Kanguru: berrikuspenen arteko aldeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
t r2.7.2) (robota Erantsia: pnb Ezabatua: bg, de, it, kk, ko, lt, nn, ru
Chobot (eztabaida | ekarpenak)
t r2.7.1) (robota Erantsia: ko:캥거루
243. lerroa: 243. lerroa:
[[jv:Kanguru]]
[[jv:Kanguru]]
[[ka:კენგურუსებრნი]]
[[ka:კენგურუსებრნი]]
[[ko:캥거루]]
[[la:Macropus]]
[[la:Macropus]]
[[lb:Känguruen]]
[[lb:Känguruen]]

09:46, 18 urria 2012ko berrikusketa

Taxotaula bat irakurtzeko eraWikipedia:Taxotaula bat irakurtzeko era
Taxotaula bat irakurtzeko era
Kangurua
Ekialdeko Kanguru Grisa kumearekin
Ekialdeko Kanguru Grisa kumearekin


Sailkapen zientifikoa
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Mammalia
Azpiklasea: Marsupialia
Ordena: Diprotodontia
Azpiordena: Macropodiformes
Familia: Macropodidae
Generoa: Macropus

Kangurua (Macropus) Australian eta Ginea Berrian bizi den ugaztuna da, martsupiala[1]. Duela 15 milioi urte agertu ziren Australian. Gehienak belarjaleak dira. Baina batzuk, txikienek, zomorroak jan ahal dituzte[2].

65 kanguru espezie inguru daude, esate baterako Kanguru Gorria, Kanguru Grisa, Walabia eta Kuoka[3]. Kanguru 10 espezie mota galzorian daude ehiza dela-eta[4]. Tamaina handienekoak Kanguru Gorria eta Kanguru Grisa dira. 2 m luze izatera iritsi daitezke eta 85 kilo pisatzen dute. Kanguru txikienak, 30 cm neurtzen dute eta sagu itxura dute.

Koalarekin batera, Australiako animalia ezagunenetakoa da[5].

Ezaugarriak

Ezaugarri nagusia martsupio izeneko poltsa antzekoa da, sabelaldean kokatua eta aurrerantz irekia, non kume jaio berriak sartu eta leku batetik bestera garraiatzen dituzten[6]. Barruan lau titi daude eta hortik kumeak elikatzen dira. Kumeak jaiotzean 3 cm luze dira. 12 edo 18 hilabete irauten du, amaren esnea edoskitzen.

Orokorrean,Macropolido familiako kide handienak bakarrik ezagutzen dira kanguru gisa, baina berez talde taxonomiko horretako guztiak lirateke. Gizakia baino garaiagoak dira, atzeko hankak oso indartsu eta luzeak dira eta aurrekoak baino garatuagoak daude. Honek, 9 m baino gehiagoko jauziak egiten laguntzen dio. Buztana, luzea eta nahiko gihartsua, kanguru handi batean 1,5 m luze da eta orekatzeko erabiltzen dute jauzi egitean. Burua txikia dute, ardi baten itxurakoa eta belarriak handiak. Erdiko ebakortzak, goikoak zein behekoak, oso handiak dituzte. Atzeko hankeko bigarren eta hirugarren behatzak larru berdinarekin lotuta daude baina azkazal bananduekin. Honek, ilearen garbiketarako “orrazi” erabilgarri bat eratzen du. Larrua gogorra eta ilez estalita dago, normalki marroia da baina batzuetan zuria, grisa edo horixkak izan ahal dira.

Estepa, baso-soilune eta lautada irekietan bizi dira, Dendrolagus generokoak izan ezik, hauek zuhaiztarrak baitira.

Historia

Australiako armarria

Australia kanguruen mundua da. Kanguruak armarri nazionalaren zati dira[7], tribu indigena gehienen animalia totemikoak dira eta gainera, koalarekin batera Australiak sinbolo gisa esportatzen duen irudia da.

Kanguru batzuk basamortu erdian bizi diren bitartean, beste batzuk baso hezeetan daude. Lehen aipatu bezala, gehienak belarjaleak dira, nahiz eta espezieren bat intsektuetaz ere baliatzen den elikatzeko.

