Mariasun Landa: berrikuspenen arteko aldeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Rescuing 1 sources and tagging 0 as dead.) #IABot (v2.0.8
106. lerroa: 106. lerroa:
[[Kategoria:Emakume idazleak]]
[[Kategoria:Emakume idazleak]]
[[Kategoria:Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak]]
[[Kategoria:Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak]]
[[Kategoria:Gazte literaturako idazleak]]

15:43, 26 uztaila 2021ko berrikusketa

Mariasun Landa

Ahotsa
Bizitza
JaiotzaErrenteria1949ko ekainaren 5a (74 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea, haur literatura idazlea eta katedraduna
Lantokia(k)Donostia
Enplegatzailea(k)Euskal Herriko Unibertsitatea
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaJakiunde

mariasunlanda.net
Twitter: malan49 Inguma: mariasun-landa-etxebeste Literaturaren Zubitegia: 218 Edit the value on Wikidata

Mariasun Landa Etxebeste (Errenteria, Gipuzkoa, 1949ko ekainaren 5a) euskal idazlea da.

Ezaguna da batik bat haurrentzat idatzitako ipuinak direla-eta, Galtzerdi suizida eta Krokodiloa ohe azpian izanik, besteak beste, ezagunenak. Arlo honetan, liburu ugari plazaratu ditu, bai eta hainbat sari lortu ere. Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren arloan lortu dituen sarien artean, 1991n Alex ipuinagatik jasotako Euskadi Saria eta 2003an Krokodiloa ohe azpian narrazioagatik eskuratutako Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren Sari Nazionala dira aipagarrienak. 2014an, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzia Saria jaso zuen.
Mariasun Landaren lana hainbat hizkuntzatara itzulia izan da: gaztelania, katalana, galiziera, frantsesa, ingelesa, italiera, greziera, esloveniera, arabiera, koreera, etab. (IKUS Zerrenda:Mariasun Landaren lanak).[1][2]

AELG galegoz idazten duten idazleen elkarteak 2020ko Idazle galego Unibertsala izendatu du Mariasun Landa, «haren obraren kalitate handiagatik eta Euskal Herriko hizkuntza, kultura eta duintasun nazionala defendatzeagatik». Ohorezko sari hori 2020ko maiatzaren 9an jasoko du euskal idazleak, Santiagon, Liburu Galegoaren Galan.[3]

Bizitza

Gizarte-langintza ikasketetan graduatu ondoren, Filosofia ikasketak egin zituen Parisen. Hauek amaitu ostean, 70. hamarkadan hain zuzen ere, Euskal Herrira itzuli zen euskalduntzera. Prozesu horretan bere helburuak lortzeko Zarauzko Ikastolara jo zuen. Han Anjel Lertxundirekin aurkitu zen eta orduan irakaskuntza munduan sartu zen. Hasieran ezkutuko lokal eta garajeetan ekin zion bere irakaskuntza ibilbideari eta garaiko euskarazko material eskasa zela eta, berak jardun zuen euskarazko materiala sortzen. Gerora, ikastoletako irakasleriaren kide egin zen, Eusko Jaurlaritzaren irakasleriaren euskalduntze programan irakasle lanari ekinez. Hortik EHUko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan Literaturaren Didaktika irakastera igaro zen eta bertan eman ditu erretiroa hartu aurretiko bere irakasle ibilbidearen azken urteak.[4][5]

Literatura ibilbidea

Bere argitalpen gehienak Haur eta Gazte Literaturakoak dira eta sortu dituen obra asko hainbat hizkuntzetara itzuli dira, hala nola, gaztelaniara, katalanera, ingelesera, frantsesera, alemanera eta grezierara. Gainera, bere libururik arrakastatsuenak askotan berrargitaratu dira. Gianni Rodari eta Nostlinger-en ildotik, Mariasun Landaren ipuinetako fantasiak errealitatean hartzen du oinarri. Elementu, leku edo gertakari soiletatik abiatuz, sentimendu sakon eta iradokitzailez jositako unibertso literarioa eraikitzen du egile honek.[6]

Fantasiaren bidetik ekin zion literaturari Mariasun Landak. Ibilbide horren hasierako puntua egunerokotasuna hausten duen gertaera batean kokatzen da, 1982. urtean argitaratu zuen Amets uhina obran hain zuzen ere. Rodariren obren irakurketek eragin handia izan zuten Mariasun Landak fantasia lantzeko zuen moduan. Aurrerago, bigarren etapa batean, errealismo kritikoa deritzon generoa lantzeari ekin zion, eta horren adibide da Euskal Haur eta Gazte Literaturan oso garrantzitsutzat jotzen den eta Lizardi saria irabazi zuen Txan Fantasma (Elkar, 1984). Etapa berri hau hirurogeigarren hamarkadan Europan autoritatearen aurka izandako matxinaden mugimenduarekin lotu daiteke. Landaren poetika Ursula Wölfel, Maria Gripe, Peter Hartling edo Christine Nostlingerren mezuekin bat etorriko da.

Iholdi (Erein, 1988) obra izan zen idazle honen garapen literarioaren giltzarria. Sinple, zehatz eta iradokitzaileak diren 16 ipuin laburrez osaturik, obra honek estetika modernoago bat eman zion euskal literaturari, hitzaren zehaztasunarekiko irrika berezi bat argitara eman zuelarik. Harrezkero, obra honetatik sortuta Iholdi pertsonaiak beste hainbat obra eman zituen argitara, hala nola Amona, zure Iholdi (Erein, 2010) edota Marina (Elkar, 2003). Marijose Olaziregi irakasle eta kritikoak Mariasun Landaren aldi honetako lanari Katherine Mansfield obrarekiko eta Raymond Carver autorearekiko dituen antzekotasunak aitortzen dizkio.[7]

Estiloa

Psikoliteraturaren kutsua nabari daiteke Mariasun Landaren poetika arloan. Katuak bakar-bakarrik sentitzen direnean edota Nire eskua zurean bezalako obretan protagonistek duten komunikazio falta atzeman daiteke. Lehen pertsonan mintzatzen diren pertsonaia hauen barneko sentimenduak adierazteko beharraz ase nahi da idazlea bera, lan bakoitza autobiografikotzat kontsidera daitekeelarik narrazioarako erabilitako memoria dela eta. Memoria horri esker, emakumeari debekatu zaion iragana eraikitzen du garaiko beste hainbat emakumezko idazleek bezala. Berriz ere errealitatea bizi, honetaz hausnartu eta hau zalantzan jartzen duten pertsonaiak izango dira nagusi. Intimitatea eta memoria izango dira garaiko errelitateaz zalantza egiten duten identitateak sortzen laguntzeko teknikak.

Gehiegikeriak ere badu esanahi berezirik idazle honen poetikan. Txan Fantasma liburuko maitasun falta duten armairuko jostailuak, Kleta biziklet liburuko askatasun eskubidearen aldarrikapenak biltzen dituen zoologiko bateko animaliak… bezalako obrak aurki daitezke adibide modura. Baina nonsense edo umore aldrebesaren generoaren adibiderik garbiena Galtzerdi suizida obra da, non bertako protagonista den galtzerdiaren suizidioa gehiegikeria, umore, ironia eta kritikaren arteko fusioaren eragilea den, abentura eta elementu magikoak gehituta;[8] horrela, errealitateak iraultzen du hainbat ideia eta gertaera zentzugabekeriarekin erlazionatuz.

Bere hainbat obretan, animaliek sentimenduak adierazteko askatasun handia ematen diote idazle honi, hala nola, Iholdiren Zer egin beldurrak gaudenean” beldurra adierazteko apoaren funtzioa edota Krokodiloa ohe azpian obran antsietatea islatzeko krokodiloaren funtzioa…

Ipuin tradizionalak berreskuratzeko saiakerak ere egin izan ditu Marisunek. Horietako birsorkuntza batzuk Sorgina eta maisua (Anaya, 2000), Ahatetxoa eta sahats negartia (Erein, 1997) dira.[9]

Idazle honek haurrentzako literaturaz gain, helduentzako literatura ere sortu du, hala nola Festa aldameneko gelan obra autobiografikoa eta Inurrien hiztegia mikroipuin bilduma.

Ilustratzaile onenekin elkarlanean osatu ditu bere lanak. Asun Balzola lagunak, esaterako, haren liburu asko ilustratu ditu.

Generoa

Mariasun Landa generoaren estereotipoak birplanteatzen ditu bere lanetan, rolen banaketa ez-sexistaren alde. Horretarako bere lanetan Emakumea protagonista da ( haurra zein heldua), bere izen propioan hitz egiten du eta rol aktiboak hartzen ditu.[10] Bere emakume protagonistak ausartak, autonomoak, abenturazaleak, sentikorrak ( baina ez txepelak edo ahulak).[11] Honen adibidea lan literario hauek, besteak beste:

  • Mikaela detektibea
  • Azken bidaia, neska bat Tom Sawyer-en aztarnen jarraitzailea
  • Bart gaueko bilera ipuina
  • Elixabete lehoi domatzailea
  • Partxela (Mary Poopins klasikoaren euskaldun bertsioa)
  • Aitonaren txalupa
  • Iholdi
  • Alex

Ama ausartak :

  • Cuando los gatos se sienten tan solos
  • Nire eskua zurean

Batzutan ere animaliak protagonista dira (Galtzerdi suizida, Arkakusoa)[12]

Lanak

1982an bere lehen liburua argitaratu zuenetik, asko dira Mariasun Landak idatzitako liburuak, gehienak Haur eta Gazte Literaturan. Landaren lana hainbat hizkuntzatara itzulia izan da: gaztelania, katalana, galiziera, frantsesa, ingelesa, italiera, greziera, esloveniera, arabiera, koreera, etab.

