Burdinola: berrikuspenen arteko aldeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Joxemai (eztabaida | ekarpenak)
Joxemai (eztabaida | ekarpenak)
309. lerroa: 309. lerroa:
'''Gilisagastiren ekarpena'''
'''Gilisagastiren ekarpena'''


Joan Fermin Gilisagasti, Aiako (Gipuzkoa) semea eta Arrazubia zeharrolako olajauna izan zen aingura handiak egiten lehenengoa.
Joan Fermin Gilisagasti, Aiako (Gipuzkoa) semea eta Arrazubia zeharrolako olajauna izan zen aingura handiak egiten lehenengoa.
Zeharrola eta burdingintzako lanak bere haurtzarotik ikusi eta ikasiak zítuen Gilisagastik, baina garatu eta aurrerapenez hornitzeko irrikak jo zuen gaztaroan. Hala, artean gaztea zelarik, klandestinoki Holandara joan zen eta han bere burua eta bizia arriskatuz, industriaespioitza edo zelataritzan jardun zuen, aingura astun eta handiak egiteko era eta teknika berrietan trebatzea lortuz.
Zeharrola eta burdingintzako lanak bere haurtzarotik ikusi eta ikasiak zítuen Gilisagastik, baina garatu eta aurrerapenez hornitzeko irrikak jo zuen gaztaroan. Hala, artean gaztea zelarik, klandestinoki Holandara joan zen eta han bere burua eta bizia arriskatuz, industriaespioitza edo zelataritzan jardun zuen, aingura astun eta handiak egiteko era eta teknika berrietan trebatzea lortuz.
Handik trebatutako ofizial bilakaturik itzuli zen gure gizona:
Handik trebatutako ofizial bilakaturik itzuli zen gure gizona:

18:14, 28 abendua 2014ko berrikusketa

Burdinola batean lanean.

Burdinola burdin minerala landu eta burdina lortzen zen antzinako lantegia da.[1]

Historia

Astronomia eta geologia alorretan onartutzat ematen da, gaur egun, Lurrean aurkitu den lehen burdina purua (meteoritoa) goietatik eroritako aerolitoak izan zirela, «sideritos» deritzatenak. Sidero hitza grezieratik eta ondoren latinetik dator; gauza bi adierazten ditu, burdin eta izar. Bien lotura da siderurgia hitza, hau da, burdina ateratzeko eta lantzeko jarduera.

Elezahar mitikoak

Aipa ditzagun Aizkorriko Dama deituari buruzko elezahar bitxiak: udazkeneko gauetan, Aketegiko haitzulotik irten eta, argi distiratsuz eta adats koloretsu luzea erakutsiz, Murumendin edota Anbotoko bere gordelekuetara joaten den Damaren kontakizuna. Gauza jakina da adatsen margo gorri eta esmeralda berde biziak, batez ere, aerolitoa lurraren atmosferan abiadura handian sartuz egiten duen urraduratik sortuak direla, eta zenbait puskatan zatitzean, haren deskonposizioan metal oxido margodunak sortzen dituela.

Bibliak, gizadiaren antzinako kondairarik osoenetakoa denez, bere generoan sarrera luze eta zehatzean (Hasiera, 4,22 eta hur.) honela dio: «Selak, berriz, TubakQayin sortu zuen, tupikizko eta burdinazko tresna zorrotz guztiak lantzen dituztenen aita». Zati honi dagokionez, Garibai gipuzkoar historialariak bere Compendio Historial liburuan, Joseforen aitorpenak iturritzat harturik, dio: «Tubalcayn siendo fortísimo varón, comenzó a guerrear las gentes y buscó el arte de fundir y labrar el hierro». Posidoniok, K. a. 135 urte aldera Sirian jaio zenak, honela dio iberiar penintsulari buruz: Pirinio mendien izenak, sua esan nahi du grezieraz; sekulako sute izugarri baten bidez mendierraietako burdinki ugari urturik, burdinazko ibaiak zabaldu ziran iberiar penintsulan barrena eta horretatik datorkie Pirinio suizena. Diodoro Sikulok, Estrabonen garai berekoak, zehatzago adierazten du, sute hori gertatu zenean, Pirinio inguruetako biztanleek ez zutela urre eta zilarraren baliorik ezagutzen.

Herensugea

Jasotako elezaharrak (Wentworth Websteren Basque legends, collected chiefly in the Labourd liburuan aurreko mendearen azkenetan argitaraturik) honela dio: «Erensugea edo zazpi buruko sugea, piztitzar izugarri aundia zan; bere burua Bigorre’ko mendimuturrean jartzen zuan, lepoa Bareges aldean, gorputza, Luz, Saint Sauveaur eta Gedres aranetan etzinda, eta buztana Gabarnie’ko arruan kiribilduta. Iru illabetetik bein ¡aten zuan; bere aoko atsaren indar utsez irentsi oi zituan artalde osoak, sorgorturik lo gelditu arte. Akabatu aal izateko, mendietako burdin guztia bildu zuten gizonek eta baso guztietako egurrez sekulako sua egin zuten, burdina urtzeko; orrela gertuturik, zai egon ziran esnatu arte, autzak edo eztarzuloa zabaldu bezain laister, burdin urtua irentsi zezan».

Lurralde horietako mapa eta planoak ikusiz, eta izarsailen ortzimapak aztertuz, gure aurreko arbasoek Pirinio mendietako gertakaria zernola ikusiko zuketen adierazi nahi izan dugu, batez ere udazkenaren aurrenetako gauetan, «Hidra» edo «Erensuge» izarsaila gainean zegoelarik.

Pirinioetako ikuspegi honetan, «Pic de Ger» ageri da, gaur Zuberoa den euskal lurretatik kilometro gutxira, Sortalderantz. Kontu ziurra da, beraz, antzinako aldi haietan delako Herensugearen elezaharrak dioen lekuan euskaraz mintzatzen ziren. Grezieraz eta latinez Hidra hitzak, uretako suge adierazten du eta euskaraz, Azkuek dionez, Erensuge eta Herensuge hitzek suge edo piztitzarra adierazten dute. Antzinako euskal elezahar hau, ezin ukatu, etnologia mailako aztarrenik onenetako bat dugu, batez ere mundu guztiko burdingintzaren kondairari dagokionez; eta behar bada, bera dugu lehenengo mitologiaaztarna, irudi eta sineskerien bidez, baina burdingintzaren hasiera adierazten diguna: burdin mea eta egurikatzaren bidez burdina lortzen zutenekoa.

Azkuek dionez, Arrasaten (Gipuzkoa) errementari edo burdin arotz batek erail omen zuen Herensugea, aurrez sutegian goriturik zeukan burdin hagaz. Barandiaranek bere Lan Guztiak bilduman, Erensugea aipatzen duen haietan esaten digu euskal mitologian badela izen bereko jainko bat, suge itxurakoa; elezaharren alorrean, tankera askotako beste batzuk biltzen zaizkiola eta haietako jakin batzuk antzinako hainbat sistema mitologikotan azaltzen direla. Arrasateko piztitzarrarena ere transkribatzen du, alde handirik gabe.

Mugarriak burdin lanketaren historian

Historiaurrea

Burdin Aroa Euskal Herrian K. a. 600. urtean hasi zen gutxi gorabehera. Kultura hau, ziur asko, zelta edo indoeuropar jatorriko herriek ekarria da, hauetako asko Pirinio mendien mendebaletik gure herrira sartu zirenean. Metalurgiaren historian onartzen da K. a. 1500. urte aldera, indoeuroparren artean, kalibeak izan zirela munduan lehenengoak meatzetatik burdina ateratzen. Hauek beren herritik, Armeniatik, hedatu zituzten bai Ekialdera, bai Mendebaldera euren ezagupenak. Hala, ia milurteko bat behar izan zuen Europako alderdi honetara iristeko. K. a. 430. urtean, Jenofonte izeneko greziar historialari eta jeneralak, bere Anábasis «Hamar milen espedizioa» izeneko eskuizkribuan deskribatzen du kalibeen herritik igarotzerakoan izandako gorabehera asko, besteak beste, «hauetako gehienak burdin minerala ateratzen jarduten zutela» esanaz. Burdina lantzeko prozesu metalurgikoa kobrea eta eztainua lantzeko baino askoz zailagoa eta konplexuagoa zen, batez ere ikatz geruzen arteko minerala ateratzeko labeetan 1.130 graduko berotasuna iristeko zituzten zailtasunengatik. Erremintak eta armak egiteko burdin forjagarria lortzeak, berriz, oraindik ere zailtasun handiagoak zituen. Beharbada hauxe izan zen historiaurrean kobrea eta eztainuaren kulturako izendapenak burdinarena baino lehenagokoak izatearen arrazoia.

Burdin Aroa

Euskal Herriak, bertakoek edo Pirinioen mendebaldekoek, burdin aroaren hasiera arte harri industrian jarduten zuen, harrizko erremintak edo armak egiten. Ezagutzen zuen eskuz landutako zeramika, baina, ez ordea hanka bidezko tornu bertikala. Artzaintza zen orduko jarduera nagusia. Ezagunak zaizkigun haitzulo batzuetan bizi zen, baina agian baita kanpoan ere, etxoletan, arrastorik gelditu ez den arren. Herri honek bere hildakoak berezko haitzuloen barruan lurperatzeko ohitura zaharrarekin jarraitzen bazuen ere, gehienak Euskal Herrian arrasto ugari ditugun trikuharrietan sartzen zituen. Burdin Aroaren barruan, paleontologia eta industriari dagozkien elementu kulturalak orain artean aztarnategietan agertu dira, gehienak behealdean edo hegoan, material arkeologiko ugarirekin.

Meatzaritza Aiako Harrian

Gipuzkoan iparekialdean dago Aiako Harri esparrua eta haren ingurunea, gune mugatu samar batean, probintziako beste antzinako meatzeustiapenetatik isolaturik. Mendi hau geologikoki, Paleozoiko Aroko maila eta formazioetan, Gipuzkoako antzinakoena da, eta burdin minerala, metalezko aldean geruzen barneko zuloetan irregularki pilatutako jalkindeposituetan aurkitzen da. Gure herriko beste meatzeesparru batzuetan bezala, osagairik nagusiena sideratoa edo burdin karbonatoa da, deposituak azalerara hurbildu ahala eguraldi oxidatzaileak hematite bilakatua. Halako mineralizazio aberatseko alderdi hau, zati batean Nafarroan sartzen dena, geologikoki paleozoikoko maila permikoak dituen zirkulu baten barruan dago kokaturik, eta, gehienbat Jurasiko eta Kretazeo mailako lur gainean dagoen probintziaren gainerako alderdietan ez bezalako formazioa du. Kretazeo mailako meatzeguneei dagokienez, litekeena da lehen aipatutako probintziako Paleozoiko lurretan kokatutako eskualdetako ustiapenaren ondorengo alditan ere burdin minerala ateratzen jarraitzea.

Harrespilen eremua

Oso kontuan hartzekoa da aipatutako Paleozoiko Aroko multzo geologiko horretan kokatuak diren muinoetan baizik ez egotea harrespilak, harrizko zirkuluz eratutako monumentu megalitikoak, hain zuzen ere, inguru honetako antzinako meatzeustiaketak dauden horretan. Era berean, esanguratsua da aipatutako meatzegunea eta harrespilena amaitzen den lekua, hegoaldetik, Leizaran ibaiak mugaturik egotea. Guzti honek pentsarazten du harrespilen garaiko kultura antzinako meatzeustiapenekin loturik egon daitekeela, gure herrian. Zabalago landua dugu harrespilak burdin aroko kulturekin lotzen zitueneko gai hau bera, 1956.ean, burdin meatzaritzari buruz, argitaratu genuen lan batean. Ikusten denez, txikia da historiaurrearen ekarpena, iluntasunetik irtenda, euskal burdingintzaren egunsentian sartu ahal izateko.

Protohistoria-Antzinaroa

Metalurgia Iberian

Kontuan har dezagun, lehen garai haietan eta askoz beranduago ere, nabarmen gailentzen zela Euskal Herrian meatzaritza, burdinaren industria eta burdina lantzea, bereziki Bizkaian eta Gipuzkoan, penintsulako beste eskualde eta herrietakoen aldean. - Polibio-k, K.a. 205. urteko greziar historialariak, zeltiberiarrei buruz hitz egiterakoan honela zioen: oso saiatuak dira lanean; ezpatak egiten, berriz, galiarrak eta erromatarrak baino abilagoak. - K.a. 60. urteko Strabon greziarrak bere Geographika sonatuan zioenez, iberiar penintsulan kobrea, urrea, zilarra eta burdina asko zen eta munduko beste inon ez zen haren antzekorik. - Diodoro Siculo-k meatzeak ustiatzeko putzuak eta galeriak irekitzeko erak deskribatzeaz gain, lana zein gogorra zen kontatzen zuen, eta lan horretan erabiltzen ziren esklaboak nola hiltzen ziren, nekearen nekez. Zeltiberiarrei buruzko aipamenean, haien ezpaten bikaintasuna eta ospea azpimarratzen zituen; berak zioenez, lurperatuta edukitzeko ohituratik zetorren hau, hala egiten baitzuten, harik eta herdoilak burdinaren alderik bigunena jan eta gogorrena eta puruena besterik gelditzen zen arte. Gure ikuspegitik, fantasia bat dirudien arren, badu bere oinarria altzairua lortzeko joan den mendera arte Europako lantegi metalurgiko askotan erabilitako prozedura honek, eta gure herrian galdaketaren dekarburazioa edo zementazio oxidatzaile izenez ezagutzen denak. - Tacitok, zeltiberiarrez hitz egiterakoan, zehaztasunez zioen haiek beren armak gorputzen proportziokoak zituztela eta, batez ere, bi ahoko ezpatak erabiltzen zituztela, hain gogorrak eta gozo finekoak, non, golpe batez, edozein ezkutu bitan ebaki zezaketen. - Philon-ek, K.a. III. mendean gai bertsuez idatzi zuenak, zeltiberiarren armak goraipatu egin zituen, eta hauek egiteko prozedura deskribatzen du. Honela frogatzen zen ezpaten kalitatea: eskuineko eskuaz eskutokiari heltzen zitzaion eta ezkerrekoaz ezpatamuturrari, eta buru gainean xafla laua ezarriz, bi muturretatik sorbalda ukitzeraino tiratzen zitzaion; ondoren, batbatean ezpata askatuta, airera salto egiten zuen lehenagoko forma itzuliz. Delako deskribapen hau metalurgiaren historian garrantzi handikoa da, hauxe izango baita, izan ere, makurdura bidezko materialen erresistentziafrogari dagokion lehenengo saioa, agian. Garai hartako kontakizunetatik ezagutzen dugu zeltiberiarren ezpatak bi motatakoak zirela eta gerora erromatarrek hartu zituztela. - «Falkata» zuen izena batek eta igitai bat bezain okerra zen, - eta «spata» zen bestea, eskulekuan arranoaren burua zuelarik. Honen izena gorde da gure euskaran eta, jakina denez, mila urteko «ezpatadantzaren» borrokako oroigarria da berau.

Plinioren zehaztapen teknikoak

Lehen aipatu dugun Plinioren lanaren kapitulu batean, metal asko lortzeko prozedurak deskribatzen dira. Litekeena da historialari handi hauxe izatea metalurgiari buruz teknikoki hitz egiten duen lehenengoa. Honela dio, besteak beste: - burdinaren kalitatea, mineralaren eta bategite prozesuan erabiltzen den airearen araberakoa izango dela; batzuetan biguna, berunaren antzekoa irtengo dela, eta beste batzuetan hauskorra. - biguna gertatzen denean, gurpilak eta hiltzeak egiteko erabiltzen dela - eta, hauskorra denean, oinetako armadurak egiteko. - emaitza labealdiaren baitan ere badagoela –dio Pliniok–, baina alderik handiena uretan dagoela, alegia, txingarturik dagoela sartu behar delako. Gaurkoak diruditen ohartarazpen bereziekin amaitzen du Pliniok, honela azaltzen du zehazki: - erremintak, oliotan gozatu behar direla eta ez uretan, era honetan ez omen diraeta hain hauskorrak. - zorroztarria erabiltzekotan olioa edo ura erabiltzeko gomendioa ere egiten du.

Pirinioei buruzko aipuak

Euskal metalurgikoei, gure herriko historiaz arduratzen direnei, Plinoren azalpenetan alderdi erakargarri bat zaie Pirinioei buruz hark bi alditan egiten duen aipamena. Bere III. liburuko IV. kapitulutik ateratako zati hauetako batean honela dio: ...Tarragonatik Olarsongo erribera bitarteko zabalerara hirurehun eta zazpi (milia); eta Pirinioetako erroetatik, bi itsasoren erdian, ziri modura estutzen denera.... Ez dago zalantzarik «Olarsongo erribera» esatean Oiartzungo ingurunea eta Oarsoko arroa aipatzen dela, Pirinioen azken muturrean dagoena, alegia. Bigarren aipamena, geografia eta meatze gisa duen garrantziagatik ezaguna denak, honela dio: ... A la parte marítima de Cantabria, que es veñada del mar Occeano, ay un monte de grandisima altura, y parece cosa increíble, que todo es de esta materia (hierro), como diximos tratando del circuito del Occeano. (XXXIV. liburua XIV. kap.). Nahiz eta onartua dagoen Plinioren aipamen hau Somorrostroko (Triano) mendietako meatzeesparru aberatsari buruzkoa dela, kontuan hartzen bada Irunen berriki indusketetan egin diren aurkikuntzak eta «monte de grandísima altura» delakoaren xehetasuna, litekeena da historialari erromatarrak «Aiako Harria» mendiari buruz esana izatea ere. Izan ere, ez dezagun ahantz mendi honen kotak Somorrostrokoen aldean askoz garaiagoak direla, eta, gainera, alde hartako burdin meatzeen ustiaketa, azken aldera erromatarrek zilar eta urre bila egindakoa baino lehenagokoa.

Erdi Aroa

Aurrera doa burdin meatzeen eta industriaren egunsenti luzea; mendeak aurrera egin ahala gure garaietara hurbilduz, penintsula berriro gertatuko da inbaditurik, bat bestearen atzetik bi zibilizazio desberdinez: bisigodoez eta arabiarrez. Baina, oraingoan, herri inbaditzaile hauek, euren kulturamaila handiaren arrastoak utzi zituzten hauek, ez dute apenas ekarpenik egiten penintsulan eta Euskal Herrian erabiltzen jarraitzen ziren bertakoen metalgintzako lanmetodoaren eransgarri.

Bisigodoak eta arabiarrak

Oso urriak dira bisigodoek utzi dizkiguten burdinazko gauzkiak eta indusketetan azaltzen diren apurrak ez dute ia berritasunik agertzen. Beren numismatika da metala lantzen duten atzerapen teknikoaren ezaugarri bat. Hargintzan, aldiz, langile handiak izan ziren eta lan egiteko modu berri, miresgarri eta soil bat sortu zuten. Arabiarrak, beren armak egiteko erabili izan zutenaz gain, badirudi ez zirela burdina zaleak izan; ez ziren hartaz behar baino gehiago baliatzen eta euren meskitak eta jauregiak egiteko normalean marmola, zeramikazko materialak eta zura erabiltzen zituzten. Forja lanetan ere ez zuten praktikarik, ordurako kristauerresumetan oso erabilia bazen ere. Bestalde, altzairu gainean damaskinatuak egiten oso iaioak ziren, eta era guztietako sarrailagintza artistikoaren akabera ona ikusita, badirudi lima oso ondo menderatzen zutela.

Gipuzkoa eta Euskal Herria

Iritsi zaizkigun berrien arabera, ziur jotzen da oso antzinaantzinatik gogor lan egiten zela meatzetan eta burdina urtzen eta galdatzen, eta hauxe zela bertako biztanleen jarduerarik nagusiena. Egiazta ditzagun, hortaz, joan diren XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako historialari gipuzkoarrek beren lanetan gure probintziako meatzaritza eta burdingintzaren jatorriaz hitz egiten duten zatietan, hain zuzen ere, ibarretako ibaiertzetan sistema elektrikoez eragindako burdinolak jarri ziren garaien aurreko lanetan. Etxabek 1607. urte aldera honela dio bere Discursos liburuan. (XIV. kap., 11. zk.). ...Con otros infinitos que sería cansancio referirlos todos los más de las cuales fueron casas de fundición, donde a mano se labraba el hierro y no con la curiosidad y fuerza del agua con que en nuestro siglo se usa con tantas ventajas y provecho e cuya granjería bajaron a las riberas de los ríos.... A. Larramendik, antza denez, 1756an idatzi zuen bere Corografía lanetik atera dugu: ...Las ferrerías antiguas estaban en los montes de que son señales claras los montones de escorias y cepa que se encuentran en ellos. No podrían ser oficinas en que se trabajase mucho hierro, faltándolos los ingenios y amaños de hoy o si éstos se suplían a fuerza de brazos, eran entonces los ferrones de aguante inmenso que no pudieran tener los de este siglo. Fueron poco a poco bajándose las ferrerías y se establecieron en parajes donde podrían servirse del agua para sus ingenios y desde entonces se llamaron las ferrerías de los montes «agarrolas» o fererrías en seco y sin agua a diferencia de las nuevas que se llamaron «zearrolas» o ferrerías de agua. No se salte fijamente ni el inventor de esta idea, y el tiempo en que se empezó a practicar. Lo cierto es que no vinieron los extranjeros hacer bajar las ferrerías de los montes y plantarlas cerca de los ríos o arroyos crecidos y que dieron en esta especie, los mismos naturales y que ellos y no otros han ido adelantando después acá este arte, con sola su práctica y experiencia.... Azkenik, eta burdingintzaren antzinatasunauzia erabakitzeko, 1956an argitaratu genuen lan batetik, hurrengo kapituluan, ondorengo zati hau deskribatuko dugu. Nolakoak ziren, mendi gainetan kokatu eta Garibaik zioen modura «a fuerça de braços soplando, y no con el instrumento y ruedas de agua» funtzionatzen zuten gure herriko burdinolak edo antzinako labeak?


Lehen burdinolak edo mendikoak

Haizeolak edo agorrolak

Burdin oxidoaren murrizketa-labeak

Antzinatean Europako eskualdeetan eta oraindik aurrerapen teknologikorik ez duten zenbait herritan erabiltzen diren burdinolak antzekoak ziren. Beharbada, garaieran bi edo hiru metroko labe txiki batzuk ziren, eta zenbaitetan erdi lurperatuak egoten ziren eta gutxi gorabehera metro bateko diametroa zuten. Haietan egurikatza eta burdin oxidozko harrikatza txandakako geruzetan jarri eta aire korronte batez elikatuz ateratzen zuten metala, murrizketaz. Airea emateko, ahuntz edo ardilarruz eta kanaberazko edo egur lehor hutsezko hodiz egindako hauspo zakar batzuez baliatzen ziren. Hankaz eragiten zitzaien hauspo hauei. Metalaren murrizketa egiten zen bitartean, sarrerako zuloa, geroko isurbidea, buztin lurrez itxita edukitzen zen, pasatzeko beharrezkoa zena baino tarte handiagorik utzi gabe burdina buztin hondarrez eginiko haizebidea; hau burdina murriztuaren masa ateratzeko kentzen zen. Zepa, hoztu ahala, tenaza edo suhatz batzuen laguntzaz kentzen zen goieneko zulo batetik.

Zepak lekuko

Xehetasunezko kontakizun hauengatik dakigu, XVI. mende aldera antza denez, Euskal Herrian ez zela burdina ateratzeko antzinako labe zaharren arrastorik. Ez eta gaur egun ere, mendian zehar bila ibili bagara ere, ez dugu hauen arrasto ziurrik aurkitu. Gabezia hau dela eta ez dugu harritu behar, zeren eta honako ohar hau jaso ahal izan genuen Vienako «Naturhistorisches Museum» delakora egindako bisita batean, Styria, Erzgebirge eta aipatutako labe mota asko izan zirela gauza ziurra den historiaurreko Hallstatt herrixkan burdin meaguneetan aurkitutako gauzakietan aberats den Museoan: «Die spuren der Eisengewinnung sind weniger deutlich erhalten» (han ere urriak dira burdina ateratzeko antzinako prozeduren arrastoak). Lehen urtu aldiko zepa eta burdina ekoizkinak (Schlacken, Eisenluppen) baizik ez dituzte jaso, gure Herrian aurkitutakoen antzekoak. Metalurgia mailan duen garrantzia alde batera utzita, komenigarri iruditu zaigu gutxi gorabehera ezagutzera ematea, etorkizunean Euskal Herrian halako laberik aurkituko bagenu ere. Hauen egiturak eta neurriek modu berean gogorarazi diezazkigukete ezagunak zaizkigun monumentu megalitiko edo historiaurrekoak. Nolanahi ere, harrizko zirkulu hauen barnean nahiz kanpoan aipatzen ari garen burdin zepa beltza agertzeak argi ditzake gure zalantzak.

Burdin karbonatoa kiskaltzeko labeak

Halaz ere, ohar gisa esan dezagun nahasmendua eragin dezakeela harlangaitzezko arrastoak dituzten zuloak edo hutsuneak aurkitu izanak. Hauetaz baliatzen ziren, gaur baliatzen diren bezala, karbonato modura burdina mineralaren kiskaltzea egiteko eta burdina oxido bilakatzeko, gero labean haren murrizketa egiteko. Mineralak, hematitez edo gainazaleko oxidoz aberatsak, agortu zirenean, sakonagoko galeria eta zainetan lortutako siderita karbonato edo mineralez baliatu behar izan zuten aurrerantzean. Euskal Herrian minerala kiskaltzeko labe hauetako asko –hobetuak, jakina– beti meatzetan bertan eta funtzionatzen aurkitzen ditugu eta beste batzuk, aldiz, guztiz bertan behera utziak. Bai Lope Martínez de Isastik, bere Compendio Historial de Guipúzcoa lanean (1625), bai Aita Larramendik mende bat baino geroxeagoko bere Corografía lanean, mineralak kiskaltzeko labe hauei arragoa izenez ezagutzen ditu. Oraindik ere ikus daitezke Oiartzunen batzuen aurriak edo hondarrak, Aiako Haitzaren oinetan, Arragoa auzunean. Euskal filologo garaikideek interpretazio etimologiko desberdinak ematen dizkiote hitz euskaldun honi.

Zepak haizeoletan

Garibai, Larramendi eta beste historialari euskaldunek burdina lortzeko antzinako labe hauen lekuko diren zepak aipatzean, ikusten dugu honela nabarmentzen dutela «montones de exces..., superfluidades..., reliquias..., capas e inmundicias ordinarias de los metales...». Hainbat garaitan aurkitu eta bildu izan ditugu zepa hauen laginak Aralarren eta Legazpi, Mutiloa, Zerain eta Zegamako beste mendietan, horrela adierazten delarik, toki hauetan bederen labeak izan zirela antzina.

Burdina urtzeko antzinako labeen zepak ez dira gerora ibaiertzetan kokatutako burdinola hidraulikoetan aurkitu zirenen berdinak.

- Haiek beltzak, trinkoak eta beirahausturazkoak dira,

- hauek, berriz, burdinazko belaki tankerakoak, arre kolorekoak, minerala eta egurikatz itsaskinak dituztenak.

Berezitasun nabarmen hau, burdina lantzeko bi era oso desberdinen ondorioa da. Duela urte asko egindako zepa hauen aztertzera kimikoak emaitza hauek eman zituen:

- burdin oxidoa %75,

- silizea %20,

- kaltzio oxidoa %0

- eta zehaztu gabeko arrastoak %5.

Azterketa honetatik ondorio hauek atera genituen: 1- Zeparen kolore beltz distiratsuak erakusten duela fabrikazioprozesuan abiadura oxidatzaile gogor bat erabili zela (sugar bizi eta zuria). Hasieran agian burdinurtu oso karburatu eta siliziozko baten antzekoa lortzen zuten, baina airea ematearen poderioz, honek urtutako masa zeharkatuko zuen, non haren oxigenoa silizioarekin konbinatuz, burdina oraindik likido pastatsu egoeran eusteko nahiko berotasun harrapatzeko aukera emango zuen; aldiz, burdinaren karbono proportzioa jaistearekin, hau material forjagarri bilakatuko zen. 2- Burdina lortzeko urtzaile gisa, kaltzio oxidorik ez edukitzea zela kareharria erabiltzen ez zekitenaren adierazgarri. Bestalde, hori erabili beharrik ere ez zuten, kargatan ez baitzegoen sufrerik, egurikatza erabiltzearen ondorioz. 3- Silizea agertu izanak adierazten duela, mineralaren murrizketa prozesuan silizehondarra erabiltzen zela egurikatzaren kargatan burdina mineralaz nahasteko; hau erabili gabe, beharbada ez baitzituzten burdina forjagarriak lortuko. Beste hau ere oso litekeena da, labeen estaldurak egiteko hareharriak erabili zituztela, zeren eta, oso ugaria baita harri hau zepak bildu genituen parajeetan. 4- Zepatan agertutako burdin oxido ugaritan adierazten zaigu fabrikazioprozesuan zer oxidaziomartxa jarraituko zuten eta horretan zer errendimendu eskasa lortutako zuten.

Mendiko burdinolen izenei dagokienez

Antzinako burdinolen izenak ugari dira: jentilolak, aizeolak, agorrolak edo ferreria masuquera. Duela urte asko, antzinako galeria eta zepa beltzen arrastoak ugari diren Zerain herriko gizon zahar batek esan zigunez, haren arbasoek mendi haietan ba omen zen burdina urtzeko labeei jentilolak edo aizeolak izena ematen zieten. Izen hauetan lehenengoak, jentilolak, antzinatasun oso urruneko bat adierazten digu, baina, bigarrenak, aldiz, ez hainbeste; izan ere, haizeola hitzak dioen bezala, airezko edo haizezko esanahiarekin, bitxia da ingelerazko eta alemanezko lan batzuetan burdina lortzeko aspaldiko labeak aipatzen dituzten gai historiko eta metalurgikoetan azaltzen diren blast furnace, Geblasofen edo Windofen hauen sinonimoa izatea. Aditzera eman dugunez, hiru forma hauek literalki bat datoz haizeolen euskal izenarekin. Herri eskandinaviarretako Zugofen honi dagokionez, normalean haizetiroa –naturala nahiz artifiziala– duten labe haiei deitzen zaie; dena den, bereizkuntza honek frogatzen du gure haizeolak deritzogun haien antza. Linguistikaren alorrean, hain gutxi ezagutzen dugun haizeola hitza, duela berrogeita hamar urte baldin oraindik Zeraingo gizon zaharrak bere oroimenean gorderik bazuen, euskarazko edozein metalurgiako hiztegi teknikotan omen gisa sartu litekeena da. Luis Uranzuk idatzitako Menaqueros y Ferrones lanean, Eskolamendi deritzan Irungo mendi baten aipamena egitean, ohartarazten du eskuolamendi hitza bat datorrela «ferrería de mano» esanahiarekin. Ez dakigu Larramendik bere Corografía lanean zein iturri erabili zituen mendietan ziren antzinako olei agorrolak (ola lehorrak) izenez ezagutzen ziren haien lekukotza ekartzeko.

Arrola

Gure herriko adin handiko pertsonei kontsultak egin arren, euskal izen edo deitura horren jatorririk ezin erabaki izan dugu, ez eta idatzizkoetan ere; aipatu dugun Zeraingo meatzegunean baino ez, izan ere, han aurkitu dugu Arrola izeneko baserria –delako labeak haren sail menditsuetan antzina izan omen zirelaeta–, zepa beltzez inguraturik. Arrola baserriaren inguruan, Jentiletxe izenez eta jentilen etxe moduan gogoratzen den baserri hau azaltzen den elezahar batzuk jaso ditugu. Urte batzuk atzerago, hilarri bat bazela ezagutarazi genuen Arrola meatzegune beraren inguruan kokaturik; honek antzinatasunaren berri ematen du, Erdi Aroa bera baino lehenagokoa dela, alegia.

Masuqueras

Gaztelako errege Santxo IV.ak 1290ean Gipuzkoako Segura hiribilduaren mesedetan berretsi zuen «Fuero de Ferrerías» pribilegioak dio «que las ferrerías que son en Legazpia masuqueras» paraje bakarti eta inor bizi ez zenetan zeudela alegia; horregatik pentsa daiteke leku garaietan ziren olez ari zela forua, izan ere, burdinola hidraulikoak multzoan lekualdatzeko eskaria «que vengan mas cerca de la villa de Segura e las pueblen», bestela, guztiz ezinezkoa bailitzateke. Agiri honengatik berretsitzat jo daiteke «ferrerías masuqueras» delakoak mendietan finkatuak zirelako hipotesia. Aipatzen dituen «necaburu» eta «çamorae» hitzei buruz, berriz, ba ote dute hauek harreman toponimikorik «mea» eta «zamarra» hitzekin? Berriro ere gure «ferrerías masuqueras» delakoei buruz esan dezagun jatorriz grekolatindar edo agian euskal jatorriko Erdi Aroko gaztelaniazko izen hau beharbada burdinola haietan eskuzko lanetik, mailuez jardutetik, datorrena dela; labe ahoan sartzen zen minerala txikitzeko ez ezik, baita zepak kentzeko eta labetik ateratako burdinaren emaitza mazokolpez forjatzeko ere erabiliko zen. Azkuek bere Hiztegian dionez, manatu hitzak golpear, frapper adierazten du.

Mantxola

Zeraingo meatzegunean, eta haren inguruan diren zepa beltzengatik uste dugu Mantxola baserriizena maxuolatik eratorria edo eraldatua dela eta handik hartua «ferreria masuquera». Legazpiko Mantxola baserriizenaz ere gauza bera esango dugu, Zeraingo haren homonimotik, zuzenzuzenean oso tarte motzera kokatua den hartaz. Honen ondoan ere bai baitaude haizeola edo labe ugari haietako beira beltzezko zepa zatiak.

Burdinola hidraulikoak.Iraultza teknologiko bat

Zeharrolak

Noiz arte iraun zuten Euskal Herriko mendietan eta, batez ere, Gipuzkoakoetan lehenengo labe edo haizeolak? Artxibategietan jasotako agiriek, eta historialariek transkribaturik azaltzen diren beste batzuek lagunduko dute ezagutzen ez dena argitzen. Antzinaantzinako euskaldunek gauez begiak Pirinioetako mendi garaietara jasotzean, haizeola edo labetxoetako su argitsu etengabeak ikusten zituzten, burdina ateratzeko prozesuan pizten baitziren, izarrak bailiran. Baina, azken etapa hau iritsi zenean, betirako itzali ziren argitxo haiek. Amaitua zen euskal meatzaritza eta burdingintza emankor eta luzearen goiztiria! Bitartean, finkatuak ziren ibaiertzetan burdinaola hidrauliko edo zeharrola berri haiek, beren gailu mekaniko bitxi, paramentu handi, harlangaitzezko obra, presa, ubide, gabi eta guzti. Eta hau dena XIII. mendean gertatu zen. Hastera zihoan Euskal Herrian bere berpizkunde metalurgikoa eta energia hidraulikoren aroa. Handik aurrera olagizonen lana askoz eramangarriagoa izango zen. Burdinoletako gabiak zein hauspoak izadiko elementurik nagusienak mugiaraziko zituen, gurpil hidraulikoek eraginda ibiliko baitziren, gizona gidari eta zuzentzaile zutela. Handik aurrera herri osoko ibarretan entzungo ziren agoa gori haiek haserrez jotzean mazoak sortutako oihartzunak, eta XVII. mendearen erdialdera burdinaekoizpenak, hemen landuak eta manufakturatuak, munduko herrialdeetan hedatuko ziren. Bestetik, argi eta garbi gelditu da gainera, delako «ferrerías masuqueras» hauek gure Herrian XIII. eta XIV. mendera bitartean iraun zutela; hain zuzen ere, urez abiarazitako burdinola hidraulikoak ibaiertzetan kokatzen hasi ziren arte. XIX. mendearen azkenera bitartean hauetatik atera zen burdina, Pirinioetako burdinola edo forja kataluniarrak deituriko prozedura metalurgikoaren bidez.

Oiartzungo burdinolen albisteak

Alfontso XI.a erregeak Oiartzungo burdinolen forua 1328an eman zien Oiartzungo eta IrunUranzuko olagizonei. Agiri horretan –bide batez, esan dezagun oso luzea zela– ez da agertzen burdinola «masuqueras» delakoen aipamenik. Aldiz, baditu uren ondoan dauden burdinolen gurpilei buruzko oharrak, baita burdinola hauen presen gainean egindako lanen erreferentziak eta abar ere. Honek egiaztatzen du Oiartzun aldean, Aiako Haitzaren inguruetan alegia, XIV. mendean burdina ateratzeko prozedurak hobeak zirela Gipuzkoako Goierrin erabiltzen zituztenak baino. Berezitasun honetan, izan ote zuen eraginik gaur egun berretsia den aurreko mendeetan erromatartzeak, itsas ondoko lurralde hartan? Luiz Uranzuk, bere Menaqueros y ferrones lanean, Irungo Eskolamendi deitzen den mendi baten aipamena egitean, Eskuola-mendi esku olaren sinonimoa dela esaten du.

Europaren mailan

Espezialitate honetako lan alemaniar baten arabera, gurpil hidraulikozko burdinolak (Eisenmühlen) Europaren erdialdean eta iparraldean XII. eta XIV. mende artean azaldu ziren, hortaz, euskal metalurgia Europako aurreratuenen mailan zegoela adieraziz. Energia Hidraulikoaren Aroan, gurpila edo turbina hidraulikoa azaltzearekin batera sartu zen Europa. Handik aurrera Euskal Pirinioetako ibaietako urak eraginkorki baliatuko ziren burdinola berrien eragingailu mekaniko gisa, presa txikien bidez urtegietara bildu eta, desnibel handi bat irabazteko, harlangaitzezko ubideetatik barrena bideraturik. Amaitua zen gure olagizon zailduen antzinako artisautza prozeduran burdina ateratzeko modua eta aroa eta, handik aurrera, askoz ere eramangarriagoa bilakatu zen lan neketsu hura.

Burdinola hidraulikoen izenak

Bere ibilbide guztian Euskal Herriko iraganeko jarduera industriala ikertuko bagenu, zalantzarik gabe hitz adierazgarri ugari aurkituko genuke. Hala, esate baterako: - Euskal ola hitza, (ohola) zura izateaz gainera, normalean, lan zehatz bat egiten edo lantzen deneko lekua adierazten du, harriola (harria lantzen den lekua), Loiola (buztina lantzen den lekua) eta abar.; baina euskal sustrai hau, antzinatik, ia erabat burdinolaren adierari, burdina egiteari edo lantzeari zegokiona da. - Era berean, azalpen nabarmenez eratorri dira deitura hauek: barrenola, azpikola, plazaola, amasola, belaunzaola, renteriola, segurola, aldaola, bengolea, goikolea, olalde, goenola, etab. - Eta beste hainbat elementu kasuan kasukoak, langai eta beste ezaugarri batzuei aplikaturik aurkitzen ditugu izenok: gabiola, mantxola, aizeola, gentilola, agorrola, arrabiola, olaxo, olazar y olaberri. Urola bailaran bazen olanagusi zeritzan burdinola bat. Gure Herrian finkatutako burdinola guztien izen edo deituren artetik ola erroa dutenak ehuneko hogeita hamabost bat izango dira.

Burdinolen goraldia

Antzinatik, hiru izan ziren funtsezko arrazoi nagusiak, Mendebaldeko Pirinioetako burdinolak burdingintza eta altzairugintzan nazioarteko rankingaren buruan zazpi mendeetan zehar egoten lagundu zutenak, erdialdeko eta iparreko herriekin lehian. 1. Lehen elementua Euskal Herria Pirinioen mendebaldean, paleozoiko eta kretaziko aroetako esparru mineralizatu handiaren barruan kokatua egotea izan zen, eraikitze eta garapenean lagungarria. Bere baitan hartuz: - Bizkaian Somorrostro eta Triano aldea - Gipuzkoan Aiako Haitza, Zerain, Mutiloa eta Arrasateko mendiak. - Araban, honen iparraldea - Nafarroan, iparekialdea, denak ere oxido eta karbonato egiturako burdin mineraletan oso aberats diren meazainekin. 2. Bigarren elementua, Euskal Herriak euri prezipitazio handiak izaten dituenetakoa izateak basoaberastasunean modu berezian lagundu izatea; batez ere, pago, haritz eta gaztaina barietateak, burdinoletan burdin mineralaren murrizketan eta forjaketako sutegietan erabiliko den egurikatz ezin hobea lortzeko zuhaitz aproposak. 3. Hirugarren elementua, burdinolen garapenean aldekoa, honen ibaisare berezi eta baliotsua izango litzateke. Tertziarioaren amaieran, Pirinioetako zoruharrotzeen fenomeno geologikoek, eta geroagoko eurite handiak dituen lurralde honetako baldintza klimatikoek eragindako pitzadura eta erosio handiek, ia etengabeko ibilguan, emari txikiko eta desnibel handiko ibai ugari sorrarazi izana.


Burdinolen amaiera

XIX. mendearen hasieran burdinolak desagertzen hasi ziren eta, mendea bukatzerako, ez zen jada bakarren bat besterik gelditzen. Burdinolak erabat desagertzeko arrazoirik nagusienak hauek izan ziren: - Labeak berotzeko behar zen egurikatza egiteko landatuak ziren basoak etengabe eta neurrigabe moztea. - Behar ekonomikoek eraginda, burdina eta altzairua ateratzeko burdingintzan harrikatza erabiltzen hasi izana. - Burdin oxidoz aberatsak ziren meategihaztegiak agortu izana. - Ibaien goiibarretako arroa estuetan garraiorako zailtasunak. - Totxoak edo arrobioak egiteko labe garaiak kokatu izana eta - beste kontrako baldintza zenbait. Burdinola hidraulikoaren deskribapena

MEKANISMO HIDRAULIKOA

Euskal Pirinioetako burdinola edo zeharrolen zati edo osagarri nagusiak modu honetan eraturik zeuden. - Grabitatepresa, harlangaitzezkoa, burdinolatik ubidean gora berrehun edo mila metrora kokaturikoa. - Presak bildutako urak, desnibel txikiko ubide estu eta luze batetik, biltegi erregulatzaile gisa balio zuen ataurrera eramaten ziren. - Ataurre honen ondoan, eta honen maila berean, kezuraska izeneko beste biltegi txiki bat izaten zen; - handik balbul a moduko gailura, txinbora, bidaltzen zen ura; - eta hemendik lortzen zen eskuz erruedaren edo gurpil hidraulikoaren birak aldatzea, - gurpil hidraulikoak ardatzanagusi edo egurrezko ardatz handi baten bidez mekanikoki eragiten zuen gabia edo mailua, aldi berean. Ardatz honek lau edo bost hortza handi –maisukariak– zituen erro handi batean txertatu edo sarturik, hauek altxatzen zuten gabia edo mailua beren mugimendu zirkularretan.

Gabiardatza. Lehen forjaketa

Gabiardatza, edo mailua, egurrezko habe handi bat izaten zen, eskuairaz berrogei bat zentimetro eta lau metro luzean. Muturrean zeraman mazua, burdina forjatuzko pieza handia, lautik zortzira arteko kintal pisatzen zituena. Honen bidez jotzen edo forjatzen zen burdin gorizko masa edo agoa. Horrela ateratzen zen - hamasei bat arroako burdin totxo handia, baldin eta pieza handiko lanak egiteko bazen; aingurak, esate baterako. - Edo lingote txikiak, gerora zeharrolan bertan edo olatxoetan bestela, pieza txikiagoak lantzeko edo forjatzeko bazen.

Hauspoa. Aire injekzioa Burdin mineralaren murrizketa egurikatzez egiteko, prozesu kimikoan beharrezkoa zen airea zurez eta larru tolestuz eginiko hauspo handi batez sartzen zen labean; horretarako ardatz nagusiari zuzenean erantsitako gurpil hidrauliko bidez eragiten zitzaion.

Haizearka. Aire injekzioa

Euskal burdinola batzuetan haizearka bidez sartzen zitzaion airea labeari eta sutegiari. Sistema berri honen aitzindari gisa, Pablo Antonio Rivadeneira ekarriko dugu gogora, hausporik gabe, haizearka izeneko uraska bat besterik gabe burdina urtzeko asmakizunaren pribilegioa eskatu baitzuen eta, hala, 1639an Salazargo (Bizkaia) burdinolan esperimentatu zen, berrogeita hamar urterako baimena eskuratuz. Haizearka edo tronpa ubide edo - ataurretik zetorren eta etengabe urez beteta mantentzen zen goieneko depositu batez - eta oinarriko beste txiki batez osatua izaten zen, biak ere hodi bertikal bat edo gehiagoz elkarturik. Hodi hauek beren goienean estutu egiten ziren inbutu bat eratuz, goieneko depositutik ura erortzean herrestan aire asko eramanarazten zuelarik. Ondorioz, oinarriko deposituan ura mailaz igotzean, hau behartzen zuen depositu honen goieneko zatitik urez ihinztatutako airea botatzera ubide edo tobera batean zehar, zuzenean sartzera mineralaren murrizketarako labean. Burdinoletan haizearka zurez eraiki ohi zen, baina batzuetan harlangaitzezko zatiren bat izan ohi zuen. Eta hari, jakina, goieneko zatian urarentzat desnibel handi bat edukitzea beharrezkoa izango zitzaion.

Labea

Lau hormez eratutako esparru laukizuzen bat zen; lauak ziren hiru horma, baina laugarrena labearen barru aldera ganbila edo konkorduna. Bataz beste, asko aldatzen ziren labearen neurriak, baina, normalean 50 x 70 cm izaten zuen behean eta 60 cm garaieran. Labearen zati ganbilaren eta haizebidearen arteko alderdia, ziarren aldea, urtzailearen lanari zegokion alderdia zen. Honek goialdetik palanka handi batez agoaren gainean jardunez eskua hartzen zuen, murrizketan eta arelanetan. Labearen alde honen beheko aldean zulo edo galdaisurbidea edo ziarzulo bat zegoen zepak edo ziarrak ateratzeko. Labearen kontrako aldeari berriz idurigela deitzen zitzaion. Arragoaren hondoa hareharri erregogor batez egina zen, azalera apur bat ahurra eta ordezkatzeko moduan jarria. Burdin barra batzuk ere azaltzen ziren elkartuak, ebakidura laukizuzenekoak; bat bestearen gainean jartzen ziren arragoaren sakonetik haizebideraino horma bertikal bat osatuz. Honek burdinolako horman egindako ganga txiki bat zeharkatzen zuen, 35°tik 40°ra arteko angeluduna. Ohikoa zen, burdinolek tximiniarik ez edukitzea, eta, keari irteera emateko, sabaian zulo soil bat besterik ez zuen izaten.

Galdaketa-prozesua

Burdinolako labea edo arragoa izango zen bere osagai teknikorik nagusiena, hantxe lortuko baitzen agoa. Agoa zen burdin gori masa harroa edo altzairu xaflagarria, eta karbonoz %0,3tik %0,6ko proportzioa izan behar zuen, mailukatzeko edo forjatzeko. Burdinoletako labeetan egurikatza eta mea oso aberatsak baino ez ziren erabiltzen, eta bere gangan silizea nagusi zen ziarrak edo zepak aiseago erretzeko, berotasuna gehiegi igoarazi gabe. Labean errekuntzaz sortutako azido karbonikoa ikatz zati batez nahasten zen CO2 bolumen bakoitzak CO bi bolumen sorrarazteko moduan, eta hala, CO2 proportzioa bikoiztu egiten zen murrizketaz, burdinaren oxidoa guztizko metala bihurtu arte ikatza gehiegi baldin bazuen; funtsean burdingintzako labe garai modernoetan gaur egun egiten denaren oso antzeko prozesu kimikoa. Aireak, ihinztatuak edo urez aseak, mineralaren murrizketalan honen prozesu kimiko eta metalurgikoa erraztuko zuen, labean eranstearekin oxidoei hidrogenoa, gas karboniko murriztailea (CO). Jakina denez, hidrogenoa edo uraren gasegoera lortzeko prozedura bat dugu ikatz goriari gainera ur txorro bat talkan botatzea (C + H2 0 = C O + H2). Egun, burdin hautsa, kimikoki garbia (%99,8) ikerkuntzako laborategietan erabiltzen dena, burdin oxido hautsa gas hidrogeno bidez tenperatura handian murriztuz iristen da.


ZEHARROLETAKO AINGURAK

Osoko industria siderometalurgikoa

XVIII. mendearen erdialdera, arrantzuko eta gerrako itsasontzientzat nahiz bestelakoentzat aingurak egiten ziharduten zeharrolak dira industria siderometalurgiko integralaren agerpen edo eredurik bikainena

Gilisagastiren ekarpena

Joan Fermin Gilisagasti, Aiako (Gipuzkoa) semea eta Arrazubia zeharrolako olajauna izan zen aingura handiak egiten lehenengoa. Zeharrola eta burdingintzako lanak bere haurtzarotik ikusi eta ikasiak zítuen Gilisagastik, baina garatu eta aurrerapenez hornitzeko irrikak jo zuen gaztaroan. Hala, artean gaztea zelarik, klandestinoki Holandara joan zen eta han bere burua eta bizia arriskatuz, industriaespioitza edo zelataritzan jardun zuen, aingura astun eta handiak egiteko era eta teknika berrietan trebatzea lortuz. Handik trebatutako ofizial bilakaturik itzuli zen gure gizona: - batetik, harrikatza arragoan erabiltzen; - bestetik, aingurabesoen soldaduran egurikatza erabiltzen eta haien tenplaketan. Hori guztia 1739. urtean burutu zuen. Gilisagasti benetako aurrelari bat izan zen gaur egun Ekialde Urrunean erabiltzen diren industria hobekuntzako prozedura berrietan. Errege Karlos III.aren Aholkulari eta Idazkari eta Gipuzkoako itsas portuetako Itsas Armadako Ministroa zen Jose Antonio Enriquezek badu txosten jakingarri bat metalurgiari buruzkoa, zehatzago esteko, ainguragintzari buruzkoa, 1787. urtean argitaratua. Gure Joan Fermin Gilisagasti ainguragileari dagokionez, 72 kintaleko aingura bat egin zuela esaten digu, eta huraxe zela Espainian ordura arte egindako aingurarik handiena. Horretaz gain, olagizon euskaldun honi zor ziotela Espainiak eta Gipuzkoak, aingura handiak Holandatik ekarri beharrik ez izatea; Euskal Herrian hain egoki eta halako trebetasunez egiteaz gain, merkeago eta bertako askori lana emanez egiten baitziren.

Hemezortzi burdinola Gipuzkoan

Gipuzkoan, aldi hartan, ainguragintzan hemezortzi burdinola aritzen ziren; denak ere Oria, Leitzaran, Urumea eta Oiartzun ibaien arroetan eraikiak. Garrantzirik handienekoen izenak hauek dira, besteak beste: - Arrazubia, - Fagollaga, - Ereñozu, - Pikoaga, - Amasola, - Agaraiz, - Lasarteola, - Renteriola eta - Olaberri.

Ainguren salneurria

Aingura bakoitzaren salneurria baldintza askoren arabera aldatzen zen, hala nola; - burdinkia eta ikatza, beharrezko lehengaien nolakoak ziren, haien garraioa, eta langileen eskulanarena eta beste; - horiez gain, artekarien komisioak zegoen; - azkenik, olagizonek beren kontura ala elkartean jarduten zuten ere kontuan hartzen zen, langileek bi eratara lan egiten baitzuten. Olagizonek meategia beren lurretan baldin bazuten, bistakoa da bestela baino merkeagoa gertatuko zitzaiela. Gauzak horrela, 72 kintaleko aingura bat egiteko hemezortzi bat egun behar izaten zituzten eta guztira 9.173 erreal kostatzen ohi zen.

Ainguren araudia eta sailkapena

Erregeagindu batek erabakitzen zituen 1752. urtean aingura baten eta bere zati guztien neurriak: - aingurak, - gurutzeak, - gurutzeadarrak, - zangoak, - potak, - atzamarrak eta abar, - bakoitzak zenbat oin, ontza eta lerro behar zituen esanez. Urte bereko lege baten bidez, erabakirik gelditu zen ontzidi bakoitzak zenbat aingura eta nolakoak eraman behar zituen, itsasontziak, fragatak nahiz beste edonolako ontziak izan. Honela, itsasontzi bakoitzak beharrezkoak zituen: - 72 kintaleko hiru aingura, - 66 kintaleko bat, - 60ko bat, - 25 kintaleko ainguragurutze bat, - eta 17ko eta 9ko bana.

Ainguren kalitatea

Hernaniko Udaletxeko artxiboan aurki daitezke ainguragintzari buruzko zehaztasun handiko dokumentu ugari, ekarpen tekniko asko dakartzatenak: berotzegoritzea, mailuka lantzea, zoldaketa, aroa eta beste xehetasun gehiago. Beste gauza jakingarri batzuen artean, aitorpen hauek behintzat nabarmen ageri dira: bertako aingurak onak eta ongi eginak zirela, Europako beste herrialdeetakoak baino hobeak. Ingelesak, holandarrak eta frantziarrak Donostiara berentzat izendatutako aingurak aztertu eta erostera etortzen zirenean, harriturik gelditzen zirela ere ageri da orrietan.

Aingurak Espainiako armadarentzat

Estatuak beretzat formalizatu nahi izan zuen burdinola bat Errenterian 1749. urtean, hain zuzen ere, ainguragintzan jarduteko asmotan. Urumeako burdinoletako olajaunek, ordea, eragozpen asko jarri zizkioten horretarako. Porrot egin zuen Estatuaren nazionalizazio asmoak eta hutsean gelditu zen. Errege Armadarentzat izendaturiko aingurak, Espainiako Departamendu hauetara bidaltzen zituzten: Cadiz, Ferrol eta Cartagenara. Baina itsasoz haratago ere bidali ohi zituzten, eta guztira urteko laurehun bat aingura izaten ziren, gutxi gorabehera. Itsas Armadako Departamentuko Ministerioak Jarraibideen Orria atera zuen ainguragintzako xehetasun eta argibide ugari emanaz. Beste lege eta aginduetarako egin ohi zen bezala, orri horretan ainguragintzan bete beharreko arauak idatzi ziren. Orri hori honela bukatzen zen: ... no sólo las intimó el Gobierno, sino que hizo que, para que mejor las entendiesen, se traduxesen al Bascuence, porque los más de ellos no entendían otro Idioma, y que se entregase a cada uno un ejemplar. Estaduak bere eskura antolatu nai izan zuan burniola bat Errenteri’n 1749’gn urtean, ain zuzen ere ainguragintzarako asmotan. Urumea’ko burnioletako olajaunek, ordea, eragozpen asko jarri zizkioten ortarako. Porrot egin bearrean gertatu zan Estaduaren «nazionalizazio» asmoa ta utsean gelditu zan.

Aingura kulturan

Bai zamaontzietan, bai fragatetan, itxaropenaingura zeritzana zen aingurarik astunena eta beste guztiak baino garrantzi handiagokoa; eskuinaldeko saihetsean eduki ohi zuten. Izenak berak adierazten duenez, mastak galtzea edo beste ezbeharrik zenean lagungarri izaten baitzuten, olatuek itsasontzia haitzen kontra apur ez zezaten. Lehenengo kristauen irudien artean, askotan ageri da aingura; batez ere hilobietako goiburuetan, betiko bizitzarako Itxaropenaren adierazgarri, eta ez da harritzekoa, Kristoren adierazpen diren gurutzea eta arrainekin batera aurkitzea. Itun Berrian, Ebertarrei idatzitako gutunean ere (Heb. 6, 10) itxaropenaren adierazgarri aurkitzen dugu aingura. Iberiari dagokionez, ainguraren lehenengo aztarna erromatarren aldia baino lehenagoko txanpon batean aurkitzen da. Euskal Herrian, aldiz, Erdi Aroaz geroztik ugari samar aurki daitezke Bizkaia eta Gipuzkoan itsasertzeko zenbait oinetxeren armarrietan: Sarria, Likona, Arteita, Lastur eta Alzola, kasu. Oria eta Leitzaran ibaiak elkartzen diren lurretan kokaturiko herria dugu Andoain, eta antzinako burdinolak direlaeta oso ezaguna da; badu herri horrek orain bertan ere ainguraren oroigarririk, karrika baten izena baita Aingurua kalea. IJEZkETA Handik laster, 1770. urtean, Simon Aragorri Irandako markes jaunak beretzat erosi zituen lur batzuk, Errenteriako burdinolatik hurbil, hain justu ere goian esan ditugun Estatuak bere asmoak burutu nahi izan zituen tokian bertan; bera, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkide zen. Jaun honek antolatu zuan Espainia osoan beste inork baino lehen burdin xaflak egiteko, fanderia edo fenderie zeritzan tramankulu bitxi bat, ijezketatren bat. Horregatik, Estatuak pribilegio batzuk eman izan zizkion, nazioarentzat onuragarri direnei gaur egun eman ohi zaizkienak bezalakoak. Lantegi honetan Oarso eta Urumea ibaietako burdinoletatik eramandako burdin pletinak eta biribilak ijezten ziren, materialak horretarako bi labe berezietan gorituz. Langiletaldea honako hauek osatzen zuten: maisu bat, 4 ofizial eta 3 errementari, eta astero 37.000 libra burdin ateratzen ziren ijetzirik. Irandako markesa zen Iragorri euskalduna, gure herriko lantegien sustatzaile handia izan zen eta, horrez gain, baita diplomatiko jatorra ere: haren ardura eta kudeaketa egokiari esker izenpetu zen Basileako bakeituna. Galdaketa prozesua eta ekoizpena

Ekoizpen zikloa

Urteko lan kanpaina euriaren araberakoa izaten zen burdinoletan eta, ondorioz, ibaietako uremariak baldintzaturikoa; horregatik, azaro aldera hasi ohi zen, eta apirila nahiz maiatz aldean amaitzen zen. Urriaren bukaera aldera olagizonek idi gizen bat, inguruetako gizenena, hiltzeko ohitura zuten, urteko lankanpaina hasi aurretik, eta gaziturik, zezinan egiten zuten beren otorduetarako. Lan aldia beti igandez hasten zuten, bazkari eder bat eginez eta otordu horretara jende askori dei egiten zieten olagizonek: herriko agintari, apaiz eta beste auzotarrei, denen artean ospakizuna gaueko hamabiak arte luzatuz. Gainerako urtezatian, berriz, gehienetan beste lan hauek egiten zituzten: zuhaitz eta txara nahiz sasiak moztea basoan, labe eta sutegietan behar zuten ikatza egiteko; meategietatik burdinkia ateratzea, urtzea eta oletara eramatea. Azkenurteetan, itsasotik gertuen zeuden burdinoletan aingurak egin ohi zituzten batez ere; eta horretarako, Somorrostrotik ekartzen zituzten mea aberatsak, itsasoz ekarri ere benakera edo txanukera izeneko ontzi berezietan, bakoitzak seiehun edo zortziehun kintaleko zama garraiatzen zuelarik.

Lonjak eta errenteriak

Itsas portuetan eta ibaiak itsasoratzen diren tokietan baziren etxe berezi batzuk, errenteria izeneko saltokiak, adibidez: Errenterian, Donostian, Orion, Zestoako Beduan, Bilboko San Anton zubiaren ondoan eta abar; batez ere, burdin eta gainerako ekoizpenak bertan pilatzeko izaten ziran, baita ikertzaileek aztertu ondoren hainbat destinoetarako ontziratzeak ere.

Langileak

Bertako langileak izenez olagizonak ziren, eta hauek izaten ziran gehienetan: - labeak zaindu eta burdina urtzeaz arduratzeko, bi urtzaile; - beste bi jotzaile edo tiratzaile, ieleak; - laguntzaile edo peoi bat, deituraz pealea, baina baita gatzemaile ere, bere esku zuelako eltzea gazitu eta zaintzea. Olajaun delakoarekin egiten zuten iele eta urtzaileek beren lanituna, gehienetan ateratako burdin kintal bakoitzeko erreal bina, larunbatetan pisatuta. Urteko lanaldiaren amaieran egiten zuten ordainketa, baina tartean ere ordaindu ohi zuten gerokoa aurreratuz.

Galdaketa prozesua

Urtzaileak bere lan berezia egiteko, meatokitik ekarritako burdinkia bereizi behar izaten zuen lehenik, labea betetzeko behar zuen tonaerdia osotu arte. Mailuz joka zatitu edo txikitu behar zituen, bakoitza sei zentimetro baino handiagoa izango ez zen moduan utziz; berehala galbahetu egiten zen, hauts, apur eta zentimetroa baino txikiagoko puskak alde batera bereizteko. Lan honetan laguntzaile izaten zuen pealea. Ondoren labea bete ohi zuen, burdin mea eta ikatza txandaka sartuz; labea piztean, berriz, haizea eman behar zion hauspoz, indartsu eman ere, sugar urdinak ateratzea lortu arte. Lehen ere esan dugunez, gasek murrizten eta aldatzen zuten burdin mea, benetan burdinki edo burdin bihurtu arte. Adierazi den bezala, Gasek murrizten zuten burdin mea edo burdin oxidoa honako egoeretatik igaroz:

lehenik, oxido magnetiko egoerara,

- ondoren, protoxido egoerara - eta, azkenik, haren metal edo burdin egoerara. Baina burdinki ez zen guztia bereizi eta, ordu pare baten ostean, ziarzulo zeritzan zuloan barrena kanporatzen zuten ziarrak edo zirelakoak. Berotasun oso handian eta murrizketa giroan, burdinak ikazkaia bereganatzen duelako, edota biak elkartzen direlako, burdina hoztu eta gogortzean zatikor edo hauskor gertatzen da. Horregatik, trebetasun eta esku bereziak behar zituen urtzaileak, kako luze baten bidez burdinkiak elkarri itsasteko eta labeko bazterrik oxidatzaileenera biltzeko: horrela lotzen zuen burdinari ikazkaia murriztea eta agoa burdintsuago bihurtzea.