Australian soilik aurkitzen direnez, zibilizazio europarrean berandu ezagutu ziren kanguruak. 1629an Francisco Pelsaert holandarra, "Batavia" itsasontziarekin Wallaby (Mendebaldeko Australia) uhartera heldu zen. Holandar honen bidaia historiara hiru arrazoirengatik pasa zen:

  • Garai hartarako inoiz jakin den sarraskirik handiena gertatu zen eskualde Australiar hartan tripulazioko gizonak elkarren artean borrokan hasi zirenean. 125 gizon, emakume eta haur hil ziren bertan.
  • Lehenengo heriotz zigorrak ezarri ziren.
  • Pelsaert kanguruen existentziaz ohartu zen lehengo pertsona izan zen. Bere esanetan, katu espezie oso arraroak aurkitu zituzten, gutxi gorabehera erbien tamainakoak eta aurreko hanka oso motzekin. Baina berak esandakoei inork ez zion egin kasu.

XVII. mendean zehar katu, txakur, erbi edo arkume arraroei buruzko esamesak zabaldu ziren, baina 140 urte igaro ziren beste nabigazio istripu bat gertatu eta ondorioz europarrek kanguruak behin-betiko aurkitu aurretik.

James Cook kapitainaren agindupean zegoen "Endeavour" itsasontzia 1770. urtean iritsi zen Australiara eta bere tripulazioak hiru hilabetez bertan egon behar izan zuen. Denbora horretan zehar idatzi zuen Cookek animalia batzuei buruz. Bere esanetan, atzeko hanken gainean korrika eta saltoka mugitzen ziren eta gainera, ez zuten animalia europarren antzik. Animalia hauen tamaina handia ere azpimarratzen zuen. Cook izan zen Kangaroo izenez deitu zien lehena indigenen izendatze ez oso argian oinarrituz[8][9]. Urte gutxi batzuk beranduago, lehen aldiz Ingalaterrara eraman ziren animalia honen hainbat espezie George III.a erregeari oparitu asmoz[10]. 1794an ugaldu ziren Australiatik kanpo lehenengo aldiz.

Kanguruen sailkapena

Kanguruen familiaren barnean hiru azpifamilia bereiz daitezke beraien ezaugarriak direla eta.

  • Hypsiprymnodontinae: arratoi musketadun martsupiala bakarrik hartzen du barne. Hau buztan biluzia duen eta zomorroak jateko ohitura duen espezie bakarra da.
  • Potoroinae: benetako arratoi kanguruak dira, arratoi eta untxiaren bitarteko tamaina aldakorreko animalia txikiak dira.
  • Macropodinae: kanguru handiak, Australian wallaby bezala ezagutzen diren txikiagoak eta kanguru zuhaiztarrak sartzen dira bertan[11].

Arratoi kanguruek bere itxurarekin familiako handiek jarraituko zuten bide ebolutiboa erakusten dute. Antzinean oso ugariak ziren, gizakiak eramandako azeri eta katuen presentzia jasan behar izan dute, espezie batzuk desagertzeraino. Oihan tropikala izan ezik Australiako biotopo guztiak populatzen dituzte eta belarrezko kabi eta beraiek eraikitako lurrazpiko gordelekuetan gordeta denbora asko pasatzen dute. 5 generotan taldekatutako 8 espezie daude:

Wallabyak, kanguru handiak eta kanguru zuhaiztarrak Grzimekek 11 generotan taldekatzen ditu eta Frith eta Calabyk 13 generotan. Azken autore hauen sailkapena ondorengoa da:

Kuoka

Kanguru gorriaren mundua

Kontinente australiarraren mapa arretaz begiratuko bagenu kanguru handien barreiadura ondo definitutako hiru taldetan banatzen dela ikusiko genuke. Kanguru gorriak kontinentearen bihotzean daude, grisak hegoaldeko eta ekialdeko zonalde hezeetan eta wallaroo edo euroak leku guztietan pixka bat. Autore batzuek hiru espezietan banatzen dituzte (Megaleia rufa edo Macropus rufus, Macropus giganteus eta Macropus robustus), baina beste batzuk superespezieak direla baieztatzen dute eta espezie gehiago bereizten dituzte. Honela egiten dute Frith eta Calaby-k:

Kanguru zuhaiztarra

Kanguru grisak landaredi askoko zonaldeetan eta euroak zonalde harkaiztsu eta menditsuetan aurkitzen diren bezala, kanguru gorriak lautada irekietan egoten dira.

Europarren etorreratik kanguru gorriaren mundua handiagoa da, basoen ebakitze, landareen erretze sistematiko eta untxien ugalketaren ondoriozko estepa eta bazkalekuen basamortuetarako eraldaketa izan dira honen arrazoia. Hau kanguru gris eta wallaby espezie anitzen kalterako izan da.

Hala ere, ezin pentsa genezake ganadu eta gizon zuriaren ohitura suntsitzaileak onuragarriak izan direnik kanguru gorrientzat. Abeltzain gehienak eskopeta bat eramaten dute kotxean, urak untxiak hiltzeko pozoinduak egoten dira, animalia basatien lekualdaketa ohiturak eragozteko harresi eta alanbradak daude, zonalde asko betirako degradatu edo suntsituak izan dira eta kanguruek behar duten belarra mantentzeko ere ez dira gai, granjetako txakurrak harrapari beldurgarriak dira…

Belar motza, babespea eta ura kanguru gorriaren munduaren ezinbesteko osagaiak dira. Hori dela eta, bere barreiadura zonaldea oso handia bada ere (etenik gabeko bi milioi km² baino gehiago) bere dentsitatea leku batetik bestera aldakorra da. Oro har, zonalde hezeetan lehorretan baino ugariagoa da, basamortu hutsean aldiz ez dira hain ohikoak.

Kanguru gorrien dentsitatea aldakorra da leku berean urte sasoi batetik bestera, hala ere, ezin aipa genezake migraziorik. Norako zehatzik gabeko nomadak dira, bazkaleku onen bila ibiltzen dira eta leku batetik bestera kilometro asko egiteko gai dira belar berriaren bila. Ehundaka eta milaka kanguru biltzen dira puntu berde hauetan eta honek bi okerreko sinesmen sortu ditu: kanguruak suntsitu beharreko izurri bat direla eta talde oso handietan bizi direla.

Bazkaleku berde eta freskoak bilatzen badituzte ere eta egun bero eta lehorrenetan ureztatutako baratzetan sartzen badira ere, kanguru gorriek ur gutxi behar izaten dute. Ez da bere beharrei buruzko ikerketa sakonik egin, baina bere gernu kontzentrazioa euroena baino handiagoa da eta basamortuko ugaztunenen antzekoa. Honek, muturreko lehorteko giroetara eboluzionatu duela adieraz lezake.

Eguneroko bizitza

Gaueko animaliatzat jotzen den arren, kanguruari eguneko argiak baino gehiago eragiten dio tenperaturak. Australiaren bihotzean bero sargoriari aurre egiteko, iluntzen duenean irteten dira ura edan eta gau osoa bazkatzen igarotzeko berriro bere eguneko babeslekura itzuli aurretik. Baldintza klimatikoak hain gogorrak ez diren garaietan, egunez zein gauez ikus daitezke kanguru aktiboak[13].

Klima lehor eta beroetara egokituta dauden animaliez sarritan aurkakoa pentsatzen den arren, kanguruek itzala bilatzen dute eguneko ordu beroenak igarotzeko[14]. Sastraka baten babesean, hondarra zulatzen dute ohe moduko bat egin arte eta ondoren, bertan etzaten dira atseden hartzera.

Lozorro garaietan ere taldeko kide bat beti zainketa lanetan gelditzen da. Bestalde, lozorroa ez da jarraia izaten. Noizbehinka kanguru bat altxa, bere ingurua miatu eta burua altxatzen du haizea arnasteko berriro etzan aurretik. Beste batzuetan, jauzi txikien bidez gertuen duen itzalera hurbiltzen da, bertan ohe berri bat eraikiz eta ordura arte ohe izandakoa ahaztuz.

Zainketan dagoen kanguruak edo taldeko beste kideren batek atseden orduetan edo elikatzen ari direnean ustezko etsairen bat atzematen badu, besteei jakinarazten die segituan. Entzumenak ikusmenak baino garrantzi handiagoa du zainketa lanetan eta badirudi arrak emeak baino izutiagoak direla orokorrean.

Kanguru baten jauzia

Alarma kasuetan, ar zein emeek eztul ozen bat botatzen dute, arrek borroka egiten dutenean entzuten denaren oso antzekoa. Orduan taldearen barreiatze desordenatua gertatzen da.

Kanguruek jauzika egiten dute ihes[15]. Bere ezohiko anatomiak bere lokomozioa ere nahiko berezia izango dela adierazten du. Bere atzeko gorputzadarrak eta buztana erabiliz, kanguru handi batek 9 metro luzerako eta 3 metro altuerako jauzia egin dezake. Ihesaldi etsitu hauetan lortzen den abiadura 50 km/h-ko izatera iritsi daiteke. Hala ere, abiadura hau minutu bakar batzuetan bakarra mantendu dezakete[16].

Taldearen desplazamendu normaletan abiadura 13 km/h-koa izaten da orokorrean eta jauziak 2 metro ingurukoak. Bazkatzen ari diren bitartean desplazatu egiten dira, baina oso astiro, makurtuta, aurreko hankekin lurra ukituz eta tarteka, gorputzaren pisua buztanaren gainean jarriz atseden hartzeko. Buztanak halaber, hankekin batera, tente dagoenean oreka mantentzen laguntzen dio. Isatsak lokomozioan garrantzi handia duen arren, kanguruak berau gabe ere jauzi egitera egokitu daitezke.

Bazkatzen ari den kangurua

Jauzikako desplazamenduak eta tente mantentzeko ohiturak, jaten edo zainketan ari diren bitartean, kanguruak bizi diren habitat lau eta biluziarekin erlazionatuta daude. Toki oso lehorretan bizi diren arren, kanguruek ez diote urari beldurrik eta askotan hartzen dute bainua aukera hori ematen dieten zooetan. Txakurrak atzetik jarraika dituztenean ere uretan murgildu ohi dira. Oso animalia txukunak dira eta egunaren zati bat ilea garbitzeko erabiltzen dute. Horretarako, orrazi moduan atzeko hanken bigarren eta hirugarren behatzak erabiltzen dituzte eta hauek iristen ez diren lekuetan, aurreko hanken bost behatzak.

Ugalketa portaera

Zonalde hezeetako kanguruek zonalde lehorretakoek baino lehenago eskuratzen dute heldutasun sexuala, batez ere emeen kasuan, arrak erregularragoak baitira. Populazio baten barnean kide goiztiarrenek 20 hilabetetatik aurrera lortzen dute heldutasuna, atzeratuenek aldiz, denbora horren bikoitza edo gehiago behar dute. Kasu guztietan, lehorte luzeek heldutasuna atzeratzen dute, agian garai hauetan elikadura ez delako behar adinakoa[17].

Arrak araldian dagoen emea bere usainarengatik ezagutzen du. Ernalketa gertatu aurreko bi orduetan, emeari atzetik jarraika hasten zaio, soinu ahulak igorriz eta buztanetik heltzen saiatuz. Emea inguratuta sentitzen denean arra beldurtzeko soinu larri bat igortzen du, baina honek arra gehiago berotzen du. Azkenik, emeak aurreko hankak lurrean jarri eta jarrera otzan bat hartzen du arrari ernalketarako prest dagoela adieraziz. Oro har, 15-20 minutu irauten du honek eta emeak ematen dio bukaera.

Beti gertatzen ez den arren, sarritan bikote bila dabiltzan arren artean liskarrak sortzen dira. Liskar hauetan aurreko hankekin elkar heltzen dira eta jauziak ematen dituzte atzeko hankekin aurkariaren sabela zauritu nahian. Odol asko isurtzen den borroka gupidagabeei buruz kontu asko entzuten diren arren, kanguru ar batek beste bat hil izanaren kasu bat besterik ez da ezagutzen, eta hori kanguruak gatibu zeudela gertatu zen, galtzaileak ihes egiteko aukerarik ez zuela. Indarkeriazko jarrera hori beste arerio batzuen aurrean ere izan dezakete, hala nola txakurrekin edo gizakiarekin. Beraz, zirku askotan kanguruek euren aurreko hankekin “boxeatu” egiten dutela dioen baieztapenak ez du inongo oinarririk.

