Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Beotibarko kantua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Beotibarko kantua, Garibairen kronikan

Beotibarko kantua XIV. mendeko gudu baten harira konposatu zela kontatzen du guduaren narratzaileak, Esteban Garibai, gertaerak izan eta bi mende eta erdira. Beotibarko gudua 1321. urtean gertatu zen, gipuzkoarren eta nafarren artean (Gipuzkoa artean Gaztelaren parte zen). Gipuzkoarren garaipena izan zen, eta bertsotan ezarri zen garaipen hori, belaunaldiz belaunaldi ahoz transmititu zena.

Hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala jaso zuen kantua Esteban Garibaik 1571an Compendio historial de las Crónicas y universal historia de todos los reynos de España liburuan.

"Mila urte ygarota
ura vere videan.
guipuzkoarroc sartu dira
Gaztelu-co echean,
nafarroquin batu dira
Beotibarre pelean..."

Koldo Mitxelenaren iritziz[1], hitzak modernoegiak dira 14. mendeko genuinoak izateko, bereziki "gipuzkoar" forma, eta hobeto ematen dute Garibairen beraren garaiarekin.

Lehen bi lerroak errefrauen bere libururako ere gorde zituen Garibaikː Mila urte igarota, ura bere bidean. Denboraren iragateak ere ezin alda ditzakeen gauzak egon badaude eta. Esamolde hori eta antzekoak, hainbat bider agertu dira harrezkero euskarazko olerkigintza eta kantugintzan. Adibidez, Agosti Chahok jasotako Jaon Satordin kantuan[2]ː

Ehun urthe igarota
Hura bere bidean
Jaon Satordin mintzatu da
Iruñeko hirian

Beotibarko beste kantuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klaudio Otaegik Beoitibarko gudua izeneko beste olerki bat konposatu zuen 19. mendean, berak adierazi eskuizkribu baten oinarrituta, baina ustezko beste idazki horren arrastorik ez da aurkitu[3]. Testu horretan gipuzkoarren etsaiak ez dira nafarrak baizik eta zehaztu gabeko etsaiak. Aire Ahizpek eta Lourdes Iriondok Otaegiren kantuaren bertsioak kantatu zituzten 20. mendean[4], baita Benito Lertxundik ere geroago Beotibar izenburu sinpleagoarekin, eta eraldaketa esanguratsu batekinː "Beotibarko harkaitzetan / etsaiak gure oinetan" idatzi zuen Otaegik, baina Lertxundik kantatuː "Beotibarko harkaitzetan / frantsesak gure oinetan". Noski, ez bertsio batean ez besten ez da esaten etsai haiek benetan nafarrak izan zirela. Otaegi eta Lertxundi, biak gipuzkoarrak dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Mitxelena, Koldo. (1969). Textos Arcaicos Vascos. Madril: Minotauro, 66 or..
  2. Xaho, Agosti. (2006). Agosti Chahoren kantutegia. Susa ISBN 84-95511-78-9.
  3. Klaudio Otaegi olerkaria (1836-1890). Etor ISBN 84-85527-81-X.
  4. .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]