Itaka

Wikipedia, Entziklopedia askea
Itaka uhartearen ikuspegi panoramikoa; erdian, Vathí hiriburua ageri da

Itaka[1] Greziako uharte bat da, Itsaso Jonikoan kokatua, Zefalonia uhartetik ipar-ekialdera. Joniako uharteen eskualde administratiboaren parte da. 117,8 kilometro karratuko azalera du, eta 3.180 biztanle ditu (2011ko datua), hau da, kilometroko karratuko 27 biztanleko dentsitatea.

Hiriburua Vathí da, badia natural handi baten ertzean kokatua. Itaka turismogunea da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itaka uhartea (gorriz) Joniako itsasoan. Haren ondoko uharte handia Zefalonia da

Kondairaren arabera, uhartearen izenaren eponimoa Itakos heroia izan zen.

K.a. IV milurtekoan bazituen biztanleak, Pilikatan aurkitutako grabatu batzuek frogatzen dutenez. K.a. XI. mendean, Itakako erresumak Joniako beste uharte batzuk eta Akarnaniako kosta mendean zituen.

K.a. 180. urtean Erromaren mendeko Iliria probintziaren barnean sartu zuten. Bizantziar Inperioaren mende egon zen garaian portu bat (Polis edo Jerusalem) eraiki zen uhartean, baina, 967. urtean, hondarrak estali zuen lurrikara baten ondoren. 1086an agertu ziren lehenengoz normandiar piratak inguruetan; 1185ean normandiarrek uhartea bereganatu zuten.

1479an otomandarrek arpilatu eta txikitu zuten. Uharteko biztanle asko esklabo eraman zituzten, eta beste askok alde egin zuten. 1504an ia ez zen inor bizi uhartean, eta veneziarrek zerga-salbuespenak eta pribilegioak eman zituzten uhartea berriro populatzearren. 1569an, lehen gotorlekua eraiki zen. Veneziarren mende egon zen garaian, uharteak, pixkanaka, populatuz eta aberastuz joan zen. Hala ere, 1648an eta 1766an lurrikara gogorrak jasan zituen, eta kalte handiak izan ziren.

1797an, frantsesek okupatu zuten, baina 1798ko urriaren 25ean errusiarrek eskuratu zuten, eta errusiarren eta otomandarren mende egon zen 1807 arte, berriro frantsesek hartu baitzuten; 1809an, ingelesek eraso eta uhartea eskuratu zuten. 1815ean Joniako Uharteetako Errepublika osatu zuten estatu-uharteetako bat izan zen (Errepublika britainiar protektoratu bat zen).

1864ko ekainaren lehenean, uharteak Greziarekin bat egin zuen. Uharteak lurrikara bortitzak jasan ditu 1876an, 1912an, 1918an eta 1953an.


Itaka, Ulisesen sorterria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinatik, Itaka uhartea Odiseo (Ulises) heroi mitologikoaren sorterriarekin identifikatu izan da. Homeroren Odisea obran, Itaka deskribatzen da; zehazki, 26 toki aipatu eta deskribatzen dira, eta badirudi toki horietako bat ere ez datorrela bat gaur egungo Itakarekin. Hori dela eta, era askotako teoriak agertu dira horri azalpena eman nahian, baina batere ez da nagusitu. Aditu batzuen ustez, bestalde, baliteke Itaka Homeroren beraren sorterria izatea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]