Pazifikoko Gerra: berrikuspenen arteko aldeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Addbot (eztabaida | ekarpenak)
t Robota: hizkuntza arteko 42 lotura lekualdatzen; aurrerantzean Wikidata webgunean izango dira, d:q184425 orrian
t Robotak {{Commonskat}} gehitu du. Txantiloiak commons:category:Pacific War lotu du, Wikidataren arabera.
78. lerroa: 78. lerroa:


[[Abuztuaren 15]]ean, [[Hirohito]] Japoniako enperadoreak irratian herrialdeari errendizioa jakinarazi zion, nahiz eta gobernuko zati bat borrokan jarraitzearen alde egon. [[Irailaren 2]]an errendizio ofiziala sinatuta amaitu zen Bigarren Mundu Gerra.
[[Abuztuaren 15]]ean, [[Hirohito]] Japoniako enperadoreak irratian herrialdeari errendizioa jakinarazi zion, nahiz eta gobernuko zati bat borrokan jarraitzearen alde egon. [[Irailaren 2]]an errendizio ofiziala sinatuta amaitu zen Bigarren Mundu Gerra.

{{commonskat}}


[[Kategoria:Bigarren Mundu Gerrako guduak]]
[[Kategoria:Bigarren Mundu Gerrako guduak]]

20:14, 11 iraila 2013ko berrikusketa

Pazifikoko Gerra
Bigarren Mundu Gerrako zati
AEBetako lehorreratzeak 1942-45.
Data1941 - 1945
LekuaEkialdeko Asia, Hegoaldeko Asia eta Mendebaldeko Ozeano Barea.
EmaitzaAliatuen garaipena eta II. Mundu Gerraren amaiera.
Lurralde-aldaketak- Japoniaren estatubatuar okupazioa
- Taiwanen itzulketa Txinara.
- Korea eta Mantxuriaren askapena Japoniagandik.
- Japoniaren Ozeano Bareko uharteen itzulketa Nazio Batuetara.
Gudulariak
Aliatuak
 AEB
 Txinako Errepublika
 Erresuma Batua
 Australia
 Sobietar Batasuna
 Herbehereak
Ardatzekoak
 Japoniako Inperioa
 Thailandia
Galerak
??? 960,000+ hildako zibil

Pazifikoko Gerra, Asia-Pazifikoko Gerra edo Ozeano Bareko Frontea, Bigarren Mundu Gerran, Ozeano Barean, hango irletan eta Ekialdeko Asian burututako borroka izan zen, 1937ko uztailaren 7an hasia eta 1945eko abuztuaren 14an amaitua. Ekintza garrantzitsuenak Japoniako Inperioak hainbat herrialderi eraso egin ondoren hasi ziren. Japoniaren aurkari nagusiak, aliatuak alegia, Txina, AEBak, Erresuma Batua (eta Commonwealtheko gainerako herrialdeak, baina Australia eta Zeelanda Berria batik bat) eta Herbehereak izan ziren.

Gerraren hasiera

Bigarren Txina-Japonia Gerra 1937ko uztailaren 7an hasi zen. 1931tik bere menpe zegoen Mantxuriatik eraso zuen Japoniak. Lehengo aurrerapenak Shangai hirian moteldu ziren, nahiz eta abendurako japoniarren eskuetan erori. Nanjing hiriburua ere hartuta, txinatar nazionalistek Chongqingera mugitu zuten gobernua gerra bukatu arte. Nanking hirian egundoko sarraskia burutu zuten japoniarrek, hilabetean 300.000 lagun garbitu baitzituzten.

Ameriketako Estatu Batuen eta Erresuma Batuen erreakzioa Txinari (Kuomintangi hain zuzen ere) laguntza ekonomiko eta militarra igortzea izan zen. 1940tik aurrera, Japoniaren aurkako enbargoa ere ezarri zuten abian.

Enbargoari aurre egiteko, Asia eta Ozeano Barean lurralde berriak inbaditu zituen Japoniak, Frantziak, Herbehereak, Erresuma Batuak eta Sobiet Batasunak Europako gerra beste kezkarik ez zutelakoan, eta AEBek, gerrarako prest egon gabe, akordioa bilatuko zutelakoan. Japoniako agintariek adierazi zuten bere asmoa Ekialdeko Asia Elkarren Kooperazio Gunea sortzea zela, Europako menpe inperialistatik askea.

Sobiet Batasunaren aurka 1939ko udaberrian baino ez zuen Japoniak jardun. Mongolian egin zuten topo. Japoniako hazkundea Ekialde Urrunean mehatxutzat jo zen Moskun. Japoniako erasoa atzera eraman zuten sobietarrek, Georgi Zhukov jeneralaren agindupean. Horren ostean, bakeak iraun zuen bi estatuen artean. Historailari batzuen arabera, bi fronteko gerraren beldurrak bultzatu zuen Sobiet Batasuna Alemaniarekin akordioa sinatzera.

AEBen sarrera

USS Arizona gerraontzia hondoratzen ari zela.

