Donostia: berrikuspenen arteko aldeak

Koordenatuak: 43°19′N 1°59′W / 43.32°N 1.98°W / 43.32; -1.98
Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
331. lerroa: 331. lerroa:
Zerbitzuetan diharduen hiria da; administrazioaz gain, merkataritza ere garrantzitsua da. Finantza eta unibertsitate zerbitzuak biziki ugaldu dira 1970eko hamarkadaz geroztik. Kultura eta turismo hiria da, hainbat jai, kultura eta kirol ekitaldiren egoitza (estropadetan, Donostiako edo Kontxako bandera; Nazioarteko Zinemaldia; Musika Hamabostaldia; arte erakusketak; Aste Nagusia; eta abar). XIX. mendean [[Viktoria Eugenia Battenbergekoa|Viktoria Eugenia]] erreginak bere oporraldirako hautatu zuenez geroztik, Donostiak hiri turistiko izateari eutsi dio.
Zerbitzuetan diharduen hiria da; administrazioaz gain, merkataritza ere garrantzitsua da. Finantza eta unibertsitate zerbitzuak biziki ugaldu dira 1970eko hamarkadaz geroztik. Kultura eta turismo hiria da, hainbat jai, kultura eta kirol ekitaldiren egoitza (estropadetan, Donostiako edo Kontxako bandera; Nazioarteko Zinemaldia; Musika Hamabostaldia; arte erakusketak; Aste Nagusia; eta abar). XIX. mendean [[Viktoria Eugenia Battenbergekoa|Viktoria Eugenia]] erreginak bere oporraldirako hautatu zuenez geroztik, Donostiak hiri turistiko izateari eutsi dio.


Donostiako Barne Produktu Gordina per kapita 34.589 eurokoa zen 2012 urtean. <ref>Barne Produktu Gordina per kapita, EAE, Eustat. 2012</ref>
Donostiako [Barne Produktu Gordina]] per kapita 34.589 eurokoa zen 2012 urtean. <ref>Barne Produktu Gordina per kapita, EAE, Eustat. 2012</ref>





15:11, 7 azaroa 2016ko berrikusketa

Donostia
 Gipuzkoa, Euskal Herria
Donostia, airetik ikusia
Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaGipuzkoa
EskualdeaDonostialdea
Izen ofizialaDonostia eta San Sebastián
AlkateaEneko Goya Laso
Posta kodea200XX
INE kodea20069
Herritarradonostiarra
Ezizenakaskarinak eta ñoñostiarrak
Kokapena
Koordenatuak43°19′N 1°59′W / 43.32°N 1.98°W / 43.32; -1.98
Map
Azalera60.89
Garaiera6
Demografia
Biztanleria188.743 (2023)
894 (2022)
alt_left 99.109 (%52,5) (%46,8) 88.306 alt_right
Dentsitatea3.099,74 bizt/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
% 2,58
Zahartze tasa[1]% 21,35
Ugalkortasun tasa[1]‰ 37,24
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 79,05 (2011)
Genero desoreka[1]% 1,51 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 9,64 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 38,87 (2010)
Kaleko erabilera [2]% 16.1 (2016)
Etxeko erabilera[3]% 25.93 (2016)
Datu gehigarriak
Sorrera1180
Webguneahttp://www.donostia.eus
Hiri senidetuakBojadorko Daira, Marugame, Wiesbaden, Batumi, Plymouth, Trento, Reno, Ramallah eta Esmeraldas (en) Itzuli

Donostia (ofizialki Donostia euskaraz eta San Sebastián gaztelaniaz)[4] Gipuzkoako hiriburu eta udalerri nagusia da. Halaber, Euskal Herriko hiri jendetsuenen artean laugarrena da, 180.179 biztanle baititu, eta Euskal Herriko hiriburuetatik Donostiak du euskaldunen ehunekorik handiena: % 33,5.[5] Haren metropoli eremuak 400.000 bat biztanle ditu. Kantauri itsasoaren ertzean dago, Bizkaiko golkoaren muturrean, eta Madril-Paris errepide eta trenbide ardatzean. Hainbat auzotan banatua, Donostiak Urgull mendiaren oinetan du bere gune zaharrena, Parte Zaharra izenekoa. XIX. mendearen bukaeran, gune hori ixten zuten harresiak eraitsi eta hiria hegoalderantz zabaltzen hasi zen. Halaxe, erdialdeko zabalgunea osatu zen lehenik, eta geroago GrosUlia mendiaren oinetan eta Urumea ibaia bitartean— eta Amara —erdigunetik hegoaldera— auzo modernoak.

Turismoa hiriaren euskarri ekonomiko nagusietakoa izan da XIX. mendeaz geroztik, Kontxako badiaren edertasuna dela kausa. Gaur egun, mundu osoan du sona handia Donostiako gastronomiak, goi mailako sukaldaritza egiten duten sukaldari eta jatetxe entzutetsuei esker (Arzak, Subijana, Berasategi eta Castillo) eta edonoren eskura dagoen gastronomia egiten duten Parte Zaharreko taberna eta jatetxeetako pintxoei esker. Kulturaren arloan, nazioartearen arreta erakartzen duten hainbat ekitaldi antolatzen dira urtero: Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, Jazzaldia eta Musika Hamabostaldia, besteak beste. 2014an, National Geographic aldizkariak Donostia munduko hiri zoriontsuenen zerrendan sartu zuen, ezaugarri erakargarrientzat nabarmendurik hondartzak, jatetxeak eta Igeldoko parkea.[6] 2016an Donostia Europako Kultura Hiriburua da, Poloniako Wrocław hiriarekin batera.

Merkataritzak eta bestelako zerbitzuek jendetza handia erakartzen dute probintziako herrietatik. Orobat, zentro administratibo garrantzitsua da: Gipuzkoako erakunde publikoek eta Euskal Autonomi Erkidegoko zenbait organok Donostian dute egoitza. Unibertsitateek pisu handia dute hiriaren bizimoduan, hiru unibertsitate campus dituenez: Euskal Herriko Unibertsitatearen Ibaetako Campusa, Deustuko Unibertsitatearen Gipuzkoako Campusa edo EUTG eta Nafarroako Unibertsitatearen Ingeniaritza Eskola. Ikerkuntza arloan, aipagarriak dira Donostia International Physics Center, fisikaren arloko nazioarteko zentroa, eta nanoGUNE, nanoteknologiari buruzko nazioarteko zentroa.

Kirolzaletasuna ere nabaria da hirian, eta kirol erakunde, azpiegitura eta ekitaldi nabarmenak ditu futbolean (Real Sociedad taldea), saskibaloian (Gipuzkoa Basket taldea), errugbian (Bera Bera taldea), hockeyan (Txuri Urdin taldea), atletismoan (Behobia-Donostia lasterketa), txirrindularitzan (Donostia Klasikoa nazioarteko lasterketa), arraunketan (Kontxako Bandera proba) eta esku huskako pilotan (Atano III.a pilotalekua).

Izena

Etimologia

Donostia 1572an, Georg Braun alemaniarraren margolana.
  • Donostia: Donostia euskal izenaren jatorria ez da oso argia. Hipotesi onartuena Koldo Mitxelenarena da, hots, Sebastian santuaren izenetik datorrela hiriaren euskal izena ere, latinezko Dominus Sebastianus izenetik abiatuta bilakabide hau eginda: *Done Sebastiáne > Donasa(b)astiai > Donasastia > Donastia > Donostia.[7] Beste hipotesi batek dio bilakabidea beste hau izan zela: *Done Sebastiane > *Done Sebastiae > *Done Sebastie (Ezkaroze herrian Sebastie antroponimoa badela argudiatuta) > *Donesebastia > *Donasastia > *Donastia > Donostia.[8] Ez da ahaztu behar Orendaingo San Sebastian ermitari Jaun Donosti izena eman izan diotela herritarrek.[9] Azkenik, gaur egun baztertzen den hipotesi batek dio izenaren jatorria latinezko dominus ostianus (hitzez hitz, portuko buruzagia) izan zela. Nolanahi ere, egungo euskal izenaren lehen aipamen idatzia Joan Perez Lazarraga arabarrak egin zuen, XVI. mendean: «Donostiako San Frantziskuan / hagoan gizon soldadua».[8]
  • San Sebastian: 1180. urteko hiribildu-foruan agertzen da Sanctus Sebastianus izena lehen aldiz agiri batean,[10] 1014. urtetik izen horren berri badago ere, San Sebastian santuaren omenez, Antigua auzoan Loretopearen gainean eraikitako monasterio bati loturik. Hortik dator San Sebastián erdal izena.
  • Easo: hiriari Easo (edo, gaztelaniaz, la Bella Easo) izena eman izan zaio, aurreko mendeetan Donostialdean kokatua zela uste izan zen Oiasso erromatar hiria zela eta; hortik etorri zen donostiarrek easoar izena jasotzea. Egun, ordea, badakigu Oiasso Bidasoa ibaiaren bokalean zegoela.

Herritarrak

Donostiako herritarrak donostiarrak dira. Halere, Donostiako kultura herrikoian, eta batez ere Parte Zaharrekoan, bi ezizen erabili izan dira: San Bizente elizaren inguruan jaio edota bizi direnentzat, koxkeroak; eta Santa Maria elizaren inguruan jaio edo bizi direnentzat, josemaritarrak.[11][12] Burla egiteko ezizentzat, berriz, donostiarrei kaskarinak[11][12] (hau da, «burugabeak, gauzak pentsatu gabe egiten dituztenak») edo ñoñostiarrak[13] («Donostiako aberaskumeak, señoritoak, txepelak»)[14][15] deritze, eta hiriburuari, Ñoñostia.[16]


Donostia, Igeldoko jolas-parketik ikusita.
Donostia, Igeldoko jolas-parketik ikusita.

Geografia

Donostia Urumea ibaiaren bokalean dago, Igeldo, Urgull eta Ulia mendien artean, eta hiru hondartza ditu: Ondarreta, Kontxa eta Zurriola. Elkarren ondoan dauden lur horiez gainera, hiru barrendegi ditu hiriak: hego-mendebaldean, Zubieta auzoaren zati bat; hego-ekialdean, Landarbaso mendialdea; eta hegoalderago, Urdaburu mendialdea.

Geologia

Donostia, airetik ikusia. Ekialdetik mendebaldera, Ulia, Urgull, Santa Klara uhartea eta Igeldo mendia ageri dira. Zurriola, Kontxa eta Ondarreta hondartzak ere argi ikusten dira. Hiria Urumea ibaiak zeharkatzen du.

Hiria Kontxako badiaren inguruetan zabaltzen da, Bizkaiko golkoaren kostaldean. Donostiako kostaldea Hondarribitik Oriora Eozenoko hareharrizko flysch delakoak osaturiko mendikateak zeharkatzen du: Ulia, Urgull, Igeldo mendia eta Mendizorrotz ekialdetik mendebaldera. Mendikatea etena duen eremuetan Zurriola, hain zuzen Urumea ibaiaren bokalean, Kontxa eta Ondarreta hondartzak daude. Kontxako badiako sarreran, Santa Klara uhartea dago.

