Ahate txistulari

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ahate txistulari
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaAnseriformes
FamiliaAnatidae
GeneroaMareca
Espeziea Mareca penelope
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakMareca penelope feces (en) Itzuli
Bi ar eta eme bat hegan.

Ahate txistularia (Mareca penelope, aurrez Anas penelope) Anatidae familiaren ahate ez-domestikoa da. Siberian eta Eskandinabian pasatzen du uda eta negurako hegoaldera jeisten da, Europa hegoaldeko eta Afrika iparraldeko kostaldetara.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahate txistularia bere generokoen artean tamaina ertaineko ahatea da, 42-50 zm arteko luzera eta 71-85 cm arteko hego zabalera baititu[1]. 500 eta 1.073 gramo arteko pisua du[2]. Itxura borobiltsua du, lepo motza eta moko txiki samarra. Gainerako ahateetan gertatzen den bezala ahate txistulariak ere sexu dimorfismoa dauka.

Arrak gaztaina koloreko burua du eta bekoki eta pileo horixkak[3]. Mokoa grisa du. Bularra arroxa kolorekoa da, bizkarra grisa eta sabelaldea zurixka. Buztana beltza du eta puntaduna. Hegoetan zerrenda zuri deigarri bat eta ispilutxo berdea ditu, hegaldatzerakoan nabarmentzen direnak. Emea aldiz arre kolorekoa da. Hegoetako zerrenda zuria ere badu eta ispilutxo berdea arretan baino deigarriagoa da[1].

Habitata eta etologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakonera txikiko ur gezatan bizi da txitatze garaian. Landaretza askorik ere ez du behar. Negu partean berriz habitat desberdinetan aurkituko dugu, bereziki marearteko eremu gazikaratan, estuario, padura eta kostaldeko aintziratan, baina barnealdeko aintzira eta urtegietan ere azaltzen da[1].

Ugal garaitik kanpora multzo handiak osatzen ditu eta oso zaratatsua da. Arrak "pyiiu pjiiu" egiten du txistu, hortik bere izena. Eurasian jatorria duen hegazti honek Amerikan beste espezie osatzen du, ahate txistulari amerikarra hain zuzen ere[4], eta sarritan hibridatu egiten da[5].

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belarjalea da. Ur ertzetan aurkitzen dituen hostoak, sustraiak eta errizomak jaten ditu. Moko txikia landaretza ebakitzeko moldaturik dauka. Batxutan ur azpiko landaretzaz ere elikatzen da, gorputza baskulatu eta burua ur azpitara sartuz[1].

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eztei dantzak neguko eremutan hasten ditu eta bikotea eratzen denean txitatze eremutara migratzen du. Maiatza aldera iristen da eta habia egiteko toki egokiaren bila hasten da. Habia ur ertzetan egiten du hosto adaxka eta belarrek eta lumatxaz estaltzen du. Krema koloreko 8-9 arrautza jartzen ditu eta 24-25 egunetan txitatu ondoren txita guztiak batera jaiotzen dira. Jaio eta ordu gutxitara txitak beren kabuz elikatzeko gai dira eta 40-45 egun pasa ondoren erabat garaturik daude[1].

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Carl von Lineok deskribatu zuen 1758 urtean eta Anas penelope izena eman zion. Kondairak dioenez ahate batek erreskatatu zuen Penelope pertsonaia mitologikoa itsasora jaurtia izan zenean[6]. 2009an ADN mitokondrialarekin egindako ikerketek Anas generoko hainbat espezie Mareca generoan kokatu zituzten[7]. Portugesez marréco hitzak "ahate txikia" esan nahi du. Bibliografian izen biak agertzen dira oraindik ere.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e «Silbón europeo» SEO/BirdLife.
  2. John B. Dunning Jr.. (1992). CRC Handbook of Avian Body Masses. CRC Press ISBN 978-0-8493-4258-5..
  3. Dunn, J. & Alderfer, J. (2006). National Geographic Field Guide to the Birds of North America 5ª Ed.. .
  4. Clements, James, (2007) The Clements Checklist of the Birds of the World, Cornell University Press, Ithaca
  5. Floyd, T.. (2008). Smithsonian Field Guide to the Birds of North America. Harper Collins, NY.
  6. Jobling, James A.. (2010). The Helm dictionary of scientific bird names [electronic resource : from aalge to zusii. ] London : Christopher Helm (Noiz kontsultatua: 2019-11-18).
  7. González, J.; Düttmann, H.; Wink, M.. (2009). Phylogenetic relationships based on two mitochondrial genes and hybridization patterns in Anatidae. Journal of Zoology. 279:, 310–318 or..