Kanguru espezie bakoitzaren ernaldi denbora 30-40 egun artekoa da; kanguru gorriaren kasuan, 33 egunekoa. Hala ere, hilabeteetan arrekin kontakturik eduki gabeko emeek erditu izanaren berriak entzun ziren denbora askoan zehar. 50 urtetako behaketen ondoren, orkatz, azkonar eta lepahoriek bezala kanguruetan ernaldutako arrautzak emearen umetokiaren paretan ezartzeko denbora aldakorra behar duela konturatu ziren. Fenomeno hau “ezarketa atzeratu” gisa ezagutzen da.

Gaur egun badakigu kumea jaio eta egun gutxira kanguru ama berriro ernaltzen dela. Hala ere, ernaldutako obuluaren garapena ez da emango jaiotako kumea amaren poltsatik kanpo bizitzeko gai ez den bitartean. Beraz, eme bat aldi berean poltsatik kanpo bizi den kume bat zaindu, poltsaren barnean beste bat mantendu eta obulu ernaldu bat izateko gai da.

Kanguru emea umedun dagoen seinalerik ez da izango. Ama poltsa martsupiala garbitzen hasten denean konturatuko gara erditzea gerturatzen ari dela. Kanguruek poltsa hau aurrerantz irekita dute barnean lau titimuturrekin, hauetatik bik etengabe esnea ematen dutelarik.

Ernaldiaren erdialdera, poltsa geruza ilun batez estaltzen da eta erditu aurreko 24 orduetan emea bizkarraren gainean etzaten da burua poltsaren barruan sartuz garbitzeko. Momentu hau hurbildu ahala, garbiketa lana azkarrago eta urduritasun handiagoarekin hasten da egiten, ordura arte garbiketatik at utzi dituen zonalde urogenital, bular, oinazpi eta buztanaren hasiera ere barne hartuz.

Jaiotza

XIX. mendean John Henderson-ek kanguru txiki bat bere amaren poltsan ikusi zuenean lehen aldiz, martsupialen ugalketari buruzko fantasiazko teoria bat garatu zuen. Bere esanetan, poltsa umetoki ireki bat da, non ernaldia beste ugaztun batzuetan bezala gertatzen den. Umetoki ireki honen barnean bi bular daude eta kanguruak fetu bakarra sortzen du. Gaur egungo ezagupenekin, Henderson-en ideiak (indigena australiarren berdinak zirenak) irribarre bat sortarazten diguten arren, ez direla erabat zentzugabeak esan genezake.

Kanguruak 0,75-1 gramo artean pisatzen ditu jaiotzean, hau da, bere amak baino 30.000 aldiz gutxiago gutxi gorabehera. Ez du ilerik, begiak eta belarriak ondo eratu gabe daude eta atzeko hankak ez dira aurrekoak baino luzeagoak; garapenaren lehen faseetan dagoen ugaztun baten fetua dirudi. Hala ere, poltsa martsupialaren barruan dago, bere amaren titi mutur bati hain gogorki helduta ezen bananduz gero odol tanta txiki batzuk sortzen baitira.

Baina nola heltzen da jaioberria bertaraino?

Jaiotza oro abentura miragarri bat bada, martsupialena are eta miragarriagoa da.Oso txikiak izanik, lehen begirada batean edozein mugimendu koordinatu egiteko gauzeztanak dirudite, baina amaren poltsara heldu eta bertan babesteko gai dira jaio orduko. Denbora askoan zehar, zientzialariek amak ahoarekin hartu eta poltsa martsupialean sartzen zuela uste izan zuten. Gero, Sharman eta Frith-ek kanguru gorri baten jaiotza filmatu zuten misterioa bertan behera utziz.

