Industria Iraultza: berrikuspenen arteko aldeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
t robota Erantsia {{HezkuntzaPrograma}}
1. lerroa: 1. lerroa:
{{HezkuntzaPrograma}}
[[Fitxategi:Maquina vapor Watt ETSIIM.jpg|thumb|Watt [[lurrun makina]] bat. Lurrun makina, burdinaz egina eta batik bat [[ikatz]]ak higiarazia, oso erabilera zabalekoa bilakatu zen [[Erresuma Batua]]n Industria Iraultzaren garaian.]]
[[Fitxategi:Maquina vapor Watt ETSIIM.jpg|thumb|Watt [[lurrun makina]] bat. Lurrun makina, burdinaz egina eta batik bat [[ikatz]]ak higiarazia, oso erabilera zabalekoa bilakatu zen [[Erresuma Batua]]n Industria Iraultzaren garaian.]]



20:14, 1 abendua 2017ko berrikusketa

Watt lurrun makina bat. Lurrun makina, burdinaz egina eta batik bat ikatzak higiarazia, oso erabilera zabalekoa bilakatu zen Erresuma Batuan Industria Iraultzaren garaian.

Industria Iraultza XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran Britainia Handian sortu eta mundu osora zabaldu zen aldaketa teknologiko, sozioekonomiko eta kulturala izan zen. Horri esker, industrian eta makinerian oinarritutako ekonomiak eskulan tradizionalaren lekua hartu zuen. Oihal-industrian zein altzairua ekoizteko tekniketan hasita, kanalen nahiz errepideen (eta, geroago, burdinbideen) sorkuntzak eta hobekuntzak produktu berrien salerosketa erraza eta azkarra ahalbidetu zuten. Hasiera batean ikatzez hornitutako lurrun makinek zein oihal industriako mekanizazioak ekoizpen ahalmena handitu zuten. Metal hutsezko makineriak eta lanabesek beste industriak mekanizatzeko prozesua erraztu zuten XIX. mendeko lehen bi hamarkadetan.

Industria Iraultzaren garaia zehazterakoan historialariak ez datoz bat. Eric Hobsbawmen arabera, 1780ko hamarkadan sortu eta 1830ekoan edo 1840koan "lehertu" zen. T. S. Ashtonek, aldiz, 1760 eta 1830 bitartean gauzatu zela dio.

Mendebaldeko Europara eta Ipar Amerikara hedatu zen XIX. mendean zehar, eta, hortik, mundu osora. Gizartearen gaineko eragina egundokoa izan zen, eta askotan Neolitoko Iraultzarekin alderatzen da.

1850 inguruan Bigarren Industria Iraultza deritzona sortu zen, etapa honetan, elektrizitateak eta petroleoak, ikatzaren legua hartu zuten energia iturri bezala, elektrizitatearen aurkipenaren eta aplikazioekin batra teknologiaen garapen izugarria egon zen lurrunontzien eta burdinbideen garapenak ekonomia eta teknologia bultzatu ahala. Geroago, XIX. mendearen bukaeran, barne errekuntzako motorraren eta argindarraren sorkuntza zirela eta, garapen ekonomiko eta teknologiko hori sakondu egin zen.

Ondorio sozialak

Bizi-baldintza kaskarrak erakusten dituen margolana (Gustave Dore, 1872).

Industria Iraultzak izugarrizko aldaketak eragin zituen Europan ordura arte zegoen gizartean. Eragin handia izan zuen orduan gertatu zen hazkunde demografikoan. Iraultza liberalekin batera funtsezko faktorea izan da gaur egun Mendebaldeko gizartea antolatuta dagoen moduan, klase sozialezko banaketan hain zuzen ere.

Hazkunde demografikoa

Eztanda edo Iraultza Demografikoa deiturikoa Industria Iraultzaren zergatia eta ondorioa izan zen aldi berean, baina esan daiteke garrantzia handiagoa izan zuela bigarren kasuan. Honen ondorioz hirien hazkundea ere gertatu zen.

XVIII. mendearen hasieran Eztanda Demografikoa deritzonaren prozesua hasi zen. Garai honetan populazioaren hazkunde azkarrago bat gertatu zen, zergati ezberdinen ondorioz. Zergati hauetatik Nekazaritza Iraultzak ekarritako bizi baldintza hobeak azpimarratu behar dira. Iraultza honen ondorioz elikagaien kantitatea, kalitatea eta aniztasuna ere handitu zen eta, esan den moduan, elikaduraren hobekuntza honek bizi baldintza hobeak ekarri zituen, gaixotasunak eta gosea murriztu zituen eta bizi-itxaropena luzatu zuen; biztanleriaren hazkunde azkarragoa sortuz.Horretaz gain heriotza tasak jaitsi ziren populazioaren lan bizia luzatuz.

Baina lehenago aipatu den moduan, biztanleriaren hazkundea garrantzitsuagoa bihurtu zen Industria Iraultza gertatzean. Fabriken agerpenaren ondorioz elikagai eta produktu askoren prezioak jaitsi egin ziren, gai hauek pertsona gehiagoren esku egon ziren eta bizi baldintzak askoz gehiago hobetu ziren gizartearen zati batentzat. Honetaz gain aurrerapen asko egon ziren medikuntzan eta higienean ere, eta honen ondorioz mende askotan zehar Europako biztanleriak jasaten zituen epidemia asko modu nabarmenean murriztu egin ziren. Honen adibide argia da Edward Jenner mediku britainiarrak 1796. urtean baztangaren kontra aurkitu zuen txertoa, gaixotasun honengatik hiltzen ziren pertsonen kopurua modu harrigarrian murriztu zuena.

Beste alde batetik garrantzia handia izan zuen aurrerago azalduko den proletalgoaren agerpenak. Klase honetako pertsonek bere lanetik lortzen zituzten haien irabazi guztiak eta horregatik zabaldu zen familia handia izateko joera, semeak haien etorkizunerako berme bakarra baitziren. Horregatik zenbat eta seme-alaba gehiago izan, hau da, gero eta prole handiagoa izan, orduan eta diru gehiago izango zuten. Honen ondorioz populazioa asko hazi zen langile klaseen eraginez, hauen bizi- eta lan-baldintzak penagarriak eta bizi itxaropena oso laburra izan arren, gaur egun hirugarren munduan gertatzen ari den moduan.

Populazioaren hazkunde eta industrializazioaren beste ondorio garrantzitsu bat hirien hazkundea izan zen, orain ikusiko den moduan.

Alde batetik, langileentzako auzo berri asko eraiki ziren, fabrikak hirien ondoan eraikitzen baitziren. Hauek elkarren alboan zeuden etxe txiki edo barrakoietan bizi ziren egoera oso txarretan, ahalik eta pertsona gehien pilatzen baitziren bertan eta lantegietatik oso hurbil baitzeuden kokatuta. Bazterreko auzo hauetan bizi ziren egoera osasungaitzen eta langabeziaren ondorioz delinkuentzia ere asko handitu zen hirietan.

Bestetik, gero eta ugariago eta aberatsago ziren burgesak hirietara joan ziren bizitzera. Haientzat kale zabaleko auzoak eraiki ziren, eraikin dotoreekin eta parke eta aisialdirako leku askorekin, museo, antzoki edo kasinoak esate baterako. Hauetatik aparte erdiko burgesiak ere bere auzoak eraiki zituen, eta bi klase hauen artean zabalgune izenarekin ezagututako auzoak eratu zituzten. Kale eta etxebizitza berri hauek zerbitzu eta azpiegitura asko edukitzen hasi ziren: estolderiak, argiztapena, garraioak, garbiketa zerbitzuak eta polizia, esate baterako.

Klase gizartearen agerpena

Ume langileak.

Industria Iraultzaren eta bolada Iraultzaileen ondorioz aldaketa sakon bat gertatu zen gizartean, ondoren ikusiko dugun moduan.

Jakina da nola banatzen zen gizartea Industri Iraultza baino lehen, estamentuka hain zuzen ere. Baina hau aldatuz joan zen gertatutako iraultza liberalei esker eta Industria Iraultzaren ondorioz guztiz finkatu zen gizarte mota berria, klase gizartea deritzona. Klase gizartea zabalagoa zen eta pertsonen “estatus”-a haien irabazien arabera sailkatzen zen. Honela, gizartea ondoren azalduko diren hiru multzoetan geratu zen bananduta:

  • Goi mailako klaseak: bi multzo nagusik osatzen zuten; burgesia alde batetik eta eredu finantziero liberalera egokitu zen aristokrazia bestetik. Azken multzo honek pribilegio guztiak galdu zituen, baina leku batzuetan eredu berrietara moldatu zen bere aberastasunak industria berrietan inbertituz. Lehenengo multzokoak ordea betidanik aritu ziren finantza eta negozioetan, baina Industria Iraultzaren garaian inoiz baino ugariagoak eta boteretsuagoak bihurtu ziren, haiek baitziren industria berrien jabeak, garraiobideak kontrolatzen zituztenak, etab. Aristokrazia eta goi burgesia gero eta gertuago jarri ziren: bi taldeetako familien arteko ezkontzak zeuden, burgesia gero eta ideologia kontserbadoreago bat bereganatzen joan zen eta luxuz eta aisialdiz betetako bizitza hartzen joan zen denbora igaro ahala. Talde hauetakoak ziren eskubide politikoak zituzten bakarrak ere, sufragio zentsitarioa baitzen ordezkari politikoak aukeratzeko era nagusia, eta horregatik egin ziren erreforma eta lege berri gehienak haien interesak defendatzeko izan ziren.
  • Erdi mailako klasea: talde honetakoak ziren burgesia ertaina, goi postuko militarrak eta ogibide liberaleko pertsonak ( medikuak, abokatuak, irakasleak). Lehenengoak negozio txikiko jabeak ziren, denda edo tailer familiarrak zituzten langileak ziren; eta baita ere multzo honetan sar daitezke nekazal guneetan zeuden lur jabe txikiak. Hauen errenta ez zen politikan parte hartzeko bezain altua, baina bizi-baldintza nahiko onak zituzten. Bigarren eta hirugarren motakoen aldean, bazuten politikan parte hartzeko eskubidea, hauen errenta burgesia ertainarena izan arren.
  • Behe mailako klaseak edo proletargoa: Klase honen barruan langileak, hau da, besteentzat lan egiten zutenak, sartzen dira. Baina klase honetan ez zeuden nekazariak bakarrik, gehiengoa Industria Iraultzaren ondorioz agertutako proletargoa zen. Klase berri hau nekazal guneetatik hirietako industrietara lan egitera joan zirenek osatzen zuten. Hauek zuten irabaziak lortzeko modu bakarra haien lan egiteko indarra zen eta hau jabeei (goi mailako burgesei) saltzen zieten soldata baten truke. Arrazoi honengatik zenbat eta gehiago izan familian orduan eta irabazi gehiago jasoko zuten etxean, familia bakoitzeko kopurua asko igo zen horrela. Baina klase honetako pertsonak, industriaren oinarria izan arren, oso egoera txarrean bizi ziren, ondoren azalduko den moduan.

Industria Iraultzaren ondorio txarrenetarikoa izan zen proletargoa geratu zen egoera larria. Lehenago esan den moduan hiriak izugarri handitu ziren eta txarto planifikatutako auzo berri asko agertu ziren langileentzat. Auzo hauek ez zuten inolako zerbitzurik, ez higienerik, delinkuentzia oso handia zen, eta gaixotasunak modu larrian zabaltzen ziren bertan. Horrez gain, lan baldintza penagarriak jasan behar zituzten, ez baitzegoen inolako legerik jabeen gehiegikeriak arautzeko. Modu honetan Iraultzak langileak egunero 13 ordutaraino lan egitea ekarri zuen, aste osoan zehar igande arratsaldean izan ezik, bost urtetik gorako umeak lan egiten hastea eta emakumeak ere lan munduan sartzea. Umeen eta emakumeen kontratazioa gero eta arruntagoa bihurtu zen, hauek gizonak baino bi eta hiru bider gutxiago irabazten baitzuten. Horrez gainera, fabrikak ez ziren lan egiteko leku egokiak, zikinak, itxiak, hezeak eta kez beteak baitzeuden. Pixkanaka-pixkanaka langile hauek haien egoeren larritasuna ikusten joan ziren eta ondorioz langileen aldeko mugimenduak agertu ziren, aurrerago ikusiko den moduan. XIX. mendearen hasieran gobernuak gutxieneko neurriak hartzen hasi ziren, batez ere umeen lanarekin erlazionatuak, hauei lanorduak jaisteko edo lan egiteko gutxieneko adina igotzeko. Honen adibidea izan zen Ingalaterran 1833. urtean agertu zen “The Factory Act”, 9-13 urte artean zeuzkaten umeak bederatzi ordu “bakarrik” lan egin ahal zutela arautzen zuena.

Ondorio ekonomikoak

Baina Industria Iraultzak ez zituen gizartearekin erlazionatutako ondorioak bakarrik, beste era batzuetakoak ere izan zituen. Hauen artean ondorio ekonomikoak daude. Esan dezakegu Industria Iraultzak eragin gehien eduki zuen arloa ekonomia izan zela, zeren produkzio bideak guztiz aldatu ziren, eta ondorioz ekonomia sistema berria agertu edo guztiz garatu zen, kapitalismoa konkretuki. Aldaketa haiek garrantzi handikoak izan ziren, eta gertatu izan ez balira gaurko Industria Zibilizazioa ezin izango zatekeen existitu.

Produkzio bideen aldaketa

Lurrun makina, aldaketa handia eragin zuen teknologia.

Industria Iraultzak eduki zituen ondorio ekonomiko garrantzitsuenen artean produkzio bideen aldaketa dago. Aldaketa hau Iraultzan gertatu ziren hainbat aldaketek ekarri zuten, ondoren ikusiko den moduan.

Gertatu zen aldaketa bortitz honen arrazoietako bat aurrerapen teknologikoak izan ziren. Leku batzuetan, Ingalaterra eta Frantzian adibidez, gremioak desagertu ziren XVIII. mendearen amaieran, eta horrek artisau bakoitzak ekoizterakoan nahi zituen metodoak erabiltzea ekarri zuen. Modu honetan makina berriak agertzen joan ziren, denbora aurrezteko eta produkzioa igotzeko. Hobekuntza hauek ehungintza eta siderurgian izan ziren batez ere, eta azkenean tailer txiki baten jabe zirenak itzelezko pabilioietan zeuden industrien ugazabak bihurtu ziren. Lantegi hauetan langile kopuru handia erabiltzen zen, baina gehienetan ez ziren haiek lana modu zuzenean egiten zutenek, horretarako makinak baitzeuden. Haien funtsezko lana makina hauek maneilatzea eta zaintzea zen. Makinen bidez industrien jabeek errentagarritasun handia lortzen zuten: langile gutxiago kontratatu, eta ondorioz soldata gutxiago, ordaindu behar zituzten; produkzioa askoz handiagoa zen; honen kalitatea ere hobea zen; eta denbora gutxiago behar zuten zehozer produzitzeko. Honen ondorioz baita ere konpetibitatea gero eta gogorragoa izan zen eta horregatik zen beharrezkoa agertzen ziren berrikuntza guztiak lantegietara eramatea arrakasta euki nahi bazen. Egia esanda dena zen “bidezkoa” ahalik eta irabazi gehienak lortzeko, eta horregatik ailegatu ziren langileak lehenago ikusi diren egoetara.

Ikusi denez Industria Iraultzaren ondorioz produkzio bide tradizionalak, hau da gremio-elkarteen artisautza tailerretan, desagertu egin ziren; eta beste berri batzuk agertu ziren, produkzio bide industrialak hain zuzen ere.

Nekazaritza iraultza

Nekazaritza iraultzan, 2 aldaketa handi egon ziren:

1-Lurraren egitura eta jabetza aldatu zen.

Jabetza sistemari amaiera eman zioten legeak onetsi ziren.

2-Laborantzako metodo eta teknika berriak ezarri ziren.

Berrikuntza garrantsitsuena, lugorria bertan bera uztea izan zen.

Garraioaren iraultza

Berrikuntza sorta batek, garraioaren arloa irauli eta merkataritzaren gorakada egin zuen. XVIII.mendearen erdialdetik aurrera, komunikabide tradizionalak nabarmen hobetu ziren, bai Britainia Handian, bai Europako zati handi batean. Hasieran, trena erabiltzen zen, baina gero, Stephenson-ek lokomotora asmatu zuen(1829). Bidaiarien lehenengo linea Ingalaterran egin zen, Manchester eta Liverpool hiriak lotzen zituen(1830). Geroago lurrun makina itsasoko garraioan ere erabiltzen hasi zen.

Kapitalismoaren jaiotza

Baina aldaketa ekonomikoak ez ziren bakarrik produkzio bideetan izan, Iraultza honen ondorioz sistema ekonomiko berria agertu baitzen, kapitalismo izenekoa, gaur egun oraindik duguna.

Industria Iraultza baino lehen estatua eta ekonomiaren arteko erlazioak oso desberdinak ziren. Gehien zabalduta zegoen ekonomia sistema merkantilismoa zen. Honen arabera Estatuak ekonomian zerikusi handia zeukan, eta honen aberastasuna zituen metal preziatuen kopuruagatik neurtzen zen.

