Galeno

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Galeno

Bizitza
JaiotzaPergamo, II. mendea
Herrialdea Antzinako Erroma
BizilekuaPergamo
HeriotzaErroma, III. mendea ( urte)
Familia
AitaAelius Nicon
Hezkuntza
Hizkuntzakantzinako greziera
Irakaslea(k)Albinus (en) Itzuli
Satyros (en) Itzuli
Aelianus Meccius (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakmediku idazlea, zirujaua, biologoa, neurozientzialaria, medikua eta filosofoa

Klaudio Galeno (antzinako grezieraz: Κλαύδιος Γαληνός, latinez: Claudius Galenus; Pergamo, 129ko irailaErroma, c.200/216) mediku greziarra zen, Erromatar Inperioaren garaian bizi izan zena[1][2][3]. Antzinaroko ikertzaile mediko osoenetakotzat jotzen da, eta bere ikuspuntuak Europako medikuntzan mila urte baino gehiagotan nagusitu ziren anatomian[4], fisiologian, patologian, farmakologian[5] eta neurologian, baita filosofia[6] eta logikan ere.

Eragin handia eduki du Medikuntzaren historian zehar. Gaur egun, oraindik erabiltzen da galeno hitza medikuaren sinonimo moduan.

Galeno Greziaren eraginpean hezi zen, Asklepio jainkoaren tenpluan, zaintzaile (therapeutes) ibili zen. Medikuntza ikasi zuen Hipokratesen bi jarraitzailerekin: Estraconio eta Satiro, eta, gero, Esmirna, Korinto eta Alexandriako medikuntza eskoletara joan zen. Azkenik, Erromara joan zen, eta gladiadoreen mediku fama zela eta, Marco Aurelio enperadorearen sendagile hautatu zuten.

Erdi Aroan, Galenoren anatomia-idazkiak Erdi Aroko medikuen unibertsitate-ikasketen zutabe bihurtu ziren, baina, Mendebaldeko Erromatar Inperioa V. mendean erortzearen ondorioz, horiek geldialdi intelektual nabarmena eragin zuten. Hala ere, Bizantziar Inperioan eta abasstar kalifa-herrian, aurrerapen horiek aztertzen, eta ematen jarraitu zuten. Galenoren ideia batzuk ez ziren zuzenak, ez baitzuen inoiz giza gorputz bat disekzionatu, gizarte greko-erromatarrean praktika horri buruz zeuden tabuak direla eta. Hala ere, ekarpen nabarmenak egin zituen: Erasistratoren akatsa zuzendu zuen, zeinak arteriek airea zeramatela uste baitzuen, eta medikuntzaren lehen esperimentalistatzat hartzen da[7].​ Erdi Aroan, Boloniako medikuntza-irakasle eta ikasleak gorputzak disekzionatzen hasi ziren; Mondino Luzzikoak (1275-1326) giza disekzioetan oinarritutako anatomiaren lehen liburu ezaguna idatzi zuen[8][9].

Erdi Aroan, Claudio izena eman zitzaion, baina horrek akats historiografikoa dirudi, Aro Modernoan zuzendu zena, haren testuek onarpen berritua lortu zutenean. 1530eko hamarkadan, Andrés Vesalio Bruselako anatomista eta medikua, Galenoren testu asko grezieratik latinera itzultzen hasi zen, eta, bere De humani corporis fabrica (1543) anatomiaren argitalpenean, eragin garrantzitsua izan zuen mediku greko-erromatarraren lanak[10].

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehengo urteak: 129-161[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galeno Pergamokoa, erromatar ospetsua medikuntzaren historian.
Galenoren estatua modernoa, jatorrizko hirian, Pérgamo.
Galenou Apanta, 1538.

