Uholde: berrikuspenen arteko aldeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Etiketak: Mugikor edizioa Mugikor web edizioa Advanced mobile edit
Etiketak: Mugikor edizioa Mugikor web edizioa Advanced mobile edit
72. lerroa: 72. lerroa:
===Ekintzak===
===Ekintzak===


Hustu beharreko ur kopuruaren eta ahalmen hidraulikoen artean desegokitasuna dagoenez, uholdeen kudeaketak honako helburu hauek ditu, beti ere Unescoren arauak betez<ref name=Unesco/>, oro har ekintza erresiliente, ekonomiko eta ekologikoak izanik:
Hustu beharreko ur kopuruaren eta ahalmen hidraulikoen artean desegokitasuna dagoenez, uholdeen kudeaketak honako helburu hauek ditu, beti ere Unescoren arauak betez<ref name=Ura/>, oro har ekintza erresiliente, ekonomiko eta ekologikoak izanik:
*Uraldien hedapen-eremuak leheneratzea (ibai-ohe txikia eta [[uholde-lautada|handia]]).
*Husteko ahalmena berrezarri edo hobetu ([[ibaiertz]]ak mantendu, flotakin pilaketak ezabatu, hondoak dragatu...)


==Munduan==
==Munduan==

17:05, 12 martxoa 2021ko berrikusketa

Uholdea Hernanin (Gipuzkoa, 2011ko azaroa)
Uholdea Fort Waynen, 1982.

Uholdea lur eremuak urez estaltzea da[1], ohiko lekuetatik gainezka egiten duenean, adibidez, euri jasen ondorioz ibaiek gainezka egitean edo tsunamiengatik itsas-maila igotzean. Beste hainbat arrazoi ere izan dezake, hala nola elur urtzea, urtegi baten haustura, maila freatikoaren igoera edo urakanak eragindako itsas-mailaren igoera. Ez da nahastu behar ur-goraldi edo uraldiarekin, non ur kopurua erruz handitzen bada ere, ez du ibilgutik gainezka egiten.

Ibai-uholdeak aldizkako prozesu naturalak dira eta ibai-ordokien sortzaile nagusiak, non ibaiertzeko lur emankorrek nekazaritza garatzean ahalbidetu duen. Horien adibide garbiak dira Nilo ibaiaren harana eta Mesopotamia.

Uholdea da munduko arrisku natural nagusienetako bat eta kalte gehien sortzen duen hondamen naturala. 1996-2005 aldian, munduko hondamendi naturalen % 80 meteorologikoak edo hidrologikoak izan ziren. 1973 eta 1997 artean, uholdeek urtean batez beste 66 milioi pertsonei eragin zieten eta egoerak okerrera egin du kostaldeko herri askotan[2][3]: 136 metropoli nagusietan egindako ikerketa batean itsas mailaren goratzeak eragin lezaken kostua kalkulatzeko, uholdeek 1.000 milioi inguru kostua eragingo lukete urtero 2010etik 2050era, hiri horientzat bakarrik[4]. Euskal Herrian, klima-aldaketaren ondorioz euri-jasak % 10 ugarituko direla aurreikusten da, uholdeak sarriagotuz[5]. Azkenaldian eginiko kanalizazioek eta lurren artifizializazioak arriskua areagotu dute[5].

Hitza

Uholde da euskara batuan erabili beharrekoa[1], baina euskaraz beste hainbat aldaera ere erabili izan dira, hala nola ugolde, ujolde, ujale, uriol, urjola, urolde, iholde, uheldo, usal, uxal, ufal[6].

Hala ere, euskara batuan badira beste sinonimo batzuk: pesia (iparraldea, ur kopuru handia)[7] eta zoperna (iparraldea; uholdea eta berau eragiten duen ekaitza)[8]. Zenbait testuingurutan, uraldi[9] sinonimotzat jotzen da, baina badirudi egokiagoa dela ur-goraldia adierazteko.

Motak

Eurizkoak

Uholdeak gerta daitezke eremu lau edo behekoetan euri-jasek (edo elur-urtzeak) ur gehiago hornitzen dutenean, infiltratu edo hustu daitekeena baino. Ur gehiegia bertan pilatzen da, batzuetan sakonera handiarekin. Lurra ase daiteke, eta infiltrazioa zaildu edo geldiarazi, batez ere maila freatikoa azalekoa bada, uholde-lautadetan bezala. Infiltrazioa txikia edo ezinezkoa da lur izoztuetan, harkaitzetan, hormigoian, zoladuran edo teilatuetan. Arro endorreikoetan uholdeak gertatzen dira prezipitazioa lurruntzea baino handiagoa bada[10].