Parte Zaharra eta erdialdeko zabalgunea San Bartolome gaina eta Urgull mendia lotzen zituen tonboloaren gainean eraiki ziren; eta Gros auzoa osatu aurretik, hareatza zabala zegoen han. Amara auzoko lurretan, berriz, Urumea ibaiak sortutako padura zegoen. Eremu hauetan izan ezik, Donostiako udalerria 50-100 metroko kareharrizko muino txikietan kokatua dago gehienbat, muino batetik bestera kareharriaren higaduraz sortutako ibar txikiak dituela (Ametzagaina, Aiete, Añorga, Igara). Udalerriaren ekialdean dagoen San Marko-Txoritokieta mendia diapiro-egitura bat da.[17]

Sismologiari dagokionez, Donostiak badu arriskurik. Izan ere, lurrikaren sorgune ez den arren, uhin sismikoen anplifikazio eremu baten barruan daude hala Donostia osoa nola haren metropoli eremuaren zati handi bat. Hala, bada, hainbat kilometrotara sortutako lurrikarek eragin handia dute Donostian; halaxe erakutsi dute Iruñeko 1903ko lurrikarak, Martesko (Huesca) 1923koak, Turruncúngo (Errioxa) 1929koak eta Eretako (Okzitania) 1967koak.[18]

Hidrologia

Urumea ibaia Goizueta, Hernani eta Astigarraga herrietatik igaro ondoren, hiria zeharkatuz itsasoratzen da bokale bat sortuz. Bokalean nabariak dira itsas gorabeheren eragina, Loiola eta Martutene auzoetaraino. Hori dela eta, ohikoa da, uholdea dagoenean, auzo horietan ibaiko urak gainezka egitea. Urumea ibaiak bere ibilbidean osatzen dituen zeharruneetatik nabaria da hirian Kristinaenea lorategia inguratzen duena. Aipatu behar da Oria ibaia ere, Gipuzkoako ibairik luzeena, Zubieta auzotik igarotzen dena, itsasoratzetik kilometro gutxitara. Añorga errekak ere Antigua, Ibaeta, Igara eta Añorga auzoak zeharkatzen zituen garai batean, baina egun lur azpian dago bideratuta hirira sartzean.

Landaredia

Landaredi potentzialean, gizakiaren eraginaren ezean litzatekeen hartan alegia, batez ere lizarra eta haritza aurkituko lirateke, eta ezkia, zumarra, gaztainondoa, astigarra, pagoa, zumea eta haltza neurri txikiagoan, betiere hezetasun maila zein den. Azpiko basoan, hurritza, elorri beltza eta garoak izango lirateke. Belardi eta soroek ere oparotasun eta aniztasun nabaria erakusten dute. Oro har, Donostiako landaredia klima ozeaniko heze bati dagokiona izango litzateke, tenperatura hotzepelekin, Kantauri isurialde osoaren antzera.

Dena den, egungo landaredia gizakiak gogor eragindakoa da. Hiriko urbanizazioak antzinako basoak eta baserri lurrak ordeztu ditu neurri handi batean. Hirigunetik kanpo soroak eta baratzeak dira, baserrien ustiapenen ondorioz, antzinako landaredia ezabatu dutenak. Ulia eta Igeldoko gune batzuetan, otea , garoa eta txilarra dira nagusi, antzinako basoaren galtzearen ondoren garatu den landaredia. Bertakoa ez den pinu beltzaren (Pinus radiata) gune batzuk ere badaude, Zubieta eta Landarbaso aldean, Euskal Herriko beste gune batzuetan baino neurri txikiagoan ordea. Hala ere, antzinako landarediko guneak daude oraindik ere Igeldon, Urgullen, Ulian, Igarako erreka inguruetan, Añorgan, Ametzagainan, Basozabalen eta Aieteko zenbait tokitan. Haltzak, berriz, baditugu Urumea ibaiaren ibilbidean, Martutene aldean, eta Oria ibaiaren ertzetan, Zubieta aldean.[19]

Mugak

Iparraldean, Donostiak osoki Kantauri Itsasoarekin egiten du muga; ipar-ekialdean, Kantauri Itsasoa eta Pasaiarekin; ipar-mendebaldean Kantauri Itsasoa, Igeldo eta Oriorekin; ekialdean, Astigarragarekin; hego-ekialdean, Hernani eta Astigarragarekin; hegoaldean, Lasarte-Oria eta Hernanirekin; hego-mendebaldean Lasarte-Oriarekin; eta mendebaldean, berriz, Usurbilrekin.

Klima

Donostiako klima: zutabe urdinek euri kopurua adierazten dute, hilez hil. Marrek tenperatura maximoa, batez bestekoa eta minimoa ematen dituzte.

Donostiak, euskal kostalde guztiak bezala, klima ozeanikoa du. Köppen klima sailkapenaren arabera, Donostiakoa klima hotzepel hezea eta urtaro lehorrik gabea (Cfb kodeaz) da. Tenperatura hotzepelak, hezetasun nabaria eta euri ugari izaten dira Donostian urte osoan zehar. Hala ere, uda eta negua nabari bereizten dira tenperaturari dagokionez. Euria berriz, urte osoan izaten da eta neguaren eta udaren arteko aldeak txikiak izaten dira. Elurra, ordea, oso gutxitan egiten du, urtean behin-edo, eta 5-10 alditan izozten du urtean. Enbata ugari izaten dira. Urrian eta martxoan ur biziak izaten dira, hau da, maila handiko itsas gorabeherak.[19]

2007an euri kopurua 1.536,1 mm izan zen. Batez besteko tenperatura 15 °C ingurukoa izaten da eta udako hezetasun handiak (% 65-70 inguru) bero handiko sentipen termikoa sortzen du. Hego haizeak jotzen duenean, tenperatura supituki igo daiteke, neguan 20 °C eta udan 38 °C eragin arte. Udan, tenperatura handi horien ondoren, ipar-mendebaldeko haizeak bat-batean jo dezake, eta enbata eragin.


    Datu klimatikoak (Donostia)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 12.8 13.9 15.4 16.8 20.0 22.3 24.7 25.2 23.7 20.4 15.8 13.7 18.7
Batez besteko tenperatura (ºC) 8.6 9.5 10.9 12.4 15.7 18.2 20.6 21.0 19.0 15.8 11.5 9.6 14.4
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 4.4 5.1 6.4 8.0 11.3 14.0 16.4 16.7 14.3 11.2 7.2 5.5 10.0
Pilatutako prezipitazioa (mm) 168 150 144 168 138 96 98 112 138 174 186 167 1738
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 13 12 12 14 12 10 9 10 10 12 13 12 140
Eguzki orduak 91 104 139 148 174 185 202 194 167 136 100 82 1722
Iturria (1): AEMET[20]
Iturria (2): Geografía e historia de San Sebastián: el clima[19]

Auzoak

Donostiako Parte Zaharra.

Mendetan Donostiako harresiek kale estuak dituen Donostiako Parte Zaharra inguratu zuten, 1863. urtean harresiak eraitsi zirenean, ordea, hasi egin zen Donostia hiria zabaltzen egun ezagutzen den hiria osatu arte. Antonio Kortazarren Hiriko Plan Orokorrak etxalde karratu erregularrak taxutu zituen egungo Boulevardetik Mendeurrenaren plazaraino. Lehenengo zabalgune hura 1900. urtean egin zen. Orduan hiriak zubi bakarra zuen, Santa Katalina zubia, hain zuzen. XX. mendearen lehenengo erdian hiria Gros aldera zabaltzen hasi eta Antiguako zabalgunea osatzen ere hasi zen. Urte haietan Urumea ibaia bideratu eta beste azpiegitura batzuk ere eraiki ziren, hala nola, Maria Kristina zubia eta Zurriola zubia. 1950eko hamarkadan Amara auzoa osatu zen, Antso Jakitunaren hiribidearen inguruan lehendabizi eta 1960ko hamarkadaren ondoren, Amara Berria auzoa osatuz. Urte horietan izandako hazkunde demografiko itzelaren ondorioz, Altza, Bidebieta, Egia eta Loiola auzoek zabalkunde handia izan zuten, zoritxarreko handikeriazko urbanismo batez. XX. mendearen hondarretan eta XXI. mendearen hasieran, besteak beste, Loiolako Erriberak, Benta Berri, Errotaburu, Ibaeta eta Berio izeneko auzoak osatu ziren. Egun, Parte Zaharra eta Igeldo baserri-auzoa dira antzinako itxura erakusten bakarrak.[21]

Hau da auzoen zerrenda ofiziala:[22]

Horietaz gain, Donostiak baditu hiru barrendegi ere: Zubietakoa, Landarbasokoa eta Urdaburukoa. Zubietakoak baizik ez ditu biztanleak.


Historia

Sakontzeko, irakurri: «Donostiako historia»

Gizakia orain dela 25.000 urtetik, gutxienez, bizi izan da Donostia inguruan. Ametzagaina izeneko lekuan garai horretako industria litikoa aurkitu dute.[23]

Erdi Aroa

Hiriaren sorrera

Jaizkibelgo senadi bat

Donostiari (bertako monasterioari) buruzko lehendabiziko aipamenak X eta XI. mende hasierakoak diren arren, Nafarroako Antso Jakitunak 1180. urte aldera eman zion hiri-gutuna, lehenagokoa ez ote den adierazi izan bada ere. Tomas Urzainkik azaltzen du hiri-gutun hori Lizarrako foruan oinarritu zela: artikuluen % 60 inguru, baina bere berezitasun handiena itsasorako forua izatea da, Antso Jakitunak Donostia bihurtu nahi baitzuen Nafarroaren itsas merkataritzaren portu nagusia.[24] Hauxe da Europako lehendabiziko itsas forua, eta bertan biltzen dira Europako itsas lege zaharrenak.[25]

Baiona denbora luzean Nafarroaren portu izan zen, baina XI. mendean baliorik gabeko portu bat zuen, landetako hareak itsutua. Horrek emigrazio handi bat eragin zuen Baionatik eta Gaskoiniatik (gaskoiak, "franko" deituak) eta Urgull magaleko hareatzan finkatu ziren Erregeren abantailek erakarrita: Orioraino, libre ziren merkataritzan aritzeko.[26] Ordurako Santa Maria eta San Bizente Antiguokoa aipatzen dira, eta Antso Jakitunak Izurungo monasterioa eman zien dohaintzan. Lehena, bertako 'nafar'en eliza zen eta bigarrena, berriz, gaskoiena, Manuel Lekuonak azaltzen duenez.[27] Itsas merkataritza handia zen ordurako Europa iparraldearekin. 1200. urtean Alfontso VIII.a Gaztelakoak Nafarroa inbaditu zuen, eta Gipuzkoan portu garrantzitsuak eskuratu: Mutriku, Getaria, Donostia, Hondarribia, etab. Konkista hori sendotzeko, Gaztelako erregeak berretsi egin zuen Donostiaren nafar forua 1204an.[28]

Gaztelako koroaren pean

Gaztelako koroaren eskuetan geratuta ere, Donostiak jarraitu egin zuen Nafarroaren itsas merkataritza-bideetan, eta Antso IV.a Gaztelakoak, XIII. mende amaieran, berretsi egin zituen nafar merkatariek hiribilduan zituzten pribilegioak. Nafar produktuen isuri horrez gain, Donostiak Gipuzkoan barrena heldutako Gaztelako salgaiak itsasoratzen zituen.[29] Horrek oparoaldi bat ekarri zuen, eta Donostiak autonomia handia agertu zuen.