Galeno Pergamon jaio zen —gaur egungo Bergama, Turkia— 129. urtean, familia aberats batean. Bere aitak, Elio Niconek, arkitekto izateaz gain lur-jabe zenak, kontu handiz hezi zuen pentsamendu estoikoan, agian, semea filosofo bihurtu asmoz. Galenok, oso gaztetatik, askotariko gaiak landu zituen: nekazaritza, arkitektura, astronomia, astrologia, filosofia, medikuntzan kontzentratu zen arte.

Esaten denez, aitak medikuarengana jo zuen, medikuntzaren jainkoarekin, Esculapiorekin, gau batean amestu ondoren, zeinak semearen patua iragarri baitzion.

Hala, hogei urte zituela, Pergamoko Asclepeioneko Asclepio jainkoaren therapeute (ikasle edo bazkide) bihurtu zen Galeno, lau urtez, eta medikuntza-ikasketak hasi zituen. Ondoren, tenplua utzi, eta Esmirna eta Korintora joango zen ikastera. Lehen urte horietan, Hipócrates Kosekoa sendagile ezagunaren obra ezagutuko du, bere ibilbidean erreferentzia nagusi izango zena.

Galenok Alexandrian, (Egipto), ptolomeotarren hiriburu zaharrean eta Mediterraneoko kultura-zentro nagusian osatu zituen ikasketak. Galenok azterketa anatomikoek eta fisiologikoek medikuntzarako duten garrantzia ikasiko zuen hemen, eta Herofilo eta Erasistrato anatomista garrantzitsuen lanarekin harremanetan sartuko zen.

157. urtean, aitaren heriotzaren berri izan zuenean, Pergamora itzuli zen, zeinak dirutza handia utzi zion. Han, mediku gisa aritu zen hiru edo lau urtez, gladiadoreen eskolan. Garai horretan, kolpe eta zaurien tratamenduan esperientzia hartu zuen. Urte batzuk geroago, zauriak «gorputzeko leihoak» izenaz aipatuko zituen.

Hurrengo urteak: 162-217[aldatu | aldatu iturburu kodea]

162tik aurrera, Erroman bizi izan zen, hiriburu inperialean[11], eta, bertan, hainbat lan idatzi zituen, anatomiari buruz zuen ezagutza publikoki erakutsiz. Mediku aditu gisa, ospe handia lortu zuen, eta bezero ugari zituen. Flavio Boecio kontsulak auzitegian sartu zuen, eta Marko Aurelio enperadorearen eta haren korregente Luzio Veroren gortean, mediku izan zen azkenean. Denboraldi labur batez, Pergamora (166-169) itzuli zen, Komodok (Marco Aurelioren semea) deitu zion arte.

Gortean egon zen bitartean, Galeno gertaera garrantzitsuen lekuko izan zen, hala nola antoninotar izurria deritzonaren etorrera —bere lanetan deskribatu eta kontatu zuena—, gerra markomanoak, Komodoren hilketa, gerra zibila eta Septimio Severoren tronura iristea.

Antzinako Erroman gorpuen disekzioa legez debekaturik zegoenez, Galenok hainbat ikerketa egin zituen zerriak edo tximinoak disekzionatuta. Horren ondorioz, giza gorputzari buruzko ideia oker batzuk zituen. Galenok gorte inperialean igaro zuen bere bizitzaren gainerakoa, idazten eta esperimentuak egiten. Animalia askoren bibisekzioak egin zituen giltzurrunen eta bizkarrezur-muinaren funtzioa aztertzeko.

Batez ere grezieraz idatzi zuen, garaiko medikuntzan latinak baino askoz ospe handiagoa baitzuen. Bere testigantzen arabera, hogei eskribau erabili zituen bere hitzak idazteko. 191ean, sute batek bere obra batzuk suntsitu zituen. Haren lan nagusia, Methodo medendi —sendatzearen arteari buruzkoa—, oso garrantzitsua izan zen medikuntzan hamabost mendez.

Haren heriotzaren data, tradizioz, 201. urtearen inguruan zenbatetsi izan da Suda lexikoaren X. mendeko erreferentzietan oinarrituta. Beste aditu batzuek, ordea, heriotza-data 216. urtera arte atzeratzen dute.

Izan zuen ospea, ez bakarrik Erroman, laurehun testu baino gehiago zituen bere literatura-jarduera handiagatik izan zen, hein batean; horietatik, ehun eta berrogeita hamar inguru iritsi zaizkigu, batez ere garai hartako meritu handiko baina fidagarritasun mugatuko itzulpenen bidez. 2015. urtean, Erremedio sinpleen prestakin eta ahalmenez lanaren palimpsesto[12] bat aurkitu zen, autorearen zenbait ezaugarri argitzea espero dena[13].

Galenoren lana tradizio hipokratikoan oinarritzen da, eta Platonen eta Aristotelesen pentsamenduaren elementuak batzen ditu, Posidonioren estoizismoaren bidez jasotzen duena. Gainera, prestakuntza bikaina izan zuen, eta, horri esker, sakonki ezagutu ahal izan zituen orduko eskola medikoak, eta, horri guztiari, bere ekarpen originalak erantsi zizkion.

Haren fisiologia, adibidez, Aristotelesen ideietan oinarritzen da, hots, izaeraren, mugimenduaren, kausaren eta helburuaren ideietan, arima bizi-printzipio gisa hartuta, Platonen ideien arabera, zeinak bereizten baitzuen: arima desiragarria —gibelean du egoitza—, arima suminkorra —bihotzean— eta arima arrazionalaren —garunean— artean.

Fisiologia galenikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fisiologia galeniko orokorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Fisiologia orokorra» da gorputzaren funtzionamenduari buruzko mundu klasikoaren teoriaren oinarrizko kontzeptuak aztertzea: bertuteak, eragiketak eta espirituak.

Espiritu bat —spiritus, grezierazko pneuma itzultzen duen termino latinoa—, antzinako fisiologiarentzat, oso gai sotila da, barrunbe bateko organoak abian jartzen dituena. Beraz, medikuntza klasikoan, espiritu kontzeptua ez da materiaren kontzeptuarekin kontrajartzen, espirituak materiaren forma berezia baitira —eta, bereziki, sotila—.

Galenorentzat, eta handik abiatuta antzinako medikuntza osoarentzat, espirituak hiru motatan multzokatzen dira, hiru arima-motei dagozkienak —arima gisa psike-a ulertuz, mugimenduaren eta izaki bizidunen aldaketen printzipioa—:

De curandi ratione
  • Espiritu (pneuma) naturalak —filosofoek «begetatibo edo landare-espiritua» deitzen zioten—, arima desiragarriari dagokiona, gibelean du egoitza, eta hori da abdomenaren organo nagusia klasikoentzat; gibeletik, espiritu naturala zainetan zehar zabalduko litzateke, eta, ikusmolde klasikoaren arabera, gibeletik organismo osora abiatuko litzateke. Espiritu naturala da abdomeneko organoen funtzio edo ahalmenen (dynameis) arduraduna. Abdomenaren funtzioak dira, hain zuzen, fisiologo zahar batek bere bertuteak izendatzen zituena —bertute terminoa latinezko vis-etik dator, eta indarra esan nahi du, eta, latinez, grezierazko dy´namis-en baliokide da. Beraz, espirituak dira organoen bertuteak eragiten dituztenak, eta bertuteak organoei funtzionarazten dieten indarrekin identifikatzen dira. Organo abdominalen bertuteak funtzio begetatiboak izango dira, hau da, landareen berezko funtzioak: elikadura eta hazkuntza. Gainera, sabelean daude ugalketa-organoak, bertutea —edo funtzioa, edo ahalmena—, landareek ere egiten dituztenak. Horren arabera, bertuteak (espirituek martxan jarritako indarrak) organo desberdinen propietate izango dira (giltzurrunak, adibidez, odolaren bertute erakargarri bat du, eta gernuaren kanporatze batzuk). Beren artean konbinatzen diren bertute multzo bat elkartzeak eragiketa bat eratzen du —adibidez, odola garbitzea gernuaren kanporatzearekin. Eragiketa, beraz, organo jakin batek egiten duen ekintza da, eta zenbait bertute koordina ditzake. Bertute abdominalak —horietako bakoitza organo bati dagokio— honela sailkatzen dira: nagusiak —digestioa, hazkundea eta sorkuntza— eta sekundarioak —erakargarria edo apetazkoa, oroimenekoa, bihurgarria, kanporatzailea edo irazlea—. Jakia irentsi, digeritu eta asimilatu egiten da —eta hondakinak kanporatu egiten dira—, dohain horiei esker. Badira, halaber, abdomenean egoitza duten bertute psikikoak: dohain erakargarriak —desioari dagozkionak—, binaka funtzionatzen dutenak: maitasuna-gorrotoa, desira-higuina, gozoa-tristezia…
  • Bizi-espiritua (pneuma): toraxean kokatua, zeinaren organo nagusia bihotza baita —eta, gainera, birikak ere barne hartzen dituen. Arima sumingarriari dagokio, zeinaren berezko bertuteak edo bizi-ahalmenak (dynámeis) diren. Bizi-espiritua bizitzak dituen bertute eta eragiketen erantzule izango litzateke: arnasketa, bihotz-taupada eta pultsua. Azken hori ez zen, antzinakoentzat, soilik bihotz-taupaden transmisioa, baizik eta arteria-paretaren berezko indarra edo bertutea, pultsu-bertutea, bihotz-taupaden bertutea ez dena. Tradizioz, heriotza funtzio toraziko horiek bukatzearekin zehazten zen —eta bizi-izpiritua desagertzearekin parekatzen zen. Pneuma edo bizi-espiritua, bihotzetik, arterietan zehar mugituko litzateke. Taupada bihotzaren funtzioa da; pultsua, arteriena —berez, vis bat da, indar autonomo bat—, eta arnasketa, birikena. Horiek dira biziaren dohain edo ahalmen nagusiak (dynámeis), eta sekundarioak abdomenarenak bezalakoak dira —birikek airean duten erakargarritasun bera, bihotzak odolarekiko egiten duen kanporatzea, eta abar. Toraxean ere, antzinakoentzat, bertute psikikoak egongo lirateke: bertute suminkor deritzenak, hala nola haserrea, ausardia eta haren aurkakoa, beldurra, edo itxaropena eta etsipena. Bihotzetik abiatuta, bizi-espiritua organismo osora transmitituko litzateke arteria-sistemaren bidez.
  • Animalien espiritua (pneuma), goikoa eta egoitza garunean duena, eta haren bertute eta eragiketa konplexuenak, izaera mentalekoak, gizakiaren ezaugarriak izango lirateke. Hirugarren motako pneuma burmuinetik organoetara mugituko litzateke nerbioen barrutik. Arima arrazionalari dagokio. Hirugarren bertute mota hori —edo fakultate, dynameis— hainbat motatan banatuko litzateke: aferenteak —zentzumenen organoen bidez sentsazioak jasotzen dituztenak— eta eferenteak —motorrak, muskuluen mugimendua gobernatzen dutenak—. Gainera, badira bitarteko bertuteak, erdikoak edo antolatzaileak ere, nerbio-sistema zentralean gertatzen direnak: irudimena, arrazoia eta memoria. Fisiologia galeniko orokorrean ere, oso garrantzitsua da berezko beroaren kontzeptua, bizitzeko ezinbestekoa dena. Bihotza du egoitza, eta, handik, organismo osoan hedatzen da pultsuaren bidez. Berezko bero hori sortzeko erregaia elikagaia da, eta arnasketak funtzio hozgarria du.

Galenoren fisiologia berezia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elikagai bat irenstean gertatuko litzatekeenetik abiatuta ager daiteke giza gorputzaren funtzio nagusien ikusmolde klasikoa. Lehenik eta behin, murtxikatzeko ahoaren eta irensteko ahoaren bertuteak eragingo lukete, eta, horiek osatzeko, urdailak elikagaia erakarriko luke; dohain horien guztien arteko elkarreraginak irensteko eragiketa osatuko luke.

Urdailaren bertute bihurtzailearen bidez, irentsitako elikagaiak kilo bihurtzen dira.

Elikagaiak urdailean eta hestean egiten dituen prozesuei lehen digestioa deitzen zaie. Sortuko diren ondoz ondoko digestioek purua eta purua ez dena bereiziko dituzte, eta horietako bakoitzak hondakin batzuk sortuko ditu. Hondakin horiek ezabatu egingo dira, eta, hala, gainerakoak garbitu egingo ditu. Lehenengo digestioaren hondakinak gorozki beltzak izango dira.

Kiloa —lehen digestioak garbitutako elikagaiak— gibelera eramango da —zain mesenterikoetatik eta portatik—, eta han bigarren digestioa jasango du, eta handik humoreak sortzen dira —gibela da, beraz, lau humoreak, eta, batez ere, odola, garatzen den lekua, jada kilo bihurtutako elikagaitik—. Bigarren digestioak ere hondakinak sortzen ditu; giltzurrunetara joango dira, eta gernuaren bidez kanporatuko dira.

Behazun beltza edo atrabilisa, gibelean sortzen den humoreetako bat, hein handi batean, barera doa. Beste zati bat, gibelean sortu berri den odolarekin nahastuta, zainetan banatzen da —zainetako odola da. Galenoren medikuntzan, zain-sistemak gibelean du jatorria, eta hartatik adarkatzen da —eta ez bihotzetik. Gibela, abdomenaren funtsezko organoa, zainen iturria da, eta zainetako odola organismo osoan banatzen dute —humoreak nahastuta edukitzeagatik, arteria-odola ez bezalako kolorea izango du, puruagoa baita.

Kaba zainetik ere odola iritsiko litzateke gibeletik eskuineko aurikulara, eta, hortik, eskuineko bentrikulura, non bi aukera aurkituko bailituzke: zati batek bentrikuluen arteko trenkada zeharkatuko luke, zenbait porotatik ezkerreko bentrikulura pasatuz; gainerakoa, biriketara joango litzateke, eta, beraz, arteria-zaina deitzen zioten —gaur egungo birika-arteria. Eskuineko bentrikulutik birikara doan odol horrek elikatzeko balioko luke —eta, beraz, ez litzateke bihotzera itzuliko.

Birikatik ezkerreko aurikulara joango liratekeen «zain-arteria» batzuk ere egongo lirateke —gaur egungo birika-zainak. Zain-arteria horiek ez lukete odolik eramango —birikara heldu zena bertan gelditu zen; ez dago biriketako zirkulaziorik antzinako fisiologian. Arteria-zainek eramango zutena pneuma litzateke, birikak arnasa hartzean airetik aterako lukeen espiritua. Aurikulatik ezkerreko bentrikulura pasatzen den pneumak han aurkitzen du beste bentrikulutik, poroetatik, igarotako odola.

Ezkerreko bentrikuluan, pneumak odola purifikatu, eta arindu egiten du; odola garbitu ondoren sortzen diren hondakinak arnasaren bidez kanporatzen dira. Odol pneumatizatu hori —gaur egun, odol oxigenatua deitzen zaio— arteria-sistemaren bidez banatzen da organismo osoan. Gorputzaren atal ezberdinetan, anastomosiak edo arteria-zainak daude, non bi odol-motak nahastuko diren —gibeleko zain-odola eta ezkerreko bentrikulutik datorren pneumatizatua. Odolen nahasketa ontziz aldatuko da, eta, behin arterietatik eta zainetatik kanpo, pixkanaka solidotuko da gorputzeko atalak elikatuz eta handituz, haiek osatzen dituen materia bihurtzen baita —azken batean, humoreen solidotzea da. Horrela, odola gorputzeko atal desberdinetan eraldatzen da, eta, beraz, ez da bihotzera itzultzen. Odola gorputzeko atal bihurtzeko prozesua da hirugarren digestioa, eta horren hondakinak izerdi, ile, azazkal eta abarren bidez kanporatuko dira.

