Everett Reimer

Wikipedia, Entziklopedia askea
Everett Reimer
Bizitza
Jaiotza1910
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
Heriotza1998 (87/88 urte)
Jarduerak
Jarduerakpedagogoa
InfluentziakIvan Illich

Everett W. Reimer, pedagogia gaian entsegugilea. Bere jaiotze data zein den ez da segurua. 1998. urtean hil omen zen[1]. Pedagogiaren historiako liburuetan Ivan Illich izenaren ondoan agertu ohi da. Illich eta Reimer garaikideak izan ziren eta elkarren lagunak. Pentsaera aldetik ere kideak. Puerto Ricoko unibertsitate katolikoan elkarrekin ibili ziren.

Ivan Illich eta Everett Reimerren eskolaren kontrako kritika oso gogorra zen. Eskola, erakunde ustela, edo goitik behera aldatu edo desagerrarazi behar zela defendatu zuten.

Everett Reimerren libururik ezagunena: Eskola hil egin da: alternatibak hezkuntza arloan.

  • (Ingelesez) School is Dead: Alternatives in Education
176 pages
Publisher: Penguin (1971)
Language: English
ISBN 0-14-080169-3
  • (Gaztelaniaz) La escuela ha muerto: Alternativas en materia de educación. Barral. Bartzelona. 1973; Labor. 1981. 203 or.
  • (Frantsesez) Mort de l'école : solutions de rechange, traduit de l'américain par Jules Chambert, Paris, Éditions Fleurus, 1972

Reimerren tesiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Everett Reimer oso kritikoa zen bere garaiko gizartearen antolaketarekin. Kritikoa zen "etengabeko aurrerabidearen" mito zabalduarekin. "Ezinezkoa da amaiera gabeko aurrerabidea"[2]. Eskola erakundea munduan zehar zeuden hainbat antolaketetan oso antzekoa zela azpimarratzen zuen; oso antzekoak zirela eskolak herrialde komunistetan, kapitalistetan[3], faxistetan... Gure gizarteko hainbat erakunde, eskola tartean, hierarkien onerako eratu dira. "Gure erakundeen jabe izan beharrean, pertsona arruntok erakundeen morroi bihurtu gara"[4]. "Eskolak gizakiak ohitu egiten ditu hierarkiak onartzen, botere eta pribilegioetan oinarrituta dagoen hierarkia, bidezkoa ez den hierarkia. Eskolak gizakiak trebatzen ditu geroago beste erakundeen morroi izateko eta eskolako eskakizunak betetzen ez dituzten ikasleak betiko zigortzen ditu geroago beste erakundeetan botere pixka bat emango duten paperak, tituluak, eskuratzen ez badituzte[5].

Eskolaren funtzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohiko ikuspegitik eskolak pertsonak hezteko funtzioa betetzen du. Pertsonak gizarteratzeko funtzioa. Reimerren ikuspegitik eskolak lau funtzio betetzen ditu:

a) Ikasleak zaindu, gorde.
b) Gizarte rolak esleitu, ikasleak sailkatu.
c) Pertsonak doktrinatzeko, leziatzeko funtzioa.
d) Pertsonak hezteko funtzioa.
a) Espetxe, armada eta beste zenbait erakunderekin konparatzen du eskola. Ikasleen bizitza modu orokor batean kontrolatzen duen erakundea... Ordutegiak zabaldu, haurtzaindegiak gehitu, bazkaltzeko, siesta egiteko... Eskola erakunde totala bihurtzen ari zela salatu zuen Reimerrek. Familiartekoek umeak utzi eta beste erakundeetan bere denbora errazago saltzeko pentsatutako erakunde totala (edo totalitarioa).
b) Gizarteko hierarkian, gizarte-piramidean, norbera bere mailan kokatzeko egina eta hierarkiari zilegitasun itxura osoa emateko balio duen erakundea da eskola Reimerren ikuspegitik.
c) Ideologia, balioak transmititzeko balio du eskolak. Eskolan gizartean onartzen diren mitoak transmititzeko duen funtzioa azpimarratzen zuen Ivan Illichek[6].
d) Eskolak hezitzearen funtzioa, tamalez, oso gaizki betetzen zela eta beste aurreko hiru funtzioen atzetik betetzen zela salatzen zuen Reimerrek.

Aukeren berdintasuna: mito hutsa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskola saiatzen dela ikasle guztiei antzeko aukerak ematen mito hutsa dela salatzen zuen Reimerrek. Alderantziz, bere ustez, eskolak desberdintasunak sustatu eta zuritu egiten ditu, areagotu egiten ditu. Reimerrentzat mito hutsa da ikasleek eskolan egindako ahaleginak, gero, proportzio zuzenean saritu edo zigortuko dituztela gizarteko beste erakundeek. Eskolak aukerak berdindu beharrean, aukeren banaketa monopolizatzeko asmoa du eta banatzeko asmoaren atzetik ibili da beti[7].

Eskolak, hezi beharrean "deshezi" egiten du[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasleek irakaskuntzaren ondorioz ikasten duten hipotesia ustela dela defendatzen zuen Reimerrek. Eskola sistemak ikaskuntzan lagundu beharrean traba dela defendatu zuen. Ikasleek eskolatik kanpo gehiago ikasten dutela eskolan baino. Ikasleek ez dute eskolari esker ikasten, eskolak ez du batere laguntzen. Eskolak betetzen dituen lehen hiru funtzioak laugarrena atzean uzten dute. Ikasleak nota onak ateratzeko ahaleginetan jartzen ditu, ez ikasten. Eskolak trebetasunak lortzeko leku desegokiak dira. Hezkuntza on bat lortzeko leku erabat desegokiak.

«Zer ikaten da eskolan? Ikasi egiten da zenbat eta denbora gehiago eskolako proposamenei men egiten orduan eta balio handiago izango duela ikasleak lan-merkatuan. Ikasi egiten da goitik sortu eta mailakatutako programak baloratzen. Ikasi egiten da nagusitasuna duten erakundeek sortzen dutena garestia dela, hezkuntza dela osasuna dela. Ikasi egiten da hierarkia errespetatzen, obeditzen, esanekoa izaten. Ikasi egiten da ardatz horietatik pixka bat aldentzeari esaten zaiola kreatibitatea eskolan. Ikasi egiten da diziplina galdu gabe burokrata nagusiaren faborea eskatzen egunero: eskolan irakaslearena, fabrikan ugazabarena. Ikasi egiten da norberak bere burua definitzen ikasketa multzo baten jabe bezala, denbora luze inbertitu eta gero ikasketa multzo horretan. Ikasi egiten da, azkenik, gizartean norberak bere rola matxinatu gabe onartzen».

Everett Reimer. Eskola hil egin da.

Eskolaren alternatiba[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskolak alternatiba bat behar du. Alternatiba hori, asko laburtuz, hezkuntza gehiago eta eskola gutxiago. Eskolak hezkuntzan daukan monopolioa apurtzeko beharra dagoela defendatu zuen Reimerrek. Baina dagoen eskolaren alternatiba bat gauzatzeko, aurretik, gizartean aldaketa sakonak egin beharko. Dena den, eskola aldatu edo desegin daiteke beste gizarte-aldakuntza handiagoen zain egon gabe. «Ezin gara, eskola-aldakuntza egiteko, gizartearen beste aldakuntzen zain egon» zioen Reimerrek (Eskola hil egin da). «Hezkuntza oso urrutira irits daiteke. Hezkuntza eskolarekin nahastu egiten duen jendeak baino askoz urrutiago irits daiteke hezkuntza» zioen Reimerrek (Eskola hil egin da).

Argitalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Ingelesez) Power for All or for None by Katherine and Everett Reimer (1998)
Paperback: 348 pages
Publisher: Inkworks Press Oakland, CA (1998)
Language: English


  • (Ingelesez) School is Dead: Alternatives in Education
176 pages
Publisher: Penguin (1971)
Language: English
ISBN 0-14-080169-3
  • (Ingelesez) Unusual ideas in education (Series B: Opinions / International Commission on the Development of Education) (Series B: Opinions / International Commission on the Development of Education)
11 pages
Publisher: Unesco (January 1, 1971)
Language: English


  • (Ingelesez) Social problems associated with the development of Puerto Rico during the last two decades (January 1, 1960)
Publisher: s.n. (January 1, 1960)
Language: English


  • (Ingelesez) Venezuela's human resources (January 1, 1964)
  • (Ingelesez) Problems of methodology in the investigation and planning of education [and] training in Venezuela (January 1, 1964)
  • (Ingelesez) Three weeks in the life of a utopia (1976)
  • (Gaztelaniaz) Futuros alternativos (Serie de planificación)
110 pages
Publisher: Editorial Universitaria, Universidad de Puerto Rico; 1. ed edition (1976)
Language: Spanish
ISBN 0-8477-2434-4
  • (Ingelesez) Social planning: Collected papers, 1957-68 (CIDOC cuaderno) (1968)
  • (Ingelesez) Comprehensive educational planning in Puerto Rico (Comprehensive planning in state education agencies) (January 1, 1968)
103 pages
Publisher: Office of Planning and Educational Development, Dept. of Education (January 1, 1968)
Language: English


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. The Golden Age of Homeschooling
  2. La escuela ha muerto: Alternativas en materia de educación. Barral. Bartzelona. 1973. (11. or.)
  3. La escuela ha muerto: Alternativas en materia de educación. Barral. Bartzelona. 1973. (95. or.)
  4. La escuela ha muerto: Alternativas en materia de educación. Barral. Bartzelona. 1973. (94. or.)
  5. La escuela ha muerto: Alternativas en materia de educación. Barral. Bartzelona. 1973. (84. or.)
  6. "Mito horietako bat, curriculum eta gaitasunak identifikatzea; tituluek, diplomek eta, gaitasuna baieztatu eta ziurtatu egiten dutela dioen mitoa". Ivan Illich: La sociedad desescolarizada. Barral. Barcelona. 1974
  7. Ivan Illich: La sociedad desescolarizada. Barral. Barcelona. 1974.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]