Ferra-saguzar mediterraneo: berrikuspenen arteko aldeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
t r2.7.3) (robota Erantsia: vi:Rhinolophus euryale
Xqbot (eztabaida | ekarpenak)
93. lerroa: 93. lerroa:
[[ca:Ratpenat de ferradura mediterrani]]
[[ca:Ratpenat de ferradura mediterrani]]
[[de:Mittelmeer-Hufeisennase]]
[[de:Mittelmeer-Hufeisennase]]
[[en:Mediterranean Horseshoe Bat]]
[[en:Mediterranean horseshoe bat]]
[[es:Rhinolophus euryale]]
[[es:Rhinolophus euryale]]
[[fr:Rhinolophus euryale]]
[[fr:Rhinolophus euryale]]

18:16, 1 urtarrila 2013ko berrikusketa

Artikulu hau Ferra-saguzar mediterraneoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ferra-saguzar».
Taxotaula bat irakurtzeko eraWikipedia:Taxotaula bat irakurtzeko era
Taxotaula bat irakurtzeko era
Ferra-saguzar mediterraneoa
Rhinolophus euryale
Rhinolophus euryale


Sailkapen zientifikoa
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Mammalia
Azpiklasea: Eutheria
Goiordena: Laurasiatheria
Ordena: Chiroptera
Goifamilia: Rhinolophoidea
Familia: Rhinolophidae
Azpifamilia: Rhinolophinae
Generoa: Rhinolophus
Espeziea: R. euryale
Izen binomiala
Rhinolophus euryale
Blasius, 1853

Ferra-saguzar mediterraneoa (Rhinolophus euryale) rhinolophidae familiako saguzarra da.

Ferra-saguzar mediterraneoa tamaina ertaineko saguzar errinolofoa da. Mediterranear izaera duen espeziea izan arren, Euskal Herri guztian aurki daiteke, eta kolonia asko kostatik oso gertu detektatu dira. Ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrunequinum) eta ferra-saguzar txikiaren (R. hipposideros) antzeko morfologia duen arren, bi hauen tarteko tamaina du, eta badira espeziea identifikatzen laguntzen duten zenbait ezaugarri. Iberiar penintsulan ferra-saguzar ertainarekin (R. mehelyi) erraz nahas daiteke.

Ezaugarriak

  • Altuera: Burua eta gorputza, 4,2 - 5,8 cm. artean
  • Buztanaren luzera: 2,2 - 3 cm. artean
  • Hego-luzera: 38 cm.
  • Pisua: 8 - 17,5 gr. artean.

Tamaina ertaineko saguzarra da, esan bezala. Besaurrearen luzera 44 eta 50,5 mm bitartean mugitu ohi da, eta pisuaren heina 7,2 eta 16 g bitartekoa da. Bi sexuetako aleen tamaina bera da. Kolorazioa eta morfologia gainerako generokideen oso antzekoa da, baina sudur aldeko egituren bitartez bereiz daiteke. Zelaren ertzak zuzenak dira, eta honen goialdeko prozesu konektiboa altua eta puntazorrotza, behealdekoa baino luzeagoa. Sudur-orriaren ertzak zuzenak eta apur bat ahurrak dira, puntara hurbildu ahala estutzen direnak, triangelu ekilatero baten antza hartuz.

Laugarren hatzeko lehen falangea, bigarrenaren luzeraren erdia baino txikiagoa da. Buztana tibiarekiko erlatiboki motza da, eta uropatagioa ez da ia tibietatik haratuago luzatzen. Ondorioz, uropatagioak karratu forma du. Hortz-formula da, eta goiko lehen aurreko hagina, txikia izan arren, kanpoalderantz desplazaturik dago, eta letagina eta bigarren aurreko hagina banatzen ditu.

Morfologikoki gainerako generokideen oso antzekoa den arren, besaurrearen luzera-neurriak ferra-saguzar ertainarenarekin (R. mehelyi) soilik gainjartzen dira.

