Txikipedia:Pila: berrikuspenen arteko aldeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Orri berria: «{{PAGEBANNER:Macro piles electriques.jpg|origin=0,0}} thumb|400px|<center>Tankera desberdineko bi pila. '''Pila elektrikoek''' Txikipedia:Ener...»
(Ez dago alderik)

17:44, 11 urtarrila 2019ko berrikusketa

Tankera desberdineko bi pila.

Pila elektrikoek energia ematen diete linterna, irrati, telefono mugikor, joko portatil eta beste gailu askori. Pila bat edukiontzi moduko bat da, energia gordetzen duena, behar denean erabiltzeko. Produktu kimiko batzuk izaten dira pilaren barruan energia gordetzen dutenak. Pila erabiltzen denean, energia kimikoa energia elektriko bihurtzen da.

Nola funtzionatzen dute pilek?

Pilaren barruan metalezko bi pieza daude, likido edo pasta baten barruan. Pieza metalikoak elektrodo deitzen dira. Likidoa edo pasta hori elektrolito deitzen da, eta produktu kimikoen nahasketa da. Elektrodo bakoitzak puntu bat du, terminal deitzen dena, eta pilatik pixka bat ateratzen dena.

Pilak funtzionatzeko, terminalek kanpoko kable batekin konektaturik egon behar dute. Horrela egotean, elektrolitoaren barruko produktu kimikoek eragiten dute elektroiek elektrodo batetik bestera joatea (elektroiak atomoen atal batzuk dira). Elektroien fluxua korronte elektrikoa da. Korronte elektrikoa kablearen bitartez mugitzen da eta horri esker funtzionatzen dute linternek eta beste gailu elektronikoek.

Bateria motak

Oinarrizko bi pila mota daude. Behin bakarrik erabil daitekeen pila “pila primario” deitzen da. Metalak edo elektrolitoak agortzen direnean, pilak ezin du elektrizitate gehiagorik sortu. Linterna, irrati edo jostailuetan erabiltzen diren pilak mota horretakoak dira.

Behin baino gehiagotan erabil daitekeen pila, berriz, “pila sekundario” deitzen da. Autoen bateriak eta batzuetan telefono mugikorretan eta tresneria medikoetan erabiltzen diren pilak sekundarioak dira. Pila sekundarioak beste iturri batetik eratorritako korronte elektrikoarekin birkargatu daitezke; adibidez, pertsona batek mugikor baten bateria birkargatu dezake paretako korronte-hargune bati esker.