Martin Altzaga

Wikipedia, Entziklopedia askea
Martin Alzaga» orritik birbideratua)
Martin Altzaga
Bizitza
JaiotzaAramaio1755eko irailaren 27a
Herrialdea Araba, Euskal Herria
HeriotzaBuenos Aires probintzia1812ko uztailaren 6a (56 urte)
Hobiratze lekuaLa Recoleta hilerria
Heriotza modua: bala zauria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, militarra eta esklabo-trafikatzailea
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakRío de la Platako britainiar inbasioak

Martin Altzaga Olabarria (Aramaio, 1755eko azaroaren 11Buenos Aires, Río de la Platako Probintzia Batuak, 1812ko uztailaren 6a) arabar merkatari eta politikaria izan zen. Buenos Airesen aberastu zen, oihalak, armak edota esklaboak salerosiz.[1] Río de la Platako britainiar inbasioen aurkako borrokan nabarmendu zen.[2]

Lehenbiziko urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martin Altzaga Olabarria Aramaion jaio zen 1755eko azaroaren 11n. Oso gazterik joan zen Buenos Airesera Mateo Ramon Altzaga osabarekin, artean euskaraz besterik ez zekiela. Hamabi urterekin hasi zen lanean Gaspar Santa Coloma merkatari arabarrarekin, eta harekin jarraitu zuen 1777an bere enpresa sortu zuen arte.[1][3]

1780ko irailaren 13an, María Magdalena Carrerarekin ezkondu zen.[2] Emaztea merkatari familia aberats bateko alaba zen, eta ezkonsaria funtsezkoa gertatu zen Martinen enpresa sortu berriarentzat. Horretaz gain, Pedro de Cevallos Río de la Platako erregeordeak baimena eman zion Ameriketako espainiar kolonia guztiekin salerosian aritzeko, eta ez penintsularekin bakarrik.[3]

Tratulari trebea, hiriko aberatsenetako bat izatera iritsi zen. Denetarik salerosten zuen. Europara, besteak beste, larruak, azukrea, kakaoa, haragi gazitua, kobrea eta eztainua bidaltzen zuen bere ontzietan. Itzuleran, zetazko eta belusezko ehunak, arropak, erremintak, labanak, kartak, olioa, galipota, arroza edota kanela ekartzen zuten.[3]

Garai hartan ohi zen bezala, negozioak eta politika uztartu zituen. 1785ean aukeratu zuten lehenbiziko aldiz udalbatzako zinegotzi eta behartsuen defendatzaile; 1794an, Kontsulatuko Auzitegiko burua; eta 1795ean, alkate.[3]

Atlantikoko esklabo merkataritzan ere aritu zen. Portugalgo bandera zuen El Joaquín itsasontziaren espedizioa ordaindu zuen. Ontzia 1803ko azaroaren 19a atera zen Mozambiketik 376 esklabo beltzekin; bidean 316 hil ziren. Montevideora heldu zenean, itsasontzia gainbegiratu zuen zirujauak portutik ateratzeko agindu zuen, izurriak jota zegoelako, baina, eguraldi txarra zela-eta, bertan geratu zen. Bizirik atera ziren esklaboak Filipinetako Konpainiaren egoitza batean geratu ziren salduak izan arte. Altzagak zirujauaren aurka egin zuen, beltzen salerostearen aurkakoa zela leporatuta.[4] Altzagak beltzen trafikoan murgilduta zeuden beste euskaldun batzuekin aritu zen lanean, besteak beste, Antonio Artechea gernikarrarekin lan egin zuen.[5]

Buenos Airesko defentsa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1806ko abuztuaren 12an Altzagaren eta Liniersen osteek eraso zuten Buenos Airesko gotorlekua, britainiarren esku zegoena.

