Hassiba Ben Bouali

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hassiba Ben Bouali

Bizitza
JaiotzaFès1938ko urtarrilaren 20a
Herrialdea Frantzia
HeriotzaAljerko kasbah1957ko urriaren 8a (19 urte)
Heriotza modua: lehergaia
Hezkuntza
HeziketaAljerko Unibertsitatea
Hizkuntzakarabiera
Jarduerak
Jarduerakmilitante politikoa eta freedom fighter (en) Itzuli
KidetzaNazio Askatasunerako Frontea
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakAljeriako Independentzia Gerra

Hassiba Ben Bouali (arabieraz: حسيبة بن بوعلي‎; amazigeraz: ⵃⴰⵙⵉⴱⴰ ⴰⵢⵜ ⴱⵓⵄⵍⵉ; zenbaitetan Bent Bouali idatzia[1][oh 1]) (Sendjas, Chlef-etik gertu, Aljeria, 1938ko urtarrilaren 20a - Aljerreko Kasbah-a, 1957ko urriaren 8a)[2] Aljeriako Independentzia Gerrako gudaria eta FLNko militantea izan zen, Ali la Pointe, Zohra Drif, Petit Omar eta Yacef Saâdi Aljerko barruti autonomoko buruzagiarekin batera Aljerko guduan nabarmendu zena.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorria eta ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hassiba Ben Bouali 1938ko urtarrilaren 20an jaio zen[3][4], familia aristokratiko handi batean[4][5]. Bere jaioterria, Sendjas (Bougainville, kolonizazioaren garaian), Ouarsenis mendien behealdeko herri txikia, Chlef-eko wilayako (kolonizazioaren garaiko Orléanville) hiriburutik 14 km hegoaldera zegoen. 1947an, Hassibak 9 urte zituela, familia Aljerrera joan zen bizitzera.[6] Bere aitak, Abdelkader Ben Boualik, Aljerreko Gobernu Orokorreko nekazaritza departamentuan lan egiten zuen.[7]

Bere jaioterrian hasi zen lehen ikasketak egiten, eta gero, Aljerrera bizitzera joandakoan, bertako Ain Zerga eskolan jarraitu zuen. 1950ean lehen hezkuntza gainditu ondoren, musika ikasketak egin zituen Pasteur lizeoan (gaur egun Aljerreko Fakultate Nagusiaren eranskina).[8] 16 urterekin, Aljeriako Ikasle Musulmanen Batasun Orokorrean (Union générale des étudiants algériens - UGEMA) afiliatu zen. Aldi berean, ikasten segitzen zuen bitartean, Aljerko Boutin kaleko "La tasse de lait" ongintzazko erakunde laikoan lan egiten zuen, amarekin batera.[9] Erakunde horren helburua Aljerreko Belcourt auzeko ume musulman pobreei janaria banatzea eta bestelako laguntzak ematea zen.[9] Bertan ezagutu zuen populazio musulmanaren miseria, eta horrela sentsibilizatu zen sistema kolonialak eragindako egoera soziopolitikoarekin.[10] Mustapha Pacha ospitaleko gaixoak artatzen ere lan egin zuen, bertan erizaintzako ikastaroak egiten zituen bitartean.

Nazio Askatasunerako Fronteko kidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hassiba Ben Bouali 15 urte zituela.

1956ko maiatzaren 19an, Nazio Askatasunerako Fronteak (FLN) greba mugagabera dei egin zien ikasle musulmanei, eta Aljeriaren askapen-borrokarekin masiboki bat egitera gonbidatu zituen. Hassiba Ben Boualik bigarren mailako ikasketak utzi zituen, ikasle musulmanen % 90ek bezala,[10] eta filosofiako batxilergoa prestatzeari utzi zion. Orduan, Ben Sadok Abdelazizek Aljerreko Barruti Autonomoko Nazio Askatasunerako Fronteko (FLN) kide izateko errekrutatu zuen.[10]

