Estoizismo: berrikuspenen arteko aldeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Joxemai (eztabaida | ekarpenak)
t robota Aldatua: ro:Stoicism
94. lerroa: 94. lerroa:
[[pl:Stoicyzm]]
[[pl:Stoicyzm]]
[[pt:Estoicismo]]
[[pt:Estoicismo]]
[[ro:Stoa]]
[[ro:Stoicism]]
[[ru:Стоицизм]]
[[ru:Стоицизм]]
[[sh:Stoicizam]]
[[sh:Stoicizam]]

19:06, 9 urria 2009ko berrikusketa

Ustez Seneka irudikatzen duen soingain bat: Pseudo-Seneka. Seneka estoiko nabarmen bat izan zen.

Estoizismoa (grezierazko στωα hitzetik[1], "estoa") garai helenistikoan garatu ziren eskola filosofikoetako bat da, eszeptizismoarekin eta Epikurok sortutako eskolarekin batera. Estoizismoaren jarraitzaileei estoiko deritze. Etikan eragin handiko joera filosofikoa izan da. K. a. III. mendean abiatu zen Zenon Zitiokoaren eskutik eta bere eragina zabala izan zen III. mendera arte, sei mendetan zehar. Erromako inperioan garrantzi handia izan zuten Seneka eta Marko Aurelio filosofia horren jarraitzaileak izan ziren. Halaber, filosofia modernoan ere zabaldu da pentsaera estoikoa [2]. Gizartean zorigaitza eta ezbeharrak etsipenez onartzen duen bizitza-jarrera gisa ere ulertzen da [3]. Estoizismoaren pentsaeraren arrastoak egun gizarteak ekintzak eta gertaerak zentzutasunez eta jakinduriaz baloratzeko moduan ere hauteman daitezke[4][5][6].

Kronologia eta pertsonaiak

Zenon Zitiokoari zor zaio estoizismoaren sorrera. Txipreko Zitio hirian jaioa K. a. 332 urtean, Atenasera heldu eta zinikoen eta megarikoen ikasbideak jarraitu zituen [7]. 40 urte zituelarik Estoa izeneko eskola sortu zuen eta bere ideiak bere bizitzarekin uztartzeko zuen jarrera dela-eta, ospetsu bihurtu eta estoan jarraitzaile asko, estoikoak alegia, bildu zituen. Zenon Zitiokoa hil eta gero, K. a. II. mendean estoikoen aurrealdean jarraitu zuten hurrenez hurren Kleantesek eta Krisipok. Krisipo izan zen estoizismoaren irakaspen eta ideiak finkatu zituena, estoikoen baitan zabaltzen ziren joera heterodoxoen aurka [8]. Euren ideiekin jarrera zorrotz eta itxia zutelarik, aurreko hirurek antzinako estoizismoa osatzen dutela esan daiteke, eklektikoa eta aristotelismoaren aurka moderatuagoa izan zen estoizismo ertainari bide emanez [9][10]. Irekiagoa zen estoizismo ertainaren ordezkari nagusiak, K. a. II. eta I. mendean bilakatuko zena, Posidonio eta Panezio izan ziren. Garai honetan, Zizeron ere estoikotzat hartu behar da, baina zentzu zabalean. Epikteto, Seneka eta Marko Aurelio izan ziren Stoa erromatar eta berriaren pertsonai nagusiak I. eta II. mendeetan. Azken garai honetan, estoizismoak kezka moral eta erlijiosoa erakusten ditu batez ere.

Aurreko pertsonaia nagusi horietaz gainera, beste filosofo asko bildu ziren estoizismoaren ikasbidera. Aintzinako estoizismoaren baitan, Zenon Tarsokoa, Diogenes Babiloniakoa eta Antipater Tarsokoa filosofoak izan ziren, Krisipo ondoren, Stoa eskolako hurrengo buruak. Estoiko ezagunak izan ziren, garai berean, Perseo Zitiokoa, Ariston Kiosekoa, Esfero Bosforokoa, Herilo Kartagokoa, denak Zenon Zitiokoaren ikasleak, eta Krates Mallusekoa.