Ibaikoa

Ibai edo erreka mota guztietan gerta daitezke uholdeak, eskualde hezeetako baserreka txikienetatik hasi eta klima idorretako uhar eta uadietaraino, baita munduko ibai handienetan ere. Uholde batzuk oztopoek eragindakoak edo areagotutakoak izan daitezke, hala nola, luiziek, izotz edo hondakin pilaketek edo kastoreen urtegiek.

Uholde batzuk geldoak izaten dira gehien bat arro hidrografiko zabalak dituzten ibai handietan. Emaria gutxika baina etengabe hazten da, euri-jasa luzeengatik, elur urtze lasterrengatik edo zikloi tropikalengatik.

Uholde azkarrak, maizago gertatzen dira ibai txikiagoetan, haran malkartsuetako ibaietan, ibilbidea batez ere eremu iragazgaitzetan igarotzen denean edo normalean ibilgu lehorrak dutenetan.

Kostakoa

Kostaldean faktore ugarik sor dezakete uholdea, batez ere konbinatzen direnean: haizeak eta presio atmosferiko txikiak eragindako itsas mailaren igoerak, itsasgora handiak, olatu handiak (tsunamiak edo zikloi tropikalak kasu larrietan) eta abar. Gainera, estuario eta ibai-ahoetan aurreko faktoreak uholdeak sor ditzakete ibaiko emariarekin elkartzean.

Babesa

Thames Barrier, Londres uholdeetatik babesteko hesi edo konportak.

Neolitoaren hasieratik, sedentarizazioa hasi zenetik eta, beraz, kostaldeko eremu lauak edo ibai-haranak okupatu zirenetik, gizakiak uholdeei aurre egiteko erronka izan du. Egipton eta Mesopotamian jada eraiki ziren ibai-babes garrantzitsuak, hala nola dikeak, urak desbideratzeko ubideak eta ibilguen hobetzeak hiriguneetan. Lan hidraulikoak Grezian eta Erroman ere egin ziren, bai edateko ura lortzeko, bai arriskuak saihesteko. Txinan, XII. mendean jada eraikitzen ziren ubide handiak ibaietan, eta montzoiek eragindako uraldiei aurre egiten saiatzen ziren.

Gaur egun, uholdeen aurkako babesak oso aurreratuak dira herrialde garatuetan. Babes-neurriak sistema askotan oinarritzen dira: dikeak, metalezko hesi mugikorrak, urtegi erregulatzaileak eta hustubideak. Egoera arriskutsuei aurre egiteko alerta-sistemak ere oso garatuta daude: eguraldi iragarpena, alerta hidrologikoa zehazten duten ibai-edukieren behaketa eta itsasikarak detektatzeko sistemak.

Itsasgorak eragindako itsas uholdeen aurkako babesa oso garatuta dago Herbehereetan, non dike sare batek barruko zein kanpoko urak erregulatzen dituen. Veneziak eta Londresek ere antzeko babesak dituzte (MOSE eta Thames Barrier hurrenez hurren). Urtegi erregulatzaileak oso ugariak dira klima mediterraneoko eskualdeetan, hala nola Kalifornian eta Hego Europan, eta lehorte-garaian ura biltzeko eta ibai-uraldiei eusteko balio dute. Beste ekintza batzuen helburua hirietatik arriskua urruntzea izan da, ibilgua desbideratuz eta, aldi berean, husteko gaitasun handiagoa emanez, hala nola Valentzian edo Sevillan. Ibaien kanalizazioa, hala nola Rhin ibaiarena, lan handiagoa da, eta arro osorako plana izan behar du berarekin (husteko gaitasuna handitzea, desbideratze puntualak, meandroak murriztea, urtegiak eraikitzea eta handitzea, etab.). Ekintza horietako batzuk eztabaidagarriak izan dira, sortzen dituzten efektuengatik. Adibidez, Rhin ibaiko meandroak kentzean, ur-goraldiko uhina lasterragoa da eta, beraz, indar handiagoa izan ohi du.

