Mary Anning: berrikuspenen arteko aldeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Bandalismoa desegin
14. lerroa: 14. lerroa:
[[Fitxategi:Mary Anning's house and shop in Lyme Regis, drawn in 1842.JPG|thumb|300px|right|Mary Anning jaio zen etxea, Lyme Regiseko Museoa dagoen tokian. Bere etxea izan zen eta fosil denda [[1826]]ra arte]]
[[Fitxategi:Mary Anning's house and shop in Lyme Regis, drawn in 1842.JPG|thumb|300px|right|Mary Anning jaio zen etxea, Lyme Regiseko Museoa dagoen tokian. Bere etxea izan zen eta fosil denda [[1826]]ra arte]]


Mary [[Ingalaterra]]ko [[Dorset]] konderrian kokatua dagoen Lyme Regis hirian jaio zen. Haren aita, Richard, arotza zen eta irabaziak Lyme Regiseko itsas aztarnategietan fosilak aurkituz eta horiek turistei salduz osatzen zituen. [[Devon]]go Colyton herritik Lymera etxez aldatu zen eta Molly izenez ezagutzen zen Maria Moorekin ezkondu zen Blandforden [[1793]]ko [[abuztuaren 8]]an. Lymera itzuli zirenean, hiriko zubiaren ondoko etxe batean kokatu ziren eta bertako Eliza kongregazionalistara joaten ziren, bertan bataiatu zituztelarik euren seme-alaba guztiak.
hi i am a hacer

Erlijio disidenteak izanik, Anningtarrek diskriminazio sozial eta legala pairatu behar izan zituzten. Ezkondu eta berehala Mary izena eman zioten alaba jaio zen. Bigarren alaba, Martha, jaio eta denbora gutxira hil zen eta [[1796]]an seme bat izan zuten, Joseph. [[1798]]an, euren bigarren semea, Henry, haurtzaroan hil zen eta alaba zaharrena, Mary, ustekabez bizirik erreta hil zen, seguruenik sua txirbilen bidez piztu nahian zebilela. Hurrengo maiatzean beste alaba bat jaio zenean, hildako ahizparen izena eman zitzaion, Mary.


[[1800]]ean, 15 hilabete zituenean, ohiz kanpoko gertaera bat izan zen. Mary bizilagun baten besoetan zegoen, Elizabeth Haskingsen besoetan, eta haren bi lagunekin zumar baten azpian ikuskizun bat ikusten ari zirela, tximista bat erori zen arbolaren gainean. Hiru emakumeak bat-bateko hartan hil ziren, baina ikusleak jabetu ziren neska txikia oraindik bizirik zegoela eta berehala eraman zuten etxera. Herriko medikuak mirarizkotzat jo zuen haren biziraupena eta urte luzez herritarrek neskatoaren jakin-min, inteligentzia eta nortasun bizia gertaera harri egozten zioten.
[[1800]]ean, 15 hilabete zituenean, ohiz kanpoko gertaera bat izan zen. Mary bizilagun baten besoetan zegoen, Elizabeth Haskingsen besoetan, eta haren bi lagunekin zumar baten azpian ikuskizun bat ikusten ari zirela, tximista bat erori zen arbolaren gainean. Hiru emakumeak bat-bateko hartan hil ziren, baina ikusleak jabetu ziren neska txikia oraindik bizirik zegoela eta berehala eraman zuten etxera. Herriko medikuak mirarizkotzat jo zuen haren biziraupena eta urte luzez herritarrek neskatoaren jakin-min, inteligentzia eta nortasun bizia gertaera harri egozten zioten.

10:00, 5 martxoa 2020ko berrikusketa

Mary Anning

Bizitza
JaiotzaLyme Regis (en) Itzuli1799ko maiatzaren 21a
Herrialdea Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua
HeriotzaLyme Regis (en) Itzuli1847ko martxoaren 9a (47 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakpaleontologoa eta dealer of naturalia (en) Itzuli
Lan nabarmenak
InfluentziakElizabeth Philpot (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaEliza kongregazionala
anglikanismoa

Mary Anning (Lyme Regis, Ingalaterra, 1799ko maiatzaren 21aib., 1847ko martxoaren 9a) XIX. mendearen lehen erdialdeko fosil jasotzailea, saltzailea eta paleontologoa izan zen. Fosilak aurkitzen eta garbitzen oso trebea zen; eta, gainera, bera bizi zen Lyme Regis herriko geruza geologikoak oso aberatsak zirenez Aro Jurasikoko itsas animalia fosilduetan, aurkikuntza garrantzitsuak egin zituen. Haren lana garrantzi handikoa izan zen; XIX. mendearen hasieran gizakien historiaurrearen edo munduaren historiaren zientzietan gertatu ziren aldaketa oinarrizkoetako bat dela jotzen da zientzialarien artean.

Lan horien artean aipagarriak dira: argi identifikatutako lehen iktiosauroaren hezurdura (nebarekin batera 12 urte zituela aurkitua), aurkitutako lehen bi plesiosauroak, eta Alemaniatik kanpo aurkitutako lehen pterosauroa eta beste arrain fosil batzuk. Haren azterketek argi laga zuten belemnite fosilek tinta zaku fosilak zituztela, eta koprolitoak (orduan bezoar harriak izenarekin ezagunak) animalien gorotz fosilduak zirela.

Henry De la Beche geologoak Duria Antiquior marraztu zuenean Maryk aurkitutako fosil askotan oinarritu zen. Irudi horiek asko zabaldu ziren antzinako garai geologikoetako irudi gisa, eta Mary Anningi laguntzeko saldu zituen kopia asko.

