Erreforma protestantea: berrikuspenen arteko aldeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Xqbot (eztabaida | ekarpenak)
t robota Erantsia: mwl:Reforma Protestante
156. lerroa: 156. lerroa:
[[mk:Протестантска реформација]]
[[mk:Протестантска реформација]]
[[ms:Reformasi Protestan]]
[[ms:Reformasi Protestan]]
[[mwl:Reforma Protestante]]
[[nds:Reformatschoon]]
[[nds:Reformatschoon]]
[[nl:Reformatie]]
[[nl:Reformatie]]

03:05, 22 iraila 2009ko berrikusketa

Martin Luther apaizak idatzitako 95 tesiak

Erreforma Protestantea Eliza Katolikoa aldatzeko XVI. mendean sortutako mugimendua izan zen.

Mendebaldeko Europan Elizan barneko jokaera zitalek, barkamenen sal-ersoketek batik bat, eta "dotrina faltsutzat" jotakoek kristau asko kezkatzen zituzten. Halaber, Elizako hierarkian, Erromako Apezpikuarengan ere, zegoen ustelkeria estalgaitza beste kezka nagusienetako bat zen. Izan ere, Elizarako izendapen andana emandako dirutzen truke banatzen ziren.

Gauzak horrela, 1517an, Martin Luther barkamenen sal-erosketen kontrako 95 tesiak argitaratu zituen. Elizako prakika hori gogor salatu zuen, baina ez zen bakarra izan. Garbitokia, Mariarenganako eraspena, santuen bitartekaritza, sakramentu gehienak edo Aita Santuaren aginpidea ere Luther-en kritiken jomugak izan ziren. Horretan, John Wycliffe eta Jan Hus aurrekari eduki zituen.

Erreforma Protestantetik atera ziren eliz-ohitura nagusiak luteranismoa, kalbinismoa/presbiterianismoa eta anabaptismoa izan ziren. Anglikanismoa Aita Santuaren aginpidearen kontra garatu zen, batik bat. Hor, dotrinaren gaineko argudioek pisu txikiagoa izan zuten. Hori dela eta, anglikanoek ez dute eure burua protestantetzat jotzen.

Eliza Katolikoan barnan, Erreforma Protestanteak Kontrarreforma ekarri zuen.

Sustraiak eta aurrekariak: XIV. eta XV. mendeak

Behe Erdi Aroan, Mendebaldeko Europak oro har eta Eliza Katolikoak ere egoera gorabeheratsua bizi zuten: Aita Santuen “Babiloniako presoaldia” Avignonen, Mendebaldeko Zisma (1378-1416), printzeen arteko borrokak, nekazarien arteko matxinadak, eta apaizteriaren ustelkeriaren uste zabala. Horrek guztiak kleroen elitearekiko gogogabe hedatua ekarri zuen.

Oxford Unibertsitateko John Wycliffek eta Pragako Unibertsitateko Jan Husek erlijioaren inguruko ideia berriak eta aurrekoarekiko apurtzaileak ekarri zituzten. Hala ere, Eliza Katolikoak debate hori amaitutzat Konstanzeko Kontzilioarekin (1414-1417) eman zuen. Jan Hus erreta hiltzera zigortuta eta Wycliffe herexetzat jota, Eliza eta Inperioaren arteko lotura tradizionala indartu nahi izan zen. Aurreko urteetan sortutako nazioarteko edo teologiako gorabeherak ez zituzten kontuan hartu. Honela, Bohemian Gerra Hustarrak piztea ezin zen galarazi.

Monasterioen zein eskolastizismoaren gainbeheraren ostean, Behe Erdi Aroan erlijio-erreformeei eta oinarrizko baloreei buruzko eztabaida sakona hedatu zen Europan zehar. Konstanzeko Kontzilioak hasieran kontziliarismo deritzon mugimendu erreformazaleari bidea ireki bazion ere, ate hori ere itxi zen azkenean. Nominalismoak, devotio moderna zeritzonak, edo humanismoak ere ez zuten arrakasta handiagoa debate horretan. Historialariek jeneralean onartzen dute aldaketaren porrotak (gehienbat elkarren aurkako interes gehiegi, erreformatzaileen arteko elkarlan eza zela eta) erreformarako edo iraultzarako ere grina handiagoa zekarrela, sistema doitu edo apurtu behar baitzen.

Humanismotik protestantismora

Rotterdamgo Erasmus 1523an.

Pizkundean sortutako gizakiaren irudi berriak humanismoa bultzatu zuen. Honek, erlijioaren inguruan ikuspuntu berriak ekarri zituen, baina humanisten erreformak ez zuen arrakastarik izan. Eztabaida honetan Erasmus, Martin Luther edo Zwingli agertu ziren, nork bere bideari ekinez.

Erdi Aroko teologiaren gainbehera William of Ockhamekin hasi zen XIV. mendean, burgoetan nahigabea hedatu ahala. Eskolastizismoaren oinarri filosofikoak pitzatu zirenetik, nominalismo korronte berria ez zetorren bat oso ongi bere burua Jainko eta Gizakiren artean ordezkaritzat hartzen zuen Elizarekin. Erlijiosoa ez zen doktrina ere argudio filosofikoek babes zezaketen ideiaren alde egiten zuen pentsamolde berriak. Honela, Tomas Akinokoak eratutako arrazoia eta fedearen arteko lotura zaharra higaturik geratzen zen nolabait.

Erdi Aroko eskolastizismoaren aurka jo zuten mugimendu nagusiak humanismoa eta debozionalismoa izan ziren. Alemanian, “era modernoa” edo debozionalismoa (Amankomuneko bizitzako anaiak edo Jan Standonck ikus itzazu) unibertsitateetara zabaldu ziren. Orduan, Jainkoa berriro definitu behar izan zen, zeren, gobernatzen zuen printzipio arrazoitsua baino, borondate entelegaezina eta mugaezina bilakatu baitzen. Hala izanik, goberntzaile absolutua eta ulertezina zen, eta erlijioa sutsuago eta emozionalago bihurtu zen. Agustindar teologia berpiztu zen, zeinek dioen Jainkoaren graziaren bidez baino salbaziorik ez dagoela, gizakiak jokabidean egiten dituen ahaleginak gorabehera. Honela, ekintza onak eginez zerura joan ahal izateko bidea den Elizak legitimazioa galdu zuen.

Pizkundearen ikasbide klasikoaren berreskurapena oinarritzat hartuta, Humanismoa, ordea, hezkuntza zuen erreforma-helburu nagusia. Aristotelesen logikaren aurka eginda, gizabanakoak elokuenziaren bidez eta ez arrazioaren bidez erreformatzeko garrantzia azpimarratzen zuen humanismoak. Izan ere, ertaroko latinezko tradizio zabala arbuiatu zuen humanismoak. Erasmus buru zuela, humanistek Elizaren barneko hainbat ustelkeria mota salatu zituzten. Erasmusek zioen erlijioa norberaren barneko debozio kontua zela, kanpora begira dauden erritual eta zeremoniaren ikurrak baino. Erreforma morala suspertuz eta zeremonia gutxietsiz Lutherri bidea zolatu zion Erasmusek.

Humanismoaren antiklerikalismo intelektualak Lutherren gainean eragin handia izango zuen. Gero eta heziagoak ziren Iparraldeko Alemaniako sektore ertainek, hezitutako hiritarrek alegia, Lutherren pentasmolde erlijioso berriaren alde jo zuten haren nahigabea ideietan gorpuztu nahian. Gainera, humanismoaren indibidualismoak ere kilikatzen zituen sektore horiek, negoziak muga zaharrik gabe eraman nahi baitzituzten. Askoren aburuz, elizaren instituzioak zurrunak ziren, batik bat prezio egokiari edo usurari zegokienez. Halaber, iparraldean, burgotarrak eta printzeak batuta zeuden zergak ez nazioari, Italiako Aita Santuari baizik ordaindu behar baitzizkioten.

Pentsalari berriak artalde eta artzainen arteko tartea gero eta zabalagoa zela konturatzen hasi ziren. Apaizteria, esaterako, ez zegoen beti ongi hezituta. Oso maiz, apaiz xeheek ez zekiten latinez, eta teologia-hezkuntza ez zeukaten eskura. Apezpiku franko zuzenbidean eta ez teologian zeuden jantzita, haien ondasun kopurua eta instituzioen zurruntasuna zirela eta. Administrazioan eskarmentatutako uztatzaileak bezala ikusita, Elizaren ospea apaltzen hasi zen, batez ere ongi hezitutako hiritarren artean. Gainera, Behe Erdi Aroko aipatutako Elizaren krisialdi politikoak ez zuen batere lagundu. Azkenean, Leon X.a Aita Santuak sustatu zuen San Petriren basilika eraberritzeko kanpainiak hirietan elizaren aurkako gogogabea areagotu zuen.

Humanismotik Lutherrek indibidualismoaren zentzua hartu zuen: nor bere apaiza izan daiteke (Iparraldean ongi hezitutako klase ertainen hazkundea kontuan hartuta, babes zabala jasotzekoa zen ideia), eta Biblia baino benetako autoritaterik ez dago (konziliarismoaren aldarrikapena berea eginda eta Aita Santuaren nagusitasunaren inguruko eztabaida berriro zabalduz). Hala ere, gizakiak ongiari jarraitzeko ezinduak zirela Lutherren esanak Erasmusengandik banandu zituen humanismoa eta protestantismoa azkenean.

Martin Luther

Sakontzeko, irakurri: «Martin Luther»
Martin Luther.

Gordarazitako baina ez desagerrarazitako nahigabea berriro azaleratu zen Martin Luther Wittenbergeko Unibertsitateko irakasle agunstindarrak 1517an indulgentzien sal-erosketa kritikatu zuenean. Izan ere, haren ustez, horrek azaleko pietatea sortzen zuen, eta kristaua salbazioaren benetako iturritetatik aldentzen zuen.

Lutherren dotrina

Sakontzeko, irakurri: «Luteranismo»

Hasiera batean dotrina berri eratzeko asmorik ez bazuen ere, Wittenbergeko katedralean iltzatutako tesietan bertan ere, errua Jainkoak berak baino ezin duela barkatau –sola fede- argudiatzen zuen, eta, apaizaren absoluzioa erabilgarria izanda ere, ez zela ezinbestekoa. Orobat, hierarkiak ez zeukan garbitokiko zigorrik arintzeko eskumenik. Izan ere, Lutherrek gizakiaren eta Jainkoaren arteko elkarrizketa zuzena azpimarratzen zuen. Honela, lehendabiziz, eliza eta apaizteriaren bitartekari-papera ahultzen zen. Bataiatutako ororen apaiza izateko gaitasuna defendatu zuen. Bigarrenik, Biblia (salbaziorako iturri bakarra –sola scriptura-, usadioa baztertzen baitzuen) edonork irakur eta interpreta zezakeen, eta ez bakarrik apaizek. Eta hirugarrenik, Elizaren zazpi sakramentuak hirutara mugatu zituen: eukaristiak, penitentzia mota batzuek eta bataioak baino ez dute oinarririk Biblian.

Dotrinaren hedapena Alemanian

Lutherren 95 tesien zabalkundeak hautsa harrotu zuen berehala. Mainzko apezpikuak eta domingotarrek, Inkisizioaren arduradunek, segituan salatu zuten Luther. Erroman, nolanahi ere, besteak beste Maximilian I.a enperadorearen heriotza zela eta, erantzuna 1520ra arte atzeratu zen. Leon X.a Aita Santuak, bulda baten bidez, hirurogei egunetan atzera egin ezean, eskumikatuko zuela adierazi zuen. Lutherren erreakzioa Wittenbergeko unibertsitateko irakasle eta ikasleen aurrean bulda erretzea izan zen.

Karlos V.a enperadore berriak Wormseko dieta deitu zuen 1521ean, atzera egin zezan Lutherri berriro eskatzeko. Ezezkoak haustura berretsi zuen. Ordurako, Alemaniako humanista andana bat egina ziren Lutherren dotrinarekin, tartean Ulrich Utten eta Filip Melanchton. Azken hau dotrina egitaratu zuena izan zen. Zenbait artistak (Durer, Holbein) eta hiritarrek ere bat egin zuten Erreformarekin. Hurrengo urteetan hainbat hiritan eta printzerritan Lutherren dotrina onartu zen. Iparraldeko Europan, gero eta handiagoa zen kontzientzia naziolari esker ere erakargarriagoak suertatu ziren Lutherren irakaspenak. Izan ere, Aita Santua salatu zuen politikan eskua sartzeagatik. Gainera, noblezia babestu zuen Lutherrek 1525eko Nekazarien Matxinada bertan behera uzteko eta Elizarren lurra bereganatzeko.

Wormseko dietaren ostean enperadoreak Luther Inperiotik kanporatu bazuen ere, gezurrezko zelata batean Wartburgera eraman zuten Luther, babesa ematearren. Bertan sei hilabete eman zituen haren lan nagusienetako batzuk idazten. Ondoren, Wittenbergera joan zen, harik eta Eislebenera, haren jatorrizko hirira hain zuzen ere, itzuli zen, non 1546an hil zen.

Ulrich Zwingli

Sakontzeko, irakurri: «Ulrich Zwingli»
Ulrich Zwingli.

Erroformaren bigarren bihotza Suitza izan zen. Bertara erreformaren ideia berriak Ulrich Zwinglik (1484-1531) sartu zituen. Zuricheko katedralaren kanonigoa eta Erasmusen jarraitzailea, 1524-25ean Zuricheko eliza eraberritu zuen Zwinglik: elizetako irudiak debekatu, zelibatoa bertan behera utzi, konbentuak itxi eta haien ondasunak laguntza publikorako eman, edo meza errito sinple eta sobrio batekin aldatu zuen.

Zwingliren irakaspenak Konrad Grebel eta Felix Manz buru zituen anabatista mugimenduak haratago eraman nahi zituen. Ahalik eta lasterren gizaki santu eta garbi hutsez osaturiko gizartea eratu nahi zuten. Umeen bataioa arbuiatzen zuten, eta hortik zetorkien izena, grekoaz berbataiatua anabatistes esaten baita. Gizakien arteko berdintasun soziala ere aldarrikatzen zuten, ebanjelioaren ikasbidea zelakoan. Ideia horiek oposizio gogorra topatuta, anabatista ugari hiltzera zigortu zituzten Zurichen.

Suitzako gainerako kantoietan aurkaritza are gogorragoa izanik, 1531n armada katolikoa osatu zen. Zurich hartu zuten, eta Kappeleko batailan Zwingli bera hil zen. Suitzan, orduan, erreforma geldiarazita geratu zen, Genevan izan ezik.

Jean Calvin

Sakontzeko, irakurri: «Jean Calvin»
Jean Calvinen Institutio christianae religionis liburuaren argitalpena 1834an.

Genevan hain zuzen ere garatu zen Jean Calvinen (1509-1564) erreforma-ibilbidea. Frantzian jaioa bazen ere, Suitza aldera luteranoen aurkako jazarpenetatik ihesesan joan zen. Basilean Zwingliren ideiak ezagutu zituen. Genevan 1541ean finkatu zen, non hil arte, 1564an, egon zen.

Erlijio kristauaren instituzioa liburua idatzi zuen. Arrakasta itzela lortuz, denboraren poderioz Erreformaren summa teologikoa bihurtu zen. Dotrina kalbindarrak predestinazioa, Lutherrek agertutako ideia, azpimarratzen eta garatzen du. Hau da, Jainkoak batzuk salbaziora eta besteak zigorrera eramaten ditu, ez gizabanakoaren ekintzen arabera, Haren borondatearen arabera baizik. Hala ere, patua onartzea deus egin gabe ez da irtenbidea, norberaren baitan hautatutakoen zeinuak aurkitu behar baitira. Bilaketa hori eguneroko bizitzan, beharra ongi betez, garatzekoa da.

Horretarako, asko ahalegindu ondoren, Calvinek Geneva eliza-estatu bilakatu zuen. Gainera, hasiera batean eliza nagusiki ikustezina dela irakatsi bazuen ere, denborak aurrera egin ahala gero eta garrantzia handiagoa ikusten den elizari eman zion. Bada, Genevan, hiriko biltzar nagusia dotrina-kontuez eta moral publikoaz arduratzen zen. Hezkuntza-sistema eraberritu zuten. Morala bizitzaren zirrikitu orotara iritsi zen, eta ikuskizunak, luxua, tabernak-eta debekatu ziren, bekatariak komunitatetik baztertuta geratuz.

