Hamalau heriotzarena: berrikuspenen arteko aldeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Orri berria: «'''''Hamalau heriotzena''''' bertso-sorta ezaguna da. Jose Larrañaga Mendaroko semeak 1825eko urriaren 31n Etxebarriko Altzibar baserrian egin zituen hilketak kontatzen dira ber...»
Etiketa: 2017 wikitestu editorearekin
(Ez dago alderik)

20:44, 18 azaroa 2020ko berrikusketa

Hamalau heriotzena bertso-sorta ezaguna da. Jose Larrañaga Mendaroko semeak 1825eko urriaren 31n Etxebarriko Altzibar baserrian egin zituen hilketak kontatzen dira bertan. Familia bereko 3 lagun hil zituen: Miguel Galdos, 58 urtekoa; Katalina Gandiaga, 61 urtekoa; eta horien alaba Josefa Micaela, 31 urtekoa. Katalina ez zen berehala hil. Hilzorian zegoela kontatu zien inguruko baserrikoei zeinek egin zien eraso. Handik gutxira atxilotu zuten Larrañaga, Santanderren (Kantabria, Espainia). Bilboko kartzelan sartu, eta 1826ko ekainean hil zuten, garrotez. Kartzelan zegoela heriotza zigorraren zain, bertsolari bati enkarguz jarrarazitako bertso-sorta da, bere ibilera odoltsuaren berri ematen duena lehen pertsonan.

Jatorrizko bertsopaperak

Bertsopaper hauek jasotzen dituen argitalpen ezagunena, Jesus Maria Leizaolarena da, 1965. urtekoa[1]. Orduko ortografia garaira egokituta eta izenak ezkutatuta eman zuen argitara Leizaolak. Gerora, 1983an, Joseba Lakarrak, Koldo Bigurik eta Blanca Urgellek ere jaso zuten Euskal baladak: antologia eta azterketa liburuan[2].

1874. urtean Julen Lekuonak kantatu eta grabatu zituen bertsoak, Xabier Lete eta Antton Valverderekin batera kaleratutako Bertso zaharrak diskoan[3]. Morau kantariak 2000. urtean bere bertsioa ondu zuen, Amodio domestikoa diskoan[4].

Baina 2014an jatorrizko bertsopaperaren kopia aurkitu zuten Modesto eta Bertol Arrieta ikertzaileek, Euskaltzaindiaren liburutegian. Sorta 1826an inprimatu zen Tolosako (Gipuzkoa) "D. Juan Manuel la Lamaren Moldeteguian". Bertsopaper hori Louis Lucien Bonaparte printzeak jaso zuen eta Londresen zeukan liburutegi pertsonalean gordeta eduki zuen, bere alargunak Chicagoko Newberry Libraryri saldu zion arte (1900. urte inguruan). Gero, 1980. urte inguruan, Euskaltzaindiaren liburutegiak Bonapartek jasotako bertsopaperez osatutako mikrofilm bat erosi zuen, ikertzaileentzat eskuragarri egon zedin[5][6]

Egiletza

Bertsoak lehen pertsonan idatziak daude eta bertan, Joxe Larrañagak bere testigantza ematen du, kartzelan, heriotza zigorraren zain dagoen artean. Baina bertsopaperak ez dakar bertsolariaren izenik. Larrañaga berak ez zituela idatzi onartua dago, enkarguz bertsolari bati agindutakoak direla edo, bestela, bertsolariren batek bere kabuz argitaratutakoak. Bertsopaperen egiletza ikerketagai da gaur egun[7][8].

Bertsoak

Bertso transkribatuak Jesus maria Leizaolaren 1808-1814 en la poesía popular vasca liburukoak dira.

1.
Bertso berri batzuek
ditut aterako
Munduko kriaturen
eskarmenturako;
grazia eskatzen dizut,
Jauna, artarako
zeren arkitzen zadan
motiboa franko,
pekadore aundi bat
izan naizelako.

2.
Jose de Larrañaga
da nere nombrea,
Mendaron jayo nintzan,
bertako semea,
Amak egin dezala
beste bat obea;
deskalabratua naiz
munduan legea,
ain da izugarria
nere maldadea.

3.
Ay, nere Jaungoikoa,
Aita Eternoa,
arren lagun zadazu
Jaun Soberanoa,
bakarrik arkitzen zat
zure anparoa,
nere konfesioa
egitera noa,
bestela neretzat da
betiko infernoa.

4.
Gorputzeko ikara
animako lotsa
zeren egin ditudan
amalau eriotza;
aditu ezkeroztik
diruaren otsa
bidera irten eta
botatzeko poltsa,
aterako niola
bestela biotza.

5.
Diruak emanda ere
kentzea bizia
ori egiten nuen
gauza itsusia,
Jaunak bere eskutik
nengoen utzia;
orain errezatzen det
al dedan guzia,
arren aplikatzeko
beraren grazia.

6.
Milla zortzireun eta
ogeita bostean
amairugarrena zan
Urriko illean,
Markin Etxeberriko
Altzibarrenean
ateak jo nituen
ongi illunean,
bai eta iriki ere
borondate onean.

7.
Estimatu ninduten
konde bat bezela;
sillan eseririkan
afaldu nezala,
nagusia eta biok
etziñen giñala
konformatu ziraden
familia ala
petxutik sartu nion
berari puñala.

8.
Oietik saltatu zan
erio igasi,
nigandik alakorik
etzuen merezi.
Alabak zuenean
aita ala ikusi
apaiza ekartzera
bertatik zan asi,
aizkora triste batez
nion burua ausi.

9.
Ogei eta iru urteko
neskatxa gaztea
ez da bada lastima
ala tratatzea,
aizkora triste batez
muñak ateratzea;
ez dago milagrorik
ni laster galtzea,
aisa merezi nuen
bertan urkatzea.

10.
Estadu triste artan
alaba eta senarra,
Katalina gaxoak
ay, ura negarra!
Dirua erakusteko
non zan bereala
ezbazuen jarri nai
besteak bezala;
banekiela ongi
dirurik etzala.

11.
Erretxina triste bat
eskuan eman ta
niri argi egiten
gora eraman ta,
argatik paratzen det
onenbeste kanta;
berriz orrelakorik
ez deila gerta,
ongi ezaguturik
dala nere falta.

12.
Aurrena aita-alabak
azkenean ama
nere eskutik zuten
eriotza bana;
orain akordatzen naiz
gaizki egin dedana,
erakutsi zadazu,
arren, nere Jauna
nola pagatuko dan
onelako lana.

13.
Amalau eriotza
nere bakarrakin
nola paga litezken
al baneza jakin;
konformatua nago
gure Jaunarekin
pagatzen ote diran
puska banarekin;
beste erremediorik
ez dago nerekin.

14.
Ogeita bost urte da
nere edadea,
nagusi on batentzat,
a, zer mirabea;
ez naiz pekatuaren
mantxarik gabea,
beti okerrerako
nere banidadea,
penetan pasatzeko
eternidadea.

15.
Santo Kristo, zurekin
konfesa nadian
zer obra egin nuen
nik Katalunian;
Lerida pasatu ta
urrengo errian
bost lagun bizi ziran
beren familian,
guztiak il nituen
gabaren erdian.

16.
Pekatua zala ere
ez nuan nik uste,
bertatikan jartzen naiz
barkazio eske;
kalabozo batean
biotzetik triste;
nere sententzia ere
bota emen dute,
bein garrotea emanda
laurdenduko naute.

17.
Sobra da ori neretzat
kastigu ariña
munduan pagatzekotz
len gaizki egiña;
Birjiña Santisima,
Zeruko Erregiña,
anima gaixoentzat
egizu alegiña,
erremediatzeko
nere utsegiña.

18.
Ea, bada, munduak
desanparatuak,
ongi adi itzazute
nere trabajuak;
egiaren bidean
daude probatuak;
onetara baño len
atera kontuak,
munduan onena ere
ezgera santuak.

19.
A, zer errematea;
munduko gustuak
ni bezelako asko
badira nastuak;
zenbait barkatzen ditu
Jaungoiko justuak
baña ez dira egongo
txokoan aztuak;
gero pagatzen dute
anima gaxoak.

20.
Nere gaiztakeriak
akabatu dira,
biotzetik jartzen naiz
Jaunari begira;
nik galdu dituanak
salbatzen balira
guztiok joateko
Zeruko glorira!
Orra mundu tristea
nere despedida.

  1. Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «1808-1814 en la poesia popular vasca y otros estudios - Liburutegia - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-18).
  2. Lakarra, Joseba; Andrinua, Joseba Andoni Lakarra; Biguri, Koldo; Urgell, Blanka. (1983). Euskal baladaren azterketa eta antologia. Hordago ISBN 978-84-85795-28-4. (Noiz kontsultatua: 2020-11-18).
  3. «Bertso zaharrak» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-18).
  4. «Amodio domestikoa» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-18).
  5. Zabala, Juan Luis. «'Hamalau heriotzena', jatorrizkoan bezalaxe» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-11-18).
  6. (Gaztelaniaz) irudia, Komunikazioa eta. «“Hamalau Heriotzena” lanaren jatorrizko bertsopaperaren kopia aurkitu dute Euskaltzaindian» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-18).
  7. «Ayarragaray ote, ‘Hamalau Heriotzena’ bertso sortaren egilea? - Urumea» Kronika.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-18).
  8. «Hitzek esan ez dutenaren bila» Bizkaiko Hitza 2017-12-01 (Noiz kontsultatua: 2020-11-18).