Euskal bale-ehizako ontzi baten barruko irudikapena

Donostiarrek, orduan, hiru ainguraleku nagusi zituzten: Kontxa, Zurriola, eta Pasaia (Pasage).[30] Horietatik abiatzen eta sartzen ziren koka motako itsasontziak, garai hartan arrakasta handikoak, Atlantikoko kostaldeko itsas trafikoan erabiltzen baitziren Flandesera bidean. Haien sotoetan ekartzen zituzten oihalak, apaingarriak, tinduak, eta zirtzilkeriak.[31]

San Bizente eliza (1574an amaitua), Donostiako eliza zaharrena, gaskoien erlijio-bilgune

1266tik aurrera, hiriak hainbat sute jasan zituen. Donostiaren mugetan Usurbil eta Orio sortu ziren 1371 eta 1379an. Gainera, hainbat istilu izan zituzten donostiarrek Hernaniko olagizonekin. 1397. urtean, Donostiak Gipuzkoako Ermandadea sortzen lagundu zuen oinaztarren eta ganboatarren arteko lehia bete-betean, zailtasunak ekartzen baitzizkien donostiarrei barne merkataritzan. 1459an, Donostia guztiz sartu zen Gipuzkoan.[32]

Aro modernoa

Donostia mugako hiri

1489an, sute latz batek hiria kiskali egin zuen, baita aro berri baten hasiera iragarri ere.[33] Harrezkero, hiria gerra-gotorleku bihurtzen hasi zen, Gaztelaren eta Frantziaren artean. Gaztela-Aragoiko errege-erreginek donostiarrak babestu zituzten, hainbat zergatatik salbuetsi eta abar. 1521ean, laguntza eman zion Komuneroen Matxinadaren kontra eta enperadorearen tropei Nafarroako gudan. Karlos V.ak Muy Noble y Muy Leal titulua esleitu zion, eta hainbat erlijio-erakunde sortu ziren hirian ordutik aurrera.

Donostiaren irudikapen bat 1572an

Hiribilduaren oparoaldiak mendearen bigarren erdi arte iraun zuen. Hala ere, Karlos V.a eta bere oinordekoak (Filipe II.a eta Filipe III.a) gerra gehiagotan sartu ahala, Donostiaren egoera okertzen joan zen, erregeon ontzi- eta eskifaia-eskaera hertsatzaileengatik. Arrantza-kanpainei dagokienez, 1580eko lekukotasun baten arabera, 13-14 itsasontzi ateratzen ziren Ternuara urtero Donostiatik, 70-100 marinel bana.[34]

1597an, berriz, izurrite bubonikoak hiria eta Pasaia astindu zituen, baita 650 hildako utzi ere Donostian, eta 364 Pasaian.[35] Gorabeheron erdian zorpetuta zebilela eta, udalak zerga berriak jarri zizkion artileari portuetan (bereziki Pasaiakoan), baita ondorio larriak eragin ere. Iruñetik zetorren barrualdeko merkataritzak iparraldeko bidea hartu zuen, eta Baiona bihurtu zen nafar artilea itsasoratzeko portua.[36] Ordu arteko Donostiako ontziolak ontziola handi eta espezializatuagoen beharrez Pasaiara lekualdatzen joan ziren. 1682an, Kontsulatua eta Kontratazio Etxea sortu ziren Donostian.

Ameriketara begira

Donostiako Santa Maria eliza, Konpainiaren diru-ekarpenez eraikia
Sakontzeko, irakurri: «Caracasko Gipuzkoar Konpainia»

1713ko Utrechteko Ituna oso kaltegarria izan zen hiriarentzat, donostiarrek ipar Atlantikoko arrantza-urak galdu baitzituzten. Gainera, ez zuen bakea ekarri, Frantziaren etsaigoa baizik. 1719. urtean, lehendabizikoz Donostia Berwick dukea buru zuen frantziar 26.000 gerlariko armadak hartu zuen, setioa jarri ondoren. Donostiaren berreraikuntza-lanetan, Plaza Berria sortu zuten Donostiaren erdian olgeta eta merkaturako.

1728an, Caracasko Gipuzkoar Konpainia sortu zen. Baldintzak mesedegarriak ziren nola gipuzkoarrentzat, hala Erregearentzat, inportatutako gaiek, bereziki kakao estimatuak, tabakoak, larruak eta espezieak, aduana-zergarik gabe sartuko baitziren Ebron zehar. Negozioa borobila zen, eta Donostia aberastu egin zen urte horietan. Ontzigintzek eta burdinolek lanean jarraitu zuten bete-betean. Euskaldunak eskifaietan sartzen ziren kopuru handitan eta, Konpainiaren ekimenez, hainbat enpresa eta elkarte sortu eta sustatu ziren Gipuzkoan, Euskal Herrian eta Espainian. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea ere sortu zen Konpainiaren epelean (1765). Aldiz, Karlos III.a erregeak 1778an Venezuelarekiko merkataritza liberalizatzeko emandako aginduak egoera politiko-ekonomikoa gaiztotu zuen, eta Konpainiaren amaiera ekarri.

Aro garaikidea

Donostiaren setioa eta suntsipena (1813)

Hondamenditik turismo-hirira

Tentsio politiko handiaren erdian, 1794ko abuztuan, frantses iraultzaileak Donostiara sartu ziren, eta Gipuzkoaren independentzia-aldarrikapen bat ere gertatu zen Donostiako burgesiak bultzatuta. Espainiako agintariek Donostiako udala zigortu zuten ustez (espainiar) 'abertzaletasun' epela erakusteagatik (Iruñea, 1796). Une horretan, hiria hizkuntzaz erabat euskalduna zen, baita elebakar ugari ere tartean. Ordurako, gaskoi hizkuntza azken hatsetan zen Donostian.

Iberiar Penintsulako Gerra azkenetan zela, Napoleonen Espainiako armada erretretan zetorren Donostiara. Wellingtongo dukeak zuzendutako britaniar eta portugaldar tropek setioa jarri zioten Donostiari eta, 1813ko abuztuaren 31n, hirira sartu eta sutan birrindu zuten, baita biztanleriaren zati bat sarraskitu ere.[37] Irail hasieran, Donostiako familia aberatsenetako 20 jaun Zubietan bildu, eta hiria berreraikitzea erabaki zuten, Pedro Manuel Ugartemendiaren zuzendaritzapean.

1823an, San Luisen Ehun Mila Semeak deitutako europar armada erreakzionarioak setioa jarri zion Donostiari, Espainian, Fernando VII.a absolutista berrezarri ondoren (1814az geroztik). Haren erregealdian, Donostiak 1828an berreskuratu zuen Amerikarekin salerosketan aritzeko eskubidea.[38] Lehen Karlistaldia piztu zen handik gutxira, eta karlistek Donostia inguratu eta bonbardatu zuten. Donostiak foruen gehiena galdutako Nafarroari atxikitzea eskatu zuen, 1841ean.

Hiria handitu, turismoaren hegalean

Porvernir, Kortazarren zabalgune proiektua, egungo erdialdea
Ondarretako dantza-ospakizuna (Darío de Regoyosen margolana)

Donostiak hiribildu eta gotorleku militar izateari utzi zion, herritarren pozerako.[39] 1845etik, Espainiako Errege Gorteak udak oporretan ematen zituen Donostian, eta udal kabildoak zerbitzuen eta gerora "tourismo" deitu zutenaren hiria izatearen alde egin zuen.[40] Eliteen oporraldietarako Biarritz hartu zuten eredu,[41] Gainera, 1864an burdinbidea heldu zen Donostiara, Norteko ferrokarrilla.

1872an, Bigarren Karlistaldia piztu zen, eta Donostia Gipuzkoako hiri liberal bakarra izan zen. 1875ean, gertutik eraso egin zioten indar karlistek. 1874tik aurrera, espainiar mugimendu kontserbadore konstituzionalista berriak karlistak ahuldu zituen. Donostiako karlisten setioak 1876ko otsailaren 18 arte iraun zuen.[42] Gerraostean, kultur jarduera handiko garai bat hasi zen donostiarrentzat, adibidez, danborrada, estropadak, antzerkia eta, pixka bat geroago, Euskal Festen hasiera (1896).[43]

1870ean, Bretxako merkatuaren eraikuntza-lanak hasi ziren; 1872an, Santa Katalina zubi neoklasikoa eraiki zen; 1882an, Donostiako Kasinoa; 1887an,Gipuzkoako Foru Aldundia, etab. Egungo erdialde osoaren bokazioa eliteen eta burgesiaren bizileku eta atsegin izatea zen eta, beraz, herritar xumeak eta langileria Groseko zati batera, San Martin auzora, Antiguora eta Amara Zaharrera izan ziren bultzatuak.[44]

Belle Époquetik gerrara

Amara eta Urumearen kanalizazioa
Eskuindar matxinoen aldekoak Donostia erdialdean, 1936ko irailean

XX. mendearen hasieran, Donostia udako hiriburu eta probintziako gune administratibo eta politikoa zen. Elektrizitatea eta kaleetako argiztapena ere heldu zen (1899), baita tranbiak ere luze gabe, automobilekin batera.[45] Lehen Mundu Gerra garapen eta aberastasun handiko aldia izan zen Donostiarentzat. Bertako Kasinoan europar bizitzako pertsonaia ugari agertu ziren: Mata Hari, Leon Trotski, Ravel, etab. "Belle Epoque" garaia izan zen.

1904an, Itun Ekonomikoa berritzeko gatazka politikoen epelean, askotariko alderdi politikoek Liga Foral Autonomista sortu zuten. Jauntxokeriaren kontrako indar horrek bere ondorioak izan zituen, eta Donostian errepublikazale, sozialista eta euskal nazionalistak errotu ziren (EAJ-PNV).[46] 1917tik 1923ra, CNT eta UGT sindikatuek protestak eta lanuzteak egin zituzten, eta istilu gogorrak izan ziren Guardia Zibilarekin. 1930ean, berriz, Espainiako hainbat politikari Donostiara bildu ziren: Donostiako Ituna sinatu zuten, 1931ko apirilean Espainiako II. Errepublika ekarriko zuena.