Usaimenaren laguntzaz, gainerako zentzumenen organoak ez baitira oraindik funtzionalak, zilborreste zati bati lotuta dagoen kanguru gaztea bere bizitzako bidaia garrantzitsuena izango dena egiten hasten da. Emearen sabeleko ileari helduta igotzen da narrastien mugimenduak imitatuz eta 3 minuturen buruan heltzen da poltsaren ertzera. Behin barrura sartuta, titi mutur batetara lotzen da eta hau ez du askatuko 200 bat egun beranduago poltsa uzten duen arte.

Kanguru bat amaren poltsa martsupialean

Kanguru gorri jaioberriek aurreko hankeko bost behatzak azkazal indartsuekin ondo garatuak dituzte. Atzeko hankeko lau behatzek aldiz ez dute azkazalik. Horregatik, kumeak aurreko hankak bakarrik erabiltzen ditu poltsara igotzeko.

Badirudi emeak kumeari poltsara heltzen laguntzen diola batzuetan, baina kanguru txiki bat jaio eta titi muturrera bakarrik heltzeko gai da amaren laguntzarik gabe. Lehen kumearen igoera amak seinalatutako aztarnari jarraituz egiten zela uste zen, seguruenik erditzearen aurretik eta ondoren amak sabelaldea mihiarekin garbitzearen ondorioz.

Ia beti kume bakarra jaiotzen da. Hala ere, Londoneko zooan behin baino gehiagotan jaio izan dira bikiak zein hirukiak. Filadelfiako zooan, bikiak izan zituen ama batek kumeetako bat poltsatik kanpora jaurti zuen bestea bakarrik haziz[18].

Hazkuntza

Jaiotzaren ondoren, amak ordubete inguruz odola miazkatu eta garbitzen jarraitzen du. Bere kumeaz ahaztu dela dirudien arren, egunean hainbat alditan garbitzen du poltsa bere hazkuntzan zehar.

Kanguru gazteak ez du ilerik izango eta hori dela eta, amak ez du berarekiko afekturik erakusten. Aitzitik egoera hau erabat aldatzen da txikiak, jadanik ilez erabat estalita dagoenak, lehen aldiz poltsa uzten duenean minutu batzuetarako. Hau 190 egunetara gertatzen da gutxi gorabehera. Adin honetatik aurrera, kanguru gazteak poltsako egonaldiak kanpoko egonaldi gero eta luzeagoekin txandakatzen ditu.

Taldea lekuz aldatzera doanean edo arriskuren bat sumatzen dutenean, amak kumeari deitzen dio eta hau jauzika hurbildu eta amaren poltsan sartzen da. Kumeak buruz egiten du salto poltsara, behin barruen dagoelarik bira oso bat ematen du burua eta aurreko hankak kanpoan dituela geratuz.

Txikia galduz gero garrasi ozen bat botatzen du. Garrasi hori amaren poltsan zegoelarik ere botatzen zuen, baina orduan ez zuen inongo erreakziorik sortzen amarengan. Oraingoan aldiz, ez amarengan bakarrik baizik eta taldeko eme guztiengan izango du eragina. Ohikoa izan ohi da baita ere kumea galdu duen amak oihu boteretsuen bidez deitzea eta alde batetik bestera korrika hastea bere bila.

Kanguru gorriak 235 egun inguru dituenean, 3 eta 4 kilo artean pisatzen ditu eta behin betiko utziko du poltsa[19]. Hau aldakorra da kanguru espezieen arabera. Oraindik ere, bere amak berriro erditu eta poltsan kume berri bat duen arren, kanguru gazteak bularra hartzen jarraitzen du eta horretarako, buru poltsan sartzen du titi muturraren bila.

Kanguru batentzat, poltsan 2 edo 3 kiloko kume bat eramatea antilope edo tamaina handiko beste belarjale batentzat umedun izatea bezain deserosoa eta arriskutsua da. Mugimenduak zaildu eta ihesaldia mantsotzen baitu. Aitzitik, umedun dagoen gazela batek gepardo bat jarraika duenean “gehiegizko pisu” hori utzi ezin duen bezala, kanguruak bere kumea alde batera utz dezake ehiztariak bere txakurrekin jarraika baditu. Oro har, mugimendu azkarrekin kumea poltsatik atera eta kanpora jaurtitzen duen kanguru ama bere bila itzultzen dela uste da, baina errealitatea gordinagoa da kume gizagaixoarentzat.

