Abere

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ardiak eta behi bat bazkatzen, Hegoafrikan

Abereak edo azienda[1] —zenbait euskalkitan abrea[2], kabala edo ganadu[1]janaria, zuntzak eta lana bezalako ondasunak ekoizteko gizakiak nekazaritza inguruneetan etxekotuta hazten dituen animaliak dira. Normalean, abereak irabaziak izateko hazten dira, abeltzaintzaren bidez, eta egun, lehen sektoreko jarduera nagusietako bat dira.

Etimologia eta esanahia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abere hitzak latinezko habere ("ukan") forman du jatorria. Esanahi modernoan erromantze garaian agertu zen[3].

Hala ere, abere eta azienda hitzak lausoak dira eta oso esanahi hertsia edo zabalagoa eman dakieke. Ikuspuntu zabalagoaren arabera, gizakiak erabilera jakin bat emateko hazten duen animalia oro aberea da: ikuspuntu horretatik, animalia etxekotuak erdi-etxekotuak edo harrapatutako animalia basatiak dira. Adiera hertsiagoan, etxeko animaliak soilik dira, haragitarako hazten diren etxeko animaliak soilik edo, halaber, haragi gorria ekoizteko hazten diren etxeko animaliak soilik. Zenbait lekutan, abere hitza soilik zaldi aziendari dagokio.

Abereen sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har, behiei abelgorri edo azienda gorri esaten zaie (bertako arraza gorriei, behintzat); ardiei, abelxuri edo azienda zuri; eta zaldi-behorrei (batzuetan, ahuntzei eta urdeei ere bai), abelbeltz edo azienda beltz[4][5], agian garai batean Euskal Herriko zaldi azienda nagusia pottokak zirelako.

Erronkarieraz zaldi-behorrei abregende esaten zitzaien; ardiei, ilagende; ahuntzei, bilagende; eta txerriei, txerrigende[6].

Behiei, astoei, zaldiei eta neurri bereko animaliei, abere larri esaten zaie[7], eta ardiei, ahuntzei eta urdeei, abere xehe (zenbait euskalkitan abeltxe edo giberri)[4][8]. Antzeko sailkapenak abere nagusiak eta abere txikiak bereizten ditu[9].

Abeltzaintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abereen hazkuntzatik, gizakiak halako irabaziak eskuratze ditu[4]:

  • animalia bera;
  • elikagai izango diren produktuak (haragia, hesteak, gantzak, esnea, arrautzak, eztia);
  • bestelako produktuak (zurdak, ileak, tendoiak, artilea, larruak, hezurrak, lumatxa, adarra, simaurra, ongarri likidoa, animali irinak);
  • abereen indarra.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «Abere» UZEI Sinonimoen Hiztegia.
  2. Arana, Aitor. (2001). ««Zaraitzuera hilda dago, baina ez da ezinezkoa ikastea»» Nafarkaria: 5..
  3. «Abere» Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa.
  4. a b c Agirre, Edorta. (2014). «Abelazkuntza» Elikadura hiztegi entziklopedikoa. , 6-7 or..
  5. (Frantsesez) Orpustan, Jean-Baptiste. Grammaire basque précis du "bon usage" en navarro-labourdin. , 99 or..
  6. (Gaztelaniaz) Caro Baroja, Julio. (1971). Etnografía histórica de Navarra. 1 Iruñea: Aranzadi, 270 or..
  7. Abere. Euskaltzaindiaren Hiztegia.
  8. «Abere xehe» UZEI Sinonimoen Hiztegia.
  9. «Animalien izenak» Atlas Etnográfico de Vasconia. Labayru.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]