Ida Pfeiffer

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ida Pfeiffer

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakIda Reyer, Ida Laura Reyer
JaiotzaViena1797ko urriaren 14a
Herrialdea Austriar Inperioa
Habsburgotar monarkia
HeriotzaViena1858ko urriaren 27a (61 urte)
Hobiratze lekuaVienna Central Cemetery (en) Itzuli
St. Marx Cemetery (en) Itzuli
Heriotza modua: malaria
Familia
Ezkontidea(k)Mark Anton Pfeiffer (en) Itzuli  (1820ko maiatzaren 1a -
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakalemana
Jarduerak
Jarduerakesploratzailea, idazlea, naturalista, editorea eta bidaiaria

Ida Laura Pfeiffer (Viena, Austria, 1797eko urriaren 14a - ib., 1858ko urriaren 27a) austriar exploratzailea eta bidaia liburuen idazlea izan zen. Aurreneko emakumezko esploratzaileen artean dago eta bere liburuak zazpi hizkuntzetara itzuli ziren. Berlin eta Parisko Geografia Elkarteen partaidea izan zen, ez ordea Londreskoa, emakume izateagatik.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vienan jaio zen Reyer izeneko merkatari aberats baten familian. Txikitatik anaien hezkuntza bera jaso zuen eta lehenengo bidaia luzea Palestinara eta Egiptora egin zuen bost urte baino ez zituela. Bederatzi urte zituela aita hil zitzaion eta amak ez zuen onartu bera mutil gisa hezitzea eta mutilen jantziak erabiltzea debekatu zion[1].

1809an Napoleonen tropek Viena hartu zutenean hainbat soldaduk Reyertarren etxea hartu zuten egoitza gisa. Berari ez zitzaion batere gustatu eta Schönbrunn jauregiko desfilean okupazioaren aurkako protesta egin zuen Napoleon berari atzealdea erakutsiz. Hamabi urte baino ez zituen.

1820ko maiatzaren 1ean Mark Anton Pfeiffer abokatuarekin ezkondu zen[1]. Austriako ofizialek Galitzia eskualdean (Erdialdeko Europan) zuten ustelkeria salatu zuen eta etsai ugri egin zituenez ordutik aurrera lana aurkitzea zaila egin zitzaion. Ida musika eta marrazketa klaseak ematen hasi zen familia aurrera ateratzeko.

1838an hil zen senarra eta jadanik seme-alabak haziak zeudela ikusita 45 urterekin bidaiatzeari ekin zion. Bidaia bakoitzean ikusitako tokien deskribapenak eta izandako pasadizuak liburuetan bildu eta lorturiko diruarekin hurrengo bidaia finantziatzen zuen.

Bidaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palestina (1842)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1842an egin zuen lehenengo bidaia. Danubio ibaia jarraituz Itsaso Beltza, Istanbul, Palestina eta Egipto bisitatu zituen, eta Italiatik itzuli zen etxera. Izandako pasadizu eta esperientziak liburu batean plazaratu zituen, Reise einer Wienerin in das Heilige Land ("Emakumezko vienar baten bidaia Lurralde sakratura"), 1843an argitaratu zena.

Eskandinavia eta Islandia (1845)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1845ean iparralderntz jo zuen eta Eskandinavia eta Islandia ikusi zituen. Bi tomo zituen liburua atera zuen, Reise nach dem skandinavischen Norden und der Insel Island ("Eskandinavia iparraldera eta islandiara bidaia").

Munduari lehen itzulia (1846-1848)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1846 urtean munduari bira ematea erabaki zuen. Hegoamerikarantz jo zuen eta bertan hainbat herrialdetan izan zen, bereziki Brasil eta Txilen. Ondoren Tahiti, Txina[2], India, Persia, Ekialde Hurbila, Grezia eta 1848an itzuli zen Vienara. 1850ean Eine Frau fährt um die Welt ("Emakume baten bidaia munduari bira emanez") liburua atera zuen.

Munduari bigarren itzulia (1851-1854)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1851ean Ingalaterrara joan zen eta handik itsasontzia hartu zuen Hegoafrikara. Bertatik Afrika barrualdera sartu nahi izan zuen baina ezinezkoa zela ikusita Uhartedi Malaiora (gaur egungo Indonesia eta Malaysia) jo zuen. Sonda uharteetan hemezortzi hilabete egin zituen. Uhartedi hartako Dayak etnia eta Batak herria bisitatu eta beraien ohitura eta jokaerez idazten aurreneko pertsonetako bat izan zen. Uhartediko himenopteroen (intsektu ordena zabalena) bilduma eta deskribapen zehatzak ere egin zituen[3].

Ondoren Australiara jo zuen eta handik Ameriketara. Iparraldetik hegoalderantz egin zuen, Kalifornia, Oregon, Peru, Ekuador, Granada Berria (gaur egun Kolonbia), eta berriz ere iparralderantz, Aintzira Handien eskualdera. 1854an itzuli zen etxera. 1856an Meine zweite Weltreise ("Nire bigarren Munduari bira") liburua atera zuen.

Madagaskar (1857)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1857an Madagaskar uhartera iritsi zen eta Ranavalona I.ak adeitsu hartu zuen arren[4], nahigabe gobernua behera botatzeko saiakera batean nahastua izan zen eta Madagaskarko europar ugari uhartetik bidaliak izan ziren. Antananarivoko kaiean irtetzeko zain zegoela malaria hartu zuen. Ez zen erabat sendatu eta 1858an hil zen Vienan[1]. 1861 urtean Reise nach Madagaskar ("Madagaskarrera bidaia") liburua argitaratu zuen Oskar Pfeiffer semeak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c (Ingelesez) «Ida Laura Pfeiffer | Sophie» sophie.byu.edu (Noiz kontsultatua: 2018-03-14).
  2. (Ingelesez) Alec, Down,. (2013). «Ida Pfeiffer in China: Examining the Suppression of Gender Roles in the Face of European Colonial Superiority» Library Research Grants (Noiz kontsultatua: 2018-03-14).
  3. Baker, D.B.. (1996). Pfeiffer, Wallace, Allen and Smith: the discovery of the Hymenoptera of the Malay Archipelago. Archives of Natural History, 23:153-200 or. ISBN 0260-9541..
  4. Leidler, Keith. (2005). Female Caligula: Ranavalona, the Mad Queen of Madagascar. Willey ISBN 0-470-02223-X..
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ida Pfeiffer Aldatu lotura Wikidatan