Legediak aurrerapen handia egin du, eraikuntzak debekatuz 100 urteko itzulera-denboran urpean gera daitezkeen eremuetan[erreferentzia behar]. Kartografia zabalari esker, arrisku-eremuak zein diren jakin ahal izan da, ondoren lursailetan eragin ahal izateko.

Arrisku kudeaketa

Unescoren arabera[11][12], uholde-arriskuaren kudeaketan funtsezko bederatzi arau bete baharko lirateke. Hauek dira:

  • Babes absolutua ezinezkoa dela onartzea eta plangintza istripuak kontuan hartuta egitea, lehengoratze ahalmena (erresilientzia) hobetuz.
  • Uholde batzuk nahita bultzatzea, nekazaritzarako lursail emankorrak eta ingurumenaren aldetik balio handikoak sortzen baitituzte. Gainera, ibaiari lekua emateak egoera onean mantentzen ditu ekosistemak eta beste gune batzuetako uholde posibilitatea murrizten du.
  • Arriskuak eta ziurgabetasunak ulertzea erabakiak hartzeko unean.
  • Etorkizuna iraganarekiko bestelakoa izango dela kontuan hartzea, egokitzapen estrategiak garatuz eta bihar-etziko aldaketen (klima, gizartea, egoera estrukturala eta bestelakoen) eragina kontuan hartuz.
  • Erantzun multzo bat erabiltzea, eta ez soilik neurri bakarrean oinarritzea.
  • Baliabide mugatuak modu eraginkor eta egokian erabiltzea, ingurumen, ekonomia eta gizarte aukeren sustapenarekin zerikusi dutenak.
  • Gobernuek, enpresek, erkidegoek eta gizakiek parte-hartzaile aktiboak izatea, erantzukizuna elkarrekin hartuaz.
  • Arriskua eta ziurgabetasuna luze-zabal jakinaraztea, gizarte osoa hobeto prestatuta egoteko.
  • Tokiko ingurumena islatu eta uholdeetarako plangintza beste plangintza prozesu batzuekin integratzea.

Ekintzak

Hustu beharreko ur kopuruaren eta ahalmen hidraulikoen artean desegokitasuna dagoenez, uholdeen kudeaketak honako helburu hauek ditu, beti ere Unescoren arauak betez[12], oro har ekintza erresiliente, ekonomiko eta ekologikoak izanik:

  • Uraldien hedapen-eremuak leheneratzea (ibai-ohe txikia eta handia).
  • Husteko ahalmena berrezarri edo hobetu (ibaiertzak mantendu, flotakin pilaketak ezabatu, hondoak dragatu...)

Munduan

New Orleans (AEB) Katrina urakana igaro ondoren (2005).

Hondamena ekarri ohi dute udako montzoi haizeekin sortzen diren eurite handiek. Asia hegoaldeko eta hego-ekialdeko montzoien eraginpeko lurraldeetan udan egiten du urte guztian egiten duen euriaren portzentajerik handiena. Txinan esaterako, 1000-2000 izaten dira urtean hegoaldeko ibai handien uholdeetan.

Bitarteko latitudeetan, goi troposferan aire masa hotzak zabaltzean sortzen diren konbekziozko ekaitzak dira euri eta ibai uholdeen eragileak. Estatu Batuetan uholde asko izaten dira, eta urtean 3.000 milioi dolarreko galerak sortzen dituzte; bereziki aipagarriak dira Missouri-Mississippi ibaien arroko uholdeak. Europan, berriz, udazkeneko euri jasak eta euri horien ondoriozko uholdeak dira arrisku gehien dakartenak; kalte handienak Mediterraneo mendebalean (Frantzia, Italia, Espainia) eta Afrika iparraldean izaten dira, euri bideetan eta ibai euri bideetan sortzen diren uholdeen eraginez.

Espainian euri uholdeak dira, lehorteekin batera, galera ekonomiko handienak eta, batez ere, hildako gehien eragiten dituen klimaren gertaera, batez ere irailean eta azaroan. Kantauri aldean, dena den, uda aldean izaten dira euri erauntsi larrienak (abuztuan batez ere), eta baita otsailean eta martxoan ere. Oso kontuan hartzekoak dira 1983ko abuztuan Nafarroan, Kantabrian eta Euskal Autonomia Erkidegoan izan ziren uholdeak, 80 hildako eta ekonomia kalte handiak sorrarazi baitzituzten.