Agoaren eraketa

Labea piztu eta lauzpabost ordura hasi ohi zen urtzailea, burruntzi edo suhagaren bídez, labean barrena sakabanaturik zeuden burdinki puska harroharroak bata besteari itsasten; horrela pilatu eta itsatsitako mukulu edo pila gorigoria zen agoa, ehun eta berrogeita hamar kilotik berrehunerako burdin konkorra. Bost olagizonek burdinaga eta kurrikak izeneko suhatz handiez atera, eta gabiaren ingude gainera eramaten zuten; hantxe gabiaren mailukadaz lantzen zuten, ziarrak kendu eta burdinari purutasun handiagoa emanez. Gaur egungo labe garaietan ez bezala, burdina urtu gabe lantzen zuten zeharroletan, galdaketa prozesu edo fasetik pasa gabe.

Forjaketa eta kalibreak

Gabiaren ingude gainean ipini orduko agoa, 900º eta 1.000º bitarteko berotasuna galdu baino lehen hasten zen ielea joka hura lantzen eta tiratzen, trinkotu heinean arbastatze karratu nahiz totxo tankera emanez. -Atera behar zuen burdinazatia lodia bazen, berotu aldi batez burutu ohi zuen bere lana; - baina ebaketa txikiagoko burdin profilak atera behar zituenean, totxo gorituak taiel batez mozten zituzten; eta gelditutako zatiak ondoren behar adina bider gorituz forjatzen zituen.

Emaitza: burdina gozoa eta altzairua

Egiten zituzten haga edo barrak bitarikoak izan ohi ziren: burdina gozoa edo burdina biguna batetik eta altzairu naturala bestetik, karbono proportzioa % 0,2 edo % 1eta bitartean alda zitekeelarik. Urtzaileak, - burdina gozoa ateratzeko, aipatu dugun moduko karburazioa saihestu behar zuen. - Altzairua lortzeko, berriz, karbono proportzioa gehitzen zuen, zilarrak sarriago kentzen saiatuz eta agoa ikatz goria ukituz denbora luzeagoan edukiz, sugarren alderdi oxidatzailetik aparte.

Denbora. Kontsumoa eta errendimendua

Burdingaia labean kargatzetik, forjaketan burdina profilak atera bitarteko lanaren ziklo osoa, aldakorra izaten zen zeharrolak zuen garrantziaren arabera; gehienetan bospasei orduko lana izaten zen. Tonaerdi bat burdinki eta ia beste hainbeste ikatz kontsumitzen zen. Hala, bataz beste, ehun eta berrogeita hamar kilo burdina lortzen zen.

Ekoizpena. Kalitatea manufakturarako

Zeharroletan landutako burdina kalitate oso onekoa zen erabilitako materialen purutasunagatik eta ganga fosfororik gabea izateagatik; baina baita sufrerik gabeko egurikatzetan goritzen zutelako ere. Bestalde homogeneotasun gutxikoa eta garbitasun gutxia ere izaten zen, zilarrak guztiz kentzea zailegi gertatzeaz gain, karrakaz jateko zailak ziren altzairuzati gogorrak izaten zituelako tartetan. Alderantziz, altzairu gozoa, karbono gutxikoa zenez, erraza gertatzen zen forjaketarako nahiz beroketa eta soldadura goria egiteko, aingurak bezalako pieza handietan.

Kostua

Neke Handikoak, garestiak eta errendimendu txikikoak ziren antzina burdinalanak, gure gaur egungo ikuspegiaz alderatuta. Beraz, hasierako zeharrola haietan, erregaien edo ikatzaren kontsumoa, ateratzen zuten burdinakopuruari zegokionean, % 300 eta % 500 bitartekoa izaten zen; burdina bera ere sartutako ikatzaren erdira jaitsi ohi zen pisuan. Hain zuzen ere, zepa arre harro pilak, burdinaz aberats eta burdinoletako meatzeetan eta ibaiertzetan pilatzen zituztenak berriro erabili egiten ziren, joan zen mendean aurrera ere.

Olagizona.Bizimodua


Asteko lanaldia

Olajaunak, zeharrolaren jabeak, otoitz egiten zuen bere lankideekin, ordu jakinetan Angelusa edo aingeruotoitza esanez, goizean argiezkilarekin batera, hamabietan eguerdiarekin eta arratsean berriz Amekilarekin batera. Lanaldi osoan, etengabean egiten zuten lan larunbat gaueko hamabiak arte, eta zenbaitetan baita beranduagora arte ere, labetik ateratako azken agoa behar bezala mailukatu arte. Zeharroletako lanak etenik egin gabe jarraitzen zuen, lehen esan dugunez, astelehenetik larunbat arratsera bitartean, gau eta egun. Atseden laburrak hartzen zituzten, hau da, forjaketa amaitzen zutenetik agoa berria atera arteko tartea, bi ordu eta bi ordu eta erdi bitarteko tarteak. Txandaordua iristen zenean, agoa labetik ateratzekoan, urtzaileak txistu zorrotz batez esnarazten zituan ikaztegiondoan kamainetan lo zeuden forjari biak. Gau eta egun jarraian egiten zuten lana, tartean txandaka hartuz atseden; loaldi laburretarako ezin ohe zurigozorik egon lantoki hauetan: bi koltxoi kaskar ongi belztuak, artatxurikinez betetako bi lastaira, eta tapaki edo estalgarri ziztrin batzuk.

Otordua

Eguneko janaria beren kontura izaten zuten. Eguneko hiru erreal izan ohi zen peailearen soldata eta olajaunaren kontura otordu guztiak. Bi otordu edo janaldi egiten zituzten egunean, goizeko zortzietan lehenengoa eta arratsaldeko zazpiak aldera bigarrena. Eguneroko janaria burdinolan bertan prestaturiko babak eta idizezina izaten zen. Ogia, berriz, olagizonen etxeetan erretzen zen asteroko txandatan: anegaerdia izan ohi zen asteko kopurua. Eguerdiko janaria, bazkari ordez, ardoa eta ogia izaten ziren, bost laguneko bi litro ardo zituztelarik.

Ostatalekua

Ikatzarentzat eta burdinkiarentzat biltokiak edukitzeaz gain, olagizonen baserriak eta olajaunen edo nagusien dorretxeak izaten ziren hurbilean. Ermitatxoren bat ere askotan izaten zuten hurbilean eta hartan baliatzen ziren inguruko beste burdinolak ere.

Ezbeharren arriskua

Nekagarria eta zaila zen benetan olagizonen zeregina, iaia jasan ezina, bai labeko bero izugarriagatik, bai irtenbide kaskarra zuen ke itsugarriengatik, eta horretaz gainera, agoa gorigoria mailukatzean, sortzen ziren suzko txinparta ugari langileen gainera jauzten zirelako. Erretzeko arriskuetatik babesteko, soineko luze eta zabalak, iduriak, jantzi ohi zituzten soinean olagizonek, lepotik oinetarainokoa lihozko jantziez estalita. Burua, berriz, kapela izeneko estalki zabal eta gogorrez estaltzen zuten. Ezbairik gabe, beste edozein langintza eta lanbidetan baino arrisku handiagoa zuten eta laneko ezbehar latzagoak nozitzen zituzten. Honelako istripuak izaten ziren makurrenak: gabietan hartutako kolpeak –batzuetan hiltzerainokoak– eta mailatuak; eta ikatz piztuen nahiz burdina eta zilar gorien erredurak; herdoildutako burdina zorrotzen sastadak; biriketako gaitzak, batez ere burdin mearen murrizketan labeetan sortzen zen karbono monoxidoa arnastetik sortuak; eta bestelako ugari. Euskal atsotitz edo esaera zaharren artean bada XVI. mendekoa bat, horra zer dioen: Olatik berri onik ez.

Olagizonak kulturan

Mitoa eta elezaharra

Burdingintzarekin zerikusia duen elezahar jakingarri eta iradokitzaile bat kontatuko dugu. Elezahar honek aldi ezberdinen agerpenak biltzen ditu batean, sinbolikoki, euskaldunen Neolito Aroa eta Metal Aro arteko aldiari dagozkionak. Ulertu ahal izateko, historiaurreko euskal gizakia hartu behar dugu gogoan eta bestetik burdinari lotutako kulturari dagozkionak, esaterako olagizona. Joan Arin apaizak bidali zigun Ataundik, duela urte asko honako hau: «Jentil indartsu bat bizi zan Arastortzen, bere lagun guztieri irabazten ziena. Gizonekin ere neurtu nai zituan, ordea, bere indarrak eta bidean beera joandajoan, mutiko bat aurkitu zuan eta gizon al zan galdetu. Onek ezezkoa eman zionean, aurrera jarraitu zuan, Mekolasagasti aldera eta an aitona batekin topo; galdera bera egin zion, eta aitonak, izana zala gizon, erantzun zion. Orduan jentillak, bere indarrak gizonarekin neurtu nai zitualá eta aren billa zebilla, esan zion. Aitonak, erantzunez, joateko aurreraxeago esan zion, eta burdinola beltz batean aurkituko zituala gizonak. Burdinolako ateetara eldu zanean, olagizon bat agertu zan; jentillak, gizon al zan galdetzean, eta baiezko erantzuna artu zuanean, adierazi zion indarrak neurtu nai zituala berarekin. Olagizonak bereala esan zion, ea bere beatzez sudurretik eltzen utziko ote zion, eta sutegian gorituta zeuzkan suatz aundiak arturik, sudurra atera zion. Jentilla Aralarrera itzuli zan karraxika eta bere laguneri ala esaten zien: gizonak bi beatzez sudurretik eldu zion ordez, amar beatzez eldu izan balio, aurpegi osoa erre eta triskatuko ziola». Azkuek eta Barandiaranek ere bildu zuten elezahar hori, baina aldaketa txiki batzuez. Eta jentilak aipatzean, mitologiako gai bat baino gehiago nahasten direla, esaten du Barandiaranek, jatorri desberdinetakoak nahastu ere. Gizaki basatiak ziren, izugarrizko indarra zutenak, eta bizi, berriz, mendian, urrutiko etxeetan edo hartzulotan bizi omen ziren. Trikuharri (harrizko hilobiak) askotan egin dituzte indusketak. Aralar aldean aztertu dituzten trikuharrietan beirazko zepa beltzak aurkitu dituzte, zalantzarik gabe esateko, burdingintzako labeetako hondarrak.

Samartin mitoetan

Burdinari dagozkion ipuin eta elezaharretan, norbaiten izenik agertzen bada, hori Samartin edo San Martin dugu. Eta hau, kristau eta santu eginik ezagutzen dugunetik, zeren eta atzerago jotzen badugu, greziar eta erro matarren jentil aldira helduko gera eta, han, Marte, gerraren jainko edo burdinaren jainko aurkituko dugu, gezia eta babeskia eskuetan dituela, bere izen bereko «Marte» planetaren gorrixkaren giza irudia. Gai hau delaeta, Nicolairen Basques d’autre fois, «La Tradition au Pays Basqueen» argitaletxeak 1899.ean argitaratu zuen liburutik euskaratu dugu zati hau: Euskaldunek beren hildakoei hilarriak eskaintzen dizkiete, antzinatik datorkien ohiturari jarraituz, eta erromatarren arabera egiten dute dena. Horrela ikus dezake edonork, Galia osoan bezala, euskaldunek ere berentzat hartu dituztela Erromako jainko nagusiak. Batzuek Galiako Merkurio bereizi ohi dute, beste norbaitek euskaldunen Marzo (Mars, Martis, Marte), aldare bat DEO MARTI LEHERREN delakoari eskainia, Marzo garaile, dena zapaltzen duan Marzori, gudaren jainko porrokatzaile beldurgarriari, menperatzaile ez ezik, txikitzaile ere badenari eskaintzeraino. Toulouseko Museoan badira hogeita bat aldare bereziki «Mars leherren» delakoari eskainiak, eta horietatik hamahiru dira Ardiege auzotik eramanak. Beren idazkietan honela ageri dira: Leherren, Lehren, Leherenni, Lerenno. Esanguratsua gertatzen da, leher hori euskaraz lehertu edo zapart egitea izatea eta heren edo eren hori suge izatea. Marte eta Martin hitzen artean badago halakoxe berdintasunik Europako egungo hizkuntzekin, baina batez ere Euskara, germaniar eta latinetiko hizkuntzen artean. Gauza bera esan dezakegu mitologiak alderatuta ere: greziarren «Marte jainkoa», suaren eta burdinaren errege da batetik, eta euskaldunon «Martin errementaria» bestetik. Martin izenetik sortuak izan daitezke burdinazko tresnaizen hauek: martillo, mazo eta martinete (burdinolatan uraren eraginez erabiltzen zuten mailu handia edo gabia). Eta hitz hauek jatorriz, indoeuroparrak dira. Ipuinetako Martin hori, kristau eta santu eginik, leku edo maila gailen batean ageri da: bere ingurukoak baino jakintsuago da, buru argikoa, langile eta asmamen handikoa. Lanbide bat baino gehiago dakizkien arren, batez ere eta bereziki, errementari edo burdin arotz dugu.

Samartin heroi zibilizatzailea

Azkuek jasotako elezahar bat dugu hau, San Martinek burdina lantzen zuen asmamenaren lekuko: «San Martin errementaria zen. Behin bere arazo artean, nekearen nekez eta beroaren berozedo, minduta haserre zebilen gizona; eta, estualdi hartatik ateratzearren, bere anima Txerreni emateko gertu zegoela esan zuan. Berehala agertu zitzaion Txeren, —Hemen nauk, Martin, esanez. —Ez haut behar nik ezertarako. —Heuk dei egin didak eta hona ni hemen. —Dei egin badiat, zer egiten nuen ez nekiela egin izango diat. —Dei egin didak eta orain nirekin joan behar duk. Eta nire eskuetatik libratu nahi baduk, burdinazko tresna berri bat asmatu behar duk. —Burdinazko tresna berri bat asmatu? –ahopeka esanda– larri, lurrera begira egon zen lehenengo; gero goi aldera, laguntasuneske balego bezala. Eta gaztainadarretan akasdun orri eder luzeak ikusteak burutapen berri bat sortarazi zion garun edo burumuinetan.Gero urduriurduri hasi zen lanean. Burdin barrak sutan sartu eta ingude gainera suhatzez ekarriz, taunk eta taunk ekin zion San Martinek lanari. Lehenengo zerra orduantxe atera zen gizon baten eskuetatik.» Ipuinean esan dugun ebaketako tresna horri gaurko burdinagileek eta saltzaileek, gazteleraz bederen, hoja de sierra esan ohi diote, zerraorria esango geniokeenari. Azkuek berak «Cancionero Popular Vasco» liburu bikainean, Martin eta San Martini buruzko abestiak aipatzean, dio beste lurralde gehiagotan ere ospatu izan dutela Martin Donearen bezpera; esate baterako, Flandesen, Saxonian, Wesfalian, eta, horiez gain, judutarrek antzinatik ospatu izan dutela. San Martinen egintza harrigarri gehiago ere izendatzen ditu Barandiaranek. Errementari zenez, zerraren haginak okertzea asmatu omen zuen; burdinari galda egokia emateko, soldaketa egiterakoan buztina erabiltzea, eta gurdientzat ardatz berezi batzuk egitea, besteak beste. Historialari eta etnologo jakitun Manuel Lekuona jaunak duela urte asko argitaratu zuen «Euskalerriaren Alde» aldizkarian, Las Toberas izeneko ikerlana. Toberak, euskaldunen ezteikantuak ziren: gaztetalde batek ataritik, ezkonberriei kantu batzuk abesten zizkien ezkontzako gau berean, altzairuzko haga zapal batzuk jo eta jo, koplatartean soinu hori ateratzen zutelarik. Toberaabestiak sei bertso ditu, aspalditik datorrenez; koplariak, ordea, erantsi lezake bertso berriren bat edo beste, giroa nolakoa dan. Eta koplariaz gaiñera, toberajotzailleak izaten dira eta errepika erantzuten duan taldea. Kopla edo bertso bakoitzaren ondoren guztiak abesten duten erantzunean, San Martini dagokion aipamen bat aurkitu zuen Lekuonak bere sentikortasun eta sen handiz: «Samartin de la moja - Moja le samartin». Eta latinezko ezkontzako abestien halakoxe kutsua edo antza ere nabaritu zuen: «O Hymenaee, Hymen o Hymenaee». Doinuari dagokionez, Lekuonak oso zentzu onezko irizpide batzuk azaldu zituen, doinu arin eta bizia dela esanez, eta «gregoriano» doinuen halakoxe aire bat ere badutela esateraino. Lekuonaren lan horri zertxobait erantsiko genioke gure aldetik: «moja de Samartin» hori, moja ez, baizik eta, orri edo gaztelerazko hoja ez ote den gero. Toberahotsa eta San Martinek, burdin orria mailuka landuz, lehenengo zerra egin zueneko elezaharra elkarri lotuta sortua ez ote den, alegia. Tobera delaeta, berriz, beste hauxe erantsiko genuke: brontzeak doinu ona ateratzen zuelako erabiliko zituztela sutegietako tobera zaharrak, hauspoarentzat balio ez zutenak.

San Martín izendegian

Sei San Martin dira santuzerrendatan X. mendea baino lehenagokoak eta hauen artekoa da Tourseko Gotzaina, ziur asko Hungarian III. mendean jaioa. Baina santu horien bizitzetan ez da errementari eta burdingintzari dagokion inolako aztarnarik ageri. Tourseko Gotzain izandako San Martinenganako jaiera, berriz, nahikoa garbi dago Ipar aldetik Donejakue Bideko erromesek ekarri zutela Euskal Herrira. Gipuzkoan bertan badira santu horren izeneko berrogeiren bat eliza eta ermita. Elizetako irudi gehienak Errenazimentu garaikoak dira, XV. eta XVI. mendeetakoak; ermitetako irudiak, berriz, era askotakoak dira, batzuk besteak baino zaharragoak. Eta aldareetan beti gotzain gisa ageri da San Martinen irudia; gehienetan eliza berean izaten da beste irudiren bat, zaldi gainetik bere jantzia behartsu bati erdibitzen. Baina, ez elizetan, ez irudietan ez da inon sutegietako tresnen aztarnarik ageri, toki batean izan ezik, guretzat agerpen jatorra dena: Errezilgo (Gipuzkoa) eliz atarian, sarrera nagusian bertan, kareharri beltzezko ingude bat dago lurrean beste sinboloen artean itsatsita. Joan zen mendean eta aurrekoetan, bai, lurreko sua eraikitzean ipini ohi zuten suburdin askotan ezarri zuten Euskal Herrian San Martinen irudia, sutegietako ingude, mailu, suhatz eta beste tresnez inguraturik.

San Martin, olagizonen zaindaria

Honela, bada, Martin Santua izan da Euskal Herriko errementari eta burdin gizonen zaindari nagusia; eta oraintsu arte, azaroaren 11n, Santu horren irudia eliz biratan, burdin langileek eramaten zuten prozesioan toki bat baino gehiagotan. Gaur bertan ere zenbait burdin lantegitan jai egin izan dute Martin Donearen eguna eta, elizkizunez ez bada ere, lagunarteko otorduz ospatzen dute. Meatzaritza eta burdingintzari buruzko euskal elezaharrak laburki aipatze hau biribiltzeko, historiaurre eta etnologia gaietan hain jakintsua dugun Barandiaran jaunaren hitz batzuk gogorazi nahi genituzke, Euskal Herriari eskainiak: «...Kristautasunak gizakiarekiko eta munduarekiko duen ikuskera berria Euskal Herrira sartzean, ez zuen bertako pentsaera zaharraren muina desegin; antzinako erlijioaren agerpen guztiak ez zituen gaitzetsi eta desegin. Era zaharrak gorde egin zituen zenbaitetan, baina arnas berria sartu zien; antzinako ohitura eta ikur asko begirunez hartu zituen, Jaungoiko batekin beren gogoak elkartzeko bide eta hizkuntza egoki izan daitezkeelako.»

Igandeko atsedenari buruzko elezaharrak

Igande eta jaiegunak jai egiteari dagokionez, olagizonek horretan huts egin zuteneko aztarnarik ez dago; antzinako ohiturak eta tradizioa oso sustraituak zituztenez, begirune handiz hartzen zuten erlijioa, Euskal Herriko burdinoletako gertakariei dagozkien elezahar eta kondairatan igarri daitekeenaren arabera. Ur gutxiko erreketan edo errekastoetan zeudelako gazteleraz regacheras izenez ezagutzen ziren burdinola txikiak, XVIII. mendearen azken aldera, urtean zehar gehienetan geldirik egon behar izaten zutenez, bazuten haietako olagizonek elizaren baimena igande eta jaiegunaren egunsentira arte lan egiteko eta egun bereko ilunabarrean berriz laneratzeko, urak aprobetxa zitezen. Esanguratsua da, erlijiozko betebeharretan bi huts egite edo lege hauste baino gehiagoren aztarnarik ez egotea, eta biak ere herriko jaiak zirela eta gertatuak. Agidanean, olagizonak auzoherriren batekoak izanik, eta beren herrian jaieguna ez izanik, zenbait olagizon lanean jardun izana da gertakaria. Biak Gipuzkoako bi burdinola ezagunetan gertaturikoak dira: Mirandaolan eta Lasartekolan.

Mirandaolako miraria

Urola ibaiertzaren dagoen Mirandaolari dagokionez, honela dio garai artako idatzi batek: El origen de la celebración de la fiesta de Legazpia es de aviso divino o celestial a los ferrones de la villa; pues el 3 de mayo de 1580, fiesta de la Santa Cruz, los ferrones de la ferrería de Mirandaola, después de oír la misa preceptual, comenzaron en su trabajo antes del mediodía y, a pesar de ser fiesta, continuaron en, su labor todo el día y toda la noche siguiente, hasta el amanecer; y habiendo llegadó al término del trabajo, después de haber consumido catorce cargas de carbón, y la vena necesaria para obtener cinco quintales, que en junto ordinariamente hacen setecientas cincuenta libras de hierro, vieron con espanto, emocionados y llenos de estupor que el agoa (?), lugar u horno donde se reúne el material del producto de la fundición, no aparecía otra cosa que un pedazo de doce a trece libras de hierro en forma de Santa Cruz y a semejanza de persona, teniendo de particular en el agoa no existir ni escoria ni viscosidad como otras veces aparecía. Burdinazko erliki hori itxura latzeko gurutze bat da eta Legazpiko eliza nagusian dago, aldare batean ezarririk. Maiatzaren 3an ospatzen dituzte herriko jaiak, zaindaritzat duten Gurutze Santuaren omenez.

Lasartekolako miraria

Bigarren gertaera historiko edo antzinako elezaharra zeharrola bateko ezbehar da, hiru urtez egun berean Oria ibaiertzeko Lasartekolan gertatua. Itsasgizon ospetsuak ziren Okendotarrek beren aurrekoengandik hartua zuten burdinola eta Lasarteko Brigiden komentuaren alboan zegoen. Komentu horretako antzinako agirietan honela agertzen da kontakizuna: ... No cesó aquí la Divina Providencia en manifestar al mundo su gran Santa y que su devoción se extendiese dando a conocer en diferentes ocasiones lo que se agradaba en que se celebrase su fiesta; pues el año mil seiscientos setenta y uno, que fue el primero que vinieron las Madres fundadoras, sucedió que, empezando a trabajar en la Ferrería que el señor general tiene en esta población de Lasarte, el día ocho de octubre, en el que se celebra la fiesta de la Canonización de nuestra madre Santa Brígida, de repente se les quebró el mazo que es instrumento principal con que se labra el fierro; mas no haciendo reparo en esto, no lo atribuyeron a cosa especial, hasta que prosiguiendo en trabajar sucedió la misma desgracia en los tres años siguientes; de que admirados todos conocieron que quería darles Dios a entender, era su voluntad santísima, asistieran a la fiesta, dejando de trabajar por aquel día. Así lo hicieron el ferrón y sus oficiales los años siguientes, cuyo ejemplo siguieron los vecinos de esta Población asistiendo devotos a la fiesta de nuestra Gran Madre Santa Brígida...

Aipu literarioa

Euskal literaturan eta poesian ugari dira antzinako burdinolei buruzko aztarnak. Manuel Lekuona jaunak bidali zigun 1945. urtean olerki hau, gabia edo mailuaren hotsak inspiraturikoa. Tirikitaukitauki mailuaren hotsa... Laster ezkontzen dela gure neska motza... Lanlanlan gure neska motza, lanlanlan mailuaren hotsa. Lekuonak berak dionez, - tiriki hori hotsizena da, mazoek etengabean gabiardatzaren kontra ateratzen zuten hotsaren antzekoa, - tauki, berriz, mailuak ingudearen gainean agoa jotzen zueneko hots lehorra. - Kopla zahar hori, panderoz lagunduta abesten zuten dantzarako, burdinola ugari ziren Antzuolatik Zeanurira bitartean. Euskal atsotitz edo esaera zaharren artetik, ondoren agertuko ditugunak Garibaik eta Isastik eskuartean dugun gaiaren alorrean bildu zituztenak dira: - Balizko oleak burdinarik ez. - Kartari karta, eta burdinari dirua. - Ola olagizonentzat, eta barka barkamaisuarentzat. - Olatik berri onik ez.


Meategi eta burdinolen erakundeak

Erregeek onartu zituzten forurik gehienetan ageri dira meategi eta burdinolei buruzko zenbait arau edo erabaki. Horrela ageri da, hain zuzen ere, Euskal Herriak XIV. mendean eraturik zuela burdingintzari buruzko legedia.

Burdinolen forua

Hala, 1328. urtean Alfontso XI.a erregeak «Fuero de Ferrerías» izenekoa eman zien Oiartzun eta Urantzuko (Irun) olagizonei, ordura arteko erabilerak, ohiturak eta eskubideak onartu eta babestuz, eta lege hori benetakoa bezain mesedegarria izan zen orduko burdingintza sendotzeko. Izan ere, - eskubide eta erraztasunak ematen zituen olagizonentzat, bai burdinoletarako egurikatza lortzeko eta bai burdinola berriak eraikitzeko. - Halaber, erraztasunak meategietan lanerako behar zituzten sailak erabiltzeko. - Burdinoletako presak hazteko baimena eskaintzen zuen eta, aldi berean, urtegi berriak egiteko debekua, baldin eta burdinolen kalterako bazen. - Gipuzkoako herrietan, olagizonentzat ziren janari eta edariei eragozpenik ez jartzeko agindua ematen zuen, hau da, ez zergarik, ez beste ordaindu beharrik. - Bide eta ibaietan olagizonen segurtasunerako zaintzaileak ipintzea. - Herri barruko edozein tokitan burdinolak jasotzea zilegi zuten, peritazioan izendatutako ordaina jabeari eman ondoren. - Oiartzungo olagizon hauek aske ziren zerga guztietatik; beren ondasun, tresneria, etxe eta irabazietatik inork ez zuen ezer bahituran hartzeko eskubiderik, beren foru bereziak horretara zigortu ezean.

Burdinolako alkateak eta beste aginpideak

Horrelako kasuetan liskarrik edo eztabaidarik sortzen zenerako bazen autoritate bat: Burdinoletako Alkatea zeritzana. Foru honen arabera, - zinegotzi, aguazil, ibarjaun, aitonen seme eta agintariek behar bezala zaindu eta babestu behar zituzten olagizonak, bestela hamar mila marai (marabedi) adinako isunak jar ziezaieketen zigorrez. - Olagizonek berentzat eta beren ondorengoentzat zituzten irabazi guztiak, inolako izen txarrik gabe geldi zitezela, Gipuzkoako Foruaren arabera. Azkenik langileren bat ezbeharrez hiltzea gertatuz gero, inolako erantzukizunik ez zuten izango olagizonek beren gain.

Probintziako ordenantzak

Gipuzkoako Foru, pribilegio eta ordenantzen artean ere maiz agertzen dira burdinolen aipamenak. Adibidez, 1397. urteko Foruan 1. kapituluan burdinoletako mazolari, peoi eta beste ofizialek, burdinoletako olagizon edo jabeekin lankontratua egin, eta hauengandik aurreraturik dirua hartu ondoren, beste norbaitekin lanean hasiz gero, nahiz lanetik ihes eginez gero, ehun zigorzarta eman eta dirutan hartutako halako bi bihurtzera behar zedin. 2. kapituluan, probintziako burdinolen garrantzia eta beharraren aitorpena egiten da, hau da, gizonezko askori lana ematen dietelako, burdingintzak beharrezko duen ikazkintzan batzuei basoetan egurra egiten, meategietan besteei, eta hauspo eta hauspotzarrak labe eta sutegi horietan duten garrantzia aipatuz. Norbaitek gaitz egiteko asmoz tresna hauetakoren bat hondatu gero, heriozigorrez edo bere buruaz ordaintzeko agintzen du. 3. kapituluan dionez, burdinoletako mazolari, peoi edo ofizialei gaiztoz eta asmo txarrez norbaitek oldartu edo gogor egingo balio, zigortua izan zedila, lehenengoan, hamar mila maraiz; bigarren erasorik eginez gero, hamabost milaz, eta berriz hartaratuz gero, heriozigorrez. Eta berean, heriozigorra emango zitzaion burdinolaren bat sutzen zuenari.

Datu historiko batzuk Zeharrola edo burdinola hidraulikoak Euskal Herrian noiz sortu ziren adierazteko, arreta merezi duten datu historikoei buruzko xehetasun batzuk emango ditugu.

Tolosa

Tolosako herria fundatu zeneko lehen urteetan emandako lege berezien artean bada garrantzizko bat, Fernando VI.a erregeak 1307. urtean emana, hiribilduaren mugabarruko eta inguruetako meaguneei buruzkoa. Lege horren bidez lortutako emakidak, inola ere, Leizaran ibaiaren goi aldeko lur paleozoikoetan ziren meategiak aipatzen ditu, garai hartan Tolosako barrutiaren barruan ziren eta ia oraintsu arte ustiatu izan diren sailak.

Ataun

Jasorik den dokumentu baten bidez frogatzen da, Ataunen (Gipuzkoa), Agauntza ibaiertzean Olea izeneko burdinola bat eraikitzeko baimena eman zituen Lazkano jaunak 1428. urtean. Joan zen mendearen erdi aldera arte bazen Olea izeneko baserri zahar bat, gerora berreraiki zena, dokumentuak izendatzen duen toki berean. Zehaztasun hauek Joan Arinek 1948. urtean emanak dira. Beharbada, burdin mea Aralar aldeko inguruko mendiren batetik ekarriko zuten; hain zuzen ere, Aia auzoko jurisdikzioari zegozkion lurretatik, garai batean han aurkitzen baitziren burdingorriaren meazuloak.

Erreferentzia historikoak

GIPUZkOA

Arrasateko altzairua Garibaik dioenez, XVI. mendearen erdialdean Arrasateko altzairua, hiribildu honen barrutian zegoen Udalatik ateratakoa, Nafarroan eta mugaz bestaldean –Frantzian– saltzen zen, batez ere. Historiaren Erret Akademiak argitaraturiko Diccionario Geográfico Histórico de Españan ere esaten da bazegoela tradizio bat, Arrasateko meatzeetako altzairuz ezpatak egitekoa, eta ezpata haien tenplea zelaeta halakoxe sona bat iritsitakoak, non Errege Katolikoen alaba Katalinak bere senar Ingalaterrako Enrique VIII.ari oparitu baitzizkion batzuk. Guillermo Bowlesek zioenez, XVIII. mendean artean baziren Eskozian hauetako batzuk. Toledoko armagileen 1777. urteko txosten edo irizpen batek zioenaren arabera, beraiek lehenagotik metalezko armak, eskuareak, labanak eta beste pieza batzuk egiteko Milandik eta Alemaniatik ekarrita erabiltzen zuten altzairua baino hobea zela Arrasatekoa. Ez zaigu harritzekoa gertatuko, halako erreferentziak entzunda, Felipe II.ak El Escorial Monasteriorako burdineria guztia euskal olagizon eta forjariei eskatzeko erabakia hartu izena eta errege batzuk Flandes eta Frantziara igarotzerakoan gure herriko burdinola batzuk gogotsu eta jakinmin handiz bisitatu izena.

