Nadia Ghulam: berrikuspenen arteko aldeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Sarrera sortu
(Ez dago alderik)

14:43, 3 iraila 2021ko berrikusketa

Nadia Ghulam

(2012)
Bizitza
JaiotzaKabul1985eko ekainaren 4a (38 urte)
Herrialdea Afganistan
BizilekuaBartzelona
Jarduerak
Jarduerakidazlea
Jasotako sariak

nadiaghulam.com
IMDB: nm4783147 Twitter: nadiaghulam Edit the value on Wikidata

Nadia Ghulam (Kabul, Afganistan, 1985eko ekainaren 4a) idazle afganiar bat da, Badalonan bizi dena, Katalunian. Hamar urtez hildako nebaren nortasunarekin bizi izan zen, ziurtatzeko etxean ez zela jatekorik faltako, talibanek debekatua baitzieten emakumeei lan egitea. Zenbait urte geroago, esperientzia haren berri eman zuen liburu batean, El secret del meu turbant (Nire turbantearen sekretua), Agnès Rotger kazetari katalanarekin batera idatzia, eta 2010ean Prudenci Bertrana saria jaso zuena.

Biografia eta lanak

1991n, Afganistango gerra zibilaren garaian, bonba batek larri zauritu zuen Nadia umea, Ghulam familiaren etxearen zati bat suntsituta. Bi urtean zenbait ospitaletan izan zen, nozitutako zauriak osatzeko. Zortzi ebakuntza eginda, aurpegia eta gorputzaren zati handiak erreduren orbanez josita zituen. Horrek bizi guztirako markatu zuen. Gerra amaituta, talibanak nagusitu ziren ia herrialde osoan, eta Ghulam familiak ia dena galdu zuen: familiako seme zaharrena, Zelmai, hilda; aita, buruko arazoekin; eta Nadia, bere ama eta bere ahizpak lan egin ezinik, emakumeak zirelako. Hamaika urte zituela, Nadiak erabaki zuen Zelmai nebaren nortasuna hartzea eta hura moduan janztea, lan egin eta familia elikatzeko. Mutil gisa, Korana ikasi zuen eta mula baten laguntzaile bihurtu zen mezkita batean. Hamasei urte zituela, berriz, baimena eman zioten eskolara joateko.

2006an, Afganistango Giza Eskubideen Elkarteari esker (ASDHA) Badalonara iritsi zen, Kataluniara, non kirurgia egin zioten aurpegia berreraikitzeko. Gaur egun Badalonan bertan bizi da, bere gurasotzakoekin. Katalana eta gaztelania ikasita, hainbat hedabidetan agertu da Afganistango egoeraz hitz egiten, batez ere hango emakumeen inguruan.

2010ean, Agnès Rotger kazetariarekin batera, kaleratu zuen El secret del meu turbant (Nire turbantearen sekretua), zeinagatik irabazi baitzuen Prudenci Bertrana saria. 2014an, Joan Soler i Amigó idazlearekin batera, argitaratu zuen Contes que em van curar (Sendatu ninduten ipuinak), amak ospitalean kontatzen zizkion istorioen bilduma eder bat, zeinari eman zioten Mare Terra aipamen berezia. 2016an, Javier Dièguez historialariaren laguntzarekin kaleratu zuen La primera estrella del vespre (Gaueko lehen izarra), nobela bat benetako gertaeretan oinarritua eta kontatzen dituena Afganistango emakume borrokalarien eguneroko bizipenak. 2016an Gizarte Hezkuntzan lizentziatu zen, eta 2019an master bat egin zuen Nazioarteko Garapenean. Orobat, Nadia izeneko dokumentalean agertzen da, Carles Fernández Giurak zuzendua.

2016an Nadia Ghulamek sortu zuen Ponts per la pau (Bakearen aldeko zubiak), gobernuz kanpoko erakunde bat hizkuntza ikastaroak eskaintzen dituena Kataluniara iristen diren migratzaileentzat eta hornitzen dituena Afganistango eskola-umeak materialekin eta irakurgaiekin.

Ikasketak

  • 2009: gradua Informatika zientzietan, La Pineda Institutuan, Badalonan.
  • 2011: gradua Gizarte integrazioan, Eugeni d’Ors institutuan, Badalona.
  • 2016: lizentzia Gizarte hezkuntzan, URL Pere Tarrés fakultatea, Bartzelona.
  • 2019: masterra Nazioarteko garapenean, Nazioarteko ikasketak, Bartzelona.

Sariak

  • 2010: Girona Literatura saria: Prudenci Bertrana saria El secret del meu turbant liburuagatik.
  • 2016: Ikusezintasunak eta genero estereotipoak apurtzeko sariak, Badalonako Emakumeen udal kontseiluak emana.
  • 2020: Mare Terra aipamen berezia, Katalunian egindako aktibismo eta bakea eraikitzeko lanengatik.
  • 2020: Gizarte hezkuntzan eta inklusio lanetan egindako lanagatik saria, Esplai Fundazioak emana.

Erreferentziak

Kanpo loturak