Mary Anningek, emakume izateagatik eta bere gizarte mailarengatik (bere gurasoak behartsuak ziren, eta gainera ez ziren anglikanoak, eliza kongregazionalistako kideak baizik), ezin izan zuen garai hartako Britainia Handiko komunitate zientifikoan bete-betean parte hartu, gizon noble eta anglikanoez osatua baitzegoen talde hori; ondorioz, hainbatetan haren lana ez zen kontuan hartu. Britainia Handian, Europan eta Amerikan geologoen artean oso ezaguna izan arren, arazo ekonomikoak izan zituen bere bizitza osoan.

Hil ondoren, haren bizitzaren gorabeherek interesa piztu zuten, eta fikziozko eta ez-fikziozko lan askoren gai izan da XIX. mendetik gaur egun arte.

Bizitza

Haurtzaroa

Mary Anning jaio zen etxea, Lyme Regiseko Museoa dagoen tokian. Bere etxea izan zen eta fosil denda 1826ra arte

Mary Ingalaterrako Dorset konderrian kokatua dagoen Lyme Regis hirian jaio zen. Haren aita, Richard, arotza zen eta irabaziak Lyme Regiseko itsas aztarnategietan fosilak aurkituz eta horiek turistei salduz osatzen zituen. Devongo Colyton herritik Lymera etxez aldatu zen eta Molly izenez ezagutzen zen Maria Moorekin ezkondu zen Blandforden 1793ko abuztuaren 8an. Lymera itzuli zirenean, hiriko zubiaren ondoko etxe batean kokatu ziren eta bertako Eliza kongregazionalistara joaten ziren, bertan bataiatu zituztelarik euren seme-alaba guztiak.

Erlijio disidenteak izanik, Anningtarrek diskriminazio sozial eta legala pairatu behar izan zituzten. Ezkondu eta berehala Mary izena eman zioten alaba jaio zen. Bigarren alaba, Martha, jaio eta denbora gutxira hil zen eta 1796an seme bat izan zuten, Joseph. 1798an, euren bigarren semea, Henry, haurtzaroan hil zen eta alaba zaharrena, Mary, ustekabez bizirik erreta hil zen, seguruenik sua txirbilen bidez piztu nahian zebilela. Hurrengo maiatzean beste alaba bat jaio zenean, hildako ahizparen izena eman zitzaion, Mary.

1800ean, 15 hilabete zituenean, ohiz kanpoko gertaera bat izan zen. Mary bizilagun baten besoetan zegoen, Elizabeth Haskingsen besoetan, eta haren bi lagunekin zumar baten azpian ikuskizun bat ikusten ari zirela, tximista bat erori zen arbolaren gainean. Hiru emakumeak bat-bateko hartan hil ziren, baina ikusleak jabetu ziren neska txikia oraindik bizirik zegoela eta berehala eraman zuten etxera. Herriko medikuak mirarizkotzat jo zuen haren biziraupena eta urte luzez herritarrek neskatoaren jakin-min, inteligentzia eta nortasun bizia gertaera harri egozten zioten.

Anning bikoteak lau seme-alaba gehiago izan zituen gutxienez: Henry (1801), Percival (1803), Elizabeth (1804) eta Richard (1809). Denak haurtzaroan hil ziren, Joseph eta Maryk iraun zutelarik soilik bizirik. 1810ean Richard Anning 44 urterekin ziurrenik tuberkulosiaz hil zenean, Anning familia biziraupenerako bitartekorik gabe geratu zen eta euren parrokiari eskatu behar izan zioten laguntza. Bai Maryk eta baita Josephek ere aitari itsasertzean fosilak bilatzen laguntzeko ohitura zuten gero saldu eta dirua lortzeko eta, aitaren heriotzaren ondoren, usadio harekin jarraitu zuten euren biziraupenerako.

Fosilak, familiarako negozio

Mary Anning jaio zen etxean dagoen plaka urdina: «MARY ANNING 1799-1847. Paleontologo ospetsua hemen jaio zen, Lyme Regisko Museoa dagoen tokian. Haren etxea eta haren fosil denda izan zen 1826 arte.»

XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran fosilak bildumatzeko zaletasuna modan zegoen. Hasieran zigilu-bildumazaleena bezala denbora-pasa zen, baina denborarekin, fosilek geologian eta biologian zuten garrantziaz jabetu ahala, zientzian bilakatzen joan zen. Une berean, goi eta erdiko klaseko turista gero eta gehiagok bisitatzen zuten Lyme Regis, kosta hura oso ezagun bilakatu baitzen.

Euren aitaren usantzari jarraituz, Mary eta Joseph Anningek euren salerosgaiak turistei saltzeko bitxikerien mahai bat jarri zuten bertako ostatu baten zalgurdi geralekuan. 1810ean Josephek iktiosauro baten garezurraren aurkikuntza garrantzitsua egin ondoren eta handik urtebetera Maryk hezurdura oso bat aurkitzeagatik, fosilez gero eta gehiago interesatzen zen komunitate zientifikoarekin harremanak eratu zituzten, negozio hura bilakatu zelarik familiaren diru-sarrera gehienen jatorria.

1818an Anningek Thomas Birchen arreta bereganatu zuen, fosil bildumazale eta aberatsaren arreta, hain zuzen ere, beste iktiosauro baten hezurdura saldu zionean. Urtebete geroago, Anningdarren txirotasunaz arduraturik (horrenbestekoa zen miseria non, euren zorrak kitatzeko etxeko altzariak saldu behar izaten zituzten), Birchek bere fosil bildumaren enkante publikoa antolatu zuen eta bildutakoa (400£ inguru) Anningdarrei eman zien.