Erreformaren hedapena Alemaniatik at

Eskandinavian

Eskandinavia osoak luteranismoa bereganatu zuen XVI. mendean zehar, Danimarkan (garai horretan Norvegia eta Islandia hartzen zuena) eta Suedian (Finlandiara ere zabaltzen zena) monarkak fede horretara aldatu baitziren.

Suedian, Gustav Vasa erregea, 1523an hautatuta, aitzindaria izan zen. Aita Santuak Suediako eliza-kontuetan eskua sartzeagatik hartu-eman ofiziala eten zen 1523z geroztik. Lau urte geroago, eliza nazionalaren gaineko nagusitasuna lortu zuen erregeak: elizaren ondasun oro patrikaratu zuen, elizarako izendapenek erregearen onespena behar izaten zuten, lege zibilaren azpian geratu zen apaizteria, eta “Jainkoaren Hitza bakarra” elizetan eta eskoletan irakastekoa zen, ideia luterarrei onespen ofiziala emanez.

Danimarkan, Federiko I.aren agintaldian (1523-33) ofizialki katoliko jarraitu zuen erresumak. Hasiera batean erregeak luterarrei jazartzeko politika abian jarri bazuen ere, laster erreformatzaileak babesteari ekin zion. Horietako ospetsuena Hans Tausen izan zen. Haren semea, Christian, luterarra zen argi eta garbi. Aitaren heriotzaren osteko gerra zibilean garaile ateratakoan, 1537an, estatuko eliza ofiziala eraberritzen hasi zen.

Ingalaterra

Ingalaterran, Erreformak Europako beste inon hartu ez zen bidea hartu zuen. Aldea Henry VIII.aren behar politikoek ekarri zuten. Garai batean benetako katolikoa izanik ere (Luther maiseatzen zuen liburua eta guzti argitaratu zuen), geroago ohartu zen Aita Santuekin haustea komeni zitzaiola. Izan ere, Aragoiko Katalinarekin alaba bakarra (Mary) eduki zuenez gero, eta dinastia kontuak zirela-eta beste gatazka armatuaren beldurrez (ikus ezazu Arrosen Gerra), erregeak uste zuen seme bat behar zuela. Aita Santuak dibortziatzeko baimena ukatu zionean, Ingalaterrako Eliza Erromaren agintetik kentzeko erabaki zuen. Honela, 1534an, erregea Ingalaterrako Elizako buru bihurtu zen. Hurrengo urteetan, Thomas Cromwellen zuzendaritzapean, monasterioak desegin ziren, hainbat santuren gurketa zein zenbait erromesaldi ere bertan behera geratu ziren. Elizaren lur eta ondasun andana koroarengana, eta, azkenean, noblezia txikiarengana (gentry), igaro ziren. Erreforma honek aurkari ugari topatu zituen, eta haietako batzuk, Thomas Moro edo John Fisher, besteak beste, exekutatu zituzten.

Edward VI.aren agintaldian, Ingalaterrako Elizaren dotrina ezarri zen. Nolanahi ere, herritarren artean oraindik ere ez zegoen guztiz finkaturik. Haren aholkulariek aginduta (hiltzean erregeak 16 urte besterik ez baitzituen) irudiak eta elizak suntsitu ziren.

Maryren agintaldian (1553-1558) katolizismoa berrezartzen saiatu zen. Elizabeth I.aren agintaldian, berriz, kontsentso lausoa lortu zen, muturreko kalbindarrengandik katolikorenganaino onartu baitzen. Nolanahi ere, garai horretan alderdi puritanoa hazten hasi zen, erreforma erlijiosoak haratago eramateko asmotan.

Eskozia

John Knox.

John Knox Eskoziako Erreformaren burutzat jotzen da. Bertan, Erreformaren garaipenak Ingalaterraren eragina, Frantziarenaren ordez, ekarri zuen.

Izan ere, 1560an Eskoziako Parlamentuaren Aita Santuaren nagusitasuna arbuiatu eta mezak debekatzen zituen ebazpena plazaratu ahal izan zen Mary of Guise erregentearen eta frantziarren hegemoniaren kontrako altxamenduari esker.

Erreforma honek Eskoziako Eliza gauzatu zuen, eta, honen bidez, mundu osoko eliza presbiterianoak.