Donostiak joera aurrerazalea hartu zuen gehienean, baita euskal autonomia-estatutuaren aldekoa ere.[47] 1936ko otsaileko hauteskundeetan, Fronte Popularrak irabazi zuen Donostian.[48] Uztailean, Donostian ere Gerra Zibila hasi zen: ezkerreko indarrek goiz erreakzionatu zuten eta, matxinatuekin gatazka larriak izan arren, Loiolako kuartelaren matxinada itoa izan zen, baina hilabete eta erdian, Donostia Altxamenduko indarren eskuetan erori zen. Donostiako 30.000tik gora herritarrek ihes egin zuten Beorlegi koronelaren indarrak (nazionalak) Donostiara sartzerakoan (1936ko irailaren 13an). Bertan geratutakoek, errepresio bereziki gogorra jasan zuten; ehunka izan ziren luze gabe fusilatuak (400dik gora), baita zigortuak eta espetxeratuak ere.

Frankismoa

Amarako tren-estazioaren ikuspegi bat (1955 inguruan)
Haizearen orrazia, erauntsiaren erdian

Urte kritikoak izan ziren hurrengoak, elikagai eta gasolina eskasia zegoen, tabakoaren errazionamendua, industrietan material falta, ilarak gai asko eskuratzeko (cartilla delakoa). Umiliazioa eta isiltasuna nagusitu ziren herritar askorentzat. 1939an Musika Hamabostaldia sortu zen. Gipuzkoako gobernadore zibilari botere bereziak eman zitzaizkion jarduera politiko guztien kontrol eta errepresiorako, karguak jarri eta kendu egiten zituen udalean eta aldundian, tartean direla alkateak, zinegotziak, ahaldun nagusiak, etab.[49] 1947an, Donostiako udalbatza Kasinora lekualdatu zen.

1950ko urteen amaieran hasita, hainbat zerbitzu publiko hobetu ziren, adibidez, hezkuntzan eta osasun-arloan.[50] Aldi berean, etorkinak ugari heldu ziren Hego Euskal Herritik eta Espainiako hainbat tokitatik, asko eta asko elikaduraren industriara lan egitera.[51] Hirigintza anabasan erori zen etxegileen diru-goseak eta kontrol politiko faltak bultzatuta; espekulazioa nagusitu zen.

Donostia, 1953an lehenengo Zinemaldia ospatu zen. Bertatik igaro ziren Ava Gardner, Vittorio Gassman, Charlton Heston... 60ko urteen gizarte-aldaketen testuinguruan, herritarren kezkak artearen eta kulturaren arlotik bideratu ziren hasieran.[52] Auzo-elkarteak sortu ziren. 1960ko hamarkadan Donostia, euskal kulturaren berpizkundearen eta euskal mugimendu nazionalistaren gunea bihurtu zen[53] Manifestazioak ugaldu egin ziren eta, 1968ko abuztuan, lehenengoz, salbuespen-egoera dekretatu zen; gehiago etorri ziren hurrengo urteetan 1975 arte.[54] Aldi berean, hiriaren ikur bihurtutako Haizearen orrazia eraiki zen, Eduardo Chillidarena (1974).

Trantsizioa eta demokrazia

Donostia Uliatik ilunabarrean

Diktadorea hil ondoko urteak tentsio handikoak izan ziren. 1977an, Amnistiaren Legea onartu zen, eta euskal preso politiko ugari itzuli ziren. Hala ere, grebak, manifestazioak eta liskarrak poliziekin ugaldu egin ziren, eta indarkeria politikoak jarraitu egin zuen: ETAren bi erakunde armatuek hilketa eta indarkeria ekintza ugari egin zituzten aldi horretan, baita erregimenari lotutako beste talde ilun batzuek ere.[55]

1976ko abenduan, Erreala eta Athletic futbol-taldeen arteko derbiko ikurriñaren aldarrikapenaren ondoren, legeztatu egin zen azkenik 1977ko urtarrilean. 1979ko ekaineko hauteskundeetan, EAJko Jesus Maria Alkain izan zen Donostiako alkate hautatua, demokratikoki aukeratutako lehenengoa eta lehendabiziko abertzalea. Hala ere, urte hauek beheraldi urteak izan ziren, ekonomiaren gainbehera tartean, gatazka eta indarkeria sozio-politiko handikoak eta hirigintza zabar eta zekenekoak. 1981ean, Itun Ekonomikoa berrezarri zen.[56] Bestalde, futbolean herritarrak poz batean ziren Erreala inoizko 1980, 1981 eta 1982. urteetan Espainiako Ligan irabazitako postuekin, inoizko lortutako onenak.

Ramon Labaien 1983an hasi zen alkate-lanetan. Auzo-elkarteek ere protagonismo handiagoa hartu zuten udalean.[57] 1991n, PSOEko Odon Elorza gailendu zen hauteskundeetan, Donostiako inoizko alkate gazteena. Hirigintza eta zerbitzuen hainbat proiektu estrategikori heldu zitzaien orduan,[58] baita oihartzun handiko kirol-ekitaldi garrantzitsuak antolatu ere. 1993an, Ertzaintzak Espainiako Polizia Nazionala ordezkatu zuen Donostiako zaintza-lanetan, baina aldi berean, ETAk PPko Gregorio Ordoñez zinegotzia hil zuen, oihartzun handiko erasoa.[59] ETAren su-etenekin batera eta Baiona-Donostia Eurohirian kokatuta, hiriaren itxuraldaketa eta turismoa sendotu egin ziren. 2011n, EH Bilduko Juan Karlos Izagirre hasi zen alkate-lanetan eta, berehala, Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu hautatu zen; polemikak polemika, hura Eneko Goiaren agintaldian (EAJ) ospatu zen.

Demografia

2010ean 185.000 biztanle inguru zituen Donostiak, Gipuzkoa osoko populazioaren %26,5. Euskal Herriko bigarren hiririk handiena izan zen 1980eko hamarkadara arte, eta gaur egun laugarrena da, Bilbo, Gasteiz eta Iruñearen ondoren.

1940ko hamarkadaren ondoren oso azkar hazteari ekin zioten Euskal Herriko beste hiri batzuetan ez bezala, Donostiaren hazkunde demografikoa jadanik nabarmena izan zen XX. mendearen hasieratik, eta 1900tik 1950era hirukoiztu egin zen donostiarren kopurua. 1960 eta 1970eko hamarkadetan ere hazkundeak jarraitu zuen, baina 1980ko hamarkadan beherakada txiki bat jasan zuen hiriak.

Biztanle kopurua %0,5 eta %1 artean hazi da urtero 1991az geroztik. Dena den, biztanleriaren hazkundea moteldu egin da: urtez urteko hazkundea %1 baino nabarmen txikiagoa da azken urteotan.[60]

Donostiako udaletxea, Alderdi Ederretik begiratuta.
Donostiako biztanleria

Ekonomia

Donostiaren jarduera ekonomiko nagusia hirugarren sektoreari dagokio, hain zuzen ere, zerbitzu sektoreari. Nekazaritzak, Zubieta eta Igeldo auzoetan kokatua, %0,1a suposatzen du. Industria eta Eraikintza sektoreek %11,3a eta gainontzeko %88,6a hirugarren sektoreari dagokio[61].

Zerbitzuetan diharduen hiria da; administrazioaz gain, merkataritza ere garrantzitsua da. Finantza eta unibertsitate zerbitzuak biziki ugaldu dira 1970eko hamarkadaz geroztik. Kultura eta turismo hiria da, hainbat jai, kultura eta kirol ekitaldiren egoitza (estropadetan, Donostiako edo Kontxako bandera; Nazioarteko Zinemaldia; Musika Hamabostaldia; arte erakusketak; Aste Nagusia; eta abar). XIX. mendean Viktoria Eugenia erreginak bere oporraldirako hautatu zuenez geroztik, Donostiak hiri turistiko izateari eutsi dio.

Donostiako [Barne Produktu Gordina]] per kapita 34.589 eurokoa zen 2012 urtean. [62]


Langabezia

Euskal Autonomi Erkidegoko hiriburuetatik langabezia-tasa txikiena duena Donostia da. 2015ean, %11,2koa zen (guztira, 10.418 langabetu). Sexuen arabera aztertuz gero, emakumeen langabezia tasa %12,7koa zen (5.657) eta gizonezkoa berriz, %9,9koa (4.761). Adinaren araberako irakurketa egiterakoan, 45 urtetik gorakoek dute langabezia-tasa altuena, 5142 langabetu. [63]

Politika

Eneko Goia (EAJ) da Donostiako alkatea 2015eko ekainaren 13tik, Juan Karlos Izagirreren (Bildu) alkatetzaren ondotik. Goiak alkatetza lortu zuen EAJren baiezko eta PSE-EE eta EH Bilduren boto zuriei esker, gehiengo sinplea lortuta. Gehiengo osorik lortu ez zenez, boto gehien lortutako hautagaia bihurtu zen alkate.

2015eko udal hauteskundeak

Donostiako udalbatza

Alderdia

2015eko maiatzaren 24a

2011ko maiatzaren 22a

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
9 / 27
29.029 (% 29,65)
6 / 27
15.587 (% 17,93)
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE))
7 / 27
24.007 (% 24,52)
7 / 27
19.666 (% 22,63)
Euskal Herria Bildu*
6 / 27
20.467 (% 20,91)
8 / 27
21.110 (% 24,29)
Alderdi Popularra (PP)
3 / 27
9.272 (% 9,47)
6 / 27
16.502 (% 18,99)
Irabazi Donostia (2015) / Ezker Batua - Berdeak (EB-B) (2011)
2 / 27
6.947 (% 7,10)
0 / 27
2.283 (% 2,63)
*2011ko hauteskundeetan Bildu gisa aurkeztu zen koalizioa.
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak euskadi.net webgunean

Azpiegiturak

Garraioa

Hiri arteko garraioa

Iparraldeko geltokia.

Donostia puntu garrantzitsua da europar errepide trafikoan. Iparretik hegoaldera, E-05 (Glasgow-Paris-Algeciras), eta mendebaldetik ekialdera, E-70 (A Coruña-Bordele) eta E-80 (Lisboa-Burgos-Pabe) europar errepideek zeharkatzen dute. Ibilbide hauetan, Irundik norabidean, A-8 errepidetik sar daiteke Donostiara. Bilbotik A-8 errepide nagusia ordainsariz erabil daiteke. Madril-Gasteiztik A-1 errepidetik egiten da sarrera. A-1 jarraituz, Donostiatik gertu, Andoainen, A-15 errepiderako lotunea dago, Iruñea-Zaragozara eta bertatik Bartzelonara bideratzen dena. Kasu guztietan eta Donostia inguratzen duen errepide gerriko edo sare trinkoari esker, Donostiako hirigunera sartzeko hainbat aukera daude baina sarbide garrantzitsuenak Amara eta Ibaeta auzoetatik dira. Gipuzkoa mendebaldeko kostaldeko herrietatik Donostiara etortzeko maiz erabiltzen den errepide bat N-634 izenekoa da.

