Krokodiloak estoldetan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mertalkagune batean jarritako krokodiloa estoldati irtetzen.

Krokodiloak estoldetan bizi daitezkeela hiri kondaira ezagunetariko bat da. Lehenengo aipamenak 1920ko hamarkadakoak dira eta zenbait kasutan oinarri erreala izan dezakete, hau da, ohikoak ez diren tokietan aurkitutako krokodiloen aurkikuntzarena. Gehienetan New York aipatzen da gertakarien hiria bezala eta agertutako espeziea aligatorra da.

Kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta aztarna garbirik ez izan, ontzat emanda joan den mendeko bigarren hamarkadan New Yorken aurkitutako aligatorren kasua (jende askoren iritziz Teddy Mayk, hamarkadetan New Yorkeko estoldetako arduraduna, asmatutako pasadizoa baitzen), dirudienez gero eta gehiago auspotu zen kondairaren oinarria hori izan zen. Horren arabera Floridan egondako zenbait familia etxera itzultzerakoan haiekin haurrentzako maskota moduan aligator kumeak eramaten zituzten; jakina, hori New Yorkeko legediari kaso egin gabe. Animaliak handitzen zirenean edo haurrak aspertzen zirenean, errazena kalean edo parkean uztea edota komunatik botatzea zen (gaur egun maskota askorekin egiten dena; hor dago, esaterako, Floridako apoarmatuaren kasua).[1][2] Behin estoldetan, animaliok bizirik irauten zuten bertan aurkitzen zituzten arratoiei eta janariari esker. Denboraz, tamaina handia lortzen zuten eta estoldetako langileen amesgaiztoa bihurtzen ziren. Kondairak, orduan, literaturara eman zuen salto; 1959an gaia azaltzen zuen Robert Daley idazlearen The World Beneath the City (Mundua hiri azpian) saiakera argitatu zen; liburuak estolderia garatzeko Manhattan gertatu ziren arazoak azaltzen zuen eta, beste gauzen artean, gau batez New Yorkeko estoldetako langile batek beldurrez jota ihes egin behar izan zuela krokodilo zuri erraldoi bat harengana zuzen zihoalako. Asteetan ibili omen ziren animalia harrapatu nahian ezer lortu gabe. Aipatutako liburuan, elkarrizketa batean, Teddy Mayk haren istorioak azaldu zituen, tartean aligatorrak lehenengo aldiz 1935an ikusi egin zirela.

Aligator zuriak eta itsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste kondairen arabera, animalia hauek, eguzkitik at, beti ilunpetan ibiltzearen ondorioz, itsuak eta zuriak zirela esaten zuten. Animalia hauek begi gorriak izango zituzten, bestetik. Iritzi batzuen arabera, aligator hauek melanina falta izango zuten eta horregatik eguzkitik aparte bizi behar zuten, estoldetako iluntasunean.[3] Dena dela, herpetologoen ustez aligatorrek zailtasun handiak izango zituzten estoldetan bizitzeko ezen klima beroko edo epeleko animaliak dira eta estoldetako tenperaturak nahiko baxuak dira. Erreproduzitzeko, bestetik, arazo franko izango lituzkete. Beraz, fantasiazko gertaeratzat ematen dute.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]