1806ko ekainean, lehenbiziko britainiar inbasioa gertatu zelarik, Rafael de Sobremonte erregeordeak Córdobara bidali zuen erregeorderriko altxorra, eta bera ere hiri horretan babestu zen. Horiek horrela, Altzagak finantzatu zuen, beste merkatari aberats batzuekin batera, ingelesen aurkako erresistentzia. Hurrengo asteetan, 500 edo 600 lagun errekrutatu, armez hornitu eta prestatu zituen. Abuztuaren hasieran, tropa horiek bat egin zuten Montevideotik abiatutako Santiago de Liniersen armadarekin, eta hilaren 20an britainiarrek kapitulatu zuten.[3][1]

Britainiarrak egotzi orduko, Buenos Airesko udalbatzak debekatu zion Sobremonteri hirira itzultzea, eta de facto Liniers bilakatu zen erregeorde; Altzaga, berriz, alkate hautatu zuten 1807ko urtarrilean. Ekainaren 28an, britainiarrek, John Whitelocke jenerala buru, berriz eraso zuten hiria. Aurrekoan bezala, Altzagak gorputz eta arima jardun zuen erresistentzia antolatzen. Ingelesak uztailaren 7an errenditu ziren eta, Buenos Airesetik ez ezik, Montevideotik ere erretiratu behar izan zuten.[3]

Konspirazioak eta heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liniersen eta Altzagaren arteko harremana oso gaiztoturik zegoen ordurako. 1809ko urtarrilaren batean, Altzagak matxinada bat antolatu zuen Liniers kargugabetzeko: galiziar, katalan eta bizkaitarren batailoiak eraman zituen Plaza nagusira eta erregeordearen kargu-uztea galdatu. Kreoleek bizkar eman zioten altxamenduari. Baina Cornelio Saavedra koronela buru zuen Patrizioen erregimentua Liniersen alde agertu zen, eta arratsalde hartan bertan sakabanatu zituen Altzagaren aldeko espainiarren batailoiak.[6]

Matxinadak porrot egin ondoren, Liniersek deuseztatu zituen espainiarren batailoiak. Altzaga, altxamenduko beste buruzagiekin batera, Carmen de Patagonesera deserritu zuten; hilabete batzuk geroago, ordea, Buenos Airesera itzuli ahal izan zen, Montevideoko gobernadore Francisco Javier Elioren laguntzaz.[6]

1810ean, Maiatzeko Iraultza gertatu zelarik, ez zen jazarria izan. Baina, 1812ko uztailaren 1ean, Lehen Triunbiratuaren aurkako konspirazioa prestatzea egotzi zioten. Auzipetu eta heriotzara kondenaturik, uztailaren 6an fusilatu zuten.[oh 1] Haren hilotza hiru egunez egon zen eskegia Plaza de Mayon.[3]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Denera 30 lagun baino gehiago hilarazi zituzten, konspirazioa leporatuta.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Estornés Lasa, Mariano. Alzaga Olabarria, Martín de. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2024, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-1-28).
  2. a b Trostiné, Rodolfo. Martín de Álzaga: Nuevos antecedentes sobre su actuación colonial (1756-1806). bibliotecavirtual.unl.edu.ar (Noiz kontsultatua: 2024-1-28).
  3. a b c d e f g Falak, Marcelo. Terror en Buenos Aires: la conspiración de Álzaga de 1812. Tesis de maestría, Universidad Torcuato di Tella, repositorio.utdt.edu (Noiz kontsultatua: 2024-1-28).
  4. (Gaztelaniaz) Goicoetxea, Ángel. (2016). Los vascos y la trata de esclavos. Ediciones Pastor, 240-242 or. ISBN 978-84-9946-456-5..
  5. (Gaztelaniaz) Piqueras, José Antonio. (2021). Negreros. Españoles en el tráfico y en los capitales esclavistas.. Catarata ISBN 978-84-1352-334-7..
  6. a b López Mato, Omar. Asonada de Alzaga. historiahoy.com.ar (Noiz kontsultatua: 2024-2-22).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]