Herbehereak

Beste toki askotan ez bezala, Hamazazpi Probintzietako agintariek ez zen hasia Erreforma, herri-mugimenduek baizik. Kontinenteko beste erreformatzeileen etorrerarekin, mugimendu hori areagotu zen. Hasiera batean anabaptimoak ospe zabala jaso bazuen ere, kalbinismoa, Herbeheretako Eliza Erreformatuaren bidez, zen fede protestante nagusia 1560ko hamarkadatik aurrera.

Protestanteen ezarpen gogorrak, Felipe II.aren gobernuak aginduta, probintzietan independentziarako gogoa areagotu zuen. Honek Laurogei Urteko Gerra ekarri zuen, eta, azkenean, Herbeheretako Errepublika protestantearen sorrera iparraldean, hegoaldean (egungo Belgikan) katoliko jarraitzen zuten bitartean.

Frantzia

Henrike, Frantziako eta Nafarroako erregea.

Frantzisko I.ak (1515-47) berak Erreforman interesik ez zeukan arren, hasiera batean jarrera tolerantea gorde zuen, humanismoarekiko atxikumendua zela eta. Hau guztia 1534an aldatu zen, erlijioa politikaren eremura iristean. Erregeak mugimendu erreformatzailea herrialdearen kontrako mehatxutzat jo zuen orduan. Honek protestantismoaren kontrako lehendabiziko jazarpen garrantzitsua ekarri zuen. Izan ere, Chambre Ardente (Ganbara Sutan) Parisko Parlamentuak ezarri zuen, heresiarengatik auzien gorakada eraman ahal izateko. Frantziako protestante andanak erresuma utzi zuten garai honetan, haien artean Genevara joan zen Jean Calvinek. Hortik, Frantziako erresumaz kanpotik, Calvinek apaizak hazten zituen Frantziara bidaltzeko.

Henrike II.aren jazarpen gogorra gorabehera, Frantziako eliza erreformatuak, gehienbat kalbindarrak, gora egin zuen herrialdeko alderdi frankotan zehar: hirietako erdi mailetan eta aristokraziako hainbat sektoretan ere, katolizismoaren egitura erosotiak gogaituenen artean hain zuzen ere. Jazarpenak jazarpen, frantziar protestantismoak ezaugarri politikoa bereganatu zuen, 1550eko hamarkadetan zenbait nobleen konbertsioak agerian utzi zuen bezala. Honek gatazka armatuetarako lurra erein zuen. Henrike II.aren ustekabeko heriotzak, orduan (1559), Frantziako Erlijio Gerrak piztu zituen. Gerra zibil hauetan, sarraskiak eta suntsipenak ohiko bilakatu ziren, erpina San Bartolome Egunaren Sarraskia izanik (1572ko abuztuan), non 30.000 eta 100.000 bitarteko hugenot erahil zituzten Frantzian zehar. Gerra ez zen amaitu harik eta Henrike IV.ak (Nafarroako erregea zenak), bera ere hugenotak, Nantesko Ediktua ezarri zuen arte. Horretan, gutxiengo protestanteari tolerantzia bermatu zitzaion, nahiz eta baldintza estuetan. Katolizismoakestatuaren erlijio ofiziala gisa segi zuen. Protestantismoaren askatasuna gainbehera joan zen hurrengo urteetan, eta, Louis XIV.aren Fontainebleauko Ediktuarekin, katolizismoa Frantziako legezko erlijio bakarra bihurtu zen.

Hungaria

Hungariar askok protestantismoa hartu zuten XVI. mendean zehar. Bertako alemaniar gutxiengo handi samarrak lagundu zuen erreforma zabaltzen, Martin Lutherren idatziak itzuliz. Hala ere, hungariarren artean kalbinismoak izan zuen arrakasta gehien.

Ipar-mendebaldean, nolanahi ere, turkiarrak borrokatzen ari zen Habsburgotarrek babestuta, fede katoliko zaharra defendatu zen, eta, ahal zuten aldiro, protestanteak atxilotu eta erre zituzten. XVI. mendearen amaierako, protestantismoa hungariarren erlijio nagusia bilakatuta zegoen. Hala ere, XVII. mendean, Kontrarreformak egindako ahaleginei esker, katolizismora itzuli zen herrialdearen gehiengoa, beti ere protestantismoak bizirik jarraituta. Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura