Indautxu

Koordenatuak: 43°15′38″N 2°56′27″W / 43.2606°N 2.9408°W / 43.2606; -2.9408
Wikipedia, Entziklopedia askea
Indautxu
 Euskal Herria
Map
Kokapena
Herrialdea Bizkaia
UdalerriaBilbo
Administrazioa
Posta kodea48010
Geografia
Koordenatuak43°15′38″N 2°56′27″W / 43.2606°N 2.9408°W / 43.2606; -2.9408
Azalera0,97 km²
Demografia
Biztanleria26.641 (2022ko urtarrilaren 1a −1.289)
Dentsitatea27.464,95 bizt/km²

Indautxu Bilboko auzo bat da. Abandoko barrutian dago, seigarren barrutian, alegia. Eustaten datuen arabera 26.641 biztanle ditu eta 0,97 kilometro koadroko azalera. Santutxuren atzetik Bilboko bigarren auzorik jendetsuena da eta izaera erresidentziala du.

Dena den, dendak anitz daude: egun, elkarturik daude eta hainbat ekimen egiten dituzte Gabonetan, baita urte osoan zehar ere. Hasieran, Bilbok Abandoko elizatea anexionatutakoan, ortuak eta etxe bakan batzuk baino ez zeuden, baina urteak aurrera joan ahala, familia burges askoren bizileku bilakatu zen auzoa. Horregatik, hainbat jauregi eta etxe dotore eraiki ziren.

Nolanahi ere, zoruaren garestitzearekin batera, etxeak eraitsi eta etxebizitza bloke altuagoak eraiki ziren. Indautxun eraikitako jauregi guztiak ez ziren bota, ordea: adibidez, Urrutia eta Aureliano Valle kaleen arteko Arrospide Etxea. Auzoa, Abandokoarekin batera denda eta enpresa gehien biltzen dituen auzoetarikoa da. Zehazki 24.596 enpresak dute egoitza auzoan, hiriko enpresa guztien % 16,19.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indautxu hitzaren jatorria ez dago oso argi. Badirudi bide estu edo zidor baten izena zela, Albia lorategian hasi, Plaza Eliptikotik, Ertzillatik eta Urkixo zumarkaletik igaro, eta Santimamiraino iristen zena[1].

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilboko auzo banaketaren arabera, Indautxu Abando barrutiaren parte da. Bere mugen barruan dago ere Abandoibarra deitzen den auzoaren mendebaldeko eremua. Moyua plazak banatzen du auzoa Abandotik, Sabino Arana etorbideak Basurtutik eta Autonomia kaleak Ametzolatik[2]. 0,97 kilometro koadroko azalera du[3].

Indautxuko mapa (gorri ilunez) Abandoko barrutiaren baitan. Abando auzoa gorri argiagoz erakusten da.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2022ko zentsuaren arabera, 26.641 biztanle zituen, 14.839 emakumezko eta 11.802 gizonezko. Bilboko bigarren auzorik populatuena da, Santutxuren ostean, eta Abandoren aurretik. Bilboko auzorik feminizatuena da, 0,795 gizonezko baitaude emakume bakoitzagatik. Adin taldeen banaketan %15,4 20 urtetik beherakoak ziren, Bilboko %15,7 baino pixka bat gutxiago. %56,4 20-64 tartekoak eta 65 urtetik gorakoak %28,2 ziren, Bllboko %24,6 baino nabarmen gehiago. Bilboko 7. auzorik zahartuena da[4]. Biztanleriaren jatorriaren arabera, %5,6 atzerrian jaio zen (%0,9 Europar Batasunean eta gainontzekoak kanpoan). Migratzaile gutxien dituen Bilboko laugarren auzoa da, Bilboko batezbestekoa den %10,1etik behera[4]. Bilbon jaiotakoak 16.763 ziren 2011n, eta beste 3.729 Bizkaiko gainontzeko lekuetan. Hego Euskal Herriko beste lurraldeetan 1.053 jaio ziren[3].

Indautxuko biztanleria-piramidea 2014an [3]
GizonakAdinakEmakumeak
387 
85+
1.068 
482 
80-84
947 
596 
75-79
1.001 
499 
70-74
843 
615 
65-69
905 
747 
60-64
965 
824 
55-59
1.024 
985 
50-54
1.194 
1.071 
45-49
1.207 
923 
40-44
1.038 
797 
35-39
992 
827 
30-34
854 
739 
25-29
797 
626 
20-24
598 
602 
15-19
557 
578 
10-14
534 
603 
5-9
535 
504 
0tik 4ra
466 

Kale nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ertzilla kalearen margolana, Agustín Reche Morak 1986an egina.

Bilboko zabalgunearen mendebaldean egonda, bertako kale nagusiek zeharkatzen dute auzoa, adibidez On Diego Lopez Haroko kale nagusia, Rodríguez Arias, Poza Lizentziatua kalea edo Urkixo zumarkalea. Autonomia kaleak mugatzen du hegoaldetik[1].

Ipar-hegoalde ardatzean kale nagusiak Sabino Arana etorbidea, mendebaldeko muga dena, Maria Diaz Harokoa kalea edo Areiltza Doktorearen zumarkalea dira. Errekalde zumarkaleak egiten du muga Abandorekin Moyua plazaren hegoaldean; iparraldean, Elkano kaleak egiten du muga hori.

Auzoaren diseinuan garrantzitsuak dira plazak. XIX. mendearen amaieran Bilboko zabalgunea proiektua gauzatu zenean, kale handienen artean plazak proposatu ziren, auzoko etorkizuneko biztanleentzako aisialdi guneak. Plaza horien artean Indautxu, Bizkaia, Arrikibar eta Etxaniz suhiltzailea plazak daude.

Kaleen generoari dagokionez, hiru emakumezko baino ez dira agertzen: Maria Diaz Harokoa, Casilda Iturrizar eta bertatik igarotzen den Estitxu pasealekua[5].

Parkeak eta berdeguneak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Casilka Iturrizar parkea, Indautxuko iparraldean, Bilbo erdiguneko parke nagusia.

Indautxuko parke nagusia Zabalgunean dagoen Casilda Iturrizar parkea da, Bilboko erdiguneko parkerik handiena eta, gaur egun, Abandoibarrako eremuaren eta Indautxuko eremuaren artean muga egiten duena. 115.200 m2ko parkea da, 2006an egin zen hedapenaren ostean[6][7]. 71 espezietako 885 zuhaitz daude parkean. Jatorriari erreparatuta bost kontinenteetako zuhaitzak aurkitu daitezke, horien artean bananondoak, palmondoak, makalak, ezkiak, zedroak, haritzak, pagoak, urkiak, altzifreak, astigarrak, ginkgoak, eta gainera Asiako Hego-Ekialdeko kanforrondo bat, Japoniako basaerramu bat, ekialdeko tuia bat, amodio-zuhaitz bat, ebano bat, letania bat, indigaztainondo bat (ehun urtetik gorako zuhaitza), ereinotz bat eta gorosti bat.[8]

Iparraldeko mugan, itsasadarraren alboan, Bilboren berritzean eraikitako hainbat berdegune eta parke daude, Euskalduna jauregiaren inguruetan, bereziki.

Hidrologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparraldean Bilboko itsasadarra dago, auzoaren zein barrutiaren muga egiten duena. Gaur egun lurrazpitik igarotzen da Elgera erreka, behinola Moyua ingurutik pasa eta gaur egun Euskalduna jauregiaren alboan itsasadarrera urak isurtzen zituena[9].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abandoko Elizatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilbo 1575ean. Ezkerreko aldean ikusten da gaur egun Indautxu dena.

Bilbo gaur egun Zazpikaleak diren eremuan hazi zen hiria zen. Indautxuren lurrak Abandoko elizatearen parte ziren, batez ere landa-eremua, baserri mundua. Gaur egun Erruki etxea dagoen lekuan, Indautxuko mendebaldeko mugan, Basurtun, Mami Zesareakoaren omenezko baseliza bat zegoen. Bertan 1501 inguruan jada komentu bat eraiki zen, ospe handikoa[10]. Indautxu izena, dirudienez, bertara zihoan bidearen izena zen[1]. Bilboren hazkuntza zela eta, lurralde horietan gero eta nekazaritza handiagoa zegoen, artoa eta garia lehenengo, baina fruta-arbolak ondoren. Denborarekin, Abandoko elizateko lurretan lur-jabeek euren etxeak eraikitzen ere hasi ziren, eta Bizkaiko hainbat familia aberatsek etxeak zituzten jada bertan[11]. Abando Bizkaiko Lur Lauetako elizaterik aberatsena eta populatuena zen, batez ere itsasadarraren inguruan bizi eta negozioa egiten zutenei esker. Elizateko eraikin gehienak gaur egun Bilbo Zaharra den eremuan metatzen ziren[12]. 1860an Bilbok 17.969 biztanle zituen eta Abandok 5.079[13].

XIX. mendearen erdialdean Bilbo ezin zen gehiago hazi[14]. Hala jasotzen du 1869an Bilboko udalak idatzitako txosten batek[12]:

« ez da garatzen, mugiezin eta geldi dago, (...) burdinazko zirkulu baten barruan itxita, gizakia ezin da garatu bertan, itotzen da, ezin du arnasarik hartu, eta bere hazteko behar biziari ezin dio erantzun. Arnasarik eta hatsik gabe mugitzen da [hiria]." »

Bizkaian bizitzen ari zen industrializazio prozesu azkarrak eremu berriak urbanizatzera behartu zituen agintariak[13]. Lehengo proiektua 1807an aurkeztu zen "Bakearen Portua" zen, Silvestre Pérez arkitektoak diseinatua. Gutxi gorabehera gaur egungo Abando eta Indautxuren banaketa mantentzen zuen proiektu honek: itsasadarraren inguruan, Uribitarte inguruetan, portuari eskainitako eraikin komertzial eta industrialak egongo lirateke. Diagonal batek bereiziko luke batez ere Indautxu inguruan jarriko liratekeen etxebizitzengandik[13], Londresen Wrenek egindako zabalgune proposamenena inspiratua[15]. Proiektua ez zen egin, baina hiriak hazten jarraitu zuen. 1857an Castejón-Bilbo burdinbidea eraikitzeko enpresa sortu zen eta Abandoko Indalecio Prieto geltokia eraikitzen hasi zen, urbanizazio beharrak areagotuz[13]. 1861eko apirilaren 7an Errege dekretu batek onartu zion Bilbori hazteko eskubidea, inguruko elizateetako lurrak bereganatuz. Proiektua Amado Lázarori eman zioten[16]. Lázarok Ildefons Cerdàren Bartzelonako plana kopiatu zuen, Bilborako egokituz[13].

Pablo Altzola, Severino Atxukarrok eta Ernesto Hoffmeyerrek zabalgunea eraikitzeko plana diseinatu zuten[9], Abandoko elizatearen lurrak hartuta. 1870ean gaur egun Abando auzoa diren lurrak Bilbo izatera pasa ziren, eta Abandoko elizatean jarraitu zuten Indautxuko lurrek[13]. Zabalgune proiektua, hala ere, geldi egon zen 1876ra arte, Bigarren Karlistaldia zela eta. Udaletxe berria Etxetxura igaro zen, Abandoko Errepublikako Plaza deitu zen lekura[17]. Eta, behin proiektua hasita, oraindik ere abiadura oso geldoan garatu zen, egindako planteamendu ekonomikoak (laissez-faire) espekulazioa eta lurzoruaren garestitzea baitzekarren[13]. Udalak, gainera, ezin zituen zergak zuzenki bildu. Horregatik, urbanizazioa promotoreen esku geratzen zen[18].

1890ean, zabalgunea txiki geratu zela iritzita, Indautxuko lurrak ere Bilbo izatera pasa ziren[13]. Hala ere, eraikuntza erritmoa oraindik oso geldoa zen: 1894an 297 etxe baino ez ziren eraiki zabalgune osoan, proposatutakoaren %17, eta Indautxu oraindik ez zegoen ez eraikia, ez urbanizatua. Indautxu probintziako burgesia industrialeko familia aberatsez populatzen hasi zen, eta txalet ugari eraiki zituen; Abandoko elizatearen lurrak orain Bizkaiko burgesiaren ikur bilakatu ziren, banku eta enpresa ugariren egoitzekin[13]. Horiekin batera, hainbat indianok ere etxeak eraiki zituzten[14]. Garai honetan hainbat txakolindegi zeuden Indautxun, oraindik ere nekazal-kulturari loturiko eremu gisa. Horien artean ezagunenak Txakoli de Tablas (bertan asmatu zen bakailaoa Club Ranero erara) eta Txakoli Zollo zeuden[19].

Bilboren parte[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1907an, Indautxu behin betiko sartu zen Bilboko hiri-sarean, bere zabalgunearen zati gisa, eta bigarren zabalkundea hasi zen bertan. Proiektuak bi ardatz nagusi zituen: Zazpikaleak eta San Mames batuko zituen On Diego Lopez Haroko kale nagusia, non jauregi ugari loratu ziren; eta Zabalburutik San Mamesera zihoan zumarkalea, gaur egun Indautxu plazan amaitzen dena, nahiz eta hasieran Jesusen Bihotza plazan amaitu behar zuen. Kale horren 25. zenbakian egon zen Ricardo Bastida arkitektoak diseinutako hiriko latsagia (irudia), eraikin sozialik garrantzitsuenetako bat[20]. Oraindik baziren Indautxun finka garrantzitsuak, adibidez Estraunza etxebizitzak dagoen lekuan zegoen txaleta. Espainiako Gerra Zibila bitarte Lehenbiziko Eusko Jaurlaritzaren egoitzetako bat izan zen[21], Moyua plazan dagoen Carlton hotela izan zen bezala, 1919an eraikitzen hasi zen luxuzko eraikina[22]. Garai horretan eraiki eta gaurdaino iritsi den beste txalet bat Arrospide etxea da, Manuel Allende Villaresen familiak eraikia; Bilboko Unibertsitatearen errektoretza bertan izan zen urte batzuk beranduago. Familia honek Gurutze Gorriaren ospitalea dagoen lekuan eraiki zuen[23]. Martina Zuricaldayk txokolate fabrika auzoan izan zuen[24]. Escauriza familiak zuen lurretan belodromo bat egon zen, gaur egun Pureza de María ikastetxea dagoen eremuan[23].

Indautxu 1945ean, amerikar hegaldiak egindako ortoargazkia.

1912an Zabalguneko zirku-antzokiaren zorigaitza gertatu zen, bertan zegoen zirku-zinema batek su hartu eta 44 ume hil zirenean. 1918an Indautxuko Monumentu-Eskola inauguratu zen, 800 haur baino gehiagorentzako lekua zuen hiriko eskola publiko handiena, gaur egun Felix Serrano eskola dena[23]. Urte batzuk lehenago, 1909an, zezen plaza izan zen auzoren erdigunean, Gregorio de la Revilla, Poza lizentziatua, Urkixo zumarkalea eta Areiltza doktorearen kaleek inguratua[23]. 1924an SD Indautxu sortu zen, herriko futbol taldea. 1950 eta 1960ko hamarkadetan, hazkunde demografiko handia izan zuen Indautxuk. Higiezinen espekulazioaren erdian, hiri historiko gehienak eraitsi eta apartamentu-eraikin handiak eraiki zituen. XXI. mendearen hasieran oso gutxi geratzen ziren.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indautxu auzo kontserbadorea da politika arloan. Udal hauteskundetan Euzko Alderdi Jeltzalea izan ohi da garaile, eta beste auzoekin alderatuta emaitza onak lortzen ditu PPk. Hauek dira 2019ko udal eta foru hauteskundeetako datuak sekzioaren arabera[25]:

Sekzioa EAJ-PNV PP PSE-EE EH Bildu EB - Ps Cs Mapa
1 459 244 88 47 33 53
Indautxuko hauteskunde sekzioen mapa.
15 426 177 83 66 38 38
16 311 228 38 35 10 26
17 478 186 74 54 30 47
20 305 177 66 40 29 33
20 374 112 120 63 48 23
22 289 63 38 31 20 20
23 243 65 43 42 28 11
24 223 66 50 49 39 14
26 341 137 80 48 39 20
27 205 90 24 15 7 15
31 287 91 67 39 30 22
33 285 80 71 48 26 19
36 288 80 48 44 49 14
37 308 91 78 45 38 6
39 371 147 86 53 38 27
41 428 119 103 92 65 25
43 236 46 88 63 47 15
44 231 45 74 67 49 14
46 426 111 104 87 49 27
Guztira 6514 2355 1423 1028 712 469

Garraiobideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indautxuko garraiobideen mapa.

Indautxuk Bilbobus, Bizkaibus, Bilboko metroa, RENFE aldiriak eta Euskotren Tranbiaren zerbitzuak ditu. Geltoki nagusia, auzoaren erdigunean dagoena Indautxuko geltokia da, Bilboko metroaren 1. linea  eta Bilboko metroaren 2. linea lineak zerbitzatzen dituena. Indautxu plazan, Urkixo Zumarkalean eta Simon Bolivar kalean ditu irteerak. Geltokiak ordainpeko aparkalekua eta merkatalgunea ditu, Urquijo irteeratik zuzeneko sarbidearekin. Bilboko metro sareko geltokirik erabiliena izan zen 2014an, urte horretan 6.160.453 bidaiari jaso baitzituen. 2022an 5.254.244 jaso zituen, Zazpikaleak, Santimamik eta Moyuak baino gutxiago[26].

Euskotran tranbia bere mugatik igarotzen da, Bolueta-La Casilla linean. Sabino Arana, Euskalduna eta Abandoibarrako geltokiak daude auzoaren mugaren barruan. Bilboko Renfe Aldirien C-1 linea ( estilitzatua) ere bertatik igorotzen da, muga egiten duen Burdinbidearen etorbidetik. Autonomiako geltokiak ematen dio zerbitzua.

Bizkaibus[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Autonomia kaletik igarotzen dira Bizkaibus linea hauek:   A3136,   A3137,   A3144,   A3122,   A3115,   A3336,   A3916,   A3512,   A3933,   A3926,   A3923,   A3915 eta   A3927. On Diego Lopez Harokoatik igarotzen dira:   A3247,   A3151 eta   A3340.

Bilbobus[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bilbobus»


Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kultura-azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indautxuk hainbat kultura-azpiegitura ditu, nabarmenenak Euskalduna jauregia eta Azkuna Zentroa.

Museoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilboko Arte Ederren Museoa.

Indautxun bi museo daude. Bilboko Arte Ederren Museoa da nabarmenena, bere bilduma garrantzitsua dela eta. Fernando Urrutia arkitekto bilbotarrak diseinatu zuen eraikin klasikoa, 1908an sortua baina 1914an irekia. Bilboko bigarren museorik bisitatuena da[27]. Euskal Herriko, Espainiako eta, Europako artisten bilduma zabala du, Erdi Arotik arte garaikideraino. El Greco, Cranach, Sofonisba Anguissola, Murillo, Goya, Luis Paret, Van Dyck, Ruisdael eta Bellottoren lanei gehitzen zaizkie XIX. mendetik aurrerakoenak: Gustave Doré, Sorolla, Mary Cassatt, Paul Gauguin, Henri Le Sidaner, James Ensor, Jacques Lipchitz, Peter Blake, Francis Bacon eta Richard Serra. Euskal egileen artean Aurelio Arteta, Ignacio Zuloaga, Jorge Oteiza edo Eduardo Txillidaren obrak ditu[28]. 2022tik aurrera zabalpen obra batean murgildurik dago, eta bere obraren zati bat baino ez du erakusten[29].

Bigarrena Itsasmuseum Bilbao da, Abandoibarran, lehenago Euskalduna ontziolaren instalazioen baitan. Museoa 2003an ireki zen. Museo honen helburua Bilboko itsasadarra, Bilboko portua eta Bizkaiko itsaso-jarduerek historian zehar pilatutako kultura-ondarearen ikerketa, babesa eta hedapena sustatzea da. 27.000m²-koa azalera du. Ontziez gain, All Iron izena daraman edukiontzia, Ponpa etxea eta Karola garabia daude museoaren kanpoaldean. Urtean 55.000 bisitari baino gehiago ditu[30].

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Map
Indautxun udalak babestutako eraikinak. Berdez, BIC izendapena dutenak. Gorriz, Eusko Jaurlaritzak babestutako eraikinak. Urdinez, Bilboko udalak babestutako bestelako eraikinak. Egin klik xehetasunak ikusteko.

Kirola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indautxu Kirol Elkartea Bilboko bigarren futbol talderik garrantzitsuena da. 1950eko hamarkadan eta 1960koan, Espainiako futbol ligako bigarren mailan jokatu zuen.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c «BilbaoIzan, INDAUTXU» www.bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-24).
  2. www.geo.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-24).
  3. a b c Bilbao en cifras. Bilboko udala.
  4. a b Eustat. «Euskal AEko biztanleak, 10.000 biztanle baino gehiagoko auzoen arabera, sexuari, adin-taldeei eta nazionalitateari jarraiki.» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-24).
  5. Santini, Daniele. «Open Etymology Map» Open Etymology Map (Noiz kontsultatua: 2023-05-24).
  6. Barrio Loza, José Ángel. «Casilda Iturrizar Parkea (Bilbao)» (PDF) Bizkaiko Ondare Historikoa. Bizkaiko Foru Aldundia (Noiz kontsultatua: 2018-07-14).
  7. «Ficha 18 : Parque de Doña Casilda - La villa de Bilbao, su historia, proyectos, recorridos, etc ...» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2018-07-14).
  8. (Gaztelaniaz) «El parque Doña Casilda Iturrizar de Bilbao se une a la red de parques y jardines 'Vivir los parques'» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2018-07-14).
  9. a b (Gaztelaniaz) Cenicacelaya, Javier. (1999-06-26). «El Ensanche de Bilbao de Alzola, Achúcarro y Hoffmeyer de 1876» Ciudad y Territorio Estudios Territoriales: 307–316. ISSN 2659-3254. (Noiz kontsultatua: 2023-05-24).
  10. «Bilbaopedia - San Mamés. Alameda» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  11. (Gaztelaniaz) Delmas, Juan Bautista Eustaquio. (1864). Guía histórico-descriptiva del viajero en el Señorío de Vizcaya / por Juan E. Delmas.. (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  12. a b (Gaztelaniaz) PRADO ANTÚNEZ, Ana Isabel. «Bilbao y Abando: dos realidades complementarias. La huella urbana en la evolución demográfica de Abando» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  13. a b c d e f g h i (Gaztelaniaz) Fernando Martínez Rueda, ed. Bilbao y sus barrios, vol. 1. Bilbo: Bilboko udala ISBN 84-88714-92-0..
  14. a b Paliza Monduate, María Teresa. (2001). «Los indianos y la construcción del ensanche de Bilbao» Kobie. Antropología cultural (10): 205–224. ISSN 0214-7939. (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  15. Sambricio, Carlos. (1991-08). Territorio y ciudad en la España de la Ilustración. E.T.S. Arquitectura (UPM) ISBN 978-84-7433-745-7. (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  16. Lázaro, Amado de; Rodríguez-Escudero Sánchez, Paloma. (1988). Memoria descriptiva sobre proyecto de ensanche de la villa de Bilbao: año 1862. ISBN 978-84-7542-481-1. (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  17. «BilbaoIzan, CASILLA, PLAZA DE LA» www.bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  18. GARCIA MERINO, LUIS V.. LA FORMACION DE UNA CIUDAD INDUSTRIAL: EL DESPEGUE URBANO BILBAO. ISBN 9788477770039. (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  19. Macías Muñoz, María Olga. (2019). «Una nueva cultura en torno al txakoli (s. XIX): los txakolíes de Bilbao» Zainak. Cuadernos de Antropología-Etnografía (37): 95–113. ISSN 1137-439X. (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  20. «Bilbaopedia - San Mamés. Alameda» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  21. Zigorraga, Joseba Agirreazkuenaga; Goitia, Mikel Urquijo. (2017). Senderos de la memoria: relación de espacios vinculados a la memoria de la Guerra Civil. Servicio Central de Publicaciones = Argitalpen Zerbitzu Nagusia ISBN 978-84-457-3374-5. (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  22. (Gaztelaniaz) Arlucea, Ana Vega Pérez de. (2022-08-10). «Hotel Carlton en Bilbao | Sede de la Lehendakaritza, nido de espías nazis...» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  23. a b c d (Gaztelaniaz) «Un siglo de palacetes olvidados en Indautxu» Deia 2015-12-27 (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  24. Estornes, Blog De Cesar. (2021-07-23). «BLOG DE CESAR ESTORNES de HISTORIA Y DEPORTES: ABANDO- BILBAO, SOBRE UN PLANO DEL AÑO 1.873, FAMILIAS Y GENTES» BLOG DE CESAR ESTORNES de HISTORIA Y DEPORTES (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  25. (Gaztelaniaz) correo, El. (2019-05-28). «Resultados por calles de las elecciones municipales 2019 en Bizkaia» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  26. Metro Bilbao. «Metro Bilbaok positiboan itxi du 2014an, metropoliko trenaren erabileraren joera aldaketa adieraziz» (Noiz kontsultatua: 2015-01-08).
  27. «Museos de Bellas Artes a examen | Guía de Museos | CONSUMER EROSKI» web.archive.org 2011-07-20 (Noiz kontsultatua: 2023-05-24).
  28. «Maisulanak» Bilboko Arte Ederren Museoaren (Noiz kontsultatua: 2023-05-24).
  29. «Agravitas» Bilboko Arte Ederren Museoaren (Noiz kontsultatua: 2023-05-27).
  30. (Gaztelaniaz) Errazti, Izaskun. (2019-06-04). «El Museo Marítimo cambia de nombre en su 15º aniversario y aspira a los 78.000 visitantes al año» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-05-24).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Bilbo