Donostiara joan eta etortzeko errepidezko bidaiarien garraio publiko sarean, Lurraldebus autobus zerbitzuetarako elkartea, Gipuzkoako herrietara autobus sare bateratu bat eskaintzen duena, Txartel bakarra izeneko bidai-txartel pertsonal baten bitartez. Euskal Herriko beste hiriburuetara autobus zerbitzu ugari dago egunero.[64]

Trenbideari dagokionez, Iparraldeko geltokian Espainia eremuko eta aldiriko trenak dabiltza. Bestaldetik, Euskotren konpainiak Hendaia eta Bilborainoko bidaiak eskaintzen ditu, baita Donostialdeko metroa ere.

Hegazkinez, Hondarribiko aireportua da hiritik gertuen dagoen aireportua. Bertaraino joateko autobus zerbitzua badago. Aireportu honek eskaintzen dituen hegaldiak ordea mugatuak dira eta beraz, 100 bat kilometrora dagoen Bilbo-Loiu aireportua erabili ohi da nazioarteko hegaldietarako. Miarritzeko aireportua da beste aukera bat, batez ere Pariserako hegaldietarako.

Hiri barneko garraioa

Tamaina txikiko hiria da Donostia eta beraz, oinez erraz eta eroso zeharka daitekeena, hiria zeharkatzen duten oinezkoentzako kale eta ibilbideei esker. Hain zuzen ere, Monpaseko ekialdeko muturretik, Ulia mendiaren oinetan, hiriaren mendebaldeko puntan dauden Haizearen Orrazia izeneko eskultura multzoraino oinez egin daiteke semaforo bakar batekin topo egin gabe 7 kilometrotan zehar. Bizikleta ere donostiarrek maiz erabiltzen duten garraiobidea da, beste hirien aldean, eta horrela bidegorri edo txirrindularientzako ibilbide sare zabala osatu da. Udalak prestaturiko alokairuzko txirringa-zerbitzu bat ere badago, dBizi izenekoa.

Autobusez, Donostiako Tranbia Konpainiak 27 autobus ibilbide mantentzen ditu hiriko auzoetan zehar, guztira 115 autobusekin (2009ko datuak). Asteburuetan, parrandan ibiltzen den jendeari begira, gau eta goizaldeko Gau Txori izeneko zerbitzuak badaude. Bidaiari kopurua 27.360.638 izan zen 2008. urtean.[65] Horrela, Donostian gehien erabiltzen den hiri barneko garraiobidea da, automobila alde batera utzirik.

Hala eta guztiz ere, trafiko arazo larriak izaten dira Donostiako kaleetan. Ibilaldi guztietatik %27ak ibilgailu partikularrez egiten dira. Konponbide gisa, hiriguneko kanpoaldean disuasiozko aparkalekuak eta hirigunearen zati handi bat hartzen duten TAO guneak ezarri arren, aparkaleku eskasia izaten da eta sarbide nagusietan eta erdiguneko kaleetan automobil ilara luzeak sortu ohi dira. Trafiko trinko honek sortzen duen aire- eta soinu-kutsadura dela-eta kezka badago.[66]

Turismoari begira eratutako hiri barneko garraiobide bereziak ere badaude. Antzinako Igeldoko funikularrak Ondarretatik Igeldo mendi gainerainoko malda igotzen jarraitzen du. Hiriko ikusgarri nagusiak erakusten dituzten autobus turistiko bat eta Txutxu Tren izeneko bagoidun ibilgailua ere badaude.


Hezkuntza eta ikerkuntza

Sakontzeko, irakurri: «Donostiako ikastetxeen zerrenda»

Donostia hiru unibertsitateren egoitza da: Euskal Herriko Unibertsitatearen fakultate eta eskolak Ibaetako campusean zehar zabaltzen diram euskaraz eta gaztelaniaz ikastea ahalbidetzen duen titulazio-eskaintza zabal batekin; Nafarroako Unibertsitateak ere Tecnun izeneko ingeniaritzako eskola du bertan; eta Deustuko Unibertsitatearen Gipuzkoako campusa Mundaizen da, eta turismoko ikasketak, enpresako ikasketak eta beste batzuk eskaintzen ditu. Unibertsitate horiekin lankidetzan, ikerkuntza-zentro aurreratuak daude: nanoGUNE (nanoteknologiaren arlokoa), Donostia International Physics Center, Inbiomed, Basque Center on Cognition, Brain, and Language, Ciditec, CEIT eta abar.

Haur eskoletatik batxilergora ikastetxe-sare zabala du Donostiak, ikastetxe publikoek, pribatuek (gehienak katolikoak) eta ikastolek osaturikoa. 2006ko datuen arabera, euskara hutsezko D eredua da nagusi (13.910 ikasle), A (9.101 ikasle) eta B (10.148 ikasle) ereduen aldean.[67]

Kultura

Victoria Eugenia Antzokia

Donostiarren ekimen herrikoiak gaindituz, Donostiako kultura eskaintza batez ere turismoa bultzatzeari eta nazioartean irudi erakargarria emateari begira eratzen da erakunde publikoen aldetik.[68]

Jaialdiak

Hirian antolatzen den jaialdi zaharrena Musika Hamabostaldia 1939ko sortu zen turisten oporraldia luzatzeko asmoarekin[69]. Hasierako urteetan abuztuaren amaieratik irailaren erdialdera luzatzen zen eta 1980ko hamarkadatik aurrera abuztu osoan zehar ospatu ohi da[70]. Urte batzuk beranduago, 1953an hiriko dendarien ekimenez Zinemaldiari hasiera eman zitzaion. Hasiera batean zinemaren nazioarteko astea izan zenak laister lortu zuen nazioarteko jaialdien maila.[71] Jazzaldia berriz, Donostiako jazz zale amorratuen ekimena izan zen, Mariano Larrandiak Kultur eta Turismo Ekintzetxeari jazz jaialdi bat egitea proposatu zion eta lehenengo saioa 1966ko irailaren 10ean izan zen Trinitate plazan.[72]. Gaur egun erakunde publikoak dira jaialdi hauen bultzatzaile nagusiak, babesle pribatuen laguntzarekin.1990eko hamarkadatik aurrera erakunde publikoen eskutik beste hainbat jaialdi jaio ziren, horien artean daude Dferia, Giza Eskubideen Zinemaldia, Surfilm festibal, Literaktum eta Donostikluba.


Antzoki Zaharra

Ekipamenduak

Kursaal jauregia, Rafael Moneo arkitektoak diseinaturiko jauregi ikusgarri honetan auditorioak eta areto zabalak daude, zine, musika, antzerki eta dantza emanaldiak egin eta feria, biltzar eta kongresuak antolatzeko. Horrela, Kursaal jauregian eta ondoan dagoen eta halaber ikusgarria den Victoria Eugenia antzokian, hiriak antolaturiko kultura ekitaldi nagusiak ospatzen dira, Donostiako Zinemaldia, Musika Hamabostaldia, Jazzaldia eta udazkeneko Beldurrezko Astea.

Parte Zaharreko Antzoki Zaharra arte eszenikoen eta zinema emanaldietarako tokia izaten da. Bertan ospatu izan dira Nosferatu Zikloa, Fantasiazko eta Beldurrezko Astea eta Zinemaldiaren sailak. Tabakalera, tabako fabrika izandako eraikina Kultura Garaikidearen Nazioarteko Gune bilakatu da. Egia auzoan dago eta 2015ean inauguratu zen. Bertako proiektu kulturala lau lan ildoren inguruan antolatuta dago: praktika artistiko garaikideak, hezkuntza, Hirikilabs, kultura digitalaren laborategia eta Ubik, sorkuntza liburutegia. Tabakalera eraikinean hainbat erakunde eta proiektuk dute egoitza: Zinemaldiak, Kutxa Fundazioak, Etxepare Institutuak eta Euskadiko Filmategiak.

Beste ekipamendu nagusi bat Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen Koldo Mitxelena Kulturunea da. Bertan liburutegia, erakusketa aretoak eta jarduera aretoak nabarmentzen dira. Udal Liburutegia 1874ean sortu zen eta gaur egun udalak sare oso bat du hirian zehar sakabanatua. Auzoetako liburutegi gehienak kultur etxeetan kokatuak daude. Kultur etxeek programazio zabala dute, besteak beste, ikastaroak, kontzertuak, antzerkia, zinema emanaldiak eta erakusketak antolatzen dituzte. Udal Liburutegia eta kultur etxeak Donostia Kulturak kudeatzen ditu, Donostiako Udalaren kultur eragile nagusia, eta hainbat kultur ekipamendu eta jardueren arduraduna.

Museoak

Aquarium museoa

Donostian era askotako museoak daude[73]. Museo zaharrena San Telmo Museoa da. Parte Zaharreko Zuloaga plazan dago kokatua, dominiko fraideen komentua izandako eraikinean. 2011n zaharberritua izan zen eta Euskal Herriko gizartearen museoan bilakatu zen.

Donostian dauden museoen artean bisitari gehien jasotzen dituena Aquariuma, kaiko eraikin enblematiko batean dago, museo izateko sortua izan zena 1928an eta 1998an zaharberritu eta handitua. 1990ko hamarkadatik aurrera sortu ziren Untzi Museoa (1991), Elizbarrutiko museoa (1991), Museum Cement Rezola (2000) Añorga auzoan eta Eureka! Zientzia Museoa edo Zientziaren Kutxagunea (2001). Donostiatik oso gertu, Hernanin Chillida-Leku museoa dago, Eduardo Chillida eskultorea eta bere familiaren ekimenez 2000. urtean inauguratua. Urte batzuk beranduago, 2009an Real Sociedad futbol taldeak Anoeta estadioaren beheko aldean Real 100 Museoa sortu zuen, taldearen sorreraren mendeurrenean.

Zinema aretoak

Gran Kursaal (1922-1972)

Donostiak zinema areto asko ezagutu ditu,[74] gaur egun SADE taldea, Antiguo Berri Zinema, Principe eta Trueba zinema aretoen jabea da. Principe eta Trueba 1920ko hamarkadan sortuak, 1970-1980ko krisialdiaren ondoren eraberrituak izan ziren. Desagertutako zinema aretoen zerrenda luze da[75]. Zenbait kasutan zinema areto eta antzokiak izan dira aldi berean. Besteak beste, Salón Novedades izenekoa, Garibai kaleko 34 zenbakian, jatorriz El Pueblo Vasco egunkariak sortu zuen 1912an eta 1979an itxi zituen ateak. Gran Kursaal (1922-1972) ere aipatu behar da, gerora bertan egon zen Inesa Gaxen aretoa (1969-1972). Miramar (1913-1987) Aldamar kalean, Petit Casino (1925-1998) Alde Zaharreko Kale Nagusian, gaur egun kasinoa, Novelty (1959-1976) Arrasate kalean, Actualidades (1951-1968) Arrasate kalean, Rex Avenida (1957-1991) eta Astoria (1961-2004), Amarako Antso Jakitunaren Hiribidean, Savoy Groseko San Franzisko kalean (1962-1996), Dunixi (1967-1977) Egiako Karmengo Andre Mariaren kalean eta Amaya Getaria kalean (1966-1994).