Sakontzeko, irakurri: «Zerrenda:Mariasun Landaren lanak»

Hona hemen egileak azken urteotan argitaratu dituen zenbait lan:

  • Elefante txori-bihotza (2001, Anaya)
  • Galtzerdi suizida (2001, Elkarlanean)
  • Krokodiloa ohe azpian (2002, Alberdania), (2016, Erein)
  • Haginak eta hilobiak (2005, Erein)
  • Aitonaren txalupan (2011, A Fortiori)
  • Maitagarria eta desioa (2012, Elkar)
  • Marikanta eta inurriak (2012, Erein)
  • Inurrien hiztegia (2013, Pamiela)
  • Elsa eta paradisua (2015, Edebé)
  • Azken balada (2016, Erein)[13]
  • Txikiaren handitasuna literaturan (2018)

Sariak eta errekonozimenduak

Bestalde, 2010 urtean, Errenteriako udalak, idazlea jaiotako herriarena, bere izena daraman idazlanen saria sortu zuen, Mariasun Landa Sariak. Sari horien helburua da gizarteko arlo desberdinetan emakumeek Errenteriari egindako ekarpenaren berri emantea, herri-kronika osatzearekin batera. Urtero abiatzen da.[18]

Erreferentziak

  1. Mariasun Landaren webgune ofiziala. (Noiz kontsultatua: 2017-08-13).
  2. Mariasun Landaren bilduma beste hizkuntzetan. (Noiz kontsultatua: 2017-08-13).
  3. Erredakzioa. «Mariasun Landa Idazle Galego Unibertsala izango da 2020. urtean» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-05-14).
  4. Lau Liburu Helburu. Vitoria-Gasteiz.
  5. Lazarillo (Madrid) 11 ISBN 84-457-1490-2..
  6. Etzaniz / Olaziregi, X. / M.. (1998). «Euskarazko Haur eta Gazte Literatura Idazleak» Pamiela/Lamia.
  7. Olaziregi, Marijose. (1999). «Instimismoaz harandi: emakumezkoek idatzitako euskal literatura» Oihenart: cuadernos de lengua y literatura (Donostia) (17): 36 orr. ISSN 1137-4454..
  8. Etxaniz Rojo, Xabier.- “ Mariasun Landa: hasi zen eta hazi da”. Behinola 9.zk. 2003ko azaroa. 19-20 orr.
  9. Lasarte, Gema. Los personajes de Mariasun Landa y la construcción de identidades femeninas alternativas. .
  10. Urkiza, Ana. (2006). Zortzi unibertso zortzi idazle: elkarrizketak. Alberdania ISBN 84-96643-37-9..
  11. Lasarte, Gema. «Leyendo el género: Mariasun Landa» Ocnos aldizkaria, (12. Zkia 2014).
  12. Olaziregi Alustiza, Mari Jose. «El universo literario de Mariasun Landa: la grandeza de lo pequeño» Breve historia feminista de la literatura española (en lengua catalana, gallega y vasca). VI.Iris M. Zavala (coord.)- Rubí : Anthropos, 2000, 425-448 orr. ISBN 84-7658-577-2 (Noiz kontsultatua: 2018/ 09/29).
  13. «Galtzagorri. Behinola. Iruzkinak» Behinola aldizkaria ISSN 1575-8168. 34.zkia (2016ko abendua) 56 orr..
  14. Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria. (Noiz kontsultatua: 2017-03-25).
  15. Mariasun Landa Rosalia de Castro Pen Saria jasoko du. (Noiz kontsultatua: 2017-03-25).
  16. Comerciantes valencianos hacen suyo un cuento de Mariasun Landa (Felix Ibargutxi 2017/11/03). (Noiz kontsultatua: 2017-11-04).
  17. Maniseseko Markataritzako Udazkenako Jaia. Festa de la tardor al comerç 2017/11/04). (Noiz kontsultatua: 2017-11-04).
  18. ERRENTERIAKO UDALA: Mariasun Landa Sariak. (Noiz kontsultatua: 2020-09-18).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Mariasun Landa