K. a. II. eta I. mendean, estoizismo ertainaren baitan, Panezio eta Posidonio estoiko nagusietaz gain, aipatu behar dira Dardano Atenaskoa eta Mnesarko Atenaskoa Atenasko Stoako buruak izan zirenak Panezio hil eta gero. Paneziok estoizismoa Erromara ekarri eta hortik aurrera estoizismoa Erromako filosofoa nagusia bilakatuko zen [11]. Hekato Rodasekoa ere aipatu behar da garai berean. Diodoto estoikoa Zizeronen irakaslea izan zen. Gemino Rodasekoa astronomian eta matematikan nabarmendu zen estoikoa izan zen. Athenodoro Kananeakoa izeneko estoikoa Zesar Augusto izango zenaren irakasle izan zen. Antipater Tirokoa garai bereko beste estoiko bat izan zen.

I. eta II. mendeetan kokatzen da azken estoizismoa. Seneka Erromatar Inperioako kultura eta politiko pertsonaia nabarmena estoikoa izan zen eta estoizismoaren pentsaerari buruzko lan anitz utzi zituen, Luziliorentzako Gutunak esaterako. I. mendean, Neron enperadorearen agintepean, Kornuto filosofoak eskola estoiko bat eratu zuen bere etxean eta garai berean Musonio Rufo filosofia estoikoa irakatsi zuen. Garai beretsuan, Eufrates estoikoa eta Kleomedes astronomoa ere estoiko nabarmenak izan ziren. Pentsalari estoiko handia izan zen Marko Aurelio enperadorearen irakasleak izan ziren Sexto Keroneakoa eta Kinto Junio Rustiko estoikoak. Historian zehar, Epikteto eragin handiko estoikoa izan da, bere pentsaera jasotzen duten Diatribai edo Eztabaidak eta Enkhiridion edo Eskuliburua lanen bitartez.

Filosofia

Estoizismoak historian zehar izan zuen sei mendeko hedadura dela-eta, oso irakaspen, ideia eta korronte ezberdinak bildu arren, estoizismoak lortu zuen sistema filosofiko bateratu bat eratzen. Filosofia bizimodu edo praktika bat (askesis) zela uste zuten gainera, zorion-bizitzarako jarduera alegia, zientziak berez baliorik ez duela baieztatuz, Sokrates, Platon eta Aristotelesek ez bezala [12][13]. Horrela jakintsua bizitzen dakien hura dela irizten zuten estoikoek.

Hiru ataletan banatu zuten filosofia hasierako estoikoek, orduko filosofia korronte nagusiei jarraiki [14]: fisika, etika eta logika. Hiru atalen batasuna eta sistema izaera onartzen zuten arren, estoizismoak ordea ordena bat ezarri omen zuen hiru atal hauetan, logikatik abiatuz eta etika helmuga izanik [15].

Logika

Logikak egia ezartzeko irizpideak finkatu behar ditu, estoikoen ustetan. Epikurearrek bezala, ezagutzaren oinarria objektuek zentzumenean uzten zuten arrastoetan, aisthesis edo sentsazioetan alegia, dagoela pentsatzen zuten. Sentsazioetatik irudikapen kataleptiko edo esperientziazko ezagutzara heltzeko ariman edo izpirituan dugun aurretiko arrazoimenaren sinkatáthesis edo onarpena behar da gainera. Onartzen da, beraz, sentsazioei egin dakiekeen kritika edo hauekiko askatasuna, prolepsi edo berezko arrazoimeneko kontzeptuen aurkakoak direla pentsatzen denean. Horrenbestez, estoikoak enpiristak direla esan daiteke. Irudikapen kataleptikoak bilduz eta esperientziaz, gizakiak unibertsalak eta kontzeptuak eratzen ditu. Estoikoen ustetan, unibertsal hauek ordea ez dute errealitaterik, gizakiaren buruan bakarrik existitzen dira eta horrela estoikoak nominalistatzat jo behar dira. Proposizio-logikan ere oso ekarpen interesgarriak egin zituzten eta horretan batez ere Krisipok egindako lan itzela aipatu behar da.[16][17][18]

Fisika

Estoikoen esanetan printzipio aktiboa den logos edo arrazoiak printzipio pasiboa den materiari pneuma edo haizea eraginez physis edo dagoen guztia sortzen du[19]. Aktiboak diren su eta haize, pasiboak diren lur eta urez osaturik, gauzak peuma delako hats edo indarraz hartzen dute bere izaera. Gizakietan gainera arima piztu eta adimena ematen duen indarra da. [20]. Natura hainbat eratara gauzatu eta aniztasuna erakusten du, bertan dauden atal edo zati infinituetatik abiatuz logos delako arrazoi edo indarraren ereintza anitzari esker (logos spermatikoi) [21]. Estoikoak, dena den, monistak dira, unibertsoa osotasun bezala defendatzen baitzuten. Aldi berean, panteistak dira, logos-Jainkoa guztian eta guztia baitiote. Errealitatea telos erakoa edo xedezkoa da gainera: gertatzen den guztia logos-jainkoak ezarri bezala gertatzen da, akatsik gabe erabateko arrazionaltasunez eta beraz, gizakiak ez du askatasunik logosak eraiki duen inongo eremutan. Jarrera determinista hau izan zen estoikoen etikaren oinarria finkatu zuena, gauzak datozen bezala onartu behar direla esaterako.[22]

Unibertsoak betiereko bilakaera ziklikoa izan eta azkenik unibertso osoa suak hartuko zuela (ekpyrosis) uste zuten, eta su hori itzaltzean unibertso berri bat sortuko zela (palingenesis), betiereko eite berdinez (apokatastasis) eta zikloari bira berri bat emanez.[23]

Etika

Fisikan defendatzen duten determinismoak eragiten dio estoikoen etikari. Izatez arrazionala, bere arrazoia hazi eta goratzen duen hori egin behar du bizitzan, gizakiak bere oikeiosis edo senak esaten dien bezala bilatzen baitu beretzat ona dena. Jakintsua gizaki handiena eta aberatsena, esklaboa, txiroa, zaharra eta gaixoa izan arren [24]. Mundua den bezala denez, sophos edo gizaki jakintsuak, bertutea duenak, halabeharra onartzen du, ona baita berez mundua, logosak eraiki zuelako. Naturaren arabera bizi behar da, beraz[25]. Hori da modu bakarra eudaimonia edo zoriontasuna lortzeko [26]. Giza natura okertzen denean, bertutera heltzeko ekidin behar den pathos edo grina sortzen da. Lau motako grinak bereizi zituen Krisipok: oinazea (indarrean dagoen ezbehar batengatik), beldurra (etorkizuneko ezbehar batengatik), plazerra (indarrean dagoen zorion batentgatik) eta desira (etorkizuneko zorion batengatik)[27]. Atsekabea gainditu eta zoriontsua izateko, gizakiak apatheia delako jarreraz bizi behar du, grinak baztertuz eta bertutez, naturaren arabera alegia, jokatuz [28][29].

Estoikoen iritziz, gizakiak izaera bikoitza du: animala eta arrazionala. Logosak piztutako izaera arrazionalean kokatzen dira ongia eta gaizkia. Ongia logosak sortutako adimen eta arrazoiaren hazkundea eragiten duen bertutea da. Gaizkia arrazoiaren akatsa besterik ez da. Gizakiaren baitan ez dauden gauzak (osasuna, aberastasuna, edertasuna, ...) ordea ez dira ez onak ez txarrak baizik eta arduragabeak. Erabateko ongia ezagutu eta burutzen dutenak dira benetako jakintsuak. Logos delakoaren aurka jotzen dutenak ergelak dira. Hasierako estoikoek jakintsuen eta ezjakinen arteko bereizketa erabatekoa defendatu bazuten ere, gerora guztizko ongia jakintsu bakan batzuen esku zegoela aitortuz, gizakien gehiengoak gauzak era onargarri edo komenigarri batez egin zezakeela onartu zuen, arrazionaltasunez, kathekon delakoa betez [30].

Gizakiaren askatasunaren gaiari buruz, errealitateari egozten zaion determinismoa dela eta, gizakiaren erabakimen askearen eza arbuiatu zaio estoizismoari. Estoikoek benetako askatasuna logos delakoaren araberako bizitzan datzala diote, norberaren baitan dauden gauzetan erabakiz eta gure baitan ez dauden gauzak onartuz. Horrela, natura onartuz bizi den jakintsua da egiazko askea eta ergela egiazko esklabo [31]. Ildo horretatik, suizidioa aukera erreal gisa agertzen da estoikoen pentsamenduan, betiere arrazionaltasunez planteatzen bada: Senekak gizakiaren benetako ekintza askea dela aipatu zuen.[32][33]

Gizarte etikari dakogionez, zinikoengandik jasotako pentsaera dela medio, hasiera batean estoikoek indibidualismoa zorrotza defendatzen bazuten ere, denborarekin gizartearekiko jarrera ireki baten alde agertu ziren, gizakia berez komunitatean bizi den izakia dela dioen ideian oinarrituz. Krisipok berak esan zuenez, jakintsuak politikan parte hartu behar du, ezer aurka ez badu. [34]. Aldi berean, gizaki guztiak logos beraren seme alabak direnez, gizakia beste gizakiak maitatu behar ditu eta bere aberria mundu osoa da [35]. Estoikoa beraz kosmopolita da eta guztientzat estatu eta lege bakarra defendatzen ditu.[36]

Iturri historikoak

Zenon Zitiokoa, Diogenes Laerzioren Filosofoen bizitzak liburuaren 1761. urteko frantsesezko argitalpen batean.

Estoikoen sistema filosofikoa osotasunez aztertzeko, beharrezkoa litzateke beraien idazkien bilduma osoa edukitzea. Estoiko zaharren idazki guztiak, zoritxarrez, galdu dira, eta Seneka, Epikteto eta Marko Aurelioren jatorrizko lanak soilik iritsi zaizkigu, gehien bat etikari buruz bestalde[37]. Estoiko zaharren berri izateko, lehenengo mendeetan idatziriko zenbait doxografiatan oinarritu behar da: pseudo-Plutarkoren Filosofoen ikasbideak, III. mendean Diogenes Laerzioren Filosofoen bizitzak (VII. atalean daude filosofo estoikoei buruzko azalpenak) eta Estobeoren Laburpenak (V. mendea). Garai beretik datoz estoikoen pentsaeraren gainean zenbait filosofok eta kristau apologetikok idatziriko iruzkinak: Alexandro Afrodisiakoa, Patuaren gainean lanean, non estoikoak kritikatzen dituen; Platonen jarraitzailea zen Plutarko Keroneakoa (I-II mendeetan), Estoikoen barneko kontraesanak eta Estoikoen aurka kontzeptu arruntei buruz idakietan; Galeno sendagilea ((II. mendea), Sexto Enpiriko, Plotino, Eusebio eta Nemesio gotzai kristauak (III-IV mendeak) eta Sinplizio (V. mendea). Zizeronek, berriz, estoizismoaren irakaspenen berri ematen duelarik, estoikoen moraltasuna goraipatzen du bere lanetan. Iturri modernoei buruz, H. Von Arnim ikertzailearen Stoicorum Veterum Fragmenta (1903-1905) lan itzelak estoikoen idazkiak eta aipuak biltzen ditu.[38]

