Irène Némirovsky: berrikuspenen arteko aldeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
FoxBot (eztabaida | ekarpenak)
t robota Erantsia: nl:Irène Némirovsky
t robota Erantsia: da:Irène Némirovsky
125. lerroa: 125. lerroa:


[[ca:Irène Némirovsky]]
[[ca:Irène Némirovsky]]
[[da:Irène Némirovsky]]
[[de:Irène Némirovsky]]
[[de:Irène Némirovsky]]
[[en:Irène Némirovsky]]
[[en:Irène Némirovsky]]

22:50, 31 abuztua 2010ko berrikusketa

Irène Némirovsky
Datu pertsonalak
Izen osoa Irène Némirovsky
Jaio 1903ko otsailaren 11
Kiev (Ukraina)
Hil 1942ko abuztuaren 17a
Auschwitz (Polonia)


Irène Némirovsky (Kiev, Ukraina, 1903ko otsailaren 11 - Auschwitz, Polonia, 1942ko abuztuaren 17a) judutar idazle ukrainarra zen yidish hizkuntza nagusi zen lurraldean. Heziera eta ikasketak Parisen egin zituen, eta liburu guztiak frantsesez idatzi eta argitaratu zituen.

Nazien kolaboratzaile frantses poliziak 1942ko uztailaren 13an Frantzia okupatuan atxilotu eta Auschwitz-era (Polonia) eraman zuten. Hilabete bat pasatxo geroago, abuztuaren 17an, hil zen.

Hil ondoren ere, Némirovskyren hainbat liburu argitaratu dira, eta 2004an Suite française lanak arrakasta handia izan zuen; besteak beste, Renaudot saria jaso zuen.

Biografia

Irène Némirovsky 1928an, 25 urte zituela

Aita Léon Némirovsky merkataritzan eta finantzetan nabarmendu zen, eta Errusiako banku jabe aberatsenetakoa izatera iritsi zen.

Haurtzaroa Errusiako giro sozial pribilegiatuan igaro zuen, Tsar-en inguru boteretsuarekin harreman zuzenak baitzituen familiak. Errusiar aristokraziak ohi zuen gisan, frantsesa ikasi zuen txikitandik, errusiera bera baino lehenago. Gerora, bere bizitzaren gorabeheren karietara, suomiera, poloniera, ingelesa eta euskara ongi mintzatzera iritsiko zen. Yiddishera, berriz, ulertu besterik ez zuen egiten; arrasto bakanak, Les Chiens et les loups liburuan utzi zituen.

Familia aberatsa izan arren, haurtzaro bakartia izan zuen Irènek: aitak aski lan zuen bere aferetan eta jokoan esku bete diru xahutzen; amak, berriz, bazter utzi zuen, bere harreman sozialetara murgildurik. Amarekiko harreman gaiztoaren lekuko izango dira Irèneren liburuak, hala nola Le Bal, Le Vin de solitude edo Jézabel. Uda guztietan, Némirovskytarrak Biarritzera, Donibane Lohizunera edo Hendaiara etortzen ziren udatiar. Gurasoek herriko jauregi edo etxalde eder bat hartzen zuten bitartean, Irène ostatu xume batera bidaltzen zuten zaintzaile batekin. Zaintzaile haiekin ikasi zuen Irènek euskaraz.

Errusiako Iraultza altxatu zenean, 1918ko urrian, Némirovskytarrak San Petersburgen bizi ziren, jauregi eder batean. Jomuga garbi eta erraza zen boltxebikeentzat; beraz, familiak Moskura ihes egin zuen, apartamendu txiki batean ezkutatzera. Alabaina, iraultza Errusiako lurralde guztietara zabaldu zelarik, abenduan iraultzaileek estekan ezarri zuten Léon Nèmirovskyren burua, eta familiak lasterka ihes egin behar izan zuen Finlandiara, nekazari itxurak eginez. Oraindik ere beste behin ihes egitera beharturik, Suediara jo zuten; hiru hilabetez egon ziren bizi izaten Stockholm-en.

1919ko uztailean, itsasontziz Rouen-era (Frantzia) iritsi ziren, eta handik Parisera joan zen familia osoa bizi izatera. Bertan, 1920ko hamarkadan, familia osoak bizimodu aise eta luxuz beterikoa eraman zuten, aitak bere finantza aferak berriro osatzea lortu baitzuen berehala. Irènek letrak ikasi zituen Sorbonne-ko unibertsitatean, eta bere idazlanen lehen saioak itxuratzen hasi zen: ipuin laburrak, Fantasio aldizkarian argitaratuak, Le Matin egunkarian kaleratutako ipuin bat... Garaitsu hartan ezagutu zuen Michel Epstein, judutar ingeniari aberats bat, gerora bere senarra izango zena.

Bere lehen eleberria, Le Malentendu, 1923an argitaratu zuen, Œuvres libres argitaletxean. Hiru urte geroago, 1926an, Michel Epstein-ekin ezkondu zen; bi alaba izan zituzten: Denise, 1929ko azaroaren 9an, eta Élisabeth, 1937ko martxoaren 20an.

Irène Némirovsky 1929an bihurtu zen ospetsu, David Golder eleberria argitaratu zenean. Bernard Grasset editoreak Frantziako eskuin muturreko literatur giroan sartu zuen Irène. Joera eta pentsamolde guztietako idazle eta kritikariek goretsi zuten haren eleberria, eta antzerkirako nahiz zinemarako egokitzapenak egin ziren.

1930ean, Le Bal eleberri laburrak neska nerabe baten ondoezak erretratatuko ditu sakon bezain gordin. Obra hori ere zinemara eramana izan zen. Liburuak bezainbatean filmak ere arrakasta itzela izan zuen.