Felipe III.aren bisita

Austriako Ana Infanta eta Frantziako Luis XIII.a erregeren ezkontzako gertakari historikoa zelaeta, 1615eko urriaren amaieran Felipe III.ak, bere alaba eta sei mila eta bostehun laguneko segizioak, Gipuzkoa zeharkatu zuen Bidasoa aldeko mugarantz. Ibilbide honetan zihoala, hilaren 31ean bertan Arrasatetik igarotzerakoan, Erregek gure burdinola famatuetako bat bisitatzeko interesa agertu zuen. Bidaiaren kontakizunari zegokionez, idatziz jasoa da, moskete baten forja eta zulaketalan neketsua nolako iaiotasunez lantzen zuten harriduraren harriduraz begira zegoelarik, burdinolako ikuskatzaileak esan ahal izen ziola Erregeri: ...majestad, forjadas ansi e mas dificultosas tiene en solo la Provincia mas de 80.000. Itzulerakoan Erregea eta honen segizioko etalde bat Beasainen gelditu zen Iartzako burdinola arreta handiz begiratzen, mende erdi bat lehenago Valoisko Isabel erregina Felipe II.aren emaztea gelditu zen bezalaxe.

Iraetako burdinola

Iraetakoa gogora ekarriz, Gipuzkoan 1752an lanean ziharduten burdinolak idatziz ematen duen zerrenda batera joko dugu, eta haren ekoizpenei buruzko datuek agertuko digutenez, erraz konturatuko gara hemen 3.200 kintal burdin ekoizten zela, Gipuzkoako gainerako burdinetan baino kopuru askoz handiagoa. Iraetako burdinola hori, Urola ibaiaren gainean eta Zestoako hiribilduaren eskumeneko lurretan kokaturik zegoena Granada Egako dukea zela jabea eta Antonio Alozaras olagizona burua. Gaur egun, oraindik, mirets daitezke haren hondakinak, Debako herriarekin muga egiten duen zubi zaharra eta bere ermita eta olagizonen etxe saila.

Burdinola kopurua, ekoizpena eta langileak

Lopez Martínez de Isasti historialariak adierazten duenagatik, Gipuzkoan burdina besterik lantzen ez zen lantegiak, gabiak barne, 1625ean baziren 118 burdinola, urtean 120.000 kintal burdina ekoizten zutenak. Halako kantitate handi batek aukera ematen zuen, Gaztelara, Andaluziara eta Espainiako beste probintzietara nahiz Herbehereak, Frantzia, Ingalaterra, Italia eta itsasoz haraindiko lurraldeetara bidaltzeko. Burdinola hauen ustiapenean enplegatzen ziren langileak 3.500etik gora ziren, kontuan hartu gabe probintzian bertan ezin konta ahalakoak zirela forja txikiko lantegiak. Esan dezagun proportzioa handia dela garai hartan Gipuzkoako biztanleriaren zenbatekoa kontuan hartuz gero. Burdinola hauek guztiak Gipuzkoako bost ibai eta hauen ibaiadar ertzetan kokatuak zeuden. Isastik berak gure arbasoen aipamena egitean, ohartarazten digu burdinoletan edo lanbide mekanikoetan enplegatzen zirenek, beren noblezia ez zutela galtzen lanbideagatik «odolez nahiz jatorriz nobleak zirelako berauek».

BIZkAIA

Bizkaiko burdingintzari dagokionez, iraganera joango gara berriro, eta Gernikan 1440. urtean egin zituzten Batzar Nagusietan 42 kapitulu zituzten Ordenantza berezi batzuk erabaki zituztela ikusiko dugu, 1483. urtean Errege Katolikoek berretsi zituzten Jaurerriko burdinolen iraupen eta gobernu egokirako. Lope Garzia de Salazarrek, historialari bizkaitarrak, bere «Bienandanzas e Fortunas» liburuan dionez, 1443an lehorte latza izen omen zen, eta haren ondorioz, hurrengo urtean Ingalaterratik ekarri behar izen omen zituzten janariak, euskal olagizonek landutako burdinaren truke. Burdina zenbatean saltzen zuten jakiteko, liburu horretan dator aitorpen bat –gai honetan lehenengo aztarna, ziur asko– 1380an kintal bakoitzeko salneurria, laurogei marai edo marabedi zela esanez. Iparramerikako Massachussettsen 1620an meategi berriak aurkitu zituzten, eta Winthorp ingelesak burdingintzako lantegi bat eraiki zuen. Burdina landurik ateratzen hasi zenean, Ingalaterrako bere lagunei hala idatzi omen zien: «...hemengo burdin barra, Espainiakoa (Bizkaikoa) bezain ona da». Jarranton jaun idazle ingelesak ere garbiro aitortzen du, XVIII. mendean Bizkaiko burdina hobea zela Ingalaterrako Deangoa baino, nahiz eta herri horretan hasi ziren lehen aldiz burdina eta altzairua ateratzen. Bizkaian baziren 80 burdinola XVI. mendean eta, bataz beste, 68.000 kintal burdin ateratzen zituzten. Eta ugaritu egin ziren, gainera: Pedro de Medinak dionez, 1644. urtean baziren 152 burdinola, handi eta txiki, Jaurerrian barrena. Batez ere, Kadagua, Nerbioi, Zeberio, Ibaizabal eta Arratia ibaietan eta euren adarretan kokatuak. Karlos Belaustegigoitiaren burdinola izen handietako bat izen zen XVIII. mendearen amaieran; Zornotzan eraikia zen, Ibaizabal ibaiertzean; beste gauza gehiagoren artean, handitzat azpimarratzekoa da 17 oineko bertako presa. Senide diren Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko leia jator eta suspergarria adierazteko, egoki dator honako esaera zahar hau: «En Guipúzcoa Iraeta y en Vizcaya Amorebieta.» (Gipuzkoan Iraeta, Bizkaian Amorebieta).

NAFARROA

Nafarroako burdinolen aztarnarik zaharrena edo lehenengoa, 1320. urtekoa da, «Kontuetako Kameraren Artxibo Orokorra» deritzonean dagoen dokumentu batek aitortzen duenez. Jose Ramon Castro jaunak, Nafarroako Artxibo Orokorreko arduradunak Artxibo Orokorreko Katalogoa argitaratu zuen duela urte asko, agiri baliotsu ugariz hornitua; haien artetik aterea da honako aitorpen hau: Poder otorgado a Juan Pérez, señor de la ferrería de Goycain (?) y a Martín Miguel de Goizueta, por las ferrerías de Lesaca, de las Cinco Villas y de Añizlarrea, para elevar al rey ciertas súplicas en relación con su oficio 1320, julio 29. Lesaca. Nafarroako ikertzaile ospetsuak dakarren galderamarkari dagokionez, hauxe esan dezakegu: dokumentuan Goycain izenez agertzen dena Goizuetako Goizurin izan daitekeela. Argibidetzat, berriz, 1535eko dokumentu batean herri bereko burdinolen artean izendaturik aurkitzen dela, esan dezakegu.

Kontuetako Kameraren Testigantza

Ondoren, hainbat testigantza bitxiren berri emango dugu, Nafarroako Foru Aldundiko Kontuen atalean XIV. mendearen azken urteei dagozkienak; burdinolak direlaeta, aitorpen jakingarri hauek aurkitu ditugu: - Erregearenak ziren ehun eta berrogeita hamar kintal burdin hartu izanaren agiria; kintalak «26 sueldos prietos» balio zituen. - Areso, Leitza, Lerin, Anizlarrea, Lesaka eta Berako burdinoletako zergatzat 500 libra eraman zituenari, «al recibidor de las Montañas», egindako ordainagiria. - Nafarroako Karlos III.ak Luzaideko burdinolentzat emandako ordainagiria «50 libras de dono a voluntad». - Errege beraren baimenagiria honetarako: «hacer, rehacer y alzar en debido estado la ferrería de Martín Sánchiz en la villa de Saldias, la cual había sido destruida hacia dos años (1387), con la obligación de pagarle diez libras de lenta anuales»; horrez gain, meategiez baliatzeko baimena, Erregearen mendietako ikatza hartzekoa eta «la prima venta de hierro» zelaeta ordaindu behar zuten zerga lau urtez ordaindu beharrik ez izatea, horra agirian agertzen diren erraztasunak. - Karlos III.ak berak emandako baimenagiria, Lesakako Migel Ezker zelakoari eskubide emanaz, Leitzako lurretan Iberoren burdinola eraikiz ezan berriro, «con libertad de tomar minas, hacer carbón en los yermos y montes del rey, etanto cuanto a la dicha ferrería sea necesario, en la forma y manera que lo usan las otras ferrerías» eta gainera lehenengo bost urteetan zergarik ordaindu gabe.

Testigantzak Diccionario de Antigüedades de Navarran Aipatu ditugun urte horietako arazoei dagokienez (138889), Yanguas y Mirandak bere Diccionario de Antigüedades de Navarra liburuan dionez, «Tenía el rey de Navarra en 1388 veintiocho ferrerías propias, las cuales producían setecientos florines al año».

Burdinolak 1535. urtean

Historialari berak liburu horretan zehazki adierazten ditu 1535. urtean Nafarroan ziren burdinolak. Hona hemen zerrenda osoa: - Arantzan, Ibarrola eta Igereta. - Aranon, Aranola eta Aranbide. - Areson, Olaberria. - Erasunen, Asura. - Goizuetan, Alduntzingoa, Artikutzakoa, Zibolakoa, Elamakoa eta Goizuringoa - Ezkurran, Olin edo Ollin eta Zumarista; - Leitzan, Astibia, Elenua, Ibero, Irurita edo Irurizta, Rezuma edo Rekuma, Urbieta eta Urdinola. - Lesakan, Bereau, Biurrea de Suso, Biurrea de Yuso, Endara de Suso, Endara de Yuso, Endarlatsa eta Erkaztia. - Beran, Marzadia, Osinola eta Xemeola, - eta Igantzin, Berzekun edo Berrezaun de Suso eta Berezaun de Yuso. Carlos V, enperadoreak, 1535.ean itun bat egin zuen Arantza, Ezkurra, Goizueta, Leitza, Lesaka eta Berako olajaunekin ordainketaarazoa zelaeta. Urte hartan, izen ere, auzitan zebiltzan burdinola hauek fisko edo altxor publikoarekin, saca, peaje, cuartel eta alcabala izeneko zergak erregeari ordaintzera beharturik zeudelaeta, batez ere Gipuzkoara eta Frantziara atera behar zuten burdinari zegokionez. Aranoko Arranbide burdinolan etengabe txandatuz lan egiten zuten bost olagizonek; urtean hamar mila ikatzzama erretzera iristen ziren. Urumea eta Añarbe ibaiak elkartzen diren tokian zegoen, gaur egun urtegi handia dagoen lekutik hurbil.

Compendio Historialeko testigantza

Garibaik bere Compendio Historial (1701) liburuan, honela aipatzen ditu toki hauek: En el río Vrumea y en el Goizueta que passa por Arrambide y los montes de Arano, se coge muy fino oro y a veces en cantidad, especialmente en los meses de julio y agosto, hasta venir los franceses de la ciudad de Bayona a cogerlo. Duela urte batzuk uda aldean alderdi horietan zehar nenbilela, hain juxtu, ibai bion elkartzegunean, meaaztarnak ikusi nituen; ziur asko, noizbait urrehondarrak berezi eta garbitu zituzteneko ezaugarriak.

Orbaizeta

Nafarroako Blanca erreginak 1432an eman zuen baimena, Orbaizetako burdinola eraikitzeko eta bertan lanean hasteko. Guztiz zehaztu gabeko mugalurretan zegoelako, XVIII. mendearen hasieran, frantziarrek beren esku izan zuten, baina 1784an Espainiako Errege Karlos III.ak bereganatu zuen. Frantsesek suntsitu zuten 1794an, eta Napoleonen gudariek zeharo erre zuten ondoren.

Burdinola Eugitik Tolosara lekualdatzea

Eugiko burdinolaren lehenengo aztarna, 1496. urtekoa da; mugan dagoenez, auzi eta borroka asko izen ziren frantsesekin ondorengo urteetan. Cañeteko markesari saldu zioten 1535an, eta hark –erregeordea zenez– «Real Fábrica» izena erantsi zion. Orbaizetakoaren antzera honek ere auzi asko izan zituen herritarren artean, baina denetan gogorrena eta ezagunena «Aldudeko Auzia» deritzana izan zen. Azkenengo aztarna eta agiriek diotenez, Erregeak mugaz barnerago aldatzea erabaki zuen, gerra eta estrategiaauziak zirelaeta. Erabaki horren berri jakin zuenean Tolosak, 1607an eskaera berezi bat egin zion Erregeari, aldatzekotan, Tolosan eraikitzeko baimena eman ziezaiola eskatuz; herriak egokiera handiak zituelako horretarako, eta behar ziren lurrak eta eraikuntzan beharko zen zuraje guztia hutsean jarriko zituen. Baimena lortu bezain laster hasi ziren eraikuntzalanak Oria ibaiertzean eta Parrokiaren ondoan. Jarri zituzten lurrak, Elizaldean eraitsiak ziren labea eta errota egon zireneko lurrak ziren hutsean emandakoak. Tolosak eraikuntzarako dirutan jarri zuen guztia, berriz, bederatzi mila eta sei ehun dukat izan ziren. Errege Armategia 1630ean amaitu zuten eta, lanean hasi ahal izateko, Eugiko armagileak etorri ziren Tolosara beren lanabes eta tresneria harturik. Familia armagile iaio haien ondorengoak badira oraindik ere Tolosan. Gai hauek luze eta sakon aztertzen zituen idazlan bat argitaratu genuen, orain dela urte batzuk.

Hiru burdinola agirietan

Urdazubiko Salbatore monasterioko monjeek 1414an burdinola bat eraiki zuten Dantxarinean Beherekola izenekoa; eta handik laster bestea, Gainekola zeritzana. Hauek ere mugan zeudenez, liskarbide izen ziren eta behin baino gehiagotan gelditu ziren hondaturik. Toki bertsuan eraiki zuten Bakeola izenekoa, 1586. urtean; baina, oraingo hau ere, frantsesek desegin zuten 1636. urtean. Nafarroako izenik gabeko mapa bat hartuko bagenu eta bertan XVI. mendean zeuden burdinolak puntuez markatuko bagenitu, hauxe agertuko litzateke garbiro: aldi artan euskaraz mintzo zen lurraldea hartzen zutela osoosorik. Gertakari berbera aurkitzen dugu bai Gipuzkoan, bai Bizkaian; hain justu, euskal hiztunen lurretan zaudela burdinolak. Gipuzkoari dagokionez, probintzia osoan hitz egiten zen euskaraz eta denean zeuden burdinolak ere. Zalantzarik gabe, sakonki aztertu beharreko gertakari bitxia dugu hauxe. Esandakoaren harira, ondorio honetara erraz irits gaitezke: gure olagizon trebe haien kulturak garrantzi handia izen duela Euskararen iraupenerako, eta huraxe izen zela eusgarririk sendoenetako bat.

ARABA'

Baliabideak

Arabako meahaztegiek ez dute sekula Gipuzkoako eta Bizkaikoek adinako garrantzirik izan. Aramaion bazen hematite arre (limonita) edo gorrizko masa irregular bat, Anboto Haitzaren kareharrien artean. Aspaldi bertan behera utzitako meazuloak dira antzinako garaietan burdinkia ateratzen zeneko ezaugarriak. Araiako inguruetan, Aratz eta Aizkorri mendien saihetsetan ziren meak laster agortu ziren; horregatik, paraje haietan zen burdinolara, aurrerantzean, Zerain eta Mutilotik eramandako burdinkiaz hornitu behar izaten zen. Arabako ibaiak urez ongi hornituak diren arren, desnibel txikia dutenez, burdinolak sortzeko eta gartzeko eragozpen handiak zituzten.

Burdinola herriak

Gorago aipaturik dugunez, bada 1025eko agiri bat, Donemiliagako Kartularioa deritzana, eta «de ferro de Alava» Arabako burdina tituluz ageri dena. Arabako herri batzuen zerrenda ematen da bertan: Luko Arzamendi, Mendibil, Bitolaza, Ziriano, Nafarrate, Luko, Ermua, Trokoniz eta Maistu, nahiz Araia, Zuia eta Zigoitiako Ermandadetakoak. Hauek guztiek zerga nahiz opari gisa eman behar zizkioten Donemiliagako Monasterioari burdin barrak. Arduraz aztertzekoa litzake antzinako garaietan burdinak Arabako ekonomiaalorrean izan zuen garrantzia, aipaturiko botoek halako ondasunak ematen zituztela antzemanik, zeinaren antzinatasuna historialarien ustez 934. urtekoa den, Gaztela eta Arabako kondea zen Fernan Gonzalezen garaikoa.

Burdinolak

Arabako herri hauetan 1775. urtean baziren burdinolak: Araia, Maeztu, Legutio, Olaeta, Laencontrada, Abornikano, Villanañe, Laudio, Okendo, Ziorraga, Berganza, Amurrio eta Luiaondo. Burdinola hauek honako ibaiertzetan zeuden kokatuak: Ega, Zadorra, Araia, Baia eta Nerbioi, eta Kantauri aldeko eta Ebroren isurialdeko ibaiertzetan. Burdinola gehienak, Laudio, Aiala, Urkabustaiz, Legutio, Araia eta Laminoria, Asparrena eta Gaubeako Ermandadeetan ziren eta XIX. mendearen hasierako urteetan hamalau mila kintal burdin ateratzen zituzten. Pascual Madozek zehazki idatzi zuenez, Independentzia Gerraren ondoren, hogeita bost mila kintal burdina ateratzera iritsi ziren, Amurrio, Gesaltza Añana eta Aguraingo barrutietan ziren 13 edo14 burdinola handietatik. Arabakoetan ezagunena Araiakoa izen zen, bai antzinatasunean, bai gerora izan zuen eraginean. Arakil ibaiaren beso batean eraikia zen, Aratz menditik behera zetorren besoan. Burdin mineraletan oso ugaria zen inguru ura. Lehen ere esan dugun bezala, Araiako hau izen zen gerora Araban asko indartu zen burdingintza aurreratuaren sehaska.

EUSKALERRIAREN ADISKIDEEN ELkARTEA

Burdinolen aldeko bere ekarpena

L’Encyclopédieko irudiak Gure burdinola edo burdingintzako lantegiak XVIII. mendearen amaieran zernolakoak ziren ohartzeko, garai hartako irudiak eta marrazkiak ekarri ditugu hona, gehienak L’Encyclopédie irarkola sonatuan eginak dira. Antz eta kidekotasun horretara nola iritsi garen? Bascongada elkarteko bazkide aurrelariek euren kideekin zituzten harremanak zirelaeta; batez ere, teknika eta kultura alorretan, Europako entziklopediagile zenbaitekin, kimikaren eta burdingintza saileko ezagunekin bereziki. Gure iritzia sendotzeko, hona hemen beste aitorpen bat: Donostian eta Gipuzkoako itsas portuetan, Karlos III.aren Itsas Armadako ministroa zen Juan Antonio Enríquez zen eta Bascongada Elkarteko bazkideekin harreman estuak zituenak, Gipuzkoako lantegi metalurgikoei buruzko lan teknikoan, 1787. urtean Tolosako bi burdinola eta Errenteriako fanderia edo laminazioa izendatzen ditu, L’Enciclopédie ezaguneko zortzigarren liburukiko irudiak ipintzen dituelarik adierazgarri. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea izeneko elkarteak garrantzi handia izan zuen, besteak beste, meategi eta burdingintzari zegozkien gauzetan. Lehenik loaldi luzean iraun ondoren, lanerako gogo eta trebetasunaren loraldian sartu ziren garaian, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Sozietate Ekonomikoak etorkizunari begira jarri ziren, Europa mailan indarrean zetorren jakintza eta zientziaarloko mugimenduaz oharturik, betebetean XVIII. mendean, Euskal Herrirako sarrera eman nahirik.

EAEren jarduera hedatzailea

Elkarte honen jarduera hedatzailea indartsu Bergaran egindako Batzar Nagusitik aurrera abiatu zen, 1765eko otsailaren 6tik aurrera, alegia. Gasteizen egindako hirugarren Batzarraren ondoren, beste Batzarrak Markinan egin ziren 1767ko irailean eta 1768ko urtarrilean Bergaran, eta sortzaileen kemenak neurtzeko egokiak gertatu ziren. Ensayo izeneko idatzia argitaratzea erabaki zuten eta hantxe atera zuten Zuzendariaren sarrerako hitzaldia, Lehen Batzar Nagusian 1765.eko otsailaren 5ean Bergaran irakurri zena. Horrez gain, beste lan bat ere argitaratu zen: Industria y Comercio. Necesidad de juntar la Industria y la Agricultura para que se disfruten de las ventajas de esta última» zeritzana. Ensayo izeneko liburua oinarritzat harturik hasi zen Elkartea meatzaritza eta burdingintza era zehatz eta jarraituan aztertzen. 1768. urtean argitaratu zuten liburu hau, eta zabaldu beharrekoa da, bere azalpenak mami handi eta sakonekoak baitira. Orduantxe hasi ziren - burdingintzari euskal probintzietan indar emateko ekintzak aztertzen, eta Aralarko burdingorrimeategiak eta Bizkaiko Arteaga eta Mañariko harrinabarren aipamenak egiten ditu. - Gipuzkoak Bergarako aiztolantegia arduraz zaintzeko hitzarmena egin eta jaso zen, eta burdinoletan erabiltzen ziren hauspoetatik –larruzkoa, zurezkoa, ala haizearka– onena zein zen azaltzen zuenarentzat sari bat eskaintzen.

Abian jarritako lanak'

Ageriko ekintzak hauek izan ziren: - Gipuzkoako burdinoletan labe eta sutegiei haizea injektatzeko erak aztertu ondoren, sistema berri bat abian jartzea, ikatz gutxiago erretzeko eta burdina hobea ateratzeko modua lortzeko; - gabien hobekuntzarako hainbat aplikazio berri; - meategiak ikertzeko eta zulatzeko zunda berriak; - elkarte honen eskumeneko zen Caracaseko Errege Konpainia Gipuzkoarraren esportazioak hazteko, burdinazko eta altzairuzko manufakturaindustria indartzea; - Eibar, Soraluze eta Tolosako armalantegietan hobekuntza teknikoak egitea; - ainguragintzari abantailak ematea Urumea eta Oria ibaiertzetako zeharroletan; - burdingintzarako ikatza gehitzearren, baso eta mendietan birlandaketak agintzea; - probarako lantegiak ipintzea, Bergarakoaren antzera; - burdin mea erre eta garbitzeko era berrien bilatzea; - labeetan elementu murriztaile gisa egurikatzaren ordez harrikatza erabiltzearen aldeko saioak egitea; - Karintia eta Estiriako olagizonekin ezagupentrukaketa egitea; - arragoan altzairua lortzeko kanpotik hartutako sistemak aplikatzea; - gure herrian burdin mea desberdinak erabiltzeko jarraibideak; - galdaketan fingailuz forjaturiko altzairuzko barren egitura hobetzea, eta - barren tenplaketa eta etendurazko saioak egitea; - Bergarako eta Arrasateko altzairua lortzeko aholkularitza zientifikoa, batez ere Toledoko armalantegira bidaltzen zenarena, baina baita Euskal Herriko burdinola guztietara zabaltzen zenarena ere, burdinazko eta altzairuzko iltze, xafla, sarraila, tresna, guraize, aizto eta gainerakoen manufakturarako. - Deigarria gertatzen dira benetan, langileen suspergarri aldian behin ematen zituzten sari baliotsuak, bestek beste, lanerako ezagupenak gehitzeko, olagizonen elkarte eta konpainietako egitasmoei ekiteko, olagizonek ofizialekin itunak egiteko, eta banaka aipatuko ditugun lantegiak zabaltzeko eta abarretako.

Batzar Nagusien txostenak

Zazpigarren Batzarra Gasteizen egin zuten 1771n eta, hurrengo urtean, Extractos de las Juntas Generales izeneko txostena argitaratu zen. Lan horretatik, mineralogia eta trebakuntzari buruzko argibideak baino ez ditugu hartuko, aldatu gabe erabilgarri irauten duten burdingintza eta Natur Zientziari buruzko azalpen orokor batzuekin: Antonio de Sanchak 1771n Madrilen argitaraturikoa, honako gai hauetaz: - burdin mea kiskaltzeaz, haizearkaz eta hauspoez; - Euskal Herriko burdinolak, gabiak eta burdinazko manufakturak zirelaeta estatistika orokor bat egiteko eskabidea; altzairugintzari buruz, Réamuren metodo araberakoa. Gasteizen Tomás de Roblesek, honako gai hauen berri emanaz, 1772an argitaratu zuena: - burdin mea sutan kaltzinatzeko moduaz edo arragoaz; - zeharrola bateko makinak eta uraz baliatzeko eraikuntzak; - Suediako burdinoletan altzairua lortzeko era berriak, Ramon Maria Munibe jaunak idatzia; - sutegiko hauspoak: zurezkoen arteko desberdintasunak; - haizearkak direlaeta zehaztasun zenbait, Tolosako Amarotz zeharrolako arduradun Frantzisko Furundarena jaunari eskatu eta haren oharren araberakoak; - altzairua, dozimasia; - Asturiasko amianto; - Azkoitia eta Urrestillako ustezko harrikatza; - zotal ikatza Urizaharran; burdinolak Euskal Herrian zenbat eta nolako burdinolak ziren jakiteko ikerketa aurrera eramateko ardura, azalpenak eta galderak. Gasteizen 1773an argitaratu zen: - berriro ere burdin mea garbitzea edo arragoa aipatzen dute; Haizearkak direlaeta, Pablo Areizagaren ikerlan bati buruzko informazioa ematen da, eta aldi berean egilearen eskumeneko zen gaiaz, sutegiari eta haren aplikazioei zegozkion aldaketei buruzkoa; - Gipuzkoan zehar zeuden hirurogei eta hamabost burdinola arrunten, hogei eta bi gabiren, eta sei altzairulantegien zerrenda zehatza, eta burdinoletako pisu eta neurriak; - burdina altzairu bihurtzeko saioen berri, lehen aipatu dugun Réaumuren aurkikuntzaren arabera; - suediar Cronstedek mineralogiari buruz idatzi zuenaren itzulpena, Erramon Maria Munibek egina, gero beste hizkuntzetara ere itzulia zena; - Alemaniako meategiak; - Coriasko Monasterioko anaia Iñigo de Buenagak idatzitako txostena, Asturiasko amiantomeategiak zirelaeta; - meategien ustiapena Gipuzkoan; - Joan Antonio Karasa Azkoitiko Larramendi iturriko metalurei buruz idatziaren laburpena. Gasteizen argitaratua da 1774koa ere eta gai hauek lantzen ditu: - Erregek bere erreinuko lantegien arduradun zuen Joan Dowling ingeniariaren txostena, burdina eta altzairua eraldatzeari buruzkoa; - gerrakomisarioa zen Gaspar Ignazio Romero altzairuari buruzko arazo beraren aztertzera bidali zutenekoa; - aipaturiko Réamurek izendatutako ikerketen laburpena; - altzairu naturalaz; - Gipuzkoako burdinoletako pisu eta neurriak; - Ensayos de Mineralogía liburuaren itzulpenean jarraitzeari buruzkoa; - Freyber-ko meategietako egitasmo multzo bati buruz; - Ignazio Antonio Zuazagoitia abokatuaren ikerketa, gatzagen onurei buruzko argibideak; - Gesalaga iturriko ur beroen alderdi onen azalpena, Azkoitiko Juan Antonio Karasa eta Donostiako Bizente Lardizabal sendagileek idatzirikoa. Gasteizen argitaratu zuten 1775ekoa ere: burdingintzaren ekonomiari eta burdinolen gobernuari buruzko gogoetak; - Dowling ingeniariaren lan, burdinari eta altzairuari buruzkoa; burdina altzairu bihurtzea delaeta, - burdina altzairu bihurtzeari dagokionean, Réamuren saioen ondoriozko lanekin aurrera jarraitzea; - burdinurtua eta burdina forjatu erdibidekoa sortzeko esperientzia bereziak; - Arrasateko altzairuaz saio berriak egitea; - altzairu naturala; - mineralogiaz eta kimikaz eta Castillejosko markes adiskideak Perutik bidalitako platinaz; - Kimikari buruzko ikastaroproiektua, Lausanneko Oth Guil Struve sendagileak eratu zuenaz; - meatzebiltzea, Cronsteden arauak jarraituz; - burdinolen eredu bat; - aiztogintza, errementaritza eta burdinurtua eta abarren ekoizpenak; Hurrengoa, 1776koa, Gasteizen bertan atera zuten: - altzairua naturalaren eta altzairu zementatuaren gorabeherei buruzkoa; - burdinoletako pisu eta neurriak; Gipuzkoan zeharreko 94 burdinolen zerrenda eta beraietako lanbide emankorrak; - Urnietako Migel Antonio Iriarte Belhandiak aurkeztu zuen txostena, burdina urgarri gisa kuartzoa erabiltzea delaeta; - burdinoletan koke ikatzaren erabileraz, Joan Franzisko Gilisagasti Aiako apaiza eta burdingintzari burukoetan eskarmentu handiko gizonak bidalitako txostena; Tolosako Aldabako mendian aurkitutako harrikristalari buruzko albistea; - manufakturazko botoi, aizto eta burdin hariak direlaeta, Arte de reducir el hierro en alambre Duhamel de Monceauk idatzitako liburuaren itzulpena. Arabako hiriburuan atera zuten 1777koa ere, gai hauetan oinarriturik: - Mígel Antonio Iriarte Belhandiak erabiltzen zituen urgarrien xehetasunak; - Antonio Intxaurregiren meatzaritzaz, eta berunaren eta harrikatzaren laginak; - manufakturazko metalezko botoigintzari buruzko txostenak. Berriz ere Gasteizera jo zuten 1778. urtekoa argitara emateko: - meak hobetzeko trebetasun bereziak; bazkidea zen Grignonen lanaren laburpena, aldi berean, Parisko «Reales Academias de Ciencias y de Inscripciones» delakoan ere bazkide zenarena; - artilleriako kanoigintza; - altzairua urtzeko trebetasuna, Jardsen «Viajes Metalúrgicos» liburuaren arabera; Hernaniko Fagollaga burdinolako arduraduna zen Jose Antonio Zabalak bidalitako gogorapenak; mineralogiako adituen erakutsietatik hartutako oharrak, kuartzoari buruz; - ezagupen praktikoak ikatzari dagokionean, Morand Sendagileak idatzirikoak; - Juan Jose Aldamak, Alemaniara bidaiatu eta aztertu ondoren, Okendon egin zuen sutegihauspo berezi baten azalpena; - kuartzoari buruz mintzatzen ziren liburuen zerrenda. Arabako hiriburura jo zuten 1779. urtekoa argitaratzera ere: - Alegiako labe batean lortutako altzairu zementatua; Arabako hemezortzi burdinolak, haien ekoizpenak eta proportzioak, Gipuzkoakoen antzera azterturik; - mineralogiaz, lurreko ikatzaz; - kareari buruzko eragozpen fisikoak; - meatzaritza eta mineralogiaz atzerrian ikasketak egiteko dirulaguntzak; - Freybergeko meatzeeskola; - Proust irakasleak kimikaikasketari lotu edo erantsi nahi zizkion printzipioak, Bergarako Seminarioan. 1780. urteakoa, Gasteizen argitaraturiko: - Antzuolako espatoari buruzko azterketa, Proutsek egina; eta kobaltoari buruzkoa, Gistanek idatzia; - urre fulminantea eta zilar bizia erabiltzeko erak, Domingo Rusi bazkideak, erregeordearen sendagile eta Mexikoko artzapezpikua zenak idatzia. Gasteizen argitaratu zuten 1781ekoa eta hona hemen haren edukia: - Arrasateko olagizonen Araudia, Don Juan Erregeak Medina del Campon 1473ko uztailaren 22an onartua; hurrena, Markinako olagizonei zegozkien arau batzuk, Errege horrek berak 1474ko uztailaren 4an Segovian onartuak. - altzairu zementatua Bergarako labean. Gregorio Marcos de Robles y Revilla jaunak argitaratu zuen Gasteizen bertan 1782ko alea: - Almadengo meategietako sendagile zen Joseph Pares y Franqués bazkideak, meategi haietako gaitzak aztertu, eta Domingo Rusik egindako idatziaren aurkako erantzuna argituz egindako txostena; - Francisco Chavaneau jaunak, Antonio Munibe eta Xabier Egiarekin batera burutu zuen azterketa, 1774an Zestoan aurkitu zituzten ur bereziei buruz egina; - urte bereko Batzarretan Fausto Elhuyarrek aurkeztu zuen txostena, burdinazko xaflak eta latorriak lortzeari buruz idatzia, Breitembrunnen (Saxonia) egiten zutenaren arabera. 1783koa ere Gasteizen argitaratua, garrantzizko gai berriz jantzia: - Wolfran izeneko metala, kimikaazterketaren argibideekin, eta Joan Jose eta Fausto de Elhuyar anaiei halako sona eman zien metal berriaren azterketa. - Faustoren azalpenak, Somorrostroko meategien egoera adíeraziz, eta Euskal Herriko mea guztien bildumaren formalizazioa burutzeko egitasmo bat aurkeztuz. - Ignazio Zabalo Zuazolaren altzairua urtua, moldearekin. Gasteizen atera zuten hurrengoa, 1784koa, baina ez du burdingintzari buruzko txostenik. 1785ekoa, Madrilgo Antonio de Sancharen moldiztegian egin zuten. - Baigorriko meategien zuzendaria zen Chavaussiéreren frogantza; Orbaitzetako (Nafarroa) burdingorrimeategia delaeta. - Zurezko hauspoen albisteak; - zurezko hauspoak hobetzeko egin zituzten saioen zerrenda edo bilduma egunez egun, Estiriakoen antzera. Eta 1786an, berriro ere Gasteizen atera zuten, Baltasar Manteliren eskuz. - Bertan dator Chavaneuk egindako Zestoako uren azterketa; - airea berriztatzeko tresna baten aurkezpena, Manuel de Gamarrak egina. - Gesaltzako Salmuera izeneko iturrien azalpena, gatza ateratzeko erak adierazi eta etekin gehiago ateratzeko bideak aurkezten dituena. Gasteizen atera zuten 1787an, - ale horretan datoz Fausto Elhuyarrek burdina lantzeko era desberdinak azalduz egindako txostena eta burdingorrizko meategiak ekonomikoki defendatzeko modu positiboak. Gasteizen argitaratua da 1788. urtekoa: - Trino Antonio Porcel Agirre, farmaziako irakasle eta Bascongadatako bazkideak (Parisen bizi zen) egindako alderaketa bat, Somorrostro, Mutiloa eta Zeraingo burdinen arteko desberdintasunak aztertuz. Gasteizen inprimatua da 1789koa: - Jeronimo Tabern, itsasontzitako tenienteak aurkeztutako oharrak datoz, egurikatza, burdin meatzeak eta euskaldunek egindako aingurak direlaeta; lehen aipatu dugun Trino Antonio Porcelek idatzitako azalpen batzuk, Instrucción sobre el mejor modo de analizar las aguas liburuxkari buruz idatziak. Jarraian, 1790ean, Gasteizen egin zenak ez dakar ezer gure gaiari dagokionik. Gasteiztik irten zen 1791koa, eta bereziki hauxe dakar: - olagizon eta olajaunen arteko harremanak; olagizonen arteko Konpainia bat sortzeko egitasmo egokia, Jose Iturriaga irakasleak aurkeztu eta Elkarteak saritua, burdingintza aurreratzeko bidea eta lantegi berriak jasotzeko egokierak aurkeztu zituelako. Gasteiz argitaratu zen 1792koa ere: - bertan agertzen den gauzarik bereziena, euren ikerketak direlaeta, Chavaneu, Brisseau eta Manuel Bernardino Aranguren jaunek aurkeztutako txostenen aurkako idatzi anonimo bat. Eta 1793koa, sortaren azken alea, Gasteizen argitaratua: - Pedro Díaz de Valdés gotzainak egindako txosten bat dakar, apaizak beren eliztarren artean nekazaritza eta industria sustatzen ahalegintzea zein probetxugarri izango litzakeen adieraziz egina.

Akten laburpenak

Bazituzten Batzaragirien laburpenak ere, eta 1773ko Batzarretan argitaratzeko erabakia hartu zuten; eta bai argitaratu ere 1781. urtera arte, goian esandako Laburpenak aparte zirelarik. Gure gai honi dagokionez, erakunde bi izan ziren garrantzizkoak: - Metalurgiako Errege Eskola izenekoa bata, 1783.era arte autonomia osoz gobernatua, baina Elkarteko beste ikasgelekin elkartu zena, eta bestetik, - Bergarako Errege Mintegia izenekoa, 1776an Bergaran sortua.

Bergarako Errege Mintegia

Lehenaren hasiera, 1765ean izan zen, Bergarako «Errege mintegia» izenarekin. Ehun eta hogeita hamar ikasle zituen, eta bertan bizi ziren gau eta egun, eta beste laurogei egunez bakarrik; irakasletalde bikain bat. Erakunde Batzordearen esku zegoen eskolaren gobernua, hau da, bazkideen artetik aukeratuaren esku. Errege Karlos III.ak 1769an Errege Mintegia titulua eman zion, dirulaguntzarekin batera. Aldi berean, baimena ere eman zion Kimika, Mineralogia eta Metalurgia gaiak irakasteko, eta Luis Proust eta Fausto Elhuyar Irakasle bikainen esku egon zen zeregina.

Wolframa

Garai hartako gertaera jakingarriak gogoratzean, atsegin zaigu Elhuyar anaiek wolfran delakoari buruz argitaratu zuten hamahiru ataleko idazlana berriro aipatzea; jende ikasiek benetan aintzakotzat hartu zuten, eta berehala itzuli zen frantsesera, alemanera eta ingelerara. Halako jakinduria handiz egina zenez, burdingintzari zegozkion langintza guztietan egundoko aldaketa edo iraultza eragin zuen, eta aldi berean zientzia kimikoaren historian sarturik gertatu zen betirako. Horretaz idatzi zen 1962ko Munibe aldizkarian. Eta behin XX. mendetik aurrera, gorputz arrotz solido hori, gauzarik beharrezko bilakatu zen zernahitarako, adibidez: altzairu lasterra eta metal gogorrak lortzeko, gero hauek sintetizaturik, ebaketarako, deformaziorako edo kolpaketarako lanabes eta tresna gogor zorrotzak egiteko, esaterako: tornurako erremintak, hariztatzeko ardatzak, fresak, barautsak, otxabuak, zerrak, trokelak, laztabinak edo daratuluak eta antzekoak. Aldi berean, aleazioegoeran, adibidez osagai modura jokatzen du lanpara elektrikoen hariak, balbula elektronikoak, gurpilazal antiderrapanteak, kontaktoreak, soldaketarako elektrodoak, iman iraunkorrak, X izpientzako tutuak eta osagaiak erreaktoreentzat, aparatu espazialentzat nahiz, isotopo erradiaktibo moduan, ikerketa saioetan erabiltzeko. Gipuzkoako ibar berde eta ikusgarri batean zegoen Bergarako Errege Mintegia eta bertako laborategian lortu zuten lehenengo aldiz wolfram izeneko metala; gerora, ordea, burdin eta beste hainbat metalekin aleaturik munduan barrena zabaldu zen metalurgiako lantegi berrienen bidez.

Tungstenoa eta ferrowolframioa

Elhuyar anaiek ekintza gogoangarri horren bidez, Bergaran lortu zuten ez Bergman jakintsuak Suedian eta ez Scheelek gerora lortu ezin izan zutena: tungstenoa berezi eta haren berri ematea. Duela urte batzuk, Elhuyar anaiek aurkeztutako idatziaren XII. kapituluko 5. atalean aztertuz honela adierazi genuen Bernoulli jakintsuak 1870. urtean lortu zuela ferrowolframioa delakoa, eta burdingintzan adituak diren argitalpen eta testuek hari ematen badiote ere aurkikuntzaren meritua, askoz urte lehenagotik hartu ziotela aurrea Elhuyar anaiek. Gaur ere ateratzen dute ferrowolframioa hori, baina tximistlabe handietan; ala ere, Elhuyar anaiek Bergaran lortu zuteneko erreakzio kimiko bera oinarritzat hartuta. Burdina aleazio hain ezagun hori beharbeharrezkoa da altzairu bereziak lortzeko, industrian nahitaezkoak diren ebakitzaileak egiteko bereziki. Txostenaren edo idatziaren XII. atalari dagokionez, aipaturiko aldizkarian idatzi nuena dakart berriz: Bascongadako kide ospetsu ziren bi anaiok lortu zutela lehenengoz, zilarra eta tungstenoa, burdingorria eta tungstenoa elkartuz, halako aleazio berezia egitea, gaur industria elektrikoan hain beharrezkoa dena.

Platinoa

Behar bezala argitu gabe dago Fausto Elhuyar jaunari dagokiola eta ez Chavaneauri– amerikar platina delakotik platino izeneko metala ateratzeko meritua, zati batean behintzat. Lorpen hori atsegin biziz hartu zuten Horne irakaslearekin Alemanian zilarbiziaz elkarketak ikasten ari ziren ikasle lagun mordo haiek; berehala izan zituen harrera ona eta eragin handia Ameriketako meatzaritzan, eta gerora, azkenean, Euskal Herrian eta abarretan. Rouelen ikasle aurreratua zen Luis Joseph Proustek Bergarara ekarri zituen ametsak, Kimikari buruzko bere txostenak argitaratzean burutu zituen. Hezitzaile jakitun ospetsu honen «Definituriko proportzioen legea» idatzia oso gogoan hartzekoa da. Bide hezeko azterketa kimikoa ere aurkeztu zuen, Mintegiko bere katedran irakatsia; izan ere, berak aurkeztu zuen programa berezi bat, Kimikako Ikasturteari Hitzaurrea izenekoa. Francisco Chavaneauri dagokionez, fisikako lanetan azaldu zuen bere trebetasuna Frantzian; hemen, berriz, kimikako ikerketara jo zuen bereziki Errege Mintegiko laborategian. Tunborg. Mineralogia eta metalurgia gaiei zegozkien irakaskintzak, Elhuyar anhaien esku izan zirenak, gero suediar Tunborg irakasle ospetsuaren gain gertatu ziren; eta honek, Chavaneauren ikerketak jarraituz, platinozko tresna bat lortu zuen, bere garaian Stockholmeko Riksmuseum ikusgai egon zena, honako idazkun honekin: «Platino reducido a metal. Año 1788. Por Andrés Tunborg, profesor de Mineralogía y Metalurgia en Vergara, España». Harri eta zur eginik gelditu omen zen Tunborg irakaslea Bergarako laborategiak ikustean, harrigarriak eta Upsalakoak berak baino aurreratuagoak zirela aitortzeraino, eta hiriburu hura oso ospetsua zen gai horietan.

Stockenstron Aipa dezagun baita Stockenston jauna ere, Bascondako bazkidea eta Stockholmen bertan Suediako burdinoletako zuzendari orokorra zena, Bergarako bere kideekin harremanak izango zituena, zalantzarik gabe. Ignazio Zabalo Zuazolari dagokionez, bere labe berezian altzairua urtu eta irazteko era berria asmatu baitzuen. Eta hain altzairu ona ateratzen zuenez, Toledoko armalantegiak nahiago izan zuen honelakoa, Alemanian egindakoa baino. Aipatu beharrekoen artean dugu Ignazio Luzuriaga, Edinburgoko Cullen ospetsuaren ikasle trebe hura, berunari buruzko ikerketa batzuen txostena argitaratu baitzuen, Frantzia eta Ingalaterrako kimikariek gauza handitzat hartzerainokoa. Mineralogia eta Metalurgia gaietan irakasle ziren Juan Josef Elhuyar eta Juan Díaz jaunen jakinduria, beren lanak eta ikerketak benetan aintzat hartuak izan ziren Nueva Granadako meategietan. Bergarako beste jakitun batzuk ere goraipatuak izan ziren eta natur jakintzak indartzen lan asko egin zutenak. Hauek guztiek eginahal handiak egin zituzten beren jakituria eta lanen etekinak ondorengoei uzteko.

Zientzien eta Arte Erabilgarrien batzordea

Meatzaritzari eta burdingintzari zegokíon industria aurreratu eta indartzea eta Zientzia eta arte erabilgarrien batzordearen esku ipini zuen Elkarteak. Aipatu ditugun idatzietan ageri denez, Batzorde horrek eman zituen laguntza eta bultzada handiak honela laburbil genitzake: altzairua sortu eta lantzeko aurrerapenak edo bide berriak aurkitzea, batez ere burdingintza bere osoan emankorrago bihurtzeko asmoz. Hala, 1776. urtean, Gasteizen egin zuten Batzar Nagusiaren hasieran erabaki zuten: «mila errealeko sari bat ematea, ezagunak diren hauspo desberdin horietatik, larruzkoak ala zurezkoak ala haizearkak, hiruetatik zein den onena, Kalkulu eta zehaztapen geometrikoz, esperientzian oinarriturik, zehaztasun guztiz adierazten duenari». Burdingintza babesteari dagokionez, Adiskideen elkarteak laguntza handia medio lortu zuten 1768an Erregearengandik agiri bat, Portugalera burdingintzara joateko hitzemanik ziren olagizonak hemendik irtetea debekatuz; izan ere, honelakoen trebetasuna eta esku ona, garrantzi handikoak baitziren hemen bertako etekinari begira. Beste alor bat ere arduraz zaindu zuten, kastuak gutxitzea eta etekina handitzea. Horretarako, 1776ko Batzarrean, olagizon trebeenei beren kastuen berri galdetzea erabaki zuten, burdina ahalik merkeen edo gutxienik kostata ateratzeko. Hauspoak egiteko, jakina denez, 1770. urtean Grignon jaunari –«Reales Academias de Ciencias y de Inscripciones de París» hartako bazkidea zen– saritu zioten ikerkuntzan erakutsitakoarengatik saria eman zioten, baina hauspoak egiteko garaian sortu ziren zenbait eztabaida eta diferentzia, batez ere Bizkaiko Intxaurragak eta Gipuzkoako Migel Etxabek egindakoak zirelaeta. Arazoari betebetean eta ezeren beldurrik gabe heldu zioten 1784an, eta saiaketa berezi batzuk egin zituzten Markinan, Arizmendiren burdinolan, irtenbide bila; baina orduan bertan behintzat ezin izan zuten arazoa garbitu. Markinako Benito Ansotegi eta Fausto Arriaga jaunei esker onezko agurra agertu zieten, aldi luzean saio handiak eginak zituztelako, eta hori oso mesedegarri izan zelako.

Muniberen ibilbide zientifikoa

Lehenago, 1771. urtean, Ramon Maria Munibe jaunak, bere aitaren babes eta dirulaguntzaz baliaturik, ibilaldi handi bat egin zuen Europako burdin lantegirik aurreratuenak ikusi eta haietan ikasten; zenbaitetan, saiaketak eta aurrerapenak egiten ari ziren heinean ikasi zituen berri jakingarriak, gero Batzordearen bidez Euskal Herrian erabiltzen laguntzeko. Hain zuzen ere, arreta handiz zaindu zuten Adiskideen elkartekoek burdingintzari zegokíon guztia, eta batez ere laneko kastuak gutxitzea. Esan dezagun, Munibe jauna ez zela alperrik ibilia Frantzia, Belgika, Holanda, Danimarka, Suedia, Prusia, Austria eta Italian zehar: mineralogiari eta burdingintzari buruz asko ikusi eta ikasi baitzuen. Izan ere, Suedia, Saxonia, Estiria, Karintia, Lieja, Foixeko konderria eta beste gehiagotan meategirik eta burdindegirik aurreratuenak ikusi eta aztertu ondoren, gauza jakingarriak ekarri zituen, burdina altzairu nola bihurtu, esaterako; aldi berean eskutitzak, tokian tokiko gauza berezi zenbait eta beste ekarri zituen, Bascongada elkartearen Bildumategia hornitzeko egoki izan zirenak. Ez da harritzekoa, Bazkide Zenbakidun eta Elkarteko idazkari izendatu izana, 1773tik aurrera. Aurreko urtean, Cronstedek idatzitako Ensayo liburua, mineralogiari buruzkoa itzuli zen gaztelaniara suedieratik eta Adiskideak elkarteak argitaratu zuen, ondoren asko erabiltzeaz gain, gai desberdinak aztertu eta sailkatu ziren. Altzairua zuzenzuzenean edo zeharbiderik gabe lortzeko asmoak ere zor zaizkio Munibe berarí: Stockholmdik idatziz bidali zituen bere asmo eta argibideak, eta berehala hasi ziren Diego Aranguren, zaldizkoen kapitaina, eta Pedro Rubio, artilleriako koronela, Arrasaten era berriko saioak egiten era zaharrekoen ordez. Hiru urteren buruan itzuli zen bere sorterrira ibilaldian ikasketa eta ikerlan handiak egin ondoren. Harrerarik onena egin ziotela ikusteko, hor ditugu Stockholmeko «Real Academia de Ciencias» eta «Instituto Freiberg» elkarteek beren bazkide egin zuteneko agiriak. Hogei eta hiru urte zituela hil zen 1774an.

Ekarpenak


Antonio Maria Muniberen ekarpena Antonio Maria Munibe, Ramon Mariaren anaia, 1775. urtean Parisera joan zen Xabier Maria Egiarekin batera, kimikako teknikak ikastera, Elkarteak diruz lagunduta; lagun eta gidari burutsua izan zuen han Eujenio Izquierdo, Karlos III.a erregek ordainduta Frantziako hiriburura, Historia Naturala ikastera bidalia, eta berehala egin zen Bascongada elkarteko bazkide. Handik Suediara jo zuen burdingintzan ikastera; handik bidali zituen ikasketei buruzko berriak eta bere iritziak idatzita, baina ez dute argirik ikusi; aztarna hau besterik ez da agertu, hau da, 1782ko Batzarretako Txostenetan aipatzen dute Xabier Egia eta Chavaneurekin batera Batzordeko izan zela esateko, Zestoan 1774an aurkitutako ur mineralen azterketa egiterakoan; haiek egindako lanaren aitorpen bat eginez, balio handiko lana zelaeta. Burdingintzari laguntzeko sail berezi hark egin zituen programa eta ekintza ugarien bidez lortu zuten, Orozkotik honako albiste pozgarri hau, «haber obtenido resultados más económicos en el modo de arrancar en campo libre para la calcinación de venas de hierro», burdina atarian bertan garbitzeko moduan ordura artean baino emaitza merkeagoak lortu zituztela, alegia. Hala ere, atzerrietan zituzten erak ongi ikasiak zeuzkatenez, eta Euskal Herriko burdinoletako zehaztasunak jaso ondoren, Orozkon eginari ez jarraitzea erabaki zuten. Legazpiko Bengolea eta Bergarako Iparragirre lantegietan saio bereziak egin zituzten bi eratako metalak elkartzen eta «saliendo un hierro muy tenso y bueno, así también como el que se obtenía en Somorrostro», hau da, burdin sendo eta ona lortu zutela, alegia. Mota desberdineko zainak, ikatzak, toberak eta hauspoak erabiliz, eta galdatze eta forjaketa desberdinez baliatuta, zernolako aurrerapen eta onurak lortu ote zitezkean ikusteko, zentzuzko saioak egiteko erabakia hartu zuten. Benetan arrera ona izan zuen Urnietako Aranburu zeharrolako arduradunak bidalitako txostenak, galdatzea egitekoan kuartzo sartuta burdin hobea lortu zutela adierazten baitzuen. Berehala hasi ziren Hernaniko Ereñozu eta Fagollagako burdinoletan ere entseguak egiten, eta ondorio onak lortu zituzten; halaber, Markina, Arratia, Laudio, Galdakao eta Mungiakoetan, Bizkaiari zegokionez. Metal desberdinak erabiliz egin zituzten saioak, eta bi eratako onurak lortu zituzten: ikatz gutxiago erretzea eta zepa garbiagoa ateratzea.

Juan Dowlingen ikerketa

Real Sitio de San Ildefonson Meatze eta Fabriketako Altzairu eta Erreminten lantegiko zuzendaria zen JuanDowling jaunak 1774an Gasteizko Batzarretan aurkeztu zuen ikerlanak laudorioak lortu zituen, burdina altzairu bihurtzeko era berria kontzienteki frogatuz; aldi berean, jarraibide egokiak eman zituen Euskal Herrian eta penintsularen iparreko beste probintzietan lantegi bereziak egiteko, gaiak ugari zirenez, lanerako tokiak ere egokiak zirelako. Burdingintza aurreratu eta indartzeko ekinaldi hauen artean, garrantzizkoa izan zen bazkide batek Mutrikun bere trebetasunez lortu zuena ere, sutegia gai desberdinez beterik, astero lehen baino burdin gehiago ateratzea lortu baitzuen.

Fausto Elhuyarren txostenak

Baina teknika eta ekonomiari dagokienez, gaur bertan ere harrigarri gertatzen zaigu, Gasteizko Batzar Orokorra elkarteak eskatuta, Fausto Elhuyar jaunak 1783. urtean aurkeztu zuen ikerlana: Somorrostroko meategiak, ingurumeneko xehetasunak, geruzak edo meatze mailak argi eta garbi adierazi baitzituen. Aldi hartako meatzaritza eta burdingintzari buruz egindako ikerketarik funtsezkoenetako bat da. Arreta handiz aztertu zituen meategien deskribapena, orografia, geologia eta bertan zeuden lau eratako meak; bestalde, lana egiteko era atzeratua eta burutsukiago egin beharrekotzat jo zuen. Horrez gain, han ikusitako baliabideak baztertu eta era berrikoak aurkeztu zituen xehetasun guztiz hornituta. Tankera berean aztertu zituen Orbaitzetako meategiak ere Elhuyarrek eta ikerketaren txostena aurkeztu zuen. Hungariara ordezkari gisa bidali zutenean, asmakizun berri bat amalgamazio prozesu bidez bere meatik burdingorria ateratzeko; han, Hungarian bertan, onartutako asmakizunen zerrendan ezartzea lortu ondoren, Euskal Herrira bidali zituen xehetasun guztiak, hemen ere aurrerapen hartaz baliatzen hasi ahal izateko; gainera, Aralar mendiko meak izendatu zituen horretarako, bere ustez egokienak zirelako. Europan barrena zebilen bitartean, herrialde bakoitzeko burdinoletan burdina lantzeko zituzten arau eta modu berezien oharrak bidali zituen, non zer adieraziz; besteak beste, Bizkaiko langintzaren antzekoena, Hungariara iparraldean dagoen Stossekoa aurkitu zuen: bertako labea, agoa ateratzeko, mailukatzeko eta goritzeko erak eta beste zehazki izendatuz; era berean, Karintia eta Estiriako burdinoletako gauzarik berezienak ere azaldu zituen. Guretzat oso jakingarri den ondorio batera iritsi zen Elhuyar jauna bere ibilaldiaren buruan: lurralde haietako langintzak edo metodoak gure burdingintzakoak baino baxuagoak edo atzeratuagoak ziren, batez ere burdina geza edo burdina bera ateratzen, hau da, burdin barrak ateratzen.

Pablo Areizagaren ekarpena

Paulo Areizagak, 1773. urtean, eta Elhuyarrek emandako argibideez baliaturik, Somorrostroko mea eta Mutilokoa elkartuta, ondorio onak lortu zituen; eta aldi berean, «Real Academia de Ciencias de París» zelakoak aipaturiko neurrietara egindako haizearkak erabili zituen. Urte bereko Extractos edo Txostenetan ageri denez, Elhuyarrek aurkeztu zituen xehetasun hauek. (Bazkideak ugaritzeko ere egin zituen eginahalak, adibidez, olagizon guztiak elkarte batean biltzeko saioak, 1791ean Bergarako Batzar Nagusira aurkeztuz. Haren asmoa, Sozietate Anonimo bat egitea zen, zenbait lantegi bateratuz eta guztien artean hiru milioi errealeko dirutza ipiniz). Atera zezaketen irabazpidea alde batera utzita, beste hau zen egitasmoaren helburu nagusia: lanmetodoaren kastuak gutxitzea. Horretarako, bistakoa zen aurrez aterata zituztela kontuak bai ikatzari eta bai eskulanari zegozkienez. Elhuyarrek bere lanean etenik gabe jarraitu zuen: batetik, burdinolen zerrendak eta haien nagusien izenak biltzen, bestetik pisu eta neurriak alde guztietan berdin erabiltzea lortu nahirik, gogotik saiatu baitzen luzaro. Eta zalantzarik gabe ekin zion Alegian burdinola berri bat egiteari, helburu berezi honen bila: arragoko altzairua lortzeko, Jardek asmatutako metodoak eta Scheffieldeko lantegietan erabiliak berak ere saioak eginez ondorioak ikustea. Izan ere, hemendik Toledora armagintzarako bidaltzen zutena baino hobea baitzen.

Trino Antonio Porcel Agirreren ekarpena

Trino Antonio Porcel Agirre bazkideak aurkeztu zuen txostena, luzea eta agiri ugariz hornitua zen. Bergmann eta Kirwanen metodoak oinarritzat hartuta, burdinkiak ikertzeko bídeak izendatzen zituen, zehazki; baina berak asmatutako metodoaz bereizten zituen burdin meatako zink oxido eta magnesia, aldi berean Somorrostro, Mutiloa eta Zeraingo meategietan erabiltzeko erak izendatuz.

Jeronimo Tabernen ekarpena Jeronimo Tabern donostiarraren izena ere tartean ageri da, txosten jakingarria aurkeztu baitzuen, besteak beste, gerora egurikatza urritzeko arrisku handia zetorrela eta Euskal Herriko mendietan behar adina egur ez izateak, burdina garestitzea zekarrela adieraziz; gainera, ondorioz, atzerrikoen aldetik elkarren leia sortuko zela, Ameriketara bidaltzen zituzten tresnen kaltean. Arazoari egoki erantzuteko bídeak ere aurkeztu zituan, egurikatzaren ordez harrikatza erabiltzearen alderdiak azter zitzatela eskatuz; izan ere, Asturias aldean oso ugari baitzen harrikatza. Bere aldetik garbiro azaldu zuen, Bascongada elkartea arduratzen zela arazoaz, eta hala, Arabako norbait saritu zutela bere lurraldean harrikatza aurkitu zuelako; eta bazela beste aurkikuntza bat Hernanin aurkitu berria.

Simon Arragorriren ekarpena.Errenteriako fanderia

Simon Aragorri Irandako markesa dugu burdingintzari bide berriak zabaltzen ahalegindu zenetako bat eta 1769an Gipuzkoan Errenteriako fanderia eraiki zuena: lantegiaren bihotza balitz bezala, gurpil eragile bat, erreberberozko labea bi eta ijezketatrena zeritzan tramankulu berezia. Astean berrogei eta hamabost mila libra mea eraldaturik, burdina xafla bihurtzen zituen eta hogei eta hamar mila zumitz edo burdina zerrenda egiten, probintziarentzat garrantzizkoa zen kontuan hartzen bada haren gainbehera. Lehen ere esana dugun bezala, hauxe zen Espainia osoan gisa honetako lehenengo lantegia; eta lanean ipintzeko, laurogei mila peso behar izan ziren. Lantegi horren sortzaile eta jabe, Simon Aragorri izan zen, Irandako markes Nikolas Arragorry eta Joana Ohalderen semea, Endaian jaio eta urte luzez mugaz alde honetan bizi izana. Ekintzaile handia zenez, kementsu jokatu zuen, baina ez burdingintzari zegozkionetan bakarrik; bazuen bestelako arazoetarako ere joera sutsurik: honela, politikagizon trebe eta burutsua zenez ospetsuago ageri da, hari esker burutu baitzuten 1795ean Frantzia eta Espainiaren artean Basileako bakeituna.

Industriako eta Merkataritzako Batzordea

Hala, «Industria eta Merkataritzako Batzordeak burutu zituen lanak eta onurak asko izan ziren –erakundearen barruan bertan, arkitektura hidraulikoaren eta nekazaritzako gauzetan sumatu ziren arrazoiez aparte–, hona hemen aipagarrienak: - aiztogintzari eta kinkilagintza xumeari eman zioten bultzada; Bergarako lantegian lortu zuten hobekuntza handienak, Caracaseko Erret Konpainia Gipuzkoarrak haren manufakturetan aldi batez ematen zion babesa medio izan zen. - Industria txikia, eta berari zegozkion saiaketak eta langintzaren xehetasunei suspertzeko sariak ipini zituen Batzordeak. - Gasteizen burdina tresnen lantegi bat edo burdindegi bat ipintzeko eta sektore hura sustatzeko kudeaketak eta ahaleginak egin zituen. Lantzeko burdina hobea ateratzearren - eta burdina forjagarriaren hobekuntza - bertan ateratzeko lantegia jasotzeko ere asko saiatu ziren. - Azkenik, aurrerapenean laguntzeko, burdinazko botoigintza ipintzea ere lortu zuten. Hasieratik aditzera eman zutenez, Industria eta Nekazaritza biak elkartzea, oso onuragarria izan zen, baten aurrerapenak besteari mesede egiteko; bestalde, teknikaz aurreratzea hiru probintzientzat aberasgarritzat jo zuten, 1766an Gasteizko Batzar Nagusian aitortu zutenez: han azaldu zituzten, izan ere, Industria eta Merkataritza egoki aurreratzeko beharrezkoak ziren hamar funtsezko printzipio, Euskal Herri osoarentzat garrantzizkoak.

