Botila-lepo (biologia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Botila-lepoaren adibidea: hasieran bola urdinak eta horiak parekatuta daude, bukaeran, aldiz, urdinak dira gehiengoa.


Botila-lepoak biologian zera adierazten du; populazio edo espezie bateko jaitsiera bortitza banako kopuruan, ingurumen gertaeren ondoriozkoak (lurrikarak, uholdeak, suteak, izurriteak, lehorteak...) edo gizakiaren aktibitatearen ondoriozkoak, kasu batzuetan populazioa ia iraungitze puntura heldu daitekeelarik. Honen ondorioz, hurrengo belaunaldietako banakoek aldakortasun genetiko txikia erakusten dute eta aurretik finkatuta zeuden proportzio alelikoek aldaketa esanguratsuak jasaten dituzte.

Ekintza genetiko neutro eta gehigarri bat dela suposatuz, botila-lepoak aldakortasun genetikoa jaitsiko duela espero da eta, ondorioz, baita populazioaren potentzial ebolutiboa ere. Hala ere, botila-lepo efektuak espeziazio mekanismo bezala kontsideratu daitezke; izan ere, gertaera hauetan populazioaren tamaina jaisten denez, maiz jito genetiko bezala ezagututako aldaketa estokastikoak gertatzen dira populazioko osaera genetikoan.

Botila-lepoek jito genetikoa azkartzen dute, baita efektu hau jasaten duten espezieen eboluzioa ere. Hau karaktere determinatu batzuekiko hautespen intentsiboaren ondorioz gertatzen da, karaktere hauek banako gehienetan azalduko direlarik. Horren onuragarriak ez diren karaktereak, aldiz, gutxitu edo guztiz desagertuko dira.

Botila-lepoa eta gero, bizirik ateratako indibiduo kopuru batek populazio bat aurkitzen badu ingurune berri batean, indibiduo hauek determinatuko dute konposizio genetikoa eta datozen belaunaldiak, "eragin-sortzaile" bat eratuz, jito genetikoa emango duena.

Adibideak animalietan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bisonte europarrak (Bison bonasus) iraungitzeko zorian egon ziren 20. mendearen hasieran. Gaur egun bizi direnak 12 indibiduoen ondoregoak dira guztiak, beraz, aldakortasun genetiko oso txikia dute eta horrek ugaltzeko ahalmenean arazoak ekartzen hasi dela ikusi da. Hain da txikia dibertsitate genetikoa zeinen arrek bi kromosoma Y mota bakarrik dauzkaten.

Iparraldeko itsas elefantearen (Mirounga angustirostris) populazioa 30 indibiduotara iritsi zen 1890ean. Nahiz eta gaur egun ehundaka mila dauden, ar dominanteak eme gehienekin ugaltzen direnez (100 emerekin ugaltzera iritsi daitezke) aldakortasun genetikoa mugatua da. Honek gaixotasun genetikoak eta mutazioak jasateko arriskua igotzen du.

Galapago Irletako dortoka erraldoiak (Chelonoidis nigra), zehazki Alcedo sumendikoak botila-lepo efektua jasan zuten orain dela 100,000 urte gertatutako erupzio baten ondorioz. Hori dela eta, irla horretan bizi diren bost populazioetako batek aldakortasun genetiko txikiagoa du besteekin konparatuz.

Gizakia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakiak ere botila-lepo bat baina gehiago jasan ditu bere historian zehar. Tobako katastrofearen teoriaren arabera, Indonesiako Toba supersumendiaren erupzioaren ondorioz giza populazioa milaka indibiduo gutxi batzuetara murriztu zen orain dela 75.000 urte.[1] Beste espezie askok ere populazio jaitsiera nabaria izan zuten garai berean.

Gizakiaren historia modernoan ere botila-lepo ugari gertatu dira. Erdi Aroan izurri beltzak Europako populazioaren herena hil zuen. Amerikaren kolonizazioak %90ean jaitsi zuen bertako populazio natiboa. Islandian 1783an Laki sumendiaren erupzioa dela eta (izurri eta goseteekin batera) populazioaren %20a hil zen, eta horrek gaixotasun genetikoen maiztasunaren igoera ekarri zuen.

Hazkuntza selektiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arraza puruetako animalietan botila-lepoa askotan ematen da, izan ere, hazleek, karaktere jakin batzuk faboratzeko asmotan, antzekoak diren indibiduoak gurutzatzen dituzte. Horrek alelo jakin batzuen nagusitasuna eta beste batzuen desagertzea eragin dezake, dibertsitate genetikoa jaitsiz.

Txakurren arraza puruak lortzeko programa zorrotzak direla eta, gaixotasun larriak agertzen dira animalia hauetan, hala nola bihotzeko gaixotasunak, itsutasuna, minbizia, kataratak, eta abar.

Produkzio handiko landareak lortzeko ere hazkuntza selektiboa erabili izan da gizakiaren historian zehar (bai hazkuntza selektibo naturala erabiliz hasieran, baita azken urteetan garatu diren landare transgenikoak erabiliz ere) eta horrek aldakortasun genetikoaren galera ekarri du. Dibertsitate genetiko txiki hau dela eta, uztak gaixotasun edo izurrite berriekiko sentikorragoak dira eta horrek mundu mailako janari-segurtasuna mehatxatzen du.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) BBC. (2003-06-09). When humans faced extinction. .

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]