Azpian mundu zabaleko uholde hilgarrienen zerrenda, 100.000 hildakotik gora:

Hildakoak Gertaera Lekua Urtea
2.500.000–3.700.000[13] 1931ko uholdeak Txina 1931
900.000–2.000.000 1887ko Ibai Urdineko uholdea Txina 1887
500.000–700.000 1938ko Ibai Urdineko uholdea Txina 1938
231.000 Banqiao urtegiaren haustura, Nina tifoiaren eraginez. 86.000 ggb uholdeengatik eta 145.000 ondorengo izurriagatik. Txina 1975
230.000 2004ko Indiako ozeanoko tsunamia Indonesia 2004
145.000 1935ko Ibai Horiko uholdea Txina 1935
100.000+ Sint-Felix uholdea, ekaitzak eraginda Herbehereak 1530
100,000 Hanoi eta Ibai Gorriaren deltako uholdea Ipar Vietnam 1971
100.000 1911ko Ibai Horiko uholdea Txina 1911

Euskal Herrian

Sakontzeko, irakurri: «Uholde historikoak Euskal Herrian»
Uholdeak Gipuzkoan (1932)

1983ko uholdeak izan ziren oso larriak, Euskal Herrian eta bereziki Bizkaian kalte ugariak eragin zituztenak

Mungian eta inguruko herrietan Butroe ibaiak, eta Gobelak Getxon zein Berangon ere kalte handiak eragin dituzte azken urteetan.

2008ko ekainaren 1ean uholde larriak gertatu ziren Bizkaian, Getxo eta Berangon besteak beste.

2011ko azaroaren 5tik azaroaren 7ra Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako iparraldean (batez ere Baztan eskualdean) jazo ziren, ondorioz Irunen pertsona bat hil eta Derion beste pertsona bat desagertu zelarik.

2015eko urtarrilaren 13an zabaldu zenez, 100 ziren EAEn uholdeak jasateko arriskua zuten tokiak[14].

Uholde Handia

Sakontzeko, irakurri: «Uholde Handia»
Uholde Handia XIII. mendeko miniatura batean (egilea: William de Brailles, Oxford, Ingalaterra)

Uholde Handiaren mitoak (zibilizazio-suntsitzaileak) kultura askotan hedatuak daude: Mesopotamiako uholde kontakizunak, manvantara-sandhya Hinduismoan, Gun-Yu txinatar mitologian, Deukalion eta Pirra greziar mitologian, Genesiko Uholde Handia, Bergelmir eskandinaviar mitologian, Polinesiako eskualde batzuetako kontakizunak, maia eta kitxeen ohiturak Ertamerikan, eta Australiako zenbait tribuetan.

Erlijiozko testuetan, uholdeak jainkozko zigortzat jotzen dira sarritan. Adibide nagusia da Genesi liburuko Uholde Handiaren kontakizuna, rol nabarmena duena Judaismoan, Kristautasunean eta Islamean.

Erreferentziak

  1. a b Uholde Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-03-05)
  2. (Ingelesez) Hanson, S. et al. A global ranking of port cities with high exposure to climate extremes. Climatic Change 104, 89–111 (2011).
  3. (Ingelesez) De Sherbinin, A., Schiller, A. & Pulsipher, A. The vulnerability of global cities to climate hazards. Environ. Urban. 19, 39–64 (2007).
  4. (Ingelesez) « Future flood losses in major coastal cities » ; Nature aldizkaria, 2013-8-18.
  5. a b Mikel Garcia Idiakez. (2013ko ekainaren 23a). «UHOLDEAK Adabakietatik neurri eraginkorretara» Argia.
  6. Uholde Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegian (kontsulta: 2021-3-6)
  7. Pesia Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-03-06)
  8. Zoperna Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-03-06)
  9. Uraldi Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-03-06)
  10. (Ingelesez) Jones, Myrtle. (2000). Ground-water flooding in glacial terrain of southern Puget Sound, Washington. (Noiz kontsultatua: 2015-07-23).
  11. Flood Risk Management: A Strategic Approach. Unesco, 2013
  12. a b (pdf) UHOLDE-ARRISKUA KUDEATZEKO PLANA 2015-2021. Ura agentzia 2016 (Noiz kontsultatua: 2021-3-11).
  13. Worst Natural Disasters In History 2008-04-21. (2012-06-07), Kontsulta: 2012-06-12
  14. «100», Berria, 2015-01-14

Ikus, gainera

Kanpo estekak