Hamarkada hartako lehen finantza egoera berri eta ziurrari esker, Anningek fosilen bilduma eta salmentarekin jarraitu zuen, nahiz eta anaiak gero eta denbora gehiago eskaini tapizatzaile ikasketei, nahiago baitzuen leku estali eta lehorrean lan egitea. Maryk saltzen zituen fosil gehienak ornogabeak ziren, amonoideo eta belemniteen maskorrak, adibidez, horiek inguruan oso ohikoak zirelako (txelin batzuen truke saltzen zituen). Fosil ornodunak aurkitzea zailagoa zenez, iktiosauroaren hezurdura moduko ale bikainak zenbait libren truk saltzen zituen.

Fosil horiek guztiak Lyme inguratzen zuten kosta malkartsuetatik lortzen zituen eta Blue Lias izeneko egitura geologikoaren parte ziren. Formazio honek kareharri eta arbel kapak txandakatzen ditu, itsas ondo ez oso sakonean Jurasiko garaian (gutxi gorabehera duela 210-195 milioi urte) ezarri ziren sedimentuak gordetzen dituelarik.

Labarrak Britainia Handiko fosilen aztarnategi aberatsenak baditu ere arriskutsuak izan daitezke horien ez-egonkortasuna dela eta, batez ere neguan euriak lur higitzeak eragiten dituelako fosilak begi-bistan utziz. Behin Anningek ozta-ozta lortu zuen haren txakurra hil zuen luizitik bizirik ateratzea, fosilak bilatzen zituen bitartean laguntzen zion Tray txakurra hil egin baitzen luizian.

1823ko Bristol Mirror egunkarian argitaratutako artikulu batean Anningek Bristol Institutuarentzako aurkitutako iktiosauro baten hezurdura gai harturik, honako aipamena egin zuen Maryren lanari buruz:

« Emakume saiatu hau egunero aritu da urte luzez garrantzi handiko fosilak marea bakoitzaren ondoren bilatzen, Lymeko labar luzeetako kilometro askotan, zeinak masak isurtzen dituen bere berehalako helburuarekin, horiek baitira mundu zaharraren erlikia baliotsuenak, erortzera doazen unean jasoak izan behar direnak, marearen bitartez erortzen diren harri zatiek zapaldua izateko arriskuarekin: haren ahaleginari zor dizkiogu bilduma handietako iktiosauro ale bikainenak. [...] »

Fosilen denda eta esperientzia handituz

Duria Antiquior litografia. Scharfek egin zuen, de De la Bechen akuarelan oinarrituz

Garrantzia handiko aurkikuntza berriak egiten jarraitzen zuen Mary Anningek, eta horrek haren ospea handitzen zuen. 1826an, 27 urte zituela, ordu arte aurreztutakoarekin erakusleiho handi bat zuen etxe bat erosi zuen, eta han ireki zuen Anningen Fosil Biltegia izeneko denda. Anningen fosilak saltzeko negozioak garrantzia handia hartu zuen azken urteetan, eta horregatik bertako prentsak haren etxe aldatzea eta irekitako denda berria (zeinak iktiosauro baten hezurdura osoa zituen erakusleihoan) aipatu zituen.

Europa eta Ameriketako geologo eta fosil-bildumazale askok bisitatu zuten Anningen denda hainbat espezimen lortzeko. Horien artean aipatzekoa da George William Featherstonhaugh, inauguratu berri zen New Yorkeko Historia Naturaleko Lizeorako fosil batzuk 1827an erosi zituen gizona.

1844an Sajoniako Federiko Augusto II.a Erregeak bisitatu zuen denda eta bere bildumarako iktiosauro baten hezurdura erosi zuen. Erregearen mediku eta aholkulari Carl Gustav Carusek Anningi izena koaderno batean idazteko eskatu zioenean, honek Europa osoan famatua naiz gehitu zion. Carusek egunerokoan honako oharrak idatzi zituen dendari buruz:

« [...] fosil harrigarrienak dituen denda: iktiosauro baten burua, amonite ederrak, etab. kristalaren atzealdean zeuden ikusgai. Sartu eta denda txiki bat eta erantsitako gela bat aurkitu genituen, kostako fosilez beteak. »

Anningen heziketa oso mugatua zen; igandeetan joaten zen eliza kongregazionalistari esker ikasi zuen irakurtzen eta haurtzaroan irakurri zituen testu gehienak disidente erlijiosoen idatziak ziren. Hala ere, fosilen inguruan ahal zuen gehiena ikasteko Maryk aurkitzen zuen literatura zientifiko guztia irakurtzen zuen. Askotan beste batzuek idatzitako artikuluak eskuz kopiatzen zituen.

Historialari batek 1824an William Conybearek itsas narrastien inguruan idatzitako artikulua eta Anningek egindako kopia alderatu zituen. Azpimarratu zuen artikuluak irudi zehatzak zituen hainbat orri bazituen ere, oso zaila zela kopia eta artikulu originaleko irudiak bereiztea. Animalia modernoen disekzioa ere egiten zuen (zenbait arrain eta txibiena) fosilen anatomia hobeto ulertzeko. Lady Harriet Silvesterrek 1824an bisitatu zuen Lyme, eta hauxe idatzi zuen egunerokoan:

« [...] emakume hau berezi egiten duena zera da, horrenbeste trebatu da zientziarekin, non edozein hezur aurkitu ahala badakien zein triburena den. Hezurrak porlanarekin itsasten ditu marko batean eta ondoren marrazkiak egiten ditu. [...] Egia esan, jainkozko mesedearen adibide miragarria da - neska behartsu eta ezjakin honek hain bedeinkatua egon behar du, irakurri eta saiatzeagatik lortu baitu gaiaren inguruan aditu diren irakasle eta gizonekin hitz egin eta idazteko behar beste jakinduria, eta horiek guztiek onartzen dute berak zientzia honen inguruan gehiago ulertzen duela.[1] »

Denborak aurrera egin ahala, jakinduria honekiko zuen konfiantza handituz zihoan eta, 1839an, Magazine of Natural History aldizkariari idazteko denbora hartu zuen, duela gutxi aurkitu zen Hybodus tiburoi prehistorikoaren fosilak genero berri bat irudikatzen zuela zioen baieztapena zalantzan jarriz, berak duela urte asko aurkitu baitzituen hortz zuzenak zein kakotx formakoak zituzten tiburoi fosilen existentziaren ebidentziak. Aldizkariak gutun hartatik inprimatu zuen zatia izan zen Anningek idatzitako idatzi guztien artean publikatu zen bakarra.[2]

Komunitate zientifikoarekiko interakzioak

Maryren espezimenak eskuratzeaz gain, garai hartako geologo garrantzitsuenetariko batzuek Anning bisitatzen zuten harekin fosilak bilatu eta anatomia eta sailkatze gorabeherez eztabaidatzeko. Henry De la Bechek, Britainiako geologo nagusi bilakatuko zenak, esaterako, neska honekin fosilak biltzen zituen (baita batzuetan Joseph anaiarekin ere) oraindik nerabe zirenean. William Blucklandek, Oxforden geologiako klaseak ematen zituenak, zenbaitetan Gabonetako oporrak Lymen pasatzen zituen eta Anningekin fosilak biltzen zituen sarritan.

1839an, Buckland, Conybeare eta Richard Owenek Lyme bisitatu zuten Anningek fosil bila txangoan eraman zitzan. 1830eko hamarkadan Thomas Hawkinsi ere laguntzen zion Lymen iktiosauroen fosilak bilatzen. Berak bazekien Hawkinsek biltzen zituen fosilak hobetu nahi zituela. Idatzi zuen:

« [...]hain da suharra, non gauzak izan beharko zuten bezala imajinatzen dituen eta ez benetan aurkitu bezala...». Urte batzuk beranduago izugarrizko iskanbila publikoa jazo zen Hawkinsek iktiosauro baten hezurdura osatzeko hezur faltsuak erabili zituela jakin zenean; fosilak diru mordo baten truke erosi zituen gobernuak Britainiar Museoan jartzeko. »

Louis Agassiz paleontologo suitzarrak 1834an bisitatu zuen Lyme eta Anningekin lan egin zuen lekuko arrainen fosilak aurkitu eta aztertzeko. Anningen eta haren lagun Elizabeth Philpoten jakinduriarekin harrituta geratu zen egunerokoan honako hau idatziz:

« Philpot eta Mary Anning andereñoak hainbat motatako marrazo iktiodoruliteen bizkar hegalak ziurtasun osoz erakusteko gai izan dira. »

Haien laguntza eskertu zuen bere Arrain fosilei buruzko ikerlanak liburu itzelean.

Beste britainiar geologo garrantzitsu batek, Roderick Murchisonek, Ingalaterrako hego-mendebaldean egin zituen bere lehen landa lanak; baita Lymen ere. Bere emazte Charlottek lagundu zion lanarekin. Murchinsonek idatzi zuen aste gutxi batzuetan Charlotte Lymen geratzea erabaki zutela

« [...] praktikan paleontologo on bilakatzeko, eta leku hartako Mary Anning entzutetsuarekin lan egiteko. »

Charlotte Murchison eta Anning bizitza osorako lagun bilakatu ziren eta hainbat gutun trukatu zituzten. Charlottek, asko bidaiatu eta gizonarekin egiten zuen lanari esker geologo gailen asko ezagutu zituen, Maryri Europa osoko bezero sare bat osatzen lagunduz. Anning Murchison familiaren etxean egon zen 1829an Londres bisitatu zuenean.

Anningen berriemaileen artean aurkitzen ziren Charles Lyell, zeinak Lyme inguruko labarrei itsasoak nola eragiten zien galdetzeko idatzi zion, eta Adam Sedgwick, Cambridgen geologia irakatsi zuena (Charles Darwin haren ikasle izan zen) eta Anningen lehen bezeroetarikoa izan zena. Gideon Mantellek ere, Iguanodon dinosauroaren aurkitzaileak, bere dendan bisitatu zuen.

Sarkina, komunitate zientifikoan

[[Fitxategi:AnningIchthyosaurSkull.jpg|thumb|300px|right|1814ko marrazkia Everard Homek Royal Societyri eginiko artikulu batentzat. Anningsek aurkitutako iktiosauro baten garezurra. Langile klaseko emakumea zenez, Anning beti izango zen sarkina komunitate zientifikoan. Garai hartan, Britainia Handiko emakumeei ez zitzaien botoa emateko aukera ematen (jabetzak izatearen baldintza betetzen ez zuten langile klaseko gizonek ere ez zuten boto-eskubidea), ezta kargu publikoetan jardun edo unibertsitatera joatea ere. Horrez gain, garai hartan sortu berri zen eta gero eta garrantzitsuagoa zen Londresko Elkarte Geologikoak ez zien uzten emakumeei gonbidatu gisa bileretara sartzen, eta are gutxiago kide bihurtzen.

Anningen lan egiteko arrazoiaz eta familiaren erlijio disidentziaren egoeraz ere baliatzen ziren haren kontra egiteko, ia ziur baiezta baitaiteke Anning Lyme Regiseko herri kontserbadore batean diskriminaziora lotua izan zela. Kasu gehienetan behe klaseko emakumeek nekazaritzan, etxean eta (gero eta gehiago) ireki berri zituzten fabriketan lan egin zezaketen bakarrik.

Nahiz eta Anningek fosilei eta geologiari buruz gizon paleontologoek baino gehiago jakin, jaun horiek ziren Maryk aurkitutako aleei buruzko deskribapen zientifikoak argitaratzen zituztenak, askotan haren izena aipatzera ukatzen zirelarik. Denborarekin, honek gero eta kontrariatuagoa sentitzera bultzatzen zuen. Geroago, fosilak biltzen laguntzen zion neska batek idatzi zuen:

« Maryk dio munduak ase arte erabili duela... zientziako gizon horiek bere garuna zurrupatu dute, eta probetxu handia atera dute berak landutako edukien lanak argitaratuz, ordainetan ezer ez jasoz. »

Finantza zailtasunak

1830ean Henry De la Beche geologoak margotutako Duria Antiquior akuarela, Anningek aurkitutako fosiletan oinarrituz

1830an, Britainia Handiko krisi ekonomikoaren ondorioz fosil eskaera txikitzeaz gain, aurkikuntza garrantzitsuenen artean denbora asko pasa zenez, Anning finantza zailtasunak edukitzen ari zen berriro. Henry de la Beche geologoak George Scharfek eskatutako enkargu bat egiten lagundu zion neskari. Mandatuak haren Duria Antiquior akuarelan oinarritutako irudikapen litografikoa egitean zetzan, zeinak Anningen fosiletan oinarrituta, prehistoria garaiko bizitza irudikatzen zuen. De la Bechek inprimakiaren kopiak saldu zizkien bere lagun geologo eta beste hainbat lagun aberatsei eta lortutako diru guztia Maryri eman zion. Zabalpen handia jaso zuen lehen denbora konkretu bateko eszena izan zen. Azkenean, 1830eko abenduan beste aurkikuntza handi bat egin zuen: 200£engatik saldu zen plesiosauro mota berri baten hezurdura.

Anningek beste finantza arazo larri bat izan zuen 1835ean inbertsio txar baten ondorioz bizitza osoko aurrezkien gehiengoa galdu zuenean, 300£ inguru. Bere finantza-egoeraz kezkaturik, haren lagun William Buclandek Zientziaren Aurrerapenerako Elkarte Britainiarra konbentzitu eta gobernu britainiarrak Zerrenda Zibila izenez ezagutzen zen urteroko pentsio bat ematea erabaki zuen, geologiaren zientziari emandako ekarpenen truk. Urtero jasotzen zuen 25£eko pentsioak nolabaiteko segurtasun finantzarioa eman zion.

Fede aldaketa

Horrez gain, garai berean, Anningek eliza anglikanora joateari ekin zion, ordu arte bisitatu zuen eliza kongregazionalista (bertan bataiatua eta familiarekin batera bertako kide izan zen) alde batera utziz. Aldaketa hura, alde batetik, Kongregazioko kapera nagusira joaten zen jende kopurua gutxitu zelako izan zen. 1823an hasi zen hori, euren artzaina, fosilak bildu eta Anningen laguna zena, Ameriketako Estatu Batuetara esklabotzaren aurkako kanpainan parte hartzera joan zenean eta ezatseginagoa zen artzain batek ordeztu zuenean. Garai hartan ezarrita zegoen elizak zuen errespetagarritasun handia, non Anningen bezero asko, Buckland eta Conybeare bezalako gizon geologoak, sazerdote izendatu izana erabakia hartzerako garaian ere faktore esanguratsua izan zen. Anningek, horren elizkoia izanik, babesa eman zion bere eliza berriari zahartu ahala.

Gaixotasuna eta heriotza

Mary Anning eta bere anaia Josephen hilobia

1847ko martxoan, bularreko minbiziak jota hil zen Anning; 47 urte zituen. Azken urteetan, haren lana asko murrizten joan zen gaixotasuna zela-eta. Anningek gero eta laudano dosi handiagoak hartzen zituen eta, horrek sortzen zizkion ondorioak bizilagun batzuek gaizki ulertu zituztenez, Lymen zabaldu zen Maryk edateari ekin ziola.[3] Hil eta gero, haren lagun Henry de la Bechek, artean Londresko Elkarte Geologikoko lehendakari zenak, gizarte bilera batean irakurri eta bere hilabeteko transakzioetan argitaratua izan zen gorespen-testu bat idatzi zuen. Horrelako goraipamenak normalean elkarteko kide zirenei soilik ematen zitzaizkien eta Anning ohore hura jaso zuen lehen emakumea izan zen, elkarteak ez baitzituen emakumeak kidetzat onartu 1904. urtera arte. Gorespen-testua honela hasten zen:

« Ezin amai dezaket heriotzaren bitartez galdu ditugunak aipatzeaz norbaiten heriotzari publizitaterik egin gabe, gizarteko klase aberatseko kide ez bazen ere, bere lanarekin eguneroko ogia irabazi behar izaten baitzuen; hala ere, bere talentuaren bidez ikerketa nekaezinetan laguntza eman zuen; hala nola, Enalio-Saurio handien hezagutzan eta baita Lyme Regis inguruan lurperatuta zeuden beste hainbat bizitza organiko formen inguruan ere [...]. »

Geroago, elkarteko beste zenbait kidek haren omenean Lyme Regiseko Jaun Done Mikel parrokia-elizan ezarri zen beiratea egiten lagundu zuten. Leihoaren inskripzioak honela dio:

« Leiho hau Mary Anningen memoriari kontsakratua dago zeina parrokia honen partaide zen, 1847ko martxoaren 9an hil zen eta Londresko Elkarte Geologikoko kide batzuek eta bikarioak euren mailara igotzen duten geologia zientziaren sustapenean eman duen onuragatik oroituz, baita bere bihotzaren ontasunagatik eta bizitzako zuzentasunagatik ere.[4] »

Beirateak erruki lanak irudikatzen ditu, hots, gose denari jana ematea, egarri denari edaten ematea, biluzik dagoena janztea, etxerik ez duena etxean hartzea eta preso eta gaixoei bisitatzea.

Charles Dickensek All the Year Round aldizkari literarioan Anningen bizitzari buruzko artikulu bat idatzi zuen bizitzan gainditu behar izan zituen zailtasunak argi eta garbi utzi zituen, batez ere, Lymeko bere bizilagunen eszeptizismoa azpimarratuz. Dickensek idatzi zuen:

« Arotzaren alabak beretzako izena merezita irabazi du.[5] »

Aurkikuntza nagusiak

Iktiosauroak

Mary Anningen lehenengo aurkikuntza garrantzitsuena bere aita hil eta denbora gutxira izan zen, 12 urte zituela. 1810ean (iturri batzuek 1811 edo 1809an aipatzen dute), bere anaia Josephek krokodilo batena zirudien garezurra aurkitu zuen, baina ez zekiten animaliaren gainerakoa non zegoen.[6] Joseph tapizari lanetan hasi zenez, denbora gutxiago zuen hezurdura bilatzen jarraitzeko, baina Maryk haren bila jarraitu zuen harik eta urtebete geroago, ekaitz batek itsaslabarrean eragindako luizi batek falta zen hezurdura agerian utzi zuen.

5,2 metro luze zen izakia herriko harginen laguntzaz erauzia izan zen. Urte batzuk lehenago Lyme eta beste leku batzuetan iktiosauroen hezurdurak aurkituak izan baziren ere, Anningdarrek aurkitutako alea lehena izan zen Londresko zientzialarien arreta erakartzen. 1812an, herriko luxuzko etxe bateko lordak erosi zuen 27£en truke eta honek William Bullocki eman zion Londresen erakuts zezan. Bertan oihartzun handia izan zuen eta zientzialariak zein erlijiosoak geologiaren zientzia berria antzinako bizitzari eta Lurraren historiari buruz ezagutzera ematen ari zen berrien inguruan pentsatzera bultzatu zituen.

Ospe hori handitu zen Everard Homek 1814an hasita sei artikuluko sail bat idatzi zuenean, Royal Societyrako hura deskribatuz.[7] Home izakiarekin liluratuta zegoen, eta haren sailkapenaren inguruan pentsatzen hasi zen: hasieran pentsatzen zuen arrain motaren bat zela, gero ornitorrinkoarekin (garai hartan bertan zientziak aurkitua izan zena) nolabaiteko kidetasuna izan zezakeela uste izan zuen; azkenean, 1819an, arrabio eta muskerren arteko forma zuen zerbait zela hausnartu zuen, horrek Proteo-Sauro izena ematera bultzatuz.

Homen artikuluek inoiz ez zuten aipatu nork aurkitu zuen fosila eta, gainera, lehenengo artikuluan fosilaren prestatze eta garbitze lan saiatuak Bullock museoko langileei egozten zizkien, eta ez Anningi. Charles Konigek, garai hartan British Museumeko zaindariaren laguntzailea zenak, iktiosauro (musker arraina) izena iradoki zuen eta hori izan zen gailendu zena. 1819an Konigek hezurdura fosila museorako erosi zuen.

1815-1819 urteen artean Anningek iktiosauro gehiago aurkitu zituen, baita amuarrain txiki baten eta balea baten hezurdura ia osoak ere. 1821ean William Conybeare eta Anningen lagun Henry De la Bechek, biak Londresko Elkarte Geologikoko kideak, Anningek eta beste zenbaitek aurkitutako aleak detaile osoz aztertzen zituen artikulu batean kolaboratu zuten. Iktiosauroak ordura arte ezagutu ez ziren itsas narrastia zela ondorioztatu zuten, eta hortzetako egitura ezberdintasunetan oinarrituta hiru espezie ezberdin egongo zirela ondorioztatu zuten.

Plesiosauroak

1820-1821 urteen arteko neguan aurkitutako itsas narrasti mota berria Anningen hurrengo aurkikuntza garrantzitsuena izan zen, espeziearen lehen hezurdura zen gainera. William Conybearek Plesiosaurus (ia musker) izena eman zion, izan ere, pentsatu zuen egungo narrastiekin kidetasun handiagoa zuela iktiosauroek baino eta, 1821ean, Henry De la Bechekin iktiosauroaren anatomia deskribatzen zuen artikuluan bertan deskribatu zuen aurkitutako hezurdura berria. Artikuluak eskerrak ematen zizkion Anningek aurkitutako hezurrak eraman zituen gizonari, baina ez zuen hezur horiek aurkitu eta prestatu zituen emakumea aipatzen. Geroago, Plesiosaurus dolichodeirus izenaz deskribatua izan zen eta espeziearen holotipoa da, baita genero biologiko definitzen duen espezia ere.

1823an, bigarren plesiosauro osatuago bat aurkitu zuen, lehenengoari garezurra falta baitzitzaion. Conybearek plesiosauroaren anatomiaren inguruko bere analisia aurkeztu zuen 1824an Londresko Elkarte Geologikoak antolatutako batzar batean, berriro ere Mary Anningen izena aipatzea saihestuz, nahiz eta Anningek aurkituak izan hezurdurak eta berak egindako bigarren hezurduraren irudiak erabili aurkezpenean. Bilera berean, William Bucklandek Megalosaurus dinosauroa deskribatu zuen eta bi espezie hauen arteko konbinazioak arrakasta izan zuen zientifikoen artean.

Conybearen aurkezpenak fosil baten originaltasunaren inguruko eztabaida piztu zuen. Plesiosauroaren 35 ornotako lepo luzeak ez zuen aurrekaririk eta Georges Cuvier anatomista frantsesak Anningek bigarren hezurdurarekin egindako irudia aztertu zuenean aurkikuntza hura animalia mota ezberdinen hezur fosilen arteko konbinazioz egindako faltsutze bat izan zitekeela otu zitzaion, beraz, Conybeareri idatzi zion bere ideiak plazaratuz.

XIX. mendeko fosil-bildumazale nagusien artean oso zaila zen iruzurrak aurrera egitea, eta eztabaida konpondu izan ez balitz salaketak Anningen fosilak beste geologo batzuei saltzeko gaitasunari kalte egingo zion. Cuvierren salaketa 1824ko Elkarte Geologikoaren bilera berezi batean eztabaidatua izan, azkenean hezurdura legezkoa zela ondorioztatu zen. Cuvierrek ondoren onartu zuen arinegi jokatu zuela eta oker zegoela.

Anningek 1830an beste plesiosauro baten hezurdura ia oso bat aurkitu zuen, benetan garrantzitsua izan zen. Plesiosaurus macrocephalus izena eman zion William Bucklandek eta Richard Owenek 1840an deskribatu zuen dokumentu batean. Oraingoan Owenek berriro ere fosila erosi eta berari eskaini zion gizon aberatsa aipatu zuen, baina ez fosil hura aurkitu zuen emakumea.

Arrain fosilak eta pterosauroa

Anningek Dapedium politum espeziearen ale paregabea aurkitu zuen, 1828an deskribatu zuten hegats erradialetako arrain bat. Urte bereko abenduan, beste fosil garrantzitsu bat aurkitu zuen, pterosauro baten hezurdura zati bat. 1829an, William Bucklandek Pterodactylus macronyx izena (Geroago Richard Owenek Dimorphodon macronyx izena) eman zion, eta beste askotan ez bezala, Bucklandek Anning aipatu zuen artikuluko espezimenaren aurkitzailetzat. Alemaniatik kanpora aurkitutako lehen pterosauro hezurdura zen, eta zirrara sortu zuen Museo Britainiarrean erakusgai jarri zutenean. 1829ko abenduan, Squaloraja izeneko arrainaren fosila aurkitu zuen, zeinak marrazoen eta arraien tarteko ezaugarriak zituenez, zientzialarien arreta bereganatu zuen.

Ornogabeak eta hondakin fosilak

Anningek aurkitutako fosil ornogabeak gogoangarriak izan ziren historian, baina berak fosil gehiago bilatzen jarraitu zuen bizitza osoan eta zenbait ekarpen egin zituen garai hartako paleontologian. 1826an, belemnite baten tinta sekoa gordetzen zuela zirudien zaku fosil bat aurkitu zuen. Bere lagun Elizabeth Philpoti erakutsi zion aurkitutakoa eta hura tinta berpizteko eta honen bidez iktiosauro batzuen marrazkiak egiteko gai izan zen. Herriko margolariak berehala hasi ziren aurkitzen zituzten fosiletako tinta erabiltzen.

Anningek nabarmendu zuen tinta zaku fosilizatuek antz handia zutela egungo txipiroi eta txibien tinta zakuekin, zefalopodoen anatomia hobeto ulertzeko disekzionatu baitzituen. William Buckland geologoak ideia horretan oinarrituz Jurasikoko belemniteek egungo zefalopodoek bezala tinta defentsarako erabiltzen zutela publikatu zuen.

Anning izan zen baita ere garai hartan «bezoar harriak» izena jasotzen zuten forma arraroko fosilak iktiosauroen sabelaldean aurkitzen zirela atzeman zuena. Nabarmendu zuen harriak gorputzaren barruan puskatzen baziren arrain txikien hezur fosilizatuak eta ezkatak aurkitzen zirela, eta batzuetan iktiosauro txikien hezurrak. Anningek 1824rako uste zuen harri haiek gorotz fosilizatuak zirela eta, 1829an, William Buclandek ondorio hura argitaratu zuen, kropolito izena emanez.

Urte batzuk lehenago aurkitutako plesiosauroen hezurdurekin gertatu ez bezala, Buclandek Elkarte Geologikoari bere kropolitoen inguruko ondorioak aurkeztu zizkionean Anningen izena aipatu zuen eta haren gaitasuna eta zeukan industria goraipatu zituen lagungarriak izan baitziren misterio hura argitzeko.

Eragina eta ondorena

Multzo batean bildurik, Mary Anningen aurkikuntzak funtsezkoak izan ziren espezieen desagertzea frogatzeko. Georges Cuvierrek 1790eko hamarkadaren amaieran landu zuen desagertzeen errealitatea mamutarenak bezalako ugaztunen fosiletan oinarrituz. Hala ere, 1820 hamarkadaren hasiera bitarte, hainbat zientzia literatoen ondorioz, animaliak ez zirela desagertu uste zen, neurri handi batean, desagertze horrek Jainkoaren kreazioa inperfektua izan zela erakuts lezakeela uste zuelako; aurkitutako edozein bitxikeria Lurrean aztertu gabeko lekuetan bizi ziren animaliak zirela esanez esplikatzen zen. Anningek aurkitutako fosilen izate arraro horrek, plesiosauroarena bezalako hezurdura, ordura arteko edozein izaki bizidunetatik horren ezberdina zena, ideia horren aurkako puntu garrantzitsua izan zen.

Berak aurkitutako iktiosauro, plesiosauro eta pterosauroak eta Gideon Mantellek eta William Bucklandek garai berean aurkitutako lehen dinosauro fosilek erakutsi zuten aurreko garaietan lurra egungo animalien oso ezberdinak ziren izakiez betea egon zela eta babes handia eman zioten Cuvierren «narrastien garai» bat egon zela zioen ideiari, haiek baitziren animalien artean forma gailena zutenak. Aurkikuntza horiek guztiak funtsezkoak izan ziren, baita ere, 1820. hamarkada inguruan sortu zen geologiaren diziplina berri batean, zeina desagertutako izakien fosilez eta izakia bera bizi izandako lekuaren ezaugarriez baliatzen zen lurraren historia ulertzeko. Diziplina berri honi paleontologia izena eman zitzaion.

Aurkitutako fosil horien garaietako eszenen marrazkiak, Henry de la Bechen Duria Antiquior akuarela, esaterako, lagungarri izan ziren jendeari erakusteko aspaldiko garaietako bizitza nolakoa izan zen jakitea posible zela. De la Beche William Buclandek egindako koprolitoen analisian oinarritu zen Lias garaiko elika-kate baten deskribapena marrazteko. Koprolitoen ikerketa, Anning eta Buckland aitzindari izan zituena, antzinako ekosistemak ulertzeko tresna baliagarria izan zen.

Hil ondoren, Anningen ezohiko bizitzak arreta erakartzen jarraitu zuen. Adibidez, Mary Anning antzinako aho-korapilo honekin lotzen da:

« She sells sea shells on the sea shore. (Itzulpen literarioa: «Berak itsas maskorrak saltzen ditu itsasertzean.»)[8] »

1908. urtean osatu zuen Terry Sullivanek bere bizitzaren historian oinarrituta, hain zuzen ere, Mary hil zenetik mende eta erdi beranduago. Testu originalak honela dio:

« She sells seashells on the seashore
The shells she sells are seashells, I'm sure
So if she sells seashells on the seashore
Then I'm sure she sells seashore shells.


Itzulpena:

Berak maskorrak saltzen ditu itsasertzean.
Saltzen dituen maskorrak itsas maskorrak dira, ziur nago.
Beraz, maskorrak itsasertzean saltzen baditu,
ziur nago itsasertzeko maskorrak saltzen dituela.

»

Anningen bizitzak XX. mendeko idazle asko inspiratu zituen, The Heroine of Lyme Regis: The Story of Mary Anning the Celebrated Geologist (1925) lanetik hasita, fikziozko zein ez fikziozko zenbait lan argitaratu zituzten Maryri buruz. Lan horietako asko haur-literaturarako idatziak izan ziren, eta gogoa haren haurtzaroan eta berehala lortutako ikasketetan jartzen zuten, geroagoko lorpenak albo batera utziz. Istorio horietako asko erromantiko bilakatu zituzten eta ez ziren beti historikoki zuzenak.

Anning nobela historikoetako pertsonaia modura ere agertu da, agian ezagunena John Fowlesen The French Lieutenant's Woman (1969), 1981ean zinemara eraman zutena. Fowles konturatu zen ingeles zientzialari bakar batek ere inoiz ez ziola espezieren bati Anningen omenezko izenik eman. Haren biografoetako batzuek nabarmendu dutenez, Buckland eta Roderick Murchison bezalako geologo askok Anningen aurkikuntzak erabili eta euren izenak jarri zizkieten espezie fosil batzuei. 1840ko hamarkadan, ordea, Louis Agassiz arrain fosilen adituak Acrodus anningiae eta Belenostomus anningiae izenak eman zizkien bi arrain espeziei, eta beste bati haren lagun Elizabeth Philpoten izena jarri zion. Agassizek eskerrak eman nahi zizkien 1834an Lyme Regisera joan zenean bi emakume haiek eskaini zioten laguntzagatik.

1999an, Anningen jaiotzaren 200. urteurrenean, historialari, paleontologo, fosil-bildumazale eta Mary Anningen bizitzan interesa zutenen arteko batzar internazional bat ospatu zen Lyme Regisen. 2005ean Mary Anningen faksimile bat eraiki zuten Londresko Historia Naturalaren Museoan euren laginak zaintzeko pertsonaia garrantzitsuetako bat bezala. Carlos Linneo, Dorothea Bate eta William Smithekin batera aurkitzen da.[9] 2009an Tracy Chevalierrek Remarkable Creatures izeneko nobela historikoa idatzi zuen, non Anningen bizitza eta bere zein Elizabeth Philpoten aurkikuntzak kontatzen diren.

Erreferentziak

  1. (Ingelesez)http://www.ucmp.berkeley.edu/history/anning.html
  2. (Ingelesez) The Magazine of natural history and journal of zoology, botany, Volumen 3. http://books.google.es/books?id=epY5AAAAcAAJ&lpg=PA605&ots=W2b1Hs9TRZ&dq=%22Mary+Anning%22+Hybodus+Natural+History&pg=PA605&redir_esc=y#v=onepage&q&f=true
  3. (Ingelesez) http://www.thedorsetpage.com/people/mary_anning.htm
  4. Beirateko inskripzioaren itzulpena da. Jatorrizko testuak honela dio: This window is sacred to the memory of Mary Anning of this parish, who died 9 March AD 1847 and is erected by the vicar and some members of the Geological Society of London in commemoration of her usefulness in furthering the science of geology, as also of her benevolence of heart and integrity of life.
  5. (Ingelesez)http://www.strangescience.net/anning.htm
  6. (Ingelesez) http://www.thedorsetpage.com/people/mary_anning.htm
  7. (Ingelesez) http://www.thedorsetpage.com/people/mary_anning.htm
  8. (Ingelesez) http://www.nhm.ac.uk/nature-online/science-of-natural-history/biographies/mary-anning/index.html
  9. (Ingelesez) http://www.ucl.ac.uk/prehistoric/reviews/05_11_shindler.htm

Kanpo estekak


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mary Anning Aldatu lotura Wikidatan