La Salve Bilbao

Wikipedia, Entziklopedia askea
La Salve Bilbao
MotaGaragardogilea
SektoreaElikadura
Sorrera1886
SortzaileaJose Schumann y Cordés
EgoitzaBilbo
PresidenteaJon Ruiz
MerkatuakEspainia
Webguneahttp://www.lasalvebilbao.com

La Salve Bilbao garagardo fabrika 1886an sortu zuen Jose Schumann Cordés izeneko alemaniar garagardogile baten semeak, Bilbon. Bere historia Salbeko zubiari oso lotuta dago. Zubia dagoen lekuan zegoen egon zen fabrika luzaroan eta zubia egiteko agindutako lur desjabetzeak ekarri zuten, neurri handi batean, La Salve Bilbaoren itxiera, 1978an.[1]

2014. urteko abuztuaren 8an, ostera, Bilboko garagardo hau berriz itzuli zen merkatura, helburu bikoitzarekin: 2018rako Bizkaiko garagardo merkatuaren %8a lortzea eta Bilbon bertan La Salve Espazioa izeneko fabrika zabaltzea.[2]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose Schumannen fabrika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Salve Bilbao 1886an abiatu zen. Urte horretan, Jose Schumann y Cordes zenak baimena eskatu zuen Salbe izeneko ibaiaren bihurgunean garagardoak eta gasdun edariak merkaturatuko zituen fabrika bat zabaltzeko. Jose Schumannek familian ikasi zuen garagardoa egiten. Bere aita Carlos Federico Schumann Strebel zen, 1870ean Bilbora joandako alemaniar garagardogilea.[3]

La Salveko ingurua Campo Volantin pasealekuaren bukaeran dago. XIX. mendean, Bizkaiko burgesia loraldian zegoen eta inguru horretan jauregiak eraikitzen hasi ziren. Bertan zeuden landagunea eta moilak ere, eta moila horietara iristerakoan ikusten zuten marinelek lehen aldiz Begoñako Basilika. Horrexegatik deitzen zioten Salbe inguruari, Begoñako Ama Birjinari marinelen salbea abesten ziotelako, lehorreratzeagatik eskerrak emanaz.[4]

La Salveren garagardo botilak.

La Salve Bilbao garagardoa egiten hasi zenean Salbeko zelaigunean bi etxetxo zeuden, Juan E. Delmas delakoarenak biak ere. Batek, soto lana egiten zuen eta bertan gordetzen ziren botila hutsak, karrotxoak eta bestelakoak. Bestean, garagardoa egiteko labea jarri zuten, hartzidurarako upela, garagarrarentzako txigorgailua, botilak garbitzeko leka, uraren depositua, hozkailuak eta gasdun edariak egiteko lekua.[5]

1887an, Schumannek etxetxo horiek egokitzeko proiektua aurkeztu zuen, Narciso de Goiri arkitektoak sinatuta, eta Udalak onartu egin zuen. Lanari ekiteko, Schumannek Justo Echevarria bilatu zuen bazkide, La Salveko inguru horretan lur sailak zituelako eta, horrez gain, garagardoak eta bestelako edariak saltzeko baimena zeukalako. Harreman horretatik sortu zen ‘Echevarria y Schumman Hijo’ izeneko fabrika baina gutxi iraun zuen.

1897an, bukatu egin zen Schumann eta Echevarriaren arteko elkarlana eta Schumannek soto berri bat eraiki zuen. Horretarako, Artxandako mendiaren magalera jo zuen, Artasaminako errekaren gainera. Lezamako trenaren tunelaren iturburuko ura ustiatzeko baimena eskatu zuen eta eman egin zioten.

1900. urtean, Schumannen aita hil egin zen eta semeak hartu zuen aitak Iturribide kaleko 44. zenbakian zeukan fabrikaren kargua. Fabrikak 26 urte zeramatzan zabalik, 1874tik. Hiru urte gehiago iraungo zituen, 1903raino. Urte horretan, Jose Schumannek aitaren negozioa itxi zuen eta Salbeko fabrika handitu zuen. Besteak beste, izotza egiteko makina jarri zion eta hura merkaturatzen hasi zen, etxeko kontsumorako.