Taxonomia

Azpiespezie bi ezagutzen dira:

  • Rhinolophus euryale euryale, Blasius, (1853).
  • Rhinolophus euryale judaicus, K.Andersen eta Matschie, (1904).

Ekokokapena

20-30 ms-ko luzera duten frekuentzia konstanteko ekokokapen-pultsuak emititzen ditu, 104-109 kHz bitarteko energia maximoko frekuentziarekin[1]. Karaktere morfologikoekin gertatu bezala, ekokokapen-pultsuak ere ferra-saguzar ertainarekin nahas daitezke.

Banaketa

Mediterraneo itsasoaren inguruko zonalde guztian aurkitzen den saguzar-espeziea da. Iberiar penintsulatik Iran iparralderaino hedatzen da, eta iparraldeko muga Alemania eta Polonia hegoaldean du. Afrikan, berriz, Marokon, Arjelia eta Tunisiako iparraldean agertzen da.

Iberiar penintsulako lurralde ia guztian aurkitu dira koloniak, nahiz eta sekula aurkitu ez den gune handiak badauden, Portugal hegoaldea, esaterako. Euskal Herrian ere banaketa orokorra du, baina gainerako errinolofidoak baino urriagoa da. Klima atlantiarreko guneetan haranen behealdeak hautatzen dituzte eta kolonia gehienak kostaldeko lurralde baxuetan lokalizatu dira[2]. Hala ere, badira koloniak Araban, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere.

Habitata

Bizimodua leizeetara mugatuen duen espezietariko bat da. Hala ere, kobazuloez gain, era guztietako lurrazpiko zuloak erabiltzen ditu koloniak ezartzeko, izan upategi, meategi edo tunelak[3]. Gordelekuaren inguruan landaredi natural minimoa beharrezkoa dute, zuhaixka edo zuhaitzak, batez ere.

Izaera mediterraneoa duen arren, klima nahiko hotzak jasateko gai den animalia da, eta itsas mailatik 1.000 metroraino aurkitu dira kumatze-koloniak. Ale ez-ugaltzaileak mendiguneetako leizeetan ikustea ohikoa da, aipaturiko altuera baino gorago.

Elikadura

Landaredi dentsodun inguruneetan ehizatzeko gai da eta airean esekiduran manten daiteke harrapakinak lokalizatu bitartean. Ehiza, normalean, sastrakadi eta zuhaixkadidun paisaia zatikatuetan egiten du[4][5][6], eta harrapakinak hawking zein gleaning tekniken bitartez harrapa ditzake. Ehiza-eremuak ez dira 10 km baino handiagoak izaten eta balio maximoak kumatze garaian ematen dira.

Sits txikiak, euliak eta kakalardo txikiak jaten ditu batez ere, nahiz eta lepidoptero gautarrak diren dietaren gehiengo handia osatzen dutenak, %90-etik gora[7].

Ugalketa eta ontogenia

Araldia udazkenean ematen da, normalean kumaldia jazotzen den gordelekua ez den beste guneren batean. Zenbait kasutan haremen presentzia detektatu da, eta litekeena da ugalketarako sistema sozial ohikoa izatea.

Kumatze-koloniak martxoa erdialdean hasten dira sortzen eta etorrera nahiko bat-batekoa izan ohi da, bi asteren buruan koloniak ezarrita geldituz. Batzuk hibernazio-guneetatik zuzenean joaten dira; beste batzuek, ordea, beste gordeleku batzuk erabiltzen dituzte kumatze-koloniarekin bildu aurretik. Kolonia hauek ekaina erdialdera arte irauten dute. Bitarte honetan, ferra-saguzar mediterraneoek beste hainbat espezierekin partekatzen dituzte gordelekuak, talde dentsoak osatuz. Espezie ohikoenak bere generokideak, arratoi-belarri ertaina (Myotis blythii) eta Geoffroy saguzarra (Myotis emarginatus) izaten dira[1].