Japonia eta Txinaren arteko gerrak, 1940rako, ez zuen ez aurrera ez atzera egiten. Irailaren 22an, Frantziako Indotxinaren iparraldeari eraso zion Japoniak. Mendebaldeko botereekiko harremanak gaiztotu ziren azken urteotan, AEBek, Erresuma Batuak eta Herbeherek petrolio eta beste hornigaien salmentetan enbargoak ezarri baitzizkioten Japoniari.

Abenduaren 3an, Japoniako Egoitza Nagusiak baimendu zion Yasuji Okamura jeneralari Ekialdeko Asian gerra orokorra hedatzeko. Horrela, Hong Kong, Filipinak eta Britainia Handiko hainbat kolonia (Malaia, Borneo eta Burma) konkistatu zituzten japoniarrek, petrolio zelaiak bereganatu nahian. Commonwealtheko herrialdeen erresistentzia gorabehera, leku horiek guztiak japoniarren eskuetara erori ziren hilbete gutxiren buruan. Erresuma Batuko 80.000 kide inguru atxilotuta, kontzentrazio-zelaietara bidali zituzten. Churchillen ustetan, Singapurreko porrota historia britaniarraren umiligarrienetakoa izan zen.

Abenduaren 7an, Thailandia, Malaia eta Hong Kongekin batera, Japoniak Hawaii irletan kokatutako AEBetako Pearl Harbor itsas baseari ere eraso egin zion. Amerikarren galerak gogorrak izan ziren: hildakoen kopurua 2.400ra hurbiltzen da, gerraontzi asko kaltetuta suertau ziren eta baseko hegazkineria gehiena suntsituta. Nolanahi ere, erasoaren jomuga nagusia izan ziren lau hegazkin-ontziak salbatu ziren, basean ez zeudelako. Gainera, Pearl Harborko portuko kalteak aise konpondu ziren, eta erregai biltegiak, ezinbestekoak itsasarmada hankamotz ez ibiltzeko, ukitu gabe utzi zuten. Hurrengo egunean, abenduaren 8an, AEBek eta Erresuma Batuak gerra deklaratu zioten Japoniari. Abenduaren 11n, Alemaniak AEBei deklaratu zien gerra, nahiz eta Japoniarekin hitzartutako akordioaren arabera beharrezkoa ez izan. Honela, mundu gerra bihurtu zen.

1942

Japoniako Inperioa Asiako Hego-Ekialdean eta Ozeano Barean hedatu zen 1942ko erdialdera arte. Pearl Harboren erasoaren hurrengo sei hilabeteetan ia-ia helburu guztiak lortuta zituzten. Bere itsasarmadak aski ongi zirauen eta AEBetako gerraontzi gehienak kaltetuta edo ondoratuta zeuden. Erresuma Batuko zein Herbeheretako itsasarmadak ere suntsituta zeuden, eta Australiakoa kaietara itzuliarazia zen. Hala ere, aliatuen armadek hiru eremutan (Midway, Ginea Berria eta Guadalcanal) geldiarazi zuten.

Bere nagusitasunean konfidaturik, japoniarrek Midway irlara bidali zuen itsasarmadaren zati bat, AEBei geratzen zitzaizkien gerraontziak borrokara erakartu nahian. Ekainaren 5ean, Japoniako hegazkin-ontzi hoberentako lau hondoratu zituzten estatubatuarrek, haietako baten ordainetan. Arrakasta itzel honek Ozeano Bareko fronteari buelta eman zion. AEBetako arma eta gerraontzi ekoizpena Japoniakoa baino askoz boteretsuagoa zen, eta Japoniarrek ez zuten berriro horren alde handia izan.

Ginea Berrian, Japoniako helburua Port Moresby hartzea zen, Australiari eraso egin ahal izateko. Nolanahi ere, euren egitasmoak bitan zapuztu zituzten aliatuek. Lehenengoan, Koral Itsasoko guduan (maiatzaren 4-8) estatubatuar tropek japoniarren lehorreratzea galarazi zuten. Bigarrenean, Kokodako Bideko kanpainan (abuztu eta irailean) oihanean elkarren kontra borrokatu ziren. Port Moresbytik 50 kilometrora iritsi ondoren, hornigai eta errefortzuen faltak atzera eragin zituen japoniarrak.

Guadalcanal uhartea 1942ko uztailean hartu zuten japoniarrek. Amerikarrak abuztuaren 7an iritsi ziren, eta, hortik aurrera, lur, ur eta aire borroka gogorrak suertatu ziren. Bajen erritmoari eutsi ezinean, 1943ko urtarrilean irla husteko agindu zen. Porrot hauen ostean, japoniarrek eraso egiteko gaitasuna galdu zuten, okupatutako lurraldeak defenditzera mugatuta.

1943

Guadalcanal hartu ostean, AEBek, Zeelanda Berriak eta Australiak Solomon Uharteak, Ginea Berria eta Herbeheretako Ekialdeko Indiak berreskuratzeari ekin zioten.

