Héroes del Silencio

Wikipedia, Entziklopedia askea

Héroes del Silencio (Héroes edo HDS bezala ere ezaguna) 1980ko hamarkadaren erdialdean Zaragozan sortutako musika talde bat izan zen. Hasieran Enrique Bunbury gitarra erritmikojole eta abeslariak, Juan Valdivia gitarra joleak, Joaquín Cardiel baxujoleak eta Pedro Andreu bateriajoleak osatua. Arrakasta handia izan zuen Espainian eta Latinoamerikan, baita Europako zenbait herrialdetan ere, Alemania, Frantzia, Suitza, Italia eta Belgika kasu, gaztelaniazko rockaren historiako talderik arrakastatsuenetako bat bihurtuz. Hamabi urtetan hogeitamazazpi herrialde baino gehiagotan sei milioi diska saldu ostean, 1996an taldea banandu egin zen.

Euren ezaugarrien artean irudi oso bereizgarri bat, ikonografia eta sinbologia oso berezi bat eta letra anbiguo eta trazendental, arpegio oso zail eta erritmo oinarri oso sendo bat zuen musika zeuden. Euren eragin literarioen artean Charles Baudelaire eta William Blake zeuden, eta musika eraginen artean Led Zeppelin eta The Cult bezalako taldeak.

2007an, euren lehen grabaketen hogeigarren urteurrena ospatuz eta taldea banandu zenetik 11 urte pasa ondoren Espainian eta Amerikan zehar hamar kontzertuko bira bat eginez euren itzulera iragarri zuten, Héroes del Silencio Tour 2007 izenekoa. Bira amaitu ondoren behin betiko banandu ziren.

Al Borde musika aldizkariak taldearen estudioko lau bildumak iberoamerikar rockaren garai guztietako 250 bildumarik hoberenen zerrendan jarri zituen: Senderos de traición 5. postuan, Avalancha 35. postun, El espíritu del vino 117. postuan eta El mar no cesa 119. postuan. Satélite musical aldizkari digitalak tadearen Entre dos tierras abestia latindar rockaren garai guztietako 19. abestirik hoberena izendatu zuen. Rolling Stone aldizkariak taldea historiako bigarren gaztelaniazko rockeko talderik hoberena izendatu zuen.

2007an EMI disketxeak omendu zuen taldea saldu zituen sei milioi diska baino gehiagoengatik, epaimahaiaren Ondas Sari berezia jasotzeaz gain.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasiera (1984-1990)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Héroes del Silencio taldea Zaragozan sortu zen 1980ko hamarkadaren hasieran. Han Pedro (bateriajolea) eta Juan Valdivia anaiak musikan euren lehen pausoak eman zituzten euren lehengusu bat zen Juan Guardado Valdivia abeslariarekin batera Zumo de Vidrio taldea osatuz. Garai hartan, Espainian musika arloan movida madrileña zeritzoneko taldeak ziren nagusi, Alaska y Dinarama, Radio Futura, Los Secretos, Nacha Pop, Gabinete Caligari eta El Último de la Fila horien artean. Eragin gehien zuten artista atzerritarrak estilo anitzagoetakoak ziren, Michael Jackson The Police eta Dire Straits horien artean.

Garai horretan Enrique Ortiz de Landazuri (ondoren Enrique Bunbury) ezagutu zuten, baxua jo eta Proceso Entrópico taldean jotzen zuena, talde honekin askotan aritu zirelarik, Enrique 1984an taldera batzera gonbidatuz. Bunburyk onartu egin zuen eta hirukote bezala hasi ziren Valdiviatarren lehengusuak talde utzi ondoren, lehen ekitaldia 1984ko abenduak 16an emanez. Euren lehen maketa ere garai horretan grabatu zuen "Héroe del silencio" (ondoren Héroe de leyenda), "Sindicato del riesgo", "Olvidado" eta "Hologramas" abestiekin. Konposaketa berrien estiloa, ilun eta sinbolikoa, post punkaren eragin argiekin, Zumo de Vidrioren poparekin zerikusirik ez zuenez, etapa hau itxi eta taldea birsortzea erabaki zuten. 1985ean baxujole berri bat batu zen taldera, Joaquín Cardiel, abesteaz eta letrak idazteaz arduratzen zen Enriqueri lanaren zati bat kentzeko. Urte horretan bertan Pedro Valdiviak ikasketetan zentratzeko taldea utzi zuen, eta Pedro Andreu bateriajolea batu zen bere ordez.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]