1904an, berriz, sotoak zabaltzeko baimena lortu zuen, beste solairu bat egiteko eta baita pabilioi bat eraikitzeko ere. Lanak zuzentzeko Bilboko eraikinetan eskarmentua zuen pertsona bat bilatu zuen, Pedro Pelaez.[6]

Perez-Yarza familiak hartzen du kudeaketaren ardura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Salveren etiketak, 1950 inguruan.

Jose Schumann 1910eko azaroaren 28an hil zen, 49 urte zituela. Bere alargunari, Marina Barasordari utzi zion enpresaren jabetza eta honek ‘Francisco Perezen Alarguna eta Semeak’ elkarteari saldu zion. Elkarte horrek elikadura eta ostalaritza arloko hainbat negozio zituen Bilbon, besteak beste, Boulevard eta Arriaga kafetegiak, Carabanchel taberna eta Excelsior Hotela.

Elkarte hori Lucia Yarzak kudeatu zuen, Francisco Perez senarra hil zitzaionetik, 1896tik, 1923a bitartean. Begoñako alaba honek bere abizenari senarrarena gehitu zionez, seme-alabek Perez-Yarza izena hartu zuten. Horietako batek, Juan Perez-Yarzak, 1907an Santanderretik zetorren ‘La Austriaca’ garagardoa pasteurizatzeko eta botilaratzeko fabrika bat zabaldu zuen, Santi Mami zumarkaleko 26. zenbakian. Data hori gogoan hartuta jarriko zuten gero garagardo botiletan “1907an sortua” goiburua. ‘La Salve Garagardo Fabrika’ izena, berriz, 1911an hautatu zuten.

1920. hamarkadan, Perez-Yarza familiak Bilboko Etxetxu plazan garagardo-saltokia zabaldu zuen. Saltokia eta banaketa-lekua, Bilbo osoan zituzten tabernetarako bertatik banatzen baitzen garagardoa.

Hamarkada horren hasieran, 1920an, La Salvek 762.876 garagardo litro egin zituen eta 1930ean, 776.020 litro.

1923an, Lucia Yarza hil baino 4 urte lehenago, elkarteak izena aldatu zuen eta beste hau hartu zuen, itxieraraino mantenduko zuena: ‘La Salve Garagardotegia, Perez-Yarza Anaiak’. Hiru anaia ziren bazkideak, Pascual, Francisco eta Emiliano Perez-Yarza. Ama, berriz, 1927ko urriaren 3an zendu zen, 80 urte zituela.

1950 eta 1960ko hamarkadetan zehar La Salveren negozioak arrakasta nahiko izan zuen. “La Casilla garagardotegia”, adibidez, oso leku ezaguna zen eta jende asko bertaratzen zen garagardoa kalean edatera eta giroaz gozatzera.[7]

Gainbehera eta itxiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1968an, Bilbora iparraldetik sartzeko egiten ari ziren autobidearen ibilbidea Salbe zegoen lekutik pasatu behar zela erabaki zen eta lur sailak desjabetu egin ziren. Besteak beste, 1972an zabaldu zuten zubia bertan egiteko. Ordurako, enpresaren jarduna gainbeheran zegoen. 1970. hamarkadaren erdialdean itxi egin zituzten La Salveko zelaigunean zeuden bazkaltzeko tokiak eta bere lekuan etxeak egin ziren. 1978an, enpresa itxi egin zuten.

Bigarren merkaturatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2014ko uztailean, Jon Ruiz buru zuen ekintzaile talde bizkaitarrak La Salve Bilbao berreskuratzeko asmoa iragarri zuen, 1910erarte enpresaren kudeatzaile izan zen Perez-Yarza familiaren babesarekin.[8] Garagardo berria abuztuaren 8an merkaturatu zen, Aste Nagusia baino hamabost egun lehenago. Bilboko jaietan sei txoznetan saldu zen La Salve Bilbao.[9]

Garagardoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo La Salve garagardoak.

Gaur egun, La Salve Bilbao etxeak hiru garagardo egiten eta merkaturatzen ditu.

  • La Salve Original: Golden-Ale estiloko garagardoa da. Urre-kolore lastokara dauka (European Brewery Convention erakundeak erabiltzen duen kolore eskala erabilita 8,21 EBC ematen du). Alkohol tasa, berriz, %5,9an dauka eta zerbitzatzeko tenperaturari dagokionez, 5 eta 7 gradu artean hartzea gomendatzen da. Mikaztasuna neurtzeko nazioarteko eskalan 34 IBU ematen ditu. Fruta zaporea dauka eta bukaera garrazkara. Alkohol tasa apala duenez, aperitibo gisa edo janaurreko moduan hartzeko egokia da. Honako osagai hauek ditu: ura, garagar maltatua, otsaihena eta legamia.
  • La Salve Original Plus: La Salve Original garagardoaren errezeta bera jarraitzen du baina 33 zentilitroko botilan saldu beharrean, 50 zentrilitrokoan saltzen da. Ostalaritzarako eta etxean kontsumitzeko pentsatua dago.
  • La Salve Munich: Munich estiloko garagardoa da, orekatsua eta gorrixkara (EBC 55). 1934an egin zen lehen aldiz eta aurrekoek baino alkohol tasa altuagoa dauka, % 6,2. 4 eta 9 gradu arteko tenperaturan hartzea gomendatzen da eta mikaztasun eskalan 18 IBU ditu. Ahoan, karameluaren, maltaren eta iltzearen zaporeak nabarmentzen zaizkio. Apal ematen duenez otsaihena eta oso lurrintsua denez, egokia da haragiak eta gaztak laguntzeko. Honako osagai hauek ditu: ura, garagar maltatua, arto-aleak, otsaihena, legamia, candy erako azukrea eta kanela.[10]

Sariak eta aitorpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Turismo Arloko Merituaren Domina, 1969an, Francisco Perez-Yarza zuzendariarentzat.[11]
  • Enpresa Arloko Ekimenik Onena, 2014an, Onda Cero irrati-katearen eskutik.[12]
  • Master Marketin Saria, 2014an, UPV-EHUren eskutik.[13]

Berrikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jon Ruiz, La Salveko zuzendaria eta Leire Barañano, AZTI-Tecnaliako Elikadura Ikerkuntza Alorreko balio-zuzendaria.

2014an, La Salve Bilbaok lankidetza hitzarmena sinatu zuen elikadura arloko ikerkuntzarako AZTI-Tecnalia zentroarekin. Helburua, 2015 eta 2017 bitartean, berrikuntzarekin lotutako 8 proiektu aurrera eramatea. Espainiako Estatuan, La Salvek berrikuntza mailan lider izan nahi duela adierazi du eta horretarako bere irabazien %20 arlo honetara bideratzeko konpromisoa hartu du.

Honako hauek dira La Salve Bilbao eta AZTI-Tecnaliaren arteko lankidetza hitzarmenak adostutako 8 proiektuak:

  • La Salve Bilbao Gertu: Ingurumena babesteko, aldaketa klimatikoari muga jartzeko eta bertako ekoizleak babesteko, %40an bertako produktuekin egindako garagardoa sortu nahi da. Gehienez ere, 100 kilometrora dauden produktuak erabilita.
  • Garagardoaren Institutua abian jartzea: Bere helburua bezeroei aldian-aldian informazio erabilgarria ematea izango litzateke. La Salveren bezeroek zein enpresako bazkideek osatuko dute, baina baita erakunde eta komunikabideetako ordezkariek ere. Garagardoaren munduko joeren eta kategoria gehigarrien behatoki gisa funtzionatuko luke.
  • Glutenik gabeko Europako benetako lehen garagardoa garatzea eta merkaturatzea, zeliakoentzako ere egokia izango litzatekeena.
  • Alkoholik gabeko garagardoa egitea: Batere alkoholik ez duen garagardoa egiteko diseinua eta planifikazioa. Munduko mota honetako lehena.
  • Garagardoaren Dekalogo Sentsoriala finkatzea: Bi lan-ildo izango ditu. Batetik, azken bezeroa ardatz izanik, kalitateko produktuak balioesteko garagardo-kultura bat modu errazean bereganatzeko kontsumo-ereduak eskaintzea; eta, bestetik, ekoizlea ardatz izanik, azken produktuen parametroak zehazteko eta haiek homogeneo bihurtzeko elementuak eta adierazleak ematea.
  • LA SALVE Bilbao Berrikuntza Plana 2018-2022: 2015en aurkeztuko da eta berrikuntza alorrean lidergoa mantentzeko bide-orri bilakatuko da
  • LA SALVE Bilbao Espazioa. AZTIk espazio honen kudeaketarako plana idatziko du, eta lekua zein ekoizpen-prozesuak diseinatzen lagunduko du.
  • Garagardoa sukaldaritzarekin uztartzea. Azken proiektua sukaldaritzara bideratua dago. Hitzarmenak sinatu nahi dira izen oneko jatetxeetako jabeekin, garagardoa txertatzeko bai sukaldeko lanean, bai laguntzeko edari gisa.[14]

La Salve Espazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Salveren proiekturik handienetakoa Bizkaian berriz ere garagardo fabrika bat zabaltzea da, Bilbon zehatz esateko. Bere sasoian eta 1978. urtera arte, Espainiako Printzeak zubiaren ondoan zegoen fabrika, egun Salbe izenez ezagutzen den zubian, hain zuzen. Fabrika berriak La Salve Espazioa izena hartuko luke eta garagardoa egiteaz gain, bere helburua gastronomia, kultura eta turismoa erakartzeko gune bilakatzea litzateke.

Proiektuaren atzean dauden ekintzaileek ez dute, momentuz, non egingo duten iragarri baina fabrika horrek 20 lanpostu sortuko lituzkeela esan dute.[15] Inbertsioa, berriz, 3 milioi eurotan kalkulatzen dute.[16]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. López Iturriaga, Mikel. (). «El rescate de una cerveza» El País.
  2. «La Salve Bilbao prevé vender 4 millones de litros de cerveza en 2018, facturar 14 millones de euros y crear 20 empleos» eldiario.es 2014-07-17.
  3. Basas, Manuel. (). ««La Salve» primera industria de cervezas de la villa» El Correo Español - El Pueblo Vasco.
  4. Conocer Bilbao. Puente de La Salve. .
  5. Basas, Manuel. (). «”La Salve"(5) : Instalaciones» La Cerveza de Bilbao.
  6. Basas, Manuel. (). «Fábrica de Cervezas "La Salve"(1) : Orígenes alemanes, José Schumann» La Cerveza de Bilbao.
  7. Basas, Manuel. (). «Fábrica de Cervezas "La Salve"(2) : La familia Pérez Yarza» La Cerveza de Bilbao.
  8. Vázquez, Solange. (). «Resucita la cerveza de Bilbao» El Correo Español - El Pueblo Vasco.
  9. «La cerveza La Salve se presenta a pie de txosna» Gara 2014-08-20.
  10. La Salve Bilbao. Nuestras cervezas. .
  11. «Distinciones al mérito turístico» El Correo Español - El Pueblo Vasco 1969-7-22.
  12. «Onda Cero premia a Hodei Bila y Alex Angulo a título póstumo» Abc 2014-11-19.
  13. Premio para Cooking. 2014-12-02.
  14. AZTI y La Salve-Bilbao firman un acuerdo de colaboración y definen ocho proyectos de innovación. 2014-11-19.
  15. «La Salve Bilbao prevé vender 4 millones de litros de cerveza en 2018, facturar 14 millones de euros y crear 20 empleos» eldiario.es 2014-07-17.
  16. «La Salve Bilbao prevé vender 4 millones de litros de cerveza en 2018, facturar 14 millones de euros y crear 20 empleos» Europa Press 2014-07-17.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]