Adiskideak manufakturaren aldeko

Batzar hartan Adiskideek azaldu zutena hitzez hitz ekarri dugu hona, gaur egun ere eredugarri zaigulakoan: (Manufakturazko sorkariak ahalik gehien esportatzeko, eta ahal den landu gabeko gai gehiena ekartzeko hemen lantzeko). Aitorpen hori oinarritzat hartuta ateratzen zituzten kontuak argi eta garbi: batetik, burdina, ateratzen zuten toki berean landurik, xafla, barra, laukitxo, sarraila eta antzekoak egitearen onurak; bestetik, dirutan ere kontuak ateratzen zituzten, burdin barrak izan, ala ferra hiltzetarako eran mehetuak izan, aztertu ondoren. Azkenik, atzerritik ekarri eta hemen saltzen zituzten orratz, jostorratz, guraize, aizto eta kideko tresnak, gehiengehienak hemengo burdinez eta altzairuz eginak zirela ere garbiro adierazten zuten. Horretatik ondorioztatzen zuten esportaturiko lehengaien errendimendua inportatzen zuten manufakturari zegokionarekin alderatuz gero, berrogei eta hamar aldiz garestiago gertatzen zela. Horregatik, alde izugarri hori kontuan hartuta, kasu hori orratz bihurtutako altzairu gordinaren proportzioari zifratan aplikatuz gero,ekonomia doitzea zen egokiena manufakturazko industria metalurgiko gehitzearen bidez; hala, onartuz enean arauak eman zituzten eta beharrezko aholkuak, atzerriko tresnak Euskal Herrian egin zitezen. Irizpideak zabalagotuz, - nekazaritzan edo lurgintzan esku gehiegi ari zirela onartu zen; eta aldi berean, nekazaritza aurrerapenez hornituz gero, eskuragarria izan zitekeen industriarentzat. - Bestalde, bertako jendeak bazuela trebetasuna nahikoa zeregin hauetan, altzairuzko hainbeste tresna desberdin egiten zituztela ikusteak adierazten duenez; - horrela, Aiako Aristarrazu burdinolan Etxabe anaiek aretoerloju bat egin zutela, zuzen zebilena, eta hori beraiek arretaz eta begiratze beste merezimendurik gabe egin zutela, inolako ikasketarik gabeak baitziren. - era bertsuan, Eibar, Soraluze eta inguruetan trebeziarik handienaz lantzen zituztela armak. - Eta Euskal Herriko geografiak bera ere lagungarria zela, gaiak batetik bestera erabiltzeko, batez ere Caracaseko Erret Konpainia Gipuzkoarrak lagundurik (...).

Produktu manufakturatuak

Gure Herriko burdinolek XVIII. mendea amaitzera zihoala, hainbat metalurgi- eta errementari-etxeak hornitzen zituzten beren produktuez edo materialez, burdinazko edo altzairuzko lingote, barra, pletina eta biribil, eraldatze edo manufakturarako. Aipatutako produktu metalurgiko asko burdinoletan bertan egiten ziren, osoko fabrikazio modura, aingurekin gertatzen zen bezalaxe. Produktu manufakturatu metalurgiko hauek, besteak beste: - itsasorako aingurak eta aingura txikiak; armadarako eta armategietarako burdin mailukatuzko edo altzairu urtuzko kanoiak, balak eta esku-hagak; - arma zuri, suzko armak eta armak orokorrean; ezpatak, sableak, baionetak, iskiluak, alfanjeak, fusilak, karabinak, eskopetak, trabukoak, pistolak, kasketak, ezkutarma biribilak, halabardak, azkonak, bular babesak, besokoak, ezkutuak. - Burdinolako bertarako erremintak: mazoak, ingudeak, kateak, borrak, kurrikak edo suhatzak, mailuak eta taielak. - Eraikuntzarako osagaiak: balkoiak, burdin sareak, sarrailak, giltzak, ate burdineriak, iltzeria, bisagra, bernoak. - Nekazaritza eta meatzetarako erremintak: aizkorak, aitzurrak, palak, pikotxak eta ginbaletak; - burdinazko sukaldeko ontziteria, kazolak, eltzeak, marmitak eta beste tresneriak: - upelentzako uztaiak, orgentzako armazoi edo gurpil-hagunak, aiztoak, labanak, ferrak, erromatarren balantzak, poleak, zirgiloak, frenoak, ezproi-loreak eta hodiak.

GIPUZkOAKO BURDINOLAK

IBAIA, ENERGIA ITURRI

Gipuzkoako geografia ursare zabala osatzen duen erreka, errekasto eta ibaiez josirik dago, Lurraldea markatzen dute, harathonat batean hedatzen direlarik. Beraien energiaustiapenaren lehen arrasto idatziak XIII mendearen erdialdekoak dira, lurraldearen Historian. Energia hidraulikoaren lehen erabilera, erroten eta burdinolen izaerari loturik agertzen zaigu. Erabilera hori, erromatarren aldiaz geroztik ezaguna bazen ere, monasterioetako fraideek eman zioten, Behe Erdi Aroan zehar, Europako zibilizaziori eragin zion zabalkunde eta dibertsifikazioa. Garaiko industrian, Gipuzkoan eman zitzaion erabilerak hazkundea ekarri zuen bolategien, paperfabriken, suzko armak egiteko daratulutegien, zerrategien, ainguralekuen eta abarren hazkundea. Baina guztien gainetik, errotarena (eihera) eta burdinolarena. Aipaturiko lantegiok urjauzietatik atera behar izaten zuten energia, lanik egingo bazuten. Industria bakoitzak berea zuen zereginaren arabera, aldatuko da, bereziki, energia ateratzeko ohiko modu hori, adibiderik konplexuenak, Gipuzkoako burdingintzan aurkitzen direlarik. Gehienetan, energia ateratzeko sistema, honako hauek osatzen zuten: ibaiko urak biltzen zituen presa, presatik ataurrerainoko ubidea, urarka garaia, urjauziak, eta gurpilak eta beren espekaardatza. Burdinolen kasuan, gurpil hidraulikoek eragiten duten makinariaren osagaiak dira erortze libreko gabia eta hauspoa. Eiherari edo errotari dagokionean, gurpila eta errotarria izaten dute. Oso ugariak izan dira Gipuzkoan, era honetako instalazioak. Eihera asko dira oraindik ere lanean ari direnak. Aldiz, burdinolek burdina egiteari utzi zioten, Labe Garaiak eraiki eta bestelako energiaiturri berriak ezagutu zirenean. Gipuzkoako burdingintza, XIII. mendetik XIV. mendera bitartean, instalazio hidraulikoei loturik egon zen. Industria hark zuen garrantziaren erakusle da, zenbait idazleren datuetatik jaso dugunaren arabera, biztanleria aktiboaren %30i lana emateak zekarren Gipuzkoako ibaiertzetan lantegi mordoa aurkitzea. Aipatu aldi historikoan zehar, Gipuzkoan bertan energia hidraulikoa erabiliz burdina egin eta lantzeko 200 burdinola baino gehiago zerrenda azaltzen dira dokumentaturik.

Burdin biguna egiteko prozedura

Ugari dira burdina lantzeko era desberdinei buruz ikerketak. Eta ezagutu ere, ezagutzen dira burdinolen garaian bertan egin izandako deskribapenak, Fausto Elhuyarrek, Munibek edo Larramendik egindakoak lekuko. Beste arlo batekoa bada ere, Peru Abarka izeneko obra literarioa azpimarragarria da, beste ikuspuntu interesgarri batetik azaltzen baita burdinoletako lana. Gipuzkoako burdinoletatik, gehienek burdin biguna lantzen zuten. Hori lortu ahal izateko erabiltzen zen sistema, munduan zehar katalan era izenez ezaguturikoa zen eta honetan zetzan: murrizketa bidez, zuzenean burdin mea egurikatzarekin batera labean goritu ondoren, burdina sortzea. Zeregin horretarako, metro inguruko sutegi bat erabiltzen zen, hau da, alderantzikaturiko enbor piramidal baten tankerako sutegia zen, lantegiko zoruan erdi sarturik zegoena. Atzealdean eta sutegitik horma batez bereizita zeudelarik, bi hauspo handi aurkitzen ziren, sutegiari atzetik haizea emanez. Aurrez aurretik egositako burdin mea eta egurikatza sutegira sartzen ziren, burdinazko xafla batez bereizirik biak. Erretzen hastean, burdin xafla hori, kendu egingo zen. Gero, hauspoei eraginez, sua indartu egingo zen, harik eta burdin harria karbonoarekin batera nahasteko moduan izan arte. Urtzailea izango zen aipatu nahasketatik sortzen ziren burdin pusketak batzen eta burdinazko bola egiten zituena. Sutegiaren goialdetik egingo zuen hark bere lana, handik baitzen sutegia irekia. Azkenik, lau edo sei orduz jardun ondoren (zepak edo eskoriak kentzen, burdinazko bola edo agoa handitzen eta abar) atera egingo zuen agoa sutegitik, berau, hurrengo galdaketarako prest gelditzen zelarik. Jarraian, forjaketaren bidez, zikina kenduz trinkotuko zen burdina. Burdina jo ahala itxura emanez joango zitzaion agoari, gehienetan eta hasiera batean, behinik behin, totxo itxura ematen bazitzaiolarik.

ALtzAIRUA EGITEKO PROZEDURA

Eskuetan ditugun dokumentuek diotenez, Arrasate inguruan egiten zen altzairua edo burdina gogorra, Europako beste lurraldeetan hain arrunta zen modu bati jarraituz. Noiztik? XVIII mendetik, gutxienez. Altzairua egiteko era, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko Batzaragirietan azaltzen da. Txostena Fausto Elhuyarrek izenpetua da. Inguru haietan zegoen meazainaz baliaturik –prozesu horretan ezinbestekotzat jotzen baitzen–, burdin biguna egiteko erabiltzen ez zen sutegi batean urtzen zen burdin harria egurikatzarekin batera. Erretze honetatik burdin salda edo arrabioa lortuko zuten. Hilabete batzuetan burdin salda eginez jardungo zuten pila handi bat lortu arte. Gero, sutegia aldatuko zuten eta orduan jarraituko zioten «katalan era» hari, baina, labean handituz zihoan agoari pilatuta zeuzkaten burdin salda pusketak gehituz. Mota bakarrekoa zen, Arrasateko olagizonek altzairua egiteko erabiltzen zuten burdin harria, altzairumarra deiturikoa eta burdin saldaren totxoak egiteko baliatzen zutena. Ez dakigu zernolako labea erabiliko zuten, baina uste dugu, labe garaiaren tankerakoa izango zela, hain da handia burdin salda egiteko behar den berotasuna! Nahikoa burdinurtu lortzen zutenean, ohiko sutegia antolatzen zuten, ohiko galdaketa eginez. Burdinurtuari, urtzaileak, beronen maisutasunaren eta urtzailearen gustuaren arabera burdin salda gehituko zion, baita ziren beste hainbat materia ere, nahiz eta, askotan, prozedura horretan beharrezkoak ez izan. Gero, handitu eta sutegitik atera ondoren, uretan sartuko zen agoa, laster hoztu zedin. Aipaturiko prozedura jarraitzeko arrazoia honako hau izan daiteke: zuzenzuzeneko prozeduraren bidez burdinaren gogortasuna bere puntuan jarri ezin izatea. Arazo honen aurrean, irtenbidea, dirudienez, honako hau zatekeen: karbonoeduki handiko burdina, burdin salda alegia, karbonoeduki urriko burdinarekin nahastea, hartara, haren gogortasuna ahuldu egingo zen, harik eta forjaketaz pitzatzea saihestuz landu zedin. Beraz, burdina eta altzairua izango dira, Gipuzkoako burdinoletan egingo diren ekoizpenak. Hauek itxura batean totxoaren tankera hartuko dute, baina, gero, mehatuak izango dira, barra luze edo pletina eta abarren tankera emanez. Bai tankera batean nola bestean, saltzen ziren, Atlantiko nahiz Mediterraneo aldeko Europako lurraldeetara, baita Ameriketara ere. Baina egindakoaren kopuru bat, bertan landu eta saltzen zen, armagintza xede. Dena dela, burdinola haiek indarrean ziren garaian entzuten ziren kexuen artean zeuden, esate baterako, halako konplexutasun bat zuten burdinak manufakturatzeko lantegiak falta zirela eta beharturik gertatzen zirela kanpotik oso garesti ekartzera, ekoizpen horiek jatorriz hemengo burdinaz eginak izan arren. Azkenik, adierazi beharra dago, Fausto Elhuyarrek egindako deskribapenen eta azalpenen arabera, Euskal Herriko burdinolek indarren eta sendo irauten zutela haren garaian, labe garaietatik zetorren burdinari inolako beldurrik izan gabe.

Atzerapen teknologikoa

Burdinolek jasango zuten krisialdiak, Wolframaren aurkitzaileak kontatutako gertakizunen ondoren etorri zenak, ez zuen zerikusirik izan, antza, erbestetik zetorren burdinaren aurrean, bertakoak izan zezakeen konpetentzia edo gaitasunezarekin. Beraz, kontutan hartzekoa da, Julio Caro Barojak azalduriko hipotesia. Hark dioenez, gerrako gertaera suntsikorra izan ziren Euskal Herrian hegoaldea krisialdira eraman zuena. Gertaera suntsikor horiei Konbentzio Gerrak emango zien hasiera, Napoleonen aurkako gerrak eta Karlista Gerrateak emango zielarik segida. Gertaera horiek, negatiboki eragin zuten Hegoaldeko garapen teknologikoan. Aurreratua aurkitzen baitzen, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, Europan ezagutzen zihoazen sistema berriak esperimentatzeari emana eta burdinoletako lanak arrazionalizatzen ari zen bitartean. Ikerlanek 1794. urtera arte egiaztatuak izan ziren. Bereziki honako hauek izan ziren esperimentatu zituztenak: oholezko hauspoa, meazain nahasketak, urgarriak, burdina erretzeko erak, harrikatza destilatzea, labe garaiak, e.a. Frantziako armada Konbentzio Gerran Gipuzkoan sartu zen garaian, aditzera eman izan zenez, burdinolak bertan behera utziak omen zeuden, olagizonak ihes zebiltzalako. Halatsu gertatuko da ondorengo urteetan ere, Napoleonen armada Hegoaldean sartzean. Bien bitartean, Ingalaterran burdingintzan nahiz meatzaritzan garrantzizko aplikazio berriak egiten ziharduten, Gipuzkoako instalazioetan esperimentatu ere ezingo direnak. Azkenik, mende bukaeran, euskal ekonomia osatzen hasi aurretik, beste bide batzuetatik zihoazen bitartean emanak ziren aurrerapauso teknologiko guztiak. Bide berri haiek, labe garaiak egitera bultzatzen zuten, hain zuzen ere. Datu interesgarri gisa, esan beharra dago, Gipuzkoan egin zen mota horretako lehen enpresa, Beasaingo San Martin fundizioa, egiteko garaian, kapitala jarri zutenen lehen bazkideen artean zegoen Iartzako burdinolan arotz izandako olagizona.

GALdAtzE PROZEDURA

Olagizonak

Zenbait idazlek burdinoletako lanorduez eta langilekopuruez emandako iritziaren arabera, logikoa litzateke burdinola batean lanean lauzpabost pertsonek jarduten zutela pentsatzea: arotza edo maisua, ofizialak eta mutilak). Lanaldiak ez zuen etenik izaten, eta gaur egungo labe garaietan gertatzen den bezala, ez zen sua itzaliko, igandean izan ezik, eta hori erlijioak agintzen zuelako. Olagizonek txandakatuz egiten zituzten burdinolako lanak, jarduerak etenik izan ez zezan. Atsedena ere, txandakatuz hartuko zuten, burdinolan bertan horretarako prestaturik zegoen tokian, etxola zeritzon aterpean, hain zuzen ere. Burdinola gehienek udako hilabeteetan uzten zioten lanari, batzuetan udalak hala agintzen zielako. Garai horretan, ziur asko, bestelako lanak egingo zituzten, hala nola: konponketalanak, egurikatza egitea, burdin harria eta abar bildu, nahiz bestelako lanak.

Prozedura

Zuloetan, karobiaren antzeko labeetan eta bestelako labeetan burdina errez, ematen zitzaion hasiera galdaketaprozedurari. Gehienetan, labea piztu ondoren, sartuko zen kiskalitako eta txikitutako burdin harria. Errekina ere, etengabe sartuko zen labera, baita berehala erre ere, eta are azkarrago erretzea lortuz, hauspoek haizea botatzen hasten zirenean. Egurikatzak ematen duen berotasunaz, eta haizearen eraginez (aipaturiko sistemaren bitartez) lortuko zuten, 1.300 graduko tenperatura, zeinari esker egingo zen burdina oretsu. Era horretan sortuz zihoan agoa, burdina handitu eta bola egin ahala, galduko zituen hark zepak, eta labearen zokoan pilaturik gelditzen ziren. Eta azkenik, agoa labetik aterako zuten, 6070 kilokoa egiten zenean, hauspoa gelditu ondoren. Segidan, beroan landuko zuten agoa, gabiaz forjatzen zen, eta ingudean kentzen gelditzen zitzaizkion zikinak; agoa mailuz jotzen zuten, harik eta kalitatezko burdin lortu arte. Azken ekoizpena, totxo tankerakoa, batzuetan guriguri berotzen zen berriro, eta bigarren aldiz gabiaz jotzen zen, beste era bateko produktuak lortzearren. Hala hauspolana, nola gabiaz kolpatzea, mekanizaturik egiten ziren, energia hidraulikoari esker, hark jartzen baitzituen abian makineriaren gurpilak edo turbinak. Inguruetako erreketatik biltzen zen ura. Lehenik, presan bilduko zen. Hauek kokatzen ziren tokiak, burdinolako uharkak baino altuera handiagoa izan behar zuen. Presatik ataurreraino maldan behera eramango zen ura, ubideetatik zehar. Eta azkenik, ataurre muturrean zegoen uharkak bilduko zituen gurpilari eragingo zioten urak. Ataurretik behera ateratzen zen laukizuzen moduko uharkan sarturik baitzituen gurpilak. Burdinolaren barrutik gakoari tiratuz irekitzen zen ataurreko tapoia, honekin batera ura gurpila palen gainera erortzen zelarik. Lan horren arduradunak erabakitzen zuelarik zenbat ur eman behar zion gurpilari azkarrago edo makalago ibil zedin. Hauspoen gurpila izaten zen urek lehena hartzen zutena. Gurpila honek aurrerantz egiten zuen mugimendua, baita haren erdian sartutako ardatzek ere, eta hauek eragiten zioten labean haizea sartuko zuen hauspoari, espeka batzuek tarteko. Nahiz eta hauspoaren itxurarik eta neurririk ez dakigun arren, logikaren arabera, uste izatekoa da larruz eta zurez egina izaten zela hura: 4 metroko luzera, eta muturrean tobera bat, gehienetan burdingorrizkoa. Beste gurpilak gabiaren ardatzari eragiten zion. Gabia labe aurrean kokatu beharra zegoen lanik egingo bazuen. Horregatik, bigarren gurpil honek beste aldera egingo zuen mugimendua. Ura eman eta gurpila mugitzen hasten zenean, beronen ardatzeko mazogabiek sakatuko zioten gabioinari. Gabioinari sakatzean, gabiardatzaren beste muturrean zegoen gabiburua altxatuko zen. Puntu honetan zegoelarik burua, utzi egingo zioten mazogabiek oinari, eta orduan eroriko zen bere pisuaren pisuz, burdinatzar handi batez egindako gabiburua, ingudearen gainera. Gabiaz forjatzen zen burdin masa hari kurrika edo tenaza bidez eusten zitzaion, eta gabiaren kolpeak azkarragoak ala makalagoak izateaz langile bat arduratzen zen. Ezagutzen ditugun gabiak kontutan hartuta, honako neurri hauetaz hitz egin daiteke: Ardatzak, 5 metro eta, gabioinak, 6 metro gutxi gorabehera. Olagizonen lanosagarri zenbait ere egin beharko zituzten: inguruetako burdin harria lurpetik ateratzea edo Somorrostrokoa erostea, egurikatza egitea, olanagusiaren abereak zaintzea eta abar.

Gabi bidez mehetzea Lehen aipatu dugun prozedurari jarraituz, zeharroletan (burdinola handia) sortutako burdina, gabia zegoen tailerrera eramango zen, burdina landu eta mehetzera. Horretarako, burdina totxoak, labera sartzen zituzten. Litekeena den bezala, ordurako sutan zegoen ikatzarekin batera eta labea beroturik zegoela. Egurikatza errez, eta toberan barna labera haizea (gehienetan, haizearkak sortutako haizea) sartuz lortzen zen, burdina guriguri jartzeko moduko berotasuna. Ataurretik behera, uharkan barrena zetorren urak mugitzen zuen gurpilari esker, botatzen zuen haizearkak edo haizetronpak haizea, kanoi bat tarteko, toberara eta hemendik labera. Prozedura honetan, haizearkan zehar erortzen zen uraren bolumena kontrolatu behar izaten zen, une bakoitzean labeak behar zuen haizea ekartzeko. Burdina lantzeko moduan zegoenean, ingudean kurrikalariak mehetuko zuen trebetasunez, gabiaren kolpeez eta langile batek eramaten zuen kolpeen erritmoaren kontrolaz. Gabiaren ardatzak 6 espeka zituen eta gabi tradizionalek baino arinagoa zen. Hartara, bizkorrago eta hobeto egiten baitzituen lan burdina mehetzen eta luzatzen. Burdin barrak lortu eta hoztu ondoren, biltegian pilatuko ziren, harik eta merkatura eramaten ziren arte. Burdin barra bat pilatu ondoren, beste burdin pusketa bat aterako zen sutegitik, burdina lantzearen prozedura berriro abian jarriz.

MEAtzARItzA ETA IKAZkINtzA

Burdin harriz eta egurikatzez sarri hornitu beharra zegoen, burdinolako lanak etenik gabe lanean mantendu eta jarraitzekotan. Beraz, burdinolari estuki loturik zeuden beste bi lan mota egiten ziren. Meatzaritza eta ikazkintza ziren, hain zuzen ere.

Meatzaritza

Gauza jakina da Gipuzkoan antzinatik jarduten zela lurretik mineralak ateratzeko lanetan. Gaur eguneraino iritsi diren arrastoak direla medio, behar adina argibide ematen dute erromatarren garaian egiten zen zilarmeatzaritza ezagutzeko. Aldiz, burdingintzarekin loturik dagoen meatzaritzaren lekukotasuna garbiro, agirietan baino ez zaigu azaltzen. Burdingintzak mineralmota zehatz bat behar izaten zuen. Hain zuzen ere, ia lur gainean azaltzen ziren oxidoak. Hori delaeta, erraz egiten ziren burdin harria ateratzeko lanak, izan ere, meatzaritza osoa izarpean egiten baitzen, zulo bakanen batean egindakoa izan ezik. Gainera, geroztik, XIX. eta XX. mendeetan, Gipuzkoako meategi zahar gehienetan hainbat eta hainbat meategietan egindako lanen ondorioz, ez da lehengo meatzaritzalanen arrastorik gelditu. Izan ere, lehen ibilitako meategietan egiten ziren meatzaritza berriaren lanak, eta berauek burdin harriaren zainetara jo asmoz, zenbat eta gehiago zulatu eta harrotu lurra, are eta arrasto gutxiago gelditu da, lehengo meatzaritzarenik. Aldiz, agiriek, ugariak ez izan arren, informazio interesgarriak eskaintzen dituzte. Hasteko, deigarri gertatzen da, Gipuzkoako burdinoletan erabilitako burdin harriaren jatorria. Bi esparrutatik baino ez baitzen ekartzen burdin harria: Bizkaiko Somorrostro aldetik eta Gipuzkoako muga administratiboaren aldetik. Hori delaeta, 1559ko azaroaren 24ean, Arrasaten egindako Batzar Nagusiak onartutako ordenantzek honako hau ezarri zuten: burdina egin zen tokiaren ezaugarri geografikoaren eta erabilitako meazainaren arabera markatzea burdinak. Horren ondorioz, Errege Probisioak honako talde hauek ezarriko zituen: 1. Mendaro, Elgoibar, Eibar, Arroa eta Lastur herrietako burdinolek osaturikoa. Talde horretako burdinari izen berezi bat eman zitzaion. Burdin hori Muskiz (Muskiz: Somorrostro) aldeko burdin harriaz egina zen. 2. Zestoa, Azpeitia eta Azkoitiko burdinoletan ere Muskizko burdin harriaz egiten zuten burdina. 3. Aia, Zarautz, Hurdaiaga, Azisulondo eta Asteasu burdinolena. Bertako meazainetik ateratako burdin harriaz egina zen burdina. 4. Oiartzungo burdinola batzuek Muskizko burdin harriaz egiten zuten burdina, eta beste batzuek bertakoaz soilik, edo bertakoa Somorrostrokoarekin nahastuz. 5. Hondarribiko burdinola gehienetan bertako burdin harriaz lan egiten zen, Leizaran (Oilokiegitik Plazaolara), Ordiziako, Segurako, Zegamako, Lazkao eta Legazpiko bailaretako burdinoletan bezalatsu. Aldiz, Leizaran ibarreko gainontzeko burdinolak, Urumeakoak, Lasartekoak, Azelaingoak, Agarizkoak eta Urrilindokoak, Somorrostroko meazainetik ateratako burdin harriaz hornitzen ziren. Bistan denez, Bizkaiko burdin harria erabiltzen zuten burdinola gehienek, baina batez ere, garraiobide garrantzitsuak dituzten eskualdeetan kokaturik daudenek. Somorrostroko burdin harriaz hornitze horrek, luze iraun zuen Gipuzkoako burdingintzaren historian zehar, XVII. mendeko epe labur batean izan ezik. Epe labur horretan, debekatu egin baitzen burdin harria esportatzea. Horrez gain, denboraren ardatzean, aurreko zerrendan aipatu ez diren zenbat burdinola ere Somorrostroko burdin harriaz baliatuko ziren, ziur asko. Ezbairik gabe, Bizkaiko meazainaren jatortasunari esker, lortzen baitzen burdin hobea eta preziatuagoa. Eta horregatik, eskatu ere, etengabe eskatzen zen hango burdin harria. Logikoa denez, Bizkaiko burdin harriaren garraioa itsasoz egingo zen, Gipuzkoako portuetaraino, eta, haietatik ibaian gora eginez, ibaiertzetan kokaturik zeuden burdinoletara eramango. Aldiz, ibaiertzetatik urrun zeudenetara, gurdiz edo beste garraiomota bidez. Behin burdin harria burdinolara eramanda, erre egingo zen, labean galdatu aurretik. Barnealdeko burdinolek eta Bizkaikoarekin trukatzeko urrun aurkitzen zirenek, inguruko meategietatik ateratzen zuten burdin harria. Hauen artean, azpimarratzekoak dira, Udala, Zerain, Mutiloa, Legazpi eta Aiako Haitzetako meategiak. Azkenengo honetatik hornitzen ziren, hain zuzen ere, Hondarribiko burdinola gehienak, baita Oiartzun nahiz Nafarroako batzuek ere. Baina itsasotiko meazain izenekoaz ere hornitzen zirenez, baliteke bertakoa harekin nahasturik erabiltzea.

IKAZkINtzA

Gure mendietan egin izan den ikazkintza joan den mendera arte ezagutu izan da, eta asko izan dira, gai honen buruz egin izan diren txosten etnografikoak eta dokumentalak. Luzemetraiak ere egin izan dira, adibidez; Montxo Armendarizen Tasio izeneko filma, nafar ikazkina zen Tasioren bizitzari buruzkoa. Burdinolak ziren egurikatzik gehiena erabiltzen zutenak, orduan ez baitzuten bestelako ikatzik erabiltzen. Egurikatzak ematen zuen berotasunari esker, eta garai hartan bestelako ikatzarekin burdinoletan lan egitea ezinezkoa zelako, egurikatza erruz egiten zen mendietan. Ziur asko, olagizonek beraiek egingo zuten egurikatza, herriaren basosailetan ikatza egiteko eskubidea enkantean erosi ondoren. Baina litekeena da, beste batzuek izatea txondorra egiteaz arduratzen zirenak, bai olagizonek txondorgileei agindu eta ordaintzen zietelako, edo txondorgileek, inork agindu gabe, ikatza edonori saltzen zutelako. Burdina baino 3 edo 3,5 bider ikatz gehiago sartu behar zen labean. Hortik suposa daitekeelarik zenbat jende ibiliko zen zuhaitzak botatzen basoan. Eta asko izan ziren eraitsitako zuhaitzak. Hori delaeta, XVII. mendean aditzera eman zenez, zenbait burdinola jarduera bertan behera utzi beharrean gertatu zen, eta jakin badakigu, beste batzuek Nafarroara jotzen zutela behar zuten ikatza erostera. Mendiak berriro birlandatzeko asmoz aurrera eramandako egitasmoak, hala nola, ikazkintza lanari, zuhaitz botatzeari eta abarrei mugak jartzeak, basoa ugaritzea ekarri zuten. Hala, bada, Pirinioetako Gerran, Gipuzkoa hartu ondoren, lurralde hau aztertzeko asmotan bidalia izan zen Mouton jaunak adierazi zuenari kasu eginez, esan beharra dago, ordurako, burdinoletarako behar zen ikazkintzaren egoera maila onean zegoela, basoak indartzearekin batera. Ingelesek, antzeko egoera baten aurrean (mendi guztiak soilduak baitzituzten), harrikatza erabiltzen hasi ziren, harrikatza destilatuak laberako balio zuela ikasi zutenean. Horren ondorioz, koka, hau da, harrikatza destilatzean lortutakoa, nagusi agertu zen burdingintza modernoan, XVII. mendeaz geroztik. Aldi berean, kokaren erabilerak lurrinmakina bezalako indar eragile berriak esperimentatzea ekarri zuen, denok dakigu ondorioekin.


IRAUN DUTEN BURDINOLEN AZTARnak

Lehen esan dugun bezala, ugari dira Gipuzkoan aurki daitezkeen burdinolen aztarnak. Olazahar edo Iartzako burdinolen kasuak kenduta, aztarna gehienak XVI. mendeaz geroztikoak dira. Aztarnek adierazten dutenez, egitura handiko eraikuntzak ziren burdinolak, eta bakoitzak zuen zereginaren arabera –burdina nahiz altzairua galdatzera ala mehetzera–, berezitu ziren eraikuntza haiek. Teknika mailan aurrera pausoak eman ahala, berezituriko tailerren eraikuntzak gehituz joan ziren. Hala, bada, XVI mendearen erdialdera, gabia sartu zen, burdina mehetzeko lanak errazteko aurrerapena. Haizearka edo tronpa hidraulikoa sortu zen XVIII mendean, hauspoa ordezkatuz labeari haize emateko zereginean. Burdinolek dirauten bitartean, gabi eta haizearkaren aurrerapenak aurkitu ziren, burdina mehetzeko zeregina zuten eraikuntzekin batera. Aldiz, burdina galdatzea zeregin zutenek, lan egiteko era zaharrean jarraitu zuten. Bilakaera horrek, burdinola bi taldeetan banatzea ekarri zuen: - Zeharrolak (burdinola nagusiak) - Agorrolak (burdinola txikiak) XVII. mendeaz geroztik, haizearka sartzearekin batera, burdinola mistoak ezarriko ziren. Haietan burdina galdatzea eta burdina mehetzea bi lantegi desberdinetako lana izango zen, baina bi lantegiak azpiegitura hidrauliko beraz horniturik. Zeharrola eta agorrola izenez ezagutzen ziren biak. Hara nola lantzen zen burdina edo altzairua (totxoak eginez ala burdina mehatuz), hala izango zen, funtsean, lantegiak, lanarekiko zuen antolamendua. Dena dela, burdina lantzeko eredua partekatzen zuten lantegiak izan arren, bakoitzak bere antolamendu berezia zuen ura ekartzeko elementuetan. Ura ekartzeko antolamendu horrek, bazuen zerikusirik bai urhorniketa egiteko hautatutako tokiak ura hartzeko tokiarekin, bai burdinolako lanak bereak zituen beharrekin.

Agorregiko burdinola, Aian Agorregiko burdinolaren berezitasuna ataurre bikoitza izatean datza. Bata bestearen segidan kokaturik zituen, Agorregiko errekastoek zekarten ur apur hura ahalik eta ondoen baliatzeko. Agorregiko burdinola Aia herriko lursailetan kokaturik dago, hain justu, herritik iparekialdera jo, eta, kilometro batera, Manterolako errekastoaren ondoan, Gipuzkoako Foru Aldundiak duen Laurgaingo lursailetan. Burdinolara iristeko lehenik Aiarako bidea hartu behar da, segidan Manterola baserriko bideari jarraituz. Errekan gora abiatu eta kilometro batera daude burdinola eta errotak. Azken hiru urteotan, lan handiak egin dira, konplexu hidraulikoa berriztatu eta martxan jartzearren. Aipaturiko lan horiek, jabea den erakundearen eskutik egin dira.

Burdinolara ura eramateko, hiru errekastotatik datozen urak bost tokitan hartuko dira, beste hainbeste ubide erabiliz. Giltzarriturri eta Mateosui errekastoek, presa txiki bana dute, bakoitzak bere ubidearekin, zeina bertako tuparria aitzurtuz eginak. Bi ubideek bat egiten dute burdinolaren inguruan, goiko ataurrerantz doazela. Urbilketa erraz egiten da erreketan. Horretarako, traba txiki bat jartzen da, trabeska, errekan, ura errekaren saihetsetik ateratzen den ubidera joan dadin. Ubideatarian atea jarriko da, ura behar den heinean hartu izateko. Mendiko Erreka errekastotik ere, era berdinean hartzen da ura. Bertatik ateratzen den ubideak, Giltzarriturri errekastoan kokaturik dagoen urtegira eramaten ditu urak. Lau metroko garaiera duen presak sortuko du urtegia. Presa hori, horma zuzen bat da, eta errekastoaren ezpondaren kontra ezarria dago. Presak gainezkabide bat du behe aldean. Txinbo bat ere badu burdinolaraino doan ubidera ura eramateko, hain zuzen ere. Mateosui errekastoan ere, presa baten bidez bildu ondoren, ubidean zehar etorriko dira hango urak. Hemengo ubidea ere, Giltzarriturritik datorrenaren altueran etorriko da eta burdinolaren beheko ataurreraino joango.

Agorregiko burdinola hidraulikoak osagai hauek ditu: presak eta ubideak, 2 ataurre, lantegi bat eta ikaztegia. Giltzarriturri, Mateosui eta Mendiko Erreka izeneko errekastoetan barna datozen urak, presa bidez bildu, eta burdinolaraino eramango dira hainbat ubideetatik. Eurite garaian, presak urez gainezka egiten zuen. Horregatik, eta delako presa horiek ez hondatzearren, burdin grapaz sendoturiko harlanduz egingo zen presaren gaina. Errekastorik gehienek bina presa izaten zituzten. Goieneko errekek zuten uremaria desbideratu eta goiko ataurrerantz bidaltzen zuten, ubideetan zehar. Goiko presa eta ubideetatik ihes egindako urak biltzen zituzten beheko presek. Presa hauek izango dira, hain zuzen ere, beheko ataurre edo gabiaren ataurrea urez hornituko dutenak. Gurpila palak jotzeraino uharka bakoitzean bildurik zegoen ura txinboan barna abiatzean, ematen zitzaion hasiera burdingintzalanari. Agorregiko burdinolan gurpila hidrauliko bi ezarri ziren. Villarrealek esaten digunaz gain, logika osoz pentsa dezakegu gurpilaren palak zapalak zirela, gaurdaino iraun duten beste gurpila batzuek ere tankera horretakoak baitira. Egurikatza eta burdin harria aldez aurretik prestaturik egoten ziren. Burdin harriaren kasuan, meazaina bera, errea, txikitua eta bahetua egongo zen prest. Egurikatza eta burdin harria behar bezala sartu ondoren, piztuko zen labea. Une horretan, irekiko zen goiko ataurreko txinboa, urak gurpilaren palak jo zitzan (mugimendu hori burdinola barrutik egiten zen, kakoa eta zuraga zuen tramankulua medio). Urak, zuzenzuzenean gurpila palak jo zitzan, urarkan zehar etortzen zen ataurretik behera, gurpilaren pala horiek jotzeraino. Urarka hori, sarritan, zurezkoa izaten zen. Tankera edo mota honetakoa izan behar zuen Agorregikoak ere. Izan ere, ez baitugu aurkitu izan, iritziz aldatzera eraman gaituen aztarnarik. Goiko ataurrepean kokatzen zen hauspoari eragiten zion gurpila. Gurpilak hauspoaren ehunardatzari eragiten zion. Baina ehunardatzaren mugimendua, goitik beherako mugimendu bihurtu beharra zeukan «pujoi makur» izeneko tramankuluak, hauspoak gora eta egingo bazuen lana. Espeka modura diseinaturiko mekanika zuen eta tailerreko zoruraino igortzen zuen mugimendua. Era horretan hasten zen hauspoaren mugimendua gora eta behera, eta horrekin batera sartzen zen haizea labean. Goiko ataurrean bildutako urak, gurpilaren palak jo eta gurpila martxan jarri ondoren, beheko ataurreko bidea hartzen zuen, eta han, beheko ataurrean, erreka beheko presatik zetozen urekin bat egiten. Beheko ataurreko urjauziak gabiaren gurpilari eragingo zion. Baina, aurrez, egin berria zen errota ere martxan jarriko zuen ur hark. Gabiaren gurpila abian jartzeko, goiko ataurrearen kasuari jarraiki, olagizonek ura emango zuten, eta beheko gurpilak biraka jardun ahala, ehunardatz nagusiari eragiten zion. Ehunardatzak helarazten zuen indarraren indarrez, mazogabiek gora altxatuko zuten gabiburua, gabioinari sakatuz. Eta gabiburua goian zegoenean, utzi egingo zioten gabioinari. Orduan, han eroriko zen burua ingudearen gainera, pisuaren pisuz. Mirandaolako burdinolan ikus daiteke nola ibiltzen den gabia aipaturiko sistemaren bitartez. Ur hark berak, azken gurpila horri eragin zionak abian jartzen zituen errekan behera zeuden errota batzuk ere, burdinolatik atera ondoren. Geroztik, errota berria burdinola ondoan egitean, zuzenean baliatzen da beheko ataurreko ura.

Agorregiko burdinola eragiten dien arroako baliabide hidraulikoak ez dira garrantzizkoak, nola udan hala neguan. Esan beharrik ez dago, udan handiagoa dela ur eskasia hori. Beraz, guztiz bitxia da halako paraje bat izatea hain burdinola handi bat egiteko aukeratutako lekua. Ur eskasiari aurre egiteko sortu zen lehen aipaturiko ur ekartze sistema hori, orduraino gure artean ezezaguna zena. Sistema honen berezitasunik handiena ataurre bikoitza izatean datza. Horri esker, ur berak mugituko zituen burdinolako bi gurpilak, alboko errotez gain. Rosa Aierbek eta Luis Miguel Diez de Salazarrek egindako ikerketa historikoak honako hau dio: «Egungo paramentuak, ataurreak eta abar, hain deigarri gertatzen direnak, XVIII. mendean eraiki ziren. Hain zuzen ere, Laurgaingo etxea Joakin Lardizabal jaunaren eskuetara pasa zen garaian. Lardizabalek, urbilketaren egitura zaharrari probetxu atera nahi izan zion (ubide zaharra desegin bazuen ere), eta Ursuaranen eta Bikuñan olagizon izan zeneko eskarmentua buruan harturik, honako lana agindu zien Urretxuko harginei: Agorregin, burdinola bat egiteko bere errotekin, Gipuzkoako (Azpeitiko) Frantzisko Ibero ingeniari handiak egindakoaren ereduari jarraituz. Eraikuntzalanak, 1754. urtean hasi ziren, nagusiak harginekin hitzarmen labur bat lotu ondoren. Eta 1766. urtean ere, artean bazen han, artean, harginentzako lanik. Urte horretan, edo geroxeago, bertan behera utzi zen burdinola egiteko asmo hura (egia esan, euskal burdingintzako krisialdiarekin batera gertatu zen hori, nahiz eta, berez, krisialdi hark eragin gutxi izan Aiako burdinoletan). Ugari dira arrazoiak halako asmamena porrot eginda gelditu zela pentsatzeko. Alde batetik, agiriek porrot egite hori baieztatzen dute. Ez baitute gehiago aipatzen ondorengo urteetan eraikuntza haren zeregina burdina lantzea izan zenik. Eta gainera, aditzera ematen digutenez, alboko errota egitean ere, hutsegite galantak gertatu omen ziren errotazuloan. Jakin, badakigu, ondorengo urteetan, burdinola bera zurgintzako lantegi bihurtu zela, langintza horretarako zerra hidraulikoa erabiliz. Porrot egitearen zergatia, bi hauetako bat izan daiteke: edo burdinola berezi hori eraikitzeko garaian diseinuko hutsegiteak gaindiezinak zirelako, edota burdinaren galdaketan abiatzeko garaian, burdinolen krisialdia iritsia zegoelako. Beraz, Agorregiko adibidea guztiz ohiz kanpokoa agertzen zaigu, hau da, diseinu, kokapen, erabilera eta aprobetxamenduaren aldetik begiratuta. Benetan, kasu berezi, partikularra eta berebizikoa, burdinola hidraulikoan munduan Agorregin gertatzen dena.

Ibeltzeko burdinola, Asteasun

Ibeltzeko burdinola Usarrabi errekastoaren ondoan dago, Larraul udalerriaren lurretan. Bertara joateko Asteasutik Larraulera doan bidea hartu, eta Sorrarain azpiko aldetik ezkerretara desbideratu behar da, lehen zentral elektrikoa izan zen baserriraino. Baserrira iritsita, errekari 500 metroko bidean jarraituz aurkitzen dira burdinolaren aztarnak. Delako aztarnak horiek, oso gutxi aldatu den paraje euskaldun batetan kokaturik daude. Han aurkitzen baitira, begien atsegingarri diren hainbat bazter eder, hala nola, Lamiosin izeneko osina eta haitzartea, basoak, ura eta abar. Dendenek, mirariz iraun dute bere hartan, denboraren ardatzean, giza jardueraren eragin negatiborik batere jasan gabe. Behar bada, hain aparte dagoelako iraun du paraje horrek bere hartan. Ibeltzeko burdinola Larraul hudalerriko lurretan aurkitzen da, hau da, Asteasuko mugatik hurbil, geografikoki Hernio mendiguneari dagokion bailaran. Ibeltzeko burdinolaren funtzionamenduak XVI. mendean diseinatu zen eredu bati jarraitzen dio, eta haren ezaugarri bereizgarria eraikuntzaz xumea izatea da. Dirudienez, euskal burdinola gehienen egitura mota da. Burdinola honek, Agorregikoak bezalaxe, burdina galdatzea zuen zeregin. Suposa dezakegu, lantegia eta makineria aurrekoetan bezalakoak zirela. Aldiz, ura ekartzeko egitura guztiz desberdina da. Burdinola honek, toki bakar batetik hartzen zituen urak, urtegia kokaturik egongo zen tokitik gertu, hain zuzen ere. Izandako urtegi hartatik, presaren zati bat baino ez da gelditzen. Presa, karez eta errekarriz egina izan zen, aurrealdean harlanduak, eta gainaldean harlauzak zituelarik. Zerbait desegina aurkitzen da, eta gaur egun desagerturik dauden arren, beste zenbait elementu izan zituela antzematen zaio egiturari. Hormabularrak ditu eusgarri alboetan. Errekaren eskuineko ertzean kokaturik dagoen ubidea, euskarriaren muturraren ondoan hasten da, eta, leun abiatzen da, 90 metroko desnibelean beherantz egiten du burdinolaraino iritsi arte. Ubideak ataurreren muturrean dagoen urarkaraino eramaten ditu urak. Ataurreko hormek, ia osorik irauten dute. Iraun ez duena zera izan da: urak bildu ondoren, urak erortzen zireneko ataurre zati hura, urarka alegia. Pentsatzekoa da zurezkoa zela ataurreko zorua. Oraindik, zutik ikus daitezke, burdinolaren lantegia eta biltegietako hainbat eta hainbat zati garrantzitsu. Lantegia, ohi denez, ataurreko horma baten ondoan dago kokaturik. Horma horretan, ohiko arkuak eta hutsartea daude. Bi arkuak gurpilardatzak pasa ahal izateko eta hutsarte laukizuzena, berriz, lantegiaren saneamendurako. Aldaketak sumatzen zaizkie jatorrizko egituran. Ataurrearen hormaren kontrako hormak iraun egin du, hau da, labea bermatzen zitzaion hormak.

Historia

Asteasuko eta Larraulgo udalen ekimenez egin zen burdinola. Bi udal hauek partzuergoko herrilurren erabileran eta ustiapenean antzeko partehartzea zuten: Asteasuk hirutik biko erabilera zuen eta hirutik batekoa Larraulek. Proportzio bera mantentzen zen burdinolaren jabetzan ere. Burdinolaren nagusi ziren udalek, burdinola maiztertzan uzteko tratua egiten zutenean, ez zuten mantentze aldeko gasturik bere gain hartu nahi izaten, hain baitziren ugariak bi gurpileko burdinola honetan sortzen ziren konponketalanak. Izan ere, 1576. urte inguruan, burdinolak su hartu zuen, eta horrek larriagotu egin zuen burdinolaren egoera kaxkarra. Hala eta guztiz ere, maiztertzan ematen zen eta burdina lantzen jarraitzen zuen burdinolak, baina ez zuen urte luzez iraungo. Hala, 1580an, Domingo Likola jaunari utzi zitzaion maiztertzan eta oso merke, gainera. Halere, ez zuen agindutako 7 urtetan iraun, ezta ondoren hartu zuen Martin Aialdek ere, agindutako 9 urteak bete baino lehen utzi baitzuen. Guzti honen ondorioz, 1586an, nagusiek aurretik aholku eskatuta, Tolosako lizentziatu batek eta Azpeitiko doktore batek erreminta saltzea gomendioa egin zuten, burdinola bertan behera uztekotan, hala olagizonen mantenua segurtatzeko, nola udalaren probetxurako. Aholkuari jarraitu zioten, nonbait; izan ere, 1594tik 1596ra bitartean, jatorriz Ibeltzekoa zen mailu zaharren salmentaren ziurtagiria egiten da. Honela amaitzen da Ibeltzeko burdinolaren funtzionamenduaren lehen etapa, Asteasu eta Larrualgo udalei loturik izan zena. Aipatu udalek burdinola utzi behar izan zuten, handik galera besterik ez zetorrelaeta. Agiriek diotenez, erregairik ezak behartu zituen Gipuzkoako burdinolak, halako krisialdira, baina ez dakigu zernolako eragina izan zuen delako krisialdi horrek Ibeltzekoan, zeren eta, burdinola hau, 1625an, Lope Isastik egindako zerrendan aurkitzen baita. Aipatu ere, burdina lantzen dutenen artean aipatzen da. XVIII. mende bukaeran, Gipuzkoako burdingintza indarberritzen hasi zenean, berriro lanean jarraitzen du Ibeltzeko burdinolak maiztertzan, aurreko aldian zituen Udalen nagusigoarekin. Dena dela, XVIII. mendearen lehen herenean, jabego pribatua agertuko da burdinolan, eta handik aurrerako beste berririk ez dugu izan. Burdinola honen behinbetiko itxiera azken krisialdiarekin lotu beharko litzateke, burdinola gehienak itxi zituen krisialdiarekin, alegia. Ibeltzeko burdinolarik ez baita aipatzen 1800. urtean, Barandiaranen burdinolazerrendan, ezta Gipuzkoa eta Bizkaiko burdinola gehienak ere.

Olaberriko burdinola, Oiartzunen


Oiartzungo lurretan, Ergoien auzoan eta Lesakarako errepidearen ondoan, ezkerretara, dago Olaberri; hain justu, errepidea eta Oiartzun izeneko ibaiaren artean. Burdinolarantz joateko, Oiartzundik Lesakarako errepidea hartu, eta 4. kilometroraino jarraitu behar da. Errepidearen ezker aldean, ibarraren barrenean eta errekaren ondoan ikus daitezke burdinolaren aztarnak. Bertaraino iritsi nahi izanez gero, errepidetik ateratzen den bidezidorra hartu behar da.

Burdinola 1511. urtean eraiki zen, orduko Oiartzungo bailarako kontzejuaren erabakiz, eta aipatu udala bera da oraindik ere beraren jabea. 1734. urtera arte, burdina galdatzea zen ola horren zeregina, eta zeharrola mailako izendapena zuen. Alabaina, gabia estreinatu zuen 1734. urtean, eta ordutik zeharrolaagorrola mailakoa titulua jaso zuen. burdinolaren jarduera, 1820. urtera bitartekoa, agirietan azaltzen da. Emariei buruzko ikerketaren arabera, ez dirudi urhorniketan Olaberriako burdinolak inolako arazorik izaten zuenik urte osoan une batean ere, salbuespenik ezean. Bestalde, agiriek aztertutakoa baieztatzen dute. Jasotako emariaren zifrak kontuan hartuta, ez da harritzekoa uren aprobetxamendu hidraulikoan oinarrizko sistema xinple batekin topo egitea. Sistema horretako elementurik nabarmenena presa agertzen da. Arkua du presa honek, eta burdinoletatik 125 metrotara dago eraikia. Toki horretan, mehartu egiten da ibaia eta mailaketa natural bat du. Horien gainean azaltzen dira arkuaren aztarnak eta presaren aurrealdea nahiz ostikoa. Aurrealdean jarraitzen du oraindik gainezkabidearen leihotxoak. Lehen esan dugun bezala, tipologiaz presa arkudunen artean aurkitzen da. Presako ostikoak eusgarri ditu ibaiertzak. Bestalde, kolomak berak (urak jotzen duen horma), eta beronen ebaketak, orokorrean tinkotasun bertikala ematen diote presari. Ezpondan urak zuzenean jotzen duen kolomak, harri txiki erregularrez eginak, sendotu eta hondoan ainguratuko du presa. Olaberriko presa arkuduna ere desegin dago zati batean, erdialdean batez ere, aurrealdeko abiaguneak baino ez baitu iraun. Eskuineko ertzeko ostikoa metro batzuek luzatzen da ezpondan barrena, ukondo bat eginez. Urtegia zabalgunea haztearren egina ziur asko. Ubideak eskuineko ertzetik egiten zuen aurrera. OiartzunLesakako errepidea, zati batean, ubidearen gainean egina dago. Ataurreraino bertaraino ura eramaten zuen ubidearen azken muturra baizik ez dago ezagutzeko moduan. Ataurre izan zeneko alditik bi horma paraleloek irauten dute soilik. Horietako bat zeharo desegina. Ataurre ixten zen tokiaren ondoan dagoena da burdinolaren gunerik ondoen dirauena. Aipatutako hormen barnealdean, zurez eraikia izan zela uste izatekoa den ataurreko hondoari eusten zioten irtenuneak ikusten dira oraindik. Olaberriko burdinolak bi lantegi zituen, biak ataurreko alde banatan kokaturik. Ondoen iraun izan duen hormaren aldamenean, gabiaren lantegia eta zegozkion biltegiak zeuden. Beste aldean zegoen burdinola nagusiaren –zeharrolaren– lantegia. Burdinolak bi gurpila hidrauliko eta haizearka bat zituen instalazio bakoitzeko lanak aurrera eramateko baliabide gisa. Ezbairik gabe, Olaberriako burdinolan ondoen iraun duen elementua burdina erretzeko labea da. Eraiki, berriz, 1743. urtean eraikia da. Gaurdaino, Gipuzkoan katalogaturikoen artean hauxe da mota horretakoan eredu bakarra. Bi solairu ditu, eta zeharrolako lantegiaren ondoan dago, lantegiaren eta errekaren erdian, hain zuzen ere.

Igartzako burdinola, Beasainen

Iartzako burdinola Beasainen dago, herrian bertan eta izen bereko lekuan. Leku horretan hauek aurkitzen dira: zubia, dorretxea eta aipatu burdinola. Burdinola jatorriz XV. mende bukaerakoa dela azaltzen da agirietan, eta XIX. mendera arte iraun zuela lanean. Felipe III.ak 1615. urtean bisitatu zuen. Hasiera hasieratik, errota batekin batera azaltzen da burdinola, hain zuzen ere, duela urte gutxira arte lanean iraun duen errotarekin. Zeharrola motakoa zen burdinola. Mota horretako ola bati dagozkion osagai bereziak baititu, urak hartzeko urtegian, ubidean eta ataurrean. Iartzako burdinolak bi garai ezagutu ditu, urbilketako lan horretan. Lehenengoa, 1535tik 1689ra bitartekoa, zurezko presari loturik zegoena. Bigarrena, harrizko presa zuenari lotzen zaio, hau da, ibaian beheraxeago zurezko presatik metro batzuetara kokatuari. Presa zaharra bota eta atera egin zen, azken uholdeen ondoren eraberritzea zelaeta. Presa modernotik eskuin ertzeko lekuko bat baino ez da geratzen.

Zurezko presa

Zurezko presaren diseinuak grabitatezko egituran du jatorria, bata bestetik 22 metroko distantzian kokaturik zeuden harrizko bi ostikotan bermatzen edo oinarritzen zelarik. Eskuineko ertzeko ostikoak ibaia gora jarraitzen zuen, urtegiari eutsiz eta urari ubidera joan zedin ataska batetik bidea eginez. Presak zazpi maila zituen zimendatzetik kolomaraino. Presa zurez egina zen oso osorik, iltzez jositako lotura batzuk izan ezik, batik bat koloman. Aurrealdeak lau metroko garaiera zuen eta oinarriak zortzikoa. Urak jotzen zuen hormak, presa edo kolomak, desnibelean egituratua zegoen, ebaketaz triangelu angeluzuzenaren itxura emanaz. Egurohol bidez diseinaturikoa zen presahorma desnibelari egokitua izaten zen, istinkatzea erabilita, junturen gehiengo iragazgaiztasun lortzeko.

Harrizko presa

Esan dugun bezala, harrizkoa 1689. urtean eraiki zen, zurezko presa baino beherago. Gure ustez, mota hartako zurezko presek izaten zituzten konponketa ugariek eraginda eraikiko ziren harrizkoa presak. Berez, diseinu aldetik ez du desberdintasun handirik zurezkoarekiko, eraikuntzarako erabilitako materialetan izan ezik, hauek harlangaitzezkoak baitziren batez ere, eta egituraren aldetik bestelakoa. Iartzako bigarren presa honetatik, arrasto bakar batek iraun du gaurdaino, eskuinaldeko ibaiertzari itsatsitik dagoenak, hain zuzen ere. Kanpoaldetik, landutako hareharriz egina zen. Zurezko presa baino beherago eraikitako aurrealde bertikalen ikus daiteke gaur eguneraino iraun duen lekukoan, 4 metro baino gehiagoz gailentzen delarik. Gaurdaino dirauen ubidea harrizko presari lotzen zaio. Urtegiaren horman ezarritako atetik hasita, ubidearen lehenengo 10 metroak, harlangaitzezko hormez eginak zeuden eta luzituak iragazgaiztasuna bermatze aldera suposatzen dugunez. Handik aurrera ez da gehiago azalduko harlangaitzezko hormarik ubidean, ataskaren zuloak mugatzen duen gune horretan besterik. Errotaren eta burdinolaren gertuko ubidezatia harlanduz jantzirikoa da. Puntu horretan bitan banatuko da ubidea, biak norabide desberdinez. Bietariko bat errotaren ataurreraino joaten da, eta besteak burdinolako ataurreraino jarraitzen du. Bi eraikuntzak loturik aurkitzen dira. Egun, burdinolako ataurrea Indar izeneko enpresaren lantegiaren azpian aurkitzen da. Mota honetako gainerako guztien artean eredu azpimarragarria da aipatu ataurrea, kalitate handiko materialez egina delako, batez ere. Aipatu izan diren bestelako kasuetan bezala, bi horma paraleloen gainean kokatzen zen, baina ataurrezorua harlauza handiz egina zen, aipatutako horman eraikitako erlaitzen gainean bermatzen zirelarik.

Ameraungo burdinola

Ameraungo burdinola, Leizaran ibaiaren ondoan dago. Burdinolaren urhornikuntzarako sistemaren berezitasuna antzematen da, urak ekartzeko ubidearen ezaugarrietan. Eskuinaldeko ibaiertzean dago kokaturik ubidea, zurezko presaren oinarriaztarna batzuen ondoan. Ubidehasiera 50 metroko bidean, ubidea bereizten zuen harritzarrez osaturiko murru batez eta zepa edo eskoriailararen bidez eraiki zen. Ebaketa angeluzuzena izango du harik eta, presa eta burdinolaren tartean dagoen mendia zulatu eta alde batetik bestera pasako duen tunelera iritsi arte. Tunela ataurrea dagoen tokiraino zulaturik dago, eta guztira 75 metroko luzera eta 2 metro x 1,8 metroko ebaketa du.

Arbideko burdinola

Arbideko burdinola Oiartzunen dago. Bertara joateko Iturriotz auzora doan errepidea hartu behar da eta bertatik jarraitu, azkeneko pista zatian zehar joanez. Arbideko burdinolaren kasuan, ubidearen azken zatia nabarmentzen da haitz bizian bertan zulaturik dagoelako, azkeneko zatian. Gainerako bidean, desagertutako ubidearen arrasto bakarra ikusten da, marra homogeneo bat, ibaitik mendihegalera doana. Haitzean zulaturiko ubidezatiak 35 metroko luzera du, eta ubidearen azken muturra da, urez hornitzen zuen burdinolari jada itsatsirik. Gutxi dira irauten duten burdinolaarrastoak, eta hormen zimenduak antzeman daitezke gehienez ere. Haien antolamendua ikusiz, lantegiak mendihegaletik gertu izan behar zuela nabari da. Beraz, haitzean aitzurtutako ubideak zuzenean eramango zuen ura ataurreraino. Aipaturiko aprobetxamendu hidraulikoaren sistema guztiak burdina ekoizteko instalakuntzei dagozkienak dira. Aipaturiko multzo honetako adibideak har daitezke, beharbada, Gipuzkoako gainerako burdinoletan erabilitako sistemen erreferentzia adierazgarritzat. Oraindik, asko dira itxura onean dirauten burdinolak. Horietako batzuek osagai benetan interesgarriak dituzte, eta etorkizunean ikertzeko hartu nahi genituzkeenak dira. Eredurik nabarmenenak aipatzekotan, honako burdinola hauek lirateke: Urdanibia (Irun), Arrabiola (Segura), Goikola (Alzolaran, Zestoa), Errekondo (Aia), Olaberria (Iurre).

BESTELAKO ERAIKUNtzA HIDRAULIKOAK

Burdinolaz eta errotez gain, bestelako lantegi hidraulikoak ere badira. Burdingintzarekin zuzenzuzenean loturikoen artean honako hauek lirateke: fanderiak, aingurategiak eta kanoientzako ginbaletlantegiak. Eta burdingintzaz aparte dauden enpresen artean: paperenpresak eta bolategiak.

Fanderia

Fanderietan edo ijezketalantegietan burdinazko totxoak xafla bihurtzen zituzten. Hau lortu ahal izateko, burdinazko barrak bi zilindro lauren artean estutzen ziren. Horren ondoren, zilindro ildaskatu baten bidez zerrenda finetan mozten zen xafla. Sistema honen asmakizuna Leonardo da Vincirekin lotzen da. Sistema geroztik garatu egin zen. iberiar penintsulan ezagutu zen lehen fanderia Durangon eraiki zen, eta 1591. urtean hasi zen lanean. Oreretan 1769. urtean eraiki zen fanderia da Gipuzkoako lehen eredua. Irandako Markesaren laguntzaz egin zen eta horretarako Alemaniatik ekarri behar izan ziren langileak. Euskal Herriko Hiztegi HistorikoGeografikoan aipatzen denez, mota horretako enpresatan bakarra zen bera, erreberberozko bi labe zituena. Hori zelaeta, lana bikoiztu zitekeen. Enpresa horren garaikidea zen Egaña idazleak dio, 150.000 libra xafla baina ez zituela saltzen, eta kopuru hori astean atera zitekeenaren herena zen.

Aingurak

Aingurategiak Gipuzkoan kokatu baziren, Juan Fermin Guillisastik erakutsitako trebetasunari esker izan zen. Izan ere, honek benetako industriaespioitza egin ondoren, ainguragintzan Holandan erabiltzen zen metodoa ekarri zuen. Eta, hala, metodo hori Orioko San Pedro auzoko Arrazubia burdinolan erabili zuen. Jarduera berri horren ekarpenez, armadarako aingurak egiteko enpresa sortu zen Hernanin, Urumearen eskuinaldeko ibaiertzean. Lantegi hori Fagollagan 1751. urtean hasi zen lanean. Aingurak, berriz, Urumea ibaian zehar garraiatzen ziren Donostiako Santa Katalina porturaino. Ainguraenpresa izan zen tokian porlanenpresa baten aztarnek ikus daitezke gaur egun.

Kanoien zulaketak Kanoientzako ginbaletlantegiak asko izango ziren, ziur asko. Mota honetako enpresa hidraulikoei buruzko ikerketa egiteke egon arren, ezagutzen dira hainbat kokagune, Deba ibarrean eta, zehatzago esateko, Arrasaten eta Elgoibarren. Horrez gain, jakin badakigu halako enpresak armaenpresei loturik zeudela. Gertakizun horren data modernoa da, dirudienez; izan ere, idatzietan XVIII. eta XIX. mendeetako aipamenak baino ez dira egiten.

Bolategiak Antzeko+ ikuspegi bat agertzen da bolategi edo papertegierrotei dagokionean. Ehungintzaindustria ere dokumentaturik dagoenaren bidez agertzen da soilik. Agiriek diotenez, Behe Erdi Aroan finkatua zegoen jada ehungintza. Maila honetan, adierazgarriak dira 1497. urtean Bergaran bildu ziren oihalgileen ordenantzak. Artilearen manufakturari buruz egindako azterketa orokorrek diotenez, gurpil hidraulikoak aplikatzebidezko ehungintzan lorturiko mekanizazioa ez dela soilik bolatzeari dagokiona, hau da, oihalei koipea atera eta trinkotzeko jotzeari dagokiona. Lehen pilategi edo bolategi hidraulikoak XI. mendean ezagutu ziren Europan, eta XIIXIII. mendeetan Gaztelan. Bola edo pila deituriko makinaren zatirik deigarrienak honako hauek ziren: motorgurpila, ardatz mazokaria eta oihalak jotzeko zurezko mailu edo mazoak.

Paper eta oihal errotak

Papererrotei dagokienean, Tolosan bazirela badakigu. Eskuratutako datuek arabera, papererrota zaharra, etenik gabe papera egiten zuen fabrika bihurtu zen. Gertaera, 1842 urtean jazo zen eta errotaren izena «Nuestra Señora de la Esperanza» zen. Idazlan honetako kapituluetan azalduriko datuen arabera, Gipuzkoako ibaietatik atera zitekeen energia, tradiziozko metodoen bidez bihurtu izan da errentagarri, XIII. mendetik aurrera. Gurpil hidraulikoak gaurdaino iraun du, gaur egun oraindik lanean diharduten errotak lekuko. Historikoki badirudi energia hidraulikoaren erabilera burdina egitearekin lotua dagoela. Ekoizpen deribatuak lantzea ere jarduera garrantzitsua izan da lantegi hidraulikoetan. Horiez gain, ezagunak dira energia horretan baliatzen diren beste industriak, besteak beste, azpimarratzekoak dira ehungintza eta papergintza.


Burdiolak Bizkaian

Erdi Aroaz geroztik industria berria sortu zen arte, jarduera horretarako lekuak burdinolak izan ziren. Ez dago zalantzarik, Bizkaiak burdinaren jarduera garatzeko berezko baldintza egokiak zituen. Alde batetik, lurraldea oparoa zen jarduera horretan beharrezkoak ziren burdin meaz eta ikatz gaiez. Sobera ezagunak da gure probintzian hainbat meategi daudela, eragozpen tekniko handirik gabe ustia daitezkeenak; horien artean, bere kalitatearengatik, Somorrostroko meagunea nabarmentzen da. Horren lekuko garbiak dira zenbait historialari, olerkari eta bidaiariren lekukotasunak, hauetariko batzuk klasikoen garaira eramaten gaituztenak,. Bestalde, garai batean basoetan nagusi ziren pago, haritz, gaztaina eta arteak ziurtatzen zuten egurikatzaren hornidura, mea urtzeko behar zen beroenergia sortzeko erabiltzen baitzen. Horri erantsi behar litzaioke Bizkaiko lurraldea ureztatzen duen ibaisarea, berari esker lortzen baitzen beharrezko potentzia eragilea, edozein burdinola hidraulikotan bi elementu funtsezkoak martxan jartzeko, gabia eta hauspoa. Azken faktore batek hurbildu zuen Jaurerria burdin jardueraren aldera: lehen premiazko elikagaien gabezia, zekaleak adibidez. Berau inportatu beharrak eragin zituen bertakoak burdina manufakturatzeari heltzera, bestelakoan, galerakoa izango zen merkatal balantza orekatzeko. Lope Gartzea Salazarren ondorengo zatiak, hondamendizko urte baten aipamen berezia egiten du: 1474.ekoa. Lan horretan, agerian jartzen du merkatal trafiko honen garrantzia, gure probintzia eta Ingalaterra bezalako beste herrialde europarren artekoa; Bizkaiak bestalde, kokagune estrategiko egoki bat zuen horretarako: «E con el espanto de/ no lo auer, era en desesperación la gente/ de la costa, e ovieron de parecer, si/ no que se socorrieron de Ynglaterra con/ sus naujos e mercaderes, que traixieron/ abastejamento a corona de oro, o a quintal/ de fierro...».

MENDIKO BURDINOLATIK BURDINOLA HIDRAULIKORA

Lehen burdinolen instalazioak mendian kokatu ziren, mendiko burdinolak, masuquerak edo haizeolak izenez ezagutzen zirenak. Horietan, burdina lortzeko beharrezko indar eragilea giza ahaleginetik zetorren eta baso handietatik hurbil kokatzen ziren erregaiaren hornidura erraz lortzeko. Burdingintza tradizionalaren industrian sartu zen berrikuntza tekniko garrantzitsuena, energiaiturri gisa, ibaietako ura erabiltzea izan zen. Horrela, sortu ziren, burdinola hidrauliko edo zeharrolak, non zuzeneko metodoa erabiliz jarraitzen zen arren, urak olagizonen lan gogorra bere alde mekanikoan errazten zuen, (labea haizez puztea eta mailua eragitea) horrela, ekoizpen handiagoa lortzen zen eta ekonomikoki errentagarriagoa zen. Gero eta handiagoa zen burdinola hidraulikoen garrantziak burdingintza tradizionalaren industria lekuz aldatzea eskatzen zuen: ordura arte burdinolak beroenergia lortzen zen basoetatik hurbil kokatzen baziren, zeharrolaren agerpenarekin lantresna hauen faktore erabakitzailea izango da beste indar eragilearen beharra, hau da, urarena. Horregatik, burdinolen instalakuntzak mendietatik haranetara jaitsi ziren.

Instituzionalizazioa eta gizarte eredua

Burdinolak ibaiertzetara lekualdatzeak eta erdietsi zuten hazkunde ekonomiko garrantzitsuak erabaki zuten burdingintza tradizionalaren sektorea instituzionalizatu beharra. Handik aurrera, arau anitz ezarri ziren mearen ustiapena, basoaren eta uraren baliapena eta burdinaren merkataritza erregulatzeko. Bizkaian, 1440an Gernikako Batzar Nagusiak, Ordenantza batzuk ezarri zituen berrogeita bi kapitulutan «para el mejor gobierno y subsistencia de la ferrerías del Señorío», eduki horiek gerora Foru Zaharrean (1452) sartuak eta Errege Katolikoak 1483an berretsiak izan ziren. Burdin sektorearen instituzionalizatzea da maila ekonomiko eta sozialean haren jarduerek iritsi zuten garrantziaren froga. Izan ere, burdinolak diruiturri garrantzitsuak izan ziren giza sektore pribilegiatuarentzat, horiek baitziren instalakuntzen jabe nagusiak. Era honetan herriko handikiok euren etxe, abere, mendi eta errotetatik lorturiko errentei, burdinoletatik sortutakoak gehitzen zizkieten eta, bide batez, jabegoan zituzten mendietatik ateratako egurra errentagarri bihurtzeko baliatzen zuten. Badira bi gertaera jabetasun eredu hau frogatzen dutenak. Alde batetik, burdinolaren eraikuntzarako behar ziren ekarpen finantzario handiak; bestetik, ondasun hauek familiako ondare ziren aldetik, ondorengoei emanaz eta jauretsiak izaten zirela belaunaldiz belaunaldi. Beraz, arrazoi hauengatik, ez da harritzekoa burdinolak sarritan dorretxe, jauregi, ermita eta errotaz osaturiko multzoan bertan agertzea.

BURDINOLA hidraulikoaren FUNtzIONAMENDUA ETA ELEMENTUAK

Azpiegutura

Burdinola hidraulikoak, gainera, ingeniaritzako azpiegitura independente bat du, ibaierrotetan gertatu ohi zen bezala, ezinbestekoa delako indar eragilea sortzeko. Honela bada, errekan gorago kokaturiko presa batean datza, jasotako ura ubidez garraiatu eta burdinolaren ataurreraino edo urarkaraino bideratuz. Gainera, multzoak berak errota bat duenean, ohikoa da bi eraikuntzek –burdinola eta errota– ubide bera partekatzea, bakoitzak bere hartzea irekitzen duelarik. Normalean, burdinolak zuen lehentasuna ura erabiltzeko orduan, baldin honek ezin bazituen bi instalazioak hornitu.

Presa eta ubidea

Uste izatekoa da jatorrian urtegiak eraikuntza xumeak izango zirela guztiz: uraren nibela igotzeko euste bat egiteko ibaian bertan zeuden harriak baliatuko zituzten. Erdi Aroko aldi handi batean, ibaiaren ubidea buztintsua zen lekuetan, urtegi ugari jaso zuten itxidura oholez eginda. Karrantzako El Molinar auzoan La Bajera izeneko burdinolak bezala, El Mediokoak ere, azpiegitura hidraulikoa zurezkoa zuen. (urtegiak, altxagarriak..). Egun, hauetariko urtegi baten hondarrak bizirik diraute, zurezko armazoia ikus daitekeelarik ibaiaren azpian, zaharkiturik. Alabaina, gureganaino heldu diren urtegiak harrizkoak dira gehienbat, aurrealde zuzena eta atzean ezpondaduna, korrontearen presioa hobeto jasateko. Villarreal de Berrizek Máquinas hidráulicas de molinos y herrería y govierno de los árboles y montes de Vizcaya izeneko bere tratatuan, presa tradizional hauei buruzko xehetasun eta deskripzio ugari ematen digu. Idazle honen arabera, komenigarria zen luzera handikoa zen toki bat baliatzea presa egiteko, gainerakoan, korrontearen indarrak arriskuan jarri baitzezakeen eraikuntza. Oinarriak altueraren loditasun berekoa izan behar zuen gutxienez eta hormaren goiko bukaera –harlauza handiz errematatua, burdinazko grapa beruneztatuez bat egina– ibaiaren gainezkaldi edo uholdeetan har zezakeen altura hainbateko zabalera. Aurrea harlanduaz egiten zen eta eraikuntzak «gorputza hartu arte» ezponda aldetik zurez edo kolomaz egindako defentsa aholkatzen zuten, harginen lana babesteko. Baina, presa hauek beren betebeharrean eraginkorrak zirela uste izan arren, idazkiaren beste kapitulu batean presaeredu berri baten eraikuntza aholkatzen zuen, arku formako aurrearekin.


Antza denez Villarreal de Berriz izan zen arkudun urtegi berrien aitzindari, erromatarren garaietatik aztarnak baziren arren. Gureganaino iritsi diren horietariko bost gutxienez berak proiektatu zituen: Antsotegi eta Barroetakoa (Oxilaingo Olazarreko burdinola) Markina ondoan, ArenzibiaErrota (Antzubirrota) eta Laisota (Lariz Olaeta) Gizaburuagan eta Ibarrakoa Bedian. Azkeneko honek, inondik ere, berak diseinaturikoa izan behar zuen, obraren planoak Jose Lizardi gipuzkoarrak sinatuak daudelako. Horretaz gain, bere eraikuntzaren ezaugarriengatik eta azkeneko hauetarako hurbiltasun fisikoarengatik pentsatzen dugu Aulestin dagoen Angizko burdinola ere zerrenda honetan sar daitekeela. Villarreal de Berrizek berresten zuen presa arkudunak seguruago, sendoago eta kostu gutxiagokoak zirela. Arku beheratu edo eskartzanoa gomendatzen zuen, korronteari hauskaitzago zitzaion aurre ahur bat bilakatzen zuelako. Arkuaren sokak ez zituen hamar edo hamabi metro gainditu behar eta ibaiaren uharka handiagoa bazen, neurri hauetako behar hainbat arku eraikitzen ziren. Kasu honetan, arkuen artean erdiko estribo edo kontrahorma bat egingo zen. Villarrealek eraikuntza guztia zehazten du, xehetasun guztiak barne, hala nola, eraikuntza kontu handiz betuneztatu behar zela –bai eraikitzeko denboran, bai bukaeran–, horrela dobelen juntetatik ura sartzea eragotziz. Behin presa bukatuz gero, urak bere indarrez gogortzen zuen eraikuntza. Esperientzia propioa funtsezko gauza dirudi Villarrealen obran; izan ere, Bediako urtegia adibidez, aurreko urtegia arku handi bakarrekoa, Ibaizabalen uholde batek nola eraitsi zuen ikusi ondoren eraiki zen.

Ibaiko uraren nibela behin igoz gero, presaren albotik ateratzen zen ubide batek, eraikuntza nagusiaren alde batean zegoen burdinolaren ataurreraino desbideratzen zuen. Ubide edo uharka hau lurra induskatuz egin zitekeen edo sarritan harlangaitzez egindako obra handiago bat presentatuz. Aipatzekoa da Orobioko (Durango) Erdikolea burdinolaren kasua, neurri handietako harlauzak bertikalki jarririk egindako uharka duena, harlangaitzezko obra saihestuta egina.

Pedro Bernardo Villarreal de Berriz

Pedro Bernardo Villarreal de Berriz (16701740), hainbat diziplina teknikoez jakin mina zuen noble bat izan zen; bestak beste, hidraulika, matematika, astronomia eta fisikaz. Arrasaten jaioa zen eta Maria Rosa Bengoleakoarekin ezkondua, hau da, Gizaburuagako izen bereko dorrearen eta Lekeitioko Uriartekoaren jabearekin. Bizkaiko sektorerik aberatsenaren eredu dira, sortetxeko maiorazko hartzailea, kasu honetan, bere aldetik bezala (Berrizko eliz aurreko dorretxea, burdinola, errota eta mendien jabea zen), bere emaztearen aldetik. Maria Rosa Bengoleakoak, Uriarteren atxikimendua zuen, non Lekeitioko jabegoaz gain Gizaburuako beste batzuk sartzen ziren (dorretxea, errota, bi burdinola eta ondasun ugari). Baina Villarreal de Berriz ez zen errentetatik bizi ziren alferren nobleziakoa izan; baizik eta enpresa gizon jantzia; burdinoletan ekoizten zuen burdina esportatzen zuen bere ontzi propioetan, itzulerakoan artilea, kakao eta antzeko produktu exotikoak –gure Euskal Herrian falta ziren beruna edo luxuzko zenbait gauza– inportatzen zituen, aldi berean. Villarreal de Berrizek, zituen ikasketek animaturik, tratatu bat idaztea erabaki zuen, erroten eta burdinolen funtzionamendu onerako berak beharrezkotzat jotzen zituen aholkuak jasotzeko. Berauetan aplikatu zituen bere ezagupen guztiez aparte, baita bere obran erakusten duen moduan, burutu zituen esperimentu anitzak ere. Esan daiteke XVII. mende amaieratik jakintza tradizionalarekin eteten hasi zen mugimenduko partaide zela eta Ilustrazio garaian garaturiko obrarekin burutu zuela.

Burdinola motak eta ekoizpenak

Bizkaiko metalurgiazentroen azterketa sistematikorik eta haien ekoizpenespezializaziorik ez daukagunez (ditugun azterketa gehienak XVIII. mendetik aurrerakoak dira), hainbat egileren lekukotasunak ekarriko ditugu –Villarreal de Berriz eta A. Larramendi, besteak beste– euskaldun burdinoletan lorturiko azken emaitzen aztarnak jarraitzeko, eta euren sailkapena egiteko. Hasieran, burdinolek ekoizten zuten azken produktuaren arabera, hierarkizazio edo espezializazioaren aukera nahikoa arrazoizkoa egin zutenaren ondorioa atera daiteke. Villarreal de Berrizek honela agertzen digu aitzina bi motetako Burdinolak zeudela, batzuek handiak deiturikoak eta besteak txikiak. Funtzioen banaketan, handienek proportzio handiko agoak (150 eta 200 kilo artekoak) urtzen zituzten, neurri handiko azpiegitura mekanikoa eskatzen zuelako. Agoa bakoitzetik 80 cm luzeko lau totxo edo barra ateratzen ziren eta horiek ziren burdinola hauetako azken emaitza bukatua. Burdinola txikien zeregina totxoak mehetu eta ondoren manufakturazko transformazioa errazteko prozesua bukatzea zen. Uste izatekoa da zenbait produktu manufakturatu egiteaz ere arduratzen zirela, tokiko eskaeren arabera.

Zeharrolak

Sektorearen bilakaera berri bat ezagutu zen XVII. mende bukaeran, integrazio bertikala burutu zuena: aitzinako zereginen banaketa desagertu egin zen eta prozesu guztia ekoizpengune bakar batean, Villarreal de Berrizek izendatzen duen zeharrolan bilduz. Burdinola hauek 250 kilo adinako masak urtzen zituzten eta 25 bat kilo inguruko barrak luzatzeaz ere arduratzen ziren. A. Larramendik XVIII. mendearen erdi aldera burdinola handiekin identifikatzen ditu eta aditzera ematen, desagertzeko bideetan daudela, ekoizten zuten burdinaren kalitate baxua medio, agian.

Tiraderak eta gabiak

Antza denez, XVIII. mendearen bigarren erdian, zeharrolak behin betiko burdinola txikiek ordezkatu zituzten, hau da, gabia edo tiradera gisa ere ezagutzen zirenek, sektorea desagertu zen arte nagusi izango diren instalazio motak –El Pobal horren lekuko leiala da–. Tiraderek ere ekoizpenprozesu osoa burutzen zuten, baina urtzen zituzten agoak edo galdak proportzioan txi kiagoak zirelako desberdintzen ziren zeharroletatik, eta horrek burdinaren kalitatea hobetzen zuen.

Olatxoak

Zeharrolak desagertzean, tiraderak, lehen olatxoak bezala, orain «burdinola handiak» deitzera pasa ziren, hau da, tokiko eskaera hornitzeko ekoizpen asko landuz betidanik izan diren burdinola edo sutegiak. Hirietan egoten ziren asko eta ez zuten indar hidraulikoa erabiltzen, baizik eta es kuzko forjaketa, eta zenbait ekoizpenmotatan espezializatuak ziren (nekazaritzako tresneria, iltzeak, kateak, ferrak eta abar). Instalazio arruntak ziren baina erruz zeuden tokiko geografian. Burdinoletako azken emaitzaren transformazioari dagokionez, Juan de Herrera ere izendatu daiteke, El Escorialeko obren zuzendaria, 1588an burdina mozteko «makina» bat asmatu zuena. Hark Berna (Durango) aukeratu zuen hura instalatzeko, eta 1591erako hasiak ziren obrak. Inguruko burdinoletan egindako totxoak ebakitzeaz arduratzen zen. Eraikuntzak oinplano laukizuzena zuen eta bi hormarte, makineria kokatzeko. Sistema energiaekoizleak presa batez pilaturiko ura erregulatzen zuen urarka edo biltegi bat zuen, gainezkabide batekin. Amaitzeko esan dezakegu ezin daitekeela oraingoz banaketa argi bat egin gure lurraldean izen diren burdinolen ereduei dagokienean. Dena den, argi dago eskabideetara egokitu izan dela sektorea, bai esportaziora zuzendutako burdin barra handiak eginez –XVIII mende arte–, bai, gainbeheraka hasia zegoenean, barruko merkatuan kontsumitzen ziren garrantzi gutxiko ekoizpen manufakturatuak landuz.

Fanderiak

Aparteko kapitulua merezi dute XVIII. mende azken herenean eraberritu nahiez aurrera eraman ziren saioak, besteak beste, fanderien instalazioak, burdina moztu eta xaflak egiteko lantegiak. Prozesu hau energia hidraulikoz mugitzen ziren zilindrosail desberdinen konpresioz egiten zen eta erabiltzen ziren labeetan harrikatzaz lan egin zitekeen. Euskal Herriko lehen fanderia Oreretan (Gipuzkoa) 1771an jarri bazen ere, Bizkaian XVIII. mende amaieran bi instalatu ziren, bata Barakaldon, eta bestea, Sopuertan.

Burdinoletako produktuak

Euskal Herriko siderurgia tradizionalaren ezaugarria, Europako beste ekoizpenzentro handi guztien antzera, kanpoko merkataritzari zuzendua egotea izan zen. Hau, nazioarteko eskaera handiari eta ekoizpenetan sobera handiak izateari esker gertatu zen. Euskal burdinaren merkatu nagusia (penintsula, Europa edo kolonia mailakoa) Euskal Herritik kanpo zegoen. Alabaina, esportazioa zenbait egoerengatik baldintzatua zegoen (ekonomikoa, politikoa...) eta horrek kanpoeskari oso aldakorrak eragiten zituen.

Burdin totxoak eta manufakturak

Bizkaian, XIX. mendera arte burdin ekoizpenaren zati txiki bat bakarrik manufakturatzen zen lurraldean bertan. Bizkaitar siderurgia tradizionalaren funtsezko ekoizpena burdin gozoa zen, barra edo totxo moduan erdi manufakturaturikoa. Gipuzkoako burdinolak produktu manufakturatuak esportatzen zituzten, batik bat armak. Euskal mea Europako merkatuetan preziatua izatearen arrazoia, bere malgutasun errazari zor zitzaion eta horrek eutsi egin zion kanpo eskariari, baita Europako beste zentroetan prozedura ezzuzenen bidez lortzen zen altzairu landuaren prezioekin alderaturik errentagarria ez zenean ere.

Zuzeneko eta zeharkako prozedurak

Funtsezko lehengai bezala erabiltzen zen burdin gozoa, bizkaitar hematite gorri purua, metal kalitate handikoa. Mea hau murrizgarritasun altukoa zen, labe garaiak erabili gabe, zuzeneko prozeduraz ekoitzi baitzezakeen burdina, mea mota hau ez zeukaten beste herrialdeetan ezinbestekoa zena. Labe hauek XV, mendetik ezagutzen dira Europan, baina Euskal Herrian XIX. mendera arte ez badira hautatzen, leku horretako baliabideetara produkzioa egokitu beharra gertatu zelako izan zen: Somorrostroko mea oparoa, labe garaietako prozedura ezzuzenerako desegokia. Beraz, L.M. Bilbaoren iritziaren arabera, euskal atzerapen teknologikoa, bideragarritasun ekonomikoa mantentzeko gai zela, eskaera urria eta produktu espezializatuetara bideratua izanagatik. Metodo zuzenaren eragozpenik handiena, burdina lantzeko behar zen egurikatz kopuru izugarrian zetzan. Burdinolak hornitzeko gure mendietan buruturiko ikazkintzak, ziur asko jatorriz historiaurrera eramaten gaitzakeenak, luzarora gure lurraldea basosoiltzera eraman zuen prozesua bukatzera ekarri zuen.

BURDINOLEN GORAldia, KRISIA ETA GAINBEHERA

Behe Erdi Aroa izan zen Bizkaiko siderurgiaren urrezko aroa. Burdinaren lanketan energia hidraulikoa sartzeak ekarri zuen berrikuntzari esker, produkzioa askoz errentagarriagoa egin zuen. Eta beste aurrerapenek behin betirako aldatu zuten burdina lantzeko prozedura, eskuz lantzetik mekanikara pasaraziz, Bizkaiko siderurgian eskaerarik handieneko ekoizpena zen totxoekin jarduten zuten lantegietan, bederen. Alabaina, XVI. mendearen erditik euskal siderurgian halakoxe gainbehera bat hasia bazen ere, ekoizpenaren beherakada nabarmena XVII. mendean gertatuko da. Mende horrek, hain zuzen ere, beste gainbehera hauek ditu bereizgarri: bizibideetan krisialdi asko, geldialdi demografikoa, ezegonkortasun politikoa eta Europa guztiko etengabeko gudak. Burdinolak oso baldintzatuak zeuden, nazioarteko merkatuaren egoera eta beste ekoizlezentroen aldetik gero eta handiagoa zen konpetentziagatik. Bestetik, europarrak bete betean sartu ziren, ordura arte penintsulako ekoizpenekin neurri handi batean aserik zegoen merkatu kolonialean. Lehengaien eta soldaten prezioak gora egin zuten, burdinaren industriaren irabaziak nabarmen jaisten ziren bitartean. Bizkaiko lurretan kokaturiko burdinolen kopurua murrizten hasi zen krisi honen ondorioz. XVI. mendean guztira 183 burdinola baziren hurrengo ehunkadan 152ra jaitsiak ziren, Pedro de Merino historiagileak ematen dituen datuen arabera. Euskal Herrian, XVIII. mendean, ekonomia hedakor baten kokaturik zeuden burdinolek susperraldi bat eta gorakadan azken une bat bizitu zuten, Bizkaian, 1766. eta 1776. urte artean, 162 burdinolen errolda egiteraino. Mende hori XVIII.eko krisiaren jarraipena ez bazen izan, barruko merkatuaren indarberritze prozesuagatik eta betebeteko hazkunde ekonomikoan zegoen Ingalaterrak burdinaren premia handia zuelako gertatu zen. Hala eta guztiz ere, Europako merkatu tradizionala eta koloniala –babestua zegoena, agidanean– murriztuz joan ziren; alde batetik, ekoizle zentro berriek haren metaketa egiten zutelako, lehenik Suediak eta Errusiak ondoren. Kanpoko burdina euskal kaietaraino ere sartzen zen gure lurraldeek baldintzez salbuetsiak zituen probintziez baliatuta Berrikuntza saioak XVIII mende azken herenean ikusi genuen burdinola sektorea egoera larrian zegoela zekiten zenbait euskaldun jakintsuren etengabeko egonezina. Lehenik, Villarreal de Berrizen adibide bakarrak pentsarazten digu burdinolen jabe gutxi izan zirela hauen hobekuntza eraginkorraz arduratu zirenak, ekoizpen prozesuan sartzeko lehian. Instalazioen jabea zen sortetxeko nobleziaren ohizko utzikeriak eragotzi zuen behar ziren aldaketak aurrera eramaten eta olajaunek, merkatuko kapitalarekin zituzten zorrekin ez zuten hedapen handiko eraldaketa hasterik izan. Halaber, zazpiehun garrenetik aurrera egoera hain latza izanik, hainbat ekimen jarri zen abian euskal siderurgiak Europako esparruan izan zuen goimaila berreskuratzeko ahaleginean. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, gai honetan erakunde aitzindaria, gure lurraldean ezagutzen ez ziren atzerriko aurrerapen teknologikoak ezagutzeaz arduratu zen eta baita haien erabilera sustatzen saiatu ere, elementu ekoizle batzuen eraginkortasuna zehazteko hainbat esperimentu bizkortzen zituenarekin batera (labeetan injekzioa eta puzkailuen sistemen abantaila eta oztopoak, mea erretzeko metodoak eta beste). Ondo zekiten Euskal Herriko ekonomia nekazaritzaren galerakoa zela, horregatik burdinaren ekoizpena banatu behar zelako ondorioa atera zuten. Harrikatza erabiltzen hasi beharraz ohartarazi zuten, egurikatzaz hornitzeko eragozpenaren aurrean. Batzar Nagusiak izan ziren Jaurerrian eta, ekimen instituzionalaren lekukoa jasoaz, Batzorde bat eratu zuten burdinaren sektoreko arazoa aztertzeko. Ekimen hau hainbat informe eta ikerketa landuz zehaztu zen, premiazko berrikuntza tekniko baten beharrarekin bat zetozenak. Bizkaian hainbat esperimentu egiteko Anuntzibai (Orozkon) eta Bediako burdinolen instalakuntzak erabili ziren. Alabaina, esperientzia hauek ez ziren metalurgia tradizionalaren sisteman erabateko aldaketan zehaztu, ezta lehenagoko eredua hautsiko zuen inolako ekoizpen zentro berri baten eraikuntzan ere, ez baitzuten erortzeko zorian zeuden burdinolen kostuak merkatzea nahi izan. Ekimen pribatua itxaron behar izan zen XIX. mendean lehenengo berregituraketa garrantzitsuak ikusteko. Hasieran, ekimen berritzaileak ez zuten eraginik burdinaren lehen lanketara zuzenduriko instalakuntzetan, baizik eta horren eraldakuntzaren hobekuntzara bideratzean, bigarren fusio bidez bukatuak edo erdi landutako ekoizpenatan. Lope de Mazarredok 1807an instalatu zuen lehen labe garaia Bizkaian, Artunduagako bere fabrikan, Basauriko San Migelen elizatean. Fabrika, «burdinurtuzko lapiko edo ontziak» egitera bereziki jarria zegoen eta bazuen Estatuaren laguntza ere. Hurrengo hamarkadetan, metal eraldaketara bideraturiko fabrika eta fanderia berrien eraikuntzak ugaltzen jarraitu zuen; alabaina Karlistadak eten zuen hedapen garai hau. Boluetako Santa Ana lantokiaren kasua, aitzinako burdinola «siderurgia integraleko faktoria» eraldatzea da horren adibide garbia. Sortu, 1841ean sortu bazen, 1846ean egurikatzezko labe garaia eraiki zuen. Datu honek, gure siderurgiak, oraino zekarren atzerakadaren ideia bat ematen badigu ere, europarrarekin alderatzen badugu, begien bistakoa da Santa Anak Bizkaiko siderurgia tradizionalaren eraldaketaren barruan zutarri bat izan zela, burdinolekin zuen lotura hausten zuen industriarantz. Begoñako elizatean instalaturiko burdinola honen birmoldaketarekin lortu zen arrakasta berritzaileak ez zuen segidarik izan Ibaizabalen eskuinaldean ziren aitzinako burdinola guztietan. Gehienak utzi egin ziren. Horrela bada, 1828an, zeudenetatik heren bat geldituak zeudelarik, 97 bakarrik ari ziren lanean. J.E. Delmasek, 1864ean eginiko Guia Descriptiva de Vizcaya lanean, dioenez, 38 burdinola eta 44 errementera baino ez zeuden–forjak ziur asko–. Horregatik, beraz, burdinola gehienak utzi egin ziren. Beste batzuek ekoizpen manufakturatuak edo erdi manufakturatuak egiten jarduten zuten lantegiak erosi zituzten; hala nola, Lebariokoa Abadinon Durangoko Ferreterak eskuratu zuen eta bere azken urteetan –XX mendean sartuta jada– zartaginak egiten jardun zuen. Bizkaitar burdinoletariko asko errota bilakatu zituzten utzirik zeuden instalazioetan; industri honek gutxienez instalazio hidraulikoak baliatzeko aukera ematen baitzien. Behin XX. mendera iristean, askok energia elektrikoa sortzen zuten turbinak ipini zituzten.




Motak

Zeharrolak

Zeharrolak burdin totxo handiak (12-15 arroa bitartean) lantzen zituzten burdinola handiak ziren, uraren indarra erabiltzen zutenak berau lantzeko. [1]

Tiraderak

Tiraderak burdinola txikiak ziren, 5 arroa inguruko burdin totxoak lantzen zituztenak, hauek ere uraren indarra erabiliz. [1]

Fanderiak

Fanderiak XVIII. mendean sortu ziren burdinola mota bat izan zen. Bertan, ostean landuko zen burdin-xafla eta flaskoak sortzen ziren.

Historia

Lehenengo burdinolak mendietan kokaturik zeuden , bertan burdin minerala eta, egurrikatza egiteko beharrezkoa zen , egurra zeudelako . Haizeola edo agorrola (lehorreko olak) izena hartzen zuten eta mendian eraikitzen ziren harrizko labeak ziren.

Egurrikatzaren errekuntza egokia egiteko airearen injekzioa modu ezberdinetan egiten zen ( labearen berezko "tiroa" , hauspoak erabiliz edota tokiko haizea barnealdera bideratuz ). Garai hontako aztarna gutxi aurkitzen da Euskalerrian, euri eta haizearen eraginean dauden tokitan eraiki zirenez, hormak behera erori eta desagertu direlako gehienak.

XIV. mendean hasi zen uraren indarra erabiltzen, mendietatik ibai-ertzeetara mugituz burdinolak. Burdinolen urrezko garaia XVI. mendean izan zen, ontzigintza zibil eta militarraren beharrek eraginda, baina XVII. mendean euren gainbehera hasi zen, ingeles eta suediarren teknologia aurreratuagoei aurre egin ezin zietela. Beste leku batzuetan, inguruko basoen gehiegizko ustiaketak eraman zituen burdinolak desagertzera, basoekin batera burdinolek erabiltzen zuten erregaia (zura) desagertu zelako. Dena den, azken burdinolek XIX. mendera arte iraun zuten.

Monumentu izendaturiko burdinolak

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Burdinola Aldatu lotura Wikidatan
  1. a b c Harluxet Hiztegi Entziklopedikoko sarrera