Burmuinera, baita gainerako organoetara ere, odola iritsiko litzateke, eta rete mirabile delakoan banatuko litzateke —meningetan dagoen arteria-zaina, berez txerrietan dagoena baina ez gizakietan. Han, odolaren hirugarren digestio edo egosteak materia oso sotila emango luke produktu gisa, eta horri esker funtziona lezakete harreman-bizitzako bertute espiritual eta tipikoenek —gogo-aldarteak. Digestio honi dagozkion hondakinak zentzumenen organoen bidez kanporatuko lirateke: makarrak, belarriko argizaria, sudurreko mukiak, etab.

Galenok medikuntzari egindako ekarpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eponimia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galen ilargi-kraterrak —grafia ingelesaren arabera— izen hori bere memorian darama.

Liburu ugari idatzi zituen, tartean ondorengoak:

  • Hipokratesi egindako iruzkinak.
  • Sektei buruz.
  • Doktrina hoberenari buruz.
  • Medikuntza enpirikoari buruz.
  • De anatomicis administrationibus (15 liburukitan).
  • De usu partium corporis humani.
  • Terapeutika-metodoa.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Life, death, and entertainment in the Roman Empire. David Stone Potter, D. J. Mattingly (1999). University of Michigan Press. p. 63. ISBN 0-472-08568-9
  2. "Galen on bloodletting: a study of the origins, development, and validity of his opinions, with a translation of the three works". Peter Brain, Galen (1986). Cambridge University Press. p.1. ISBN 0-521-32085-2
  3. (Ingelesez) Nutton, Vivian. (1973-05). «The Chronology of Galen's Early Career» The Classical Quarterly 23 (1): 158–171.  doi:10.1017/S0009838800036600. ISSN 1471-6844. (Noiz kontsultatua: 2024-03-18).
  4. (Ingelesez) «Rudolph E. Siegel, Galen on the affected parts. Translation from the Greek text with explanatory notes, Basle, Karger, 1976, 8vo, pp. x, 233, S.Fr.90, $34.75 (paperback).» Medical History 21 (2): 212–212. 1977-04  doi:10.1017/S0025727300037935. ISSN 2048-8343. (Noiz kontsultatua: 2024-03-18).
  5. Debru, Armelle (7 de marzo de 1997). «Galen on Pharmacology: Philosophy, History, and Medicine : Proceedings of the Vth International Galen Colloquium, Lille, 16-18 March 1995». BRILL – via Google Books
  6. Rocca, Dr Julius (16 de enero de 2003). «Galen on the Brain: Anatomical Knowledge and Physiological Speculation in the Second Century Ad». Brill – via Amazon
  7. «Corto y hábil es el sendero de la especulación, pero no conduce a ninguna parte; largo y penoso es el camino del experimento, pero nos lleva a conocer la verdad.» —Galeno
  8. Numbers, Ronald (2009). Galileo Goes to Jail and Other Myths about Science and Religion. Harvard University Press. p. 45. ISBN 978- 0- 674-03327- 6.
  9. (Ingelesez) harvardgazette. (2011-04-07). «Debunking a myth» Harvard Gazette (Noiz kontsultatua: 2024-03-18).
  10. Peter Dear, Revolutionizing the Sciences: European Knowledge and Its Ambitions, 1500–1700. (2001), 37–39
  11. (Gaztelaniaz) «Descubren el laboratorio imperial de Galeno, el médico más célebre de la Antigua Roma» Diario ABC 2019-11-27 (Noiz kontsultatua: 2024-03-18).
  12. The Galen Syriac Palimpsest – On the Mixtures and Powers of Simple Drugs
  13. (Gaztelaniaz) Times), Mark Schrope (NY. (2015-06-12). «Las raíces ocultas de la medicina, en un antiguo manuscrito» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2024-03-18).
  1. Ikus On Diagnosis from Dreams, L. Pearcyk egindako testu galenikoaren ingelesezko itzulpena, [www.medicinaantiqua.org.uk], Todman jaunak A History of Sleep Medicine-n aipatua.

Iturriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografía[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Gaztelaniaz) Del uso de las partes. Editorial Gredos. Madrid ISBN 978-84-249-1732-6..
  • Sobre las facultades naturales: las facultades del alma siguen los temperamentos del cuerpo. Madrid: Editorial Gredos ISBN 978-84-249-2395-2..
  • (Gaztelaniaz) Procedimientos anatómicos. Madrid: Editorial Gredos ISBN 978-84-249-2367-9..
  • Tratados filosóficos y autobiográficos. Madrid: Editorial Gredos ISBN 978-84-249-2342-6..
  • (Gaztelaniaz) Sobre la localización de las enfermedades. Madrid: Editorial Gredos ISBN 978-84-249-1888-0..
  • (Frantsesez) Boudon-Millot, V. Introduction Générale, Sur L’ordre de ses Propres Livres, Sur ses Propres Livres, Que L’excellent Médecin est Aussi Philosophe Paris: Les Belles Lettres, 2007.
  • (Ingelesez) Garcia Ballester, Luis. 2002. Galen and Galenism. Theory and Medical Practice from Antiquity to the European Renaissance. Collected Studies Series 710. Aldershot, UK: Ashgate Variorum.
  • (Ingelesez) Gilbert, N. Ward. 1960. Renaissance Concepts of Method. New York: Columbia University Press.
  • (Ingelesez) Gill, Christopher, Tim Whitmarsh, and John Wilkins, eds. 2012. Galen and the World of Knowledge. Cambridge, UK: Cambridge Univ. Press.
  • (Ingelesez) Kudlien, Fridolf, and Richard J Durling. 1991. Galen's Method of Healing: Proceedings of the 1982 Galen Symposium. Leiden: E.J. Brill.
  • (Ingelesez) Lloyd, G. E. R. 1991. Methods and Problems in Greek Science. Cambridge: Cambridge University Press.
  • (Ingelesez) Mattern, Susan P. 2013. The Prince of Medicine: Galen In the Roman Empire. New York: Oxford University Press.
  • (Ingelesez) Nutton, Vivian. 2004. Ancient Medicine. London and New York: Routledge.
  • (Ingelesez) Rocca, Julius. 2003. Galen on the Brain: Anatomical Knowledge and Physiological Speculation in the Second Century A.D. Studies in Ancient Medicine 26. Leiden, The Netherlands, and Boston: Brill.
  • (Ingelesez) Rosen, Ralph M. 2013. “Galen on Poetic Testimony” In Writing Science: Medical and Mathematical Authorship in Ancient Greece. Edited by M. Asper, 177–189. Berlin: De Gruyter.
  • (Ingelesez) Rosen, Ralph M. 2013. “Galen, Plato, and the Physiology of Eros." In Eros Edited by E. Sanders, C. Carey and N. Lowe, 111–127. Cambridge: Cambridge University Press.
  • (Ingelesez) Sarton, George. 1954. Galen of Pergamon. Lawrence: University of Kansas Press.
  • Schlange-Schöningen, H. Die römische Gesellschaft bei Galen. Biographie und Sozialgeschichte (= Untersuchungen zur antiken Literatur und Geschichte, Bd. 65) Berlin: de Gruyter, 2003
  • (Ingelesez) Walzer, Richard. 1949. Galen On Jews and Christians. London: Oxford University Press.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Galeno Aldatu lotura Wikidatan