Lasterketa gori-gori dagoenean oso zaila da gerora amak kumea utzi duen lekua aurkitzea. Normalean, hau bere gisara bizitzeko nahikoa handia da bere ama itzuli bitartean, baina biluzik dauden txikiek ez dute poltsatik kanpo bizirauteko inongo aukerarik. Batzuetan ihesaldiak ama kumearengandik hainbat kilometrotara eramaten du, honek elkarketa ia ezinezko bihurtzen du eta baita kumearen biziraupena ere nahiz eta hau handia izan. Hain zuzen ere, inoiz ez dira kanguru txiki bakartiak ikusten.

Askotan kanguru gaztea poltsan sartzen saiatzen da horretarako handiegia denean. Kasu horietan, amak aurreko hanketatik helduz galarazten dio. Edoskitzeak kumeak urtebete egin arte irauten du.

Ardien eragina kanguru populazioan

Australiako larreak ardien abeltzaintzarako erabiltzen hasi zirenean arazoak sortu ziren abeltzain eta kanguruak babestearen alde zeudenen artean. Azken hauek, martsupialek ardiekin lehiatuko zirela uste baitzuten bazkaleku horiengatik. Aitzitik, arazo hau konplexuagoa da, ardi eta kanguruen elikadura, landareak lortzeko modua eta aprobetxamendua ere kontutan hartu behar baitira.

Kanguru gorriaren urdailean materia berdea aurkitu izan da eta badirudi belar motz eta freskoa bakarrik kontsumitzen dutela. Eskualde oso lehorretan ere belar berdea aurkitzeko gai dira. Ardiak aldiz beste landare batzuetaz elikatzen dira, ez dira hain selektiboak.

Gainera, ardien hazkuntza laburragoa izanik eta bikien kasuak ere ugariagoak, zonalde lehorrenetan kanguruen ugalketa azkarragoa da lehen aipatutako ezarketa atzeratu fenomenoari esker. Lehorte gogor baten ondoren, ardiek hurrengo araldira arte itxaron behar dute ugaltzeko, martsupialak aldiz, momentuan ugaltzen dira.

Frith eta Calaby-k kanguruaren aldeko eta aurkako kanpainen arinkeriak salatu dituzten arren, beraien ustez animalia hauen elikadurari buruzko ikerketa gutxi egin baitira, gaur egun gai honi buruz gauza dezente dakizkigu. Esaterako, Amphipogon cariginus ardiek jaten duten eta kanguruek gutxiesten duten belarra da, Themeda australis aldiz, martsupialek oso estimatua den arren ardiek ez dute gustuko.

Bai ardiak zein kanguruak, muturreko egoeratan bizitzeko gai dira. Lehortearen gogortasunari aurre egiteko kanguruak dituzten mekanismoak oso espezializatuta daude. Txakurrek bezala bero egiten duenean arnasoska egiten dute freskatzeko eta aurreko hanka, beso eta bularra miazkatzen dira, listua lurrintzean bere larruko tenperatura jaisteko.

Kanguru eta ardien arteko borroka honetan beste aurkikuntza garrantzitsu bat kanguruak muskulu proportzio handi batez eratuta daudela da, hau da, ganaduak baino proteina jangarri gehiago dituzte[20]. Kanguru baten gorpuak %52ko masa muskularra du, txerriarenak %32 edo ardiarenak %27 besterik ez duenean. Hala ere, kanguruaren haragia ezta giza kontsumorako erabili ohi, ganadu eta txakurren elikadurarako baizik.

Kanguru asko ganaduari leku gehiago utzi edo bere haragia edo larrua saldu ahal izateko pozoinduak edo tiro bidez erahilak izan diren arren, kanguru espezie batzuk soilik daude desagertzeko zorian. Kanguru handiak aldiz, hain ugariak dira zonalde batzuetan non zalantzarik gabe edozein sarraski kanpainari aurre egiteko gai izango liratekeen hurrengo urteetan.

