Frantziako Estatu Orokorrak: berrikuspenen arteko aldeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Assar (eztabaida | ekarpenak)
t Robota: Testu aldaketa automatikoa (-Erromatar-Germaniar Inperio +Germaniako Erromatar Inperio)
t Frantziako Estatu Nagusiak izenburuaren ordez, Frantziako Estatu Orokorrak ezarri da, birzuzenketaren gainetik: Adibidez, http://www.elkarargitaletxea.com/elkarikasnet/edukiak/2_Gizarte_Zientziak/Euskal%20Herriko%20Foru%20Sistema/Euskal%20Herriko%20For...
(Ez dago alderik)

17:43, 10 urtarrila 2012ko berrikusketa

Estatu Nagusiak irekitzeko eguna, 1789ko maiatzaren 5ean.

Estatu Nagusiak (frantsesez: états généraux) Antzinako Erregimeneko Frantzian erresumako klase (edo estatu) ezberdinetako biltzarra zen. Erregeak ezohiko egoeretan biltzen zituen krisialdi politiko edo gerraren bat jorratzeko, edo laguntza militar edo fiskalaren bat emateko. Parlamentuek ez bezala, Estatu Nagusiek ez zeukaten inolako gaitasunik legeen edo justiziaren arloan, eta ez dira biak nahastu behar.

Frantziako Filipe IV.ak sortu zituen 1302an, bere erabakiek legitimazio handiagoa izan zezaten, Aita Santuak emandako Ausculta fili izeneko buldaren aurka. Hastapenean, apaizteria, noblezia eta hiri onen ordezkariak biltzen zituzten, eta, 1484ra arte, oïl hizkuntzako eta oc hizkuntzako lurraldeek Estatu Nagusi desberdinak zituzten. Frantzian 1789ra arte segi zuten biltzen. Azkenak, Louis XVI.ak deitu zituen Estatuaren zorra kitatzeko, baina ekainaren 27ko Pilotalekuko Zinaren ostean, Biltzar Nazionalak ordezkatu zituen Estatu Nagusiak.

Antzeko biltzarrak Herbeheretan (Estatu Nagusiak), Ingalaterran (Parlamentua), Eskozian (Parlamentua), Nafarroan (Gorteak) edo Germaniako Erromatar Inperio Sainduan (Dieta), besteak beste, sortu ziren zio berdintsuak zirela medio. Izan ere, erregeen (edo nobleen) botereak, zabaltzean, sistema feudalaren oztopoa topatu zuen. Feudalismoaren indarrekin elkarlanean aritu behar izan zuten haiengandik laguntza eta aholkua (auxilium et consilium latinez) lortzeko.

Estatu Nagusiak Erdi Aroan

Estatu Nagusien lehen biltzarra 1302an gertatu zen, Frantziako Filipe IV.ak deituta. Horren aurretik, hanbait aurrekarik lehenengo pausoak eman zituzten. Hiribildu nagusienetako ordezkariak zenbaitetan erregeak bilduak ziren jadanik; Filipe III.aren agindupean nobleziaren eta apaizteriaren biltzarrak egon bazeuden, nahiz eta bi estatuek erabakiak bereizita hartu.

Filipe Ederraren eta Bonifazio VIII.aren arteko gatazkak ekarri zituen 1302ko Estatu Nagusiak. Kinka larri horretan, erregeak hiru estatuen aholkua jaso nahi zuen. Erregealdi horretan beste batzuetan deitu zituen erregeak, laguntza edo dirua emateko. Denborak aurrera egin ahala dirua izango zen deialdia egiteko ziorik garrantzitsuena.

Zentzu batean, Estatu Nagusien osaketa beti berbera izan zen. Lehen Estatuko kideak (apaizak), Bigarren Estatukoak (nobleak), eta Hirugarren Estatukoak, (gainerakoak) biltzen zituen beti. Nolanahi ere, haien benetako boterea denborarekin aldatzen zen. Adibidez, XIV. mendean, erregeak ezin zuen zerga orokorrik sortu. Koroaren menpe zuzeneko lurraldeetan ere, horrelakorik egin zezakeen baldin eta justiziaren mailarik altuena bere esku bazegoen, bestela ez. Hiribildu pribilegiodunek bere buruari zergak jartzeko eskubidea zeukaten. Beraz, zerga orokorrak biltzeko, jaun eklesiastiko eta laikoen zein hiribilduen baimena behar zuen erregeak. Diru-laguntza horiek epe labur baterakoak izanda, Estatu Nagusiak nahiko maiz deitzen zituzten, eta erregeen gaineko boterea ez zen makala.

Alabaina, XIV. mendeko bigarren erdian, zenbait erret-zergak, Koroaren menpeko lurralde osoan zehar bilduta, iraunkor izateko joera eduki zuten, Estatuen bozketa gorabehera. Esate baterako, Frantziako Jean II.a ingelesek atzeman zutenean, hogei urtetan erreskatea ordaintzeko beharrezko zergak bildu ziren Estatu Nagusiek inolako bozketarik egin ez zutela, nahiz eta urte horietan batzartu. Denboraren poderiz, XV. mendearen bigarren erdirako, zerga nagusiak, taille izenekoa, laguntzak eta gabela, iraunkor bilakatu ziren Koroaren onurarako, batzuetan Estatu Nagusien baimena emanda (hala, 1437an laguntzen kasuan).

Louis XI.aren heriotzaren ostean, hiru ordenetako ordezkariak elkarlanean aritu ziren zergak berresteko eskubidea berriro eskuratzeko. Taille zeritzona bi urtetarako bakarrik bozkatu zuten, eta aldi berean Charles VII.aren erregealdiaren amaieran iritsi zen maila jaitsi zuten. Halaber, bi urte horiek amaitu aurretik erregeak deitu behar zituen zina lortu zuten, baina hitza ez zen gorde, eta 1560ra arte ez zituzten berriro deitu.