Eraikin enblematikoen artean, berriz, Bellas Artes (1914- 1982) antzoki eta zinea, Urbieta kalearen amaieran Prim kalearekin bat egiten duen kantoian. Bertan izan zuten egoitza Donostiako Orfeoiak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak.

Literatura

Sakontzeko, irakurri: «Donostiako idazleak» eta «Donostia literaturan»

Hizkuntza

Bilintxen bertsoetan jasota dago Donostiako euskara urbano zaharra.

Donostiako euskara gipuzkera edo erdialdeko euskara da; eta, haren barruan, Beterriko euskara, Donostialde osoan mintzatua. Koldo Zuazok hainbat lekukotasun aipatuz erakutsi duenez,[76][77][78] Beterriko gipuzkera izan da, XVIII. mendetik XX.eraino (biak barne) Hego Euskal Herriko euskaldunen artean eredugarritzat hartu den hizkera, beste euskalki eta azpieuskalkietako hegoaldetar euskaldunek norberaren hizkera gutxiesteraino.

Egoera soziolinguistikoa

Donostiako jatorrizko hizkuntza euskara da, gaur egun egoera minorizatu batean dagoena, gaztelaniaren mesedetan. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran hasi zen euskararen gainbehera hirian Espainiako Gerra Zibilaren ostean ordezkapen linguistikoa nabarmen azkartu zen. Hazkunde demografikoa nabarmena izan zen garai horietan, 1900tik 1950era hirukoiztu egin zen donostiarren kopurua.

Jose Artola euskal idazleak kontatzen duenez, XX. mendearen hasieran Donostiako Parte Zaharrean, Boulevarderaino, euskaraz mintzatzeko ohitura zegoen euskaldunen artean, baina behin Kortazar Zabalgunera iritsi orduko, erdararen indarra gogor sentitzen hasi zen.

XIX. mendearen bigarren erdialdean euskara nagusi zen oraindik Donostiako kaleetan. Inork gutxik daki, esaterako, 1891. urtera arte Donostiako Udaleko langile guztiek euskaraz hitz egiten jakin behar zutela, edo 1897. urtera arte hiriko kaleak euskara hutsez izendatzen zirela (urte hartan erabaki zen izendapen elebiduna).

2011n Eustatek egin duen Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuko datuak oinarri hartuta, bost urte edo gehiagoko 69.057 euskaldun ditu Donostiak. Donostiarren % 39,9 euskaldunak dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoan euskaldunen ehunekorik handiena duen hiriburua da. 30 urtetik beherako donostiarren lautik hiru euskaldunak dira (% 73,4). Era berean, nagusiagoen artean ere handia da euskaldunen ehunekoa. Esate baterako, 30-34 urte bitartekoen % 41,9 euskalduna da. Dena dela, adinean aurrera egin ahala, euskaldunen ehunekoa jaitsiz doa.[79]

Euskaldun hartzaileen ehunekorik handiena 35 eta 39 urte bitartekoek dute (%31,7), eta ehunekorik txikiena 15-19 urte bitartekoek (%7,9). Azpimarratzekoa da, gainerako hiriburuetan ez bezala, euskaldun hartzaileen ehunekorik txikiena gazteenen artean dagoela.

Erdaldunak nagusi dira 40 urtetik gorako adin-taldeetan. Zenbat eta zaharrago orduan eta erdaldun gehiago dago. Esate baterako, 75 urtetik gorako donostiarren artean, 10etik 6 baino gehiago erdaldunak dira.

Donostia
Guztira Euskaldunak

%

Euskaldun

hartzaileak %

Erdaldunak

%

≥85 5.384 27,5 11,9 60,6
80-84 6.131 26,1 13,2 60,6
75-79 7.865 24,2 15,5 60,3
70-74 7.691 23,6 17,2 59,2
65-69 9.841 23,1 19,9 57,1
60-64 11.628 23,4 21,9 54,7
55-59 12.562 24,2 23,7 52
50,54 14.018 27,8 24,6 47,6
45-49 14.622 30,1 26,9 43
40-44 14.024 31,9 30,7 37,4
35-39 13.921 36,2 31,7 32,2
30-34 12.978 41,9 26,9 31,2
25-29 10.708 52,7 20,5 26,8
20-24 8.562 67,9 13 19,1
15-19 7.373 82,7 7,9 9,4
10-14 7.804 88 8,6 3,4
05-09 7.828 83,9 12,2 4
GUZTIRA 172.940 39,9 21,2 38,9

1981ean euskaldunen ehunekorik handiena 85 urtetik gorakoek zuten (% 38,3) eta euskaldunen ehunekoa jaitsi egiten zen adinarekin batera. Dena dela, 5-14 urte bitartekoek ehuneko altuagoa zuten 20-39 urte bitartekoek baino. Hortaz, umeen artean euskaldunen ehunekoa igotzen hasita zegoen. Donostiako euskaldunen bilakaera oso handia izan da 30 urte hauetan. % 21,4 ziren euskaldunak 1981ean, eta % 39,9 dira 2011n. Euskaldunen bilakaerarik handiena gazteenek izan dute. Horrela, 5 eta 14 urte bitartekoen artean bostetik bat zen euskalduna 1981ean (% 21,1); % 80tik gora, aldiz, 2011n.

Soziolinguistika klusterrak egiten duen kale erabileraren neurketan oinarrituta, ezagutzaren inguruko datuekin alderatuz, bestelako panorama azaltzen dute emaitzok, gaztelera edo frantsesa baitira Donostian gehien entzuten diren hizkuntzak. halere, 1989tik 2011ra zertxobait igo da euskararen erabilera, eta apur bat behera egin du gaztelera eta frantsesaren erabilerak.

Gaskoi izenak

Orain dela mende batzuk Donostian gaskoi jendearen komunitate bat bizi zenez, gaskoi hizkuntzaz ere mintzatzen zen; komunitate horrek leku-izen ugari laga ditu Donostian eta horietako asko gaur egun arte iritsi dira: Urgull (gaskoiz, Orgull edo Urgullus, euskarara Urgull formarekin ekarri zen), Enbeltran (gaskoiz, En Beltran, hots, Beltran jauna), Gros, Polloe (gaskoizko Poll eta Pollet hitzetatik dator, Polloe bezala euskaratu zen), Morlans, Monpas (Mont-pas), Aiete (gaskoiz, Ayet; Aiete formarekin euskaratu zen), Ulia (gaskoiz, Oli, euskaraz Ulia edo Uliamendi) eta Miramon (gaskoiz, Miramont).[80]

Kirolak

Amara Berri auzoa eta Anoetako estadioa.

Nabaria da kirolzaletasuna donostiarren artean. Ohikoa da egun osoan zehar jendea korrikan edo bizikletaz ikustea. Hondartzak kirolgune garrantzitsu bihurtu dira. Zurriola hondartza surflarien bilgune da, bertako olatuak erakarrita. Kontxako hondartzan haurrak ibiltzen dira asteburuetan, futbolean, eskola arteko txapelketetan. Piraguismoan ere asko aritzen da Kontxako badian. Urumea ibaian zehar arraunketan aritzen dira kirolari asko. Hiriko ikastetxeetan ere haurrek kirolean jarduteko aukera izaten dute eta ikastetxeen arteko lehiak eta txapelketak izaten dira asteburuetan. Horretarako, hiriak kirol-instalazio ugari eta zenbait kiroldegi ditu.

Goi mailako kirolean, Real Sociedad futbol taldea nabarmendu behar da. Gipuzkoan futbol talde maitatuena izateaz gainera, Espainiako futbol talde entzutetsuenetakoa da. Historian zehar Espainiako lehen mailako bi Espainiako Futbol Liga eta Errege Kopa bat irabazi ditu. Klubak emakumezkoen futbol talde bat eta gazte talde bat ere biltzen ditu bere baitan. Futbolaz gainera, beste kirol batzuetan ere nabarmentzen da Real Sociedad: belar gaineko hockeyan esaterako, emakumezkoen taldeak titulu anitz irabazitakoa da Espainian. Saskibaloian Askatuak talde historikoa eta gaur egun maila gorenean dagoen Gipuzkoa Basket taldeak daude. Akaba Bera Bera emakumezkoen maila goreneko eskubaloi taldea da. Gizonezkoen Bera Bera Rugby Taldea Espainiako Errege Kopa bat irabazitakoa da. Arraunketan, Ur-Kirolak eta Donostia Arraun Lagunak taldeek txapelketa ugari irabazi dituzte arraunketa olinpikoan; tostako arraunketan, 2007tik aurrera Donostiarra traineru bateratuaren proiektuan batu dira, Club Deportivo Fortunarekin batera.

Ibilbideak


Jaiak eta ospakizunak

Donostiako Danborrada, San Sebastian egunean

Donostiarren jai nagusia Donostiako Danborrada da, urtarrilaren 20an, Donostia zaindariaren egunean hain zuzen. Erabateko ziurtasunik ez badago ere, 1836. urtean militarren parodia moduan sortua, jai honetan donostiarrek, elkarteetatik eratutako konpainietan bildurik eta sukaldariz edo militarrez jantzirik, danborrada etengane jotzen dute kaleetan zehar donostiar doinu tradizionalen erritmoan, San Sebastian martxa izenekoa nagusi bada ere. Egun horretan eguerdian ospatu eta milaka haur donostiar biltzen dituen Haur Danborrada izeneko desfilea ikusmin handia sortzen duen ekitaldia da.

Inauteriak dira donostiarren beste jai handi bat. Baina horien aurretik, kaldereroen konpartsek eta Inude eta Artzaien konpartsek egun bana dute bere desfileak egiteko. Santa Agedako ospakizuna ere auzoetan berpizten ari den euskal ohitura bat da. Donostiako inauteriak euskal inauteri tradizionaletatik aldentzen diren ospakizunak dira eta munduko beste toki askotan bezalaxe desfile huts moduan antolatzen dira.

Udan, abuztuko Donostiako Aste Nagusia da jai nagusia. Kanpoko jende asko biltzen dituzten jaiak dira, batez ere gauero pizten diren su artifizialen erakustaldien inguruan. Abuztuaren 31n, 1813. urtean hiria guztiz suntsitu zuen sutea oroitzen da, Abuztuaren 31 kalearen inguruan. Irailean Donostiako Euskal Jaiak ospatzen dira eta horiekin batera izaten dira jendetza handia erakartzen duten Donostiako Estropadak.

