arrest warrants for Netanyahu, Gallant and Hamas commander» www.bbc.com (kontsulta data: 2024-12-11).
- ↑ Susaeta, Igor. (2025-09-16). «NBEk adierazi du Israel genozodio bat egiten ari dela Gazan» Berria (kontsulta data: 2025-09-17).
| Artikulu hau Israelgo biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |