Kandido Saseta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kandido Saseta

Bizitza
JaiotzaHondarribia1904ko abenduaren 13a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaLes Regueres1937ko otsailaren 23a (32 urte)
Heriotza modua: bala zauria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakmilitarra
Zerbitzu militarra
Adar militarraEusko Gudarostea
Graduakapitain
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila
Rifeko gerra

Kandido Saseta Etxeberria (Hondarribia, Gipuzkoa, 1904ko abenduaren 13a - Areces, Les Regueres, Asturias, 1937ko otsailaren 23a) eusko gudaria izan zen. Intendentzia kapitaina zen, militar profesionala, eta Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, EAJren agindupean jarri zen. Militar prestaketa zeukan abertzale bakarrenetakoa izan zen bertan.[1]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ama Fructuosa Etxeberria zegamarra zuen, eta aita Anbrosio Saseta, Hondarribiko Biteri Eskolako maisua. Gainerako anai-arrebak ere herri horretan jaio ziren: Merzedes, Julia, Maria, Trinidad, Pablo, Martin eta Jose Migel. 1920ko irailaren 9an, Avilako “Academia de Intendencia”n sartu zen. Ikasketak bukatu ondoren, Zeutara bidali zuten Taguesuteko biltegira. Rifeko gerran parte hartu zuen, 1924an teniente izendatu zuten, eta 1926ko Xauengo operazioetan goraipatu zuten. Geroago, Burgosera eta Tenerifera bidali zuten, eta, 1935ean, kapitain izendatu zuten. 1936an, Gasteizen zegoela, altxamendu frankista egin zuten zenbait militarrek. Saseta, garai hartan Gasteizko intendentziako kapitaina zen.

1936ko Gerra Zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frankisten oldarraldiak Donostian harrapatu zuen. Inolako zalantzarik gabe, Jose Antonio Agirre lehendakariaren eta Eusko Jaurlaritzaren esanetara jarri zen. Izan ere, behar-beharrezkoa zuten Saseta. Errepublikaren aldera irmo lerratu zirenak gutxi ziren. Are gutxiago, euskal agintarien mende jardungo zuten militarrak.

Abuztuaren 5an iritsi zen Loiolako Santutegira, eta, bertan, Euzko Gudarostea antolatu zuen, eta Zizurkilgo Zarateko Bentan, Belkoain, Ernio, Lekeitio, Kalamua, Eibar, Intxorta, Ubidea eta Itxaindioko babes lerroak eratzen ibili zen. Bitan zauritu zuten: bata, Andatzan (Andoain) eta Legution (Araba) bigarrena. Lehenengo Eusko Jaurlaritzaren osaketaren egunean, 1936ko urriaren 7an, Jose Antonio Agirre Lehendakariarekin, Gernikako Juntetxearen aurrean zeuden gudarien konpainiak ikuskatu zituzten.

Valentzian zegoen Errepublikako gobernuak eskatuta, Asturiasera abiatu zen. Sasetaren karisma handia zela eta, EAJko Gudariez gain, EAE-ANVkoek, PCEkoek, CNTkoek eta sozialistek ere miresten zuten.

1937ko otsailaren 4an, komandante izendatu zuten, eta handik hiru egunetara, otsailaren 7an, hiru euskal batailoi, EAJ-PNVko 19. Amaiur Batailoia, EAE-ANVko Euzko Indarra eta PSOEko Indalecio Prieto, abiatu ziren Asturiasera Sasetaren agindupean, euskaldunen eta Eusko Jaurlaritzaren elkartasuna eta laguntza eskaintzera. Haiekin batera, Euskal Herriko CNTko Isaac Puente Batailoi anarkista eta EPKko Perezagua Batailoi komunista abiatu ziren "Asturiasko Euskal Brigada" osatuz. Sasetako batailoiek Oviedo eta Galizia lotzen zituen errepidea moztu behar zuten.

Sasetari omenaldia Gernikan, 2008ko apirilean.

Saseta brigari ez zioten Oviedo hartzeko baimenik eman, eta errepidea moztea agindu zioten. Otsailaren 21ean operazioa hasi zen Nalón ibaiaren beste aldea bonbardatuz. Euzko Indarrak ezkerretik zeharkatu zuen ibaia; Amaiurrek erditik zeharkatu behar zuen, eta Prieto batailoiak eskubitik Areces herria hartzeko. Euzko Indarra eta Amaiurrek ez zuten arazorik izan, eta, ibaia zeharkatu ondoren, lerroan jarri ziren, baina Prieto batailoiko kideak, aldiz, atzeratu egin ziren zubia bi aldiz erori zitzaielako. Ez ziren lerroan jarri, eta utzitako tartetik mairuak bere atzera pasa zuten, gudariak inguratuz. Otsailaren 23an, frankisten kontraerasoan eta inguratutako tropak atakatik atera nahian egindako eraso batean, Sasetak, bi granada hartuz, aginte postua utzi, eta bere soldaduengana jo zuen. Saseta ikustean hurbildu ziren, eta etsaia konturatu zen agintari bat zela, eta tirokatu zuten; hantxe bertan, hil zuten Saseta komandantea. Berea eta berarekin hil ziren 80 gudarien gorputzak, ezin izan ziren berreskuratu.

Zirrara izugarria egin zuen euskal agintari eta gudarietan Sasetaren heriotzak. Euskal Herriko egunkarietan, Euzkadi, Eguna, Euzkadi Roja, Tierra Vasca-Eusko Lurra, Gudari eta abarretan, ohorezko aipamenak egin zitzaizkion. "Hainbeste maite gendun Saseta Loyolako gudalburu entzutetsua hil zaigu. (...) Gaztea, txikia, baña bikaña, bere irriparrezko aurpegiarekin. Gudalburu orren izena guda au sortu ta laister Euskadiko erri guztietan oso goraldua izan zan bere gizontasun eta bikaintasunagatik eusko-guda mendi oñetan. Gudari guzien itxaropen osoa beregan arkitzen zan", idatzi zuen Kuireka Andonegik Eguna egunkarian. Bere ohoretan, Saseta Batailoia antolatu zen.

Gorpuaren aurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2008ko apirilean Sasetaren jaioterria den Hondarribiko udaletxean burututako omenaldia.

1937tik desagertuta egon ostean, 2008ko martxoaren 14an, bere gorpuzkina aurkitu zuten Arecesen (Asturias, Espainia)[2]. Sasetaren gorpuarekin batera, beste 80 edo 100 bat gudariren gorpuak bertan zeudela uste zen, gehienak EAE-ANVko militanteak.

Bakearen eta Berradiskidetzearen Aldeko IV. Gernika Saria eman zioten 2008ko apirilaren 26an. Egun berean, Hondarribiko Udalak omenaldia eskeini zion, eta bere gorpuzkinei lurra eman zieten Hondarribiko hilerrian.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emparan Ortiz, José Ramón (1999): Kandido Saseta Etxeberria. Hondarribia.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Kandido Saseta oroimenean izango dute, 85 urte geroago» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
  2. Candido Sasetaren gorpua aurkitu dute Berria, 2008ko martxoaren 14a

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]