Ilgora Emankorra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ilgora Emankorraren mapa

Ilgora Emankorra[1] (arabieraz: الهلال الخصيب‎, hebreeraz: הסהר הפורה‎, ingelesez: Fertile Crescent) Ekialde Hurbileko eskualde historiko bat da, Antzinako Egiptoko, Mediterraneo ekialdeko eta Mesopotamiako lurrak barne hartzen dituena. Eskualde hura jotzen da Mendebaldeko Neolitoko iraultzaren eta lehen zibilizazio historikoen sorlekutzat. Eremu geografiko osoak, mapan, ilgoraren irudiaren itxura du, eta oso lur emankorrak batzen ditu.

Gaur egun, herrialde hauek biltzen ditu: Irak, Siria, Libano, Israel, Palestina eta Jordania, Kuwaiteko iparraldeko eskualdea, Turkiako hego-ekialdeko eskualdea eta Irango mendebaldea.[2][3] Zenbait autorek Zipre eta Egiptoko iparraldea ere hartzen dituzte.

Terminologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

James H. Breasted-en Ilgora Emankorraren mapa, 1916an terminoaren erabilera zabaldu zuena.

James Henry arkeologoak "Ilgora Emankorra" terminoa bi obratan zabaldu zuen: Outlines of European History (Europako Historiako Laburpenak, 1914) eta Ancient Times, A History of the Early World (Antzinako Garaiak, Mundu Goiztiarreko Historia, 1916).[4] Hau idatzi zuen:[5]

« Hegoaldeari aurre egiten dion armada bat da; hegal bat Mediterraneoko ekialdeko kostan zabaltzen da, eta bestea Persiako Golkora iristen da; erdialdeak, berriz, iparraldeko mendien kontra du bizkarra. Mendebaldeko hegalaren amaiera Palestina da; Asiria erdigunearen zati handi bat da; ekialdeko hegalaren amaiera, berriz, Babilonia. [...] zirkuluerdi handi horri, izenik ezagatik, Ilargi Erdi Emankorra dei dakioke. »

—James Henry Breasted

Ilargiaren aldiak: 1 - ilberria; 2-3-4 - ilgora; 5 - ilbetea; 6-7-8 - ilbehera
Fertile Crescent izenean bezala, Red Crescent izenean ere erabilia da Crescent ("ilgora") ingelesez.Irudiotan, Red Cross, Red Crescent eta Red Crystal.

Ilgora Emankorra terminoa James Henry Breasted arkeologoak (Chicagoko Unibertsitatea) sortu zuen, Ingelesez sortu ere: Fertile Crescent. Izen hori aukeratu zuen, batetik, eremu geografiko horrek mapan ilgoraren forma duelako, beste alde batetik ilgoraren forma eremu geografiko horren nortasunaren bereizgarria delako (esaterako, han ez dago Gurutze Gorririk, Ilgora gorria baizik, 'Red Crescent') berezia da gune horretan. Gainera, Ilgora Emankorreko lurrak "emankorrak" dira inguruko lurrekin alderatuz gero. Hartara, hegoaldean Siriar basamortua du muga; ekialdean, Zagros mendiak; iparraldean, Anatoliako lur menditsuak; eta, mendebaldean, Libiar basamortua

Antzinatean ez zegoen termino bakar bat eskualde horretarako. Breasted idazten ari zen unean, eremu geografiko hori Sykes–Picot Hitzarmenean Otomandar Inperioak Britainia Handiari eta Frantziari utzi behar izan zizkien lurraldeak ziren, gutxi gorabehera. Thomas Scheffler historialariak adierazi duenez, Breasted-ek joera zuen Mendebaldeko geografian "kontinente, herrialde eta paisaien arteko bereizketa geografiko klasikoak espazio abstraktu handiekin gainidazteko", Halford Mackinderren lanarekin paralelismoak eginez. Halford Mackinderrek Eurasia "barneko ilgora" batez inguratutako "pibote eremu" gisa kontzeptualizatu zuen, Alfred Thayer Mahan-en Ekialde Hurbila, eta Friedrich Naumann-en Mitteleuropa[6]

Gaur egungo erabileran, Ilgora Emankorrak Israel, Palestina, Irak, Siria, Libano, Egipto eta Jordania hartzen ditu, baita Turkiako eta Irango inguruko aldeak ere. Tigris eta Eufrates ibaiez gain, Jordan ibaia ere sartzen da. Hegoaldeko Siriako basamortuko klima lehorrak definitzen du barneko muga. Kanpoko mugaren inguruan daude Anatolia eta Armeniako goi-ordokia iparraldean, Saharako basamortua mendebaldean, Sudan hegoaldean eta Irango lautada ekialdean..