Adolf Hitler boterera iritsi zenean Alemanian, Irène Némirovskyk bertarik ikusi zuen judutarrek Europan izanen zuten arriskua. Senarrarekin batera, frantziar naziotasuna eskatu zuen 1938an, baina gobernuak ukatu egin zion, ordurako Frantziako idazle ospetsuenetarikoa zen arren. Katolizismora bihurtu zen 1939ko otsailaren 2an, Parisko Sainte-Marie elizan; orduan hasi zen lanak argitaratzen antisemitismoa ezkutatzen ez zuten bi aldizkaritan: Candide eta Gringoire. Bi aldizkari horiek oso garrantzizkoak izan ziren, Bigarren Mundu Gerra aurretik eta garaian, Némirovskyren literatur langintzan.

Gerraren hotsak ahoz aho zirelarik, Irènek eta bere senarrak ez zuten atzerrira jo nahi izan. Irailaren 1ean, gerra piztu zen egun berean, alegia, Denise eta Élisabeth alabak Saone-eta-Loira departamenduko Issy-l’Évêque herrixkara eramatea deliberatu zuten, neskatoen zaintzaile Cécile Michaud-en amaren etxera. Parisera itzuli ziren Irène eta Michel, eta joan-etorriak egingo zituzten, 1940an demarkazio lerroa ezarria izan zen arte. Urte hartan, urrian, Vichy-ren gobernu kolaborazionistak judutarren aurkako legea eman zuen. Irèneri argitaletxe guztien ateak itxi zizkioten, eta senarrari lan egiteko baimena kendu zioten.

1941ean, Irène eta Michel alabengana doaz Issy-l'Évêque-ra. Etxe bat alokatuta, han biziko dira, guztiak judutarren izarra besoan eramatera behartuak. Irakurtzera eta idaztera erabat emanik, Irènek bertan idatziko zituen bere azken eskuizkribuak, besteak beste Suite française bera. 1942ko uztailaren 13an atxilotu zuten frantses poliziek, eta Pithiviers-eko (Loiret) kontzentrazio-esparru batera eraman zuten. Aska zezaten senarra biziki saiatu zen arren, uztailaren 17an Auschwitz-era (Polonia) eraman zuten. Bertan hil zen, 1942ko abuztuaren 17an, tifusak jota.

Senarra 1942ko urrian eman zuten atxilo, eta azaroaren 6an hil zuten Auschwitz-era iritsi bezain laster. Bi alabek dokumentu asko gorde zituzten, eta horietako asko Irène Némirovsky hil ondoren argitaratuak izan ziren.

Idazlea berpizturik

Némirovsky gaur egun bere Suite française (2004) eleberriagatik da ezaguna. Guztira bost liburuki izateko asmoz sortua, lehen bi liburukiak idatzi zituen, 1940ko ekainaren 4tik 1941eko uztailaren 1a bitarteko aldia hartzen dutenak, naziek Paris okupatu zuten garaia hain zuen. Liburua nabarmentzekoa da, gertakarien aldi berean idatzia izan zelarik, ez baita kronika hutsa, baizik gertakarion eta jendearen jokabideen gaineko hausnarketa sakona; balio hori askoz ere adierazgarriago da kontuan izanda egileak zer-nolako estuasun larriak bizi izan zituen, eleberria idazten ari zen egunetan. Ziurrenik, hauxe izango da Bigarren Mundu Gerrari buruzko lehen fikzio literarioa.

Irène Némirovskyren alaba zaharrenak, Denisek, Suite française eleberriaren eskuizkribua gordetzen zuen koadernoa berrogeita hamar urtez izan zuen babesean irakurri ere egin gabe, amaren egunkaria izango zelakoan, eta garai lazgarrien oroitzapena pizteko besterik izango ez zelakoan. 1990eko hamarkadaren amaieran, baina, koadernoa Frantziako Institut mémoires de l'édition contemporaine (IMEC) erakundearen esku utzi zuen, eta orduan aurkitua izan zen eleberriaren eskuizkribua. 2004an argitara eman zen Frantzian, eta urte hartan liburu salduena izateaz gain Renaudot saria jaso zuen, hildako idazle bati inoiz eman gabekoa.

Irèneren bi alabek amaren oroitzapenari eutsi diote, berrargitalpen askoren bidez. 1992an, Élisabeth Gille alabak amaren biografia bat argitaratu zuen, Le Mirador izenburuaz.

Lanak

Bizirik argitraratutakoak

Hil ondoren argitaratutakoak

«Candide» aldizkarian

  • La femme de Don Juan, 1938
  • Monsieur Rose, 1940

«La Revue des deux Mondes» aldizkarian

«Gringoire» aldizkarian

  • Nativité, 1933
  • Les rivages heureux, 1934
  • Le commencement et la fin, 1935
  • Fraternité, 1937
  • Epilogue, 1937
  • Espoirs, 1938
  • La nuit en wagons, 1939
  • Le spectateur, 1939
  • Le sortilège, 1940
  • L'échelle du levant, eleberria, 1940
  • Le départ pour la fête, 1940
  • Destinée, 1940 (Pierre Neyret gaitzizenaz)
  • La confidente, 1941 (Pierre Neyret gaitzizenaz)
  • L'honnête homme, 1941 (Pierre Neyret gaitzizenaz)
  • Le revenant, 1941 (Pierre Neyret gaitzizenaz)
  • L'inconnu, 1941 (izenpetu gabea)
  • L'ogresse, 1941 (Charles Blancat gaitzizenaz)
  • L'incendie 1942 (P. Nérey gaitzizenaz)

Kanpo loturak