Burkideek Hassibari Kasbah-eko emakume borrokalarien "benjamina" esaten zioten.[6] 18 urte zituela, FLNko buruzagien konfiantza lortu zuen Kasbah-ean bertan, non Fronteak bere kuartel nagusi klandestinoa zuen. Gizonekin aritzen zen soinez soin, eta erabakiak hartzeko ere aintzakotzat hartzen zuten.[11] Bere erakargarritasunak europarren auzo dotore guztietatik erraz mugitzeko aukera ematen zion[4], eta aise aritzen zen Aljerreko FLNko militanteen arteko lotura lanetan, ezein soldaduri ez baitzitzaion bururatzen poltsa miatzea kontrol polizial edo militarretatik igarotzen zenean, europartzat hartzen zutelako. Mustapha Pacha ospitaleko erizain laguntzaile gisa lan egin zuen, eta baita "La tasse de lait"-eko gizarte-laguntzaile gisa ere. Handik gutxira, Pierre Chaulet doktorearen taldearen kide egin zen. Chaulet FLNko militantea zen, eta Aljerreko wilayako El Madania herrian klinika sekretu bat sortu berria zuen, poliziarekin izandako liskarretan zauritutako FLNko militanteak artatzeko. Han, Hassiba erien zainketaz arduratzen zen, baita, amak lagunduta (bera ere FLNko kidea zen), sendagaiak ospitaletik ekartzeaz ere.[12] Zohra Drif, Djamila Bouhired eta Djamila Boupacha-rekin batera, Kasbah-eko terrazetan emakumeen bilerak antolatzen lagundu zuen.

«Réseau bombe» taldean errekrutatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yacef Saâdik sorturiko «Réseau bombe» taldeko zenbait kide. Ezkerretik eskuinera: Samia Lakhdari, Zohra Drif, Djamila Bouhired eta Hassiba Ben Bouali.[oh 2]

Aljerren FLNrekin bat egin zuenean, Hassibak Nazio Askapenerako Armadaren (ALN) maki batean erizain izan nahi zuen, horregatik, erizaintzako ikastaroak hartu zituen Mustapha Pacha ospitalean. Geroago, baina "réseau bonbe" (Lehergailuen sarea) taldeko laborategi-laguntzaile gisa hasi zen lanean.[13]

Atentatu terrorista odoltsu batek markatu zuen 1956ko uda Aljerian: Thèbes kaleko atentatuak, hain zuzen. 1956ko abuztuaren 9tik 10erako gauean, Aljeria frantseseko europar talde txiki batek, edozein bitartekoz baliaturik mendeku hartzea erabakita zuenak, dinamita-bonba bat jarri zuen Kasbah Behereko kalezulo batean. Leherketa itzela izan zen, 70 musulman baino gehiago hil zituen[14], eztandak berak triskatuta edo etxeen hondakinen azpian lurperatuta. Sarraskia "Comité des quarante" izeneko talde batek sinatutako panfleto baten bidez aldarrikatu zuten: «Hildako europar bakoitzeko, Kasbah-eko etxadi bat lehertuko da»."[14]

FLNko beste panfleto batek erantzun zion atentatuari, "Kasbah-eko hildakoak mendekatuko zituela" zin eginez. Yacef Saâdi-k, Aljerreko barruti autonomoko FLNko buruzagi militarrak, erasoaldi sistematiko bat abiaraztea erabaki zuen: "Aljeria frantseseko" ultren antzera, frantses populazio zibilaren aurkako atentatuak egingo zituzten, europar itxurako emakumeek garraiatu eta jarritako bonbak erabilita. Testuinguru horretan, Hassiba Ben Bouali Yacef Saâdiren "bonba-sarean" sartu zen Mourad Kechidak errekrutaturik[7]. Hassibak ezarri zituen Daniel Timsit, Abderrahmane Taleb, Oussedik Boualam eta Georgio Habib[5] teknikarien arteko loturak. Haien laborategiak sakabanaturik zeuden hiriburuko zenbait lekutan: Birkhadem, Pointe-Pescade, Clos-Salombier, Birmandreis, Champ de manœuvre eta Kasbah-ean. Boualiren zeregina oso delikatua zen: Kechidak-en beraren agindu zuzenen pean, lehergailuak fabrikatzeko lehengaiak laborategietara garraiatu behar zituen, eta behin prestatuta zeudela, bueltan ekarri. Antza denez, Boualik «bere misioetan buruzagiek hain preziatuak zituzten dohain femeninoak baliatzen zituen: pazientzia eta pertseberantzia».[7]

FLNko buruzagiek erabakitako leku publikoetara bonbak garraiatzeko eta jaurtitzeko lan arriskutsua, baina, beste emakume batzuen ardura zen. Haien artean, Zohra Drif, Djamila Bouhired, Baya Hocine, Daniele Minne eta Samia Lakhdari zeuden, europar itxurako emakume gazteak, frantsesen auzoetan oharkabean pasatzen zirenak.

Aljerreko gudua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Thèbes kaleko atentatuaren ondoren, FLNk bonben bidezko erasoei ekin zien. Aljerreko europarrak bizi ziren auzoetako leku publikoetan lehergailuz egindako atentatuek 1956ko azken lau hilabeteak markatu zituzten, hildako eta zauritu asko eragin baitzituzten biztanleria zibilaren artean. Leherketak 1956ko irailaren 30ean hasi eta 1957ko urtarrilaren 26an amaitu ziren, FLNk Nazio Batuen aurrean bere ordezkagarritasuna agerian uzteko xedeaz deituriko zortzi eguneko grebaren bezperan.[15]

Ali la Pointe (1930 - 1957)

Polizia Hassiba Ben Boualiren atzetik zebilen, eta fiskaltzak, 1956ko abenduaren 14an, atxilotzeko agindua eman zuen. Medikuen epaiketan 20 urtez bortxazko lanak egitera kondenatu zuten auzi-ihesean, eta Djamila Bouhired eta Djamila Boupacharen aurka bonba bidezko atentatuengatik eginiko epaiketan heriotza-zigorra ezarri zioten.[7] Familia uztera behartua, Kasbahean ezkutatu zen eta zortzi eguneko greba prestatzen lagundu zuen. Zaurituen zaintzaz ere arduratu zen, eta FLNko buruzagiek beste ardura batzuk ere eman zizkioten, idazkari lanak egiteko eta Kasbaheko emakumeen artean propagandista gisa aritzeko, Aljeriaren kausarekin sentsibilizatzeko.[7]

Frantziako gobernuak FLNren erasoei aurre egiteko, paraxutisten 10. dibisioko eliteko lau erregimendu Aljeriara bidaltzea erabaki zuen. Guztira, ongi entrenatutako 10.000 paraxutista sartu ziren Aljerren 1957ko urtarrilaren 7an, Massu jeneralaren agintaritzapean. Erregimentu bakoitzak hiriburuko auzo baten kontrola hartu zuen. Horien artean arriskutsuena Kasbaha zen, Aljerreko Barruti Autonomoko (ZAA - Zone autonome d'Alger) eta FLNko hiri-makia eta kuartel nagusia. Armadak ZAAren organigrama eta militanteen sareak aurkitu zituen, eta horrela, 1957ko otsailaren 23an, Larbi Ben M'hidi, Aljerreko ekintza armatuaren arduraduna, atxilotu ahal izan zuten. Baina atentatuek 1957ko udara arte iraun zuten. 1957ko irailaren 28an, Yacef Saadi, ZAAko buruzagia, Zohra Drif-ekin batera atxilotu egin zuten, beren gordelekuan armadari aurka egin ondoren. Horren ondoren, Ali la Pointe, bizirik segitzen zuen erakundeko zuzendaritzako kide bakarra, izan zen ZAAko burua, eta Hassiba Ben Bouali haren idazkaria. Baina haien inguruko setioa estutuz joan zen, eta bi astez baino ez zuten aske iraun.

Hassiba Ben Boualiren heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hassiba Ben Bouali eta bere burkide Ali la Pointe, Petit Omar eta Mohamed Bouhmidi hil ziren etxearen hondakinak (2011), Aljerreko Kasbah-ean, Abdérame kaleko 5. zenbakian. Etxea Atzerriko paraxutisten 1. erregimentuko kideek lehertarazi zuten 1957ko urriaren 8an.

1957ko irailaren amaieran, paraxutistek, pista fidagarri bati esker, Ali la Pointeren ezkutalekua aurkitu ahal izan zuten Abderames kaleko 5. zenbakian, Kasbaharen behealdean. 1957ko urriaren 7ko ilunabarrean, Kasbaha guztiz inguratuta zegoen. Etxe horretan Petit Omar, 12 urteko FLNko lotura-ofiziala, eta Mahmoud Bouhamidi zeuden, bertan ezkutatu baitziren 1957ko irailaren 23an, Omarren osaba, Yacef Saâdi, atxilotu eta biharamunean. Ali la Pointe eta Hassiba Ben Bouali irailaren 28an elkartu zitzaizkien. Harrezkero han bizi ziren, lau metro karratuko gela batean, beren artxiboekin eta gerrako harrapakinetik geratzen zenarekin, armekin, munizioekin eta azken bonbekin.[16]

20:15ean, paraxutistek, badaezpada, armadako erreflektoreek argiztaturiko ondoko etxeak hustu eta bertako biztanleak handik urrundu zituzten. Gela guztiak miatu zituzten, eta etxearen jabeek, bi emakumek, ezkutalekua non zegoen aitortu zuten soldaduek behartuta.[17] Han lau pertsona ezkutatuta zeudela zehaztu zuten, tartean emakume gazte bat eta 12 urteko haur bat; "liderrak Ali du izena", adierazi zuten. Guiraud komandantea, operazioen burua, ezkutalekua horma lodi baten atzean zegoela jakinda, megafono bat erabiliz FLNko ekintzaileekin hitz egiten saiatu zen: "Errenditu zaitezte, Ali, dena amaitu da. Bizitza salbatuko duzuela agintzen dizugu ". Behin eta berriz esan zien Omar eta Ben Bouali irteteko. Ez zen erantzunik izan, ezkutalekuan zeudenek ez baitzuten amore eman nahi.[18]

Hassiba Ben Boualiren hilobia Aljerreko Sidi M'hamed hilerrian.

Guiraud komandanteak, Godard koronelaren onespena izan zuenean, ezkutalekuko hormetan leherketa-karga bat jartzea erabaki zuen. Piroteknikoek tankeen aurkako bi mina erabili zituzten, hormak blindatuta egon zitezkeelakoan.[19] Paraxutistak aretotik irten ziren. Ezkutalekuaren barruan, ez Ali, ez Hassiba, ez Mahmoud, ez Petit Omar ere ez ziren mugitu. 6:15ean leherketa bat entzun zen Kasbah osoan. Leherketa-kargen eztanda itzelaren ondoren, beren gain erori ziren murruen burrunbak jarraitu zuen, eta aldameneko etxea, paraxutistek hustu ez zutena, bizilagunen gainera erori zen.[18]

Kea eta hautsa joan zirenean, Massu jeneralak Ali la Pointe eta Hassiba Ben Boualiren gorpuak aurkitzeko agindua eman zuen.[18] Urriaren 8ko goizean paraxutistak hondakinak kentzen hasi zirenean, ondoko etxearen erorketak eragindako biktima zibilen gorpuak aurkitu zituzten, haien artean emakume eta haur askorenak. Urriaren 10era arte ez ziren erretiratu azken gorpuak, Petit Omar eta Hassiba Ben Boualirenak, zeinen aurpegiak erabat desitxuratuta baitzeuden[20], eta Ali la Pointe eta Mahmoud Bouhamidirenak, guztiz birrinduta[20][21]. 1957ko urriaren 8an Aljerreko bataila amaitutzat eman izan zen.

Hassiba Ben Boualiren Aljerreko Sidi M'hamed hilerrian lurperaturik dago.[12]

Hassiba Ben Boualik gurasoei idatiziriko azken gutuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hassiba Ben Boualiren lau orrialdeko azken gutunaren formatu handiko erreprodukzioa. Aljerreko Arte Moderno eta Garaikideko Museo Publiko Nazionalean dago ikusgai, Independentzia Gerrako emakume borrokalari aljeriarren omenez.[22]

2010ean, Hassiba Ben Bouali hil eta 53 urtera, Malika El Korso historialariak ekintzaile aljeriarrak frantsesez idatzitako gutun bat aurkitu zuen. Eskutitzak 1957ko irailaren 15eko data zuen, Hassiba hil baino 24 egun lehenagokoa. Historialariak hainbat urte zeramatzan Aljeriako emakumeei eta Iraultzari buruzko proiektu batean lanean. 2010ean Vincennesko (Frantzia) Service historique de la Défense artxibategian gordetako hainbat dokumentu kontsultatu zituen, garai hartan publikatu ezin zitezkeenak, baina 2012tik aurrera sailkatuta ez daudenak. "Réseau spécial bombes" izenburuko 1H1245 kutxak hainbat espediente zituen, haien artean Hassiba Ben Boualiren gutuna gordeta zegoen 1H1245/D3 karpeta. Historialariaren arabera, gutuna paraxutista frantsesek 1957ko irailaren 28an Yacef Saadi eta Zohra Drif atxilotu zituzten gordelekuan aurkitutako dokumentuen artean zegoen.[6][oh 3]

Gurasoei zuzendutako gutunak, inoiz helmugara iritsi ez zenak, lau orrialde zituen, eta "Hassiba" ponteko izenaz sinaturik zegoen. Bertan, Ben Boualik kontatzen zuen zelako infernua bizi behar izan zuten, zortzi hilabetez, Aljerreko Kasbahean babestu ziren FLNko militanteek,[23] Massu jeneralaren paraxutistek inguratuta, Aljerreko guduan:

«Ia 9 hilabetez ez dugu izan elkarren berri. Erraiak jaten egon naiz denbora horretan guztian [...] Izugarria da familia urrun duzunean sentitzen duzun hutsunea. Badakizue hemen, Aljerren, nire atzetik dabiltzala gau eta egun, beraz ezinezkoa zait ezer egitea [...] Oso une zailak igaro ditugu, eta orain ere ezin esan gauzak itzel doazenik; baina horrek ez du axola, kementsu jarraitzen dugu, nahiz eta egunero-egunero galtzen dugun anai-arreba bat edo beste, beren herrira askatasuna ekartzen saiatzeagatik. Horregatik, nire eginbeharra makiekin bat egitea dela erabaki dut. Bertan, Aljeria zerbitzatu ahal izango dut erizain gisa edo, behar izanez gero —eta bihotz-bihotzetik espero dut— armak eskutan hartuta borrokatuz [...] Ez kezkatu, eta are gutxiago nigatik; orain, laster eskolara itzuliko diren haurrak izan behar ditugu gogoan. Ziur naiz lan ederra egingo dutela. [...] Hiltzen banaiz, ez nigatik negarrik egin; zoriontsu hilko naiz, benetan diotsuet.»

Malika El Korso historialariak proposatu zuen irakaskuntza nazionaleko zentro guztietan eta Hezkuntza eta Ikerketa Zientifikoko Ministerioak kudeatutako unibertsitateetan eta unibertsitate-zentroetan, urriaren 8an, ikasle batek gutuna irakurtzea, arabierara itzulita, Hassiba Ben Boualiren eta bere herriaren alde hil ziren aljeriar borrokalari guztien oroimena betikotzeko.[6]

Esker onak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Chlef-eko Unibertsitateari eta Aljerreko Kouba auzoko bigarren hezkuntzako institutu bati Hassiba Ben Bouali izena jarri zieten borrokalariaren omenez, eta baita Farge auzotik (Ruisseaux) Colonel-Amirouche (Independentzia Gerrako beste ekintzaile eta erresistentea) bulebarreraino doan Aljerreko bulebar garrantzitsu bati ere.

Rudy Ricciotti arkitektoak Ben Boualiri eskainitako museo proiektu bat diseinatu zuen 2016an Chlefen.[24]

Oharrak eta erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Hassiba Ben Bouali» artikulutik itzulia izan da, 2023-07-09 data duen 205852021 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2023-07-09 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Autore askok, Hassiba izendatzeko, egokiagoa iritzi diote "Bent" aldaerari, 'Ben' ('seme', arabieraz) formaren femeninoa delako, hau da, 'alaba'.
  2. 1957an Kasbah-ean eginiko argazkia.
  3. Gaur egun, oraindik ere, gutun honen originala Vincennes-eko (Frantzia) Service historique de la Défenseko artxiboetan gordetzen da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Pellissier, Pierre. (2002). La bataille d'Alger. Perrin, 8 or. ISBN 978-2-262-01865-8. (Noiz kontsultatua: 2023-07-25).
  2. (Frantsesez) Cheurfi, Achour. (2011). Dictionnaire des localités d'Algérie: villes, villages, hameaux, ksars et douars, mechtas et lieux-dits. Casbah Éd ISBN 978-9961-64-336-5. (Noiz kontsultatua: 2023-07-25).
  3. (Frantsesez) Elmeddah, Youcef. (2018-02-14). «Hassiba, la femme d'exception !» Al HuffPost Maghreb (Noiz kontsultatua: 2023-07-26).
  4. a b c (Frantsesez) «Il y a 50 ans au 5, rue des Abderames» web.archive.org (Archives - Edition du 08/10/2007 - Histoire - El Watan) (Noiz kontsultatua: 2023-07-28).
  5. a b (Frantsesez) Courrière, Yves. (1985). La Guerre d'Algérie. in: Marabout Université, 433. zk.. Marabout, 399-400 or. ISBN 978-2-501-00669-9. (Noiz kontsultatua: 2023-07-26).
  6. a b c d (Frantsesez) «La dernière lettre de la chahida Hassiba Ben Bouali à ses parents» archive.wikiwix.com (L'Expression - Le Quotidien) (Noiz kontsultatua: 2023-07-26).
  7. a b c d e (Frantsesez) Massu, Jacques. (1997). La vraie bataille d'Alger. Ed. du Rocher ISBN 978-2-268-02620-6. (Noiz kontsultatua: 2023-07-26).
  8. (Frantsesez) Amrouni, Hassina. (2014). «Hassiba Benbouali et les soeurs Bedj. Les martyres de Chlef» Mémoria. Supplément ELDJAZAIR.COM 22: 98. (Noiz kontsultatua: 2023-07-28).
  9. a b (Frantsesez) Fredj, Claire. (2011). «Encadrer la naissance dans l'Algérie coloniale. Personnels de santé et assistance à la mère et à l'enfant « indigènes » (XIXe-début du XXe siècle)» Annales de démographie historique n° 122 (2): 169–203. ISSN 0066-2062. (Noiz kontsultatua: 2023-07-27).
  10. a b c (Frantsesez) «La rébellion et les étudiants algériens» Historia Magazine - La Guerre d'Algérie: 693-697. 1972ko otsaila.
  11. (Frantsesez) Meynier, Gilbert. Histoire intérieure du FLN (1954-1962). Fayard, 226 or. ISBN 2-213-61377-X. (Noiz kontsultatua: 2023-07-27).
  12. a b (Frantsesez) Cheurfi, Achour. (2004). La révolution algérienne, 1954-1962. Casbah Éditions.
  13. (Frantsesez) Pellissier, Pierre. (2002). La bataille d'Alger. Perrin, 396 or. ISSN 2262010463. (Noiz kontsultatua: 2023-07-27).
  14. a b (Frantsesez) «Rue de Thèbes, cette nuit-la.» Historia Magazine - La Guerre d'Algérie 218: 780-785. 1972ko martxoa.
  15. (Frantsesez) Massu, Jacques. (1997). La vraie bataille d'Alger. Ed. du Rocher ISBN 978-2-268-02620-6. (Noiz kontsultatua: 2023-07-27).
  16. (Frantsesez) Massu, Jacques. (1997). La vraie bataille d'Alger. Ed. du Rocher, 289-291 or. ISBN 978-2-268-02620-6. (Noiz kontsultatua: 2023-07-27).
  17. (Frantsesez) Massu, Jacques. (1997). La vraie bataille d'Alger. Ed. du Rocher, 289 or. ISBN 978-2-268-02620-6. (Noiz kontsultatua: 2023-07-27).
  18. a b c (Frantsesez) Pellissier, Pierre. La Bataille d'Alger. Éditions Perrin, 341 or. ISBN 9782262018658. (Noiz kontsultatua: 2023-07-28).
  19. (Frantsesez) Morgan, Ted. (2016). Ma bataille d'Alger. Éditions Tallandier, 292 or. ISBN 9791021016248. (Noiz kontsultatua: 2023-07-28).
  20. a b (Frantsesez) Morgan, Ted. (2016). Ma bataille d'Alger. Éditions Tallandier, 293 or. ISBN 979-10-210-1624-8. (Noiz kontsultatua: 2023-07-28).
  21. (Frantsesez) Massu, Jacques. (1997). La vraie bataille d'Alger. Ed. du Rocher, 290 or. ISBN 978-2-268-02620-6. (Noiz kontsultatua: 2023-07-28).
  22. (Frantsesez) «La dernière lettre de Hassiba Benbouali à ses parents» La Dépêche de l’Université (Université Hassiba Benbouali) 36: 2..
  23. (Frantsesez) Harbi, Mohammed; Meynier, Gilbert. (2004). Le FLN, documents et histoire: 1954 - 1962. Paris: Éditions Fayard ISBN 978-2-213-61892-0. (Noiz kontsultatua: 2023-07-28).
  24. (Frantsesez) Musée Hassiba Benbouali, Chlef - Algérie – 2016. Rudy Ricciotti Architecte (Noiz kontsultatua: 2023-07-28).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia eta Filmografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Jean Déjeux, Femmes d'Algérie : Légendes, traditions, histoire, littérature, Paris, La Boîte à documents, 1987
  • Djamila Amrane, Les Femmes algériennes dans la guerre, préface de Pierre Vidal-Naquet, Paris, Plon, 1991 (ISBN 2-259-02295-2)
  • Hafid Gafaïti, Les femmes dans le roman algérien : histoire, discours et texte, Éditions L'Harmattan, 1996
  • Khalida Toumi, Une algérienne debout, entretiens avec Élisabeth Schemla, Flammarion, Paris 1999
  • Monique Gadant, Le Nationalisme algérien et les femmes, éditions L'Harmattan, Paris 2000
  • Baya Jurquet-Bouhoune et Jacques Jurquet, Femmes algériennes : De la Kahina au Code de la famille, Le Temps des Cerises, 2007
  • Diane Cambrons, Femmes musulmanes : Guerre d'Algérie 1954-1962, Éditions Autrement, 2008
  • Diane Sambron, Femmes algériennes pendant la colonisation, Riveteuse, 2009
  • Assia Djebar, La Femme sans sépulture, Éd. Albin Michel, Paris, 2002 (ISBN 2226131868)
  • Agnès Fine et Claudine Leduc, Femmes du Maghreb, PUF, 1999
  • Zohra Drif, Mémoires d’une combattante de l’ALN, Zone autonome d’Alger, Chihab Édition, Alger, 2013

Filmografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondorengo filmen historia osoa edo zati bat Aljerko batailaren gertakari historikoan inspiratuta dago:

Telebistako dokumentalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dokumental hauetan Hassiba Ben Boualiren historia kontatzen da:

  • Mémoires de femmes, Léon Desclozeaux, 52 min. Seaux Productions, 1995
  • Algériennes, 30 ans après, Ahmed Lallem, 50 min. Airelles vidéo : Steel Bank Film, 1996
  • La Bataille d'Alger, Yves Boisset, 56 min. France 2 eta Compagnie des Phares et Balises 2007
  • Les Porteuses de feu, Faouzia Fékiri, 53 min. France 3 eta BFC Productions, 2008
  • Moudjahidates, Alexandra Dols, 74 min. Hybride Pulse, 2008
  • Guerre d'Algérie: Mémoire de femmes, Marcela Feraru, 90 min. Secours de France, La chaine Histoire 2012