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IIlgora Emankorraren azalera, gutxi gorabehera K.a. 7500.ean, garai neolitiko eltzegintzaren aurreko leku nagusiekin. Mesopotamiako eremua bera oraindik ez zegoen gizakiek hartuta. Göbekli Tepe ere mapa barruan dago, egungo Turkiako leku bat da, K.a. 9.000 inguruko data duena.

Leku ugari ditu historiako garai askotako eskeleto- eta kultura-hondakinekin; bai gizaki aurremodernoenak, bai gizaki moderno goiztarrenak (esaterako, Tabun eta Israelgo Es Skhul haitzuloetan); gero, Pleistozeno-biltzaileak, eta, azkenik, Epipaleolitoko erdi-sedentario-biltzaileak (Natufiarrak); Ilgora Emankorra ospetsua da horregatik, gizakiaren bilakaerarekin zerikusirik duten hainbat kokagune bere barruan dituelako. Jordán eta Eufrates ibaien inguruko mendebaldeko zonak nekazaritza neolitikoko lehen kokalekuak sortu zituen (eltzegintzaren aurreko Neolito A (PPNA) izenekoa). K.a. 9.000 ingurukoak dira eta oso aspaldiko lekuak dituzte, hala nola Göbekli Tepe, Chogha Golan eta Jeriko (Tell es-Sultan).

Eskualde horrek Mesopotamiaren parean luzatzen dena (Mesopotamia hitzaren esangura grezieraz "ibaien artean" da, Tigris eta Eufrates ibaien artean, alegia, Ilgora Emankorraren ekialdean), ezagunak diren lehen gizarte konplexu goiztiarrak sortzen ikusi zuen Brontze Aroan. Eskualde honetan azaldu ziren idazketaren lehen ebidentzia goiztiarrak, baita estatu mailako sozietate hierarkikoak osatu zireneko frogak ere. Horrek "zibilizazioaren sorlekua" ezizena hartzeko baliagarri izan zaio eskualdeari.

Eskualde horretan agertu ziren lehen liburutegiak duela 4.500 urte inguru. Ezagutzen diren liburutegi zaharrenak Nippurren (Sumerren) eta Breen (Sirian) daude, biak K.a. 2500. urteaz geroztikoak.

Ilgora Emankorretik nola zabaldu zen nekazaritza orain dela 11.000 urte.

Tigris eta Eufrates ibaiak, biak ala biak, Taurus mendietan hasten dira, gaur egunean Turkian. Mesopotamia hegoaldeko nekazariek urtero babestu behar izaten zituzten beren lurrak uholdeetatik. Ipar Mesopotamiak nahikoa euri bazuen nekazaritza bideragarri egiteko. Uholdeetatik babesteko dikeak egin zituzten.

Brontze Arotik, eskualdeko emankortasun naturala erruz hedatu zuten ureztatze-lanei esker, eta horren mende dago, hein handi batean, nekazaritzako ekoizpena. Azken bi milurtekoek ziklo gorabeheratsu errepikatuak ikusi dituzte, iraganeko lanak estatu berrietan kokatzerakoan egoera txarrean geratu diren heinean, eta haien ondorengoek berriztatu dituzten heinean. Beste arazo bat gazitzea izan da: gatzaren eta beste mineral batzuen kontzentrazio-hazkuntza graduala, ureztatze-historia luzea duten lurzoruetan batez ere.

Etxekotze goiztiarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historiaurreko hazirik gabeko pikuak aurkitu ziren Gilgal I.ean, Jordan ibarrean. Horrek esan nahi du pikuondo horiek duela 11,400 urte landatu zituztela.[7] Zerealak Sirian lantzen ziren duela 9.000 urtetik.[8] Katu txikiak ere (Felis silvestris) etxekotuak izan ziren eskualde horretan.[9] Gainera, eskualde horretan etxekotu zituzten hainbat lekale, hala nola ilarrak, dilistak eta garbantzuak.

Garain hartan ere animalia hauek etxekotu zituzten: behia, ardia, ahuntza, txerria, katua eta etxeko antzara.

Bioaniztasuna eta klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibaiak eta padurak erabakigarriak izan ziren Ilgora Emankorra zibilizazioaren sorleku izateko, baina ez ziren faktore bakarra. Eremu hori garrantzitsua da geografikoki, Afrikako iparraldearen eta Eurasiaren arteko "zubi" gisa. Horri esker, Europak edo Iparraldeko Afrikak baino biodibertsitate handiagoa gorde du. Izan ere, izotzaldiaren garaiko klima-aldaketek hainbat eta hainbat suntsipen-gertaera eragin zituzten, ekosistemak Mediterraneo itsasoko uren aurka lehertu zirenean. Saharako bonbaren teoriaren arabera, Ekialde Ertaineko lehorreko zubi hori oso garrantzitsua zen Mundu Zaharreko flora eta fauna modu modernoan banatzeko, gizateriaren hedapena barne..

Eremu horretan, plaka afrikarra eta arabiarra elkarrengatik aldentzen, eta aldiz, plaka arabiarra eta eurasiarra elkarren artean biltzen ari ziren. Bi fenomeno kontrajarriek elurrez estalitako mendi garaiez osatutako eremu anitza bihurtu du eskualdea.

Ilgor Emankorrak klima desberdin asko zituen, eta klima-aldaketa handiek "r" motako landare urteroko askoren bilakaera bultzatu zuten; landare horiek hazi jangarriagoak sortzen dituzte "K" motako landare iraunkorrek baino. Altuera-mailetan zegoen barietate zabalari esker landare jangarrizko espezie asko sortu ziren, lehen laborantza-esperimentuetan erabili ahal izan zirenak. Garrantzitsuagoa dena, Ilgora Emankorra nekazaritza goiztiarreko zortzi labore sortzaile neolitiko garrantzitsuen etxea zen (garia, espelta, garagarra, lihoa, ilarra, dilista, erua), eta hurbileko bost animalia-espezie garrantzitsuenetariko lau: behia, ahuntza, ardia eta zaldia. Ilgora Emankorreko floran landare asko autopoliniza daitezke, baita interpolinizatu ere.[10] Landare horiek, "berekoiak" deiturikoak, eskualdeko abantaila geografikoetako bat izan ziren, ez zeudelako beste landare batzuen mende ugaltzeko.[10]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindia. Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako toponimia. .
  2. (Ingelesez) Haviland, William A.; Prins, Harald E. L.; Walrath, Dana; McBride, Bunny. (2012-01-13). The Essence of Anthropology. Cengage Learning ISBN 978-1-133-70790-5. (Noiz kontsultatua: 2023-11-13).
  3. (Ingelesez) Social Studies School Service. (2003). Ancient Mesopotamia/India. Social Studies School Service ISBN 978-1-56004-166-5. (Noiz kontsultatua: 2023-11-13).
  4. Clay, Albert T.. (1924). «The so-called Fertile Crescent and desert bay» Journal of the American Oriental Society 44: 186–201.  doi:10.2307/593554..
  5. (Ingelesez) Abt, Jeffrey. (2011). American Egyptologist: The Life of James Henry Breasted and the Creation of His Oriental Institute. University of Chicago Press ISBN 978-0-226-00110-4. (Noiz kontsultatua: 2023-11-13).
  6. Scheffler, Thomas. (2003-06-01). «'Fertile Crescent', 'Orient', 'Middle East': The Changing Mental Maps of Southwest Asia» European Review of History: Revue européenne d'histoire 10 (2): 253–272.  doi:10.1080/1350748032000140796. ISSN 1350-7486..
  7. Norris, Scott. (1 June 2006). «Ancient Fig Find May Push Back Birth of Agriculture» National Geographic Society (National Geographic News).
  8. «Genographic Project: The Development of Agriculture» National Geographic.
  9. Driscoll, Carlos A.; Menotti-Raymond, Marilyn; Roca, Alfred L.; Hupe, Karsten; Johnson, Warren E.; Geffen, Eli; Harley, Eric H.; Delibes, Miguel et al.. (27 July 2007). «The near eastern origin of cat domestication» Science 317 (5837): 519–523.  doi:10.1126/science.1139518. OCLC .5612713 PMID 17600185. Bibcode2007Sci...317..519D..
  10. a b ISBN 978-0-393-03891-0. OCLC .35792200.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]