Baina ideia hauek industralizazioa ailegatzerakoan guztiz aldatu zen. Garai honetan Adam Smith ekonomialariak bere teoria berriak aurkeztu zituen eta hauek arrakasta handia izan zuten. Hauen arabera herrialde baten aberastasuna bertako biztanleen aberastasunen batura zen, Estatuak berak ekonomian inolako eraginik izan gabe. Norbanakoaren aberastasun hauek “kapitala” zuten izena eta haien lanean edo negozioetan lortutako irabazi edo aurrezkietatik zetozen, hauek hasieran egiten zen inbertsioaren eta azkenean jasotzen zen etekinaren arteko aldea zirelarik. Ekimen eta interes partikularrak era askean garatzearen aldekoa zen. Beste alde batetik merkataritzan ere aldaketak egon ziren. Sistema berrian Estatuak ez zuen harreman komertzialik arautzen eta hauek eskaintzaren eta eskariaren legetik bakarrik gidatzen ziren. Lehenago merkataritzarako zeuden zailtasun asko ere ezabatu ziren, aduanak, errepideen zergak edo neurri ezberdinak esate baterako. Modu honetan merkatariek askatasun guztia zuten harreman komertzialetan.

Ikusi dugunaz aparte, Industria Iraultzaren ondorioz sortutako kapitalismoak beste berrikuntza batzuk ere ekarri zituen ekonomia mundura, agertu berriak ziren industriak finantzatzeko moduak adibidez.

Hasiera batean industriak bakoitzak bere baliabideekin finanziatzen zituzten, txikiak baitziren eta ez baitzuten behar diru inbertsio handirik. Baina industrializazio prozesua aurrera joan ahala gastuak eta egin beharreko inbertsioak gero eta altuagoak bihurtzen joan ziren. Horregatik agertu zen beste finantziazio mota batzuk aurkitzeko beharra.

Modu honetan agertu ziren gaur egun hain ugariak diren Elkarte Anonimoak. Elkarte berri hauetan enpresa batean egin behar zen inbertsioa zatitan banatzen zen, “akzioak” deiturikoak, eta pertsona ezberdinek zati hauek erosten zituzten. Gero enpresa hauen irabaziak, eta galerak baita ere, modu proportzionalean banatzen ziren akziodun guztien artean, zituzten akzio kopuruaren arabera. Era berean akzio hauek saldu egin ahal ziren, eta haien prezioa enpresa momentu horretan zegoen irabazi edo galera egoeraren arabera aldatzen zen. Akzioen salerosketak egiten ziren lekuak baloreen burtsa izena hartu zuen eta horiek kokatzeko eraikin handiak eraiki ziren hiri garrantzitsuetan XIX.mendean zehar.

Baina hau ez zen izan finantziazio mota berri bakarra. Beste modu berri bat “beharkizunen” erosketa izan zen. Inbertsoreak beharkizun hauek erosten zizkion enpresari mailegu baten moduan, diru kopurua bueltatzeko epea eta interesak akordatu ondoren. Azkenik negozio bat zabaltzeko behar zen dirua lortzeko beste era bat bankuei mailegu edo kredituak eskatzea izan zen. Hauek, garai berrietako beharrak ikusita, modernizatu egin ziren zerbitzu hauek emanez.

Ondorio politikoak

Kale istiluak Maiatzaren Lehenean (Paris, 1891).

Industria Iraultzak hainbat ondorio politiko ere ekarri zituen berarekin, ondorengo bizitza politikoan garrantzia handikoak izan zirenak eta gaur egun ere eragina edukitzen jarraitzen dutenak. Hauek izango dira azkenik azalduko direnak.

Alde batetik Iraultzaren ondorioz garai berean gertatu ziren Iraultza Liberalen eraginez sortutako errejimen politiko liberalak sendotu ziren. Hau gertatu zen, alde batetik, garai horretan eman ziren aldaketa ekonomikoengatik, hauek baita ere liberalismoan oinarrituta baitzeuden. Aldaketa horien ondorioz burgesiak boterea lortu zuen, zeren haiek bakarrik zituzten eskubide politikoak. Errejimen politiko liberal hauek gehienetan monarkia konstituzional edo parlamentario baten bitartez gauzatu ziren, eta lehen esan denez, Industria Iraultzari esker gauzatu ziren, garapen industriala baitzen Estatuaren nagusitasun internazionala ziurtatzen zuena.

Baina Iraultzaren ondorioz egon ziren ondorio politiko garrantzitsuenak beste mota batekoak dira, proletalgoak sortutakoak. Langile-klasea bere egoeraren larritasunaz kontzientziatzen joan zen eta ondorioz hainbat mugimendu sortu zituzten hauek hobetzeko asmoz.

Mugimendu hauetako bat “Cartismoa” deritzona izan zen. Hau langileen mugimendu antolatu bat izan zen eta 1837tik XIX. mendera bitartean aritu zen. Bere prozedurak baketsuak ziren: langileen ehunka-milaka sinadura batzen zituzten gero Ingalaterrako parlamentuari eskakizunak egiteko. Haien eskaera garrantzitsuena gizartearen demokratizazioa zen, horrela politikan parte hartu ahal izateko eta langileen lan egoera hobetu ahal izateko. Baina XIX. mendearen erdialderantz indarra galtzen joan zen. Hala eta guztiz ere, eskatzen zituzten gauzak handik gutxira pixkanaka betetzen joan ziren.

Beste mugimendu oso garrantzitsua eta Industria Iraultzaren ondorio nabarmenetakoa sindikalismoa izan zen. Errejimen liberal berriek langileen elkarteak guztiz galarazten zituzten, liberalen ustez hauek merkatuari askatasuna kentzen baitzioten. Baina hala eta guztiz ere langileak taldetan elkartu ziren erakundeek ematen ez zizkieten zerbitzuak haien artean emateko, langile zauritu edo gaixoei laguntza emateko adibidez. 1824.urtean Britainiar Gobernuak langileen elkarteak legeztatu zituen eta honen ondorioz lehenengo sindikatuak sortu ziren, Trade Unions izenekoak. Hauek denbora gutxian indar handia hartu zuten, mendearen erdialdean ehunka milaka langile batu arte. Bere oinarrizko helburua langileen bizi baldintzak hobetzea izan zen; eta horretarako grebez, negoziaketa baketsuez eta, legeek onartzen zutenean, politikan parte hartzeaz baliatu ziren.

Azken mugimendu garrantzitsu bat egon zen Europa mailan, Ingalaterran bezainbeste eragin izan ez bazuen ere. Hau XIX. mendearen erdialderantz agertu zen: sozialismoa. Langileen ideologia berri hau Marxek proposatu zuen eta arrakasta handia izan zuen Frantzia eta Alemania bezalako herrialdeetan. Mugimendu honen partaideak anarkistekin batera Langileen Nazioarteko Elkartea sortu zuten, eta hauek ere langileen egoeraren hobekuntza bilatzen zuten, baina modu iraultzaile eta erradikalago batean.

Azkenik, esan behar da langileen mugimendu hauek azkenean haien helburuen zati bat burutzea lortu zutela, baina oraindik asko falta zitzaiela langileen egoera Europan guztiz ona izateko. Ingalaterran langileen egoera hobetzeko lehen legea XIX. mendearen hasieran agertu zen. Lege honen arabera umeek ezin zuten 12 ordu baino gehiago lan egin egunean, baina hau ez zen bete denbora asko igaro arte. Hainbat lege gehiago agertu ziren, ume langileen egoera arautzeko denak, baina bete gabe jarraitu zuten. Lege hauek batez ere umezurztegiak kontrolatzeko egin ziren, bertako umeak esklabutza egoeran lan egiteko erabiltzen baitzituzten. 1844. urtean agertu zen emakumeen egoera ere arautzen zuen lehenengo legea. Honen arabera, emakume eta umeek ezin zuten 12 ordu baino gehiago lan egin. Gero eta lege gehiago joan ziren agertzen hauen modukoak, baina langileen egoera ez zen asko hobetu Europan XX. mendean ondo sartuta egon arte. Mugimendu hauen eraginez ere iraultza sozialista eta komunistak sortu ziren XX. mendean zehar, gaur egungo munduan oraindik existitzen diren gobernu mota batzuk ekarriko zituztenak. Baina hala eta guztiz ere, gogoratu behar da Industria Iraultzari buruz eta langileen klaseetan izan zituen ondorio txarrei buruz hitz egiten dugunean, Europaren kasua aurkezten dugula; zeren oraindik Hirugarren Munduko herri askotan langile askok, umeak barne, Europan garai hartan bizi ziren egoerak jasaten dituztela, eta askotan egoera hori larritu egin dela, askotan “Mundu Garatuaren” kontsumismo eta berekoitasunagatik.

Ikus, gainera

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Industria Iraultza Aldatu lotura Wikidatan