Jon Etxeandia Zorroza: berrikuspenen arteko aldeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
t bizialdia
No edit summary
7. lerroa: 7. lerroa:
| jaiotza hiria = [[Bilbo]]
| jaiotza hiria = [[Bilbo]]
| jaiotza herrialdea = [[Bizkaia]]
| jaiotza herrialdea = [[Bizkaia]]
| heriotza data = [[2010]]eko [[otsailaren 9]]a
| heriotza data = [[2010]]eko [[otsailaren 9]]a</br>(47 urte)
| heriotza hiria = [[Bilbo]]
| heriotza hiria = [[Bilbo]]
| heriotza herrialdea = [[Bizkaia]]
| heriotza herrialdea = [[Bizkaia]]

21:18, 14 azaroa 2016ko berrikusketa

Jon Etxeandia
Datu pertsonalak
Izen osoa Jon Etxeandia Zorroza
Jaio 1962ko abuztuaren 21a
Bilbo (Bizkaia)
Hil 2010eko otsailaren 9a
(47 urte)
Bilbo (Bizkaia)

Jon Etxeandia Zorroza, (Bilbo, Bizkaia, 1962ko abuztuaren 21a - Bilbo, Bizkaia, 2010eko otsailaren 9a) ETAko kidea izan zen. 18 urte egin zituen Espainiako espetxeetan. Poeta eta idazlea izan zen.

Bilboko semea

Jon Etxeandia Bilboko Indautxu auzoan jaio eta bertan bizi izan zen. Edurne (Morga), eta Juan (Mungia) gurasoek hiru seme-alaba izan zituzten: Jon, Miren eta Javier. Taberna bat izan zuten Bilboko erdialdean, American taberna. Izen hori jarri zioten aita Amerikako Estatu Batuetan artzain ibili zelako.

Jonek lotura berezia izan zuen amaren sorterriarekin, Morgarekin. Udaldi osoak ere bertan egiten zituen. Ikasketak Bilboko San Vicenteko eskolan hasi zituen, eta Trueba ikastetxean (Artxanda) jarraitu zuen. Handik, gero, etxekoen tabernan hasi zen lanean.

ETAko kidea

Gaztean PC(m-l)ko erakunde komunistako gazterian jardun zuen. Gerora, 1983ko maiatzean atxilotu zuten, 21 urte zituela. Espainiako poliziaren egoitzan inkomunikatuta, torturatu egin zutela salatu zuen.

Poliziak ETAko “Jose Marti” taldeko kidea izatea leporatu zion. Hainbat banketxetan bonbak jartzea leporatu zizkioten [1]. Horietako batean, Bilboko Banco Vizcayako egoitzan, bi langile hil ziren ETAk bonba bat jarri zuela abisatu eta lehergailua aztertzean eztanda egin zuenean [2]. ETAk egindako beste ekintza bateko informazioa biltzea ere leporatu zioten [3]. Guztira, 172 urteko espetxe zigorra sartu zioten.

Inkomunikazio aldian, besteren artean, poliziek ETAk egindako ekintza batzuen egileen artean Imanol Murua iheslaria zegoela sinatu arazi zioten. Gero Imanol Murua Frantzian atxilotu eta Espainiara eramango zuten. Azkenean Espainiako tribunalek onartuko zuten akusazio hori faltsua zela [4]

Espetxealdia

Jon Etxeandiak Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren kontra diseinatutako espetxe politika bizi izan zuen espetxean.

18 urte eta hilabete bat egin zituen espetxean.

Espainiako espetxe ugaritan izan zuten: Alcala-Meco, Herrera de la Mancha, Puerto de Santa Maria, Salto del Negro, Melilla, Malaga, Alacant…

Gose grebak eta borrokaldi ugaritan parte hartu zuen giza-duintasuna mantendu, espetxeetako bizi baldintzak hobetu eta Euskal Herriaren askapen borrokari espetxetik laguntzeko.

Tratu txarrak eta jipoiak jasan zituen espetxean. 1992. urtean Salto del Negro espetxean (Las Palmas), jaso zituen jipoi eta jazarpenak salatu ziren EAEko Giza Eskubideen Batzordean. [5].

1995eko azaroaren 29an, Malagako espetxean, kartzelariek hainbat zauri eragin zizkioten buruan eta aurpegian eta besoa apurtu zioten [6].

Kartzelako bizimodu ankerrean, arazo psikologiko larriak sortu zitzaizkion, eta hainbatetan arreta medikoa eta medikazioa ere ukatu zioten [7].

Idazlea

Gaztetatik ekin zion idazteari. Atxilotu zutenean poliziek idatziak kendu zizkiotela eta, horrela kontatu zuen poema batean:

Lapurketa

Zilegitzat nuen poemak idaztea,
baina mundu hau
ez dago kontu askotarako.

Ene poemak
poliziak kendu zizkidanean
komisarioak esan zuen
el cuaderno de las chorradas
desartikulaturik zegoela

Espetxean kazetaritza ikasi zuen, UPV-EHU unibertsitatean. Antzerki lanak antzezten jardun zuen Alcala-Mecon, artean euskal preso politikoak elkarrekin zeudenean. Euskal Preso Politikoen Barrutik aldizkariaren sustatzailea izan zen. Eta idazten jarraitu zuen, modu eta formatu ugaritan: gutunak, poemak, saiakerak, egunerokoak, testu politikoak...

Garai horretan hainbat aldizkaritan argitaratutako literatura idatziak Pabel Ortzantza izenarekin sinatzen zituen.

Berriro kalean, bizirik eta lanean

Jon Etxeandia 18 urte eta hilabete bat espetxean egin ostean berriro irten zen kalera. 2001eko uztailaren 20an ongi etorri ekitaldia egin zioten Bilboko La Casilla plazan.

Kalean berriro bizimodua antolatu eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduan eta Ezker Abertzalearen mugimendu politikoan jardun zuen. GITE-IPESek bultzatutako San Frantziskoko gau eskolako euskara irakasle izan zen hil arte. Kukutza gaztetzean ibiltzen zen, Zazpi kaleetan, Bilbo zaharrean, Kafe Antzokian lanean... betiko lagunekin eta gazteekin. Moskotarrak konpartsako kidea izan zen [8].

Ekitaldi ugaritan parte hartzen zuen: presoen eta espetxeetako egoerak, espetxea eta literatura, langileria, nazioarteko borroka, baina batez ere Euskal Herriaren askatasunaren alde bizitza emandako gudariak zeramatzan barruan. Bizkargi egunean eta EAE-ANVk Albertian urtero egiten dituen ekitaldian parte hartuko zuen falta gabe [9].

Ataramiñe

Jon Etxeandia Ataramiñe elkarte eta argitaletxearen sortzaile eta partaidea izan zen hil arte. Presoekin harremanak lotu, idatziak bildu, editatu, argitaratu, aurkeztu eta zabaltzen jardun zuen. Espetxea eta literaturari buruzko hitzaldi franko ere eman zituen han eta hemen.

Heriotza Bilbon

47 urte zituenean hil zen etxean 2010eko otsailaren 9an [10] . Hurrengo egunean lagun eta preso ohi ugari bildu ziren tanatorioaren aurrean agur xume bat egiteko [11] [12]. Kartzelan bizi izandako jazarpenek heriotzaren zerikusia izango zutela aipatu zuten bertan. Kartzelatik irten ondoren desoreka bipolarra diagnostikatu zioten, eta hainbat gorabehera ere izan zituen horren ondorioz.

Omenaldia La Casillan

2010eko martxoaren 13an hainbat elkartek omenaldi beroa egin zioten Bilboko La Casillan [13] [14]

Idazlanak

Kartzelako lanak. Askatasunak 2002an argitaratu zuen. Liburuan Jon Etxeandiak kartzelan idatzitako hainbat testu biltzen dira bertan, Juan Antonio Olagorta preso-ohiaren marrazkiekin batera [15].

Gosea lagun, laguna. Ataramiñek argitaratu zuen 2004. urtean. Eguneroko baten formarekin, eta bi presoren ekarpenak bata bestearen ostean tartekatuz, elkarrizketa sinboliko baten antzera, gose greba baten esperientzia eta bizipenak kontatzen du liburu honek, hausnarketa eta gertakizun ugariren bitartez [16].

Itzalpeko ahotsak. Susa aldizkariaren 23-24 zenbakia. Kartzelako idatzien inguruko Susa aldizkariaren ale monografiko honetan, Jon Etxeandiaren hainbat poema jasotzen dira, Pabel Ortzantza izenpean [17].

Erreferentziak

Kanpo loturak