Kanguruen berezko etsaiak

Kanguru haragiz elikatzen ari den arranoa

Gizakia eta bere animalien etorreraren aurretik kanguru handiek ez zuten harraparirik, otso marsupialak ere ezin zezakeen sasoi ertainean zegoen kanguru bat harrapatzearekin amets egin. Egoera horretan, baldintza klimatiko eta landarediaz gain gaixotasunak bakarrik muga zezaketen kanguruen populazioa Australian.

Lehenengo giza biztanleen etorrerak egoera hau aldatu egin zuen. Ez zuzenean lehenengo gizon australiarrek, hauek ehizarako arma eta teknika primitiboak erabiltzen baitzituzten, baina bai marsupialentzat harraparia izango zen lehen animalia sartzeak, txakurra. Hau da hain zuzen ere, dingoa (Australiako txakur basatia) bertara heldu ziren lehen gizonek ekarri zuten txakurraren forma basatia dela azaltzeko erabiltzen duten teoria[21].

Dena dela, dingoa harrapari australiar garrantzitsuena da eta marsupialen populazioaren erregulazioan paper garrantzitsua dauka. Frith eta Calabyk diote nahiz eta inoiz ez duten ikusi, ziur daudela dingoek kanguru taldeak jarraitu eta hiltzen dituztela, behin baino gehiagotan ikusi baitira txakur basati hauek kanguru gorri handi baten gorpuaren gainean elikatzen.

Arrano oldarkorrek ere sarritan harrapatzen dituzte kanguruak. Arrano hauen kabietan kanguruen hezurrak aurkitu izan dira, batez ere, kanguru kumeenak. Hala ere, sarraskijale hauen ohiturak direla eta zaila da jakitea hezur hauek bizirik edo hilda zeuden kanguruetatik lortu zituzten.

Beste espezie askotan bezala, kanguruak beraien artean etsaiak dira populazio dentsitatea handiegia denean.

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. Weldon, Kevin. 1985. "The Kangaroo". Weldons Pty. Ltd., Sydney. ISBN 0-949708-22-4
  2. Dawson, Terence J. 1995. "Kangaroos: Biology of the Largest Marsupials". Cornell University Press, Ithaca, New York. 2. edizioa: 1998. ISBN 0-8014-8262-3
  3. Groves, C. (2005). Wilson, D. E., & Reeder, D. M.. ed. "Mammal Species of the World". Johns Hopkins University Press. ISBN 0-8018-8221-4 64. eta 66. orr.
  4. Kangaroo Industry Background Kangaroo Industries Association of Australia. July 2008. Kangaroo-industry.asn.au.
  5. The Kangaroo symbol
  6. Underhill D. 1993. "Australia's Dangerous Creatures", Reader's Digest, Sydney, Hegoaldeko Gales Berria, ISBN 0-86438-018-6
  7. Australia's coat of arms
  8. Etymology of mammal names
  9. Haviland, John B.. (1974). «A last look at Cook's Guugu-Yimidhirr wordlist» (PDF) Oceania 44 (3): 216–232..
  10. Kangaroo - Captain Cook's Journal. Project Gutenberg.
  11. Flannery, Timothy Fridtjof, eta besteak. 1996. "Tree Kangaroos: A Curious Natural History". Reed Books, Melbourne. ISBN 0-7301-0492-3
  12. Red Kangaroos. .
  13. Archives
  14. Columbus Zoo article
  15. Alexander, R. Elastic "Energy Stores in Running Vertebrates". American Zoologist. 1984 24(1):85-94. (laburpena online)
  16. Penny, Malcolm. (2002). The Secret Life of Kangaroos. Austin, Texas: Raintree Steck-Vaughn Puiblishers ISBN 0-7398-4986-7..
  17. Burnie, David; Don E. Wilson. (2001). Animal. New York, New York: DK Publishing, Inc., 99–101 or. ISBN 0-7894-7764-5..
  18. Australia. Commercial harvesting of Kangaroos in Australia Department of Zoology, The University of Queensland for Environment Australia, August 1999 Side effects of harvesting. Environment.gov.au.
  19. Evolution of Biodiversity
  20. Commonwealth Scientific and Industrial Research Organisation (CSIRO) "Kangaroo meat - health secret revealed"
  21. Canadian Museum of Nature - Kangaroo


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kanguru

Txantiloi:NA lotura