Ekainaren 30ean, Cartwheel Operazioa martxan jarri zuten aliatuek, Ozeano Bareko hegoaldea eta hegomendebaldea menderatzean Japoniako Rabaul basea isolatu nahian. Ondoren, uhartez uharte Japonia arte joan nahi zuten. Horretarako, Tulagi eta Santa Cruz irlak, Ginea Berriko iparraldeko kosta eta aipatutako Rabaul basea helburu nagusiak izan ziren.

Azaroan, ABEk Tarawako gudua, Ozeano Barean lehen anfibio-eraso ezagutu zuen borroka, irabazi zuten. Bajen kopuru handiak protestak eragin zituen AEBen barnan, lehen begiratuan garrantzi txikiko irla ñimiño baten truke horrenbeste hildako izatea ez ulertuta. Orduan, aliatuek japoniarren hainbat gotorleku inguratu zituzten hornigaien eta tropa berrien faltak Japoniari amore emanarazi ziolakoan.

1944

AEBetako B-29 hegazkinak Japonia bonbardatzen ari direla.

Japonia 1944ko martxoaren 8an India, oraindik ere Erresuma Batuko kolonia, hartzen saiatu zen Birmaniatik eraso eginda. Imphal setiatzea eta Kohimarekiko komunikazioa etetea lortu arren, hilabete batzuen ostean aurrerapenik gabe, japoniarrek atzera egin zuten hornigaien faltan. Guztira 55.000 hildako izan zituzten japoniarrek, beren historiako kopururik okerrena.

Ozeano Barean bertan, Ameriketako Estatu Batuek aurrera jarraitzen zuten. Marshall uharteak 1944ko otsailean bereganatuta, ekain eta abuztuaren bitartean Mariana uharteak eta Saipan konkistatu zituzten. Saipan irla edukitzeak Japonia bera bonbardatzea ahalbidetu zien AEBei. Japoniako erantzuna Filipinetako Itsasoko gudua izan zen, non geratzen zitzaien gerraontzi gehienak erabili zituzten japoniarrek, AEBetako armada Mariana uhartetatik egotzi nahian. Garaituta atera ondoren, Japoniako hegazkin-eramaileak suntsiturik edo larriki kalteturik suertatu ziren. Ondorioz, urriaren 20an Filipinetako konkista hasi zen AEBen partez. Borroka horietan, japoniarrek kamikazeak lehen aldiz erabili zituzten.

1945

Txinako armada lagun, 1944ko bukaeratik Erresuma Batuak Birmaniaren birkonkistatzeari ekin zion Indiatik eta herrialdeko hartu gabe zirauten lurraldeetatik eraso eginda. Mandalay 1945eko martxoaren 20an hartu zuten, eta Rangun, hiriburua, maiatzaren 2an, japoniarrak Birmaniatik ateraraziz.

Filipinetan, Luzonera, irla handienera, lehorreratuta, Manila martxoaren 3an bereganatu zuten aliatuek. Irletako konkista osoa uztailean bukatu zen. Hori burutu baino lehen, halere, beste aurrerapauso batuk eman zituzten estatubatuarrek. Iwo Jima irla estrategikoki oso garrantzitsua zen, hortik B-29 bonbaketariei laguntza eman ahal baitzitzaien. Hor, japoniarren defentsa bereziki gogorra izan zen, eta aliatuen hildakoen kopurua oso altua izan zen (ikusi, Iwo Jimako gudua). Okinawan, hurrengo helburuan ere, bajen kopurua oso handia izan zen.

Ozeano Barean zehar erresistentzia gune andana geratu arren, AEBetako komandantziak Japoniako inbasioa azarorako zeukan aurreikusita. Nolanahi ere, Iwo Jiman eta Okinawan aurkitutako aurkaritzak beste plan bat pentsatzera eraman zituen.

Uztailean, Manhattan Proiektuari esker, munduko lehen bonba atomikoa sortu zen. Harry S. Truman AEBetako presidente berriak arma berri hori erabiltzeko deliberoa hartu zuen, Japoniak lehenbailehen amore ematera behartzeko. Abuztuaren 6an Hiroshima hirian lehertu zen asmo belikoak zituen lehen bonba atomikoa. Hiria erabat txikituta eta 75.000 hildako zituen ondorio. Abuztuaren 9an Nagasakin, paretsuko hondamendia eraginda, bigarrena lehertu zen.

Abuztuaren 8an, Jaltako Batzarrean hitzartutakoari eutsita, Sobiet Batasunak gerra deklaratu zion Japoniari eta Mantxuria inbaditu zuten.

Abuztuaren 15ean, Hirohito Japoniako enperadoreak irratian herrialdeari errendizioa jakinarazi zion, nahiz eta gobernuko zati bat borrokan jarraitzearen alde egon. Irailaren 2an errendizio ofiziala sinatuta amaitu zen Bigarren Mundu Gerra.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pazifikoko Gerra Aldatu lotura Wikidatan

Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura