Lazarragaren eskuizkribua: berrikuspenen arteko aldeak
No edit summary |
|||
83. lerroa: | 83. lerroa: | ||
| dugu |
| dugu |
||
| dugu |
| dugu |
||
| diagu |
| diagu / dinagu |
||
|- |
|- |
||
| zaitut |
| zaitut |
15:54, 2 otsaila 2016ko berrikusketa
Lazarragaren eskuizkribua | |
---|---|
Lazarragaren eskuizkribuaren 18. orriaren atzealdea. Ezkerreko zutabean, behetik hasita zazpigarren lerroan, eusquel erriau dira aurreneko bi hitzak (klikatu irudia, handitzeko). | |
Datuak | |
Idazlea | Juan Perez de Lazarraga (1567tik 1602ra bitartean idatzia) |
Argitaratze-data | 1567 (egutegi gregorianoa) |
Generoa | Artzain nobela eta poesia |
Jatorrizko izenburua | Eskuizkribua |
Hizkuntza | Euskara (gehien-gehiena) Gaztelania (zatiren batzuk) |
Herrialdea | Araba |
Orrialdeak | 102 |
Formatua | Eskuizkribua |
Lazarragaren eskuizkribua edo Joan Perez Lazarragaren eskuizkribua arabar idazleak berak gutxi gorabehera 1567tik 1602ra bitartean idatzitako lanak biltzen dituen paper sorta da. XVI. mendetik iritsi zaizkigun euskarazko testu bakarretakoa dugu, eta Hego Euskal Herriko literatura idazlan zaharrena. Halaber, Euskal Herria (eusquel erria) izena dakarren lehen idazkia dugu Lazarragarena; hiru aldiz ageri da eskuizkribu osoan.
Artzain nobela batek eta 21 koplek osatzen dute eskuizkribua. Guztira 51 orri dira eskuizkribuan (111.000 karaktere inguru, 52 orrialde estandarren parekoa edo), gehienak euskaraz idatziak (% 88 inguru), eta gainerakoak gaztelaniaz idatziak; baina pleguak ez daude osorik, eta gutxienez beste hamasei orri galdu dira ezagutzen dugun zatian, gehi aurretik izan zitezkeenak, artzain eleberria in media res hasten baita.
Ez dago garbi ea garai hartan idazlana argitaratu zen ala ez. «Pleguetan, txori paperetan, litekeena da[; b]aina koadernoa bera, orain ezagutzen dugun bezala, ez [zen] orduan argitaratzekoa» dio Gidor Bilbaok.[1] «Idazle ona [...] baina badirudi ez zituela bere euskarazko testuak argitaratu» idatzi zuen Henrike Knörrek.[2]
Aurkikuntza eta aurkezpena
Argitaratu denaren arabera, Borja Aginagaldek aurkitu zuen, Madrilgo zaharki-salerosle batenean; Gipuzkoako erakunde publiko horrek erosi zuen, eta 2004ko otsailaren 18an aurkeztu zuen jendaurrean.
Eskuizkribuaren aurkezpena gertakizun mediatiko garrantzitsua izan zen, erabat berria euskal filologiaren historian: hedabide guztietara iritsi zen aurkikuntzaren oihartzuna, eta berehalakoan izan zen denek ikusteko moduan, prentsaurrekoaren egun berean CD-ROM batean, eta handik egun gutxira Interneten. Adituen lehenbiziko txosten teknikoak ere handik bi egunera zeuden Interneten: Borja Aginagalde historialariaren estreinako paleografia- eta datatze-azterketa (1564tik 1567rako tartean Joan Perez Lazarragakok idatzia dela proposatzen zuen) eta Joseba Lakarra filologoaren atariko filologia azterketa (XVII. mendea baino lehenagoko euskal testu altxorraren tradizioan eskuizkribuak hizkuntzaren, dialektologiaren eta literaturaren azterketetarako duen garrantzia nabarmendu zuen).
Hedabideetan eman zitzaion oihartzun handi horrek, bada, badu izateko arrazoirik, euskal testuen tradizioan aspaldian izandako aurkikuntzarik garrantzitsuena izan baitzen, besteak beste arrazoi hauengatik:
- Euskal hizkuntzako eta literaturako balioagatik: altxor aberatsa da XVI-XVII. mendeetako euskara —eta bereziki Arabako euskara— ezagutzeko eta aztertzeko. Hizkuntzaren aldetik, badira hapaxak, hitz askoren lehenengo lekukotasuna aurkitzen da, oso bakantzat genituen erabilerak berresten dira, beste inon ezagutzen ez diren egiturak ageri dira.
- Duen tamaina eta formarengatik: 102 orrialdez osatutako lan mardula da, tamaina handikoa. Estilo tradizionalean idatzitako gorteko lirika da Lazarragaren lana, eta badirudi ezagutzen zituela garaiko euskal bertso molde erabilienak.
- Euskalki aldetiko garrantziagatik: informazio berria eskaintzen du euskalkien historia argitzeko.
Eskuizkribuaren datazioa
Eskuizkribuaren datazioa ez da ziurra, baina badirudi Lazarragak gutxi gorabehera 1567tik 1602ra bitartean idatzitako lanak kopiatu dituela eskuizkribu honetan, ziur aski bere bizitzako azken urteetan. Baieztapen honen atzean, bi argudio nagusi dira.
Batetik, poema batzuk gaztetan idatziak direla iduri luke. Canción y copla echa por Laçarraga en servicio de Madalena poemaren aurretik idatziriko sarrera gisakoa argia da 1567ko data zehaztean:
« | Canción y copla echa por Laçarraga en servicio de Madalena, hija de M. Diego de Bicuña, barbero, el qual puso en un poste del portegado de la iglesia de Vicuña la noche de Santiago, a 25 de julio de 1567, y tomó el dicho traslado Pedro Saenz, clérigo de Bicuña, que lo supe yo después. | » |
Bestetik, gutxienez poema baten arabera, Lazarragaren bizitzaren bukaeran datatuko litzateke eskuizkribua. Mari Lopezco ederreza poeman, poetaren ama hilik dela aditzera ematen da: «juramentu eguiten jagot / obian daçan amari». Hobian datzan ama Joan Perez Lazarragakoren ama baldin bada, datu horrek ezartzen du poema honetan —eta ziur aski eskuizkribu osoan— datatu daitekeen azken gertaera, goizenik 1602. urtekoa izan zatekeena. Izan ere, Elena Saez Erdoñakoa, poetaren ama, 1602ko «AHPA. Protocolos Notariales, 2486, ff. 85-86» dokumentuan oraindik bizirik azaltzen baita, Gervasio di Cesarek jakinarazi zuenez.
Azkenik, beste poema batzuek data ez hain zehatzak ezartzen dizkiote eskuizkribuari:
- Istoria de la quema de Salvatierra poeman kontatzen diren gertakizunak 1564koak dira. Horrek ez du esan nahi poema 1564an idatzia denik, jakina, data hori baino geroagokoa dela baino (berdin izan liteke hurrengo urtekoa nahiz hogeita hamar urte geroagokoa).
- Aide andioc bidaldu deustae poema, itxura guztien arabera, autobiografikoa da (ikus poemaren aurkezpena), eta 41-42. lerroetan honako hau aipatzen da: «Oy oraingaño ez nax ni eldu / oy bada oguei urtean». Autobiografikoa izateak ez du esan nahi ezinbestean Lazarragak hogei urte zituela idatzia izan behar duenik, baina hipotesi hori ere sinesgarria da, eta, horren arabera, 1567. urtearen ingurukoa litzateke poemaren data.
- Denpora baten içan ninçan... poeman, Donostiako San Frantzisko aipatzen da: «Donostiaco San Franciscuan / agoan guiçon soldadua» (34-35. lerroak). Donostiako frantziskotarren komentu ezagunena 1606an sortu zen, El Churrutal izeneko lekuan, Atotxan, gaurko Zuhaizti orubean, baina Joan Perez Lazarragako 1605ean zendu zenez, ezin da leku hori izan; Lazarragaren bizitzako datak kontuan hartuta, frantziskotarrek 1569an San Martin (Amara) inguruan zabaldu zuten eliza izan liteke poema honetan aipatzen dena, orduan frantziskotarrek bigarren saioa egin baitzuten Donostian komentua sortzeko, eta eliza zabaldu ere zabaldu zen 1569ko maiatzaren 4an, baina horren kontra agertu ziren zenbait erakunde, eta artillerialarien iritzia erabakigarria izan zen behin betiko ezetza emateko, harresi barruko hiribilduarentzat eraikin arriskugarria izan zatekeelakoan; frantziskotarrek eraikin hori utzi zutenean, hiriak beretzat hartu zuen etxea, 1570eko abuztuaren 23 arte, Donostiako alkateak egun horretan eman baitzizkion berriz giltzak lehengo jabeari; litekeena da 1569-1570 bitarte horretan soldaduak izatea barruan, eta horrek esan nahiko luke 1569az geroztik idatzi zirela eskuizkribuko lerro horiek behintzat.
Euskara
Euskalkia
Euskalkiari dagokionez oso lan interesgarria da, Arabako euskararen testigantza delako. Orain arte egin diren azterketetan, mendebaleko euskalkiari —eta, zehazkiago, Debagoiengo euskarari— lotua dagoela ikusi da, baina beste euskalkietako ezaugarri askorekin. Bereziki, gipuzkeraren eta Nafarroako Sakanako euskararen hainbat bereizgarri ditu. Rosa Miren Pagolaren hitzetan, «mugako hizkera denik ere zail da ukatzen».[4] Izan ere, euskalkien arteko muga zen eskualde hori. Gainera, kontuan izan behar da garai hartan mendebaleko euskara orain baino askoz hurbilago zegoela beste euskalkietatik.
Estatusa
Manuel Larramendiz geroztik (XVIII. mendea), euskarak bazterreko erabilera izan du Hego Euskal Herriko eliteetan, eta lehenagoko garaietan ere Hegoaldean erabilera molde hori nagusi zela uste izan da. Lazarragaren eskuizkribuak eskema hori hautsi du:
« | Larramendik gauza garrantzitsuez gaztelaniaz idazten zuen, eta herri xehearentzako gauzak euskaraz. Ez zen hori Larramendi baino lehenagoko idazleen joera. Lazarragak jende ikasiarentzako literatura idatzi zuen euskaraz, eta erdaraz kronika historikoa batez ere. Zer klabe dago banaketa horretan? Oraindik ez dakigu, baina argi dago ez dela Larramendiz geroztik egin izan den banaketa. | » |
—Pruden Gartzia[5] |
Hitano zahar oinarrizkoaren lekukotasuna
Xabier Kintana euskaltzainak azaldu duenez, Lazarragak bigarren pertsonari hika egiten dionean, horrek ez dakar gainerako adizki guztiak ere alokutibozko forman (hitanoan) jarri beharra.[6] Konparazio baterako, Lazarragak bazekien hi haiz formaren ondoan ni nauk esan zitekeela, baina aldi berean zilegi zuela ni naiz ere erabiltzea. Hau da, Lazarragak hitanoaren bi eredu darabiltza:
- Gaurko gramatiketako hitanoa, Leizarragaz geroztiko tradizioan, XIX. mendearen bukaeraraino, ia salbuespenik gabe erabili dena: adizki alokutiboak jarriz baiezko nahiz ezezko perpaus nagusietan (baina ez, ordea, galderetan, harridura perpausetan, subjuntiboetan, inperatiboetan eta menpeko perpausetan). Funtsean, hori da euskara batuan nagusitu den sistema ere.
- Xabier Kintanak oinarrizko hitanoa edo hitano murriztua deritzona, XVI. menderaino erabili bide zen sistema: hi pertsona aditzaren NOR, NORI edo NORK ez denean, aditza bere horretan mantentzea, hitanoko formetara aldatu gabe (ni naiz, eta ez ni nauk).
Dirudienez, oinarrizko hitano hori (alokutiborik gabekoa) da erabilera zaharrena. Alokutibozko forma adizki guztietara XVI. mendea baino lehentxeago hasi zitzaigun hedatzen, eta, hasieran, Euskal Herriko toki zehatz batzuetan baino ez. Euskaltzaindiak, bestalde, adizki alokutiboak arautu dituen arren, oraindik ez du arautu noiz eta nola erabili behar diren («Euskaltzaindiaren lana adizkeren formaren finkatzea izan da, eta ez da sartu erabilera arazoetan»).[7] Beraz, euskara batuko araurik ez luke urratuko oinarrizko hitanoa erabiltzeak, nahiz eta aspalditik euskaran erabili ez den molde bat den.
Hori guztia kontuan hartuta, eta hitanoa izaten ari den atzerakada larria ikusirik, Xabier Kintanak proposatu du haurrei eta euskara ikasleei oinarrizko sistema hori irakastea, galbidean den hitanoa indarberritzearren, eta alokutibozko sistema konplexua errazago ikasteko oinarria izan dadin.[6]
Hona hemen adibide batzuk, oinarrizko hitanoa (alokutibogabea) eta hitano osoa (alokutiboduna) euskara batuan aplikatuz:
Zukako adizkia | Hikako adizkia (solaskide gizonezkoa / emakumezkoa) | |
---|---|---|
oinarrizko hitanoa |
(adizki alokutiboduna) | |
zara | haiz | haiz |
naiz | naiz | nauk / naun |
dugu | dugu | diagu / dinagu |
zaitut | haut | haut |
dizkizut | dizkiat / dizkinat | dizkiat / dizkinat |
dizkiet | dizkiet | zizkieat / zizkienat |
nator | nator | natorrek / natorren |
zebilen | zebilen | zebilean / zebilenan |
dakigu | dakigu | zakiagu, zekiagu / zakinagu, zekinagu |
Berriz ere Lazarragaren eskuizkribura etorrita, hona hemen erabilera alokutibodunaren adibide bat (letra lodiz nabarmendu ditugu hikako lau adizkiak; erdiko biak dira alokutiboak):
« | Donostiaco San Françiscuan agoan giçon soldadua |
» |
Eta hemen, erabilera alokutibogabea (hau da, oinarrizko hitanoa; letra lodiz nabarmendu ditugu hikako adizki bakarra —lehenengoa— eta hitano osoan alokutiboak liratekeen hiru adizkiak):
« | Arçai polita, yc jaquingo doc eçe guec goaçela Dueroco riberara, çegaiti ençun dogu ezen Silvero derechan arçai batec dabela lucha andiac armatu comarcaetako arçai guztiaquin eta dagoala denporea asignadur [sic] egun seigarren eguneco. Eta ala ene lagun au eta ni goaç ara Silveroren jentilezac ecusterren çegaiti utra manera andian daçauen guztioc alabadu deuscue. [1147 r-v] | » |
Testuaren egitura
Edukiari dagokionez, eskuizkribuko testu nagusian bi atal bereizten dira nabarmenki: lehenik artzain liburu bat (testu nagusiaren % 32), gehienbat prosan idatzia, tartekatuak dituen arren kantu moduko poemak; bigarrenik, askotariko poema eta kantuen bilduma, haietarik 37 euskaraz idatziak, eta gainerako 9ak gaztelaniaz.
Artzain liburua
Artzain liburuaren hasiera eta bukaera galdu dira. Artzain nobelak genero arrakastatsua izan ziren Europan XVI. mendean, eta Jorge de Montemayor portugaldarrak gaztelaniaz idatzitako Los siete libros de la Diana (1559) Europa osoan itzuli eta imitatu zuten; badirudi ildo horretan kokatu behar dela Lazarragaren prosa lana.
Artzain liburuak, funtsean, amodio nahasien istorioa kontatzen du: Silberok Sirena maite du, Sirenak Doristeo, Doristeok Silbia, eta Silbiak Silbero (baina amodio kateak ez du beste alderako biderik). Beste pertsonaiak hauek dira: Dorido, Clarian, Narvaez, Marte eta Kupido.
Poema eta kantuen bilduma
Askotariko poema eta kantuak dira, haietarik 37 euskaraz idatziak, eta gainerako 9ak gaztelaniaz.
Bilduma hau artzain liburua baino zailagoa da deskribatzeko eta sailkatzeko (gaiak, neurriak, jatorriak, poema herrikoiak eta kultu izan nahi dutenak...). Gehienetan (erdiak baino gehiago) maitasun kontuak dira gai nagusia, baina badira erlijiozkoak, narratiboak, isekazkoak...
Poema batzuen neurriak eta moldeak oso herrikoiak dira (eta ez dakigu Lazarraga den egilea ala herri tradiziotik jasoa bildu duen), baina beste batzuetan gaztelaniazko cancionero zahar eta berrietako neurriak eta moldeak hartzen ditu. Gaztelaniazko poema batzuetan, ziur dakigu ez direla Lazarragak asmatuak, baizik eta plegu horietan bilduma osatzearren kopiatuak. Euskarazko poema batzuei, berriz, aurkitu zaizkie ordainak beste hizkuntza batzuetan. Hortaz, azterketa sakonagoak behar dira ezer ziurrik esateko, baina badirudi koaderno berean bildu dituztela idazle batek baino gehiagok berek asmaturiko lanak eta beste nonbait ikasiak. Testu nagusiari dagokionez, badirudi Lazarraga dela idazlea; eta alboetako testuetan, Lazarraga eta geroagoko beste esku batzuk izan datezke.
Eskuizkribua, jendearen eskura
- Eskuizkribua bera, Gipuzkoako eta Arabako foru aldundien arteko hitzarmen bati esker, Gasteizko Bibat Museoan dago orain.
- Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2004ko otsailaren 18ko aurkezpen ekitaldirako, eskuizkribua argitaratu zuen CD-ROMean[8] Handik lasterrera, Interneten ere jarri zuen, guztien eskuragarri.[9] Gainera, faksimilea ere argitaratu zuen.[10]
- Susa argitaletxearen Armiarma webgunean, Gipuzkoako Aldundiak testua plazaratu eta hilabete gutxira argitaratu zuen Iñigo Landak lehenengo transkripzioa, literaturazaleentzat.[11] Webgune horretan bertan, grafia eguneratuta ere argitaratu zuten.[12]
- Erein argitaletxeak 2004. urtea amaitu baino lehen jarri zuen dendetan Patri Urkizuren edizioa, Joan Perez de Lazarraga. Dianea & Koplak. Madrid 1567 izenburuarekin (2004-05-04an sinaturiko azterketarekin, testuak berrantolaturik emanda, grafia modernoan, ohar argigarri ez sistematikoekin). Egileak berak esan zuenez, «liburua ahalik eta azkarren jendearen eskuetan» jartzea zuen helburu.[13] Beraz, Lazarragaren eskuizkribua hain testu korapilatsua izanik, funtsezko hainbat alderdi esplikatu gabe utzi zituen, eta hutsegiteren batzuk baditu: besteak beste, testuan inon ageri ez den Dianea izena ikusi izana (izatez, dianean 'doanean' adizkia da Lazarragak darabilena).
- Pruden Gartziaren Lazarraga. Ernazimentua euskaraz saiakerak irabazi zuen 2005eko Juan Zelaia Saria. Tesi hau aldezten du: Lazarragaren lanak erakusten duenez, Araban eta Euskal Herrian, XVI. mendean, zinezko euskarazko berpizkunde baten hastapena izan zela.
- Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeak Lazarraga Eskuizkribua: edizioa eta azterketa lana argitaratu du EHUren webgunean.[14] Izan ere, zatikako azterketa batzuk ordurako argitaratuak ziren arren, oraindik finkatu gabe zegoen testua bera; eta edizio fidagarri, arduratsu eta zintzoa behar zen, pasarte zail ugariak argitzen ahaleginduko zena (zailtasun asko baititu testuak, hala paleografiaren aldetik nola hizkuntzaren aldetik). Horretantxe ahalegindu dira, bada, Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeko sei kide: Gidor Bilbao, Ricardo Gómez, Joseba Lakarra, Julen Manterola, Céline Mounole eta Blanca Urgell.
Erreferentziak
- ↑ Alberto Barandiaran: «Lazarraga askatzen», Berria, 2008-12-09.
- ↑ Henrike Knörr: «Euskara eta dotorezia», Berria, 2006-12-06. [El Correo egunkarian argitaratu zen baina Interneten eskuragarri ez dagoen artikulu baten laburpena.]
- ↑ Arabako toponimoetan eta garai hartako Arabako euskal idazleen testuetan oinarritua dago mapa. Iturria: Koldo Zuazo, 1997, «Euskara Araban», Uztaro, 21. zenbakia, 79-95. orrialdeak.
- ↑ Pagola, Rosa Miren, 2006, «Lazarragaren eskuizkribua: grafiak, hotsak eta hitzak», in C. Isasi Martínez & S. Gómez Seibane (arg.), Lingüística Vasco-Románica. I Jornadas = Euskal-Erromantze Linguistika. I. Jardunaldiak. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 539-561 (= Oihenart 21).
- ↑ Juan Luis Zabala: «Topiko zaharren birrintzailea», Berria, 2008-12-11. [Artium museoan Lazarragari buruz eginiko jardunaldien kronika.]
- ↑ a b Kintana, Xabier, 2005, «Lazarraga poeta zahar gaztearen berri onak», Euskera 50, 129-159. [Joan Perez Lazarragakoren omenez Euskaltzaindiak Ozetan (Araba) eginiko bilkuran Kintanak emandako hitzaldiaren testua da.]
- ↑ Euskaltzaindiaren 14. araua: «Adizki alokutiboak (hikako moldea)»
- ↑ Gipuzkoako Foru Aldundia, 2004, Lazarragaren eskuizkribua. XVI. mendea [Eskuizkribuaren argazkien CD-ROMa].
- ↑ Gipuzkoako Foru Aldundia, 2004, Juan Perez de Lazarraga Larrea Dorretxeko jaunaren eskuizkribua (1564-1567) [Eskuizkribuaren argazkiak, online].
- ↑ Gipuzkoako Foru Aldundia, 2004, Lazarragaren eskuizkribua (XVI. mendea). Madril: Edilán-Ars Libris [Eskuizkribuaren faksimilea].
- ↑ Landa, Iñigo, 2004, Lazarragaren eskuizkribua: transkripzioa [Online].
- ↑ Klasikoen Gordailua, 2004, Eskuizkribua. Joan Perez de Lazarraga. [Edizioa, grafia eguneratuta, online].
- ↑ Juan Luis Zabala: «Joan Perez de Lazarragaren 'Dianea' eta 'koplak' batu ditu Patri urkizuren edizio kritikoak», Berria, 2004-07-02.
- ↑ Gidor Bilbao eta beste (Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldea), Lazarraga eskuizkribua: edizioa eta azterketa (1.0.1), Gasteiz: Euskal Herriko Unibertsitatea. Interneten eskuragarri: http://www.lazarraga.com. 2010-09-17an eskuratua. Artikulu honetarako, hainbat zati kopiatu dira argitalpen horretatik, Creative Commons by-SA 3.0 lizentziarekin argitaratu baitute.
Bibliografia
|
|
---|
Ikus, gainera
Kanpo loturak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskara |
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak: Lazarragaren eskuizkribua |
- Lazarragaren eskuizkribua, Klasikoen Gordailuan.
- Euskal Herriko Unibertsitateko Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldea: Lazarragaren eskuizkribua: edizioa eta azterketa.
- Eskuizkribuaren argazkiak