Kume jaioberriek 3-4 gramo pisatzen dituzte eta 4-5 asteren buruan hasten dira lehen hegaldiak egiten. Heldutasun sexuala, aldiz, 2-3 urterekin lortzen dute emeek[3][1].

Bizimodua

Kumatze garaian batez ere espezie taldekoia da. Kumatze-koloniatan dozenaka gutxi batzuetatik 600 alerainoko taldeak bildu daitezke. Animalia sedentarioa da, eta kolonia batek urtean zehar erabiltzen dituen gordelekuen arteko distantzia kilometro gutxi batzuetakoa izan ohi da, normalean. Ezagutzen dira, hala ere, 100 km-rainoko mugimendu ezohikoak.

Hibernazioa ere lurpeko gordelekuetan egiten dute eta koloniak kumatze-kolonien antzeko tamaina izaten dute. Gordeleku erlatiboki epelak hautatzen dituzte, 7 eta 15 °C bitartekoak.

Antzeko espezieak

Ferra-saguzar ertaina (Rhinolophus mehelyi): Rhinolophus mehelyi handixeagoa izan ohi da, eta sudur-egituran zenbait ezberdinstasun nabarmentzen dira. Sudur-orriaren goiko erpina zorrotzagoa eta ertzak ahurrak beharrean ganbilak dira R. mehelyiren kasuan. Prozesu konektiboa apur bat motzagoa da eta begien inguruan ile beltzez osaturiko antifaza izaten du. Ferra-saguzar ertaina, Iberiar Penintsulako hainbat lekutan aurki daitekeen arren, ez dago Euskal Herrian.

Kontserbazioa

Nazioartean ia zaurgarritzat katalogaturik du IUCN erakundeak, eta espainiar estatuan zaurgarri gisa kontsideraturiko espeziea da. Iberiar penintsulan 30.000 eta 35.000 ale izan daitezkeela estimatu da. Datu zehatzik ez dagoen arren, azken hamarkadetan populazioen beherakada gertatzen ari dela dirudi. Arrisku-faktore nagusiak gordeleku kopuruaren gutxitzea, hibernazio-guneetako gizakiak eragindako trabak eta habitataren galera dira.

Erreferentziak

  1. a b c Dietz C, von Helversen O, Nill D. (2009). Bats of Britain, Europe & Northwest Africa. Londres: A&C Black.
  2. Aiharza JR. (2001). Quirópteros de Araba, Bizkaia y Gipuzkoa: distribución, ecología y conservación. Bilbo: EHU.
  3. a b Krapp F (ed). (2004). Handbuch der Saugetiere Europas. Aula Verlag.
  4. Goiti U, Aihartza JR, Almenar E, Salsamendi E, Garin I. (2006). «Seasonal foraging by Rhinolophus euryale (Rhinolophidae) in an Atlantic rural landscape in northern Iberian Peninsula» Acta Chiropterologica (8): 141-155..
  5. Aiharza JR, Garin I, Goiti U, Zabala J, Zuberogoitia I. (2003). «Spring habitat selection by the Mediterranean horseshoe bat (Rhinolophus euryale) in the Urdaibai Biosphere Reserve (Basque Country) .» Mammalia (67): 25-32..
  6. Russo D, Almenar D, Aihartza JR, Goiti U, Salsamendi E, Garin I. (2005). «Habitat selection in sympatric Rhinolophus mehelyi and R. euryale (Mammalia: Chiroptera) in a rural area of southern Italy and implications for conservation» Journal of Zoology (266): 327-332..
  7. Goiti U, Aihartza JR, Garin I. (2004). «Diet and prey selection in the Mediterranean horseshoe bat Rhinolophus euryale (Chiroptera, Rhinolophidae) durin pre-breeding season» Mammalia (68): 397-402..
Wikispezieetan bada informazioa gehiago, gai hau dela eta: Rhinolophus_euryale
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ferra-saguzar mediterraneo