Abenduaren 21ean Santo Tomas eguna ospatzen da. Egun horretan, baserri produktuen erakusketa eta salmenta postuen inguruan eta baserritar arropa tradizionalez jantzirik, milaka lagun biltzen dira jai giroan sagardoa, taloa eta txistorra, besteak beste, dastatzera. Konstituzio Plazan erakusten den txerritzar baten zozketa ere egiten da.

Aipatzekoak dira, halaber, hiriko auzoetan zehar ospatzen diren jaiak, hala nola Amara Zaharreko jaiak eta Egiako Porrontxoak.

Herri elkarteak

Gaur egun Euskal Herriaren mugak gainditu dituzten herri elkarte edo soziedadeak izenekoek Donostian izan zuten jatorri. Gizartearen atal garrantzitsu bat osatzen dute, elkartearen egoitzan lagun giroan afari baten inguruan egoteaz gainera, kultura eta kirol ekintza ugari antolatzen baitituzte. Donostiako jai nagusia den danborradan ere beraiek dira protagonista. Lehenengo elkarte gastronomikoak La Fraternal izena izan zuen eta 1843. urtean sortu zen. Elkarteak sortzeko arrazoi nagusia Donostiako kaleko sagardotegiak galduz joatea izan zen; donostiarrek bilguneak behar zituzten otorduak egiteko eta elkarteak sortzen hasi ziren.

Donostiako portuaren 2002ko aireko ikuspegia.

Ondasun nabarmenak

Miramar jauregia

Kultur ondasunak

Donostian, badira Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu dituen hainbat monumentu eta monumentu-multzo.

Urgull mendian Motako Santa Kruz Gaztelua eta Gotorlekua hiriaren defentsarako gune oso garrantzitsuak izan dira.[81] Gaur egun aisialdirako leku bilakatu dira, zenbait eraikin eraberrituak daude eta jarduerak antolatzen dituzte. Motako gazteluan Historiaren etxea dago, Gobernadorearen baterian Natur Txokoa eta Damen Baterian Liburutegia.

Urgull mendiaren magalean San Telmo komentua dago, dominiko fraideena izandakoa eta 1932an museo bilakatu zena.[82] Parte Zaharrean bi eliza nagusi daude, San Bizentekoa,[83] gotikoa, XVI. mendekoa eta Santa Mariakoa,[84] XVIII. mendekoa eta barrokoa, bertan dago kokatua Elizbarrutiko museoa.

Arkitektura zibilaren alorrean Konstituzio plaza[85] aipatu behar da, XIX. mendekoa, 1813ko sutearen ondoren aurretik zegoenaren lekuan eraikia, Pedro Ugartemendia eta Alejo Mirandaren proiektuen arabera. Plazako eraikin nagusia Udaletxea izan zen, eta 1951n bertan Udal Liburutegia kokatu zen.

Kortazar zabalgunean Udaletxearen[86] eraikina dago, Luis Aladrén eta Adolfo Morales de los Ríosek eraiki zuten 1882an, Europako kasinoen ereduetan oinarrituta. Udaletxearen eraikinaren albo batean eta Kontxako hondartzaren ondoan Club Nautikoa[87] edo Errege Itsas Kluba dago. 1930eko arkitektura arrazionalistaren eredu aipagarrienetakoa, Jose Manuel Aizpurua eta Joakin Labaien arkitektoen maisulana. Kontxako pasealekuaren beste muturrean, Antiguako auzoan, Miramar jauregia[88]aipatu behar da, Selden Wornum ingeles arkitektoaren proiektua, errege familiaren oporraldietarako.

Aipagarriak dira jauregiaren inguruko lorategiak Pierre Ducasse frantses lorazainaren eskukoak, Alderdi Eder eta Gipuzkoa plazako lorategien egile berarenak. Miramar jauregia gaur egun Udako Ikastaroen egoitza da eta urtean zehar jarduerak antolatzen dira.

Miramar jauregiarekin batera Satrustegi Dorrea[89] aipatu behar da. Igeldo mendiaren magalean dago, Ondarreta hondartzatik gertu, eta 1883an amaitu zen Miramar jauregia baina hamar urte lehenago. Maria Kristina erregina erregentearen lehenengo uda egoitza izan zen, dorretxearen jabea zen Joakin Satrustegik 1887an erreginari eskaini baitzion egoitza gisa.[90]

Ekialdeko zabalgunean Victoria Eugenia Antzokia eta Maria Cristina Hotelaren gune monumentala[91] nabarmentzen da. Artzain Onaren katedrala, Igeldoko San Pedro eliza eta Gros auzoko Okendo Almirantearen etxea, gaur egun Kultur Etxea, ere ondare sailkatuaren zerrendan daude.

Halaber hainbat baserri, besteak beste, Katxola[92], Ariztegieta[93] eta Loiola auzoko Patxillardegi.[94]

Donostiako ondarea


Donostiako parke eta lorategiak

Hiriaren tamaina erlatibo txikian, parke eta lorategi ugariek gehiegizko urbanizazioa leundu egiten dute, naturaz gozatzeko aukera emanez. Halaber, hiriko kale eta plaza gehientsuenetan zuhaitzak eta zuhaixkak daude. Horietatik, ikusgarriak dira Kontxako pasealekuko tamarindoak eta Benta Berriko eta Ibaetako ezkiak. Kristinaenea, Egia auzoaren eta Urumea ibaiaren artean, hiriguneko parke handienetakoa da eta bertan hiria ia guztiz utzi eta baso oparo baten barrena pasea daiteke. Parke hori Mandaseko dukea izan zen Fermin Lasalaren eta Cristina Brunettiren lorategi pribatua zen, baina 1926az geroztik udalaren esku dago.

Hedabideak

Egunkariei dagokienez, Igaran dute egoitza dute egoitza Euskal Herri osora zabaltzen den Garak eta hala hirian nola probintzian irakurriena den El Diario Vascok, eta Benta Berrin Noticias de Gipuzkoak (hirurak, gaztelaniazkoak gehienbat). Euskara hutsezko Irutxuloko Hitza Donostiako tokiko egunkaria da. Euskarazko aldizkarietan, gazteei zuzendutako Gaztezulo Donostian argitaratzen da, eta Euskal Herri osora zabaltzen da.

Irratiei dagokienez, Euskadi Irratia, Euskadi Gaztea eta Donostialdeko Ttan Ttakun irrati librea euskara hutsezkoak eta Herri Irratia elebiduna dira Donostian egoitza nagusia dutenak. Radio Euskadi, COPE, SER, Onda Cero eta RNE erdal irrati kateek, berriz, ordezkaritzak dituzte Donostian eta bertatik hainbat saio egiten dituzte. Internetez emititzen duen Info7 irratia FM bidez ere entzun daiteke Donostian.

Azkenik, telebistetan, EITB taldeak Miramon auzoan EITB Donostia estudioak ditu. LTDan emititzeko tokiko telebisten lizentziak honakoek lortu zituzten: 1994. urtetik emititzen duen Vocento taldeko Teledonostik, 2000. urtean Localia katearekin emititzen hasi zen Gipuzkoa Telebistak, emititzen hasi berri den Hamaika Telebistak, eta oraindik egitasmoa den Donostiako Udalarenak.

Donostiar ospetsuak

Sakontzeko, irakurri: «Donostiar ospetsuen zerrenda»

Donostiar ospetsuen artean ditugu, besteak beste, Eduardo Txillida eskultorea, Pio Baroja, Ramon Saizarbitoria eta Txillardegi idazleak, Luis Miguel Arconada eta Pello Ruiz Cabestany kirolariak, Iñaki Gabilondo kazetaria, Aita Donostia, Pablo Sorozabal eta Nicanor Zabaleta musikariak, Mikel Laboa, Mikel Erentxun, Javier Gurrutxaga eta Imanol Larzabal kantariak, Juan Mari Arzak eta Pedro Subijana sukaldariak, Jesus Maria Leizaola eta Odon Elorza politikariak eta Julio Medem zinemagilea.

Hiri senidetuak

Donostia hiri hauekin senidetua dago:

Erreferentziak

  1. a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  3. «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  4. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Ofiziala izeneko erreferentziarako
  5. Eusko Jaurlaritza: V. Inkesta Soziolinguistikoa, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2011.
  6. Iker Gomez, «Donostia, munduko hiri zoriontsuenen zerrendan», EiTB, 2014-12-29.
  7. (Gaztelaniaz) Koldo Mitxelena: Apellidos vascos, 1955, 96. orrialdea.
  8. a b (Gaztelaniaz) «Donostia-San Sebastián: Onomástica», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  9. Orendaingo San Sebastian ermita, herriak Jaun Donosti ere deitua Gipuzkoako Aldundiko webgunea
  10. (Gaztelaniaz) Angel J. Martín Duque: El Fuero de San Sebastián: Traducción manuscrita y edición crítica, Príncipe de Viana, 63 zbk., 227, 2002.
  11. a b Felix Ibargutxi: «Hau fauna», ZingiZango euskara elkartearen webgunea, 2008-02-02.
  12. a b (Gaztelaniaz) Felix Ibargutxi: «La fauna más nuestra, Diario Vasco, 2007-08-26.
  13. «ñoñostiar», Hiztegi Batua Euskal Prosan.
  14. «Kokoteraino zaudetela ñoñostiar señoritooz» idatzi zuen Joxe Austin Arrieta donostiar idazleak, Igeldo Donostiatik banantzekotan zela eta.
    (Joxe Austin Arrieta: «Na’ ezuna intzazu, Igeldo», Irutxuloko Hitza, 2013-10-04.)
  15. «inolako sentimendu ñoñostiar pijorik gabe» dio Begoña del Teso donostiarrak, elkarrizketa batean.
    (Estitxu Eizagirre eta Ixiar Eizagirre: «Begoña del Teso: "Ez ditut beldurrak gainditu nahi, gustura nago horiekin"», Argia, 1829. zenbakia, 2001-11-11.)
  16. (Gaztelaniaz) Mikel G. Gurpegui: «Ñoñostia», Diario Vasco, 2006-04-09.
  17. (Gaztelaniaz) José Miguel Edeso Fito:Geografía e historia de San Sebastián: geología y geomorfología, INGEBA, 2009-10-19.
  18. Antonio Aretxabala: «Donostia-san sebastián, ¿sismicidad de efecto local?», Antonio Aretxabala bloga, 2012-09-16.
  19. a b c (Gaztelaniaz) Ana Sola Bueno: Geografía e historia de San Sebastián: el clima, INGEBA, 2009-10-18.
  20. (Gaztelaniaz) Valores Climatológicos Normales. San Sebastián / Aeropuerto. .
  21. (Gaztelaniaz) «Donostia-San Sebastián: Morfología urbana», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  22. «Auzoak eta herriak», Donostiako Udalaren webgunea.
  23. «Duela 25.000 urte jada Donostian gizakiak bizi zirela egiaztatu du Aranzadiren ikerketa batek» Berria 2014-06-23.
  24. Une horretan, Chronographus anni 354k zehazten du Urumea ibaian 7 kilometroz nabiga zitekeela, Hernaniraino (egungo Portu auzoraino); ikus Urzainqui, T. Olaizola, Juan M. 1998, 165-166, 201. or. Beharbada Donostia Aranoraino luzatzen zen; ikus Sada, Javier y Asier. 1995, 19. or.
  25. Urzainqui, T. Olaizola, Juan M. 1998, 162, 166-167 or.
  26. Kontu egin behar da une horretan Bidasoa eta Oriaren bokalearen arteko guztia Donostiaren barrutia zela
  27. Urzainqui, T. Olaizola, Juan M. 1998, 161. or.
  28. Urzainqui, T. Olaizola, Juan M. 1998, 203. or.
  29. Artola (ed.), Miguel. (2001). Donostiaren historia. Donostia: Donostiako Udala ISBN 84-89569-56-8.. 18-20. or.
  30. 'Portu' esan nahi du gaskoiez.
  31. Artola, Miguel (ed.). 2001, 19. or.
  32. Mugica Zufiria, Serapio. LOS GASCONES EN GUIPÚZCOA. IMPRENTA DE LA DIPUTACION DE GUIPUZCOA (argitaratze data: 1923) (Noiz kontsultatua: 2016ko irailaren 26a).
  33. 1813 arte ez zen berriz sute hain suntsigarririk gertatu.
  34. Artola, Miguel (ed.). 2001, 57-58. or.
  35. Artola, Miguel (ed.). 2001, 52-54. or.
  36. Artola, Miguel (ed.). 2001, 52-54. or.
  37. Mila bat herritar hil zituzten, asko gero hil ziren gaitzen ondorioz, hiribilduan geratzen ziren emakume gehienak bortxatu, eta ondasunak zein etxeak arpilatuak edo suntsituak izan ziren. Trinitate kalea eta erlijio-eraikinak, sendoenak, bakarrik atera ziren onik.
  38. Hala ere, 1836an aplikatu zen agindu hori.
  39. Eustasio Amilibia alkateak jaso zuen mezua. Bera Antzoki Zaharrean zegoela, Mandasko dukearen telegrama bat jaso zuen, baita ikusleei berria zabaldu ere.
  40. Javier y Asier Sada. 1995, 102-103. or.
  41. Artola, Miguel (ed.). 2001, 129-130. or.
  42. Artola, Miguel (ed.). 2001, 125. or. San Sebastian egunez, bonba batek Bilintx bertsolaria latz zauritu zuen; luze gabe hil zen, uztailaren 21ean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foruak desegiteko aginduaren egunean.
  43. Lore Jokoen tradizioan kokatuta; horien bultzatzaile aritu ziren, besteak beste, Jose Manterola, Jose Zapirain Irastorza (Txapillo), eta Toribio Altzaga.
  44. Alde Zaharra, maizterren bizileku, bertako herri xumearen gune izaten jarraitu zuen gehienean.
  45. 1922an, Europan moda-modan zen bezala auto-lasterketa zirkuitua ireki zuten Donostiaren ingurumarian, Lasarten; ikus «Lasarteko zirkuitoa» Berria (Andoain).
  46. Artola, Miguel (ed.). 2001, 141-142. or.
  47. Artola, Miguel (ed.). 2001, 144-146. or.
  48. Ordurako 80.000 biztanle zituen.
  49. Aldaketa gutxirekin hala jarraitu zuen diktadurak iraun bitartean. Gehienetan kargudunak kanpotarrak izaten ziren, erregimeneko postuetan igotzeko irrikaz zeudenak; ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 159. or.
  50. Aipatzekoak dira Peñaflorida Institutua (1956), Peritu Industrialen Eskola, ESTE eta EUTG (1959), Arantzazuko Ama Erietxea eta Gipuzkoa Ospitalea, etab.; ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 163-165. or. Pixka bat geroago hasi zen ikastolen hedakuntza, Elbira Zipitriak 1943an Alde Zaharrean ereindako ikastolatik abiatuta.
  51. 1952tik 1958ra: Sociedad Azucarera del Ebro, Koipe, Savin, Caldos Rápidos, ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 161-163. or.
  52. Urte horretakoak dira Jazzaldia (urte askoan estatuan egondako bakarra), Gaur artista-taldearen sorrera (1966), edota Ez Dok Amairu euskal poeta-musikarien taldea.
  53. 1968an, euskal nazionalistek Aberri Eguna ospatu zuten Donostian, eta poliziak hiri osoa hartu zuen; ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 161-163. or. Udalean, bi urte lehenago, 1966an, mozio bat onartu zen Gipuzkoaren Itun Ekonomikoa bertan behera uzte zuen 1937ko dekretua baliogabetu zedin.
  54. Artola, Miguel (ed.). 2001, 167-168. or.
  55. Guardia Zibilak Gladys del Estal egiatar ekologista hil zuen tiroz eta BVEk Herri Batasuneko Tomas Alba zinegotzia hil zuen.
  56. Artola, Miguel (ed.). 2001, 170. or.
  57. Artola, Miguel (ed.). 2001, 173. or.
  58. Untzi Museoa, Koldo Mitxelena Kulturunea, Zurriola hondartza, Kursaal berria, bidegorri-sarea, kultur etxeen indartzea, Ibaeta auzoaren eraikuntza, Ibaetako EHUren unibertsitate-campusa, Nanogunea, Donostia Physics Center, etab.
  59. Ondorioz, ETAren kontrako bake-taldeak sortu ziren. Kaleko tentsioa zerbait baretu arren, ez zen desagertu, ETA zilegitzat jotzen hasi zen orain politikariak ere hiltzea eta, bestaldean, espetxe politika eta Gerra Zikinaren kontrako mobilizazioak ez ziren eten, bereziki Lasa eta Zabalaren gorpuen aurkikuntzaren inguruan.
  60. «Datu demografikoak», Donostiako Udalaren webgunea. 2009-11-29.
  61. Hiri Behatokia. Datu estadistikoak. Donostiako Sustapena.
  62. Barne Produktu Gordina per kapita, EAE, Eustat. 2012
  63. http://www.fomentosansebastian.eus/eu/hiri-behatokia/datu-estatistikoak
  64. Pesa enpresak, Iruñera izan ezik, Euskal Herriko hiriburu guztietarako zerbitzuak eskaintzen ditu.
  65. «d·bus konpainia ezagutu», Donostiako Tranbia Konpainiaren webgunea, 2009-10-28.
  66. «Ingurumena eta garapen jasangarria: atmosferako kutsadura», Agenda21 Donostia webgunea, 2009-10-28.
  67. EUSTAT: «Udal-adierazleak: Serie estatistikoak, 2006», 2007-02-21eko prentsa-oharra.
  68. Horrela ageri da Donostiako Plan Estrategikoan, garatu beharreko estrategiak aipatuz: «A.1.2 Dagoen zerbitzu eta ekintza eskaintza indartzea, kultur programazioari dagokionez, turismo eta kirol produktu berriak indartu eta garatuz. Hauek dauden baliabideak optimizatu eta hauen nazioarteko proiekzioa handitu dezaten; ondorioz, baita europar sareetako parte-hartzea ere. A.1.3 Berritutako marka irudi bat garatzea, kalitatea, berrikuntza eta modernitateari lotutakoa, aisialdirako erreferentzia hiri gisa bere egoera hobe dezan, bai Gipuzkoan, bai EAEn, bai Estatuan zein nazioarteko foroetan ere.», Donostiako Plan Estrategikoa, 11. orrialdea.
    Baita ere, aipatzekoa da CIDEU erakundearen dokumentu bat: (Gaztelaniaz) «Encuadrado en el objetivo delimitado por el Plan Estratégico [...] mediante este proyecto se persigue dotar a la ciudad de una Estrategia Cultural y el desarrollo de los grandes proyectos que suponen un salto cualitativo con respecto a la situación actual y que pueden aumentar su presencia internacional. Buscar una culturización de la sociedad que no una popularización de la cultura que pueda llegar a una degradación de la misma.»
  69. Begoña del Teso. La Quincena Musical. 54 años de melomanía donostiarra. Donostia-San Sebastián: hiriburuak. 1994. 293. orrialdea
  70. XLI Quincena Musical: San Sebastián 29 de julio-5 de septiembre = Donostia uztailak 25-irailak 5
  71. José Luis Tuduri: San Sebastián: un Festival, una historia (1953-1966). Euskadiko Filmategia, 1989
  72. Donostiako Jazzaldia: lehenengo 30 urteak = Los primeros 30 años. Donostia, 1996
  73. Díaz Balerdi, Iñaki: Archipiélagos imaginarios. Museos de la Comunidad Autónoma del País Vasco. Eusko Jaurlaritza. Kultura Saila, Nerea, 2010 ,
  74. Javier Mª Sada: Cinematógrafos donostiarras. Euskadiko Filmategia, 1991
  75. Mikel G. Gurpegi, Aquellos cines donostiarras http://gruposade.com/AquellosCinesDonostiarras/2015/07/14/guia-todos-los-cines-desaparecidos-y-en-activo/ 2016ko urriaren 9an kontsultatua
  76. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman ZuazoEuskalkienGeroazBeterrikoGipuzkera izeneko erreferentziarako
  77. Koldo Zuazo (1987): «Euskaldunek euskalkienganako izan dituzten jarrerez», Julio de Urquijo urtekaria, XXI. zenbakia, 927-950 orrialdeak.
  78. Koldo Zuazo (1993): «Euskalkiak, askatu gabeko korapiloa», Jakin, 76. zenbakia.
  79. V. Mapa Soziolinguistikoa. Eusko Jaurlaritza. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, 45-48 or..
  80. (Gaztelaniaz) Serapio Mujika Zufiria: Los gascones en Guipúzcoa. Gipuzkoako Aldundiaren inprimategia, 1923. Donostia.
  81. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 1984-08-4
  82. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 1984-08-4
  83. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 1984-08-4
  84. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 1984-08-4
  85. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 1984-08-4
  86. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 1984-08-4
  87. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 2001-01-23
  88. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 1984-08-4
  89. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 1995-07-5
  90. Miguel Arsuaga, Luis Sesé: Donostia-San Sebastián. Arkitekturako gida liburua. 1997, 91. orrialdea
  91. 1980-11-7ko ebazpena
  92. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 1996-07-23
  93. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 2004-07-21
  94. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 1998-08-18
  95. (Gaztelaniaz) Espainiako eta Japoniako hirien arteko senidetza itunak, Espainiaren Japoniako Enbaxada.

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Donostia Aldatu lotura Wikidatan
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Donostia