Kanpo loturak

Oharrak eta erreferentziak


  1. Jarraitzaileak stoa poikilé izeneko Atenasko agorako ate batean biltzen baitziren.
  2. Estoikoek Kant, Spinoza eta Rousseau filosofoengan eragina izan zutela baieztatu da. Ikus, (Gaztelaniaz) Marcelo D. Boeri: Los estoicos antiguos, 16. orrialdea.
  3. (Gaztelaniaz) Juan Berraondo: El estoicismo, 9. orrialdea.
  4. Estatu Batuetako Armadako James Stockdale almiranteak Vietnamgo gerran preso izan zelarik, eta oro har bere bizitzan, Epiktetoren irakaspenek eman zioten laguntzaren berri eman zuen: (Ingelesez) Thoughts of a philosophical fighter pilot, Hoover Institution Press, Stanford University, 1995.
  5. Arestian aipaturiko etsipen jarrera, esaterako, estoikoek defendatzen zuten munduaren behartasunean oinarritzen da.
  6. (Gaztelaniaz) Nicolas Abbagnano: Historia de la filosofía. 168-181 orrialdeak.
  7. (Gaztelaniaz) Juan Berraondo, op. cit., 11. orrialdea.
  8. (Gaztelaniaz) Jorge Gómez: Historia de la filosofía., (XI. kapitulua: Génesis y desarrollo de la Stoá), 1. bolumena, 432. orrialdea.
  9. (Gaztelaniaz) Juan Berraondo, op. cit., 12. orrialdea.
  10. (Gaztelaniaz) Jorge Gómez: op. cit.. 432. orrialdea.
  11. (Frantsesez) Pierre Grimal: Sénèque. 8. orrialdea.
  12. Senekaren ustetan, filosofia, zoriona eta bertutea guztiz loturik dauden kontzeptuak dira. Berak idatzi zuenez: ... nec philosophia sine virtute est nec sine philosophia virtus. Philosophia studium virtutis est, sed per ipsam virtutem; nec virtus autem esse sine studio sui potest nec virtutis studium sine ipsa, (euskaraz, "ez dago filosofia berturik gabe, ez eta bertuterik filosofiarik gabe. Filosofia bertutearen ikasketa da, baina berturtearen beraren bitartez; bertuterik ez dago bera ikasten ez bada eta bertutea bera ezin da ikasi, bertuterik gabe."); Epistularum moralium ad Lucilium. LXXXIX. Seneca Lucilio suo salutem. liburu eta atalean.
  13. Nicolás Abbagnano, op. cit..
  14. (Gaztelaniaz) Marcelo D. Boeri: op. cit., 49. eta 54. orrialdeak.
  15. Simil hauek erabili zituzten: logika baratza inguratu eta babesten duen murrua da, fisika arbolak dira eta etika fruitua. Ikus: (Gaztelaniaz) Marcelo D. Boeri: op. cit., 54. orrialdea.
  16. (Gaztelaniaz) Mariano Moreno Villa: Filosofia. Volumen I: Filosofia del Lenguaje, Lógica, Filosofía de la Ciencia y Metafísica., 151-155 orrialdeak.
  17. (Gaztelaniaz) J. M. Rist: La filosofía estoica, 8: El criterio de verdad. 143-161 orrialdeak.
  18. (Gaztelaniaz) Marcelo D. Boeri: op. cit., 65. orrialdea.
  19. Josef Estermann (ed.): Historia de la filosofía. Tomo II. Primera parte., 55. orrialdea.
  20. (Ingelesez) Stoicism, Stanford Encyclopedia of Philosophy.
  21. Wilhelm Capelle, Historia de la filosofía griega, 421-424 orrialdeak
  22. (Gaztelaniaz) Jorge Gómez: op. cit.. 438-439 orrialdeak.
  23. (Gaztelaniaz) Jorge Gómez: op. cit.. 441-442 orrialdeak.
  24. (Frantsesez) Pierre Grimal, op. cit., 7. orrialdea.
  25. "Naturaren arabera da gizakiaren xede gorena, bertutez bizitzearen berdina dena, naturak bertutera baikaramatza. [...] Gizon zoriontsuaren bertutea eta bizitzaren orden ona norberaren senetik sortzen dira, dena gobernatzaren duenaren borondatez. Diogenesek espreski dio xede gorena naturazko gauzen hautaketan zuhurtasunez jokatzea dela.[...] Bertutea arrazoizko jarrera da, norberak hautatua, kanpoko desira edo bitartekorik gabe. Horixe da zoriona ..." (Diogenes Laerzio, Filosofoen bizitzak, VII, 85-90).
  26. Ataraxia kontzeptua ere erabili ohi da zoriontasun kontzeptu hori adierazteko, baina hori batez ere epikurearrek landutako kontzeptua da.
  27. Iraganeko oinazeak, beldurrak, plazerrak eta desirak iraganak dira eta beraz, ez dute gure baitan grina piztu behar.
  28. Egungo hizkuntzan apatia hitzak indiferentzia edo sentikortasun eza adierazten badu ere, estoikoentzat atsekabearen iturri diren grinak eta desirak albo batera uztea eta naturak eta halabeharrak dakarrena onartzea da. Jarrera hau ulertzeko ekialdean jatorri duen esaera hau aipa daiteke: "Gaizkiak erremediorik badu, zertarako kexatu?. Erremediorik ez badu, zertarako kexatu?".
  29. (Gaztelaniaz) Mariano Moreno Villa: Filosofia. Volumen III: Ética, Política e Historia de la Filosofía (I)., 452-453 orrialdeak.
  30. (Gaztelaniaz) Carlos García Gual: El sabio epicúreo y el sabio estoico, 4. eta 9. orrialdeak.
  31. (Gaztelaniaz) Jorge Gómez: op. cit.. 443-450 orrialdeak.
  32. J. M. Rist: op. cit., 242. orrialdea.
  33. Zenon Zitiokoa, Kleantes eta Antipater Tarsokoa estoikoak suizidioz hil zirela aipatzen dute doxografoek.
  34. (Gaztelaniaz) Carlos García Gual: op. cit., 6-9 orrialdeak.
  35. Ezjakinen aurrean ordea, estoikoek jarrera irmo eta itxia eduki behar dela diote. Epikurearrek berrz, ezjakinak ulertu eta barkatzeko jarrera zabalagoa dute.
  36. (Gaztelaniaz) Wilhelm Cappelle: op. cit., 440-441 orrialdeak.
  37. Marko Aurelioren Gogoetak egunerokoak estoikoen bizimoduaren irudi aberatsa ematen du, nork bere buruarekin egin behar duen lanari buruz.
  38. Stoicism, Stanford Encyclopedia of Philosophy delakoan. 2009-08-29.

Bibliografia osagarria