Aurtola burdinola

Koordenatuak: 43°02′38″N 2°38′01″W / 43.04384°N 2.63351°W / 43.04384; -2.63351
Wikipedia, Entziklopedia askea
Aurtola burdinola
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaAraba eta Aramaio
Koordenatuak43°02′38″N 2°38′01″W / 43.04384°N 2.63351°W / 43.04384; -2.63351
Map
Arkitektura
Ondarea
EJren ondarea28

Aurtola burdinola Aramaion dagoen burdinola da. Oleta elizatean dago kokaturik, herrigunetik hegoaldera.

2001eko uztailaren 18an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aramaioko jaunak, Joan Alonso Mujikak, Aurtola burdinola eraiki zuen Goikolea burdinolaren ondoan (hori ere Aramaion dago), eta beste bi eraiki zituen Ibarran, guztiak ere XIV. mendeko azken herenean. Erdi Aroko burdinola zaharrak aldaketa asko izango zituen gaur egun ezagutzen dugun eraikina osatu arte. Egun dagoena XVIII. mendearen azken herenekoa da.

Eraikinak izan dituen aldaketak izanda ere, eta makineriako elementurik gordetzen ez bada ere, eraikinaren espazio-antolaera eta oinarrizko egiturak ia erabat aldatu gabe gordetzen dira, eta ondorioz, erraz ikus daiteke zein den burdinola osatzen duen elementu bakoitza. Elementuok ondokoak dira:

  • Azpiegitura hidraulikoa
    • Presatik gordetzen den bakarra aurri batzuk dira, antza denez, ibai hegietan egindako zimenduenak. Presa horrek pilare eta oholez egindako egurrezko egitura zeukan. Normalean egurrezko egiturok denbora gutxian erabiltzen ziran, eraiki eta handik lasterrera harriak egurra ordezkatzen zuen eta. Aurtolan, ordea, egurrezko presa mantendu zen, baina logikoa denez, batetik, denborak berak, eta bestetik, erabili ez izateagatik mantentze-lanik egin ez izanak, presa narriatu eta desagerrarazi egin zuten.
    • Presatik burdinolara zihoan ura kanalizatzeko lurrean egindako erreten bat zegoen. Hori mugatzeko oholak erabili ziren, eta erretenaren behealdean harria, iragazkortasuna gutxitzearren. Hala ere, erreten horren muturrak, hain zuzen ere presa eta antepararen ondokoak, harri-hormazkoak ziren. Gaur egun, erretenaren zatirik handiena lurrez eta landarez estalita dago, baina hala ere jakin daiteke nondik nora zihoan, oraindik ere lurra erabat berdindu gabe baitago, eta arbola ilara banak ibilbidea markatzen baitute.
    • Antepararen lehen zatia ere lurrak estalita dago. Beste zati bat, tunel hidraulikoaren gainean esekitako hondo leuneko urmael, luzanga bat, eraikinaren barnean zegoen. Antepararen hondoa harlanduarekin errematatuta zegoen, iragazterik gertatu ez zedin. Elementu hori galdu egin da, eta ez dira mantentzen hori sostengatzen zuten murruak baino.
    • Anteparatik ura botatzen zen gurpilen gainera. Gurpilak tunel hidraulikoaren barruan zeuden, eta beren ardatzak oraindik mantentzen diren murruetan zabaldutako arkuetan sartzen ziren. Gurpil hidrauliko bik hauspoari eta mazoari eragiten zioten. Elementu horren egitura bai gordetzen da, baina ez, ordea, horren barruan zegoen makineria. Uraren energia behin aprobetxatu eta gero, ura hustubidera pasatzen zen eta hortik ibaira bueltatzen zen.
  • Burdinolako eraikina bloke konpaktu bat da, ia itsua, oinplano laukizuzenekoa da eta isurialde biko estalkia dauka. Eraikitzeko, herri-arkitekturan erabiltzen diren materialak erabili ziren: harri-horma murru lodiak egiteko, eta egurrezko egitura erdiko euskarrietarako eta estalkirako. Eraikinaren egitura osorik mantentzen da, baita fatxadan ikusten den suhesi lodia ere. Suhesi horrek eraikina erdibitzen du. Horrela argi eta garbi identifikatzen da burdinolaren zati bakoitza. Zati horiek hormarteetan daude, eta hormarte horiek guztiek elementu bateratu bat osatzen dute. Eraikin berdinean, lehen hormartean, antepara eta tunel hidraulikoa daude, tunela azpiegitura hidraulikoaren zati bat da baina dagoeneko eraikinaren barruan dago, beste elementu hauek ere badaude:
    • Burdina egiteko lantegiak. Hurrengo hormartearen goiko solairuan beta txikitua eta landutako burdinaren parte bat biltzen ziren; baskula eta langileen kamainak ere bertan zeuden. Beheko solairuan lantegia bera zegoen, eta hor, arragoa, baita gurpil hidraulikoek eragindako hauspoak eta mazoa ere. Hauspoek arragoako sua pizten zuten, non minerala eta egur-ikatza nahasten ziren. Mazoak arragoatik ezpurutasunez irteten zen burdin-masa kolpatzen zuen, ezpurutasunak galdu artean. Horrela lortzen zen burdina prest zegoen ondoren produktu bukatu bihurtzeko. Lantegian bertan ugazabaren edo bere izenean burdinola administratzeko ardura zeukanaren tokia gordetzen da, espazio txiki bat da, jauntzoile deitutakoa. Toki horretatik produkzio-prozesua ikuskatzen zen, eta bertan ordaintzen ziren jornalak .
    • Ikaztegiak. Lantegira itsatsita daude, baina suhesi lodiak lantegitik banatzen ditu. Ikaztegiak elkarren artean konektatuta dauden hormarte jarrai bitan daude. Orain gutxi egindako forjaketa batek hormarteok solairu bitan banatu ditu. Ikatza hornitu ahal izateko, lantegirako sarbide zuzena daukate lantegira barrualdean. Kanpoaldean ere badute sarbiderik. Kanpokoak altuera ezberdinetan daude, ikaztegia bete ahala ikatza sartzea errazteko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa