Herbeheretar alderraia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Herbeheretar alderraia, Albert Pinkham Ryderren margolana

Herbeheretar alderraia ala herbeheretar hegalaria, nederlanderaz: De Vliegende Hollander eta ingelesez: The Flying Dutchman, mamu ontzi bat da, mundu osoan aski ezaguna den kondaira batean agertzen dena, bereziki itsas giroan, itsasgizon, marinel eta arrantzaleen artean hedatua.

Usadioaren arabera, portura itzuli ezinik gelditu zen itsasontzi bat izan zen, betiko mundu osoko zazpi itsasoetan noraezean nabigatzera zigortua. Belanontzia betiere urrutira ikusi ohi da, batzutan mamu argi batez dirdira eginez. Beste ontzi batek agurtuz gero, bere eskifaiak beren mezuak lur lehorrera bidaltzen saiatuko da, jada duela mende asko hilik dagoen jendeari.

Kondairaren jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kondairaren aldaerak zenbaezinak dira, baina jatorrizkoa Willem van der Decken herbeheretar kapitainaren agindupeko ontziarekin hasi zen, hark Jainkoak ontziaren ibilbidean itsasoan jartzen zizkion oztopo guztiak beti gainditu ahal izateko asmoz Deabruarekin ituna egin zuen. Baina Jainkoa, orojakintsua izanik, itunari buruz jakinaren gainean zegoenez, herbeheretarra, bere eskifaia eta ontzia bera betiko itsasoan noraezean eta lur lehorra inoiz ukitu ezinik ibiltzera zigortu zituen, horregatik ontzia «Herbeheretar alderraia» deitzen da.

Zenbait iturrien arabera, XVII. mendean, Bernard Fokke herbeheretar kapitaina mamu ontziko komandantearen eredu gisa erabilia izan zen. Fokke bere ontziak Herbehereak eta Java uhartearen arteko itsasbideak abiadura sinistezinean burutzeagatik ospetsua zen, horregatik Deabruarekin nolabaiteko ituna sinatu izanaren inguruko susmoa hedatu zen. Herbehereetako kondairaren zenbait aldaeretan, kapitaina Falkenburg deitzen da.

Frederick Marryatek, bere bertsioan, kapitainari van der Decken (herbehereraz «ontzi-bizkarran») izena ipini zion, eta Washington Irvingen bertsioan Ramhout van Dam deitzen da. Bai batzuk zein besteak, ontziari ala kapitainari «herbeheretar alderraia» deitzeaz ez dira ados jartzen.

Era berean, kapitainak enbata bati aurpegia emanez, Esperantza Oneko lurmuturra igaro arte ez zuela atzera egingo zin egin omen zuen, horretarako auzi-egunera arte etengabe saiatzen egon beharko balitz ere. Ontzian bertan jazotako hilketa izugarri bati edota eskifaia guztia hilarazi zuen izurrite beldurgarri bati buruzko aipamenak ere badaude, arrazoi horrexegatik ontziari inongo portuan ainguratzea debekatu zitzaion, bai ontzia nahiz bere eskifaia etengabe nabigatzera zigortuz, lur lehorra inoiz zapaldu ezinik.

Gertaera edo kondairaren datak bezala, 1641 eta 1680 aipatzen dira.

Maiz herbeheretar alderraia eta judu alderraiaren kondairen arteko parekotasun eta antzekotasunak adierazi izan dira.


Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]